www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Otsoak artaldean
Piarres Larzabal
1973

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Piarres Larzabalen idazlanak (IV), Piarres Larzabal (Piarres Xarrittonen edizioa). Elkar, 1992

 

 

aurrekoa hurrengoa

BIGARREN GERTALDIA

 

 

Joka-lekua:

        Burdin grilla bat... Haren gibelean agertzen dira presonerak. Ikusliarren aldetik sartzen dira presoneren bisitariak... Hiru «sans-culotte» dagozi guardian... Bat grillaren barnetik, bi kanpotik.

 

 

        (Ana agertzen da otarre bat besoan)

GALDELARI: Nor haiz hi, citoyenne!

ANA: Ni naiz Ana Durruty.

GALDELARI: Ez dun erraiten «ni naiz», bainan «ni nauk». Noiz ote, zuek, euskaldun gibelatuak, ikasiko duzue gizon guziak girela berdin? Gure errepublikan, nehork ez din «zu» erraiterik nehori. Bainan deneri «to» eta «no». Nondik heldu haiz, Ana!

ANA: Ni, heldu naiz...

GALDELARI: Heldu nauk!

ANA: Barkatu, ni heldu nauk Itsasutik.

GALDELARI: Itsasu, nik ez dinat ezagutzen... Leporaino aseak gaitun zuen hizkuntza basa horrekin... Jakin zan, ez dela gehiago Itsasurik. Errepublika etorriz geroz, zuen herriak duela izena: Union. Konprenitu duna ala ez...

ANA: Bai jauna, konprenitu dut!

GALDELARI: Hau pestekeria!... Erran ba «konprenitu diat».

ANA: Konprenitu diat, jauna!

GALDELARI: Eta «jauna»-rik ez sekulan gehiago aipa, bainan horren ordez erran behar dun «citoyen».

ANA: Bai, konprenitu diat, citoyen!

GALDELARI: Hola ba... Eta ez din balio gurekin «kasko gogor» agertzea... Hemengo garañoak on ditun den astaña idorrenaren hezteko... (Irriz) Ez dea hala, citoyen Robinot!

ROBINOT: (Irri larriz) Ba, citoyen, ba... Eta hire zerbitzuko astaña horren hezteko ere...

GALDELARI: Ez, hau utzak neretzat... Lana behar diagu zatikatu. (Irri larri bat) Erran, hi, citoyenne Ana, zertarat etorri haiz hunat!

ANA: Nere senargaia ikusterat!

GALDELARI: Hire senargaia! Ez hiza ahalge aipatzea ere, preso den mandil bat dunala senargaia!... Nola din izena hire citoyen horrek?

ANA: Manex Etxeberri.

GALDELARI: Manex! Beharrik errepublika hemen baitugu behin betikotz debekatzeko euskarazko izen basa horiek... Eta, zer dion erraiteko hire senargaiari?...

ANA: Ikusi nahi nuke eta besarkatu.

GALDELARI: Zer uste dun presondegia dela musuka aritzeko leku bat!... Zer ekartzen dun otarre hortan?

ANA: Senargaiarentzat beztitzekoa eta jatekoa.

GALDELARI: Hik, citoyen Robinot, mia zak otarre hori! (Obeditzen du) Eta hik, citoyenne, ekarri dunan mutur bazka hori, hemen utziko dun. Hori partituko dinagu presoner guzien artean... Errepublikak ez din onartzen, batzu aberats eta bertzeak pobre izaitea... Hemendik aintzinat, denak berdin? Izan burges ala eskale, nausi ala zerbitzari, gizon ala emazte...

ROBINOT: Jatekoak kendu ziozkaiat, citoyen... Beztitzeko puskak ere behar ziozkaiat kendu ala ez?

GALDELARI: Ken denak... Bihar dik Manexek jujamendua... Eta, horren ondotik, ez dik aldatzeko pusken beharrik izanen. Behin betikotz aldatuko baitugu. (Irriz. Ana hasten da nigarrez)

ROBINOT: Errak, citoyen, nahi duka neska tzar hau biluz dezadan, gorputza ere miatzeko?

GALDELARI: Ez, aski duk hola!

ROBINOT: Domaia!(Irriz)

GALDELARI: (Barne aldeko guardari) Hik, citoyen Barat, sar araz-zak hunat delako Manex... Datorla bere urrizaren ikusterat. (Apur baten buruan agertzen da Manex, bi eskuak bizkar gibelean estekatuak, itxura arras trixte batekin... Bi gazteak, apur batez, hitzik erran gabe, nigarrez ari dira)

ANA: Nola zira!

MANEX: Ez da hemen gosea, miseria eta zanpaketa bertzerik!

BARAT: (Orroaz) Citoyen Manex, erretira-zkik solas horiek edo berehala, puñala hau lepotik sartzen daiat... Aitor-zak gezurra erran dukala!

MANEX: Ba, gezurra erran diat!

BARAT: Aitor-zak errepublikak ongi tratatzen dituela bere presonerak eta denak berdin.

MANEX: Aitortzen diat!

BARAT: Eta oroit hadi nola den hemengo erreglamendua. Debekatua duk hemen mintzatzea politikaz, presondegi barneko harat-hunatez eta ere auziari doakotenez.

MANEX: Nola eta nun dira gure etxekoak!...

ANA: Denak etxean, Manex, eta denak ongi, Jainkoari esker!

MANEX: Nik, bihar dut jujamendua.

ANA: Zer iduritzen zaizu gertatuko dela?

MANEX: Ez izan deusen esperantzarik, Ana... Gure amodioa huntan bururatuko da... Gau bat eta egun bat oraino gure amets ederrak betikotz trenkatuko dira.

ANA: Ez duta fitsik egiten ahal zure alde?

MANEX: Otoitz bakarrik, Ana... Oraidanik barkamendu galdatzen dautzut eta barkamendu galdatzen diotet inguruko guzieri, egin dituzkedan pena eta kalte guzientzat.

ANA: Nik ez dut fits barkatzekorik.

MANEX: Jaun bikarioa gurekin dugu hemen eta gain-gainetik arima preparatua dugu garbi agertzeko gure Jainkoaren aintzinean.

ANA: Hau gure zortea!

MANEX: Ez egin nigarrik, Ana... Zure bizia moldatuko duzu, zure aldetik, bertze norbaitekin... Pentsatzen dut zerurat joaitea... Handik lagunduko zaitut. Gorputz-amodioa ez da iraunkorra... Izpiritu-amodioak du bakarrik iraupena. Izpiritu amodioz betikotz josia gelditzen naiz zurekin.

ANA: Nigar egiten dut, bainan bozkariotan nago ikusiz zure fedearen fermutasuna. Apur batentzat gira elgarrenganik berexten. Ez zaitut sekulan ahantziko. Berex giren denboran, gure amodioa ariko da suhartzen. Suhartasun hori, egun batez gozatuko dugu bere fruitu guziekin.

BARAT: Bon, tenorea da elgarrenganik urruntzeko. Burura-zkitzue zuen solas tetele horiek! Ale, fuera hemendik, citoyenne...

ANA: Kuraie on, Manex... Behin ere baino gehiago, gaur eta bihar, otoitz eginen dut zuretzat.

BARAT: (Manex joaiten duela) Haugi hunat... Akerra barnerat, eta ahuntza doala kanporat...

MANEX: Ez adiorik, Ana... Ana, maite zaitut... Ana, beti maitatuko zaitut. (Hitz horiek erran ditzala suharki)

ANA: Nik ere bai, Manex...

ROBINOT: (Ana, kanporat botatuz) Ah, fuera hemendik, fuera, urriza... (Apur bat ixilik)

BARAT: (Agertuz eta irriz) Errak, hi, citoyen, entzun dituka horiek elgarri bota dituzten astokeriak? Ez nian sekulan asmatuko ere, senar-emaztegai batzu hola mintza zitezkela elgarrekin. Hik, citoyen, behin ere erabili duka holako solasik hire emaztegaiarekin?

GALDELARI: Nik behin ere... Bainan, horiek entzun-eta, gogoetatua niagok...

BARAT: Zer ba!...

GALDELARI: Eta sekulan, horiek balute arrazoin!... Horien bidea balitz egiazkoa eta gurea gezurrezkoa!

BARAT: Baduka burutik hola mintzatzeko!... Hi, errepublikanoa! Hi, citoyen, hola mintzo!

GALDELARI: Dena duk ean lur ziloan suntsitzen den gure bizia... Hori, hola balin bada, guk diagu arrazoin... Bainan, hiltzea balin baduk bakarrik biziz aldatzea, Jainko baten auzitegitik pasatu ondoan, orduan gu izanen gaituk asto eta horiek izanen ditek arrazoin...

BARAT: To, to, ez nian sekulan usteko holako buru hausterik izan zitekela hire baitan... Utz-aitzik hire huskeriak bazterrerat, citoyen, eta goazen bide argitik... Hor heldu zaik bertze urriza bat.

MARTINA: (Sartuz) Agur jaunak!

GALDELARI: Eta beti gauza bera... Ez dun hemen, ez «jaunik» eta ez «andererik»... Errepublikan, denak gaitun «citoyen» eta «citoyenne»... Eta mintza hadi ez zuka baina toka edo noka. Nungotarra haiz hi?

MARTINA: Ni nauk, citoyen, Itsasuarra... Barkatu, bazakiat Itsasuk izen berria duela «Union», bainan ez zakiat oraino nola erraiten den «Itsasuarra», zuen hizkuntza berrian. Nola deitzen gaituzue «unionarrak», «uniontarrak» edo zer?

GALDELARI: Ez guri aipa «arrak», «tarrak» eta holako hitz-buztanik... Errepublikak lurperatuko ditin horiek laster, azken euskaldunekin. Gure errepublikak nahi din izan frantses hizkuntza bakarrekoa... Errepublika «bat» eta denentzat «berdin».

MARTINA: Ongi duk, citoyen, bainan ez duk eman nere galdeari errepustarik. Nola erran behar den frantsesez «Itsasuarra»...!

GALDELARI: Bakea eman neri!... Erran nahi dunan bezala, bainan ez euskaraz! Horiek hola, noren ikusterat heldu haiz?

MARTINA: Ni nauk Gaxina Heguy-ren ttantta... Nere iloba duk, berrikitan mugan arrastatu duzuen emazte gazte bat.

GALDELARI: Ba, bazakinat nor den zerrama hori... Senarra Josep, kolpaturik, ihesi joana din Errazurat, Español zikin kokotero hoietarat.

MARTINA: Dena den iloba hori nahi nikek ikusi eta berari nahi niozkek eman, otarre huntan ditudan puska batzu.

GALDELARI: Citoyen Robinot, so egizak zer den otarre hortan.

ROBINOT: (Otarrea hustuz) Gasna, arroltze egosiak, ogia, xingarra. (Gero, trufaz bezala, emazten barneko jauntzi batzu erakusten ditu. Azkenik arrosario bat ateratzen du eta irriz) Ardi kakak, elgarri lotuak!... Zertarako ditun hauk, citoyenne, jateko ala lepoan erabiltzeko?

MARTINA: Ardi kaka horiek hor ezarriak nitian, zikiro zonbait tentatuko zutelakoan.

GALDELARI: Ez dakina zuen herriko elizan ez dela gehiago Ama Birjinarik, bainan haren orde ezarria dugula «la déesse raison».

MARTINA: Zuek neska galdu erdibiluz bat ohoratzen... Guk aldiz ama garbi eder bat... Bakotxak bere gostu, citoyen!

GALDELARI: Errepublikak erakutsiko dautzue hiri eta hire idurikoeri zer den egiazko libertatea... Libertatea sekulan ez ahanzteko, han daukazue landatua, eliza aintzinean, «l'arbre de la liberté».

MARTINA: Libertatea zer den ez ahanzteko, ez diagu zuen arbola horien beharrik!

GALDELARI: Zer behar duzue ba!

MARTINA: Libertatea zer den ez ahanzteko, aski eta sobera ditiagu zuen presondegiak eta gillotinak.

GALDELARI: Bon, aski huntarik... Beraz, hire iloba nahi dun ikusi!

MARTINA: Ba, citoyen.

GALDELARI: Citoyen Barat, jin bedi hunen iloba. (Apur baten buruan, estekatua agertzen da Gaxina)

GAXINA: Ho, ttantta, zu hemen!

MARTINA: Ba, haurra, hemen naiz, zuri erraiterat jina, denak ongi girela... Zure senarra ere ba. Ahal guzien egiten ari gira zu salbatzeko.

GAXINA: Milesker ttantta eta milesker deneri. Bainan ez dut uste bizirik aterako naizen ifernu huntarik. Bihar dut jujamendua eta badakit ni gillotinatzeko xedetan direla.

MARTINA: Zu gillotinatu?... Ez ahal dute holako basakeriarik eginen.

GAXINA: Ha, ez dituzu ezagutzen errepublikano jauntto horiek!

GALDELARI: (Orroaz) Ixilik! Errepublikanoak errespeta gaitzazue!

GAXINA: (Bortizki) Ez, ez naiz ixilik egonen! Ttantta, errepika-zazu deneri eta leku guzietan, hobe dela hil, presondegirat sartu baino... Ikaragarriak pasatzen direla barne huntan!

GALDELARI: (Orroaz) Citoyen Barat, eremak urriza ustel hori begien bixtatik eta zafra... (Baratek basaki joaiten duela Gaxina) Eta hi, citoyenne ttantta edo kaka zaharra, leku hauk huts-aitzin berehala. Eta hanbat gaxto hiretzat, hitzik aipatzen badun hemen gertatuez!

MARTINA: Eta ekarri ditudan puska hauk, zer!...

GALDELARI: Utzi horiek hemen... Hire ilobarentzat on ez badira, bertzeentzat on izanen ditun... Eta fuera hemendik. (Martina ateratzen da ixilik, gurutze seinalea eginez)

BARAT: (Berriz agertuz) Utzi diat hezlearen eskutan.

GALDELARI: Satanen zerri urrizak... Hamar gizonen kontra nahiago diat partida, holako bi urrizen kontra baino... (Apur bat ixilik)

ROBINOT: Citoyen, gizon bitzi bat baduk atean... Erraiten dik hemen daukagun apez baten aita dela.

GALDELARI: Zoin apez?

ROBINOT: Berhouet, Itsasu edo Unioneko bikarioaren aita.

GALDELARI: Sar araz-zak!

ERRETORA: (Sartzen da, dena buila, makil bat bizkarrean eta hari estekatua oihal bat, puskez betea) Biba errepublika! Biba Frantzia gorria! Ez Jainkorik eta ez erregerik!

GALDELARI: Nor haiz hi, to, citoyen!

ERRETORA: Ni nauk aita trixte bat! Denek deitzen naitek «Gorri»... Beti izan nauk errepublikaren alde eta apezen kontra. Eta horra nun nere seme bakarra, apez egin zitzaidan. Hemen daukazue preso. Eta orai jina nauk, seme sorjes horri zernahi erraiterat burutik behera. Nun duzue jauntto hori... Agert dadiela berehala nere aintzinerat!

GALDELARI: Citoyen Barat, sar araz-zak Berhouet apeza!

ERRETORA: (Bakarrik) ...Oilo arroltzea xitan ezarri eta handik sugea atera!... Oi nere biziko desohorea!

BARAT: Huna Berhouet apeza!

ERRETORA: (Samur gorri) Hor hiza seme! Ni naizela hire aita pentsatuz, ileak buruan xutik jartzen zaiztak. Urtzen, urtzen ari nauk hiregatik. Desohoragarria hi!... Aita ukatzailea!

BERHOUET: Aita, aski pairatzen dut hartu dudan bidea harturik... Ez nezazula otoi gehiago sofriaraz... Ekaitzu nere etxeko berriak!

ERRETORA: Jakin dudalarik preso altxatua hintzela, nihaur izan nuk berehala gure errepublikano garbitasuna egiterat, hire etxerat. Handik kendu ditiat gurutze, kopa tzar eta saindukeria guziak. Holakorik nehork ez zezala ikus eta ez atzeman errepublikano baten semearen etxean... Denak urerat aurtiki ditiat... Ha, bihotza oraino pil-pil diat, hi hemen ikusteak emaiten dautan haserrearekin. Arno trago bat egin behar diat, to. (Edaten du xahakotik) Eta ez zakala ametsik egin, huntarik ukanen dukala ttuntta bat ere... Zuek ba, citoyens, zuek edazue. (Ematen diote guardianoeri. Hauek edaten dute) Eman hadi belauniko hor... Eta barkamendu galda-zok aitari. (Ahapetik) Emaiten dautzut atsoluzionea...

BERHOUET: (Bildutasunekin) Ba, aita, barkamendu eskatzen dautzut eta eskatzen diot Jainkoari ere... Nere faltaz, nere faltaz, nere falta handiaz.

ERRETORA: (Haserre balitz bezala, eskua harat eta hunat erabiliz, egiten dio gurutzearen seinalea, atsoluzionea marmarikatuz) Xuti hadi hortik herresta! Gizon bat bertze baten aintzinean belauniko, nork ikusi du holakorik?

BERHOUET: Zuhaurek erran dautazu, aita, belaunikatzeko.

ERRETORA: Eta nik manatzen badeiat, penitentzia gisa, egun guziz, bortz minutaz hola-hola belauniko egoteko eginen duka?

BERHOUET: Zergatik ez, aita!

ERRETORA: Egizak beraz!... Ho, ho, errepublikano baten semea hortara daitekela! Holako seme baten aita naizela pentsatzean, lotsa jiten zait lepo-zintzurreraino... Bon, jan eta edan dezagun gure penen ahanzteko... (Bere oihaletik ateratzen ditu ogia eta gasna. Bera zerbitzaturik, pasatzen diozkate guardianoeri) Orizue, citoyens, jan-zazue, zuek ere, ahamen bat... Te, te, zakurra... To, hik ere ondar bat... (Ahorat ematen dio ogia, ahapetik erranez) Corpus Christi... Jesusen gorputza... Bat eta baterez... Horra gure familia. Ni «bat» eta nere ondokoa «deus ez». Ho, ho, ho!... Gizon bat, nere seme bat huntara daitekela! (Barati) Citoyen, gizon hori joan-zak hemendik... Ez diat gehiago ikusi nahi ere, begien bixtan... (Hasten da sudur zintzaka) Bon, horra nun nigarra heldu zautan neri ere!... Nolaz ez, hoinbertze penekin!... (Nigarrez) Banoa hemendik... Ez dezaket nere burua gehiago jasan leku huntan. (Ateratzen da, denek agurtzen dutela)

GALDELARI: Hau gizon bitzia! Ez duk harritzeko, holako aitaren semea pixka bat errebesa izaitea!

BARAT: Ni apez horrek naik harritu eta desgustatu... Aita, aita duk... Bainan hola herrestaka, aitaren aintzinean, zakur joa baino apalago bilakatua!

GALDELARI: Zer nahi duk! Orotarik behar mundu bat egiteko!

 

OIHALA

 

aurrekoa hurrengoa