www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jesusen Bihotzaren Debozioa
Sebastian Mendiburu
1747, 1751

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Ales Bengoetxea.

Iturria: Jesusen Bihotzaren devocioa, Sebastian Mendiburu. Pedro Joseph Ezquerro, 1751

 

 

aurrekoa hurrengoa

BIGARREN BURUA

 

Zer den Jesusen Bihotzaren debozioak gure aldetik eskatzen duena.

 

 

§. I.

LENBIZIKO,
JESUSEN BIHOTZAREN DEBOZIOAK
ESKATZEN DUEN GAUZA: BIHOTZ GARBIA

 

        1. Egur bustian eztu suak ezer egiten; sua artzeko, utzi behar du duen bustitasuna. Zenbait egunez urean egondu den egurra baño bustiagoa gelditu zen gure bihotza, zillegi etzitzaiola, Adanek artu zuen bokaduarekin; ta idorragoa gelditzen ez da, berak, bekatu egiten duenean, artzen duenarekin. Bustitasun hau kendu artean edo gelditu artean bihotza bekaturik gabe, ezin ardezake Jesusen Bihotzaren debozioaren surik. Debozio onek dakar Jesus gogotik maitatzea; ta maitatze onek nai ta ez eskatzen du bihotz bekatu gabea; bada urak eta suak baño elkar gaizkiago artzen dute Jainkoaren amoreak eta bekatu larriak.

        2. Jesusen Bihotza guztiz garbia da ta garbitasun guziaren iturria. Maitatzen duenak, atsegin osoa hari emateko, bekatu larriekin batean, txikiak ere utzi bear ditu: zeren atsegin oso onek eskatzen du amore andia; eta amore andiak behar du, larriak bezala, bekatu txikiak ere begitan artuak daduzkan bihotza. Guztiz Jesus maite dutenak Erregeren aldean dabilzanak bezala dira. Erregeren aldean ta begietan dabilzanak garbiak dabilza ta ongi apainduak; eta horrela ezpalebilza, naiko ez lituke Erregek ikusi ere. Jesusen maitatzalleak, nai badute ar ditzan ongi arganatzen diranean, joan behar dute bihotz alik garbien ta birtutez apainduenarekin. Bekaturik txikienak begitan artuak daduzka Jesus onak. Larririk ez izana gatik onelakoak dituztenen amorea baño naiago du bat ere gabe maitatzen duenaren amorea.

        3. Zer gatik uste dezu anbat nai ziola Jesusek San Juan Ebanjelistari? Zeren, Elizak dion bezala, seigarreneko bekatu loietik urruti zebillen, edo Zirilok dionaz, zeren bihotz agitz garbia zuen. Bihotz garbiko amorea da Jesusen Bihotz garbi garbiari ongien dagokiona, edo bihotz garbia duenaren amorea da Jesus onak geien nai edo estimatzen duena; ta hau da amorea Jesusen Bihotzaren debozioa nai dutenak billatu behar dutena.

        4. Bekatu txikietara ohartzen eztiranak andietan erortzeko bidean daude; ta, erortzen ezpadira ere, galduko dute orrelakorik gabe Jesus maitatzen dutenak izan oi duten atsedete ta atsegin andia; bada hau, bihotzeko garbitasun ta oneste edo maitatze andia dutenai baizik ez die Jesusek ematen. Garbitasun ta maitatze andi hau nai dutenak ar bezate erakusten diegun Jesusen Bihotzaren debozioko bidea: bide onetan arkitzen dira orretarako behar diran gauzak.

 

BIGARRENA.

ZIÑEZKO SIÑESTE EDO SIÑISTE BIZIA

        5. Siñestea da maitatzearen edo amorearen beroa bihotzean sartzen duen sua edo suari bidea erakusten dion argia. Su txikian ez da artzen berotze andirik edo su txiki ta erdi illak bero andirik ezin eman dezoke otzez dagoenari; ez eta fede edo siñeste erdi ill edo txikiak ere maitatze andirik maitatzearen berorik gabe arkitzen den bihotzari. Ezta guztiz maitagarria dela Jesus aitortzen eztuenik; eta gutxi dira Jesus gogotik maitatzen dutenak. Zer gatik uste dezu? Zeren gu gatik egin dituen gauzak behar bezala siñisten ez ditugun.

        6. Zerbait uste bazenu Errege gandik eta harekin sartze ta esku andia duen Gizon bat agertuko baliz zure etxean, zer ongi etorri, zer begiratze egiñen zenioke? Etxean dezuna guti iduriko litzakezu hari emateko; ta al egiña, zurekin dagoeño, egiña gatik, behar baño geiago egin dezula etzenuke usteko. Artzai baten soñeko txarrez jaunzia dagoen Errege baten begietan etzenituke goratuko begiak. Zer gatik orrela? Zeren dakizun zer den Errege bati zor zaiona, nola-nai iauntzia egona gatik; ta dakizun Bitarteko onarekin ongi egoteak anitz balio duela Errege gandik nai dezuna izateko.

        7. Ez genuke guk Jesus maitearekin egiñen gutiago, sinisten bagenu ongi eta ezagutzen ba genu hura dela behar degun bere Aitarekin eskurik geiena edo guzia duena; hura dela, ogiaren soñekoekin Aldareko Sakramentuan egona gatik, gauza guzien Jabea ta lurreko guzien ta Zeruko Aingeruen Erregea. Hau, den bezala, gogoan sartua ba geneduka, ta siñesten ba genu, goazen baño geiagotan joain giñake soñeko txarrekin dagoen gure Errege Elizan ekustera; joan aldietan, egoten garanetik beste gisaz egoin giñake haren begietan: ta maitatzen degun baño obeki ta gogotikago maitatuko genuke. Ez degu egiten zeren egia hau siñisten ezpagenu bezala siñisten dugun.

        8. Santuen ezur txiki ta soñeko zati bat edo erlikia ekustea aski da, izutua bezala, hari begira gelditzeko zu; ta Santuak egin zituzten zenbait gauza andi aditzen dituzunean, berak ganako nai ta amore batekin arkitzen zera. Badakizu zer gatik? Zeren ekusten ta aditzen dituzun gauzak sinisten dituzun. Siñisten dezula diozu Jesus dela Aldareko Sakramentuan dagoena: ta ezpaliz baño kaso geiago ez dezu artaz egiten. Siñisten dituzun, galdetzen bazaitzu, Jesusek egin dituen gauza andiak, baietz eranzuten dezu; ta ezetz eranzuten bazenu baño geiago igitzen etzara, zor diozunaren eskerrak eman eta bera maitatzera. Argi ta su gutiko siñistea da zure bihotza orren otz uzten duen siñistea.

        9. Maite diranai laburrak iduritzen zaizte elkarrekin daramazten orduak. Maite bazenu, orobat gertatuko litzaikezu, Jesusekin zaudenean. Orduan ordu erdi bat: luze iduritzen zaitzu? Guti maite dezu Jesus. Zezenak ekusten ta beste jostatze edo dibersioetan bazaude, nai baño lasterrago doakizu denbora; ta luze zaitzu ordu erdi bateko Mezan Jesusekin egotea. Badakizu aurkeriak dirala Mezaren aldean zezen ta jostatze guziak; baña zure gogo gabeko Meza enzute ta gauza txarretako gogoz egoteak aditzera ematen du siñisten ez dezula Mezako gauzarik, eta zuretzat aurkeriak dirala gauzarik andienak.

        10. Jesus gurekin, Nazareteko bere Aideen artean bezala, arkitzen da. Etzekiten Jesusen Aideak nor zen Jesus: ta ez dakigula guk ere nor den aditzera ematen du gure hartaz kasorik ez egiteak. Etzuen Jesusek beste bazter edo errietan egiten zituen gauza andi edo milagroetatik bat egin Aideen artean ta bere errian: ta ez du gure bihotzean egiten ongi bizi diran ta maite dutenen bihotzetan egiñ oi duen gauz andirik. Gure itsutasunak, gure siñiste laburrak edo ezaguera gabeak lotzen diozka ondasunez beterik gu gana luzatu nai litukeen bere bi besoak.

        11. Aserretzen zara bere Jainkotzat ezagutu etzuten ta Jesusi bizia kendu zioten Judu gogorrekin oiek egin zutenaz oroitzen zaran guzietan. Eta ez dezu nai aserre ditezen zurekin zuk Jesus berarekin egiten dezuna ekusten dutenak? Ezpaliz baño geiago ez dira geienak beñere oroitzen egun guzian guzien amorez Aldarera jaitsirik dagoen gure Jesus onaz; ta, oroitua gatik, etzaizka agertzen, ezpada ezin bestez edo jaietan baizik; eta agertzen diranean ere, non sartzen diran ta norekin dauden begiratu gabe.

        12. Zenbat zor diogun Jesus onari ezpadegu obeki ezagutzen, nekez izain gara Jesusen maitatzalleak, eta eztegu damu andirik artuko Aldarean Jesusek artzen dituen bidegabe ta txarkeriez. Bizitza zikiñaren keak kentzen dute edo estaltzen ezaguera: garbia nai duenak iduki, iduki bear du loirik edo bekaturik gabe bihotza. Nai duenak garbiro ezagutze ta siniste andi batekin bero dakion, gogotik Jesus maitatzeko, bihotza, ar beza maiz gogoan Jesusi zor diona; askotan bijoa Elizan Jesus ekustera eta eska biezago azirazi dezala oraindik txiki arkitzen zaion bere siñistea.

 

IRUGARRENA.

JESUS MAITATU NAI ANDI BAT

        13. Bihotz garbiarekin ta Zeruko gauzen ezaguera edo siñiste andi bat arturik arkitzen dena fite sartuko da Jesus maitatu nai onetan. Erakutsi den debozioa Jesus maiz ta gogotik maitatzea da. Bere maitatze hau eztio Jesusek nori-nai ematen; baña ematen die maitatu nai andiarekin arkitzen diranei: hala dio berak, Doatsuak —esaten duenean— edo zori onekoak gauza onen egarriarekin arkitzen diranak; bada aseak geldituko dira ta izain dute nai dutena.

        14. Jainkoa maitatu nai onek kentzen diozka bihotzari bekatuen urak utzi ziozkan ezatasunak. Ezatua gelditu den egurra, urik gabe egona gatik, ezatasunik ez duena bezain aisa ez da erre ta auts egiten. Bekaturik ekusi ez duen bihotza bekatuarekin egondu dena baño errazago berotzen ta erretzen da; arkitzen da alabaña bekatuaren kutsurik gabe. Kutsu onetatik garbitzeko, asko balio du eskatzen dugun Jesus maitatu naiak. Gogozko naiarekin arkitzen bagara Jesus maitatzeko, azkenean arkituko dugu Jesus maitatze hau: bada eztu oraindik iñork aditu ukatu duela Jesusek eskatu zaion amore ta maitatzea.

        15. Arkitzen ez da bat Jesus maitatu nai duela ez dionik. Guziak diote Jesus onetsi ta maitatzeko nai andi batekin arkitzen dirala. Nola bada onesten ta maitatzen duten baño geiagok eta obeki maitatzen ez dute Jesus? Nola beren maitatu nai guzia maitatu naiean gelditzen zaie geienai? Ori gertatzen da zeren geienak, Jesusi baño, naiago dieten beren buruari. Ez daude orretan; baña egon ditezke. Guziak ezagutzen dute maitagarria dela Jesus ta maitatu beharra: ezaguera onen ondotik etorzen zaie hura maitatu nai iduri bat; eta orrekin uste dute Jesus ziñez ta gogotik maitatu naiez daudela: baña ez du balio duten hura maitatu nai iduriak.

        16. Oietatik bat zaran ezagutzeko, begira zazu zenbat nekatu oi zeran Jesus maitatzea gatik eta zer nola zabilzan gogotik edo ziñez nai dituzun lurreko gauzen ondoan. Agitz nai dezun gauza eskura artean, zer neurriak artu oi dituzu? Zenbat bide, zenbat lagun edo arteko billatu oi dituzu? Gau ta egun dakarzu gogoan gogotik nai dezun gauza. Nai dezun gauza zeretzeko edo eskuratzeko behar dirala dakizun neke-izerdiak, oni ta nai etzenukean besteari hitz egiteak, eta bide luzeko ibillerak etzaituzte izutzen. Egunak, hasteak, illak eta urteak doazkitzu nondik haren jabetuko zaran. Egiten dezu anbeste, ta laurdenik ere, Jesus maitatzea gatik? Askotan loa galdu dezu nola maitatuko dezun Jesus ikastea gatik? Zenbati galdetu diezu non arkitzen den Jesus maitatze hau? Zenbat baru atera dituzu? Zenbat gauza on egin dituzu maitatze onen alderako, edo dizun Jesusek bere maitatze hau? Bada zerbait onelako egiten ezpadezu, siñetsi zazu, zure Jesus maitatu naia, nai uts, alfer bat dela; ta ez, Jesusen Bihotzaren debozioak eskatzen duen ziñezko nai ta deseoa. Nai utsean gelditzen diran nai edo deseoak iltzen dagoen argiaren garrak bezala dira. Gar oiek garrak dira; baña aizetan laster ta fite geldituko diran garrak. Garrak dira: baña den gauzarik txikiena ez erre ta ez berotuko duten garrak; eta garrak, il ta bereala keetan gelditu beharrak. Ah! noaski oraindañoko zure Jesus maitatu naiak nai edo deseoak dira, bihotza epeldua gatik, berotzen ez dizutenak; eta iltzen diranean, bekatuen keez bete ta galdurik utziko zaituzten naiak.

        17. Orren lan gogorrik etorri ez dakion zure bihotzari, begira zazu zer nola bizitu zaran; ta arkitzen badezu ez dezula Jesus behar bezala maitatu, ekus-zazu zer izandu den, Jesusen lekuan, zure gogo ta bihotzean egondu den gauza; ta ken zazu alik lasterrena; artu zazu gero ziñezko Jesus maitatu nai bat; ar dezazun nai orren ondotik datorren Jesus maitatze andi beroa.

 

LAUGARRENA.

BIHOTZ BILDUA

        18. Ezta arkitzen Jesus soñu ta eskanbillen artean: Non in commotione Dominus. Eskanbillen artetik aldaratzen du Jesus maiteak bere hitza adirazo nai dionaren bihotza: Ducam eam in solitudinem, & loquar ad cor ejus. Belarri txikiak ditu bihotzak munduko ta Jainkoaren hitzak batetan aditzeko; itsi bear diezte munduko hitzei, nai baditu Jainkoarenak aditu. Munduko hitz eta jolasak Jesus maitatzea kentzen duten egitekoz beteak daude. Hau behar bezala egin nai duenak utzi behar ditu utzi ditzakeen munduko egitekoak.

        19. Ura bezala banatzen den bihotzak ezin idukiko du Jainkoa gan edo haren baitan bere asmo ta gogoa: ta gogo-asmoak Jainkoagan ez daduzkanak ezin ura ziñez maita dezake. Ziñez ta maiz Jesus maitatzea da Jesusen Bihotzaren debozioak erakusten duena. Orregatik, nai duenak debozio hau, bildu behar du, egin alean, bere bihotza. Debozioak bilzen duen bihotzari Jesusek ematen dio bera maitatzeko behar duen su ta garra.

        20. «Jainkoak nai dionean —dio San Gregoriok— eman bati maitatze onetarako behar duen su ta grazia, lenik ematen dio lurreko egiteko ta lagunak utzi ta bakarrik berarekin egoteko gogo andi bat. Badaki alabaña bakartasuna billatzen ez duenari ematen diozkan ondasunak ondasun galduak izan oi dirala; bada ondarrean, arean edo urean egiten diran letrak bezain laster ondatzen dira. Jainkoak bihotzari ematen diozkan ondasunak berekin bat egitea gatik ematen diozka; ta ura bezala egitekoen artean banatzen den bihotza Jainkoaren igesi bezala dabillen bihotza da; ta norbaiten gandik igesi dabillena ezin bat harekin egin diteke».

        21. Animako utsegite ta kalte guziak etorri oi dira ura bezala gure bihotza banatze onetatik. Bihotza bilzera egiten eztuenak eztu Zeruko bidean ibilze luzerik egiñen; ta dabillenean ere, ibilliko da nekez beterik edo atsegin ta gusto gutirekin. «Zer gatik uste dezu —galdetzen zuen onen berria zuen batek—, Relijioetan bizi diran guzietatik ain guti Santu egiten dirala? badute orazioa, ematen dute Meza, edo maiz ta sarri komulgatzen dira, irakurtzen dituzte Santuen bizitza ta libru onak, eta gauza onetan daramate urte ta bizi guzia; nola bada, orrenbat gauz on egiten dituztenak ez dira guziak Santuak?».

        22. Nik errain dizut: ez dute zaitzen beren bihotza edo uzten diote bihotzari dabillela gogoak ematen dion bazterretan: badakarte eskura gorputza; gorputzari eragiten diote Santuak eragin oi zien geiena: baña ez dute barrenaz Santuak zuten begiratze ta kontua: egiten dituzte Santuak egiten zituzten gauzak; baña ez Santuak bezala; ta orregatik ez Santu dira eta ez Relijioso behar bezalakoak.

        23. Orobat gertatzen zaie munduan Santuen bizia dakartela dirudien askori. Gauz on añitz egiten dituzte munduko askok urtearen buruan, illean, hastean; baita egunoro ere; ta eztira orregatik atzo baño gaur obeak, joan den urtean bezain asi berriak dira aurten birtutearen bidean: igazko uts-egiteak dituzte aurten ere, igaz bezain aisa aserretzen dira, nai ez duten zerbait ekusten edo aditzen dutenean; gaizki andirik ez egiña gatik, nai ez lukeena egiten dienai ez die barkatzen; hitzez, lanez edo nola ere bait aditzera ematen die, egin diotenai, egin zaielako damu ta atsekabearekin arkitzen dirala. Onelako ta beste utseegite zenbait gabe arkituko lirake, bihotzari ohartzen balitzaizka, ta behar ez diran ibillerak utzirazi edo kendu ta barrenean loturik idukitzen balute.

        24. Alferrik ibilliko gara; Zeruko bidean aisa ta arin ibilli nai duenak, edo nai duenak Jesus gogotik maitatu, bildu beharko ditu, egin alean, bihotzaren begiak, eta bizi beharko du bere barrenean gordea bezala. Etzuten hau beste biderik arkitu, beren birtuterako, S. Ignaziok, S. Franzisko de Sales, S. Xabier, Santa Theresa, eta gañerako Santuak. Hura bera artu beharko degu, birtutearen mendira igoko bagara. Al dugunean, utzi ditzagun lurreko egitekoak, eta goazen Jainkoak zer bihotzera esaten digun aditzera: hitz egite onek berotuko digu bera maitatzeko behar den suarekin bihotza.

        25. Gure kaltearen billa dabillen etsaiak, nondik kaltea etor dakikegun dakienak bezala, egiten du al egiña Jainkoarekiko hitz egite ta bakartasuna guri kenzea gatik. Lan eta egiteko gaixtoetara ezin eraman gaituenean, billatzen ditu zenbait egiteko, onak izanik ere, beharren den bakartasuna kentzen digutenak; eta orien artean banatuak bezala ekusten gaituenean, egin oi du bereetatik bat, edo dezakean guzia, gu galduak uztea gatik. Bakartasun on hau galdurik dabillenari gertatzen zaio, Artzaia utzi ta sasian dabillen ardiari gertatzen zaiona. Artzaiarekin dagoenean ez da seiatzen otsoa ezer hari egitera; baña Artzairik gabe ta sasian arkitzen duenean, itsasten zaio bereala; larrutu ta urratzen du ortzekin ta iristen du laster ta fite. Anima bere Artzai on Jesus maitearekin dabillenean, ez dio gaitz andirik egiñen Infernuko otsotzarrak; baña onen ortzetan gelditzeko bidean dabill, baldin, bere barrenaz kontu andirik ez dadukala, lurreko egitekoen sasi ta arantza artean badabill.

        26. Sasi onetan ibillia gatik, etsaiaren ortzetara gabe; edo egiña gatik batek, bekatu larririk egin gabe, eskuetan dakartzien egitekoak, kalterik askirekin geldi diteke, ezpadabill ongi ohartua. Lurreko egitekoak aisa banatzen dute bihotza; ta bihotz, bein banatua, nekez oitzen da bakartasunera, edo Jainkoarekin hizketa luzeak izatera. Onetara ez oitu naiez galtzen ditu Jainkoak egin nai ziozkan ondasunak, eta ez dator beñere gogotik edo ziñez hura maitatzera; edo ez dator, banatu ezpaliz, egiñen zuenaren laurdenik egitera.

        27. Badira batek ezin utzi ditzakeen egiteko ta lanak. Onelako lan edo egitekoetan badagoke barren bilduarekin edo bihotza banatu gabe. Orretarako, lana asitzean, eskatu behar diozu Jainkoari, hura egin artean, bera gogotik ez galtzeko grazia. Ansia ta estutasunik gabe ari behar dezu zere egitekoan: goratu behar dezu noizean bein Jainkoa gana zere bihotza. Esain diozu orduan Jainkoari nai dezuna, ta eskatuko diozu lagun dakizula bera maitatzen, ta dizula onelako edo alako behar zenukean gauza. Lurreko asmo txarren bat ekartzen badizu etsaiak gogora, galeraztea gatik eskuetan darabilzuna, ez dezula lan hura asi, esan behar dezu, ez eta egin edo bukatu nai ere, ongi esan dezaten ekusten zaituztenak. Asi nuen, esain dezu, lan hau, Jaunari atsegin egitea gatik, eta zeren egitera behartua nengoen; ta ez dut beste gatik bukatu nai. Alferrik ibilliko da lan onen ondoan nere etsaia: ez du berdin den zatirik txikiena zer itxedan: emana dago, ta berriz, ta berriz ere ematen diot den guzia nere Jainko maiteari. Bukatzen edo akabatzen denean, eskerrak eman behar diozkatzu lagundu dizun Jainkoari.

        28. Eskuetan dakartzun lana erdi egiña dagoenean, kentzen badizue, edo haren lekuan ematen badizue berriren bat, etzaitezela asaldatu; ekartzu gogora ala nai duela ongi nai dizun zere Jainkoak, eta egin zaitzuna eragiten duela, nor zaran zu ezagutzea gatik, edo, zein maite dezun jakin naiez bezala. Ez dezazula begiratu zere gogarakoa den edo ez egin behar dezun lan edo egitekoa: begira zazu nola egiñen dezun, egiten dezun lanean, Jainkoaren gogoa: gogo hau egitean dago zure on ta ditxa guzia.

        29. Lan edo egitekoren batean ari zaranean, oroi zaitez Jesus onak egin zuen lanen batez. Begira zazu ta ikusi nola Jesusek eta zein Bihotz garbiarekin egiten zituen bere egiteko ta lanak; nola zegoen bein ere bere Aita gogotik utzi gabe, ta egiteko artan ezpazegoen bezain gogotik maitatzen zuela. Etzion bere egitekoaz zutaz ta zuk egin behar zenuen lan orrez oroitzea kendu. Egiteko hartan zegoen ta zuri begira; egiten zuenarekin erakusten zizun nola egin behar zenituen guziak. Egizkitzu bada, alik ongiena, Jesusi begira zaudela edo ura gogotik galdu gabe. Orrela egiten zituzten Apostoluak, orrela Santuak beren egiteko andi ta txikiak: zuk ere orrela egitearekin, galdu lekuan, irabaziko dezu, ta anitz al ere, zere lurreko lan ta egitekoetan.

        30. «Bihotza biltzen eztuena —esaten du Jesusen maitatzalle batek—, galdua ibilliko da ezertako ez diran anitz gauzen artean, ta eztu ezagutuko ere, Jainkoak beraz egin gogo duena. Bildu balu, adiraziko zion egin behar zuena, ta ura egiteko behar zituen indarrak emain ziozkan; eta emain ziozkan bere Adiskide andiai eman oi diezten atsegin ta gusto garbietatik ere. Gusto ta atsegin oiek gatik aisa utzi ditezke lurreko aurkeriak —aurkeriak dira lurreko gauzarik andienak, Jainkoaren gauzen aldean—. Zeruko gauzen ta atsegin andien berririk ez dutenak bizitza nekezkoa daramatela uste dute munduaren igesi bezala dabilzanak; eta illuntasunez ta melankoliz beteak dirala Jainkoarekin diardutenak edo birtutearen bidean dabilzanak. Balekie zer den Jainkoa ta nolakoak diran Jainkoak, ziñez maitatzen dutenei, eman oi diezten atsegin ta kontentuak, bertzerik errain lukee: ez da alabaña lurrean, Zerukoen berria duenari, atsegin edo kontentu eman dezokean gauzarik.

        31. Bakartasuna billatzen dutenak eta Jainkoaren gauzetan sartuak dabilzanak dira aisena bizi diranak. Jainkoaren gauzak gogotik siñesten dituztenak eskuan balute bezain ongi uste dute Jauna gandik behar duten guzia; ta Jainkoa da gauza guziak baño geiago nai dutena, edo guzien gañean maite dutena. Deusen beldurrik ez dute. Duten Jainkoak, bera lenik uzten ez dutela, ez ditu utziko; ta hura dutela, badute behar duten guzia. Luzaro eguzkiari begira egondu diranak, begira dezatela nora nai, eguzkiari begira daudela uste dute. Jainkoarekin hitz egiten oituak daudenak ekusten, irakurtzen edo aditzen dituzten gauza guzietan arkitzen dute Jainkoa ganako bidea edo gauza; ta bazter guzietan Jainkoari begira daudela dirudi.

        32. Jainkoarekin bizi denak Jainkoa gatik egiten ditu gauza guziak; egiten dituen gauzetan ez dio bere gogoari atsegin egiten; Jainkoari atsegin egitea da haren lan ta nai guzia. Baña munduko egitekoetan sarturik bizi diranak beren burua billatu oi dute geienean, egiten dituzten gauzetan; bada nai dute iduri onekoak atera ditezen guziak; eta ez die atsekaberik egiten aditzeak ongi lausengatzen dituztela orien berria dutenak. Onelako laudario ta lausengak ez dituzte berotzen Jainkoa beren gauzetan billatzen dutenak. Jainkoari atsegin egin ezkero, etzaie ezer gizonen erranak gatik. Erran dezatela nai dutena Gizonak, ez illuntzen zaie ta ez arintzen arpegia. Atzo ziranak dira gaur. Beti dira hitz-egite, ibillera ta gauza guzietan berdiñak edo gisa batekoak; ta berdintasun onetan aditzera ematen dute ta erakusten barrenean duten birtute andia eta gogotik maitatzen dutela Jesus. Onelakoen esanak Zeruko esantzat bezala artu oi dira; ta guziak nai dute onelakoekin ezaguera ta tratua. Orregatik, Jesus maite duena maite du Jesusek berak; baita mundu guziak ere, edo beintzat ezagutzen dutenen zatirik andienak.

        33. Beren barrenean sarturik edo bihotza bilzen dutela bizi diranak bereala datoz Zeruko maitatze andi onetara. Bihotza bilze hau arkitu edo gorde nai badezu, egin bear dituzu errain zaizkitzun zenbait gauza. Lenbizikoa, ez artu bihotzaren Jabetasuna kenduko dizun gauza edo egitekorik; eta egiten dituzun gauzak egin behar dituzu lasterka edo ansiarik gabe. Bigarrena, utzi ditezkeen gauzetan ez dezazula oñik sartu edo bihotza banatu. Hirugarrena, edozein gauza egiten ari zaranean, idukazu bihotza noiz-nai Jainkoari hitz egin dezokean bezala. Laugarrena, besteren onerako edo zeretzat egiten dituzun gauzetan egon behar dezu olioa urean bezala. Etxearen kontua, humeak azitzea, bear dena billatzea, onekin ta gañerakoekin jardukitzea, ta beste guziak, egitekoak dira, zure bihotzak, olioak ura bezala, azpian iduki behar dituenak: orrela badaduzkatzu, noiz-nai ega diteke ta goratu, Jainkoaren billa, zure bihotza.

        34. Bostgarrena, billa zazu bakartasuna; hizketa luzeak ez ditzazula artu: anitz diarduenak nekez izain du bihotz bildua. Seigarrena, ez dezazula bekatuaren pitsik ere bihotzean iduki; iduki zazu barren garbia: autsen bat edo edozein uts-egite txiki ekusi dezazuneko, zoaz damuaren edo konfesioaren iturrira, ta garbi zazu bihotza. Dohatsuak edo zori onekoak, dio Jesus gureak, bihotz garbia dutenak: oriek dira Jainkoa ekusi behar dutenak, edo, Jainkoa gogoan dutela, biziko diranak. Zazpigarrena, gora zazu Jainkoa gana bihotza, ordua aditzean, gelan sartzean, etxetik irtetean edo ateratzean, lana asitzean, hura bukatzean, adiskidea datorkizunean, norekin nai hitz egitean, edozein batzean edo ekustean, gauza eskuetan artzean, ta beste orrelako zenbait aldiz. Zorzigarrena, alik maizena, ekarzu gogora nola egiñen lukean Jesus maiteak, egin behar balu, zu egiten ari zaran lan ori; ta egizu al egiña ala egitea gatik. Bederatzigarrena, ohar zaitez non-nai ta edozein gauza egiten zaudenean, begira dagokizula guzia ekusten duen Jainkoa; ohar zaitez zere bihotzean, zere esku ta muñetan, ta bazter guzietan dadukazula Jainkoa; aditzen dagoela zer esaten dezun, ta etzaiola gordetzen gogoan dadukazun gauzarik ere, den txikiena izana gatik. Esaiozu siñisten dezula hau guzia, beste, Eliza Santuak erakutsi dituen, gauzekin batean. Eska zagozu bera gogotik maitatzeko, bihotza banatu gabe ta bakartasun on batean bizitzeko behar dezun grazia. Amargarrena, artu-izkitzu Bitartekotzat onetarako, bakartasun ta bihotzaren bilduera andiagoa izandu zutenak: Jesusen Ama, onen Esposo San Joseph, ta guraso San Joakin ta Santa Ana; baita San Juan Baptista ere, ta, nai dituzun guzien artean, Jesusen Konpañiako S. Luis Gonzaga.

 

 

§. II.

JESUSEN BIHOTZAREN DEBOZIOAK
DAKAZKIEN ONDASUNAK
GALERAZTEN DITUZTEN ZENBAIT GAUZA

 

        1. Ongi bizi diranen artean bakan arkituko dira Jesusen Bihotzaren debozioa ona dela ta gustoz ta ondasunez betea dagoela ukatuko dutenak. Baña ez dira atsegin ta gustoz beteak biziko debozio onetan sartzen diran guziak, gusto ta atsegin hau izana gatik, debozio artzen dutenai, ta ziñez maitatzen dutenai, Jesusek eman oi dien ondasuna. Zer gatik ori gertatzen den, erakustera noa.

        2. Anitzek diote, ta aspaldian, aitu dirala Santuak izan oi zituzten atsegin ta Zeruko gustoak. Enzuten dituzten Mezetan, beren konfesio ta komunioetan, ta gañerako gauza onetan idortasuna ta nekea besterik ez dutela diote, ta orazioko suan sartua gatik, sartu ziranean bezain otzak edo otzagoak andik ateratzen dirala. Ez dakitela, diote, zertan dagoen ori, baña bai ez dagoela birtutea gusto ta atsegin orietan; edo ona izan ditekeala nor-nai, bere bizian ez ekusia gatik orrelako atsegin ta gustoaren arpegia.

        3. Hau ezin uka ditekean egia da; baña orobat da egia beldur izan gaitezkeala kentzen diezkigula Jainkoak bere gusto ta atsegiñak, gure alferkeria ta nagitasuna gatik, edo zeren ez gabilzan ibilli gindezkean bezain biziro Zeruko bidean. Egungo Zerurako bidea Santuak izandu zuten bide bera da. Santu guziak diote bide hau atsegin ta gustoz betea arkitu zutela: ta bide onetako lan ta nekeak berak munduko gauzarik onenak baño ezti ta gusto geiagozkoak dirala. Etzekitela, diote, bide onetan zebilzanak zer zen atsekabea, zer damua, zer bihotzaren illuntasuna, edo zer nekea. Nekerik andienean, diote, eztiz beterikako eztarria baño atsegin ta gusto geiagorekin arkitzen zutela beren bihotza. Jauna galzea beste nekerik ez dela diote azkenean, Zeruko bidean gogotik dabillenarendako.

        4. Onela hitz egiten dute, ez zenbaitek, baizik Santu guziak, eta, Jainkoari bere bizitz onarekin atsegin egitea gatik zuzen ibilli diranak. Etzaitzu noski gogorako itsutuak bizitu dirala Santu ta on guziak. Bada aitortu beharko dezu ez datorrela Jainkoaren aldetik Santuen bidea daramatela dirudien geienak Santu ta ongi bizitu ziranak izan oi zituzten atsegin ta gustorik gabe arkitzea.

        5. Ez; ez dator Jainkoaren aldetik Zeruko atsegin ta Santuak izan oi zituzten gustorik gabe gu arkitzea. Guti dira Santuak bezain ziñez ta gogotik Jesus maitatzen dutenak: guti dira, Santuak bezala, egiazko birtutearekin arkitzen diranak. Egungo egunean arkitzen dira Santuak ibilli oi ziran bezala dabilzanak; eta arkitzen dira Santuen atsegin ta gustoz beteak. Ekusi nai badezu zerk eragozten digun Zeruko atsegin ta gustoen ondasunak artzea, begiratu behar diezu Zeruko bidean arkitzen diran arri gaixtoai. Atoz ezperen; nik erakutsiko derezkitzut.

        6. Lau dira bide onetan arkitzen diran ta behar bezala ibilzea kentzen duten arri edo gauzak. Lenbizikoa, alferkeria ta nekerako nagitasuna. Bigarrena, geren buruari geiegi naia edo geren buruak geiegi maitatzea. Hirugarrena, bihotzaren arrotasuna edo antustea. Laugarrena, geren barrena ezi gabe idukitzea edo barrena pasioz beterik edo oraindik garaitu ez ditugun pasio zenbaitekin arkitzea. Lau gauza oiek dira beaz-topa Zeruko bidean eragiten diguten arriak. Guziak kentzeko, ekusi behar ditugu banaka.

 

LENBIZIKO,
JESUSEN BIHOTZAREN DEBOZIOKO ONDASUNAK
GALERAZTEN DITUEN GAUZA:
ALFERKERIA EDO NAGITASUNA

        7. Jesusen Bihotzaren debozioko ondasunak nai dituenak ziñez maitatu behar du Jesus. Ez dute orrelako ziñez maitatzerik Alfer-nagiak. Orregatik bada nagitasuna edo alferkeria da debozio onek dakartzien ondasunak galerazten dituzten gauzetatik bat. Zeruko bidean nagi dabillenak ez du sekulan, Jesus ziñez ta benaz maitatzeko behar den adiña, bere bihotza berotuko: Nagiak dituen gauzak erraiak nasten dituen ur epela bezala dira. Naiago nuke, erraten dio Jainkoak Zeruko gauzetan nagi denari; naiago nuke otza baziña edo beroa; baña zeren zaran epel ta nagia, ezin iduki zaitut bihotzean, ta trukatu behar zaitut edo bota nere gandik. Erran nai du orren nagi Zeruko bidean zu ekusi baño, naiago nuke arkitzen bazindut edo bekatuan illa edo graziaz betea, ta, ziñez maitatzen nazula, pausu luzeak ematen dituzula. Pausu luzeekin bazenbiltza, ta gogotik maitatzen ninduzula, lagunduko nikezu zere bidean, ta arinduko nituke nere atsegin ta gustoekin bideko zure nekeak; eta, ni gatik egiten zenuena ekusirik, maitatuko zinduzket, hume ona bezala.

        8. Arkitzen bazindut illa edo bekatuaren loo gaixtoan sartua, ots egiñen nuen zure bihotzaren atean, egiñen nituen zure belarrian desengañoen oiu ta txistuak; eta, hau aski ezpazen zu esnatzeko edo iratzartzeko, eragiñen nituen zure ondoan misioren baten soñu guziak: zabalduko zenituen noizbait begiak; ezagutuko zenuen ni ninzala zure, ardi galduaren, billa nenbillen Artzai ona; ta, ekusirik, ibilli ziñan bezala, galdurik ibilzeak dakartzien kalteak, jaikiko ziñan zeunden lekutik edo bekatutik, eta nion trikatu edo gelditu gabe, etorriko ziñan nerekin ta sartuko ziñan Zeruan.

        9. Baña ez ill ta ez bizi bezala arkitzen zara; ez otz eta ez bero zaude; ta zure epeltasunak nasten derozkit errai guziak eta Bihotza. Berotuko zeralako ustea edo esperanza galdu zait kasi. Erdi loo zaude; ta zere nagitasunak ez dizu esnatzera uzten. Igitzen bazera noizbait zauden tokitik, laster nekatzen zara, edo, nekatzen baziña bezala, gelditzen zara, ta ez dezu nai Zeruko bidean ibilli. Bekatuaren loan sarturik zeudenak esnatu edo iratzarri dituzten Zeruko txistu, oiu, ots-egite, deitze ta soñuak aditu dituzu; baña esnatzera egin, ta lentsu bezala gelditu zera. Ezin zaduzkaket geiago: bota behar zaitut nere gandik: Utinam frigidus esses, aut calidus: sed quia tepidus es, & nec frigidus, nec calidus, incipiam te evomere ex ore meo (Apoc. cap. 3. vers. 15.16). Orra zertara dakarren bat bere Zerurako nagitasun ta alferkeriak. Alferkeri onetan bizi diranak ez dute siñistu nai alferrak dirala; gogotik dabilzala, uste dute, Zeruko bidean; edo uste dute ez dela zer biziroago ibilli. Badakizu zer gatik? Zeren oben edo kulpa larririk ez izana gatik, garaitzen edo eskura ekartzen ez dituzten pasio gaixtoak. Orrelako pasioen kez betea dadukate burua; ta arkitzen dira egiten dituzten uts-egiteak ezagutzeko behar lukeen Zeruko graziaren argi asko gabe; ta gelditzen dira erdi itsutuak edo illunbean daudenen gisa. Badute oraindik zerbait argi; baña ez die, ez nekatzea gatik, agertzen diezten egiai begiratu nai. Agertzen die lagunarekin ez ongi etortzea, gatza bezain hitz gaziak esatea, besteak baño burua gorago ekarri naia, ta beste gauza anitz, larriak ez diranean ere, kulpa larrien bide zuzenak dirala; baña ez ekusi egiten dute; ta, len bezala dabiltza.

        10. Ez dakiola Jainkoari nai zu orretaratzea, edo etzaitzala Jainko onak toki illun orretan sartzen utzi. Zere alferkeri edo nagitasuna gatik orretaratzen bazera, uts-egite txikiak edo larriak ez diran bekatuetatik zenbaitetara ohartuko ere etzara; ta, ezagutzen dituzunak, larriak ez diralako aitzakian, ez dituzu kenduko. Konfesatuko zara; zere Jauna artuko dezu; ez dituzu utziko zere debozio ta iduri oneko gauzak: baña egiten badituzu, egiñen dituzu zer egiten dezun ezpazeneki bezala, ta gogoa lurreko gauzetan banaturik darabilzula. Nagi zabilza ta epel Zeruko bidean, ta ongi begiak idiki gabe, non arkitzen zaran ekusteko.

        11. Idikitzen bazenitu begiak, ekusiko zenuke geiena egiña dadukazula, ta, ezerez bat ez egitea gatik, galtzen dezula Jainkoaren izatea, galtzen dituzula Jaunaren eskutik emen izain zenitukeen atsegin ta kontentuak, eta galtzen dezula azkenean, azken orduan asaldatuko etzinduen eriotz on bat. Orren merke erosten diran ondasun andiak ez dira galzekoak. Autsi zenituen bekatuaren kate lodiak, eta nasten zara eulien sarean. Asi ziñan ezkero atsegin Jesusi egiten, zer gatik ez diozu egiten osoa? Errege batekin etziñake Jaunarekin bezain labur ibilliko. Etzenioke edozein adiskideri ukatuko Jesusi ematen ez diozun atsegin edo gustoa. Aztu bide zaitzu Jesus dela zure Errege ta adiskide: ez bide dago zure gogoan zenbat zor diozun Errege andi ta Adiskide maite oni. Ez bide dakizu, ukatzen badizu azken grazia, etzaitzula betiko damu, negar ta nekea besterik gelditzen. Zenbat arkitzen dira zu bezain ongi asi ta nekatu ziranak; eta orregatik sekulako galduak? Etzoazen oriei lagun egitera beren suzko nekean, utzatzu noizbait oriek galdu zituen alferkeria; ta zoaz, uts-egite larriak bezala, besteak kenduaz.

        12. Ez da eskatzen zaitzuna uste dezun bezain gauza gaitza: egin dute orrenbeste zuk bezain uste guti ta zuk baño osasun laburragoa zuten anitzek. Gazteak, zarrak, diranak dagikee zuri eskatzen zaitzuna; ta eskatzen zaitzu zere onerako. Zenbat aldiz esaten dezu maite dezula zere burua edo anima: oni ematea gatik sekulako atsegin ta Zerua ez dela egiñen etzenukean gauzarik. Izutzen zaituela, diozu, betiko suan erre beharrak; ikara uzten zaituela etsaien artean arki zindezkela lurpeko leze arrigarrian oroitzeak. Bada orrenbat ezaguera, beldur ta ikararekin arkitzen bazera, nola ikara, beldur ta ezaguera orrek eskatzen duena ez dezu egiten? Orrek eskatzen duena da: lenena, oben larri ta kulpa andiak uztea; ta gero, berriz, oriek ekartzeko biderik etsaiari ez ematea. Orretarako etsaiak artzen dituen bideak dira zuk ezertan ez daduzkatzun uts-egite txiki edo kulpa benialak.

        13. Txikitzat daduzkatzun zere uts-egiteak eskutik eramain zaituzte larrienetara, zere alferkeri-nagitasuna utzirik, uzten ezpadituzu alde-bat. Ez dizut nik esaten; Espiritu Santuak dio aditzen dezuna: qui spernit modica, paulatìm decidet. Badakizu nora daraman gero edozein oben edo kulpa larrik. Atera bazenitu zenbait aldiz oraingo kontuak, etziñan orain arkituko arkitzen zaran bezain nagi. Nagitasun ori uzteko, aterazkitzu berriz ta berriz ere kontu oriek: eta ez dakizula ispillura begiratzen duenari gertatzen zaiona gerta. Onek, begiak ispillutik kendu orduko, ez daki, dio Apostol Santiagok, nolakoa den ekusi duen bere arpegia. Atera dituzun kontuak utzi orduko, gelditzen bazara zere nagitasunaren berririk gabe, nagi geldituko zara, ta sekulako zere burua galtzeko bidean.

        14. Edozein gauza ikasten igaro bazenitu Jauna maitatzea ikasten egin dituzun urteak, eta urteen buruan arkitzen baziña gauza hartan maitatze onetan bezain berri, lotsaz ta alkez arpegia galduko zenuke; ekusiko zenuke alabaña, lenbiziko illean zenekien baño geiago ez dakizula anitz urteren buruan. Lotsa ta alke andiagoarekin utzi etzaitzan egunen batean Jesus ziñez maitatzen ikasi-gabeak, utzazu noiz bait nagitasuna; garbi zazu zere mastia axeri txarretatik edo zere bihotza oben txiki, kulpa ta utsegiteetatik; ta egiozu Jesusi maitatze onaren, ta birtuteen matsezko present on bat, nai ba dezu dizun emen eman oi duen atsegin ta kontentua; ta gero ekusten bera beti, ta ziñez maitatzen egotea.

 

BIGARRENA.

GEROI GEIEGI NAIA EDO GEREN BURUAK
BEHAR EZ BEZALA MAITATZEA

        15. Beren buruak maitatzen ez dituzten guti arkitzen dira munduan. Gaizki bizi diranak aisa ezagutzen dute maite dituztela beren buruak. Gauza onak egin oi dituztenak ere, ezagu dezakee, nai badute. Egiten dituzten gauzetan Jainkoa billatzen dutenak ez dute beren burua maite: maite dute Jainkoa: baña, geienak uste duten baño geiago behar da orrela Jainkoa billatu ta maitatzeko. Billatzen dezun edo ez ezagutzeko, ekusi behar dezu zer egin oi dezun ta zer gatik.

        16. Osasuna galzeko beldurrez zabilza? Beldur onegatik uzten dituzu, guziak ezpadira ere, Jainkoa maite dutenak egin oi dituzten neke ta gauzak? Zabilza maiz gorputzari on egiñen diola deritzatzunaren billa? Beldur naz geiegi nai diozula zere buruari, ta egiten dituzun gauzak ere uts-egitez beteak daudela. Erran dezakezu maite dezula Jesus ta Jesus ona gatik utzi nai dituzula lurreko gauza guziak, baña etzaitut siñistuko. Zuk diozuna ziñez dionak ez dio bere buruari zuk adiña begiratzen: onek ez du begiratzen gaitza den edo erraza Jainkoak agintzen dion gauza; etzaio ezer oni ona izan edo ez osasunarako, Jainkoari atsegin egiten dion ta egin dezala erraten zaion gauza. Jainkoa maite duena Jainkoari begira dagoka, berak edo beraren eskua duenak erraten diona laster ta trikatu gabe egiteko.

        17. Nai ez dezuna agintzen zaitzunean inguruka bazabilza, nondik, ura egin gabe, ongi geldituko zaran; zerorrek nai dituzun gauzak gogoak ematen dizunean egiten badituzu; egiten dituzun gauz onetan ere artu utzi bazabilza; nai ta ez egin behar dituzun gauzetan barreneko illuntasun ta atsekabe batekin arkitu oi bazera; ona izateko asmoak etortzen zaizkitzunean, orretarako gogoratzen diran neurriak edo gauzak izutzen bazaituzte, ta behar diranak artu gabe gelditzen bazera, zere burua billatzen dezula aditzera ematen dezu, ta etzaituela, egiten dituzun gauzetara, Jauna maitatu naiak eramaten.

        18. Obe lizake, behar bada, ezpazenitu dituzun zenbait gauza on; beintzat ezagutuko zenuke orduan uste dezun baño beharsuagoa zerala, ta Jainkoaren begietan, deritzazun adiña balio ez dezula. Egiten dituzun gauzak itsutua bezala zaduzkee; bada orietan, zere ona billatzen dezunean ere, Jainko maitearen billa zabilzala iduritzen zaitzu; ta, orretan ezpazeunde, egiñen zenituke egiten ez dituzunak. Egiten dituzun gauzen artean gaizki dirudienik agertzen ezpada, egin dezula uste dezu egin behar zenuen guzia; ta etzara ohartzen behar den barren ta bihotzarekin egiten ez diran gauzak animarik ez duen gorputza bezala dirala.

        19. Zure Konfesoreak behar bezala estutzen ezpazaitu, loiean dautzan bekatoreak baño gaizkiago arkitzen zara; bada oiek izutu ta arritzen ditu egia bat aditzeak edo uste gabeko eriotza ekusteak; baña zu, orrelako gauzak aditu ta ekusia gatik, ezer ekusten edo aditzen ezpazenu bezala gelditzen zara zere zauden tokian. Beti zabilza nondik gogoa ase, ekusten dituzun ta ongi iduritzen zaizkitzun gauza txarrekin; ta, zenbait uzten badituzu, izan oi dira gutiena nai dituzunak. Zurekin ongi datozenekin baizik etzenuke hitz egin ere nai. Zere burua erakustea gatik egiten dituzu egin oi dituzun zenbait gauza. Besteri datorkion eritasuna Jainkoaren ondasuna dela diozu; baña ez dezu ondasuntzat ezagutzen zerorri etortzen zaitzunean; bada illuntzen zara laster ta zerekin ezin burutuz bezala zabiltza, luzatzen badu beintzat, zuk uste baño geiago.

        20. Ondu behar dezulako asmoarekin zabiltza beti, ta beti arkitzen dira len bezain berriak zure uts-egite ta txarkeriak. Askotan erraten dezu guztiz nai diozula Jaun andiari, maite dezula zere Jesus, ta onek nai duena besterik ez dezula nai; baña gutitan onek nai duenik egiten dezu. Badakizu gurutzepean nekaturik ibilli zen Jesusen ondotik doanak artu behar duela bere neke ta mortifikazioaren gurutzea: baña onek izutzen zaitu; ta, ez arzea gatik, billatzen dituzu ezer balio ez duten eun ta geiago aitzaki. Hitz bian guzia errateko, gogoak ematen dizuna baizik egiten ez dezu, edo egiten ba dezu, izan oi da zere buruaren ongi naiak eragiten derezkitzun asko uts-egiterekin.

        21. Onela bizi zaraño, Jesus maite dezula zuk errana gatik, ez Jesus, zere burua dezu maite zuk. Beste bizitza artu artean, birtutezkoaren izena izan dezakezu; baña, birtutezkoak duten Jauna maitatze andirik gabe biziko zera. Ez du Jesus maite Jesusen neke-izerdien igesi dabillenak. Alferrik utziko dituzu Gurasoak, Aideak, Adiskideak eta dituzun gauzak; etzaitut neretzat ezagutuko, etzaitut nere eskolan artuko; gañerako gauzekin batean zere gogoa edo zere buruari nai ori uzten ezpadezu, dio Jesusek, adhùc autem, & animam suam. Ez da, bada, gogo txarra garaitu gabez, Jesus maitatzeak dakartzien ondasun andiak zer galdu.

 

HIRUGARRENA.

BIHOTZAREN ARROTASUNA EDO ANTUSTEA

        22. Bihotzaren arrotasun gaixtoa da birtutezko bidean dabilzanai egitekorik geiena ematen dien etsaietatik bat, eta agian gaixtoena; bada gañerakoak egin ala egin ondoan, ateratzen zaie bidera, indar osoekin ta armaz beterik. Begira, bide onetan zabilzana, etsai onek, zu garaiturik uzteko, aski du gañerakoak garaitu dituzulako gogorazioak dakarren atsegin ta berotasuna. Gauza onak garaitzen dituzte gañerako etsaiak: baña gauza onak berak dira etsai onek, gu garaitzeko, artzen dituen armak.

        23. Ezpadituzu nai egiten dituzun gauza on guziak galdu; galdu nai ezpadituzu birtutezko bidetik, edo Jesus maitatzetik datozen ondasunak, ez da zer bihotzean arrotasun gaixto edo antuste oni lekurik egin; bada egiten badiozu, galduak dira diranak. Zabilza beti erne; bestela sartuko zaitzu barrenera zuk uste gabean; ta, bidaltzen badezu ere, aterako da, arkitzen duen guzia berekin daramala.

        24. Ongi ohartua ezpazaude, arrotasun onetatik datorrena Zeruko gauza iduriko zaitzu; ta ona delakoan, leku egiñen diozu zere bihotzean asmo gaixtoari. Agertzekoa den gauzaren bat egiteko zaudenean etortzen zaitzun barreneko estutasun larri ta gaizki gelditzeko beldurra, arrotasun edo antuste gaixtotik datorren gauza da. Jainkoaren billa bazenbilza egiten dituzun gauzetan, zere aldetik egin ezkero al egiña, ansiatuko etziñake etorkizunaren gañean, zeren ezagutuko zenuke ez duela Jainkoak eskatzen ezin ditekean gauzarik.

        25. Nai dezu izan dezaten begitarte ona zuk egiten dituzun gauzak; edo nai dezu zure gauzak ongi iduri dakiezten ekusten dituzten guziai; ori zuk uste dezu egiten dezula Jauna gatik; edo deritzazu, onzat bazaduzkate, obeki artuak izain dirala zuk egiten edo esaten dituzun gauzak, eta aisago zuzenduko dituzula zuzen ez dabiltzanak; baña, Jainkoaren honraren billa zabilzalako aitzakian, zere burua billatzen dezu, edo zere honraren billa zabilza; bada, ekusten zaituztenai gaizki iduri dakien beldurrak, uzten dituzu zenbait aldiz, bestela egiñen zenitukeen, ta agian egitera behartua zauden zenbait gauza. Nai zenieke, Jainkoari bezala, lurrekoai ere atsegin eman; baña gertatu oi dena da guziekin gaizki zu atzenean gelditzea. Zure bihotz arro, antustez betearenak dira, ez Jainkoarenak, lan oriek.

        26. Lan orietan zabilzaño, ez dezu irabaziko bihotz humil garbizkoai Jaunak eman oi diezten Zeruko atsegin edo gustoetatik bat; eta lurrean arkitzen diran atsegin-gustoak gusto ta atsegin laburrak dira ta gezurtiak; bada, ken ditezeneko, gelditzen da bihotza utsa ta illuna. Asaldatzen zaitu orduan, erraten zaitzun edozein hitzek; ekusten dituzun besteren gauza onak atsekabe egiten dizute; nioren onik ezin eraman dezu; labur zabilza geienekin; ta etzenuke nai zurekin lebillen labur bat ere: zu baño geiagokoak ez diranekin latza da zure hitz-egitea ta gogorra: etzenuke nai arki ledin zu baño geiagokorik; damuz bezala zaude gizon jakintsu ta andien artean zaudenean: ezin bestez egoin zara orrelakoekin: billatzen dituzu nai adiña hitz egiten uzten dizutenak; baña lurrean billatzen dituzu arkitzen ez diran atsegin ta gustoak.

        27. Egin badituzu zenbait gauza on, ez dituzu luzaro estaliak idukitzen: ez dezu galduko orien berria banatzeko biderik: bidea dezun guzietan aterako dituzu: ta aterako dituzu zureak bai lira bezala, edo Jainkoak lagundu ezpalizu, egin gabeak geldituko zirala oroitu gabe. Gelditzen badira ixill ta otzak zure gauzak aditzen dituztenak, otzago gelditzen zara zu ta laudatu etzaituztelako damuarekin. Oik guziak bihotz arro, burua goratu naiez dabillenaren arrastoak dira.

        28. Zu bezala ez dabilzanak ez deritzazu dabilzala zuzen. Zere gisara nai zenituke gauza guziak; onelakoak ezpadira, begitan artzen dituzu diran onenak. Ez da zuganatzen zu aseko zaituenik: Den onena gatik izain dezu beti zer esan; ta ez deritzazu dela bat zu edo zure gauzak gatik hitz bat esan behar duenik. Bada nola nai dezu sar ditezen lurreko asmoz ta arrotasun gaixtoz betea dadukazun bihotz orretan, orrelakorik gabe dauden bihotzetan baizik sartzen ez diran Jainkoaren atsegin ta kontentuak?

        29. Arrotasun ta antuste orrek, egiten dituzun gauzarik onenak igartuak utziko ditu, barrenean sartzen zaien arrak utzi oi dituen bezala pagorik ederren ta andienak, ezpadezu kentzen zere bihotzetik. Bihotzean dadukazuño, ez da zer itxedan Jesusen maitatzalleak duten atsegin edo gustorik. Lurreraño edo guzien oñetara beratzen zen Bihotza duen Jesus maiteak ezin ekusi du burua goraturik ibilli nai duen bihotz arrorik. Maite du Jesusek, Jesusek betetzen du Zeruko atsegin ta ondasunez berak bezala bihotz beratx, arrotasun gabeko ta humilla duena. Bihotz arrotasun gaixtoz betea dutenak arkitzen dira azken orduan ez aberats, uste zuten bezala, baizik asko utsekin ta Zerurako ezer gabe; bada beren arrotasun ta antusteak igartu zituen edo usteldu, egin zituzten gauzak.

 

LAUGARRENA.

OITURA, AZTURA EDO KOSTUNBRE GAIXTOA

        1. Oitzen bazera, besteak utzia gatik, gauza txar gaixtoren batera, galduko dituzu, orrelakorik gabe, maite dutenak izan oi dituzten Jesusen atsegin ta ondasunak. Jauna maitatu nai dutenak garaitu naiez dabilza beren etsaiak edo pasio gaixtoak, eta, andik datozen oiturak: baña geienai gertatzen zaie Sauli, Amalek garaitzera joan zenean, gertatu zitzaiona.

        2. Jaunak agindu zion Sauli etziozala barka Agag zeritzan Amaleziten Erregeri, ez eta onen jende ta gauzai ere; edo agindu zion gal zitzala guziak arras. Baña, gañerakoak ill, ta barkatu zion Agag Erregeri; ta, aren bazterretan arkitu zituen gauza txarrak galdu ta gorde zituen onak eta ederrak. Jaunak manatu ziona egin lekuan, egin zuen gogoak eman ziona. Baña zer gertatu zitzaion? Zer? Erri bateko zenbait ondasun gatik galzea bere ondasun guziak; eta azkenean zuen erresuma edo reinua: Projecit te Dominus, ne sis rex [(1. Reg.c.15.v.26)]. Saul bezala bazabilza, hura bezain gaizki gelditzeko bidean zaude. Aztura gaixtoak, bat ere utzi gabe, gal ditzatzula agintzen dizu zere Jainkoak; uzten dezun edozein, begitan artuko du, ta azkenean ken legikezu zere erreiñua edo bere Zerua.

        3. Gañerakoak kendua gatik, gelditzen zaie geienai aztura gaixto bat edo beste. Oitzen dira utzi behar lukeen gauzaren batera; ta, hau ez uztea gatik, billatzen dituzte zenbait aitzaki; baña aitzakiak, argiz ingurutua dagoela, itsutu nai duena baizik ezin ase dezakeenak. Batzuek uts-egiten dute beren buruak edo humeak geiegi apaintzean; besteak jokoan edo hitz egitean. Erraz aserretzen dira zenbait; zenbait dabilza ondasunen ondoan edo beren buruak agertu ta erakutsi naiez. Onelako gauzetan uts-egiten ez dutenak, besteri atsegin egitea gatik, galtzen dituzte berriketan ordu osoak. Aurrak lotzeko aski ez diran ari zunza edo gauza txarrekin nasten ditu gure etsaiak, edo geldirazten asko ta anitz Zeruko bidean. Anitz dira, natural gaixtoa eskura ekarri gabez, galduaz ta galduaz doazenak.

        4. Nola, esain dezu, etorri diteke orren kalte andia onen uts-egite txikitik? Aisa. Esazu ezperen, zirritu txiki bat ez da asko itsasoko onzirik andiena urean galtzeko? Etxerik ederrenak ez dira urratzen, ez dira auts egiten, aizeak eraman zuen tellaren zulotik sartzen den urarekin? Iltze, kanibeta edo beste edozein gauzak egiten duen zuloa aski da ohartzen etzaionaren aragi-ezurrak ustelzeko. Zer bada? Ez dira zulo txikiak orrenbat kalte dakarten zuloak? Siñistu zazu bada, barrenean uzten zaion oitura edo uts-egite txarraren irriñ artetik egin dezakeala gure etsaiak, gu galzeko, behar duen guzia. Gertatzen bazaitzu gaitz eta kalte ori, etzara izain zu lenbiziko orrela kaltear gelditu dena.

        5. Nai ezpadezu, zartzen zaranean, uts-egite berekin edo andiagoekin zere burua ekusi, asi zaitez bereala dituzun aztura ta kostunbre gaixtoak kentzen; ta, kentzen ezpadituzu, gutienean galduko dituzu kentzen dizutenak, eta gero Jesus ziñez maitatzen dutenak dituzten atsegin ta gustoak. Munduak, haren ondoan dabilzanak zulatzeko, sagarroiak edo trikuak baño arantza geiago ditu; ta gusto txar baten ondotik, ematen ditu anitz damu ta atsekabe. Jesus da, Jesus, maite dutenai atsegin andi, garbi ta betikoa ematen diena. Utzazu bada mundu gaixtoa; zoaz bihotz garbi batekin billatzera ongi egiten baizik ez dakien Jesus; ta hau ziñez maita zazu.

 

 

§. III.

JESUSEN BIHOTZAREN DEBOZIOKO
ONDASUNETARA DARAMAN
BIDEA GARBITZEKO
EGIN BEHAR DIRAN BI GAUZA

 

LENBIZIKOA.

BERE BURUA HILDURATZEA EDO MORTIFIKATZEA

        1. Jesusek bere Bihotzaren maitatzalleai eman oi diezten ondasunak galerazten dituzte, esan degun bezala, alferkeriak, nork bere buruari geiegi naiak, bihotzaren arrotasunak, eta aztura edo kostunbre gaixtoak. Galgarri gaixto oiek kendu nai dituenak beharko du bere burua hilduratu; ta, hilduratzen ezpadu, galduko ditu hilduratu ta nekatzen diranentzat dauden ondasunak.

        2. Ezin erran diteke zenbat etsai irteten edo ateratzen zaizkan bidera ona izan nai duenari, ona izateko asmoa artu dezaneko. Orduan infernu guzia bere lekutik ateratzen dela dirudi, ta dituen lazo, indar ta arma guziekin, nondik galduko duen dabillela. Begietara datorkio mundua; ta burutik kentzea gatik duen asmoa, agertzen diozka ta eskeintzen bere edertasun txarrak, eta, azkenean utzi behar diran ondasunak; eta eskeintzen diozka Jesus maitatzetik izan ditzakeanak baño andiagotzat. Ingurutzen dute gaixtoak hista ta burlekin. Ona izateko asmo hau artu orduko, bere kontra ditu dituen lagun geienak. Ark bezalako asmorik ez duten lagun alferrak badute haren kontra behar ez adiña hitz eta indar. Utzi dezan artu duen asmoa, bein ta askotan esaten diote berak dakitena, ta etsaiak gogora ekartzen dien guzia. Oriei atsegin egin naiak, baita bere gaitzerako makurtasunak ere, estutzen ta premiatzen dute bein baño geiagotan, ta ekartzen dio burura asmo berri hau utzi ta leneko bidera biurtzeko gogoa.

        3. Garaitu ta igesi bidaldua gatik berealako artan onelako gogorazio txarrak, eta bein ken-erazoa gatik, etsaia baño gaixtoagoak diranak berriz ta berriz etortzen zaizka, euliak bezala, ta ez diote bakerik ematen bide ta bizi guzian. Jaunak luzatzen ezpadio bere eskua, edo ematen ezpadio bere graziaren indarra ta laguntza, ezin burutuz orrenbat etsai gogorekin, utziko du bere asmoa ta Zeruko bidea. Baña ez, etzaitezela izutu; prest dago gure Jesus behar dugun guzian guri laguntzeko; ta guk eginala egin ezkero, garaituak dira gure etsaiak; eta guk izain ditugu Jesusen maitazalle onak dituzten atsegin ta ondasunak.

        4. Lenbiziko egin bear dezun gauza, etsai gaixtoa garaitzeko, da zere burua hilduratzea edo mortifikatzea. Ez du etsairik garaituko, ez du izain Zeruko ondasunik, hildura onetan sartu nai ez duenak. Nerekin edo nere ondoren etorri nai duenak —Jesus onak hitz egiten dizu— ez dagiela gogo gaixtoak eskatzen dion gauzarik: ar beza bere Gurutzea ta jarrai bekit edo betor nere ondotik: Gurutzea soñean, ta bere burua begitan arturik ez darraikidana ezin dateke nere ikasle edo eskolakoa. Ez nago ni onela ez dabilzanentzat [(Math. c.10.&16. Luc. c.14. v. 27)]. Santuak orobat hitz egiten dizue; bada neurritu oi dute onaren birtutea daraman hilduraz edo bere buruari ematen dion atsekabearekin. Santua zela norbait esaten ziotenean Loiolako Aita San Ignaziori, ala izain da, eranzun oi zuen, bere buruaren etsai andia bada. Ez da birtuterik jaiotzen nekearekin maneatzen ez den lurrean; ta jaio ta larritu dena ere laster igartzen da, nekeak berak ekartzen ezpadio Zerutik behar duen ura ta janaria.

        5. Hildura modu bi dira Zeruko bidean birtuteari laguntzen diotenak: kanpokoa ta barrengoa; edo gorputzarena bata ta bestea bihotzarena. Galtzen bada bata, besteak ez du luzaro irauten. Birtuteak eskatzen duen gorputzaren hildura edo mortifikazioa ar diteke baruz, silizioz, diziplinaz, loa galduz ta beste asko bidez; ta, artzen denean Konfesore onak eman dituen neurriak autsi gabe, garaitzen du alferkeria, izutzen ditu etsaiak ta irabazten ditu askotan beharko dituen graziaren indarrak. Baña austen baditu neurriak, edo egiten badu behar ez bezala, birtuteari lagundu beharrean, kentzen diotza bere oñak.

        6. Bihotzaren hildura da birtuteak beharren duen hildura; beti da hildura ona; ta da hildura nork-nai ar dezakeana ta artu behar duena. Bihotzaren hildura edo nekea da gogo gaixtoari burua austea, edo batek bide gaixtoz egin nai lukeana egin gabe uztea. Billa dezakezu silizioz beterik ez ibiltzeko aitzakia: baña ez da aitzakirik gauza bat esan dizunari, bestea eranzun nai diozunean, ixillik ez gelditzeko. Nai gaixtoari lekurik bihotzean ez egitea da nork nai egin dezakean ta Jainkoak eskatzen duen barreneko edo bihotzeko hildura. Hildura au artu nai ez duenak onaren antz-iduria, itxurapena edo azala izana gatik, illa, ustela edo utsa dagoela aditzera ematen du.

        7. Nai badezu izan birtutetsua, artu zazu gogotik eta betiko, griña txar edo barreneko nai gaixtoa garaitzeak dakarren gurutzea. «Begira, esaten dizu S. Bernardok, ez da zer eskutik armak utzi; ebakitzen den adarrak adar berriak dakazki; sua utzi duen ikatzak artzen du berriz ere; ta iratzartzen edo esnatzen da lo datzana. Ingurutu zazu, Profetak dion bezala, aranzazko atakaz zere burua, edo gordegizkitzu al egiñean zere begiak eta gañerako, etsaiak barrena sartzeko, ar litzakeen bideak; ez bein ere oni or oñik ipintzen utzi».

        8. Zenbat erneago zu neke, hildura onetan, anbat errazago igoko zera Jesus ongi maitatzera. Erne bazabiltza, non nai arkituko dezu zertan zere burua hilduratu. Zerbait ekusteko gogoa datorkizunean, ez hara begiak eraman: ori da Jaunak asko nai duen gauza bat. Nai zenuke egon hitzketan? Zaude zauden tokian; etzoazela lagunetara. Zerbait esan naiez zaude? Zaude ixillik; eta, uste baño geiago irabaziko dezu. Jakin nai zenuke alako lekuan gertatzen dena? Ikasi nai zenituke etorri diran berriak? Ez da zer ezer galdetu, galdu nai ezpadezu irabazi andi bat. Gogoratzen zaitzu aditzen dutenei farra edo irri eragiñen dien hitz edo gauzaren bat? Ez dezazula esan; gorde zazu, atsegin egin nai badiozu, zere barrena orretan hilduratzeaz, Jesus onari. Jarririk zaudenean, ar dezakezu neke txikiren baterako bidea. Ez, etzaitezela asaldatu edozeñek kendua gatik eskuetan dezuna, luzarazia gatik zere lana, edo nor gandik nai aditua gatik nai etzenukeana.

        9. Zurekin bizi denaren aurkeriak zure onerako dira; arzkitzu zere Jaunaren izenean ortik datozen naigabe ta estutasunak. Esker gaixtoak, otzak, eguraldi nastuak edo gogorrak, buruko miñak, ortzetako oñazeak, etxekoen baldankeriak, auzokoen begitarte aserrea ta egunoro gertatzen diran onelako asko gauza Jainkoak bidaltzen ditu, haren izenean eramaten dituzula, irabaz ditzatzun, bera maitatzearekin batean, maite dutenentzat daduzkan atsegin ta ondasunak. Emengo nekerik andienak neke laburrak dira; ta, Jaunaren izenean badira, neke arin ta Zeruko eztiz beteak. Jauna gatik onela hilduratzen ta nekatzen diranak dira beren bihotzen Jaun ta Jabe; ta, zer nai gertatua gatik, ez dute galtzen birtuteak dakarren barreneko bakea. Badakite Jesusek ez duela orien onerako ez den gauzarik bidalduko; ta artzen dute bidaltzen dien guzia, maite dituen Jaunaren eskutik datorrena bezala; ta artzen dute orretan, lurreko ondasun ta gustoetan baño atsegin ta gusto geiago.

 

BIGARRENA.

HUMILTASUNA, EDO NORK BERE BURUA
EZER EZEAN IDUKITZEA

        1. Zeruko bidean ongi ibiltzea eragozten duten arri edo gauzak kendu nai dituenak ez du bere buruaz kasorik egin behar. «Ez digu Kristo Jaunak esaten, dio San Agustinek, ikas dezagula ar gandik Zeru berriak, eta milagroak egitea; ikas dezagula, dio, bihotz onekoak eta humillak izatea. Humiltasunik ez duenak edo gauza anditzat bere burua dadukanak ez du Jesusen Bihotza ziñez ta ongi maitatzeko behar den birtuterik».

        2. Balizake ez dakizula ere zer den Zeruko biderako eskatzen zaitzun humiltasuna, edo zere burua ezer-ezean idukitze hau. Anitzek uste dute, ezagutu ezkero bere ezer-eza edo utskeria, bai dutela behar duten guzia: baña orretarako ez dute oraindik asiera on bat besterik; anitz geiago behar dute, behar bezain humillak izateko. Onelakoa izain zara, nai badezu zuk ezagutzen dezun zere ezer-eza ezagu dezaten beste zure berria dutenak ere; ta, izan zaitezen, eska zagozu zere Jaunari dizula nor zaran ezagutzeko behar dezun argia. Argi onekin begira zazu bein ta askotan zere bihotzaren bazter ta zoko guzietara: ekusi zazu ongi zer edo nolakoa izandu zaran, edo zertarako ziñakean, ezpazenduzka, zaduzkan bezala, Jesus onak bere eskutik.

        3. Ez da zer begiratu besteren gauzei; nai badezu, izain dezu, bai, zer egin, zere burua ekuste ta ezagutze onetan. Zere uts-egiteai begira bazaude, ez diezu begiratze luzerik egiñen besterenai. Ekusten dezunean besteren gauza gaixto larriren bat, ohar zaitez larriagoak egiñen zenitukeala, zor ezpazenio zere Jaunari eman dizun laguntza ta grazia.

        4. Ez dezazula zere gauzarik agertu. Onak badituzu, gorde-izkitzu, horien balioa ta geiago zuri emateko dagoen Jaunarenzat. Horiek besteri agertzeak bihotzaren antuste ta arrotasun gaixtoa besterik ekarriko ez dizu. Ez dezu zer ibilli, ezeri ez dagokanean, gaixtoa zarala, zu bezalakorik ez dela amaren sabeletik atera, ez likezula niork zuri begiratu behar, ta onelako gauzak esaten; bada orrelako orduetan, humiltasuna billatu beharrean, beren buruak billatzen dituzte anitz eta askok.

        5. Zere txarkeri ta utsak ezagutu ezkero, erran behar diozu Jaunari diela besteai ere zu nor zaran ezagutzeko behar duten argia: bada deus-ezean zere burua idukitzeko, anitz lagunduko dizu jakiteak ezagutzen zaituztela ekusten zaituztenak.

        6. Bere burua ezagutua dadukana ez da aserretzen, esaten edo egiten bazaio nai ez lukean gauzaren bat: badaki, halabaña, ez dela bere txarkeriekin merezitu edo irabazi ez duen gauzarik. Egiten zaizkitzunak artu behar dituzu arpegi garbiarekin, ta bihotzean surik ez dezula; ta barrena berotuaz doakizula ekusten ba dezu, oroi zaitez bereala zer zor zaitzun, ta zere gaixtakeriekin irabazia dadukazun sekulako suaz; ta artu zazu su haren alde neke-pits ori. Eska zagozu Jainkoari diola eman dizunari ona izateko ta Zerua irabazteko behar duen guzia. Txarkeri ta bidegaberik egiten ezpazaitzu, erraiozu Kristo Jaunari oroit dedilla zutaz; ta, berak eskatzen duen gurutzearekin zabiltzan, bidal diezazula atsekaberen bat: onek ekarriko dizu begietara zere txartasuna ta deus-eza. Egiñalean, billa zazu bakartasuna: bakartasuna da Kristo Jaunaren Eskola: bakartasunean erakusten du, ikasi dedin, nai duen humildadea ta gañerako behar den guzia.

 

 

§. IV.

BIRTUTETSUEN NEKEAK NEKE ATSEGIN

TA GUSTOZ BETEAK DIRA

 

        1. Ez da nekezko bizia Jainkoa gatik nekatzen diranak daramatena. Egia hau ezagutu gabez, nekezko bizia daramate Munduko geienak. Oietarik bat zara behar-bada zu, ta esaten dezu nai lukean guzia bihotzari ukatzea ta beti eragitea batek bere buruari nai ez lukeana Jaunari atsegin egitea gatik, neke arrigarria! Nork eramain du ori? Ori egiten dutenak Zeru edo Glori andirako daude; baña bizi diraño, urrikari izatekoak dira.

        2. Ez dezu zuk Jainkoa gatik nekatzen diranen bizitzaren azala baizik ekusten; ta orregatik hitz-egiten dezu hitz-egin dezun bezala. Ekusten dezu orrelakoak onenean biltzen dituztela begiak; ekusten dezu berriketan, jostatzen edo farraz ta irriz daudenen artean baño, naiago dutela egon beren Jaunarekin bakartasunean edo egitekoren batean: esaten zaizten gaizkiak, hitzik atera gabe, aditzen dituztela. Ekusten dezu daramaten nekea. Baña ez dezu ekusten neke orregatik Jainkoak ematen dien atsegin ta gustoa: neke utsak dirala uste dezun nekeak Zeruko graziaren eztian egosiak dauden nekeak dira: ta nekeak, daramatziena, aspertu ta gogaitu beharrean, neke berrien gose andiarekin uzten dutenak. Siñisten ezpanazu, galde egiezu orien azpian bizitu diranai.

        3. San Franzisko Salesek, atsegin guziak baño, atsegin ta kontentu geiago dakarrela dio nekezkoa dela zuk ekusten dezun onen bizitza onek. Asko da Jauna, asko da, esaten zuen S. Efrenek bere neke guzien artean; ez nazazula hito orrenbat atsegin ta kontenturen itsasoan: il nadin nai ezpadezu, ez da zer, niri ongi egitea gatik, esku emalle ori orrenbat luzatu. Gure bazterretan bizi ziran bere Jesusen Konpañiako Anaiai gaztigatzen zien San Franzisko Xabierrek Indietatik: lurreko biziak eskatzen dituen gauzak ez dira arkitzen emen; baña, Zerutik datozkidan atsegin ta gustoak nere begiai eragiten dien negarrak il nazan beldurrak nago. Onela hitz egiten dute gezurrik esaten etzekiten Santuak.

        4. Santuak utzi zuten arrastotik dabilzanak, edo bizi garbi on batek dituen nekeak daramazten birtutetsuak orobat erran oi dute, galdetzen bazaie nola arkitzen diran orrenbat nekerekin. Guk gerok ekusten dugu ez dela lurrean Jesusen amorea gatik beren buruak nekatzen dituenak bezain bizitza berdiña daramanik, eta asaldazio gutiago erakusten duenik. Bada, barreneko atsegin ta graziaren gustotik ezpada, nondik datorkie bake ta ondasun hori? Nola arkitzen ez dute nekearen igesi ta gustoen billa dabilzan gañerakoak? Nola, begiei, belarriei ta diran guziari eman ala gusto eman ondoan, illuntasuna baizik arkitzen ez dute beren bihotzetan?

        5. Alferrik ibilliko gara, dio San Agustinek: ez da berdiñ Zeruko nekeak dakarren atsegin ta atsedetea beste atsedete ta atsegiñik. Atsedeteko batek mundu onetan, edo, ar dezakean deskansua artzeko, ezi behar ditu edo behar ditu ekarri eskura gaizki aziak dauden bere pasioak; eta, orien ondotik dabillenak eta nai ez duten guzia oriei eragiten dienak baizik, pasio ta aztura gaixtoak ezin ekar ditzake eskura: orregatik bada, onela Jainkoa gatik nekatzen dena da, guzien artean, atsegin ta deskansuz beterik bizi den gizona.

        6. Nekez beterik bizitu zen Jesusen izenean beren buruak nekatzen dituztenak ez dira bakarrik nekatzen: nekearen uztarria Jesusekin batean daramate. Askotan arkitzen dira, nekerik andiena berekin dutenean ere, Zerukoak izain diralako uste ta esperanza andi batekin; ta uste ta esperanza onek dakarren atsegin ta kontentua Zeruan izan behar dutenaren asiera bezala da. Jesusen oñetan arkitzen dute emengo gauzen erokeria edo txarkeria ezagutzeko behar duten argia: ta ezaguera onek kentzen die oriek izateko naia. Lurreko gauzen ondoan zebilzala, egin zituzten bidegabe, txarkeri, uts-egite ta kulpen damuz betetzen zaie bihotza; ta damu andiagoa artzen dute beren kulpa, oben ta uts-egiteekin Jesusi ar-erazi zioten damu ta sentimentuaz: baña munduko atsegin guziak gatik emain ez lukeen damua da damu hau.

        7. Nola hau izan ditekean, ezin aditu dute mundukoak bezala bizi diranak: ez dute halabaña orrelako gauzen berririk. Jauna maitatzen dutenentzat da onelako berria. «Betor, dio San Agustinek, Jauna maite duen edozein; orrek bereala adituko du ta sinistuko gauza onen gañean esaten deguna»: da amantem, & sentit quod dico.

        8. Baña ez dakizula iduri arrizkoak dirala Jauna maite dutenak, edo ez dutela naigaberik ekusten Jaunaren izenean beren buruak nekatzen dituztenean, edo bestek nekabideak ematen dieztenean. Nik diodana da, len edo gero, atsegin ta gustoz itotzen dieztela Jainkoak, onegatik daramazten neke guziak: eta neketan daudenean ere, agertzen zaiela Jesus edo gogoratzen berak gatik eraman zituen nekez beterik, eta erakusten diela, hari begira daudela, aisago ibiltzeko bidea.

        9. Gure nagitasunak ez digu uzten, erdizka baizik, gauzak egiten. Egiten bagenu gogotik Jauna maite dutenak egiten dutena, ekusiko genuke guk ere zein ariñak diran, ongi bizi diranentzat, bizitza onek dakartzien neke guziak. Oriek adiña egin gabez, ez dugu ekusten neke utsa besterik. Saia zaite egin ala Jauna gatik egitera, ta ekusiko dezu zenbat atsegin ta gusto datorkizun Jauna gandik: gustate, & videte, quoniam suavis est Dominus. Israelgo jendeetatik zenbaiti gertatu zitzaiena gertatzen zaitzu zuri. Jaunak manatu zien Israelitei zoazela Promisioko Errietara. Erri orietan egondu ez ziranak ara joan nai etzuten; zeren uste zuten an sartzen ziranak iristen zituela lurrak; baña, ango berria zutenak zioten esnea ta eztia zeriela zeudela bazter artako Erriak.

        10. Ez dezu oraindik Jaunak bere hume maiteentzat dadukatzien neke andirik ekusi. Etzenuke Jauna aserre dezakean uts-egite andirik egin nai; baña iges egin nai zenuke, Zeruko bidean, hura ziñez maite dutenak daramazten neke ta lanetik; zeren uste dezun lan orrek galduko duela zure osasuna edo geiegi nekatuko zaituela. Besterik naiko zenuke neke ta lan oriek dekarten Zeruko esne ta eztiaren berririk bazenu. Artzazu harren zenbait hastez neke edo lan ori; egizu egiñ hala gauza guzietan Jaunari atsegin egitea gatik, edo ez dezazula egun orietan Jaunari atsekabe egiñen dion gauzarik egin; ta orien buruan, arkitzen ba dezu gaizki joan zaitzula, egizu geroz nai dezuna; esaten dizu neke orien ta orietatik datozen atsegiñen berria duen gizon andi batek.

        11. Egiten bazenu erraten zaitzuna, nekezkoak dirala zuk uste dezun egun orien buruan arkituko ziñake munduko gauza ta jostaldirik andienetan igarotzen bazenitu baño, atsegin ta kontentu geiagorekin: ta, artu zenuen bidean irauten bazenu azken orduraño, munduko gisa bizi diranak baño asalda gutiagorekin ordu artan egoin ziñake; ta, illzeko ezpazeunde bezain barren izutu gabearekin errain zenuke noski, beste anitzek bezala; ez nuen uste onen egiteko txikia zela eriotza: uste nuen duen baño arpegi illunagoa zuela eriotzak. Atoz, esain zenuke, atoz eriotza; atera nazazu nagoen tokitik, noan laster obeki Jauna maitatzen den beste munduko toki onera.

        12. Ez dakit nik nola zuk Zeruko gauzai begiratzen diezun; baña badakit, ohartzen bazera, arkituko dezula Jauna maite dutenak, edo maitatze onek dakartzien lan edo nekeen artean bizi diranak, nai bezala munduan bizi diranak baño, sosegu ta atsegin geiago dutela; ta mundukoen atsegin ta gauza guziak gatik ez lukeela utziko beren nekea ta sosegua. Kontu oiek ateratzen nekatu nai ezpadezu zere burua, adi zazu Jesusen Konpañiako Aita Colombierek diona.

        13. Gizon andi onek egin zuen, Konpañiako reglak dioten guzia egiteko, ta beti gauza guzietan bere burua nekatzeko botoa. Usteko dezu geroz arrastaka bizitu zela ta nekezko egunak besterik ekusi gabe. Adi zazu urte oro egin oi zituen exerzizioetako egun batean esan zuena.

        14. «Seigarren egunean luzaro iduki nuen gogoan egiña dadukadan nere botoa. Ezin esan dezaket, milla katez bezala, nere bihotza Jauna serbitu ta maitatzeko lotua edo behartua dadukadala oroitzeak utzi didan atsegin ta kontentua. Ez nau izutzen boto onek dakarren nekeak: ez deritzat lotu nauela batere: nuena galdu lekuan, len baño esku geiago dudala deritzat, boto hau egin nuenetik. Milla esker ematen diozkat boto hau eragin zidan edo egiten lagundu zidan Jainkoari».

        15. «Boto onez oroitzen nazanean —dio beste aldi batez—, atsegin ta kontentuz beterik uzten nauen bihotzaren lasaitasun andi batekin arkitzen naz. Ez deritzat kaltear egin nazakean gauzarik arki ditekeala. Orain beintzat, ez da nere bihotzak nai lukean gauzarik, edo nai ez du Jauna maitatzea besterik nere bihotzak. Egia da, egun oro asaldatzen zaizkit nere pasione gaixtoak; baña aski dut, eskura guziak ekartzeko, begiratze bat».

        16. «Jauna maitatzera behartua nagoelako oroitzapenak askotan betetzen dit atsegin ta gustoz barren guzia; ta ezagutzen dut, Errege guzien ondasunak emain lukeanak baño, geiago balio duela onek. Jauna maitatzearekin ez dute zer ekusi lurreko egitekorik andienak».

        17. «Nere reglak agintzen edo erakusten dutena egiteko gogoz beterik nago beti; ta egiten dudanean, atsegin ta gustoz betetzen zait bihotza. Zenbat onetan erneago, anbat aisago bizi naz. Onetan nekatzea ez da neretzat nekea. Neke onen uztarria egun oro da biguñagoa: ta onela nekatu beharra da Jaunaren eskutik artu dudan gauzarik andiena».

        18. Orra zer dion, bizi guzian bere burua nekatzea egitekotzat artu zuen gizon onek. Egin zuen, utzi gabe, eriotzeko orduraño, artu zuen egitekoa. Oian etzatea uzten etzion eritasun batek bukatu ziozkan bere egunak. Eritasunak iraun zueño, egon oi zen katadera batean, katadera, bere burua nekatzea gatik, bizkarraz ukitu gabe: ta, eritasunaren ta billatzen zituen neke guzien artean, esaten zuen ezin esan ala atsegin ta gustorekin zegoela.

        19. «Jesus ekusteak guziz maitagarri egiten dit nere neke guzien gurutzea; ta, ezin arki nindekeala deritzat, gurutze ta neke gabe. Neke ta bidegabeen artean dabiltzanak dira Jainkoaren adiskide maiteak, edo Jainkoak ongiena nai dienak. Neke gabe banago, ez dut oriez oroitzea baizik behar, lotsatua gelditzeko».

        20. Orra non, Aldareetan dauden Santuak ez ezik, besteak ere bere nekeen artean arkitzen dituzten atsegin ta kontentuak. Jauna beti bat da, eta, ez du nai geldi dakion nior artzeko. Ez dio ukatzen niori irabazten duen gauzarik. Irabaz ditzagun bada, haren izenean artu ta eramanikako nekeekin graziaren atsegin ta gustoak; eta izain ditugu gure nekeak arinduko dituzten kontentuak.

 

 

§. V.

JESUS ONGI MAITATZEAK
ESKATZEN DITUEN ZENBAIT GAUZA

 

LENBIZIKOA.

OTOITZA EDO ORAZIOA

        1. Urruti dagoen errian sarzeko, ez da asko prestatzea batek bide gauzak, ta arako bide zuzen garbia arkitzea: ibilli behar du: behar du, dabillenean, galdetu, uts-egin ditekean nonbait; aitzen zaionean daramana, eskatu behar du gosea illzeko ta egarria kentzeko behar duena; lo, atsedetea edo otordua egin ondoan, artu behar du berriz bere bidea, ta behar du ibilli, bidetik atera gabe, billatzen duen Erriraño. Jesusen Bihotzean sartu nai duenak, edo nai duenak, bihotz guziarekin maite gaituen Jesus gogotik eta ongi maitatu, joan behar du egiñaz, daraman Zeruko bidean, zenbait gauza; ta lenbizikoa da otoitza edo maitatze ori bera Jaunari eskatzea.

        2. Nor bagiña, aisa egin genezake nai dugun guzia: bada behar bezala eskatu ezkero, emain liguke Jainkoak ori egiteko behar duguna. Bein ta askotan eman dituen bere hitzez orretara behartua dago Jesus ona. Baña, eman dituen gauzen artean, ez du bat ere ain gogotik ematen nola bera maitatzeko behar dugun eskua ta grazia. Eska bekio bada grazia ta esku hau, nai badugu laster ta fite sartu beraren Bihotzean naiez ta amorez.

        3. Egin du guk asma al baño geiago guri maitaraztea gatik bere Bihotza. Bere eskuan daduka guri ematea orretarako behar duguna: bada nola ukatuko du, eskatzen zaionean? Eskatzen ez diogu orretarako behar dena, zeren ezer-ezean bezala dadukagun Jesus maitatzea. Maitatze hau gauza andia dela bageneritza, egiten dugun baño geiago egiñen genuke ez galzea gatik. Ez dugu oraindik ezagutu zenbat balio duen maitatze onek; ez dugu ezagutu ar dezakegun doairik andiena Jesus maitatzea dela; ta orregatik ez dugu oraindik ori gogotik eskatu.

        4. Doai andi hau irabazteko gauzarik zuzenen ta errazena da otoitza, orazioa edo eskatzea. Eska zazu, dio Jesus onak, eta izain dezu; eska zazu, ukatuko zaitzulako beldurrik gabe: credite quia accipietis: ta siñistu zazu, eskatu ondoan artzen ezpadezu, ez dezula ongi eskatu: non accipitis eo quod malè petatis. Balizake eskatu diozula doai ori S. Agustinek noiz bait eskatu zuen bezala: Timebam —dio— ne me citò exaudires: eskatzen nizuna, esaten dio Santuak Jainkoari, nai baño lasterrago eman zenizadan beldurrak nengoen. Etzuen nai Santuak bereala Jainkoak ondu zezan; ta etzion orretarako behar zuena gogotik eskatzen. Zuk ere etzenuke noski, orren laster Jainkoa egin alean maitatzen asi nai; ta orregatik otz edo epel zaude maitatze orretarako behar dena berari eskatzeko. Uste dezu maitatze orretan sartzearekin, sartzen zarala bizitza nekezko batean; ta neke guziak edo kenduko edo arinduko lizki[ke]tzun maitatzean ez sartzea gatik, sarturik gelditzen zara neke utsen artean.

        5. Ezaguturik noizbait zere itsutasuna, eskatu behar diozu Jesus onari dizula zure onerako dela berak dakien bera maitatzea. Maitatze onen ondasunekin arkitzen zaranean, edo maitatze onetatik datozen atsegin andiak zere bihotzean ekusten dituzunean, ekusiko dezu lenago Jesus ez maitatuaz galdu dezuna: ta, lenbait-len ekusi dezazun, asi zaitez bereala ta gogotik ori Jesusi eskatzen. Eskatzen badiozu, ez dut uste eskatzetik artzeraño luzatzerik izain dela.

        6. Ez dakizula gogora behar bada nekatuko dutela Jesus zure eskatze andi-luzeak: ongi egitez ez da nekatzen Jesus: egiten ez dizu noski, dakizun baño ongi geiago, zeren ez diozun behar adiña edo behar bezala eskatzen. Etzaitezela zu, nai dezunarekin gelditu artean, eskatzetik geldi; lenbiziko ta bigarren aldian ukatzen zaitzuna eska zazu, Ebanjelioko gizonak bezala, izan artean; ta, ark bezala, izain dezu azkenean nai dezuna: ez daki Jesusek gauzarik ukatzen orrela eskatzen dionari. Gauza guzien gañean eska zagozu bera ziñez, gogotik eta garbiro maitatzea; ta eska zagozu gogotik ta eman degizun artean. Eska genitzakeen zenbait gauza ez dira gure onerako, baña Jesus maitatzea ongi dagokigun gauza da; ta, behar bezala eskatu ezkero ezin uka dezakean gauza, ezpadu nai autsi emana dadukan bere hitza: ta hau ark ezin dagikean gauza da.

        7. Jesusek uzten zaitu behar-bada dituzun zenbait uts-egiterekin, arro ez dakizun zere bihotza, ta zere eskatze humillarekin irabaz dezazun hura ziñez ta ongi maitatzea. Maitatze onen suaz lurra edo lurrekoen bihotzak erretzera etorri zen; ta erretze hau orobat nai du orain ere: Ignem veni mittere in terram; & quid volo, nisi ut arcendatur? Nola bada ukatuko dio, artan berea erre naiez, eskatzen dionari? Gaur gero goiz-arratsetan, lanean ari zaranean ta atsedeten zaudenean, eska zagozu Jesus onari dizula ekarri zuen Zeruko su onetatik zati andi bat, oraindaño maitatu dezun baño obeki bera maitatzeko.

 

BIGARRENA.

MAIZ KOMULGATZEA

        1. Ez da erraz, erre gabe, kolkoan sua ekartzea. Ez eta, Jesus ziñez maitatu gabe, ongi ta maiz komulgatzea ere. Egia hau aisa siñistuko zenuke, zer den Jauna Komunioan artzea bazeneki? Ori zekiten Santuak, beren Jesus maitatu naia asetzeko, etzuten Jesus bera artzea bezalako gauza ta biderik arkitu. Jesus da alabaña, den amorezko laberik andiena. Labe onetako suak auts egin etzitzan, beren barrenean zutenean, Santuetatik zenbaitek, behar zituzten ur otzezko oialak bularraren gañean. Egunoro Jauna artzen zuten Elizako humeak etziran ezeren edo deusen beldur: Komunioko suan bihotzak berotu ezkero, orobat billatzen zituzten larrutu, ezurrak autsi ta ill nai zituztela zekiten Jesusen etsai edo Tirano gogorrak. Komunioko suan beroturikako bihotzekin maite zuten Jesus: norbait maite duenak ez du bere gauzarik; edo dituenak noiz-nai emain ditu maite duena gatik; orregatik ematen zuten Jesusen izenean egun oro Komunioa artzen zutenak beren odola ta bizia.

        2. Bizi garbia badakarzu; egiten badituzu ongi bizi diranak egin oi dituzten gauza onak, bazoazke maiz Jesus Komunioan artzera: ta, ez dut uste maiz gisa orretan artuko dezula, artu gabe beraren Bihotzeko labetik, hura egun oro obeki maitatzeko bear dezun sua. Ongi Jaun hau ta maiz edo sarri artzen dutenak obeki ta geiagotan artu naiez daude: ta zenbat obeki ta maizago artzen duten, anbat su geiagorekin arkitzen dira, ta geiago ta obeki maitatzen dute Jesus.

        3. Gañerako Sakramentuak Jesusek digun onginai ta amoretik datozen gauzak dira; baña Aldareko Sakramentua Jesusen nai ta amorea da, dio San Bernardok; eta, ez nola nai, baizik amore guzien amorea: Sacramentum Altaris est amor amorum: bada Sakramentu onetan dago Jesus bera bere amore guziarekin. Gañerako Sakramentuetan artzen den graziarekin maita diteke Jesus; baña Jesus maitatzeko, ez du batek ere Aldarekoak adiña lagunza ta grazia ematen. Aldarekoak ematen duen grazia ta suarekin berotzen ez den bihotza otza izain da, beste edozein artua gatik.

        4. Jesus onak, gu bere ganatzea gatik, ematen digu janari eginik bere Gorputz ta Odol Santua; ta artzen degunean Komunio Santuan, amorez urtu naiez dabill gure bihotza. Jaun onen deiez ta deiez egondu ziran, hau etorri arteko lau milla urtean, orduan bizi ziranak; eta, zenbait bakan ez besteak, ill ziran hau ekusi gabe. Orain lurrean dago beti; ta dago deiez ta erakartzen dituela ar gandik igesi dabilzanak: compelle eos intrare. Ah, ta zenbat zor diogun Jesus onari! Ez artu naiez igesi dabilzanai ere ematen die lau milla urtetan eskatzen ziotenai ukatu ziena.

        5. Zoaz, dio San Franzisko de Sales-ek, Komunio Santuan Jesus artzera, baña zoaz bera maitatzeko indar berrien billa: bada ez dirudi ongi amorez baizik billatzea amorez ematen zaitzuna. Zenbat nai dizun ezagutzeko, begira zazu zertaratzen den Jesus zu gana etortzea gatik: ezer-ez bat dirudiela gelditzen da; ta geienaz bokadu bat egiñik: orretaratzen du, gure bihotzaz jabetzeko, gure gana naiak.

        6. Eta uzten diogu guk nai duena egiten? Ematen diogu geren bihotza? Zuk adiña bider Jaun hau artu gabe zenbat arkitzen dira zu baño obeak edo zuk ez bezala Jesus maitatzen dutenak? Autsi zituzten oriek zuk autsi nai ez dituzun kateak; eta egiten dute zuk egin nai ez dezuna. Lurreko gauza txar bati loturik dago zure bihotza; egiten dituzu Jesusi begietan ematen dioten zenbait uts-egite; ta, burua ezin jasoz bezala zabilza Jesusi zuzen begiratzeko edo Jesus ziñez maitatzeko. Utzi behar dituzula, diozu, zere uts-egiteak; ez diozula gogoan sartzen utzi behar munduan den gauzari. Zenbat urte da orretan zaudela? Zenbat aldiz artu dezu geroztik Jesus zere gana? Ta utzi dituzu mundua ta zere uts-egiteak? Aitortzen dezu ez dela ori orren egiteko andia: ala ere ez dezu beñ ere egiten.

        7. Baña, kate txar zenbait ezin autsiz bezala ibillia gatik, ez da zer Komunio Santua utzi. Uzten bazenu, dituzun indarrak ere galduko zenituke; ta, dituzun kate txikiak autsi ordean, geldituko ziñake laster andiz lotua. Kate larririk edo bekatu andirik ez dutenai egunoro komulgatzea ez agintzen ta ez eragozten diet, dio San Agustinek; baña zortzian bein egitea ez dezatela utzi, al badagie.

        8. Komunioan ikasten da, San Franzisko Salesek dion bezala, Jainko ona maitatzen, ta kentzen dira animaren uts-egiteak eta bihotzaren illuntasunak. Onak obetzen dira Jauna artzearekin; ontzen dira erdi-onak; osasuna dutenak gelditzen dira indarsu; ta eriak osasunarekin. Etxean egiteko guti dutenak Komulga ditezke askotan; ta egin bezate. Maiz, sarri edo askotan komulgatu beharrak dira egitekoen artean bizi diranak; bada oriek aski nekatzen dira, ta jan behar du ongi, ongi nekatzen denak. «Ongi komulgatzeko, komulga zaitez maiz, esaten du Santuak; askotan egin den gauza obeto egiten da. Zuritzen dira elurra baizik ekusten ta jaten ez duten erbiak: maiz artzen den Jaunaren edertasunak bein Zeruko suaz edertua utziko du, ta berriz amorez urtua artzen duenaren bihotza».

        9. Nola egin behar den, ta maiz komulgatzearen gañean hitz egin beharrak gara urrengo Buruaren VII garren §: orain asko da, ekusi den bezala, ekustea maiz Jauna artzea dela Jauna maitatu nai duenak egin dezakean gauzarik onena. Jesus maite dutenak izan oi dira maiz artu naiez dabilzanak. Anima loiean sartuak edo gaizki bizi diranak pozik egoin lirake beñere Jesus komunioan artu gabe.

 

IRUGARRENA.

MAIZ ELIZAN JESUS EKUSTEA

        1. Elkar maite dutenak maiz elkarganatzen dira; ta, dezakeela, uzten balute elkarganatzea, laster utziko lukee elkar ganako amodioa. Jesus maite dutenak ere maiz arganatzeko premian daude; ta zenbat maizago arganatzen diran edo argana doazen, anbat geiago Jesusek ere naiko die: zeren, nola gurekin egotea gatik dagoen Jesus aldarean, nai-ta-ez ongi artu behar ditu askotan ekustera joaten zaizkanak. Gurekin egotea gatik bezala ta guri ongi egitea gatik dago Jesus Elizan. Bada zer ongiak ez diezte egin behar, berari ongi naiez, gañerakoak haren igesi bezala dabilzanean, ekustera maiz joaten bazaizka? Eman oi duen ondasunik andiena, ta geienik aldi aietan ematen duena, bera maitatzea da edo bere amorea.

        2. Jai-igandetan ta geienak Elizara doazen egunetan egiten zaizkan ekuste ta bisitak naitaezko ekusteak bezala dira; ta orregatik anbat Jesusen gogoa asetzen ez dutenak. Bakarrik dagoenean, aztua bezala gañerakoak dadukaten orduetan egiten zaitzanak dira asko Jesusek nai dituen ekuste ta bisitak. Orduan bai zabaltzen dituela Jesusek eskuak etortzen zaizkanen bihotzai ar-ala ondasun emateko: orduan agertzen die gure amorez urtzen dadukan bere Bihotza: orduan hitz egiten die beren bihotzean; orduan aditzera ematen die egin dezaten nai duena: Adiskide onak bezala, illun etorri ziranak, argiz beterik bidaltzen ditu, edo barreneko neke ta tristuren artean bizi ziranak uzten ditu atsegin ta gustoz beteak, eta Jainkoaren izenean neke andiagoak eramateko indar andiekin. Zoaz bada maiz edo askotan Jesus ekustera; baña zoaz norekin hitz egitera zoazen ongi ezaguturik: orrela joaten bazera, ta joaten zeranetan egiten badezu gero erakutsiko zaitzuna, Jesus maitatzeko bidean ongi ta zuzen ibilliko zera.

 

LAUGARRENA.

EGITEN DIRAN GAUZA ONAK BEÑERE UTZI GABE EGITEA

        1. Jesus maite dutenak uzten ez dituzte, ezpada ezin bestez, Jesus maitatzea gatik artu zituzten gauza onak. Orretarako artu oi diran gauzak dira komunio bat edo beste, egin oi ziranen gañera; noizean beiñ, Jesus ekustea gatik, Elizan sartzea; neke ta mortifikazio txiki, orazio labur ta orrelako beste zenbait gauza. Aurkeritzat daduzkate onelako gauzak Jesus benaz edo ziñez amatzearen gañean orrenbat nekatzen ez diranak: baña benazko amatze edo maitatze onen ondoan dabilzanak beste begiz begiratzen die maitatze hau irabazten laguntzen duten gauza txikiei.

        2. Onelako gauzak aurkeritzat daduzkatenai gertatzen zaie Naaman zeritzan Siriako gizon andiari gertatu zekiona. Zuen lepratik sendatu naiez, joan zen Naaman Profeta Eliseo gana; ta, garbi zedilla zazpi aldiz Jordango urean Eliseok gaztigatu zioneko, aserretu zen, balio bageko gauza agindu ziola iduriturik; eta artu zuen bere etxerako bidea. Lepraz beterik nai zuen gelditu, txartzat zedukan gauza bat ez egitea gatik. Gaixtoagoa den lepratik sendatu gabe daude Jesus maitatzen dutenak egin oi dituzten zenbait gauza txiki egin nai eza gatik. Esan dakieke Naamani esan zitzaiona; ta, onek egin zuena egiten badute, hura bezala, ziranetik edo lengotik besterik geldituko dira.

        3. Ekusi zutenean egitera zijoana, esan zioten berekin ekarri zituenak: «gauza andi bat eskatu balizu ere Profeta Santuak, egin behar zenuen sendatzea gatik; zer gatik ez dezu bada egin behar eskatu dizun orren gauza txikia?». Ezagutu zuen ongi nai ziotenak bezala hitz egiten ziotela bere bideko lagunak; jaitsi zen Gurditik edo Karrozatik; egin zuen trikatu gabe Profetaren esana; ta gelditu zen leprarik gabe gorputzean ta animan ere sendatua; bada, len Jainkotzat zedukatzien idolo guziak utzi, ta artu zuen bere Jainkotzat gure Jainko egiazkoa: non enim faciet ultra servus tuus holocaustum, aut victimam dijs alienis, nisi Domino [(4. Reg. 5. 17.)].

        4. Gauza txikiak alde batera uzten dituzuna, ta animako utsegitez ta legenez betea zaudena, esan dakikezu zuri ere: eskatzen balitzatzu, Jesusen maitatzalle ona izateko, dagizula gauza gogor andiren bat, egin behar zenuke, gogorragoa baliz ere; bada, egiñik ere, merke erosiko zenuke anbat balio duen Jesus onestea; baña etzaitzu orrenbat eskatzen; maitatzalle ziñezkoak egiten dituzten zenbait gauza txiki egiten badituzu, horien lagun izain zara. Nola ez dezu bada, anbat balio duen gauza gatik, orren txiki bat zere kontura artzen?

        5. Jaunaren izeneko gauza txikietan kontuzkoak diranak nekez kontua galduko dute larriagoetan; ta larri ta txikietan erne dabilzanak maite dute beren Jainkoa. Txikietan erne bazabilza ta irazarria, aisa larriak ernaraziko zaituzte. Zabilza bada beti erne, txikietatik batean ere ez uts-egitea gatik. Bein, egiteko artzen dituzun gauzak ez ditzatzula zere buruz beintzat utzi, ezpada obeak egitea eragozten dizutela ezagutzen dezunean. Egiten dituzten gauzak aldatzen dabilzanak ez Jainkoari baizik beren gogoari atsegin egiten diotela dirudi.

        6. Jainkoa gatik egin dezakezun guzia ez da gauza andia; baña ez da atsegin txikia Jainkoari egiten dion gauza, naiz gogoak lagun diezagula ta naiz ez, haren izenean egiten dena. Arki zaitezela bada illun, edo argi ta alegre; zaudela zere gogara, edo nekearekin, fiña ta leiala izan behar dezu zere Jaunarekin; ez dezu egiñ alean, egin gabe utzi behar, haren izenean ta hura maitatzea gatik, egin oi dituzun gauzetatik txikiena ere: ori da Jesus ziñez maitatzea: ori da beti begi onakin zuri begiratzeko behartua bezala Jesus uztea.

 

BOSTGARRENA.

JESUSEN AMA MAITATZEA

        1. Ezin uka diteke Jesusen Ama dela geiena kriaturen artean Jesus maitatu duena, ta guziak maita dezaten, aski Jesusek nai lukeana. Jesusen Ama da amodio ta maitatze ederraren Ama: Mater pulchrae dilectionis. Bijoaz bada Ama on onegana, onen Seme Jesus maitatu nai dutenak. Elkarren onetsleak dira ta elkar maite duten Bihotzak dituzte Seme-Amak. Semearen Bihotzak ez du bihotz garbirik baizen artzen bere gana: baña lenik Amaganatzen diranak, Arteko ona gana bezala, badute bihotzak garbitzeko behar duten ura edo grazia.

        2. Egia hau erakusten diguten Santuak, beharrean daudenen ustea ta esperanza dela diote Jesusen Ama; hau dela etsaien igesi dabiltzanen gorde-tokia, ta estutasun guzietan nori-nai behar duen guzia emateko dagoena. Zerorrek ezin artu zenuena Jesusen eskutik, artzen du aren Amak eta ematen dizu gero, dio San Bernardok. Ez du nai Jainkoak, dio Santuak, izan dezagun, Amaren eskutik ez datorkigun gauzarik. Nihil nos Deus habere voluit, quod per manus Mariae non transiret. Amaren eskutik artu behar dezu Semea maitatzeko behar dezun guzia.

        3. Semea maitatzeko gogoarekin bazaude, aisa ta erraz Ama ganako zara: zeren Jesusen Amari ongi begiratzen ez dionak ez du Jesus maitatzeko gogorik. Ekusi oi dena da Amari nai ez diotenak erra ta gorrotu diotela Semeari: ta Jesusi gaizki nai ezpazaio, ez dela aren Amari gaizki nai dionik. Lenbiziko gurasoak erakutsi oi duten gauza da Jesusen Ama maitatzea edo arekiko jaiera: ta maitatze hau aziaz doa gurekin, austen ezpadigu aztura gaixtoren batek.

        4. Autsi etzekigun, ta autsi ta galdu lekuan izan genezan guziok egun oro debozio geiago Jesusen Amarekin, azaldu edo agertu zituzten Santu askok bide berriak, eta eman zituzten abiso onak. San Karlos Borromeok eman zituenak, Milango Konzilioetan arkitzen dira. San Franzisko Sales Errosarioko Kofradiakoa zen; ta Kofradia berean ta beste Birjiñ Amaren Kofradietan sartuak nai zituen ekusi gañerako guziak; guziak izan zitezen aren onestariak eta debotoak. Baña, beingoan guzia erran dezadan, ez da Santu guzien artean bat Jesusen Ama anitz maitatu ez duenik.

        5. Baña ez da zer Santuetara joan, Jesusen Amari ongi nai diotenak arkitzeko. Hereje biurri gaixtoak alde-batera utzi, ta guti arkituko dira bataiatuen artean, nai-ta-ez bezala, Jesusen Amak bere gana ez daramatzienak. Aserre daudenai Semearekin, ematen die eskua ta laguntzen die, lotsa gutiagorekin ager ditezen haren begietara, bekatuen barkazioaren eske eta bakeak egitera. Ongi bizi diranentzat ateratzen ditu Jaunaren ondasunetatik asko grazia eta auxilio edo laguntza; ta, nai duten guzientzat da ongi baizik egiten ez dakien Ama.

        6. Edozein gauza on egiten laguntzen du Jesusen Amak; baina ez gutiena Semea maitatzen. Bat maite duenak nai luke maita lezaten guziak: eta, nola ezin geiagoraño maite duen Jesusen Amak bere Semea, agitz nai du maita dezaten hau bera, munduan diranak; eta andik dator prest bera egotea beti, Semea maitatu nai diotenai, Arteko onak bezala, laguntzeko. Asi zaitez bada gogoz ta bihotzez Jesusen Ama maitatzen, nai badezu maitatu ziñez Jesus bera, ta Jesusen Bihotzean sarturik, amorez urtua gelditu.

 

SEIGARRENA.

SAN LUIS GONZAGAREN DEBOTO IZATEA

        1. Anitz Santu dira, eskatu ezkero, Jesus maitatzen lagunduko dizutenak. Orietatik bat Jesusen Konpañiako San Luis Gonzaga da. Ez da Zeruan Santurik, maitatzen ta honratzen dituenari gogotik laguntzen ez dionik; baña gogotikago laguntzen dio berak egin zituenen gisako gauzak egiten dituenari. Ala esan oi zuen San Luis Gonzagak, eta ala utzi zuen eskribiturik, ill ondoan arkitu zitzaion paper batean. «Elkarren iduriko ta gisako gizonak —dio paperak— obeki elkarri laguntzen dioten bezala, Zerukoak ere gogotikago laguntzen diote berak egin oi zituzten gauzetan ari diranai».

        2. San Luis Gonzagak egin zituen gauza guzien artean, gogotikago bezala egin oi zuena zen, bere bakartasunean, gañerako gauzak gogotik utzirik, Jesus bihotzez maitatzea. Hau bera egiteko asmoa dutenak Bitartekotzat artzen badute, lagunduko die gogotik eta eramain ditu Jesusen Bihotzera: beintzat, onez baliatu diran askori ori gertatu zaie; ta gertatuko zaiela deritzat, benaz ta ziñez baliatu nai dutenai. Eta, norbaitez baliatzeko, balia ditezke San Luis Gonzagaz, edozein estadu ta egitekotan Jauna maitatu nai dutenak; bada nori-nai erakusten dio egin dezakeana, edo erakusten du nola, bazterrai adirazi gabe ta Jaunak geiena nai duen bidez, bera maitatu.

        3. Ill zen gazterik, eta barreneko birtutea agertzen duten milagro ta gauza andirik egin gabe; ta, egiten zituen gauzetan ere bere burua gorde naiez zebillen. Irabazi zuen duen gloria andia, gauza andiak egiten dituztenak eta andirik egin gabe bizi diranak irabaz dezaketen bidez; bada irabazi zuen bihotzez; ta ez da bihotzik ez duenik. Bizi izandu zen San Luis Gonzaga bere bihotzean sartua bezala; etzuen uzten ongi etzirudien pitsik bihotz onetan. Emendik beti begira zegokan bere Jainkoari, Jainkoak ekusi nai dituen birtutez betetzen ari zen beti bere bihotza; ta, ekusirik gañerako gauzen artean, Aldareko Sakramentuan zor zion amodioa, maitatzen ari zen beti Jesus, bihotzean zituen indarrekin: ta azkenean, amorez eranzutea gatik gure amorez Aldarean urtzen dagoen Jesusen Bihotzari, eskatu zuen illtzea, ta ill zen Bihotz maite onen festarako berezia dagoen egunean.

        4. Bihotz eder oni begira zegoela ikasi zuen beti Jauna maitatzen egotea; ta egotea beti bihotz berdin edo egiteko ta nasterik andienen artean asaldatzen edo berotzen ere etzitzaion batekin. Bihotz onek zeramatzien bidegabe ta damuak damuz betetzen zioten Bihotza ta negarrez arpegia. Bihotz onetatik ateratzen zuen, arpegia su egiñik, Bihotz oni zor zion bere bihotza erretzen zion ta ezurrak autsi edo atera nai balitu bezala saltoak eragiten ziozkan amorearen berotasuna.

        5. Arki zedilla non-nai, edo zegoela edozein gauza egiten, beti zegoen gogoz ta bihotzez bere Jaunarekin. Agintzen bazioten utzi zezala zenbait denboraz gogotik bere Jainkoa, bere tokitik aterea dagoen ezurrak dakarrena baño oñaze andiagoarekin erdiratua gelditzen zitzaion bere bihotza. «Nik ez dakit —dio Santuak berak— zertako kenerazten didaten Jauna nere gogotik. Beldur dira hura gogoan ekartzeak neka dezan nere burua: baña Jauna gogoan ekartzeak baño gogotik hura kentzeak asko geiago nekatzen nau ni. Oitua nago Jainkoa beti gogoan dadukadala bizitzera; ta oitura onek nekatua ez, baizik atsegin ta gustoz beterik naduka».

        6. San Luis Gonzagak bere bihotzeko bizitze onekin ta bihotzaz Jesus maitatzearekin zenbat irabazi zuen ekusi nai duenak eztu Sta. Maria Magdalena Pazisek diona aditzea besterik. Milla ta sei eun garren urteko Apirillaren laugarren egunean, Jaunak Zeruan erakutsi zionarekin arritua bezala gelditu zen; ta asi zen emeki ta hitzak bakan egiten: «Ah! zein andia den Ignazioren Seme Luisen gloria! Jaunak erakutsi ezpalit, ez nuen sekulan siñistuko. Ez dela Zeruan, iduritzen zait, Luisek adiña gloria duenik. Bai; Luis Santu andia da. Nere ustez badira Elizan Santu asko Luis adiña igan edo igo ez diranak. Nai nituke munduko bazterrak ekusi, guzietan adirazteko, Santu andia dela Luis, Ignazioren Semea: ta ez dakit zer emain nukean adiraztea gatik zenbat gloria duen; ta onenbat gloria eman dion Jauna zein maitagarria den. Eman zaio orrenbat gloria egin zuen bere barreneko bizitza gatik. Ah! ezin esan adiña balio du barreneko bizitzak! Ez du zer ekusi kanpokoak barreneko bizitzarekin».

        7. «Lurrean bizi zeño etzituen gu gatik gizon egin zen Semea gandik begiak kendu. Luis odolik ixuri etzuen Martire bat da: zeren zure berria duenak badaki, Jauna, zein andia ta maitagarria zaran, ta badaki nai adiña maitatzen etzaituela. Onelakoenzat, maitatu behar zinduztenak berriz ta berriz aserretzen zaituztela ezagutzea odola ixurtzeak dakarren martirioa baño martirio gogorragoa da. Beste alde ere, Martire da Luis, bai: ukatu zion beti gogo gaixtoari eskatu ziona. Jesus! eta zenbat bere Jauna maitatu duen Luisek! Orregatik dago orain amorez dizekala ta gloriaz beterik Zeruan. Emen bizi zenean, amorezko fletxak tiratzen ziozkan beti Jesusen Bihotzari; ta fletxa berak bere bihotzari datozkio Zeruan; bada orduan Jesus maitatuak edo maitatu zuela oroitzeak ezin geiagorañoko atsegin bat ematen dio Zeruan».

        8. Orra zer dion San Luis Gonzagaz Santa Maria Magdalena Pazis-ek. Orra zein maite zuen Jesus San Luis Gonzagak: orra zein sarturik bizi zen Jesusen Bihotzean. Ar bezate bada, Bitartekotzat San Luis Gonzaga Jesusen Bihotzean sarturik edo Jesus maite dutela bizi nai dutenak; bada berak eraman zuen bidea artu nai dutenai gogotik lagunduko die. Artzen dutenak arkitu oi dira fite ta laster, lurreko gauzetatik begiak kendu ta barrenera bildurik, Jauna maitatzen dutela, bizitzeko nai edo gogoarekin.

 

ZAZPIGARRENA.

ILLEKO EGUNEN BATEAN
JAUNAREKIN KONTUAK EGITEA

        1. Esan ditugun gauzetatik edozein bezain behar dena da, Jauna maitatzeko, noizean bein Jauna bera ganatzea, Jaunarekin kontuak egitea. Hau egiten eztuenak nekez eginen du, beintzat ongi, gañerakoetatik bat ere. Adiskide edo ezagunen baten uste gabeko eriotza; galtzeko bidetik, nola ez dakigula, geren burua aterea ekustea; gertatu den gauza arrigarriren baten berria aditzea; edo aditzea Konfesore, Predikadore edo besteren bategandik gaixtoai gertatu oi zaiena aski da edozein beldurrean sarterazteko. Gaixtoa bazen, artzen du bereala ona izateko asmoa ta gelditzen da Jauna maitatzeko gogoz beterik.

        2. Onelako zerbait gertatzen zaionak uste du ez dela geroz geiago leneko bide gaixtoetan sartuko, ta joain dela, gelditu gabe ta zuzen, artu duen Zeruko bidean. Baña gertatzen zaie anitzi sutegian goritu den burniari gertatu oi zaiona. Atera berrian, dirudi, ez duela galdu behar andik atera duen goritasuna ta sua; baña surtaratzen ezpada berriz, laster gelditzen da sutegian sartu zenean bezain otza ta gogorra. Misio, Garizuma edo Sermoien batean berotu diranak uste dute oztuko ez dirala beñere; baña sutaratzen ezpadira, laster galduko dute duten berotasuna; edo, orduan bide gaixtoa utzirazi zien kontuak ateratzen ezpaditu, gaixtatuko da berriz ere.

        3. Illean bein onelako kontuak ateratzea; edo illeko egunetatik batean al dezun guzia Jainkoarekin igarotzea da egin dezakezun gauzarik onena, len bera maitatzeko artu zenuen asmoa ta berotasuna berritzeko. Egitekoetan sarturik dabiltzan munduko Gizonak erakusten digute zenbat balio duen onela kontuak egiteak. Egunoro daramate artzen, ematen, egiten ta eragiten duten guziaren kontua. Zenbait hasteren buruan artzen dituzte Libruak; begiratzen dute zertara diran eskuetan dakazten egitekoak; ekusten dute irabaziaz doazen edo galduaz beren artu-emanetan. Asitzen dira gero nondik datozen galtzeak, nondik irabaziak, ekusten; ta daude hastiz ta luzaro irabazbide berriak asmatzen edo billatzen; ta ez dute lan hau eskuetatik uzten, aberasteko egin behar dituzten neurriak artu artean.

        4. Merkatari, Zaldun ta Erregeak berak eskuetan dakazten egiteko guziak baño, egiteko andiagoa da gure salbazioko egitekoa. Nor bagara, etzaiku egunik igaroko edo joain egin dugunaren kontua geren buruai artu gabe. Goizetik arratseraño egin ditugun uts-egite ta gauz onak gogoratuko ditugu, etzin baño len, gero ezartzeko memoriako Libruan. Zenbait hasteren buruan, ta illa joan baño len, aterako ditugu denbora artako galdu-irabazien kontuak; eta artuko ditugu irabazi berrien neurriak; orobat eginen dugu urrengo illean; emendik atera baño len, Zeruko ondasunez beterik gelditzeko. Ager dezagun edo adirazi gauza hau obeki.

        5. Badakizu maitagarria dela Jesus, ezin geiagoraño. Zerori lotsatzen zera askotan, maitatzen dezun baño, geiago hura ez maitatzeaz. Egun oro zor diozu len baño geiago; baña atzo baño, egun ez dezu orregatik geiago maitatzen. Egunetik egunera sartzen zara Jesus maitatzen lagundu ez oi duten egitekoetan. Egitekoen artean banaturik dabil geienean zure bihotza. Nekez hau biltzen dezu animako egitekoari kontu artzeko; ta, biltzen dezunean ere, izan oi da denbora laburreko; bada laster doakizu gogoa beste behargai edo lurreko gauzetara. Ongi nai badiozu animari; nai badezu Jesus maitatu, ar zazu illean egun bat zere buruari kontuak artzeko, Jaunari emateko, ta urrengo illean egin behar diran behargaien neurriak prestatzeko ta zuzentzeko.

        6. Gañerako egunetan ezin badezu, egizu eskatzen zaitzuna Jai edo iganderen batean. Egun hartan ere egin ditzaketzu ezin utzi ditezkeen etxeko egitekoak. Baña, egitekoak uzten dizuten denboran, utzirik alde-bat jostatze, hitzketa ta orrelako gauza edo arazo alferrak, ekuskitzu animako galdu-irabaziak, edo begira zazu ongi zertan ta nola joan zaizkitzun egunak eta hasteak. Ekus zazu zertan dauden Jesus maitatzeko artu zenituen asmoak; zenbat bider edo aldiz uts-egin dezun onetan ta egiteko zeunden beste gauzetan: ohar zaitez nondik datozen zure uts-egiteak, edo zertan dagoen ez geiago zuk irabaztea. Arkitzen badezu garaitu zaituela nagitasunak egin dituzun baño gauza on geiago ez egiteko: arkitzen badezu gaizki ezia dadukazun pasioren batek ez dizula zuzen ibiltzen utzi Zeruko bidean, ar zazu nagitasuna garaitzeko ta pasioa eskura ekartzeko asmoa: ar zazkitzu orretarako behar diran neurri ta bideak; eta ez arren kupida izan geroz geiago zere burua.

        7. Eskatzen zaitzuna egin dezakezu Elizan edo zere gelan; egin dezakezu belauniko, jarririk edo nola nai. Asmo onak ar ditzan zure bihotzak, biguinduko dezu oroituz ez dela eriotzeko orduan gaizki egiñaren damua ta urrikia bertzerik: ill ondoan eman behar dela kontu estu arrigarria; ta, nai-ta-ez itsusiak dirala gaizki dabilzan gauzak. Ekartzu gogora gaixtoentzat su-lezean dagoen nekez urratze ikaragarri hura. Oroi zaitez Jauna maitatzeak dakarren emengo atseden ta deskansuaz; baita orien ondotik datozen Zeruko atsegin ta sekulako gustoaz ere. Onelako ta beste zenbait gauza on dakartzien libruren bat badezu, irakurri zazu artan zenbait denboraz; ta egizkitzu zere debozioak, batere utzi gabe.

        8. Illean egun bat onela daramatenak badakite zenbat orretan irabazten den. Profeta Santuak zion onelako kontuetan Jaunarekin dagoenak artzen dituela indar berriak ziñez ta finki Jauna maitatzeko: & in meditatione mea exardescet ignis. Bakarrik arkitzen duenean hitz egiten dio Jaunak bera maitatu nai duenari. Orduan adirazten dio egin behar duena, ta erakusten dio bere uts-egitearen itsustasuna ta erokeria; ta uzten du azkenean asmo on batekin edo ona izateko gogoz beterik.

        9. Orrelako zerbait egiten ez dutenak siñistu dezakee fedeak erakusten diena; baña ez dakite zer siñisten duten; ta bizi dira ezer siñisten ezpalute bezala. Siñistuko dute guti dirala, Kristo Jaunak dionaz, Zeruan sartzen diranak; siñistuko dute bai-dela gaixtoentzat Infernua ta beti beti iraun beharrak dirala infernuko neke gogorrak; baña ez dute Jauna galtzeko beldurrik; nolakoak diran Infernuko nekeak eta zer den eternidadea ezagutu gabe aterako dira mundutik. Zer gatik uste dezu? Zeren, beste gauzak utzirik, bilzen ez diran noizean bein bad-ere onelako gauzen gañean beren kontuak egitera edo zer diran ekusi ta ezagutzera.

        10. Egiteko anitz dituela diote zenbaitek, orrela kontuak ateratzeko. Askok esan oi dute ez dutela bururik orretarako; ta guti dira ondasunez betea dagoen bide hau artu nai dutenak. Egiteko anitz dituzula diozu? Baña badezu animako egitekoak adiña balio duenik? Bada zer? Egunak eta hasteak ez dira aski ezer-ez bat baño anitz geiago balio ez duten egitekoetarako; ta ez diozu eman behar illeko egun bat bad-ere, gañerako guziak baño, geiago balio duen animako egitekoari? Lurreko bizitza laburra gatik nekatzen zara egun, haste, ill ta urte guzian; ta, aituko ez den eternidadeko bizia gatik, ez dezu illeko egun bat Jaunarekin eraman behar? Ezagun zaitzu ez dituzula, azaletik baizik, Zeruko gauzak ezagutzen.

        11. Autsi zazu, dio San Eucheriok, lurreko behar-gaien kate luze ori; ta egizu beñik bein animaren egiteko andia. Ez dezazula beiñ ere begietatik galdu; ta illeko egun bat izan bedi orietan egin dezunaren kontuak artzeko. Hori da Jesus onak erakutsi zizuna. Ondoren zetozkion guziak utzi, ta gordetzen zen noizean bein Jesus, ta egon oi zen luzaro bere Aitarekin kontuak egiten bezala edo orazioan. Ark etzuen zer bakartasuna billatu beti Aitagan gogoa idukitzeko; guri erakustea gatik zer egin behar genuen, jendeak utzi ta igotzen zen mendira, edo bereixten zen, bein bazter onetan, bein bestean otoitza edo orazioa egitera. Dagigun bada illean bein bad-ere Jesusek erakutsi ziguna.

 

aurrekoa hurrengoa