www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Otsoak artaldean
Piarres Larzabal
1973

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Piarres Larzabalen idazlanak (IV), Piarres Larzabal (Piarres Xarrittonen edizioa). Elkar, 1992

 

 

aurrekoa hurrengoa

HIRUGARREN GERTALDIA

 

 

Joka-lekua:

        Auzitegi bat: Mahain bat eta jarleku zonbait. Hor dira bortz «sans-culotte» (aintzineko hiruak eta bertze bi)... Hor ere bi zibil, xapel luze batzuekin. Hauen bien izenak: Pinet eta Cavagnac.

 

 

PINET: Etorri gira hunat, ni, auzitegiko president bezala... Nerekin, citoyen Cavagnac, preso direnen akusatzailea. Gaur jujatu behar ditugu presondegi huntan diren Itsasu edo Unioneko etsaiak. Zonbat dira?

GALDELARI: President Pinet, lau dituk hemen Unionekoak. Hiru gizon eta emazte bat.

PINET: Nor dituk?

GALDELARI: Bat: Berhouet apeza, Unioneko bikarioa. Bertzea: Manex Etxeberri, mutil gazte bat, mugan arrastatua, Espainiarat ihesi zoalarik lagun batzuekin. Hirugarrena: Gaxina Heguy, emazte gazte bat. Hau ere, mugan arrastatua, Espainiarat zoalarik, bere senarraren ikusterat. Laugarrena berriz: Domingo Garat. Huni Taulo erraten ziotek. Hau, gaur goizean ekarri ditek jandarmek.

CAVAGNAC: Ba, badakit nor den: Unioneko ostaler bat, azpiz gure etsaieri jatekoa fornitzen duena.

PINET: Eta orai, jakin behar duzuena, hauxe duk: Lau horiek behar ditugula garrazki gaztigatu... Haatik ez denak hil... Bat bederen salbatu. Jendek ez dezatela erran justiziarik ez dela. Hola desberdin gaztigatuz, erakusten dugu justizia ongi egiten dugula, bakotxari bere hobenaren gaztigua emanez.

CAVAGNAC: Bai Union herria itsuski muntatua duk gure kontra. Denen sustatzaile ditek Haranbillet erretora. Apez zahar bat duk, azeria bezain abila. Gorde leku batetik bertzerat, orai artio eskapatu zaikuk... Bainan, eroriko duk noizbait ihizia gure zeporat.

PINET: Horko gazte hainitz, berrogeita hamar bat hurbil, ihesi joanak dituk Espainiarat... Hortakotz deliberatu diagu horko jende multzo bat arrastatzea. Gauza bera egiten diagu Azkainen, Saran eta Ainhoan. Presoner horiek guziak igorriko ditiagu Landesetarat. Han hetsiko alanbrez pinudi batean... Eta denek leher egin dezatela.

CAVAGNAC: Hola, itsasuar eta gainerateko guzieri, gure beldurra sartuko ziotegu hezur muinetaraino.

PINET: Eta orai, mintza gaiten, apur baten buruan, hemen berean ideki behar dugun auziaz. Beraz hiru behar ditugu hiltzerat kondenatu eta bat salbatu. Gure ohidura da, gogorrenak eta kalte gehienik egin dezaketenak, gillotinan pasatzea. Bizirik uztea aldiz: Gurienak eta beldurtienak.

CAVAGNAC: Gaur berean, baititugu bertze holako hiru auzi egitekoak, ez dezagun denborarik gal. Ikus dezagun, nor behar dugun hil. Gure argitzeko, gurekin ekarri ditut bi «sans-culotte», biak Itsasuko haurrak. Citoyen Pinet emanen dugu auzitegiko president. Horren eskuin eta ezkerrean jar ditela bi Itsasuar «sans-culotte»-ak. Eta auzi hau ez baita zibilena, bainan gerlarien artekoa, trenka dezagun laster eta gogor.

PINET: Has gaiten berehala: Zoin da zuen ustez, lauetarik hil gabe utzi behar duguna?

GALDELARI: Nere ustez, bizirik utzi behar duguna da Berhouet apeza. Guk, hemengo guardianoek badakigu ongi presoneren berri, horienganik hurbil bizi baigira. Apez hori ez da gizon eñul, ttula bat baizik. Horra nere ikusbidea. Mintza daitezela nere lagunak.

PINET: Nor da hemen, citoyen hunek erran duenaren alde? Altxa eria! (Kondatzen ditu) Bat, bi, hiru, lau, bortz, nerekin sei... Eta hi, Cavagnac, alde haiz ala kontra?...

CAVAGNAC: Nik, gogo onez, lauak gillotina nezazkek...

PINET: Nor da ados Cavagnac-en nahikundearekin?... (Cavagnac-ek bakarrik altxatzen du eria) Ikusten dukan bezala, citoyen, bakarrik haiz gu seien kontra. Beraz gure eginbeharra argi eta garbi ageri duk... Apeza salba eta bertze hiruak hiltzerat kondena.

CAVAGNAC: Lot gaiten berehala lanari... Hik, citoyen Barat, ekaitzik hunat lau biligarro horiek... Zuek hiruak jar zaitezte jujarien alkian... (Lau presonerak, estekatuak, sartzen dira)

BARAT: Zuek lauak, jar zaitezte alki hortan...

PINET: Citoyens, auzitegi huntako president bezala, eskatzen dut errepublikaren justizia pasa dadiela gogor, zintzo eta garbi... Bertzerik gabe, auzia idekia da... Citoyen Cavagnac, hire entzuteko prest gaituk.

CAVAGNAC: (Mintza dadiela beti mespresuki eta harroki) Domingo Garat, jendek deitzen haute Taulo... Nere eskutan ditudan paper hauek, citoyen Taulo, hire zerrikerien kondairez beteak dituk... Aspaldi duk begitan hintugula eta hurbildik barrandatzen. Azkenean ba, erori haiz gure aztaparretarat. Hemengo jendea miserian. Hainitz familietan, talo bat ere ez mahainean emaiteko... Bainan Tauloren mahainean, ogi xuria egun guziz. Nondik? Galda eiherazainari.

TAULO: Gezurra!

CAVAGNAC: Hemen ditiat, citoyen Taulo, nere eskuko paper huntan, eiherazainaren beraren aitormenak... Hainitz etxetan, ez dute haragia mahainean ikusten, hilabetean behin edo bietan baizik. Bainan, Taulo baitan, egun guziz haragi saltsak eta errakiak... Nondik? Galda herriko kabala zikitatzaileari. Nork dakike horrek baino hobeki herriko kabalen berri?... Bere seme ohoragarria hemen dugu jujari, presidentaren eskuinean.

TAULO: Zikiteroren semea jujari. Noiz ikasi huen sinatzen, to!

PINET: (Haserre) Ez diat, citoyen Taulo, onetsiko nehorenganik, are gutiago hireganik, holako solasik, nere juje lagunaren kontra!... Aintzinat, citoyen Cavagnac!

CAVAGNAC: Ogi xuria, haragia, edaria ausarki, norentzat, citoyen Taulo eta noren ahotik kendurik?... Jende behartsuari kendurik, jende dirudunentzat, eta gainerat, errepublikaren etsai amorratuentzat... Tauloren ostatua, gure etsaien biltoki... Tauloren ostatuan, etsaiak, ase eta zurrutean, gure kontra plana gaxtoen egiten... Tauloren osatatuan, etsaiek armak gordetzen.

TAULO: Gezurra!

CAVAGNAC: Gezurra?... Jakin-zak, citoyen Taulo, ez dudala sekulan fitsik erraiten, froga ez dezakedanik... Eta egia diodala, huna izkirioz ezarria lekukotasuna. Eta lekukotasun horren emailea, nor ote? Bai, nor ote, citoyen Taulo?

TAULO: Gezurti bat ederra?

CAVAGNAC: (Oihuz) Hire emaztea, citoyen Taulo... Bai hire emaztea!... Sinatzen dakiena eta sinatu duena... Beraz norbait dena, hire arabera sinatzen jakin behar denaz geroz, norbait izaiteko.

TAULO: (Etsitua) Gezurra, gezurra, gezurra!

CAVAGNAC: (Irri tzar batekin) Ez zait iduritzen, citoyen president balio duenik hemen aipatzea zergatik emazte horrek hola salatu duen bere senarra: Haur bat, oraino sortu gabea, zen sobera Tauloren ostatuan... Ostatu hortako sehiaren haurra!

TAULO: Gezurti ustela!... (Erdi nigarrez) Eta, fitsik ezin egin!

CAVAGNAC: Horra, citoyen president, biluzirik agerian ezarria Taulo jaunttoa: Errepublikaren etsaia, gure hiltzalen laguntzaile eta armatzalea, jende behartsuen bizkar aberastua, heien errekaratzailea, berak sortu miseriaz baliatzailea. Holako krimek merezi duten gaztigu bakarra da: Gillotinaren pikadera.

PINET: Bego jujamendua gure gain, citoyen, eta orai okupa gaiten Manex Etxeberriz.

CAVAGNAC: «Manex Etxeberrikoa, etxe oneko semea, puxka bat eskolatua, herriko neskalari oilarra, bere buruaz hartua»... Horra zer dion nere paperak citoyen hunentzat... Zer uste duk Manex, ez ginakiela nor zen pareta tintatzen gure kontra ari zena! Nor zen gure kontra pertsu tzar batzuen hedatzailea! Ez ginakiela nork zuen, gau batez, moztu guk landatu libertatearen arbola!... Nork su eman, plaza kaskoan zen gure errepublikako banderari! Ari izan gaituk alegia ez ikusi, bainan...

MANEX: Ez dik balio, citoyen, hire mintzatzeko talendua higatzea, gu harritu edo ikaratu beharrez... Aski badiagu hire teatrotik...

PINET: (Haserre) Zer!... Zer dira solas harroputz horiek! Oroit hadi, horiengatik, lepoa galtzen ahal dukala!

MANEX: Hago ixilik hi ere, komedienta!... Bazakiagu denek hemen, gu hiltzeko deliberoa aintzinetik hartua duzuela. Emak sententzia eta... bakea guri...

PINET: (Haserre) Citoyen Cavagnac, utzak bere gisa gizon horren auzia. Ez berak hala nahi duelakotz, bainan nik manatzen hautalakotz. Lepoa galdu nahi badu, gal dezala!

MANEX: Bai, nere lepoa galduko diat, bainan arrudak eginen dik itzulia, eta egun batez, hik, hik eta hik eta zuek denek, ni bezala, berdin duzue galduko zuen lepoa.

PINET: (Orroaz) Ixilik... Eta hi, citoyen Cavagnac, ikus dezagun zertaz akusatua den emazte hori!

CAVAGNAC: Citoyenne Gaxina Heguy... Bere senarra dik mugaz bertzalderat ihesi joana. Mugan gaindi askotan ibilia duk, gizon eta paper pasan. Azkenean, gaur hemen juje dugun hunen aitak, Kurkuil guardak, arrastatu dik eta guri ekarri. Hemendik, mugaz bertzalderat lagundu dituen gizonetarik zonbait, gure «sans-culotte»-en hiltzailetarik zitukan...

PINET: Beraz kriminelekin uztartua.

CAVAGNAC: Bai, citoyen president. Hunek luken arrazoin bakarra, ez hiltzerat kondenatua izaiteko, hauxe duk: Haur beharretan dela.

PINET: Norenganik?

CAVAGNAC: Berak ote zakik?

GAXINA: Hire amak, citoyen Cavagnac, ez... Ez zakiken hi norenganik hintzen.

PINET: Haur aitaduna edo aitarik gabea, errepublikak berdin errespetatzen dituenaz geroz, axola guti dugu haur hori izan dadien hire senarraren ala bertze edonorrenganik... Huntan burura dadiela emazte hunen auzia... Eta orai, citoyen Berhouet apezaren aldi! Zer egin dik apez horrek?... Mintza hadi, citoyen Cavagnac.

CAVAGNAC: Gure errepublikak nahi du betikotz populua libratu erlijionearen sineskeria xoroetarik... Hortakotz jabetu da elizez eta elizaren ontasun guziez. Apezeri galdatu diote zin egitea leial agertuko direla errepublikari buruz. Bai, bainan, euskaldun apez gehienek, ezetza eman daukute, bereziki Itsasuko Harambillet erretorak eta Berhouet bikarioak. Gure debeku guziengatik, bi apez horiek gorde dira eta lotu ixilka mezen eta sakramenduen emaiten... Erretora ez dugu oraino harrapatu.

PINET: Aitortzen duk, citoyen Berhouet, desobeditu dukala errepublikari?

BERHOUET: Bai, citoyen president, errepublikari baino nahiago izan diat obeditu nere kontzientziari eta Jainkoari.

PINET: Badakik, citoyen Berhouet, nola errepublikak gaztigatzen dituen hi bezalako gaxtaginak.

BERHOUET: Errepublikak gaztigatzen eta Jainkoak saristatzen.

PINET: Gaztigua segura, saria mentura.

BERHOUET: Nola jujatuko, hala jujatua izanen zira.

CAVAGNAC: Apez hunen joko sorjesak, citoyen president, segur gillotina merezi dik. Halere aitortu behar diat ez duela nehor hil edo ebatsi. Ez dela ere nehoren bizkar aberastu. Bertzalde, bere aita omen duk errepublikano zintzo bat... Bertze zerbait ere banikek erraiteko, citoyen president, apez hunen alde. Bainan, niagok ez ote dudan hobe ixilik egoitea.

PINET: Mintza hadi, citoyen Cavagnac. Auzi bat xoko guzien argitzeko egina duk, nehun itzalik utzi gabe.

CAVAGNAC: Huna beraz... Badakik, citoyen president, nola presundegi guzietan izaiten diren presuner batzu, azpiz pagatuak, beren preso lagunen barrandatzeko eta salatzeko... Gertatu duk, Berhouet apezak onartua zuela ofizio hori... Apezek bazakitek kofesatzen, bere preso lagunak kofesatu ditik eta oro guri salatu... Horri esker ditiat jakin auzi huntako paperetan ditudan asko xehetasun.

BERHOUET: (Orroaz) Gezurra!... Zikinkeria!... Ustelkeria!...

CAVAGNAC: (Irri mehar batekin) Irriz niagok ikusiz zer begitarte egiten duten apez «saindu» horren inguruko lagunek.

MANEX: (Fermuki) Jaun bikarioa, ez egin kasurik bazter zikintzale usteldura horri! Zure baitan dugu konfiantzarik osoena. (Denek gauza bera diote)

PINET: Bon, denenak eta denetarik entzunik, ohi den bezala, hiru jujeak apur batentzat aterako gira, gure sententziaren emaiteko. (Ateratzen dira hiru jujeak eta Cavagnac)

MANEX: Neretzat ez da dudarik heriotzeko orena hurbil dugula. Proposatzen dut bide handiari lotu aintzin, elgarrekin otoitz egin dezagun... (Denek onartzen dute...) Jaun bikarioa, lagun gaitzazu, otoi.

BERHOUET: Nahi baduzue, gure zeruko amari eta kantuz, galdatuko dugu bere laguntza. (Zintzoki, murmurikan bezala hauta dezatela. Denek errepika eta jaun bikarioak kopla... Hastapenean, «sans-culotte»-ek, elgar kontsultatzen bezala dute begiz eta jestuz, ean onetsi behar duten ala ez hautatze hori... Bainan, bakean uzten dituzte)

LAUEK: Ama maite Maria

                Egiguzu lagun

                Zure bitartez Jesus

                Ikusi dezagun.

                Egizu ama ona

                Azken egunean

                Oren lazgarri hura

                Hurbiltzen denean

                Izan dezagun orok

                Jesus bihotzean

                Zuekin har gaitzazu

                Zeruko lorian.

        (Lauek berriz kopla... Hura bururatzean, sartzen dira hiru jujeak eta Cavagnac... Denak ixilik dagotzi)

PINET: Auzi huntan jujatuak izan diren lau hobenduneri, huna, errepublikaren izenean, ematen diotegun gaztigua: Citoyen Domingo Garat, Taulo deitua... errepublika egin dadiela bere ontasun guzien jabe eta berari, berehala, lepoa motz diezotela. Citoyen Manex Etxeberri... errepublika egin dadiela bere ontasun guzien jabe eta berari, berehala, lepoa motz diezotela. Citoyenne Gaxina Heguy... Errepublika egin dadiela bere ontasun guzien jabe eta berari lepoa motz diezotela... Ez haatik berehala, bainan haurra ukan-eta gero... Errepublikak alabainan, ez du nahi, ama hobendunarengatik, haur hobengabea gaztigatua izan dadien. Citoyen Jean Berhouet apeza... Errepublika egin dadiela bere ontasun guzien jabe... Bizi guzikotz izan dadiela desjabetua, citoyen batek dituen eskubide guziez... Hilabete batez preso atxikia izan dadiela... Eta gero, betikotz leku hauk huts ditzala.

BERHOUET: (Bortizki) Protesta egiten dut... Nere lagun hauek eta ni, berdin hobengabe, edo nahi balin baduzu, berdin hobendun gira... Galdatzen dut beraz, neretzat ere, gaztigu berdina!

PINET: (Irri tzar batekin) Barkatuko duk, citoyen Berhouet, hiri egin fagorea. Bertzaldi batez xuxenduko diagu gaur egin makurra... Orai eman dugun sententzia jakin araziko da euskaldun guzieri, bai kridariaren eta bai murru paperen bidez... Bertzerik gabe, zuek soldadoak, berehala joan-atzue kondenatu hauek: Bi presondegirat eta bi gillotinarat. (Soldadoak, zakar agertzen dira... Kondenatuak aldiz arras ezti. Berhouetek hasten du «Zerua saritzat» kantua... Kondenatuak ateratzen dira, kantu hori, ahapetik bezala, kantatuz)

PINET: (Irri tzar batekin) Zuentzat hango parabisua. Guretzat nahiago diagu hemengoa!

 

OIHALA

 

aurrekoa hurrengoa