www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Domenjon de Andia
Antonio Maria Labaien
1965

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Teatro osoa euzkeraz (II), Antonio Labayen. La Gran Enciclopedia Vasca, 1977

 

 

aurrekoa hurrengoa

I. EKITALDIA

 

 

LENENGO GERTA-LEKUA

 

(Agertokian TOLOSAko PLAZA ZAAR AUNDIA.

Eskuiko bazterrean SANTA MARIAKO ELIZA Nagusia, ondoan «AMARRANDEGI» etxe ordea duala. Etxe ontan amarrenak biltzen zituzten eta toki egokia zan, baita ere, jende billerak egiteko.

Aruntzaxeago ORIA ibaia nabari da. Alde artan goruntz UZTURRE mendia ta ibaitik behera. ARRAMALE zubia.

ERDIAN PLAZA zuaitz bat edo beste agiri dirala, eta etxe koskor batzuek inguruan, naiko leku libre utzirik.

EZKER aldean ezkutata dagon Napar-zubitik datorren bidea. Galtzada au ezker aldeko baztarrean zutik dagon ANDIA-TORRE atari aurretik igarotzen da.

Gañerontzean ezer gutxi: Tolosa zaarreko irudia etxe itxurak kale ta belenen artean, baiñan ez zeatz egiñak, nolabait tajutuak baizik oial beltzaren gañean.

ARGI bereziz esandako lekuak nabarmen agiri araziko dira, ots! ANDIA-TORRE, PLAZA ala ELIZALDEA lagunen joko, ta jardunaren arabera. Eta antzezkizunaren Errejidore ta Zuzendarien iritzi ta gogora).

 

 

(Andia-Torreko eskaratz aurrean Bikarioa, Domenjon, Alkatea ta Eskribau jaunak jardunean).

 

BIKARIOA: Gazte jendea sumindurik dago eta edozein astakeri egiteko gertu. Bartarratsean Amarrandegin bildu zirala jakin det eta beldur naiz, Gaon judua, errelijioaren etsai hori azaltzen badin bada gure kaleetan, gaizki aterako dala.

ESKRIBAUA: Errelijioaren etsai ez ezen gure sakelen zurrupatzaille da hori. Jendeari orrek dio geien bat burua berotzen.

ALKATEA: Jende xehari ez dio asko kenduko. Ez dagon lekutik ezin eman. Gu, erriko nagusi ta errejidoreak izango gaituzu petxero ta pagatzaille. (Domenjoni begiratuaz) Beorrek bearko du bitarteko, berandu baño lehen. Zer derizkio Domejon?

DOMENJON: Bada, obe dala aldez aurretik gauzak antolatzea eta ez gero negar egitea. Guztiok jendea pake arazi bear dugu. Gaon hori judua izanagatik, Jainkoaren seme da; eta Errege jaunaren mandatari. Beraz, su-emantzaille ok zure mendean ar itzazu, alkate jauna.

ALKATEA: Ez da errez, asko bait dira ta laguntzaille onak dituzte: Iturrizako Oxer batxiller ta sasi letradua... Yurreamendiko semeak... Yartzako Santxo... eta abar eta abar.

DOMENJON: Guzioi, eta batik bat, etxe oneko giza-seme eta aundikiai, arrazoia entzun arazi bear zaie. Eta Oxer, kanon-ixturiante horri, ez legoke gaizki, beorrek, Bikario jauna Elizako aginduak gogoraztea...

BIKARIOA: Bai, noski, Domenjon jauna. Ortan daukat gogoa. Oxer dalakoa ez ote dan...oker. Ez det begiz galtzen. Baiñan, begira zagun egia, Gaon judua Gaztelako Erregeren izenean eskea egitera baldin badator, zer gertatuko da?... Aundi ta txikien mandio ta ikulluak, merkatarien ondasunak eta jende xeharen sukalde ta ganbarak erabat ustuko dirala. Eta, esan bearrik ez, Elizako Amarrandegia... aizez bete bearko degula. Goseak dakar berez, istillua, jaunak. Eta Gaztelako Errege Enrique laugarrenak pake hori eskeintzen badigu, aski genuen Naparroako errege pean jarrai izatea.

ESKRIBAUA: Erri osoa marmarioan ari da Enrique laugarrena Gipuzkoan dabillela-ta.

ALKATEA: Zaldibi ta aide nagusi izanak berri lotsagarrienak zabaldu bait dituzte, Erregek, erregiña zapustuaz giza-lizunkerian diardula. Esamesak edo...

BIKARIOA: Isil gaitezen...: «Inteligenti pauca». Domenjonek iñork baño geiago daki ortaz bere iritzia esan nai baliguke.

DOMENJON: Zergatik ez! adiskide maiteok: Erbesteko errege, jauntxo ta agintarien artean zerbait ikusia naizelako, nere irudiko, nola joka bear degun esango dizuet. Gipuzkoak orain eun ta berrogeitamar urte, bide bat artu zuan: pakearena. Ez gaituzu aldatzen ibilliko, naiz egun batez bide erosoagoak badirala uste arren. Odol asko isuri izan da, anai artean, jauntxoen bidegabekeriaz. Aide nagusiak Erregeri gorroto izateko zioak badituzte. Zigorra artutakoak nekez barkatzen bait-du. Ta aaztu, beñere ez... Gu, orain, ordea, errege bidean goaz. Probintziako anaitasuna indartu degu Gaztelako Enrique Laugarrenari eskerrak. Ez dagokigu Erregeren barruan dauden argalkeria ta utsegiteak aztertzea. Erregeri errespeto ta leialtasuna zor dizkiogu; eta ordez gure erriarentzat agindu dizkigu libertade ta Justizia.

ESKRIBAUA: Juduen mende dagon gizon ezain ta erkitu batek ez det uste ezer ori eman dezaigukenik...

BIKARIOA: Ez Naparroako Joan bigarrenak aña beintzat. Arengana biltzen, Iruñeko gure apezpiku jaunak, lagun egingo liguke.

DOMENJON: Bat izan, bestea izan, erregeak, juduen mendean ez ezen diruaren mende arkitzen dira, ta griñen pipiaz joak. Ez bedi Eliza Ama santa sar auzi orretan, Bikario jauna. Nik baño obeto bait daki jakin: Jainkoari Jainkoarena eman bear zaiola; eta Erregeari... erregearena.

ALKATEA: (gaiztoz) Eta... Erriarena... erriari. (Bikario jaunari begiratuaz). Eta Santa Mariako Elizaren eskubideak Tolosari.

BIKARIOA: Ez dago duda-mudarik! Aiek Ebanjelioko itzak dira. Eta zure asmoa, alkate jauna, zuzen erabakia utzi zigun Lanzeloto, Aita Santuaren ordezkari eta Iruñeko Elizaren buru izan zanak.

DOMENJON: Santa Mariako Elizak Erria du zaindari, ta bidezko da alkarrekin ondo aditzea, bat etortzea. Tolosako Errejidore ta agintariak bezenbat Santa Mariako ta gañerako ballara-elizen apaiz eta kapellauek leia bear dute pakearen alde.

BIKARIOA: Ez degu besterik egiten, Andiako Nagusi Jauna! Baiñan berri txarrak ekarri dituzte Valladolid eta Salamancatik datozen jendeak. Enrique Laugarrena zorrez eta lizunez galdua omen... eta gure bizkar bizi nai.

DOMENJON: Gaztelako Errege dan bitartean esamesai entzungor egin bear diegu. Jauntzat aitortua daukagu ta ezin uka diogu agintaritza. Ahal dutenok! Batzarrak, egin beza hori, ez guk! Bakoitza bere lekuan.

BIKARIOA: Onoko apaiz au, gai ez izan arren eta askotan iritzi ezberdiñekoa, beti izanen da ordea, Erri-gizonen esaneko. Elizak ez du sartu bear politikan ez bada Errelijioaren alde jokatzeko.

DOMENJON: Ez gaitezen ortaz geiago mintza. Ekiteko garaia da ta ez astirik galtzekoa. Nundik edo andik ekaitza uxa bear degu. Beok emen Alkate ta Bikario jaunak! Eta nik... oraintxe bertan Errege jaunaren billa noalarik. Ondarrabin da, ta zaldiz abituaz, gauerako ara eldu niteke. Perez Laskoain eskribaua atoz nerekin!

ESKRIBAUA: Lanez josita nago ba...

DOMENJON: Berdin da. Nik ere naiago nuke etxean gelditzea baiñan gaur bidez bideko dantzan bearko degu. Goazemazu!

ESKRIBAUA: Ala agintzen badit...

ALKATEA: Zu mutil zaar, zere buruaren jabe zaitugu. Don Menjonen emazte Dama Katalinek eta alabek kejatzeko zioa badute. Ez zuk.

BIKARIOA: Jainkoak emango ahal dizute ordaiña. Beorri ta. Andia-Torreko guziak goretsiaz. Agur Domenjon gurea! Bijoaz! Zoazte!

DOMENJON: Bearko!... Ibiltzeko jaio nintzan nunbait. Bakoitzak degu gere patua... nerea abiadura. Gaztelatik Prantzi, Flandes eta Inglaterraruntz. Goierritik beterrira; itsasoz ala lurrez beti bidezkari. Oraingo txangoa laburra da: Tolosatik Ondarrabirañokoa.

BIKARIOA: Alare! Joan bear duanak egotea kalte. Beraz uzten zaitugu, Nagusi, ta bidai on! (Bedeinkapen keñua egiñez) Jainkoak lagun zaitzatela!

ALKATEA: Bai! ondo ibilli ta laister arte. (agurtuaz).

DOMENJON: Ahal badet biar bertan egingo degu itzulia. Ez diogu alkarri beste olesik egin bearrik. Au bakarrik: Gu itzuli artean jendea trankil eta bare begola. Adio!

 

(Domenjon barneruntz sartuaz eta Eskribaua bere aldetik).

 

ALKATEA: Hori nere kontu gelditzen da... Ez izan kezkarik.

BIKARIOA: Jesukristoren itz ederrenetakoak auexek dira: Pax vobis. Gauden ortan!

 

(Alkate ta Bikarioa kalebarren aldera ezkutatzen dira).

 

* * *

 

(Ezenarioa unetxo batean utsik eta erdi illunpean bego. Bat batean ANDIA-TORREAren itxura dagon lekua argituko da ta ertzean duan ataritik Domenjon azalduko da berriz otsegiñez)

 

DOMENJON: Katalin! (Barrengo erantzunaren zai) Bai! Bai! Mutillari esan diot zaldiak prestatzeko ta bereala Ondarrabiruntz abia bear degu. (Andre Katalin bere bi alabekin agertuaz)

A. KATALIN: Zer gertatzen da ordea? Berri txarren batzuek al ditugu?

DOMENJON: Oraingoz ez da ezer okerrik, baiñan txarkeririk sor ez dedin, Erregearengana noa, ala bearrez.

A. KATALIN: Ez al zaizu berdin, ibillaldia biarko uztea? Nekaturik zaude.

DOMENJON: Biar?... Berandu izan diteke, agian.

INES: (alaba gaztea aitaren besoetara joan eta laztanduaz) Aitatxo etxean ikustea arrigarri egiten zaigu. Umezurtz jaio giñala badirudi.

DOMENJON: (Musu emanez) Ez, maite! Nere atsegin osoa zuengan dedala badakizute. (Andre ta alabak besotik arturik) Etxe ontan daukat nere poza eta zuen ondoan zerua, baiñan...

A. KATALIN: Bestela esango nuke... Gaur eguardirako maneatu nizkitzun jakirik gozoenak: amorrai presko, txerriki pusketa samur. (Alaba zaarrenari) Ez al da ala Maixabel?

MAIXABEL: Bai andre, eta nik arraultz-opil, eztiz estaliak, labean jarriak dauzkak.

A. KATALIN: Ikusten?... (Leunkiro Domenjoni) Ez al zenduke martxa utziko biarko, goizean-goiz abituaz? Arratsaldea laister illuntzen bait da oraindik.

DOMENJON: Ez Katalin, ez. Errege jauna gaur gabean Ondarrabin lo-egitekoa dala badakit. Eta biar ez det an arkituko, Pausoko Mugatik Urtubiko jauregira joatekoa bait da. Prantziako Erregeren aurrean ezin mintzatuko natzaio. Ez det ango arazoetan naasi nai; emengoak ematen didate aski lan.

A. KATALIN: Esango nuke! Ez da nunbait Gipuzkoan gizonik, Andia-Torreko nagusia baizik.

MAIXABEL: Gurea bezelakoa, ez beintzat, agertzen dakina, itzal aundikoa.

DOMENJON: Beste asko ni añakoak badira, baiñan alare oraingoan nik joan bear; ta aguro, Erregeren diru-biltzaillea Tolosara iritxi baño lehen. Jendea asaldatzen asia da; matxinada lertu aurretik itzaltzea obe.

A. KATALIN: Ez zera bakarrik joango, noski?

DOMENJON: Eskribaua ta eskutari gazteak lagun egongo didate. Mutillak ari dira zaldiak prestatzen.

INES: Orduan, aitatxo! eraman nazazu zure zaldi gañean Tapiaraño, gutxienez.

DOMENJON: Ez noa Anotatik eta ezin geldi niteke bidean. Urrengo batez, patxadan, guztiok alkarrekin Donostiara egun pasa ta itsasoko aizea artzera joango gaituzu.

INES: (goibel) Ez dakit noiz... beti gero, beti gero...

A. KATALIN: Udara laister dator, nexka, orduan da garairik onena.

DOMENJON: Bai agintze dizuet. (abituaz) Orain jantziz aldatzera noa.

A. KATALIN: Nun dituzun guziak badakizu, Txukun jarriak daude. Ez ahaztu txartes ta zamarra, euria egiten badu ere.

DOMENJON: Ateri dago ta eguraldia onera doala uste det.

A. KATALIN: (Barneruntz lagunduaz) Ezin aterako zera etxetik ezer artu gabe. Sukaldera noa zerbait bero dezaten.

DOMENJON: Katillukada salda, arraultz batekin

MAIXABEL: Errege jaunak ere zurekin etorri bear al du?

INES: Zertarako?... Itsusia omen da-ta sudur motza, tximua bezela.

A. KATALIN: (Asarre) Zer dira itz oriek! Goikoai errespeto aundia bear zaie. Eta damatxuak ez gurasoai alper galderarik egin.

INES: Barkatu amatxo: Maisuak esan zidan...

MAIXABEL: Nolakoa dan ikusi nai nuke.

DOMENJON: Zaldun galant eta apaiña. Terziopelo ta urrez jantzia eta buruko kapelan luma zuria. Iñoiz ikusiko dezute.

INES: Bai, aita.

A. KATALIN: Lenago, zuk (Inesi) erdel «lizioa» ikasi bear dezu. Ta gero esku lanak egiten. Goazen goruntz...

INES: Bai amatxo!

 

(Laurok sartzen dira. Domenjon Ines ek eskutik artuta).

 

* * *

 

(Andia-Torreko bazterra illunpean geldi bedi,
argia plaza erdian puztuaz.
Bertan Zaldibiako Joanes
eta Yartzako Santxo azaltzen diralarik)

(aide nagusiak).

 

J. ZALDIBIA: (Alde batera eta bestera beldurti begiratuaz) naikoa det. Bidean ere mokaruren bat jango degu gosetzen bagera.

INES: (Besotik elduta losintzaz) Aita! Prantziako konfitiak bai dirala gozoak!

DOMENJON: Bai maite! Ondarrabin izan oi dira salgai eta ekarriko dizkitzuet erregali...

A. KATALIN: (Inesi) Eta gero guziak janda or ibilliko zera ortzetako miñez.

INES: Ez amatxo!, pixkana-pixkana txastako ditut... eta Maixabeli banatuko dizkiot.

MAIXABEL: Ez dizkiñan geiegi emango, ez!

DOMENJON: Eta zuk etxekoandre, ez al dezu ezer ekartzerik nai?

A. KATALIN: Orain azkena, Inglaterratik kutxa-bete gona, galartsu, buruko, oñetako ta pitxi ederrik ekarri zenizkidan eta ez det geiagoren bearrik zure atsegiñerako ez bada...

DOMENJON: Zu apain ikustea gustagarri zait ta Prantzian moda berriko soñekoak ikusgarriak dira damentzat.

A. KATALIN: Naiz esku utsik, zu lenbaitlehen etortzea da nere gutizirik biziena. Ez besterik...

DOMENJON: Biar bertan ahal badet eta Jainkoak lagun, Erregek ez badit besterik agintzen. Ez bait da komeni ni luzaroan Tolosatik kanpo gelditzerik. Zer uste zuan bada jende xehak?... Gure mendetik aterata, bere gisara, lanik egin gabe eta petxak ordaintzeke biziko zirala?...

S. YARTZA: Hori nai zuten, guri ebatsitako ondasunekin, baiñan nagusi okerragoa sortu zaiela, jakingo dute orain.

J. ZALDIBIA: Bai. Gaztelako Errege Enrique Laugarrena ona izan zuten aide nagusiak zapaltzeko, gure torre-etxeak birrintzeko. Orain, ordea, hari eman bearko dizkie guri lapurtutako aberastasunak. Tolosako erriari bein eta berriz diru «pedidoa» egitera dator, zergak biltzea. Eta armadun gizonekin bidean dala jakin da. Orain ikusiko degu zer egingo duan Andia Torreko Domenjon jaun «zuri-eder» (eskui-ezkerrera begiratuaz eta isillago)... Paltso orrek!

S. YARTZA: Ez ikustea, obe! Ni bada ezpada Berastegiko Jauregira, nere aldetara joango natzaizu, biar bertan. Eizean lasa ibilliko naiz Ameraun eta Ipoliñoko basotan.

J. ZALDIBIA: Zu, gazte zaude oraindik. Eta ibilli zaitezke. Nik berriz, etxean geldi bearko det. Ez bait naiz ezertarako gauza. Andaluziko Estepona aldetik, erbestetik, itzuli nintzan ezkero, erreumaz jota elbarriturik nago. Domenjon antola dedilla, Errege, Gaon judua ta erriko jende xeharekin. Guziok asetzen eskubete lan baduke. Bai alajaña! Ezin ikusia jasoko du...

S. YARTZA: Baiki, Joanes, Zaldibiko zalduna! Txikiak aundiari gorroto; maizterrak nagusiari. Orrela goaz!

J. ZALDIBIA: Eta Eliz gizonok ere... guri erriak kendutako oñdasunetatik amarrena izatearren, jende xeharen alde.

S. YARTZA: Apaizok... neri kendutako amarrenetatik ez dute bada sabelik beteko.

J. ZALDIBIA: Bikario jauna, bera, lenago naparzalea zan. Orain Domenjon eta Konsejuko errejidoreekin bat egiñik dago, ortik jaten bait du! Or du ganbela!

S. YARTZA: Antziñan Santa Mariako apaizak Tolosako erriak izendatzen zituan. Gaur Iruñeko apezpikuak nai dituanak bidaltzen dizkigu... ta guk mantenu bear.

J. ZALDIBIA: Aide nagusiak ez bait gera ezer! Gurea da errua. Gure artean izan ditugu saltzailleak... bai oñaztar eta bai ganboitar artean ere. (goibel) Santxo! Gureak egin du. Beste denborak etorri zaizkigu. Errege, urrutiko agintari... ta erri xeha bertako nagusi.

S. YARTZA: Bitarteko... Domenjon eta beste zenbait ustel... Uztarri batean lotu ta akullua sartuko nieke. (jarduna etenaz Andia-Torretik datorren otsa oarturik).

J. ZALDIBIA: Zaldi-perra soñua dator Andia-Torretik... Domenjon abituko da... Ez dauka etxean gelditzerik. Seguru asko Erregearengana joango da...

S. YARTZA: Bidean amiltzen bada ere, ajola gutxi!

J. ZALDIBIA: Kontuz! Ez gaitzatela ikusi. Zeletan gaudela usteko bait dute.

S. YARTZA: Gu gera, bera begiz ikusi nai ez degunok.

J. ZALDIBIA: Anka egin zagun Elizaldeko errotatik barrena...

 

(bijoaz)

(Zaldi irrintziak entzun bitez)

(Illunpe unetxo bat ondoren argia Andia Torreko aldean agertuko da berriz. Etxeko belen atzetik bi mirabe. Batak suila naiz ontzi bat arropa zuri buru gañean; besteak otar uts bat galtzarbean. Ibaiaruntz garbiketa egitera doaz. Auzoko Andre Mantoni berriketara urbiltzen zaie).

 

A. MANTONI: Zer da berri? Naiz bi belarrietatik sor-gor zamarra izan zarata aundia nabaritzen det zuen Torre barne ortan.

I. MIRABEA: Etxe aunditan beti soñu aundiak... Eta lana ere bai.

II. MIRABEA: Hori esan!

A. MANTONI: Zerbait geiago ere bai, apika. Atarramendu txarra eman diot zaldiak prestatzen ari zirala suma dedalarik. Zuek jakingo dezute.

I. MIRABEA: Belarri txarrak baiñan sudur ona dezu usaintzeko. Nagusi jauna berriz ere abitzera doala eskribaua ta eskutariarekin.

A. MANTONI: Esaten nizuten. Gure Domenjon zaldun «prinzipalegia» da eta ezin etxean egon Andre Katalinek nai luken aña.

II. MIRABEA: Ez du artu ezta bazkaltzeko betarik ere!

A. MANTONI: Otordu kontu ortan, nere «Perutxo»k ez du utsik egiten. Eskerrak zuen Etxekoandrea esku zabala dala, Zuen sukaldeko ondakiñekin guziok asetzen gera.

II. MIRABEA: Egia da. Gure etxean jana sobra degula, baiñan baita ere lana.

A. MANTONI: Lana?... Dantza, jai ta erromeria ez dezutenean, bai.

II. MIRABEA: Ortatik noizik beinka.

A. MANTONI: Artxipiagan izango ziñaten Pasko biharamunez... galaiak lagunduta... irri eta mirri!

I. MIRABEA: Mutillak ez daude guretzat.

A. MANTONI: Losintxatzen jakin bear...

II. MIRABEA: No! limur errezak zeudenan-eta.

A. MANTONI: Mayatza izan oi da sasoirik onena. Gure gazte denboran goizean goiz joaten giñan inguruko baserri guzietara «erreberoa» artzea, bidez-bide lore ta marrubiak bilduaz.

I. MIRABEA: Orduan arkituko zendun zure Peru...

A. MANTONI: Ark bai ni... beti atzetik nenbilkiala.

I. MIRABEA: Oraingo gazteak, bada ez dute gerran besterik pentzatzen.

II. MIRABEA: Ez dakigu zer dabiltzan «Amarrandegi»n sartuta.

A. MANTONI: Nere gizonari esaten diot: ez istillutan sartzeko! Gerra? Erriari su emango balioteke Mondraguri bezela emen kiskalduko giñake guziok. Jesus milla bider!

I. MIRABEA: Ez litzake orrenbestaraño izango. Zera!... Bertan degu ibai ederra-ta.

II. MIRABEA: Bai, ibai ederra... berritsukeriak utzi ta arropa garbiketara joan gaitezen.

A. MANTONI: Andia-Torreko arropa garbiketa egiten ez da zailla. (Arropa begiratuaz) Au zuritasun eta edertasuna! Andre Katalinen amandreak linu ariz eundua! Zuek baztartzen dituzuten puskai eskerrak ez da gure etxean maindirerik falta. Andre Katalin eta alabak ain dira esku-zabal beartsuentzat!

I. MIRABEA: Ondo astinduko ditugu arri gañean, lehenbaitlehen puska ditezen.

A. MANTONI: Hori! iñundik ez! Orduan ez lirake iñorentzaño gauza izango-eta.

II. MIRABEA: Ixo! (adi-adi jarriaz). Ez al dezute entzuten?... (Zaldiperra soñuak eta irrintziak, Torreko ikullutik datozenak entzun bitez... eta gero urrutiratzen doaz) Badoaz...

A. MANTONI: Bi belarritatik gortzen asia naiz eta ez det ezer sumatu.

I. MIRABEA: Orduan, oiean zaudetela, Perutxoren zurrunkak ere ez zaitu esnatuko.

A. MANTONI: (Asarre) Zer ari zera likiskeria! goiz-ollanda alena ez bestena!

I. MIRABEA: Oraingoan entzun dezu bada.

A. MANTONI: Aditu egiten det; ta entzun ez, komeni ez danean.

II. MIRABEA: (Parrez) Ja, ja, ja! Goazeman! neska!

 

(Bi mirabeak aidoso suilla, otar eta puskak buru gañean arturik beren lanera doaz).

 

A. MANTONI: (Belenetik ezkutatzen da) A! gazte ergelak! Zuekin ez dago gauza zuzenik.

 

(Unetxo batean antzeztokia iñortxo gabe gelditzen da. Txistu-otsa entzun bedi. Bereala Andia-Torreko leio bat barrendik zabalduko dute Maixabelen arpegia agertuaz. Onek keiñu egin ondoren leiopera kale barrendik Martin Yurreamendi giza-semea urbiltzen da. Eta argiak toki artan disdira egingo du).

 

MAIXABEL: Gure aita jauna oso kezkati abitua da. Ez du ea ahomenik artu. Salda txurrupa bat eta alde! Jendea asalduta dagola-ta, Gaon juduaren etorreraz. Zer gerta ote litekean beldur gera.

MARTIN Y.: Gertatu? Utsa! Bidezko dana. Maltzurkeriaz diru billa datorrenari ostikoz jota atzera itzuli araztea.

MAIXABEL: Zu ez zaite, badaezpada sar iskanbilla ortan.

MARTIN Y.: Zer nai dezu? Bordon dantzan jardutea? Ez da pesta eguna, ta nik lagunekin batera ariko natzaizu.

MAIXABEL: Naspillazaleak erritik kanpora botatzeko agindua dago. Ez nuke nai zu tartean izaterik. Emen bakar-bakarrik geldituko bait naiz, zu gabetanik...

MARTIN Y.: Mairuen lurretara bialtzen banaute ere ez zaitut aaztuko. Eta noizpait itzuliko naiz.

MAIXABEL: Ango emakumezkoak ez badizute burua galdu arazten.

MARTIN Y.: Ez Maixabel kutuna! Musulman emakumeak arpegia estalita daramatela badakizu. Iñork ez daki zahar ala gazte diranik; eder ala itsusi. Zure begiok eta zure aurpegi eder hori ikusita gero...

MAIXABEL: Aiek ere zerbait liluragarri izango dute.

MARTIN Y.: Mairu nagusiak etxean itxita eukitzen dituzte. Bakoitzak al dituan guziak, gañera, Haremen.

MAIXABEL: Andre gajoak. Hori ez da kristau-legea.

MARTIN Y.: Zu zera nere legea; zu bakarrik zaitut maite. Ango beltxeran guziak baño, nik naiago zure marfillezko lepo ta kolko leun zuria.

MAIXABEL: Ez bazera zintzo ibiltzen eta ez badezu zentzuz jokatzen galduko nazu, bada. Gurasoak ez didate utziko zurekin ekontzen.

MARTIN Y.: Kortejatzen zaitudala badakite eta egundaño ez digute eragotsi alkar ikusi ta mintza gaitezen...

MAIXABEL: Begiak itxita ez ikusia egiten dute. Baiñan gauzak okertzen badira, nork daki?... Ixo! Kalebarrendik jendea datorrela dirudi. Leioa itxitzera noakizu.

MARTIN Y.: Itxoin zazu pizka bat. Noiz ikusiko degu berriz alkar?

MAIXABEL: Biar goizean amarretan Elizan, illeta bait degu.

MARTIN Y.: Ni egun txintan eizera joatekoa nazu, baiñan eguardi aurretik egingo det itzulia ea leio ontatik ateraztzen dan nere eguzkia (irritsu).

MAIXABEL: Goibel ez badago eguraldia... Zoaz emendik limurzale gezurtia. Jendea da (leioa itxiaz).

MARTIN Y.: (Leiora musu-keñua bialduaz) A sorgintxo!

 

(Kale kantoitik ezkutatzen da)

 

* * *

 

(Bikario Jauna ta Alkatea Arramele aldetik datozela Elizalderuntz joanez).

 

ALKATEA: Gure gizonak onuzkero Amasa aldean ditugu. Bide zelaia dute ta zaldi bizkorrak. Bein Murgiako zubia pasa ezkero laister agertzen da Oiartzuri. Eta illuntzerako Ondarrabira sartu ditezke.

BIKARIOA: Ez zure gogoa bezin aguro, alkate jauna. Bide luzexkoa da, baiñan okerrik ez bazaie gertatzen gauerako bai, Errege jaunarengana inguratu ere.

ALKATEA: Amaiketako artzen denbora galdu degu eta eguardi aurretik aguazillak ballara guzietara bidali nai nituzke jendea pakearaztea.

BIKARIOA: «Angelus», otoitza esan da gero aginduak emango dituzu. Ea Goitik datorkigun laguntza.

ALKATEA: Laguntza onena zigorra da, deabrua tartean dabillenean. Aguazillai gaztigatu diet gaur gauean erriko ateak ondo zaindu ta itxi arazteko. Beorrek beste orrenbeste egin beza Elizan eta Amarrandegin.

BIKARIOA: Elizak beti zabalik bear du. Orain Sakristauari esango diot «casus belli» sortzen baldin bada «Amarrandegi» giltzaz itxi dezala. Eta ez dezaiola jendeari sartzen utzi, noiz eta norbaitzuek amarrenak ekartzera ez datozen.

ALKATEA: Beorrek ez ditu Elizaren amarrenak galtzen utziko, ez! Ez da etxekalte!

BIKARIOA: Ezta bear ere! Jainkoa da aurrenik... (Ontan Eguardiko amabi kanpai otsak entzun bitez: Dan, Dan! Dan... Eta Bikario jauna kapelua kenduaz errezatzen asiko da) «Angelus nuntiabit Maria» (Alkateak gogo txarrez bederen erantzuten dio ta biok otoitz egin ta ibilliaz ayenatzen dira kale batetik). (Elizako kanpai otsak buka ondoren Perutxo Sakristaua ta Oxer Batxillerra Eliza aurrean ager bitez).

SAKRISTAUA: Bikario jaunak agindu dit Amarrandegin ez iñori sartzen uzteko. Eta Domenjon Ondarrabitik etorri bitartean atea itxitzeko.

OXER: Zuk gaizki aditu dezu gizona! Nola esan zezakean kirtenkeri hori! Amarrandegi ez al da bada gauza biltzeko? Orretarako ateak beti zabalik bear ditu. Norbait ostutzea etor baledi, orduan bai, itxi! Baiñan erriko jendeak dakarzkite amarrenak. Eta kanpotik datorren arrotz Gaon judu hori da zurrupatzaillea.

SAKRISTAUA: Oraingoan ez du asko ken ahal izango, bada... Mandioa erdi utsik dagota.

OXER: Ez zaizu alerik ere geldituko bada. Ezta apurrik ere! Guzia juduak jasoko dizu... erregearentzat.

SAKRISTAUA: Zer gertatzen da ordea?.. Nere motzean, ez det tutik konprenitzen.

OXER: Bada, onoko auxe: Enrique Laugarrena «aker orrek» sasi-alaba Prantziako errege Luis amaikagarrenaren anairekin ezkondu nai duala ta eztaiak «panpantxo» gure bizkar egin nai dituztela, erria zakurrik gabe utziaz...

SAKRISTAUA: «Azio» hori egiteko aide nagusian mendean obeto geunden. Amarrandegin ez zan garirik falta. Jaten ematen ziguten beintzat.

OXER: Orain juduak bakarrik asetzen dira. Gure etsaiak.

SAKRISTAUA: Ni sakristauaz gañera, kristau nazu lendabizi...

OXER: Ez itxi bada beste kristauai Amarrandegiko ateak. Orain datozenak adiskideak ditugu, erriko jendea.

SAKRISTAUA: Nik baño eskola geiago dezu ta zure gain uzten dizkitzut giltzak (giltzak emanez) Torizu! Nik ez dakit ezer. Or konpon!

OXER: (giltzak artuaz) Bai gizona, bai. Alkar ezagun degu. (jende otsa entzun bedi). Emen ditugu lagunak. Goazen barrura!

 

(Gerta-lekua illunpean gelditzen da; eta unetxo ortan oial beltz batez lengo dekorazioa estaltzen dute eta Amarrandegi barruko mandio utsa agertuko da baztarrean saku bat edo beste, eta egur-pilla besterik nabari ez dirala. Gerta-lekua argitu-ala Oxer eta Sakristaua sartzen dira! eta ondoren Martin Yurreamendi, eta beste bospasei gizaseme ta gizon).

 

OXER: (Au da batzarraren buru ta ezkutuki etorri berriai aginduak ematen dizkie). Ez istillurik atera, bada ezpada ere!

MARTIN Y.: Ala da, Bikario ta Alkatea aguazillekin or dabiltza kalean.

I. GIZASEMEA: Emen, onela bazkal aurrean bildu arazteko albiste txarren bat al degu?

II. GIZASEMEA: Motel!, eltzeko babarrun egosiak jateko gero ere denbora izango diagu.

III. GIZASEMEA: Lana bukatu gabe etorri bear izan diat. Ez bait nauk sakristaua bezela kanpaiak jo ta kito!

SAKRISTAUA: Aizak? ez badakik ere nik ez diat zer ikusirik elizkizun ontan. Au dek emen (Oxenen gatik) sermolaria...

OXER: (oso ber, demagogo tankera arturik) Entzun bai!.. gauza ez da txantxetakoa... (entzuleok adi-adi jarriaz) Jaunak: Biarko eguna, egun gogoangarria izan diteke bai Tolosa eta bai Gipuzkoa osoarentzat ere. Goierritik gaztigatu digute Gaon judu naskagarria ta laguntzailleak Tolosara datozela diru ta gauza billa. Zoritxarreko «pedido» dalako eskea egitera. Au dala-ta gertu egon bear degu piztitzar hori erritik kanpora bialtzeko. Auzo-txiki, Yurre, Usabal, San Esteban eta Monteskueko ballarakoak jakiñan gañean daude, eta Gaztelako errege-bidea zaintzekoak dira, Gaonen laguntzaille armadunok atetatik kanpora geldi ditezen. Juduak sartu nai badu, bakarrik sartuko da...

MARTIN Y.: Bai, San Migeltxo ta Laskorain Torretik ederki garaitzen dira bide guziak eta antxe egongo dira basarritar guziak erne. Kaletarrok ez zerate gutxiago izango.

I. GIZASEMEA: Eguraldia ez dago txarra zai egoteko...

OXER: Eguraldia ez, baiñan albisteak oso okerrak dituk, zergatik ezen Gaon armadun taldearekin gure diru ta ondasunen billa datorren...

III. GIZASEMEA: Ederki eman ere! Gu, arotzak izerdi... ta arrotzak «Marabedi». Beti lanpean eta petxapean bizi bear al degu? Madarikatu zikiñak!

II. GIZASEMEA: Orretarako al degu Errege?

SAKRISTAUA: Naikoa degu gure Domenjonekin.

OXER: Bai!, Domenjon jaunak asko dezake eta Erregearengan keja ematea joana da. Baiñan Gaonek aurrea artua du ta jokua eskutik irabazten badigu galduak gera! (Guziok batera sutzen asiaz)

        Hori ez!

        Ordago botako diogu!

        Jota ke!

        Egin zaiogun lepo!

OXER: (baretu araziaz) Oiurik ez! Iso! Ez sumindu, ta mintza zaitezte isilago.

MARTIN Y.: Itzak urri!, Ekin, egin bear degu ekin!

OXER: Orretarako kaleko jendeari isilka adierazi bear diozute biar goizean, ezpata ta azta-makillak artuta Gaztelako ate inguruan erne egon ditezela. Gaon errian sartzen asten danerako.

I. GIZASEMEA: Eta zertan ezagutuko degu Gaon dala?

SAKRISTAUA: Juduak izatsa (buztana) deabruak bezela dutela aditu izan det.

II. GIZASEMEA: Baita zera ere! adarrak akerraren antzera...

III. GIZASEMEA: Jantzia ez dik izango kristauok deguna.

MARTIN Y.: Laister antzemango diozute, ez izan beldurrik.

OXER: Lasa egon zaitezten esango dizuet Batzar Nagusiaren aginduz Judu orrek Gipuzkoan baimenik gabe sartzea galerazia daukala, naiz Enrique Laugarren erregeak bidalia izan. Beraz, biar goizean zuen tokia nun dagon jabetu zerate. Baiña ez ditezela kontuan erori ez alkate, ez errejidore ta ez Bikarioa...

MARTIN Y.: Jende xehak, jakitea aski da; ta auzotako maizter eta basarritarrekin bat egiñik, zernaitarako prest egon!

I. GIZASEMEA: Kaletarrok ez degu uts egingo. An izango gera izkillu ta guzti.

II. GIZASEMEA: Eizera ateratzeko aitzeki-maitzeki zakurrak ere eramango ditugu.

III. GIZASEMEA: Jai egiteko beti da giro... Lana, sakristauak egin dezala.

SAKRISTAUA: Lana?.. Zakurrak zaunka sumatzean kanpaiak joko ditut beintzat. Eta orain etxera zoazte, bazkaltzeko garaia dezute-ta. Emen ez dago ezer eta nere ustez onena Amarrandegi itxitzea izango zaigu.

OXER: Bai, goazen, baiña zalapartik atera gabe. Ez ogi pusketarik ez ardo txurruparik eskeintzen ez diguten ezkero, joan jaitezen! Tira! Perutxo! Mugi!

SAKRISTAUA: Traguxka eskeñi?.. meza emateko ozta-ozta gelditzen bazait Sakristian...

 

(Bat batean, ustegabean Bikario jauna sartzen da guziok arrituta utzirik. Geienak igesi doaz Oxer eta Martin Yurramendi bakarrik gelditzen diralarik Bikario jaunari aurpegi ematen).

 

OXER: (Lasai) Bikario jauna degu-ta. Ez ginduzun espero D. Permin.

BIKARIOA: Esango nuke. Ez didazute deirik egin, ez baimenik eskatu... Beraz ni espero..? Zertara bildu zerate?

OXER: Ezer txarrerako ez giñan bilduko, ain zuzen, eguardiko amabitan. Zera...

MARTIN Y.: Azken berriak jakitera...

OXER: Eta biar goizerako eizealdia, gertutzera... Gauerako utzi gabe.

BIKARIOA: (Bioi so egiñez) Begira!, Oxer batxiller eta Doktor gaia, eta Yurreamendiko gizaseme gaztea! Ni zaharra nazute eta urrutira artzen det usaia... Egia esaidazute! arren! Zuek... Gaon juduaren etorrera dala-ta zerbait iskanbilla gertutzen ari zerate. Ez al da ala?

OXER: Ez diogu ukatuko... bai jauna! Eskera baldin badator...

MARTIN Y.: Ez diogu erriko dirutza jasotzen utziko.

OXER: «Pedido» eskabidea gogorrean jaso nai badu, gogor erantzun bear zaio. Ez iñolaz ordaindu!

BIKARIOA: Hori ondo dago, eta asmo ortan joanak dira Erregearengana Domenjon, eskribaua ta abar.

OXER: Enrique IV (laugarrena) ezain eta tximu orrek egingo duan Justiziaren zai baldin bagaude erria ilko da gosez.

BIKARIOA: Erregea, errege degu ordea... naiz Gaztelakoa izan... (Oxeri!) Zu Salamankatik etorri berria zeran ezkero zer diote an Enrique Laugarren ortaz?...

OXER: Ezin dute begiz ikusi nai, bere inguruko aundiki batzuek izan ezik: Haroko kondea, Calahorrako Obispoa, Villena Markesa eta antzekoak. Mendean artuta daukate. Eta auek Juana «Beltraneja» sasi-alaba, Guyanako Printzearekin, Luis Amaikagarren erregeren anairekin ezkondu nai luteke.

        Eta orretarako guri dirua zurrupatu nai digute. Gaztelako erri geienak, jauntxo ta nekazariak aurka daude eta Enriqueren erregetzak ez du luzaroan iraungo. Eta are gutxiago aitortuko dute Juana hori erregintzat. Nor duan egitazko aita edozeñek daki?... Gaztelako kortea usteldurik dago.

BIKARIOA: Ni ez naiz nor arazo labain orietan sartzeko, baiñan izatekotan Naparroko erregearen alde jokatuko nuke. Iruñeko apezpikua nagusi dedanez.

MARTIN Y.: Jatorriz leitzarra zerala ezagun zaizu.

BIKARIOA: Ezin ukatu, baiñan nere aita zanak Probintzian «hidalgia» artu zuan eta ez det beñere aaztutzen Santa Maria Elizako ontako Bikarioa naizela eta Tolosako erritik bizi naizela, ta jaten dedala.

OXER: Beste asko, ordea, Bikario jauna, emen erdi goserik daude, bai langille ta bai baserritarrak; eta baita ere erdi-razioko apaiz beartsu batzuek ere. Eta Gaon judua Erregek bidalita sakela betetzera baldin badator, aurrerantzean, emen ezin bizi izango da iñortxo: ez goiko ta ez beeko; ez aide nagusi ta ez maizter. Ezta!... esango nuke Santa Mariako Bikario jauna bera ere!

MARTIN Y.: Guziok alkartu bear degu, aundi ala txiki geren buru ta ondasunen jabe izan gaitezen. Eta ez besteren mende egon beti mutil, petxero...

BIKARIOA: Domenjon Gipuzkoako Hermandadearen izenean Erregearengana, Justizia eskatzera joana da ta gure Lege zaarraren itzalean lortuko duala uste det.

OXER: Eta Justizia ukatzen badiote, gure esku artu bear degu.

OXER: Bestela ezin iritxi badegu, geok artu, Erregek nai badu nai ezbadu.

BIKARIOA: Zaudete soseguz, pauso txarrik eman aurretik eta geiegi burua berotu gabe. Gazteok ez dakizute itxoiten.

OXER: Ez, jauna. Goseak ere ez du itxoiten. «Amarrandegi» au utsik ikustea besterik ez dago.

MARTIN Y.: Eta errotetako arriak aspaldi geldirik.

BIKARIOA: Uda berrian gaude ta laister etorriko al da, gari berria... naiz Naparrokoa izan... Ixo! Norbait da (Unetxo batean itxoin da gero sartzen da zalapartan Perutxo sakristaua)

SAKRISTAUA: Alkate jauna dator onuntz!

BIKARIOA: Itxi zazu au bereala ta goazen guztiok nere etxera. (Laisterka danok doaz kanpora Bikarioak doiaola albotik)

 

OIALA ERORTZEN DA

 

aurrekoa hurrengoa