www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Euskeraren berri onak
Agustin Kardaberaz
1761

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio informatiko honen egilea: Aitor Arana Luzuriaga

 

aurrekoa hurrengoa

IV
ONDO ESKRIBITZEKO ERREGLAK

 

        (Aita Cardaberaz-ek emen diona konprenituko bada, arek bere liburuak erderazko ortografiaz idatzi zituala gogoan artu bear da.)

 

        Ondo irakurteko, lengo ondo eskribitu bear da: ta nola ondo eskribitzeak, asko laguntzen duen, ala gaizki eskribitzeak, ondo irakurtea asko eragozten du. Ta ondo eskribitzea, zer da? Orthographia griegoz, ta latiñez, «Recta scriptura, vel scientia recta scribendi»: zuzen edo bear bezela eskribitzeko jakindea, dio Quintilianok. (Lib. 1 cap. 7.) Juiziozko maisu, Jainkoaren zelua duenak, erraz dakus, euskeraren gramatikak zeñ arrazoi andiaz nai ta eskatzen duen, eskola-mutillak baño eskola-maisuak ori obeto jakin bear dutela, bear diran letrakin ondo eskribitzeko erreglak berak obeto ikasi ta aurrai arretaz edo kontuz erakusteko.

        Usadio txarrai berneak ebaki, esan oi da: ta alferrikako letra asko utzi ta, itzez esaten edo aoz pronunziatzen dana garbiro eskribituaz, obeto ta errazago azertatuko da: onetara oitu ta egin, ta gogotik ekin, ta laster lau egunean orretara egingo zera. Bata ta bestea oiturak dakar: oiturak dakar erraztura. Askok, ez bear dan ta itzegiten dan gisa, ezpada burugabe ta nola nai eskribitzen dute, ta argatik nekez ta gaizki irakurten da. Gauza zierto ta egia bera da, juizioa duenarentzat, euskeraz eskribitzea ta irakurtea erdaraz ta latiñez baño askoz errezago dala. Euskerak beste lengoajeak baño erregla gutxiago, gutxiago eta askoz errezagoak ditu. Egia au, nai badezu, laster argiro ikusiko dezu.

        Latin ta griegoak ere, Ciceron ta Quintilianok diotenez, lenago tatxa asko zituzten: gero, oarkari jakintsu oien bien erreglakin gauza askotan polikituaz, beren era eder edo primorean geratu ziran. Baña nola? Ezin kontatu alako erregla ta abisoakin. Bedeika gure euskera! bego deritza: zer du zer ikusi? Onetan pribilejiatua da: erregla gutxi, baña seguruagoakin kontentu da.

        A, B, C-ko letretatik maisu orien ta San Agustin baten gisa, guk ere euskeran asi bear degu. Munduan lendabiziko letrak asmatu edo idoro zituztenak, Cadmo ta Evandro izandu omen ziran. Latiñean amasei letra jakiñak ziran: gero besteak billatu, ta orañ bear dituenak baditu: euskeran orobat ikusten da. Besteren batek, nik baño osasun ta leku geiagorekin euskerazko gauzak obeto moldatu artean, erraz ta ondo eskribitzeko urrengo erregla oiek zuk gorde itzazu:

        1 Erregla: A, e, i, o, u: bost letra oiei bokalak derizte. Boakalak esan nai du, aoz bera esateko, beste letren bearrik ez duena, eta bera bakarrik berez esaten dana. Bost letra oriez euskera txit asko baliatzen da.

        2-en erregla: A, B, C, edo alfabetoko beste letrai konsonanteak derizte: esan nai du, ez berez edo bakarrik, baizikan bokalakin batean aoz esaten diranak.

        3. Konsonanteen artean batzuek semibokalak, besteak mutuak dira. Mutuak, edo aoz esateko ots gutxi egiten dutenak, zortzi oiek dira: B, c, d, g, k, p, q, t. Semibokalak, edo aoz esateko bokalen gisa diranak beste zortzi oiek: F, l, m, n, r, s, x, z. Oiek aoz esaten dira, efe, ele, eme, ene, erre, ese, ekis, zeta.

        4. San Agustin-en lenengo lezioa da itz edo dizioen asiera, edo nola asi bear diran ta zer letrakin. Euskera, latiña bezala, letra geienaz baliatzen da, ezpada K, R, eta X-az.

        5. R edo r-az asitzen dan itz, boz edo berbarik euskerak berak ez du, eta au euskeraren erregalia andia da, bada R edo r errea bere garraztasunagatik zakur-letra esan oi da. Euskerazko Dizionario edo itzen bokabularioa egingo balitz, letra R, r, oso ta bizi utzi bearko litzake. R, r, erreari aoz esaten asitzeko, E edo A aurretik beti erantsi bear zaio: ala arrazoia, errosarioa, erreka, ta orrela asitzen dira beti.

        6. K. Letra onen edo griegoaren kaparen bearrik batere euskerak ezertako ez du: orren lekuan c edo q baditu: K letra onekin euskeraz ezta zer eskribitu.

        7. X, x. Ekis au euskeraz berez iñoiz bear eztu: ta ori ez usatzea aurrentzat obe da: g edo gea orren lekuan badegu: ta esaten dan bezala eskribitu bear da: egenploa, egerzizioa, egerzitua ta besteak: egsaminadorea, egsaminatu, naiz esaminatu s batekin ondo esaten ta eskribitzen da.

        8. H, h. Atxea letra dan edo ez, autoreen artean eztabaida andiak dira. Naiz letra naiz aspirazioa dala, edo beemenziaz soñu gogorra ematen duena, emen gure euskeran ta Bizkaian, atxe ori alferrikako edo serbitzen ez duen gauza da. H ori izketan batzuek Ge, besteak Jota egiten dute. Guk orrelako aspirazio begemente edo behementerik usatzen ez degu. Abrahan esateko, Abrajan diote. Ken ortik: gure euskera suabe eztizkoarentzat soñu ori ezta.

        9. Cha, che, chi, cho, chu, euskerak txit askotan du: ta ementxe, ta onetantxe bai atxea ondo datorrela. Achaz, Achim, Ezechiaz, Joachim, ta Eskritura sagraduko Hebreoen orrelako izenak, ch orren, c edo q bakarraz eskribitzeko euskeraz, aurrentzat obe da: Acaz, Aquin ta Joaquin: ta libru berrietan Joaquin dator.

        10. Q, q. Onen berririk antziñakoak etzuten, ta qu zer zan etziekiten: ta gero ere nekez artu zan. Quintilianok (L. 12. C. 10) zion, qu esatean, beste letra edo silabak latzak eta gogorrak biurtzen zirala. Latinak u erantsi zion, eta bere erregla du: «U sequitur post q semper, semperque liquescit.» Biz ordu onean, edo gorde beza; baña alako u edo letrarik ezpalitz bezala, beti jan, utzi, urtu, edo desegin bear da eskribitzen dan u ori. Latinari euskerak jarraitzen dio onetan: ca, que, qui, co, cu, esaten dan bezala eskribitzen du.

        11. J, j. Jota euskerarena ezta, baizik erdaratik artu edo etorria. Euskalerrietan len ia, ie, io, iu esaten zan: ta orañ ere Bizkaian askotan esaten da: ian, iauna, monîa, ta ez jan, jauna, monja; au erantsia da.

        12. U, u, bokala deritzana, euskerak usatzen du; baiña V, v, latiñez konsonante deritzana berez gutxi bear du. Euskerazko itzetan, orren lekuan, B, b, esateko ta eskribitzeko errazago ta obeago du. A. Larramendik ondo dio, euskerazko itzak beren jatorrizko sustraietan ez v, ezpada B, b, dutela: bat, bi, baliente, beemente, bera, beraa, suabea, gobernatu, ta besteak. Ori bera izengañetan edo apellidoetan, Etxabe, Etxeberria, Mendizabal, Zubimendi, Zabala ta Cardabera, bere Dizionarioan dakar, eta orrela besteak; guzia be arekin: eta aurrentzat irakurten ta eskribitzen ikasteko, erregla au askoz obea da.

        13. N, n: ene fuerteari berez duen indarra kentzeko, euskerak du ña, ñe, ñi, ño, ñu; erdaraz Año, daño, dueño, Señor duen ta dion bezala. Askok aurretik i bat usatzen du; baña i ori utzi, ta orobat edo berbera da; baña, baño, beñ, gañean. Aiño, daiño, dueiño, Seiñor eskribitzen ezta: baiña, baiño, beiñ, zertako? Obe da baña, baño, etc.

        14. S, s, fuerteari bere indarra kentzeko, erregla ori bera gorde bear da: euskerak ña, ñe, ñi, duen bezala, aoz esateko ta eskribitzeko du sa, se, si, so, su: eta onela x edo ekisaren bearrik ez du. Auge, orige, onelage, orrelage, Eleja, gajoa ta beste onelakoak, indarra kendu ta errezago dira: ause, orise, asea, Elesa, gasoa. Bizkaian onelako asko da, emen ere bai. Oñatin azeria, edo aizaria, aseria, edo asaria diote, eta orrela eskribitu bear da. T, t, fuertearekin ori bera egin diteke. Nafarroan ta emen ere t suabeago egiteko tt bi orobat eskribitzen dituzte: Atta, gutti, egitteko, dittut, dittugu, etc., ta, te, ti, anbat da. Tata, aur bati esateko, ta, ta, edo tta tta suabeago esaten edo egiten da.

        15. Ele edo ll biñaka indarra kenduaz dizio edo itzen erdia askotan ditugu; itzen asieran: llilluratu, llillura, edo begiak illuntzea, lloba ta llobaidea, besterik ez dakit ote dan. Euskeraren gauzaren batzuen gañean, A. Larramendi bera ere, erakusten dituen gauza ta erreglaren batzuez kontentu ez oi da: ala beñ baño geiagotan berak esan dit: eta, Aita Manuel batek au dionean, besteok, zer esango degu? Ala Probinzian nola Nafarroan, eta are geiago Bizkaian, itzegiteko edo aoz esatean, itz asko laburtzen dira, baita letra asko trukatu ere: b, d, f, p, t, bata bestearen lekuan: ala bekatua, pekatua; farrez, barrez; ifiñi, ipiñi, ibeñi; ofizio, opizio; alferrik, alperrik; ezda, ezta; ezdet, eztet, eztezu, eztu; ta orrela beste asko, baña jakiñak ta errazak. Uso ta kostunbreak guzia erakusten du.

 

aurrekoa hurrengoa