www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Domenjon de Andia
Antonio Maria Labaien
1965

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Teatro osoa euzkeraz (II), Antonio Labayen. La Gran Enciclopedia Vasca, 1977

 

 

aurrekoa  

AZKEN-ZATI — EPILOGOA

 

(Estali-Oiala altxa gabe dagolarik Oxer ertz batetik agertuaz).

 

        Jaun-andre, jende maitagarri zeratenok! Emen gatzaizute igeslariak ta sasi-letradu au lenengo. Etxeratu gera, bai larri zamar ibilli ta gero. Ikusi dezuten zoritxarreko gertakizuna amaitu da; ez zazutela ahaztu ordea. Gaonen eriotza Historia biurtu da. Zer gerta zan gero, jakin naiko dezute noski eta zuen gogoa asetzera, natorkizute azken aldiz.

        Bear gorriak eraginda; goseak aña, gorroto ta griñak bultzata, beste iritziz, gertakari odoltsua sortu zan. Errizaletasun itsuak eriotz lazgarria bururatu arazi ziguna.

        Baiñan Eriotz artatik, ala bearrez gure Erria gelditu zan bizirik. Domenjon Andia izan degu salbatzaile ta gidari. Bere gizontasun, ao-zuri ta jakituriaz Gipuzkoako Anaiarte ta Tolosako Erria zutik eta indartsu atxiki zituan Korrejidoreari esanez:

        «Gure txit altsu ta agurgarri dan Errege jaun Enrique Laugarrenari, jakin arazi bezaio Gaon Gazteizko Judua, bere erru ta kulpaz erailla izan dala Tolosako Erriari, zuzen kontra zerga ta petxak jaso izan nai zitualako gure eskubideak ukatuaz.

        »Adierazi izan arren, eta gaztigatu ez zuala zillegi gure oiturak zapaltzea entzungor egin zigun eta bere zima gaiztoan gogor leia zan ezkero erailla izan zan.

        »Au ez zan gertatu, maite degun Errege jaunaren aurka joateatik, gure Erri ta legearen alde jokatzeagatik baizik. Beraz, gaizki egin ta esandakoak barka bezaizkigu eta ez dezala, orregatik iñor zigortu erregutzen diogu. Jainkoak gorde beza Erregeren bizia urte askotan eta Bere esku doatsuetan umilki mun egiñez gelditzen gatzaio beti morroi ta serbitzari,

Domenjon Gonzalez de Andia»

 

        Orain bada, entzunle-ikusle-maiteok oiu egizute gurekin batera Domenjon Andia ta «aundiaren omenez erriak sortutako bertso-kanta auxe»:

 

                SAGAR EDER GEZATEA

                GERRIAN EZPATEA

                DOMENJON DE ANDIA

                GUIPUZKOAKO ERREGIA.

 

(Ezkuta-oila berriro altxatzen da I. Ekitaldiko Gerta Leku berbera azaltzen da, ots: Plaza nagusia, bertan jardun lagun ta antzezlari guziak sailka agertzen diralarik. Sail batean: Andre Katalin, Domenjon, Bikarioa, Alkate, Eskribau ta Aide Nagusiak; bestean Maixabel, Ines, Oxer, Santxo Yurreamendi; Auntzaxeago Mantoni, Perutxo Sakristau, Mirabea ta emakumezkoak; jende xea, kaletar eta basarritarrok inguruan sakabanaturik.

Guziok alkarrekin kanta bezate «Sagar Eder Gezatea» edota bestela norbaitek bakarrik bertsolari eran abestu beza, gañerakoak txalo ta oiuz erantzunez.

Bukatutakoan Oxer, plaza erdian dagon Domenjonegana urbilduko da deadar egiñez):

 

        «DOMENJON! BEORRI DEGU GIPUZKOAKO ERREGIA»

 

(Guziok oiu ta algaraz erantzungo dute):

 

        Bai, Bai, Hori! hori! Gora! Biba! Domenjon!

DOMENJON: (Isil araziaz) Ez! Ez! Ni ez!

        GIPUZKOAKO ERRIA DA GURE ERREGE

 

(Poz eta alaitasun osoan OIALA geldiro erortzen da).

 

AMAIA

aurrekoa