www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Euskeraren berri onak
Agustin Kardaberaz
1761

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio informatiko honen egilea: Aitor Arana Luzuriaga

 

aurrekoa hurrengoa

VIII
EUSKERAZKO ERRETORIKA

NOLA DAN

 

        Erretorika zer da? «Ars vel doctrina bene dicendi.» Quintilianok (lib. 2. C. 15.) dionez, ondo itzegiteko Arte edo dotrina da. Erretorikaren arte onek, ondo itzegiten erakusteko erregletan, bere edergarri edo itzaldiaren apaindurak, tropo ta figurak deriztenak, ditu: oiek itzen aldaera edo batetik bestera aldatzeko moduak dira. Tropoak, autoreak diotenez, berez itzetan, ta figurak gauzetan aldaera ori egiten dute, edo berenezko sentidurik beste batera mudatzen dira. (Quintil. Lib. 9. c. 1.) Tropo edo aldaera, batzuetan itz batean, metafora deritzana bezala, egiten da: besteetan, itz askotan edo itzaldi osoan, alegoria deritzana bezala.

        Figurakin itzak mudatzea, Artearen erreglakin ta ederkiro beren lekuan itzak ifintzea da. (L. 9. c. 1.) Figura batzuek itzetan, besteak sentenzietan dirade. Diran guzien kontu, banaka ta txit ederki Ciceronek ematen du: (3. de Orat.) Eta au da lengoaje guzietako erretorika, ta onen erregla jakin guziak lege oietan sartzen dira. Euskaldun askoren jakineztasun edo errore itsua txit andia da, ta uste dute, erretorika ta onen erreglak ta armonia ederra, latiñarentzat baizik, edo euskerarentzat ez dirala.

        Jakizu bada: I.— Erregla oriek euskeran, beste lengoaje guzietan bezala dirala, ta gure izkeran tropo ta figura diran guziak añ ederki datozela, nola latiñean ta beste edozeñ izkundetan: ta arrazoiaren argia buruan duen gizonek euskerari au ezin ukatu dio. Jakizu II.— Artezko edo erreglakiko erretorika baño izatezko edo bakoitzak bere naturalezako duen erretorika lenago dala. Argatik Quintilianok añ argiro esan zuen: (L. 2. C. 17.) «Omnia quae Ars consummaverit, a Natura initia duxisse.» Arteak bere erreglakin akabatzen duen guzia, naturalezatik edo berezko izatetik asitzen dala. (L. 3. c. 2.) «Initium dicendi dedit natura, initium Artis Observatio.» Itz egiteko asiera Naturalezak, Artearen asiera oarrak edo obserbazioak eman zuela. (L. 2. C. 19.) «Natura etiam sine doctrina multum valebit; doctrina nulla sine natura esse poterit.» Arte edo dotrinak bere gaia naturalezatik edo berez bear duela; bestela ezer balioko ez duela, edo ezer izango ez dala.

        Arte gabeko edo berezko erretorika naturala nola dan, obeto erakutsiko dizute, estudio ta eskola gabeko emakume bik: bat Gipuzkoarra, bestea Bizkaitarra, zeñai kontu grazioso bi ziertuak, orañ esango ditudan bezala, igaro zitzaien.

 

 

Andre Donostiarraren Erretorika

 

        Beste errekardari asko oi dabiltzan bezala, au batetik bestera bere gauzak saltzen edo tratuan zebillen. Erri batean, ala bearrez, galai gazte batekin topatu zan: eta ikusi ta ezagutu zueneko, abegor txit gozo ta agasajo txit andiak egiten asi zitzaion: «Ai au enkontrua! Ziña ta bedeika! Au galaia! Au joia preziatua! Auxe bai gure Donostiako semea degula!» Onela beste milla edertasun gazte orri esan ziozkan.

        Arako beren tratu-gauzetara etorri zirenean, orra non gure galaiak eskeñi txarren bat egin, ta bear etzan moduren bat errekardariari erakutsi, ta biak aserratu ziran: ta tortilla goitik bera irauli, ta andrearen beletak jirabuelta ariñ eman, ta gaztearen kontra biurtu, besoak gerrian ifiñi ta desaire guziak esaten asi zitzaion: «Nere jende onak, zer ikusi bear ote degu? Zer eskeñi degu au, edo nork egin digu? Oni begira: au nongoa ote degu? Onen patxadari begira! Ea: ken orpoetatik, koartoan bosteko estanpa: ken gure begietatik: ez guri beñtzat orrelakorik. Au nor degu? Gu español puru-puruak. Au nongoa dan ez dakigu. Gure aita ta amak frantzesak ziran: baña gu español garbiak, San Bizenteko Pontean bateatuak. Jende onak: au zer degu? Ken ortik! Ai au kontua! Deabruak ikusi du golillarekin astoa.»

        Eta onela beste gauza asko, edo aora zetozkionak ausardia andiarekin esan, eta galai oi lotsaturik utzi zuen: eta estudiantea bazan ere, bere legeak eta erretorika andrearenak ondatu ziozkan, ta bereak eta geiago aditu, ta geiagoren bildurrak ixillik iges egin erazo zion.

 

 

Andre Elorrioarraren Erretorika

 

        Au, ontzia bela batean bezala, bere ibikiakin zebillen errespeto andiko bat zan. Eta zeren kontuak, nere gustoko, ta berezko ango euskeraren grazia andia duen, Bizkaitarra banintz bezala aien gisa kontatuko det.

        Bizkaiko abade jakitun batek bere lloba bat erriko etxandera baten seme bakarragaz ezkondu gura eben. Baia andreak ikusirik abadeak eskintzen eutsan dotea, bere etxaguniteari eta onek zituban obligaziñoai erantzuteko adiña etzala, al egian modurik onenean eskusau iakan. Orregatik bere sazerdote iaun onek beti dote laburra opa eutsan, gero geituteko ustez; eta adietan emon gura izan eban bere llobeak zituban aide aberatsak, eta aetatik uste zituban urrezko mendiak edo ondasunak, eta etorkizun onen errezkada luze bat txito ederto kontadu eutsan.

        Etxandera zindoak epe galantagaz guztia entzun, eta azkenean sezerdoteari modu onetan esan eutsan: «Eta, Jauna, zure mesedeak etorkizuna bazau?» «Ez, andrea.» «Bakizu etorkizuna zelangoa dan? Zuria ala baltza dan?» «Ez, andrea.» «Etorkizunagaz ian, edo edan bozu, edo beragaz bizi izan bazara?» «Ez, andrea.» «Bada, Jauna, etorkizunaren barri obagorik eta segurubagorik ezpozu, zu geldi zaite zeureagaz, eta ni bere banoa neureagaz.» Eta orrenbestegaz abade iakitun ori ill otza legez gogortu ta mututurik andreak itxi eban.

        Orañ bada izenezko euskaldun ta sustanzia gabeko aizez beteak, esadazute: nondik Donostiar ta beste Bizkaitar onek izkunde dontsu eta erretorika añ bizi ta egokia ikasi zuten, edo nork erakatsi zien? Ez egieki zuen burutik, edo zuen erreglakin, baizikan Jainkoaren doaiez, berenez, edo naturalezaz. Lenago esan det, ta orañ berriz diot, euskeraz, erdaraz edo latiñez itzegitea, ta bear diran erreglakin ondo itzegitea, guztia bat ez dala. Orañdik urte bi ez da, au neronek, soldadu batekin igaro zitzadan egiazko lanze batean, gusto andiarekin ikusi nuela:

 

 

Soldadu Baten Izkera Preziosoa

 

        Nadasti Jeneral zarra, ta gerra bizi oietan Prusianoaren persegidore latza serbitu zuen txit doai oneko soldadu bat topatu nuen: bera Turkiaren ondokoa, ta latiñez bere izkundean bezala jarduten zuena; baña latin bat añ graziosoa, non da bera aditzea(k) atsegin andi bat ematen zidan. Estudiorik zuen galdetu, ta etzuela esan zidan. Sazerdote, askotan ta luzaro nerekin latiñez itzegitera oitu batek eta nik, gure erreglakin latiñez itzegiten, eta guztia aditzen zigun. Baña bera, estudio eta erreglarik gabe, añ askatu, añ trebe zegoen, non aditzera txit ondo ematen zan: puntuan beñ solezismo ta barbarismo galantak botatzen zituen, baiña alakorik ez balitz bezala, farra egin ta eragiten zigun.

        Argia ikusten badezu badakutsu, kristaba, soldadu ark latiñik libruetan ikasi etzuela, baña orregatik latiñez itzegiten zuen. Ori ark bereztarra edo jaiotzako izkera zuen; guk ez. Zer falta zitzaion bada? Artea, edo onen erreglak. Gure Izarrizko arrinabar edo jaspe ederrakin emen Loyolan gertatzen dana. Arri andi bat arrobitik badakarte. Maisu Iberok erdi bi egitea agintzen du: erretablorako bear duen puska bata, bere erreglak eman, ta berdinditzea, landutzea ta leundu edo bruñitzea agintzen du, ta ispillu baten gisa txitezko ederra geratzen da: beste puska moldakaitza landu ta polikitu gabe, bere artan geratzen da, edo an datza.

        Orra bada gizon asko nola diran. Guziak gaiak dira, baña asko izkunde eder edo elokuenziaren erreglakin landu ta bruñituak bezala: beste asko erregla gabe beti moldakaitzak geratzen dira. Gizon gai ori landu ta leunduko bada, maisuaren erreglakin lan egin, ekin ta ekin bear da. Au edozeñ lengoajetan, ikusten dan bezala, orobat da Erretorikaren Artea naturalezari laguntzeko da: berezko izkundea bakoitzagan moldatzeko ta polikitzeko da: itzak noiz era onetan, noiz bestean, noiz estutu edo gutxitu, noiz lasaitu edo zabaldu: noiz goratu, noiz beratu, noiz luzatu, noiz laburtu erakusteko erreglak dira. Euskerak beraz itzkera añ bizi, añ gozo, añ apañdu ta ederrak nola beste edozeñ lengoajek ditu. Baña oriek ondo dakizkiena nor da?

        Orañ eun urte apaiz bat Ernañin omen zan, bere ustez euskaraz ondo zekiena: urte asko da apaiz zar bati aditu niola, antziñako apaiz ori aize banoz betea oi zegoela, ta alabatzen zala, lau boz edo itz oiek: atomo, eclipse, hoguera ta horizonte, iñork ere euskeraz emango etziozkala. Aizezko arrotasuna. Apaiz orrek gutxi zekien, ori baño ez bazekien. A. Larramendik, oriek eta askoz meago ta gaitzagoak bere dizionarioan ederki dakartzi. Lausoa edo ela da Atomoa; Argea da Eclipse, edo argigabea; Sukarra edo suak egitea da Hoguera; Marboilla da Horizonte.

        Zenbat ere zan apaiz ori, ez latiñez, ez erdaraz, izen egokiagorik euskerazko oiek baño: aidea, geidea, idea, edo kidea ta adiskidea, etzituen berak emango: eta era onetan orien lagun edo antzeko asko ditu euskerak.

        Latiñak, cognatus, proximus, coetaneus, amicus, dio. Gaztelaniak, pariente, progimo, coetaneo, amigo. Baña euskerak: Aidea, Geidea, Kidea, Adiskidea.

        Emen bidez esateko egunen izenak, ta urteko ill bakoitzaren izenak, Bizkaian ta emen diran bezala, esan nai ditut. Emen Gipuzkoan dira: Igandea, astelena, Asteartea, Asteazkena, Osteguna, Ostirala, ta Larunbata. Bizkaian orren egokiak eztira: Domeka, Astelena, Martitzena, Eguaztena, Egubena, Egubakoitza, edo Barikoa, ta Zapatua.

        Urteko illen erdiak izen bana, besteak biña ta iruna dute. Lenengoan da Illbeltza. 2: Otsalla. 3: Martxoa edo Martia. 4: Aprilla. 5: Maiatza, Ostaroa, Orrilla. 6: Garagarrilla, Bagila, Erearoa. 7: Uztailla, Garilla. 8: Agorrilla, Abustua, Abostoa. 9: Burulla, Iralla, Agorra. 10: Urria, Urrilla, Bildilla. 11: Azaroa, Azilla, Zemendilla. 12: Abendua, Lotazilla.

        Urtearen lau denborak dira: Uda berria edo Eralora. 2.a Uda. 3.a Udazkena edo Udatzena. 4.a Negua.

 

aurrekoa hurrengoa