www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Yesu Kristo gure Yaunaren bizia
Polikarpo Iraizozkoa
1934

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Yesu-Kristo gure Yaunaren bizia, Iraizoz'ko Polikarpo A. Neketako Ama-Birjiñaren Irarkola, 1934

 

 

aurrekoa hurrengoa

SARRERA

 

        Yesu-Kristo gure Yaunak esan digu bere Ebanjelioan: «Auxe da betiko bizia: Zu, egiazko Yainko bakar ori ta zuk bidalitako Yesu-Kristo ezagutzea». Ortara ezkero, betiko bizia iritxi nai badugu, orixe izan bear litzake mundu onetako gure eginkizunik nausiena: gure al guziaz Yesu-Kristo ongi ezagutzen saiatzea.

        Euskaldun kristauei eginkizun ortan laguntzeko asmotan argitaratzen dugu liburu au, Yesu-Kristoren bizi au. Orain dirala zortzi urte asi genuen lan au, ta geroztik illeroko orritxo batean puskeka argitaratuz etorri gera. Orain ordea guzia liburu batean bildurik agertarazten dugu.

        Ementxe arkituko dituzu bada, euskaldun irakurlea, Yesu-Kristo gure Yaunak lur onetan egon zan bitartean esan ta egin zituenak. Baña liburu onetan eztut nik nere burutik ezer ere asmatu, guzia lau Ebanjelioetatik artua dago. Nik lau Ebanjelio oietako berri guziak batera bildu ta euskeraz yarri besterik eztut egin.

 

Lau Ebanjelioak

        Yesu-Kristo, mundu onetako bere lana bururatu ondoan, zerura igo zan. Baña aurretik berexi zituen amabi gizon (amabi Apostoluak), berak asitako lana aurrera eraman zezaten. Amabi Apostoluak Yesusekin ibilliak ziran, aren esan-egiñak ikusi ta entzun zituzten. Zerura baño lentxeago, Yesusek esan zien bere ikasle oiei, mundu guzian barna zabaltzeko ta bere Ebanjelioa, berak zerutik ekarritako Berri-ona yende guziai irakasteko. Alaxe egin zuten Apostoluak: Yesus zerura igo ta laster, asi ziran ikusi ta aditu izan zuten guzia predikatzen ta irakasten, lenbizi Yerusalem'en, gero Yudu-errian ta gero lubil (lurbira) osoan.

        Baña gizona atzenkorra da, erraz atzentzen edo aztutzen zaio bein aditu ta ikasi duena. Orregatik, Apostoluak ere beldur ziran, beren irakatsiak noizpait aztu ta galduko ote ziran. Eta olakorik gerta etzedin, beren irakatsi oiek beti kristauen gogoetan iraun zezaten, Yesu-Kristoren esan-egiñak idaztea, liburutan yartzea gogoratu zitzaien. Orrela sortu ziran Ebanjelioak deritzaien liburuak. Elizaren lenbiziko urte aietan olako liburu asko ta asko agertu ziran; baña Eliza ama Sanduak aietako lau bakarrik artu ditu ontzat, Mateo, Marko, Luka ta Yoan Sanduak egindako Ebangelioak; auek bakarrik dauzka siñesgarritzat eta Yainkoak gogora-emandakotzat; beste gañerako guziai eztie siñesterik ematen; gizonen asmakaritzat dauzka.

 

Nor ziran lau Ebanjelariak?

        Or aipatu ditugun lau gizon oietako bi, Mateo ta Yoan, Apostoluak ziran, Yesusen lagunak, Yesusekin ibilli ziran au predikatzen ibilli zan arte guzian, aren esan-egin guziak beren belarriz aditu ta beren begiz ikusi zituzten. Geroztik berak ikusi ta entzundakoa kontatzen digute beren liburuetan.

        Beste biak, Marko ta Luka, etziran Apostolu izan, bai ordea Apostoluen lagun. Apostoluai aditu ta ikasitakoa kontatzen digute beraz. Oietako bakoitzaz bi itz esan bear ditugu.

        1) Mateo Sandua. Lenbizi zerga-biltzalea izan zan; olakoai oso begi txarrez begiratzen zieten Yuduak, yende galdutzat zeuzkaten. Bein batez, bere zerga-biltegian eseria zegola, Yesusek beregana deitu ta bere Apostolu egin zuen. Ordu-ezkero beti Yesusekin ibilli zan. Gure Yauna zerura igo ezkero, predikatu zuen aurrena Yuduerrian ta gero, uste danez, Etiopian. 50'garren urte inguruan, Yesus zeruratu ta 17'ren bat urteren buruan ondu zuen bere Ebanjelio-liburua. Eta kristau-egindako Yuduentzat egin baitzuen, aiek orduan ibiltzen zuten izkuntzaz, arameeraz idatzi zuen.

        2) Marko Sandua. Barnaba apostoluaren aide urbilla zan; zenbait denboraz Paulo ta Barnabarekin ibilli zan predikatzen. Geroago Erroman ageri da Pedro ta Paulo Apostoluekin. Erromako kristauentzat idatzi zuen grekeraz bere ebanjelioa, 55'garren urte inguruan. Pedro Sanduari entzundakoa kontatzen digu bere liburu ortan.

        3) Luka Sandua. Siria'ko Antiokian yaioa zan, uste danez; sendatzalea zan ta zenbaitzuk diotenez, margazkaria ere bai. Eztakigu noiz egin zan kristau. Paulo Apostoluarekin ibilli zan predikatzen. Onekin ta Yesusen beste lagun batzuekin ikasia kontatzen digu bere ebanjelioan. Alaxe aitortzen du berak: ardura aundiz ibilli zala Yesusi buruzko berri alik geienak biltzen ta berri oiek lerro lerro idaztera saiatu zala. 61'garren urte inguruan ondu zuen bere liburu ori grekeraz, Erroman zegola.

        4) Yoan Sandua. Zebedeo'ren semea ta Yakobo Aundiaren anaia zan. Bere aita ta anaia bezela, arrantzalea izan zan, Yesusek bere ondora deitu arte. Yesusek auxe izan zuen maitena Apostoluen artean, eta iltzerakoan onen kontura utzi zuen bere Ama maitea. Aurrena Yudu-errian, gero Efeson ta beste zenbait lekutan predikatu zuen. Adin aundian, 100'en bat urte zituela il zan. Asia-Txikiko kristauentzat idatzi zuen bere Ebanjelioa, 90'garren urte inguruan; onek ere grekeraz egin zuen. Yesu-Kristo etzala Yainko, gizon uts bat besterik etzala esaten asiak ziran orduko zenbait yende; eta oiei erantzuteko ta Yesu-Kristo egiaz Yainko zala erakusteko idatzi zuen bere liburua. Orregatik Yesusen yainkotasuna adiarazi lezaketen esan ta egiñak aipatzen ditu batez ere bere Ebanjelio ortan.

 

Guk egin duguna

        Yesu-Kristo gure Yaunari buruz dakizkigun berri guziak lau gizon oiei zor dizkiegu bada, oiek kontatu-ta dakizkigu. Bañan lau Ebanjelari oiek ez dizkigute beti berdin kontatzen Yesusen esan-egiñak; batzutan bai lauak berdin, beste batzutan berriz batek alde batera, besteak bestera; batek geiago, besteak gutxiago; batek gertakari bat jakiñarazten digute, besteak berriz ez.

        Guk auxe egin dugu bada: lau gizon oiek beren liburuetan dakarzkiten berri guziak beren itzekin, guk geren itzik sartu gabe, batera bildu ta gero ori euskeraz yarri euskaldunentzat. Gure lan au egiteko, beste izkuntzetan egindako liburu asko begien aurrean iduki ta aietaz baliatu gerala aitortzen dugu.

        Euskaldun kristauak maiz ta gogoz irakurri dezatela liburu au; ta mundu onetan dugun eginbearrik aundiena betetzen, Yesu-Kristo gure Yauna gero ta obeki ezagutzen ta maitatzen lagunduko diela uste dugu.

        Orixe nai luke biotz-biotzez.

EGILLEAK

Lekaroz'ko Aztetxean, 1932'ko Gabon illean

aurrekoa hurrengoa