www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Otsoak artaldean
Piarres Larzabal
1973

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Piarres Larzabalen idazlanak (IV), Piarres Larzabal (Piarres Xarrittonen edizioa). Elkar, 1992

 

 

aurrekoa  

BORTZGARREN GERTALDIA

 

 

Joka-lekua:

        Aintzineko bera pixka bat alegeratua... Ana, arropa ederrez beztitua, ari da, mahain baten gainean apailatzen, delako elizako puska gordeak... Betiri, hau ere arropa ederrez jauntzia, ari zaio laguntzen.

 

 

BETIRI: Ha, gure aita zena bizi izan balitz! Hoinbertze aldiz erran izan daut: «Noizbait su-pizketa hau bururatuko duk. Bakea berriz jinen duk. Orduan, elizako puska kontsakratu hauk, elizari itzuliko diozkak»

ANA: Bai, bainan, zure aita zenak ez du behin ere amestu, pusken itzultze hau eginen zela prosesione handiz, herri guzia bildurik.

BETIRI: Prosesione huntan, ez nintuzken nik eraman behar puska hauk, bainan gure aita zenak. Harek salbatu baitzituen.

ANA: Harek salbatu bai, bainan, ez ote duzu zuk ere, harek bezanbat parte edo gehiago, salbatze hortan!

BETIRI: Egia erran, bai zuk ere gu bezanbat, ez baitakit zu gabe, egun latz haietan, zer bilakatuko nintzen. (Atea jotzen dute)

ANA: Norbait atean!... Aintzinat! (Agertzen da erretora, arras zahartua, makil baten laguntzarekin duela kurritzen) Jesus! Gure jaun erretora... (Biek besarkatzen dute) Nondik agertzen zira, jaun erretora?

ERRETORA: Paueko ospitaletik heldu nauzue xuxen-xuxena. Badakizue edo ez, hiltzerat kondenatu nindutela... Gobernua aldatu da, ni gillotinatu behar ninduten bezperan. Horrek salbatu nau... Berehala sartu naute ospitalerat... Bainan handik ihes egin dut, ez bainuen nihundik huts egin nahi, gaur, zuen ohoretan, muntatua den besta handi hau!

ANA: Nola zira osagarriz, jaun erretora!

ERRETORA: Ikusten duzuen bezala, gorputza bi plegu eta hiru zangoren gainean.

ANA: Jar zaite, jaun erretora!...

ERRETORA: Ez... Berehala joan behar dut elizarat, apez arropen jaunzterat, gero berriz hunat etortzeko prosesionean.

ANA: Eta zer diozu Pariseko gobernu berriaz?

ERRETORA: Gaurkotz, orai artinoko lepo motzaileri jazartzen da. Pauen eta Tarbesen, egun guziz, karro osoak baderamazte gillotinarat, hoinbertze jende hil duten papo gorri hoietarik.

BETIRI: Horiek, ba merezi dutela!... Kriminel basak!

ERRETORA: Badakizue, dudarik gabe, bospasei Itsasuar gorri ere, gillotinatu dituztela. Bai eta ere, Pinet, Cavagnac eta hemen gaindi jende hiltzen ari izan diren bertze batzu!

BETIRI: Eta, pentsatzen dut lepoa moztu diotela ere Kurkuil eta Zikiterori!...

ERRETORA: Zikitero ba gillotinatu dute... Kurkuil, egun hautan, jujatzekoa zuten... Bainan, ez duke horrek ere eskaporik.

BETIRI: Ez da goizegi zikinkeria hoietarik garbitzen baitute gure eskualdea...

ERRETORA: Zikitero eta bertze hemengotar batzu ere, gillotinarat joan dira atorra gorritan, apezaren laguntza errefusatuz.

BETIRI: Nola bizi eta hala hil.

ERRETORA: Bizkitartean, nerekin katiximan ibiliak ziren...

BETIRI: Ba... Judas ere Jesusekin.

ERRETORA: Hilak hil dira... Orai, bizi girenen artean, izanen dugu lan antolatzen. Hainbertze nahaskeriek, bertze hainbertze herra sortu baitute gure artean.

ANA: Horixe bera gogoan nindagon, jaun erretora... Gaur, Itsasuar hainitzentzat besta dela, bainan ez denentzat!

BERHOUET: (Sartuz) Ha, jaun erretora, zure ondotik nindabilan... Elizan oro prest dira eta zu eskas...

ERRETORA: Ba, jaun bikario maitea, banoa berehala. (Irriño batekin) Orai bikarioak, erretora manatzen. Ezagun du errepublika pasa dela hemen gaindi... Bon, apur bat artio. (Ateratzen da)

DENEK: Ba, agur ba, jaun erretora.

BERHOUET: Bon... Huna nola eginen dugun prosesionea... Herri guzia bilduko da zuen etxe aintzinerat. Hemendik joanen gira prosesionez elizarat. Zu, Betiri, emanen zira prosesionearen buru, zurekin joaiten dituzula zuhaurek salbatu puskak... Puska horiek ezarriko ditugu aldare gainean, denek ikus ditzaten. Zuhaur jarriko zira koroan... Han, Elizaren izenean, eginen dauzkizugu zor dituzun ohoreak. Ondotik, sakramendu sainduaren benedizionea.

BETIRI: Egia erraiten dautzut, jaun bikarioa, nahiago nukela, hola ibili baino, gure larrekirat joan ote epaiterat...

BERHOUET: Zuen larrekian baino gehiago irabaziko duzu gaur, gure elizan... Ixilka salatzen dautzut, apezek deliberatu dugula zu izendatzea elizako ohorezko sakristau... Karia hortarat, zure bizi guzikotz, elizako moltsatik ukanen duzu pentsione ttipi bat.

BETIRI: Dena ere on...

BERHOUET: Eta orai, behar dautzut bertze gauza bat ere erran. Apur baten buruan hunat etorriko zaizu herriko jaun auzapeza bere kontseiluko gizonekin...

BETIRI: (Bortizki) Zer! Oxandabaratz! Gure errientaren... ni saldu nauenaren anaia! Ez ahal da hura bederen agertuko! Ikusten badut, denen aintzinean botatzen diot goratik: «Orizu! Har-aitzu orai untzi sakratu hauk hor dituzu!».

BERHOUET: Xo, otoi, Betiri... Mintza gaiten emeki eta adimenduz. Orai artio, ez zuk eta ez guk, nehork ez dugu salatu horrekin gertatu zaiguna.

BETIRI: Ez nuke salatu nahi ere. Jainkoari hitzeman baitiot, ezkont arrats hartan, nehori sekulan hortaz ez mintzatzea...

BERHOUET: Hitza hitz da, Betiri... Beraz ez dezakezu eskandalarik egin, gizon hori hemen ager baledi! Horren salatzea bailiteke.

BETIRI: Zer behar dut beraz?... Errespetuz eta irri gozoño batekin, ustel hori, agurtu?... Gainerat, nere etxean?

BERHOUET: Atzokoak ahantz-kitzu, Betiri. Goazen biharkoari... Behar da barkatu... Barkatzea errexago da barkamenduaren eskatzea baino!

BETIRI: Bai, bai... Bainan, bi gauza dira norbaiti barkatzea, barkamendu eske heldu zautzularik eta barkatzea, hobenik ez balu bezala, goratik mintzo zautzun mutur zuriari.

BERHOUET: Nik galdatzen dautzudana da otoi ez dezazun eskandalarik egin...

BETIRI: Ez kexa, jaun bikarioa... Eskandalarik ez dut eginen, bainan ez dut nahi ni asto batentzat har nezaten.

ANA: Jaun auzapeza hemen da bere kontseiluko gizonekin.

BETIRI: Bon, komedia haste! Sar araz-zkitzu. (Barnean dagozila Betiri, Berhouet eta Ana, sartzen da Oxandabaratz bizpahiru kontseiluko gizonekin. Gainerakoak, ate sarreran ikus daitezke...)

OXANDABARATZ: (Betiriri) Jar zaite, otoi, Betiri. (Hau jartzen da. Orduan, auzapezak irakurtzen dio bere mintzaldia) Betiri Iharour jauna, herriko auzapez bezala, nere kontseiluko gizonekin eta herri guzia dugula gurekin, heldu natzaizu gure zorionen emaiterat, zure ohoratzeko apailatua izan den besta eder huntan. Onar-azu ere gu denen mileskerra: Herriko haur bati egin ohoreak, herri guzia baitu ohoratzen. Mendez-mende, merezi duzun bezala, euskaldunek aipatuko dute zure izena eta zure eginkizuna. Gaurkotz, herriko gizonek, zure fagoretan, hiru delibero hartu ditugu. Lehenik, gaurko elizkizunen ondotik, plazan eginen da besta bat eta, hor berean, herri guziari eskainiko zaio edatekoa urririk. Bigarrenekorik, zure bizi guzikotz izendatzen zaitugu, errient gure herriko eskolan, ezkila joile eta elizaren begiratzaile. Hirugarrenekorik, herriak, zure ohoretan, atera baitu medaila bat, oroitzapen hori, orai berean, nahi dautzut papoan ezarri. (Betiri xutitzen da... Auzapezak, ohi den bezala, medaila papoan ezartzen dio... Esku zartak)

BETIRI: (Xutik) Bihotz zolaraino hunkitua naiz herriak egiten dauzkidan fagore eta ohorez... Deneri milesker dautzuet. Jainko onak lagun nezala, berari eta herriari, beti leial egoiten! Egun hunek goxatzen ditu bertze ezin ahantzizko egun batzu. Ez dakit ean badakizuen torturatua izan nintzela, salakuntza baten ondotik. Beharbada, jaun auzapeza, zuk ere badakikezu nor izan zen salatzailea. Nere emazteak eta nik badakigu. Elgarri hitzemana dugu haren izena sekulan nehori ez salatzeko. Bertzalde, jakin dezala, bihotzaren erditik barkatzen diogula ukan duen ahulezia. Zu eta ni, jaun auzapeza, gaztetan adixkide minak ginen. Nork erran huntaratuko ginela? Nere aldetik, iduritzen zaut ez nuela holakorik merezi... Dena den, bizia hola da. Atzokoak ahantziz eta geroari behatuz, bihotzetik diot: Gora Jainkoa eta gora gure herria! (Esku zartak)

OXANDABARATZ: Apezak hor baitira heldu prosesioneko, bertzerik gabe, lekuak huts ditzagun. (Jendea ateratzen ari dela)

BETIRI: (Bikarioari ahapetik) Zer diozu, jaun bikarioa, bota diodan benedizioneaz?

BERHOUET: Gutixko ur zela eta soberaxko binagre!

BETIRI: Behar ere.

ANA: (Ahapetik senarrari, bikarioak ere entzuten duela) Errazu, Betiri, emazte batek, nahi luke baitezpada, orai berean, zurekin buruz buru mintzatu.

BETIRI: Orai?... Nun dut astia?

ANA: Berak dionaz, bi minutaz bakarrik eta nehor lekukorik gabe.

BETIRI: Nor da?

ANA: Kurkuil guardaren emaztea!

BETIRI: Zer!... Bere semea gillotinatzekoa baitute!

ANA: Bai, haren ama.

BETIRI: Zer nahi du?

ANA: Nik ez dakit.

BETIRI: Ez dut nik demendrenik horren ikusteko gutiziarik.

BERHOUET: (Irriño batekin) Alo, alo, ikus-azu emazte hori!... Sakrifizio bat, zure binagre hori olioztatzeko!

BETIRI: Debruaren debrukeria!... Datorla beraz! Eta, berak hola nahi duenaz geroz, utz gaitzazue biak buruz-buru. (Denak ateratzen dira... Ama sartzen da, arras asaldatua, nigarrez jana)

AMA: (Belauniko ematen da Betiriren aintzinean) Jauna, ni naiz Kurkuil erraiten dioten guardaren emaztea. Ez gira euskaldunak. Guti urte du Marseillatik hunat etorriak girela.

BETIRI: Eta gero zer?... Xuti zaite, emaztea! Ez naiz ni Jainkoa, zu hola nere aintzinean belaunikatzeko.

AMA: Ez... Utz nezazu belauniko... Hola nahi dautzut barkamendu galdatu nere semeak egin dituen gaxtakeria guzientzat!

BETIRI: Zer nahi duzu niganik?

AMA: Nahi nuke nere semea salba dezazun. Atzo jujatua izan da eta etzi lepoa moztekoa diote.

BETIRI: Badakizu zure semeak, ikaragarrizko gaxtakeriak egin dituela!

AMA: Ba badakit, ez naiz haren xuritzerat jina... Nere semea, gaztetan, apezgai izana da. Eginahalak egin izan ditut haren girixtinoki altxatzeko... Bainan gaurko errepublika aroak eta lagunek galdu dute.

BETIRI: Ez da errex bizirik uztea holako krimak egin dituen gizona!

AMA: Badakit hiltzea merezi duela. Bainan ni haren ama naiz... Zuk eta nik adoratzen dugun Jesus beraren izenean, heldu naiz, zure laguntzaren eske.

BETIRI: Zer egin dezaket nik?

AMA: Pentsatu dut beharbada, zure bestakari, nere semearen grazia galdatzen ahal zinukela. Zu zira nere azken esperantza.

BETIRI: (Apur bat ixilik) Bon... Hitzemaiten dautzut ahal dudana eginen dudala zure semea salbatzeko. Bainan, kontura zaite, nere ahalak arras ttipiak direla...

AMA: Entseatzea dautzut bakarrik galdatzen. Otoi, zure amaz, oroituz, urrikal zaite nitaz...

BETIRI: Bon, erran bezala, eginahalak eginen ditut.

AMA: Milesker. Jainkoak lagunduko ahal gaitu. Otoitz eginen dut zuretzat! (Ateratzen da)

BETIRI: (Apur bat dago, burua pausatua besoaren gainean, murruaren kontra. Nigarrak xukatzen ditu, suspirekin diolarik) Hau gurutzea!...

BERHOUET: (Agertuz) Bon, Betiri... Hemen denak prest gira... Zuk har gurutzea... Beste puska horiek pasatzen ditut beretterreri... Zure inguruan emanen dira, prosesione denboran.

KANTARIAK: (Jada kanpotik entzuten da kantua)

                Oi gurutzea, (bis)

                Gurutze saindu maitea!

                Bertzorduz hemen etsai gaxtoa

                Zutaz izan zen eroa

                Zure indarra da jainkozkoa

                Deusek ezin hautsizkoa.

        (Kantu horiek ematen direla, Betiri ateratzen da bere gurutzearekin, jaun bikarioa eta bere emaztea dituela aintzinean. Oihala jausten da emeki)

 

OIHALA

 

aurrekoa