www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Yesu Kristo gure Yaunaren bizia
Polikarpo Iraizozkoa
1934

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Yesu-Kristo gure Yaunaren bizia, Iraizoz'ko Polikarpo A. Neketako Ama-Birjiñaren Irarkola, 1934

 

 

aurrekoa  

LAUGARREN ZATIA:
Yesu-Kristoren berriz-pizte ta zeruratzea

 

 

202.— Yesus berriz-pizten da

(Mt. XXVIII, 2-4; Mc. XVI, 9)

 

        Astearen lenengo egun goizean piztu zan Yesus. Eta ara! lur-ikara gaitza egin zan. Yainkoaren aingeru bat yetxi baitzan zerutik, eta urbildu zan, arria irauli zuen ta aren gañean eseri zan. Aren arpegiak tximista zirudien ta aren yantziak elurra.

        Aren beldurrez ikaratu ziran zaintzaleak eta illak iduri gelditu ziran.

 

 

203.— Emakumeak ill-obira bidean

(Mt. XXVIII, 5-8; Mc. XVI, 1-8; Lc. XXIV, 1-9; Io. XX, 1-2)

 

        Larunbat biaramonean, astearen lenengo eguna urratzean, goizean goiz, oraño illun zegoela, Maria Madalena ta Yakoboren ama Maria ta Salome, atondutako atxongaiak artu ta yoan ziran il-obia begiztatzera.

        Elkarri esaten zioten: «Nork irauliko digu arria il-obi atetik?».

        Eguzkia atera ondoan iritxi ziran il-obira. Begiratu zuten, eta arria il-obitik iraulia zegoela oartu ziran, guziz aundia zan ta. Sartu ziran il-obira eta etzuten arkitu Yesus Yaunaren gorptuza.

        Orduan Maria Madalena lasterka yoan zan Pedrogana ta Yesusek maite zuen beste ikaslekgana.

        Emakumeak ortaz laborriak arturik zeudela, bi gizon (bi Aingeru) agertu zitzaizkien yantzi diztitsuan. Aiek lazturik, lurrera begira zeudela, Aingeruak esan zien:

        «Ez beldur izan; Yesus Nazaretarra, gurutzean yosi izan zana billatzen duzuela badakit. Zergatik billatzen duzue illen artean bizirik dagona? Ezta emen, berriz piztu da; atozte, ikusazue Yauna yarri zuten tokia. Gogora zazue nola esan zizuen oraño Galilean zalarik: Gizasemea yarriko dute pekatarien eskuetan ta gurutzean yosiko dute, baña irugarren egunean berriz piztudo da. Zoazte bada bereala, aren ikasleai ta Pedrori esaiezue piztu dala ta Galilea aldera aurreratuko zaitzuela. An ikusiko duzue, berak esan zizuenez. Ona! aurretik esan dizuet».

        Orduan oroitu ziran itz aietaz; bereala il-obitik atera ta igesi yoan ziran lasterka, beldur ta poz aundirekin aren ikasleai berri-ematera.

 

 

204.— Pedro ta Yoan il-obira lasterka

(Lc. XXIV, 12; Io. XX, 2-10)

 

        Maria Madalena yoan zan Pedrogana ta Yesusek maite zuen beste ikasleagana ta esan zien: «Eraman dute Yauna il-obitik, eta eztakigu non yarri duten».

        Bereala abiatu ziran Pedro ta beste ikasle ura ta il-obi aldera yo zuten. Biak lasterka zioazen, baña beste ikasle arek, Pedro baño ariñago laster egin zuen, ta aurrena iritxi zan il-obira. Aurrerontz kurtu zan ta ikusi zituen miiseak lurrean yarriak; etzan ordea sartu. Gero iritxi zan Pedro aren ondotik, sartu zan il-obira, ta ikusi zituen miiseak lurrean yarriak, baita aren buru gañean egon zan izerkaria ere; au etzegon beste miisekin, alde batean bildurik baizik.

        Orduan, aurrena il-obira iritxi izan zan beste ikasle ura ere sartu zan; ikusi zuen ta siñetsi zuen. Ezpaitzuten oraño erdetsi (ulertu) izan, ura illen artetik piztu bearra zala dion Idazkia.

        Gero etxera biurtu ziran ikasleak. Pedro agituaz arriturik zioan.

 

 

205.— Kristo Maria Madalenari agertzen

(Mc. XVI, 9-11; Io. XX, 11-18)

 

        Maria illobi ondoan negarrez ari zan. Ola negarrez ari zala, kurtu zan ta il-obira begiratu zuen. Ikusi zituen bi aingeru zuriz yantziak; Yesusen gorputza egon zan tokian eseriak zeuden, bata buru aldean ta bestea oin aldean.

        Aiek esan zioten: «Emakumea, zergatik ari zera negarrez?».

        Erantzun zien: «Nere Yauna eraman dute ta eztakit non yarri duten».

        Ori esandakoan, atzera itzuli zan ta Yesus zutik antxe ikusi zuen; etzekien ordea Yesus zanik.

        Yesusek galdegin zion: «Emakumea, zergatik zaude negarrez? noren billa zabiltza?».

        Gizon ura ango baratzezaia zalako ustean, Mariak erantzun zion: «Yauna, zuk emendik kendu baduzu, esaidazu non yarri duzun, ta nik eramango dut».

        Yesusek esan zion: «Maria!» Au itzuli zan ta esan zion hebreeraz: «Rabboni!» esan-nai da: «Maisua!».

        Yesusek esan zion: «Ez ni ukitu, oraño ezpainaiz igo nere Aitagana. Zoaz ordea nere anaiengana ta esaiezu: Ni banoa gora nere Aita ta zuen Aitagana, nere Yainko ta zuen Yainkoagana».

        Orrela, astearen lenengo egunean pizturik, agertu zitzaion leenik Maria Madalenari; zazpi deabru erauzi izan zituen arengandik. Au yoan zan, ta aren ikasle, atsekabe ta negarretan zeudenai berri-eman zien esanez: «Yauna ikusi dut eta au esan dit».

        Aiek ordea, Yesus bizi zala ta Mariari agertu zitzaiola entzunik, etzuten siñetsi.

 

 

206.— Yesus beste emakumeai agertzen

(Mt. XXVIII, 8-10; Lc. XXIV, 9-11)

 

        Emakumeak il-obitik atera ta bazioazen lasterka, ikasleai berri-ematera. Baña ara! Yesus bidera atera zitzaien ta esan zien: «Agur!»

        Aiek urbildu ta aren oñai eutsi ta gur-egin zioten. Orduan Yesusek esan zien: «Ez beldur izan; zoazte, esaiezue nere anaiei Galileara yoateko, an ikusiko nautela».

        Itzuli ziran beraz il-obitik eta guzi ori yakinarazi zieten amaikai ta gañerako guziai. Guzi ori apostoluai esan zieten emakumeak auetxek ziran: Maria Madalena ta Yoana ta Yakoboren ama Maria ta beste zenbait. Apostoluak ordea erokeritzat artu zituzten aien itzak eta etzieten siñetsi.

 

 

207.— Il-obi-zaintzalen gezurra

(Mt. XXVIII, 11-15)

 

        Emakumeak aldegin ondoan, zaintzaletako batzuek irira yoan ziran ta agitu zan guzia iragarri zieten Apaiznausiai. Auek bilkura egin ta Zarrenekin yarduki ondoan, diru ugari eman zieten gudamutillai ta esan zieten: «Esazue: Aren ikasleak gauez etorri ta ebatsi (ostu) dute, gu lo geundela». «Yaurleak ori ikasi badeza, guk zurituko dugu ta zuek kezka gabe egon-araziko zaituztegu».

        Aiek artu zuten dirua ta erakutsi zitzaiena egin zuten. Geroztik gaurko egunera arte banatu da omen ori Yuduen artean.

 

 

208.— Yesus Emmausko bi ikasleai agertzen

(Mc. XVI, 12-13; Lc. XXIV, 13-35)

 

        Geroago bi ikaslei agertu zitzaien beste itxura batean, bidez bazter-etxera zioazela. Ona nola agitu zan ori.

        Egun bere-artan bazioazen ikasletako bi Emmaus deritzan ta Yerusalemetik irurogei-ta-amar eztatuko (11 kilometro) bidean dagon errixkara. Agitu zan guziaz itzegiten ari ziran elkarrekin.

        Orrela elkarrekin erasi ta yardukitzen zuten bitartean, urbildu zitzaien Yesus ta aiekin zioan. Aien begiak ordea lilluraturik zeuden, ura ezagutu etzezaten.

        Galdegin zien: «Zer izketa darabilzue elkarrekin bide egiñaz batera?». Aiek atsekabeturik tenk-egin zuten. Bietako batek, Kleopa zeritzanak erantzun zion: «Zu bakarrik al zera arrotz Yerusalemen, ezpaitakizu egun auetan an agitu danaren berri?».

        «Zer bada?», galdegin zien berak.

        «Nazaret'ko Yesusekikoa», erantzun zioten. «Profeta bat zan ori, itzez ta egitez altsua Yainkoaren ta erri guziaren aurrean. Gure apaiz-nausi ta aitzindariak iltzeko epaia eman-arazi zioten ta gurutzean yosi zuten. Guk ordea uste genuen, bera zala Israel berrerosi bear zuena; baña gaur da guzi ori agitu ezkeroko irugarren eguna. Gañera gure arteko emakume batzuek ere ikaratu gaituzte; goizean, argitu gabe il-obira yoan dira ta eztute gorputza arkitu; etorri zaizkigu esaten, Aingeruak agertu zaizkiela ta Yesus bizi dala esan dietela. Gure arteko batzuek yoan dira il-obira, ta emakumeak esan bezela arkitu dute; bera ordea etzuten arkitu».

        Orduan arek esan zien: «Oi zentzu-motzak, bai motel dirala zuen biotzak, Profetak esandako guzia siñesteko! Kristok ez al zituen neke oiek ikusi bear ta orrela bere ospera sartu?». Eta Moise ta Profeta guzietatik asi ta, adiarazi zien Idazki guzietan artaz idatzirik dagona.

        Orrela urbildu ziran zioazen errixkara. Berak aurrera yoateko itxura egin zuen. Baña aiek beartu zuten esanez: «Geldi zaite gurekin; arrastuz dioa ta eguna apaldua da». Sartu zan beraz aiekin gelditzeko.

        Gero aiekin batean maiera eseria zegoela, ogia artu zuen, bedeinkatu, autsi ta eman zien. Orduantxe zabaldu ziran aien begiak eta ezagutu zuten; ura ordea itzali zan aien begien aurretik.

        Eta esan zioten elkarri: «Ez al zegon sutan gure biotza, bidean gurekin itzegin ta Idazkiak xeatzen zizkigunean?».

        Ordu bere-artan yaiki ta Yerusalemera itzuli ziran. An arkitu zituzten amaikak ta beren lagunak; auek esan zieten: «Yauna piztu da egiaz ta Simoni agertu zaio».

        Orduan yakinarazi zuten aiek bidean agitu zitzaiena, ta nola ezagutu zuten ogi-austean. Baña aiei ere etzieten siñetsi.

 

 

209.— Yesus Apostoluai ta ikasleai agertzen

(Mc. XVI, 14; Lc. XXIV, 36-43; Io. XX, 19-23)

 

        Izketa oietan ari ziran astearen lenengo egun artan ta berandu zan. Ikasleak bildurik zeuden ta ateak itxirik zeuzkaten Yuduen beldurrez.

        Beingoan etorri zan Yesus, aien erdian agertu ta esan zien: «Pakea dela zuekin! Ni nauzue, ez beldur izan!». Aiek ordea izutu ta lazturik, mamu bat zekustela uste zuten.

        Berak esan zien: «Zergatik zaudete izuturik, zergatik sortzen dira olako gogoetak zuen biotzetan? Ikusi nere esku-oñak! Ni nerau naiz! Azta nazazue ta ikusi! Mamu batek eztu aragirik ez ezurrik, nik ditudala dakuszuenez». Ori esan ondoan erakutsi zizkien bere esku-oin-saietsak. Errixta egin zien beren siñeskaitzaz ta biotz-gogortasunaz, ura berriz-pizturik ikusi zutenai siñetsi eztietelako.

        Aiek, poz eta arrimenaren aundiz, ezin siñetsi zezaketen oraindik ere.

        Arrai erre puska bat eta ezti-orraze bat eskañi zizkioten. Yan zuen aien aurrean, gero ondarrak artu ta eman zizkien. Ikasleak poztu ziran bada Yauna ikusirik.

        Yesus mintzatu zitzaien berriz ere: «Pakea dela zuekin! Aitak ni bidali nauen bezela bidaltzen zaituztet nik zuek».

        Itz oiek esan ondoan, fu-eman zien ta esan zien: «Ar zazue Ats Sandua! zuek pekatuak barkatzen dizkiezuenai barkatuko zaizkie, ta zuek atxikitzen dizkizuenai atxikiko zaizkie».

        Gero Yesus agertu zitzaion Yakobori, gero Apostolu guziai (I Cor. XV, 7).

 

 

210.— Yesus agertzen zaie berriz Apostoluai ta Tomari

(Io. XX; 24-29)

 

        Amabietako bat, beste izenez Didimo (Bikia) deritzan Toma etzan aiekin, Yesus etorri zitzaienean. Beste ikasleak esan zioten: «Yauna ikusi dugu».

        Arek ordea erantzun zien: «Baldin aren eskuetan iltzeen kuntzea ikusi ezpadezat, eta nere beatza iltze-zuloan sartu ezpadezat, eta nere eskua aren saietsean sartu ezpadezat, eztut siñetsiko».

        Zortzi egunen buruan, ikasleak baturik zeuden berriz etxean eta Toma aiekin zan. Yesus etorri zan, ateak itxirik zeudela, erdian agertu ta esan zien: «Pakea dala zuekin!».

        Gero Tomari esan zion: «Sar zazu emen zure beatza ta ikusi nere eskuak; ekartzu esku ori ta sartu nere saietsera, ta ez izan siñesgogor, siñespera baizik».

        Tomak erantzun zion: «Ene Yainkoa ta ene Yauna!».

        Yesusek berriz esan zion: «Ikusi nauzulako siñesten duzu, Toma? zorionekoak ikusi gabe siñesten dutenak!».

 

 

211.— Tiberiade itsasoan agertzen da Yesus

(Io. XXI, 1-14)

 

        Geroago Yesus agertu zitzaien berriz ikasleai Tiberiade itsaso ondoan; ona emen nola agertu zitzaien.

        Elkarrekin zeuden Simon Pedro, Toma izengoitiz Bikia deritzana, Galileako Kana erriko Natanael, Zebedeoren semeak eta bere ikasletako beste bi. Simon Pedrok esan zien: «Banoa arrantzara». Besteak esan zioten: «Bagoaz gu ere zurekin». Atera ziran beraz eta ontzian sartu ziran; gau artan etzuten ordea ezer atzeman.

        Biaramon goizean, Yesus agertu zan txutik itsas-bazterrean; ikasleak etzuten ala ere ezagutu Yesus zanik. Esan zien bada Yesusek: «Aurrak, yatekorik ezer ba al duzue?». «Ez», erantzun zioten. Esan zien: «Egotzazue zuen sarea ontziaren eskui aldean, eta arkituko duzue zerbait».

        Egotzi zuten beraz sarea, ta gero ezin yaso zezaketen, alako arrainketa bildu zuten ta.

        Orduan, Yesusek maite zuen ikasle arek Pedrori esan zion: «Yauna da ori».

        Simon Pedrok, ura Yauna zala entzun bezin laster, artu zuen soingañekoa (yantzi gabe zegon ta) eta itsasora yauzi zan. Beste ikasleak yarraiki zitzaizkion ontzian eta ontzia arraiekin ekarri zuten narraz, ezpaitzeuden urrun legorretik, berreunen bat besabe bakarrik zeuden.

        Legorrera ziranean, ikatz-su bat ikusi zuten ta aren gañean arrai bat eta ondoan ogia. Yesusek esan zien: «Ekarri oraintxe atxitu dituzuen arrai oietatik».

        Simon Pedro igo zan ontzira ta ekarri zuen sarea, eun ta berrogei ta amairu arrai aundiz betea; eta orrenbeste ziralarik, etzan urratu sarea.

        Yesusek esan zien: «Atozte, yan zazue». Ikasletako bat ere etzan ausartzen, ari «nor zera», galdegitera; Yauna zala bazekiten ta.

        Artu zuen bereala Yesusek ogia ta eman zien; arraia orobat.

        Irugarren aldia zan au, Yesus illen artetik piztu ondoren bere ikasleai agertzen zitzaiela.

 

 

212.— Pedro Kristau guzien artzai egiña

(Io. XXI, 15-24)

 

        Yan ondoren, Yesusek galdegin zion Simon Pedrori: «Simon, Yoanen semea, besteok baño maiteago al nauzu?». Arek erantzun zion: «Bai, Yauna, badakizu maite zaitudala». Yesusek diotsa: «Bazka itzazu nere axuriak».

        Berriz ere galdegin zion: «Simon, Yoanen semea, maite al nauzu?». «Bai, Yauna, zuk badakizu maite zaitudala», erantzun zion. Ta Yesusek diotsa: «Zaindu itzazu nere bildotsak!».

        Irugarren aldiz galdegin zion: «Simon, Yoanen semea, maite al nauzu?». Pedro gogo-illundu zan, irugarren aldiz «maite al nauzu» galdegin ziolako ta erantzun zion: «Yauna, zuk guzia badakizu, zuk badakizu nik maite zaitudala». Yesusek diotsa: «Bazka itzazu nere ardiak!».

        «Egiaz, egiaz, nik esaten dizut; gazte ziñanean, zerorrek lotzen zenuen zere gerria ta yoaten ziñan nai zenuen tokira. Zartu ondoan ordea, beste batek lotuko dizu gerria ta nai eztuzun tokira eramango zaitu».

        Itz oietaz adiarazi zuen, zer eriotze motaz ospatu bear zuen arek Yainkoa. Gero esan zion: «Atoz nerekin».

        Pedro itzuli zan, ta ikusi zuen ondotik zetorkiola Yesusek maite zuen ikasle ura, afarian aren bular gañean burua etzan ta galde au egin ziona: «Yauna, zein da zu salduko zaituena?». Pedrok bada ori ikusirik, esan zion Yesusi: «Yauna, ta onetaz zer izango da?».

        Yesusek erantzun zion: «Ni atzera etorri arte ori egotea nai dut; zuri zer zaitzu? Zu atoz nere ondotik».

        Orregatik zabaldu zan anaien artean ikasle ura ilko etzalako aomena; baña Yesusek etzion esan etzala ilko, auxe baizik: «Ni atzera etorri arte ori egotea nai badut, zuri zer zaitzu?».

        Orixe da gauza auek aitortu ta idatzi dituen ikaslea. Guk badakigu orren aitorrera egia dala.

 

 

213.— Ikasle askori agertzen — Apostoluai Galilean

(I Cor. XV, 6; Mt. XXVIII, 16-20)

 

        Gero agertu zitzaien bosteun ta ainbat anaiei batean; oietako asko bizi dira oraño, beste batzuek berriz lokartuak (illak) dira.

        Amaika ikasleak yoan ziran Galileara, Yesusek izendatu zien mendira. Ura ikusirik, agur-egin zioten, batzuek ordea ezbaian gelditu ziran.

        Yesus urbildu zitzaien ta esan zien: «Eskubide osoa eman zait neri zeruan eta lurrean. Zoazte beraz, eta erri guziai irakatsi zaiezue. Bataia itzazue Aitaren eta Semearen eta Ats Sanduaren izenean, ta nik agindu dizuedan guzia begiratzen (gordetzen) irakatsi zaiezue. Ona emen, ni zuekin egongo naiz egunero munduaren amaieraño».

 

 

214.— Yesusen azken itzaldiak

(Mc. XVI, 15-18; Lc. XXIV, 44-49)

 

        Esan zien oraindik: «Zoazte mundu guzian barna, predika zaiezue Berri-ona izaki guziai. Siñetsi ta bere burua bataiarazten duena gaizkatuko da; siñesten eztuena berriz galduko da. Siñesten dutenai ezaupide (mirari) auek yarraikiko zaizkie: Nere izenean deabruak erauziko dituzte, izkuntza berriz mintzatuko dira, sugeak eskuetan yasoko dituzte, ta gauza ilgarririk edan badezate, eztie kalterik egingo. Erieri eskuak gañean yarriko dizkiete ta sendatuko dira.

        »Auxe nai nizuen adiarazi, arako zuekin nengoen bitartean esaten nizkitzuen itz aietaz: Moiseren legean ta Profetetan ta Salmoetan nitaz idatzirik dagon guzia bete bear da». Orduan zentzua argitu zien, Idazkiak erdesteko (ulertzeko), ta esan zien: «Orrela dago idatzia: Kristok nekeak ikusi bear ditu ta irugarren egunean illen artetik piztu bear du. Aren izenean predikatu bear da damutasuna pekatuen barkamenerako erri guzietan, Yerusalemetik asi ta. Zuek gauza guzion yakille zerate. Eta ona, nik bidaliko dizuet Aitaren itzemana. Zuek ordea zaudete irian, arik-eta goitiko indarraz yantzi zaitezten arte».

 

 

215.— Yesus zeruratzen da

(Mc. XVI, 19; Lc. XXIV, 50-53)

 

        Yesus Yaunak, aiei orrela itzegin ondoan, atera zituen kanpora, Betaniara; bere eskuak goratu ta bedeinkatu zituen. Eta ara! bedeinkatzen ari zala, aldegin zien ta zerura igo zan, ta an dago Yainkoaren eskui aldean eseririk.

        Aiek gur-egin zuten; gero pozez beterik Yerusalemera itzuli ta beti yauretxean ari ziran Yainkoa goraipatzen ta ospatzen.

 

 

216.— Apostoluak nonnai predikatzen

(Mc. XVI, 20)

 

        Geroago yoan ziran ta alde guzietan predikatzen zuten; Yainkoak laguntzen zien ta aien itza sendortzen zuen ondotik zerraizkion ezaupidez, mirarien bidez.

 

 

217.— Azkena

(Mc. XVI, 20)

 

        Liburu onetan idatzi eztiran beste ezaupide, mirari, asko ere egin zituen Yesusek bere Apostoluen aurrean; auek idatzi dira, Yesus ori Mesia, Yainkoaren semea dala siñetsi dezazuen, eta siñetsiz bizia izan dezazuen aren izenean.

        Beste gauza asko ere egin zituen Yesusek. Baña guzi oiek bat-banaka idatzi nai balira, nik uste dut mundu guzian ezlirakela kokatuko artarako idatzi bearko liraken liburuak.

 

aurrekoa