www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Euskeraren berri onak
Agustin Kardaberaz
1761

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio informatiko honen egilea: Aitor Arana Luzuriaga

 

aurrekoa hurrengoa

VI
EUSKERAREN ARTE EDO GRAMATIKA

 

        Munduak ikusi duen mirari andi edo marabilla guztizkoetatik bat, dudarik gabe, Arte au da. Onek, ez gizonen, ezpada Aingeruen beargaia zirudien; eta orañ egiñik begiz ikusi, ta alere ezin datekeana dirudi. Jainkoaren milagrozko obra bezala da; ta libru au eskuetan iñoiz ere artzen ez det (ta asktoan artzen ta irakurten det, ta geiago ta obeto, al banu, nai nuke) miretsi ta Jainkoa alabatu gabe. Berari milla esker, zeren Aita Larramendiri berezkirozko bear ziran argi andiak eman ziozkan, gramatikak dituen bazter guziak ondo barrendu, eta bere Arte preziosoan euskaldunai agertzeko. Lan aundi onetan, ez gizon baten, ezpada askoren burnigita edo muellerik sendoenak eten, urratu ta desegin zitezkean.

        Alabantza guzien gañeko ta neke guzien eragiñen ta izugarrien au ondo ezagutzeko, gramatikaren parte ta erregladi guzien berri ondo jakin bear da: eta Artea, eskuetan artu orduko, utziaz, ezer egiten eztegu: beñ ez eze, askotan soseguz ta kontuz irakurrita ere, barrendik ondo aditzeak lana ta errua du. Au neke andia da. Juizioaz justizia egiteko ta arrazoiaz sentenzia emateko, gauza edo kausa lenago ondo ikusi, aditu ta ezagutu bear da, ta orretako, Jainkoaren argiaz, euskerari, dan bezala, begiratu ta egiari leku eman. Jainkoak arren itsuak argitu ta mutuak eskatu ditzala; gure artean askok ondo premia daukate. Bestela, Jauna, alper da Maria makillatu etc. Euskaldun alper ajolakabeai esan dakieke: Astoaren aorako eztia eztala, baña bai belarra.

        Gauza ziertoa da, gramatikak dituen zortzi parteak, esamenik al datekean estuenaz, maisuen maisuak bezala an ematen dituela. Zortzi parte oiek Latiñez dira: «Nomen, Pronomen, Verbum, Participium, Praepositio, Adverbium, Interjectio, Conjunctio»: ta Euskarak orrela beste zortzi ditu: «Izena, Ortizena, edo Prononbrea, Verbo edo Eraskitza, Partizipio edo Partartzea, Preposizio ordean Posposizioa du edo Beitematea, Verboari darraizkana edo Adverbioa, Interjezio edo Ezartea, ta Konjunzio edo Itsaskida, zeren parte bata bestearekin lotutzen duen.

        Zortzi parte oiek bakoitza bere lekuan Arteak ederki adierazotzen ditu: ondo irakurriaz ta gogotik ekiñaz, erraz aditzen dira. Oriek guziak, uso ta kostunbreaz jakiñak dira euskaldunen artean, ta Arte gabe edo berez. Latiñak cum preposizio edo aurretik dijoan bezala, euskerak kin posposizio edo ondorengoa txit asko usatzen du. Orren lekuan Bizkaian gute gaz. Eskola-mutil bi beñ batean, euskeraren gañean, beren eztabaidetan ikusi nituen. Bata Bizkaitarra, ta bestea Gipuzkoarra zan. Beren modura aserretu ziran, ta ezin besterik egin, ta deadarrari biak eman zioten: Bizkaitarrak deadar: Kin, kin, kin; ta Gipuzkoarrak: Gaz, gaz, gaz: eta ondo aspertu ziranean, bereala pakeak egin zituzten.

        Beste parteak, Berboaren aldean zer ikusirik eztute. Onen konjugazioa edo erabidea guzia bat da, ta berari dagozkion denboretan itzegiteko banaka erabiltzea esan nai du. Orren jirabuelta ta era askotako ainbeste aldaera miragarriaz, iru dialektoetan zer armoniazko musika gozoaz ta eskualdi zeñ zabalaz berboa batetik bestera darabillen ta jokatzen duen ikusi edo entzuteak, zora dezake kristaba: eta A. Larramendik onetan bere buruari ta alegin guziai gañez eragin zien. Konjugazio oiek iskilimia paregabea dira: eta euskeraren marabilla, ta nekea esan diteke onetan dagoela.

        Neke puska da: I.— Zeren tza, tze, tzi, esateaz gañera, askotan itz batean oriekin izka, izki, ozka ta orrelakoak arkitzen diran: Esan giñizkitzuten, egin giñizkitzuten ta oriek bezala. II.— Itz batean euskerak askotan lau gauza, edo persona bi, berboa ta gauza esaten ditu, ta txit luze egiten da: janizangiñizkitzuten. Obe da bakoitza apartatzea ta eskribitzea: jan izan etc. Orrela irakurteko begiak ez dira izutuko. III.— Los, las, erdaraz bezala euskerak eztu, ta ala euskaldunak askotan utsegiten dute: artikulo oriek euskerak berboan daramazki. Erdararekin euskera ez aide ta ez bernaje da. Bere era edo gramatikaren parteak usatzeko moduan latiñaren antz geiago du: ta ikusten degu, euskaldun gazte askok, gaztelaniaz baño lenago, latinez, ta obeto ikasten dutela. Euskerak neke oiek beste lengoajeak berenak bezala baditu ere, bere alibio ta erregaliak ere baditu.

 

aurrekoa hurrengoa