www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Otsoak artaldean
Piarres Larzabal
1973

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Piarres Larzabalen idazlanak (IV), Piarres Larzabal (Piarres Xarrittonen edizioa). Elkar, 1992

 

 

aurrekoa hurrengoa

LAUGARREN GERTALDIA

 

 

Joka-lekua:

        Errientaeneko sukaldea. Betiri bakarrik, zerbait ari. Zakurra entzuten da erauntsiaka, norbait adixkideri bezala. Betiri doa atea idekitzerat.

 

 

BETIRI: Agur, jaun bikarioa, agur! (Sartzen da Berhouet)

BERHOUET: Agur, Betiri!

BETIRI: Zer berri, jaun bikarioa?

BERHOUET: Berri txarrak, Betiri... Gure jaun erretora preso baitzaukaten Baionan, orai joan dute Pauerat... Segur han jujatzeko.

BETIRI: Gillotinarako on da beraz!

BERHOUET: Nik uste... Orai apez bakarra gelditzen naiz herrian.

BETIRI: Zonbat aldakuntza hiru urte hautan... Zure hiru preso lagunak, gillotinatuak. Zu bizirik, bainan ahal bezala, eskuin eta ezker gordeka.

BERHOUET: Ba, eta zuen etxean ere... Aita eta ama, hilak... Zu bakarrik... Dudarik gabe, beti ezkontzekotan zira Anarekin?

BETIRI: Ba, eta lehenbailehen... Aspertua bainaiz hemen bakarrik bizitzeaz.

BERHOUET: Nahi balin baduzue egun hauetan ezkondu, balia zaitezte... Nere gordegia etxe gaineko gisu labe zahar hortan dut, herriko lurretan. Hor ezkonduko zaituztet nahi duzuelarik.

BETIRI: Ongi da... Anaren so nago. Nik uste, apur baten buruan hemen izanen da... Berarekin elgar adituko dugu.

BERHOUET: Eta, Oxandabaratz errientak, bakea ematen dio, ala beti ondotik dabilkio?

BETIRI: Beti ondotik: Zernahi egiten dio berarekin ezkont dadien eta ez nerekin.

BERHOUET: Bizkitartean, Oxandabaratz, zure adixkide mina da, edo bederen adixkide mina zen?

BETIRI: Eta nola! Hiltzean, nere aitak zin egin arazi daut, bakea berriz jitean, gure elizari itzuliko diozkadala gordeak dauzkagun horko puskak. Beldur bainintzen, berdin bakea jin aintzin hila izanen nintzela, paper sekretu bat egin dugu Etxeberri notarioarekin... Paper horren sinatzale gira notarioa, ni eta Oxandabaratz. Hiruek bakarrik dakigu puska horien berri... Ikus hortarik noraino zoan gure adixkidantza!

BERHOUET: Agian ez zaitu salatuko!

BETIRI: Azkena liteke hortaratzea. (Zakurra entzuten da adixkideki saingaz)

BERHOUET: Norbait hor!... Banoa gibeleko atetik.

BETIRI: (Leihotik behatuz) Ez, jaun bikarioa, zaude!... Ana da hor... Arras tenore onean heldu da... (Atea idekiz) Sar zaite, sar, Ana... So egin nor dugun hemen!

ANA: (Agertuz) Ho, jaun bikarioa!...

BETIRI: Ba, jaun bikarioa gorderik dago hemendik hurbil eta, guk nahi dugularik, ezkonduko gaitu...

BERHOUET: Haatik, nik ez dakit zonbat egunez egoiten ahalko naizen hemen. Beharbada egun bat, eta beharbada zortzi.

ANA: Ni prest nago, nahi balin bagaituzu ezkondu gaur berean.

BETIRI: Ni ere bai!

BERHOUET: Bon, zoin tenorez?... Nahi duzuia ezkondu gaur ilunabarrean?

BIEK: Ba, berdin.

BERHOUET: Ongi da... Aski duzue etortzea bi lekukorekin. Betirik badaki nun den nere gordelekua... Banoa berehala.

ANA: Ez, jaun bikarioa, zaude apur bat hemen. Zerbait erraiteko badut... On da, zuk ere, jakin dezazun.

BERHOUET: Zu!

ANA: Huna zer gertatzen den. Oxandabaratz errienta, beti nere ondotik dabila... Nitaz itsutua... Baitezpada nerekin ezkondu nahi luke. Bainan sekulan ez dut aurkitu atzo bezanbat gaxtotua... Ikaragarriak bota dauzkit.

BERHOUET: Zer erran dautzu?

ANA: Betirirekin ezkontzen balin banaiz, laster alargun geldituko naizela. Berak, Etxeberri notarioa lekuko, bazakiela sekretu bat. Hitz erdi bat behar den lekuan salatzea aski lukela, Betiri sekulakotz galtzeko... Sekretu hori zer daiteken, ez daut salatu.

BETIRI: Zerri zikina! Jakin dezala ni galtzen banau, bera ere nik galduko dudala!

ANA: Ba, eta zu ere, aipatu zaitu, jaun bikarioa.

BERHOUET: Ni?... Zer zuen nitaz erraiteko?

ANA: Badakiela zu zirela bitarteko, gure ezkontza huntan. Zu ez zirela apez arnegatu bat baizik... Zure bizia salbatzeko, zuk dituzula salatu zure presuner lagunak.

BERHOUET: Betiko ustelkeria! Fama hori dute hedatu errepublikanoek, Euskal-Herri guzian, krida eta paperen bidez... Zer egin, gezur horri hegalak mozteko?...

ANA: Fitsik ez! Ixilik egon eta Jainkoari eskaini!

BETIRI: Ez zaitela hortaz kexa, jaun bikarioa!... Gure artekoetan nehork ez du hortaz hitz erdi bat sinesten eta aipatzen ere! Zer du hola aritzeko errient ustel horrek?

BERHOUET: Xo, xo!... Ez gaizkika ar nehorretaz!

BETIRI: Ni beldur naiz ez ote duen horrek jadanik zango bat gure etsaien tartean sartua... Zango bat eta berdin burua eta gorputz guzia ere...

BERHOUET: Dena den, gaur ilunabarrean, Jainkoak nahi badu, ezkonduak izanen zirezte. Eta, pentsatzen dut, ikusiz bere esperantza suntsitua, errientak bertze alapiderik hartuko duela.

BETIRI: Batere gizona balin bada, hala egin behar luke segur... Geroak erranen.

BERHOUET: Ni banoa... (Zakurra lotzen da gaxtoki erauntsiaka)

BETIRI: (Leihotik so egiten du) «Sans-culotte» bat hunat heldu!... Mugi, jaun bikarioa, zoaz ihesi gibeleko atetik! (Berhouet tirahala jalitzen da... Apur baten buruan)

GALDELARI: (Agertuz) Agur jaun andereak! Ez izi... Ez naiz etsai bezala heldu bainan zueri zerbitzu egiterat... Zuk, jauna, badauzkazu nonbait gordeak elizako puska batzu!

BETIRI: Elizako puskak!... Zer da ixtorio hori?

GALDELARI: Norbaitek salakuntza bat egin du gure buruzagieri, zuk, etxe huntan gorderik dauzkazula elizako puska batzu.

BETIRI: Jakiten ahal duta nor den salatari hori?

GALDELARI: Nihaurek ere ez dakit... Bainan apur baten buruan, gure soldadoak hemen izanen dituzu... Ordrea dute zure etxe guzia errotik miatzeko... Orai zuhaurek ikus ean deus gordetzekorik baduzun, haiek hunat sartu aintzin.

BETIRI: Jiten ahal dira nahi dutelarik. Ez da hemen deus gorderik edo gordetzekorik.

GALDELARI: Hobe... Ni banoa... Ez otoi nehori sala ni hunat etorri naizenik. Urrats hau egin dut zuen estimuz, eta ere, ez naizelakotz gehiago ados gure alderdikoek hartzen dituzten zonbait jokabidekin... Beraz, ez nauzue ikusi... Eta... agur!... (Ateratzen da)

BIEK: Agur ba agur!

BETIRI: Zer saltsatzen ote du ustel horrek! Gatu horrek baduke bertze buztanik!

ANA: Eta egia baliro!

BETIRI: Edo gezur ziria sakatu dauku eta arrantzan dabila gutarik zer atera... Edo, burtxoro kolpe bat ukan du.

ANA: Daiteke ere dolutua dela orai artio egin duenaz eta bertze bide bati nahi duela lotu, bihar zer etor dakioken pentsatuz.

BETIRI: Dena den, argi gelditzen dena da norbaitek salatu nauela. Bi gizon ziren bakarrik nere sekretua zakitenak: Notaria eta errienta.

ANA: Ha... Beraz delako sekretua ez da sustrai gabeko airekeria bat.

BETIRI: ...Zuretzat hala izan dadiela!

ANA: (Irriño batekin) Milesker, jauna!

BETIRI: Ez... Ez zazula otoi gaizki har nik errana...

ANA: Zuk errana ala zuk ez errana?

BETIRI: Nere kitzikan ari zira, bainan ni ez naiz batere irrigura. (Zakurrak saingatzen du bortizki... Betirik so egiten du leihotik...) «Sans-culotte»-ak, Ana!... Zoaz fite ihesi gibeleko atetik!... Zoaz gain hortako gisu labe zaharrerat... Hor da gordea jaun bikarioa! (Ana ateratzen da. Apur baten buruan, sekulako buila ateratzen dutela, atea banbakoan idekiz, sartzen dira lau «Sans-culotte»: Barat, Robinot, Kurkuil eta Zikitero)

BARAT: Citoyen Iharour Pierre, hi hiza?

BETIRI: Ba, ni naiz.

BARAT: Esteka zazue gizon hori kadira bati. (Betiri, kadiran jarririk, estekatzen dute esku muturretarik, kadiraren bizkarrari) Bon, citoyen, orai errak nun gordeak ditukan elizako kalitza, gurutze eta gainerateko puskak! (Mintza dadiela errabiarekin, orroaz, gero eta gehiago haserretuz, azkenean arras astotua)

BETIRI: Ez dakit zertaz mintzo ziren!

BARAT: (Laguneri) Zuek, mia zoko guziak! (Apur baten buruan) Bazakiat ganbara batean ditukala... Zoin ganberatan?

BETIRI: Nik ez daukat fits gorderik.

BARAT: (Iletik tiratuz) ...Mintzatuko hiza!

BETIRI: Nik ez dakit fitsik!

BARAT: (Ostikoz jotzen du eta zaflakatzen) Mintzatuko hiza!... Bai ala ez! (Bettiri ixilik dago) Jakin-zak hi edo zakur bat neretzat berdin direla. (Pixtola muntatzen du, klik-klak arrabotsarekin) Hiru artino kondatuko diat eta ez baduk lehenago aitortzen, hiru erraitearekin garbitzen haut. (Kondatzen du emeki, armaz jestu beldurgarri batzu eginez) Bat... bi... Azken aldikotz... Mintza hadi edo garbitzen haut... Hi!! Hiruren erdia errana diat... Hi... Hi!!... (Betiri ezpainez, otoitzean ari dela dirudi. Zakurra entzuten da, kexu)

BARAT: Ez... Ez haut lasterregi hil nahi... Ha, ez duk aitortu nahi!! Jakin-zak ez dela mundu huntan sortu, neri aitortuko ez dautan gizonik! (Hiru laguneri mintzo) Zuek hiruek, har-azue gizon hau! Esteka zazue kanpoko arbola horietarik bati. Emozue zonbait ote mulko zangotan. Erre-ozkitzue zangoak... Hori ez bada aski, erre trunkoa ere... Hori ez bada aski, erre burua... Erre denak... (Hiruek obeditzen dute... Zakurra lotzen da erauntsiaka. Apur baten buruan, suak argitzen du leihoa) Zakur hori ixilaraz-azu. (Zafratua, marruma batzuen ondotik, ixiltzen da. Bainan, noizean behin, heriotze sainga batzu botatzen ditu, nausia torturatzen ari dutelarik. Barat, bakarrik, eskuin eta ezker dabila, ero bat bezala mintzatuz) Errepublika duk: Liberté, Egalité, Fraternité... Horien kontra den guzia, behar dik suntsitu... Baratzeko belar tzarrak bezala. Suntsitu! Suz, armaz, pozoinaz!... Ahal den bezala!... Suntsitu! (Leihotik behatuz) Hi, Robinot, su hori, apur batentzat itzal-zak... Bertze biak, zatozte hunat! (Sartzen dira Kurkuil eta Zikitero) Zuek biek, har-azue zaku bat eta bete-azue, barne huntan aurkituko dituzuen jan-edateko guziez... (Ateratzen da... Barneko biak lotzen dira beren lanari, zakuan sartzen dituztela ogia, gasna, xingar, lukainka, edari eta holako... Kurkuilek arrapatzen du keza ttipi bat...)

KURKUIL: Errak, haugi hunat... So egizak zer den keza huntan... (Agertzen dituela) Muntra bat, petentak, bi erraztun, lepoko zilarra... Bon... Hauek guretzat... Erdia hik eta bertze erdia nik... Eta, nehork ez dezala fitsik jakin. (Egiten dute partimena... Anartean, kanpotik entzun daitezke, oihu, intzirin eta zakur erauntsi batzu)

BARAT: (Sartuz) Prest zireztea?

KURKUIL: Ba, citoyen...

BARAT: Ez dik fitsik aitortu nahi... Atera zaitezte eta ekar-azue gizon hori airetan barnerat. (Ateratzen dira. Betiri, zangoak erreak, ekartzen dute eta jartzen kadira gainean) Oraikotz, bizirik uzten haugu, citoyen Iharour, bainan laster berriz jinen gaituk hire berrien jakiterat... Anartean, egizkik hire gogoetak... (Laguneri) Zuek... Goazen... (Zakua harturik, lauak jalitzen dira... Betiri intzirinka... Zakurra herio saingaz)

ANA: (Agertuz gibeleko atetik, jaun bikarioarekin) Zer da!! Zer gertatzen da hemen! Ikusi ditugu joaiten eta tirahala heldu gira.

BETIRI: Joka erabili naute eta zangoak erre dauzkitet... Nahi zuten nere sekretua jakin, bainan ez diotet tuntik salatu. Ekazu otoi, Ana, trapu bat, urean bustirik, zerbait minaren eztitzeko. (Anak nigarrez, zangoak bustitzen diozka)

BERHOUET: Ez duzuia urin gatz gaberik?

BETIRI: Ba, hortxe atzemanen duzu armarioan.

ANA: Urin gatz gabea da hoberena erreduren eztitzeko. (Biek artatzen dutela)

BETIRI: Oxandabaratz, salatari ustela! (Intzirinka)

BERHOUET: Eta orai, zertan gelditzen da zuen ezkontza?

BETIRI: Ni ez naiz gehiago atzoko hura... Gaur, naiz zauritua eta beharbada geldituko naiz, bizi guzikotz, enbalier. Ez dut uste gomeni den Anak har dezan senartzat, laguntza baino kargu gehiago emanen dion gizona.

ANA: (Bizi-bizia) Baduzuia burutik, Betiri, hola mintzatzeko! Neretzat, jada, nere senarra zira. Ez da senarra ukatzen, makurbide bat gertatu zaiolakoan... Are gutiago, makurbide hori duelarik ohorezko ekintza baten ondorio. Jada zurea naiz eta zuretzat nahi dut izan betikotz, gaur arratsean, hitzartu bezala, zurekin ezkonduz...

BETIRI: (Hunkitua, begiak xukatuz) Milesker, Ana. Agian ukanen duzu niganik, merezi duzun zoriona! Zure solasek nere minaren erdia jada kendu dautate.

BERHOUET: Bon, hola denaz geroz, sarri, eta hemen berean, ezkonduko zaituztet... Aski dituzu, Ana, bi lekuko hunat deitzea.

BERHOUET: Eta pixka bat hobekitzean, nere lehen egitekoa izanen da errienta salatari zikin horri, burua arrailtzea.

BERHOUET: Holakorik ez, Betiri!

BETIRI: Zer!... Zer ba!

BERHOUET: Batetik ez dakizu segurtamen osoarekin nor daiteken zure salataria. Bertzetik, guk, girixtinoek, ez dugu mendekatu behar.

BETIRI: Bainan, jaun bikarioa, ez da hori mendekioa! Hori da zuzenlegea... bakotxak berak egin behar duena, ez delarik legezko auzitegirik horren egiteko!

BERHOUET: Bai, bai, zuzen mintzo zira... Bainan ikus ere, zer ondorioak jin daitezken zure mendekiotik... Zer herrak eta segur, odol ixurtzeak ere!... Nik uste, hobe ditugula iturri tzar horiek oraidanik moztea... Zuk zer diozu hortaz, Ana?

ANA: Bide gogorra dela, zuk proposatzen daukuzuna, bainan Jesusek ere barkatu ziotela bere burregoeri.

BERHOUET: Nere iduriko, nehori ez ginuke aipatu behar errientak egin duena edo egin dukena... Gauden hortaz beti ixilik... Xede hori har-azue nerekin batean... Ez dukezue ezkontzerako preparazione hoberik.

BETIRI: Otoi, jaun bikarioa, utz ezadazu nere gogoeten egiteko astia. Ez dautzut ezetz erraiten... Bainan nere zauriak berriegi dira, barkamenaz lañotzeko.

 

OIHALA

 

aurrekoa hurrengoa