www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Otsoak artaldean
Piarres Larzabal
1973

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Piarres Larzabalen idazlanak (IV), Piarres Larzabal (Piarres Xarrittonen edizioa). Elkar, 1992

 

 

aurrekoa hurrengoa

LEHEN GERTALDIA

 

 

Joka-lekua:

        Errientaeneko sukaldea. Zerbait lanetan ari: Piarre eta Martina.

 

 

MARTINA: Eta gure mutiko hori ez ageri... Nun ote dabila?

PIARRE: Plazaraino doala erran du... Ikusi behar duela zertan den erreboluzionea.

MARTINA: Jaun erretora, gure bordan gordea daukagu... Gure mutiko hori du meza emaiteko beretter... Hori bera laguntako, gauaz ibiltzen delarik eri ikusten etxe batetik bertzerat...

PIARRE: Bai, irrisku beretzat, bainan eginbide.

MARTINA: Ez bakarrik beretzat irrisku, bainan guretzat ere.

PIARRE: Jainkoak, bide huntan sartu gaitu, fedea zerbitzatzeko.

MARTINA: Hortan zurekin arras ados nago. Bainan nik diodana da gure mutiko horrek, behar gabeko irriskuak hartzen dituela. Zergatik dabila hola, plaza hortan ostatuz ostatu?

PIARRE: Etsaien barrandatzeko. (Ateko zakurra entzuten da saingatzen... Biak apur bat ixilik... Piarrek so egiten du leihotik)

MARTINA: Nor da hor?

PIARRE: Bi «sans-culotte» armatuak!

MARTINA: Hunat heldu?

PIARRE: Ba... Ez ez... Etxe sahetseko bidea hartzen dute...

MARTINA: Segur naiz gure bordaren miatzerat doazila...

PIARRE: Zoaz laster landarat mihise zabaltzerat... Erretora han dago segur, maiz-maiza hunat so... Mihisea zabaldua ikusiz geroz, berehala gordeko da. (Martina ateratzen da. Piarre bakarrik dago kezkatua, sukaldeko lanak segituz eta leihotik behatuz...)

BETIRI: (Sartuz) Egun on, aita!... Ama nun da?

PIARRE: Kanpo hortarat joana duk mihise hedatzerat... Bi gorri «sans-culotte» horietarik oraintxe berean iragan dituk hemendik.

BETIRI: Zerriak!... Ez ote doaz gure bordarat?

PIARRE: Zerbait ikasi duka?

BETIRI: Ba...

PIARRE: Zer?

BETIRI: Gure jaun bikarioa arrastatu dutela eta jaun erretoraren ondotik dabiltzala!

PIARRE: Jaun bikarioa arrastatu?

BETIRI: Ba... Latsian... Joan den gauean... Nonbaitik jakin dute nun zen bere gordegia... Gezurra erranik, gizon bat hiltzen ari zela eta apeza galdatzen zuela, jaun bikarioa bere gordelekutik atera arazi dute... Eta gero, bidean, arrastatu...

PIARRE: Eta ostatu horietan, zer aro duk?

BETIRI: «Sans-culotte»-ak denetan nausi. Alderat edariz aseak eta harroki mintzo.

PIARRE: Beharrik ez zakitek lekuko berri!

BETIRI: Errazu orai artio ez zakitela... Bainan, orai bereganatu dituzte hemengo mutil batzu ere!

PIARRE: Nor?

BERHOUET: Bat, Zikiteroren semea... Bertzea Kurkuil guardaren seme sorjes hori... Bi Lukuztar ere horien gainerat.

PIARRE: Izigarri duk ba, lekuko haur bat hola bilakatzea: Herriko jenden salatari!... Holakoentzat nik axola guti nikek, tripatik puñala pasian-pas sar balezote...

BETIRI: Dirua da hor, aita, lanean ari!

PIARRE: Dirua ba... Eta ere ohore gosea... Jende herrestak hola dituk. Bertzek emanikako galonez ditek biltzen, beren balioaz bil ez dezaketen ohorea.

BETIRI: Bon, banoa, ama ikusiz, gure bordarat.

PIARRE: Goitirakoan eremaitzik pentzeko ardi horiek... Inkas ere, aitzaki bat izan dezakan bordari buruz joaiteko.

BETIRI: Ongi da, aita... Ber denboran, jateko puska bat ere hartuko dut jaun erretorarentzat, neretzat mendiko oturuntza balitz bezala, oihal batean bihurdikaturik...

PIARRE: Har zak behar dena... Badakik nun dauzkagun gordeak gasna eta xingarrak... (Betiri ateratzen da...)

PIARRE: (Bakarrik) Ha Jainko ona... Ez dakit zuk zer pentsatzen duzun... Bainan gogoa nuke, nihaur ixil-ixila joanik, tripak egiteko salatari ustel horieri!... Barkatu, Jauna, gaizki pentsatzen balin badut... (Zakurra saingaz... Piarre kezkatua)

MARTINA: (Sartuz) Zer du zakur horrek, berriz ere!

PIARRE: Ikusi duzu mutikoa?

MARTINA: Ba, denak erran dauzkit... Gaixo jaun bikarioa!

PIARRE: Iloba da hor heldu!

MARTINA: Iloba?... Zoin iloba?

PIARRE: Gaxina... Horren itxurak dionaz ez bide da berri onekin heldu.

MARTINA: (Atea idekitzen dio) ...Sar zaite sar, Gaxina!... Zer duzu arpegi hori?... Zer dituzu, berri txarrak?

GAXINA: (Erortzen bezala da kadira baten gainerat eta, apur bat, ezin mintzatuz, nigarrez hipaka ari da... Noizbait mintzatzen da, hitzak nigarrekin aldizkatuz) Ba, ttantta eta osaba!... Nere senarra, tirokatu dutela!

MARTINA: Josep tirokatu?

GAXINA: Ba, ttantta!...

MARTINA: Hil?

GAXINA: Ez omen... Bizi omen da... Kolpatua bakarrik.

MARTINA: Zer gertatu da ba!... Esplika zazu!

GAXINA: Joan den gauean, joana zen mugarat, hemendik Espainiarat ihesi zoazin gizon batzuen eramaiterat. Nonbait, mugatik hurbil, «sans-culotte» multzo bat zauden guardian... Salatuak izan bide dira. Tiroz, bi hilak izan dira: Bi baiones... Bat kolpatua eta preso altxatua: Manex Etxeberrikoa... Bertzeak salbatu dira. Heien artean da gure Josep, beso bat balaz trebesatua.

PIARRE: Salatuak!... Salatari zikinak.

MARTINA: Eta orai, pentsatua duzuia zer egin!...

GAXINA: Nere eginbidea argi eta garbia da... Josepenganat joan! Hura zertan den ikusi, artatu. Eta gerokoak gero!

MARTINA: Etxerat etorri zaizkizu «sans-culotte»-ak edo ez oraino?

GAXINA: Oraino ez, bainan hor izanen ditut segur, luza gabe.

MARTINA: Hobe duzu gordetzea...

GAXINA: Ba, ez dut etxean gehiago sartu nahi ere... Auzoekin ez naiz haserre, bainan gaur nehork ez daki nori fida.

MARTINA: Nahi baduzu, heldu den gauean, gure mutiko horrek lagunduko zaitu mugarat.

GAXINA: Gogotik, berak nahi eta ahal badu.

MARTINA: Jes, lagundu behar ditugunetan, ez ote dira familiakoak lehen!

GAXINA: Mementoan, etxekoak ari zaizkit, eraman beharko ditudanen preparatzen. Lehen joan-aldian joanen ditut beharrezkoenak eta gaineratekoak, ondoko egunetan.

MARTINA: Ongi da... Eta nun aurkituko zaitu gure Betirik?

GAXINA: Errozue jin dadien ttantta Roxaliren etxerat... Han nagola gorderik.

MARTINA: Ongi da Gaxina... Gure Jainkoak lagunt zaitzala!...

GAXINA: Bai eta zuek ere. (Besarkatzen ditu ttantta-osabak) Milesker, ttantta, milesker osaba.

MARTINA: Eta, Betiri, etorriko zaizu, erran lekurat gaur arratsa gabe.

GAXINA: Milesker hari ere aintzinetik... (Ateratzen da)

PIARRE: (Ateratuz) So bat ematerat noa mendiari, ikusteko gure mutiko hori nontsu den bere ardiekin! (Ateratzen da) Aintzurra hartzen dut «sans-culotte»-ak jiten balin badira, jakinen duzu sator ihizirat ateraia naizela...

MARTINA: Ongi da... (Bakarrik) Beharrik dugu fedea! Gaur gertatzen direnekin, ez baginu federik, zeri lot, nori sakrifika eta zertako!... (Apur bat ixilik... Zakurrak saingatzen du adixkideki) ...To, ezagun norbait hor!... Hori segur, gure zakurrak hola saingatzen duenaz geroz!

BETIRI: (Sartuz) Ez da nehor hemen?

MARTINA: Nor nahi duk hemen izaitea?... Ikusi duka aita?

BETIRI: Ba, hor da jaun erretorarekin! Ikuska jina naiz ean bazenetz nehor inguru huntan...

MARTINA: Jaun erretora hemen!... Errotek sar ditela...

BETIRI: Aski duzue hiruek hemen deskantsuan solas egitea... Nik etxe ingurua zainduko dut. Zerbait lanjer gerta baledi, berehala abisatuko zaituztet.

MARTINA: Ongi duk. (Betiri ateratzen da. Apur baten buruan sartzen dira jaun erretora eta Piarre. Hunek, zaku bat dakar) Ho, jaun erretora, ez dakizu nola bihotza punpaka lotu zaitan, Betirik erran dautalarik hemen zinela.

ERRETORA: (Irriz) Punpa egin dezala, bainan ez marratik kanpo!

MARTINA: Zu beti arralleriako prest... Nago nola beti omore ona atxikitzen duzun...

ERRETORA: Nola ez?... Jana eta edana, jendek urririk emaiten dautate. Lo egiteko zilo bat xarmanta badut iratze meta baten azpian. Ene emaztearekin ez naiz sekulan samurtzen. Ez naiz nehoiz Jainkoarenganik hoin hurbil bizi izan. Zer behar duket gehiago?

MARTINA: Eta gure eliza gaixoa?

ERRETORA: Gure eliza izpirituala, nik uste, behin ere baino hobeki Jainkoarekin eta Jainkoarentzat bizi... Galernarekin, gure ardiak meta-metan, elgarri tink lotuak...

MARTINA: Ba, ba... Bainan ez naiz hortaz mintzo... Dakizun bezala gure herriko elizaz, zalditegi bat egina dute. Diru egiteko on ziren barneko puska guziak saldu dituzte.

ERRETORA: Salbu gorde ditugunak. Badakizu Etchegaray Orkazberroko nausiak, Sevillatik ekarri zituela eta gure elizari present egin gurutze bat, iduzki saindu bat, kalitza eta ziborio bat, denak balio handikoak.

MARTINA: Bai, eta nun dira orai horiek guziak!

ERRETORA: Hemen, zaku huntan.

MARTINA: (Harritua) He!

ERRETORA: Ba, jaun bikarioak, gordeak zauzkan eta nola bera preso sartu baitute, hunat ekarri ditut.

PIARRE: Utz nere gain horien gordetzea. Eta ez dadiela nehor jin neri horien kentzerat... Nere bizia, nahi badu, eramanen du, bainan horiek ez ditu eramanen.

ERRETORA: Ez, ez, Piarre... Zure biziak balio gehiago du puska horiek baino.

PIARRE: Puska horiek dira Jainkoari eskainiak eta sakratuak. Ez dira gure etxetik aterako, Jainkoaren etxerat joaiteko baizik.

MARTINA: Eta jaun bikarioa zer bilakatu da?...

ERRETORA: Jakin dudanaz, bera eta Manex Etxeberrikoa joan dituzte Paueko presondegirat. Badakizu segur, Manex mugan arrastatu dutela.

MARTINA: Bai, bai, badakit. Gure iloba Josepekin zen.

ERRETORA: Ba, hortaz mintzatzekoa naiz zuen Betirikin... Nun da?

MARTINA: Hor da kanpoan etxezain.

ERRETORA: Ongi da... Beti bezala, maiz lekuz aldatuz biziko naiz. Norbait nere beharretan balin bada heldu den gauean edo bihar, doala Jakes eiherazainarenganat... Harek jakinen du nun naizen gordea.

MARTINA: Ongi da, jaun erretora.

ERRETORA: Eta, bertzerik gabe, berriz ikusi artio!

MARTINA: Agian laster, jaun erretora.

ERRETORA: Gure Jainkoak nahi bezala... Eta agur!

BIEK: Agur bai, jaun erretora! (Apur bat ixilik)

PIARRE: Eta orai, Martina, zu ere sekretu huntan partzuer baitzira, pentsa, nik bezanbat eginbide duzula, sekretu hunen begiratzeko.

MARTINA: Aski dituzu nik ez dakidan leku batean gordetzea... Hola, ez baitut jakinen, ez dut deus salatzen ahalko.

PIARRE: Ez... Hobe da jakin dezazun zer gerta ere... Gure ezkaratzeko gapirio horrek baitu zilo bat, taulaz tapatua, hor gordeko ditut. Taula harrotuko dut eta berriz itzatuko... Hor dagotzila fedearen libertatea berriz gutaratu artio...

MARTINA: Kanporaino noa, mihise horien biltzerat. (Ateratzen da. Piarrek mahain gainean, zakutik gurutzea pixka bat agertzen du... Gapelua kendurik, belaunikatzen da... Otoitz kartsu bat eginik, gurutzeari musu ematen dio... Gero, xutiturik emeki ateratzen da, gurutzea daramala bere zakuarekin, kartsuki, prosesionean bezala)

 

OIHALA

 

aurrekoa hurrengoa