www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Yesu Kristo gure Yaunaren bizia
Polikarpo Iraizozkoa
1934

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Yesu-Kristo gure Yaunaren bizia, Iraizoz'ko Polikarpo A. Neketako Ama-Birjiñaren Irarkola, 1934

 

 

aurrekoa hurrengoa

BIGARREN ZATIA:
Ageriko bizia

 

 

13.— Yoanek basa-bazterrean bataiatzen

(Mt. III, 1-6; Mc. I, 1-6; Lc. III, 1-6)

 

        Tiberio Kaisar'en agintealdiaren amaboskarren urtea zan; Ponzio Pilato zan Yudeako yaurlari; Herode, Galileako buruzagi; orren anai Filipo, Iturea ta Trakoniti-lurraldeko buruzagi; Lisania, Abileneko buruzagi; Ana ta Kaifa ziran Apaiz-nausi.

        Egun aietan bada Yaunak entzun-arazi zion bere deia Zakariaren seme Yoani basa-bazterrean. Etorri zan Yoan, eta Yordan inguruko bazterretan zebillen, damutasunezko bataioa pekatuen barkapenerako iragarriz, ziola: «Damu ar zazue, zeruko yaurgoa (erreinua) urbil dago ta».

        Au da arako Isaia profetak aipatzen duena diolarik:

 

        «Ona emen, nik bidaltzen dut nere mandataria zure aurrean,

        zure bidea zure aurrean apaindu dezan.

        Mintzura bat oiuz ari da mortuan:

        apaindu Yaunaren bidea,

        zelaitu aren zidorrak;

        ibarrak beteko dira.

        mendi ta muñoak apalduko;

        bide makurrak zuzenduko dira.

        ta bide malkarrak legunduko.

        Ta gizon guziak ikusiko dute Yainkoaren gaizkagarria».

 

        Yoanek kamelu illezko soñekoa zuen ta gerrian larruzko gerrikoa; larrapotak eta basa-eztia ziran aren yanaria.

        Yudea-erri guzia ta Yerusalendar guziak ta Yordan inguruko guziak arenganatzen ziran, ta arek bataiatzen zituen Yordan ibaian, beren pekatuak aitortzen zituztela.

 

 

14.— Yoanen itzaldia gizaldeai

(Mt. III, 7-19; Lc. III,7-9)

 

        Bataio eske yoaten zitzaizkion gizaldeai, bai ta Farisau ta Sadukearrai ere esaten zien: «Larrasuge-kumeak, etortzeko zorian dagon asarreari iges egiten nork erakutsi dizue? Egizkitzue damuari dagozkion arnariak (frutuak), ta ez esan zuen baitan: Abraham dugu aita. Nik diotsuek: Yainkoak onako arri auetatik ere sortu ditzaioke umeak Abrahami. Aizkora zuaitzaren erroan ezarria dago; arnari onik ekartzen eztuen zuaitza moztu ta sutara egotziko da».

 

 

15.— Yoanen irakatsiak

(Lc. III, 10-14)

 

        Gizaldeak galdegiten zioten: «Zer egin bear dugu bada?». Erantzun zien: «bi soinpeko dituenak eman bezaio bat ez duenari, ta yanariak dituenak orobat egin beza».

        Zergariak ere etorri zitzaizkion bataio eske ta esan zioten: «Maisua, zer egin bear dugu?». Arek esan zien: «Agindurik daukazuena baño geiago ez eskatu».

        Gudamutilla (soldaduak) ere galdegin zioten: «Eta guk zer egin bear dugu?». Esan zien: «Ez iñori gaitzik ez bidegaberik egin, eta zuen guda-sariaz pozik egon».

 

 

16.— Yoanen aitorrera Yesu-Kristoz

(Mt. III, 11-12; Mc. I, 6-8; Lc. III, 15-18)

 

        Erri guzia zai zegolarik, eta Yoan ori Mesia (Kristo) ote zan gogoan zerabiltela, Yoanek esan zien guziai: «Nik ur utsaz bataiatzen zaituztet, damu artu dezazuen; nere ondotik datorrena ni baño azkarrago da; aren oñetakoak yazteko, ez aren oñetako-edeak askatzeko ere diña ez naiz ni.

        »Arek bataiatuko zaituzte Ats Sanduaz eta suaz. Sardea eskuan artu ta bere larraña garbituko du; garia sabaira bilduko du ta agotza ezin itzalizko suan erreko».

        Beste burubide asko ere ematen zizkion yendeari ta Berri-ona iragartzen zuen.

 

 

17.— Kristoren bataioa

(Mt. III, 13-17; Mc. I, 9-11; Lc. III, 21-22)

 

        Egun aietan, erri guzia bataiatzen ari zalarik Yesus ere etorri zan Galileako Nazaretetik Yordan aldera Yoanengana bataio eske. Yoanek ordea eragotzi nai zion esanez: «Zuk bear ninduzuke ni bataiatu, ta nigana zatoz zu?».

        Yesusek erantzun zion: «Utzazu orain, orrela dagokigu guri; zuzenbidezkoa dan guzia bete bear dugu». Orduan etsi zuen Yoanek eta bataiatu zuen Yesus Yordan ibaian.

        Yesus, bataiatu ondoan, irten zan bereala uretik eta otoitz egiten ari zala, zeruak zabaldu zitzaizkion, Ats Sandua gorputz-itxuran uso-idurian yetxi ta aren gañean gelditu zan ta mintzura batek oiu egin zuen zerutik: «Zu zera nere Seme maitea, zugan dut nik atsegiña».

        Yesusek bere ageraldian ogei ta amar urte zituen gutxi-gora-bera, ta Yoseren semetzat zeukaten.

        Yose Heliren seme izan zan, Heli Matatena, au Lebirena, au Melkirena, au Yanerena, au Yoserena, au Matatiarena, au Amosena, au Nahumena, au Heslirena, au Nagerena, au Mahatena, au Matatiarena, au Semeirena, au Yoserena, au Yudarena, au Yoanarena, au Resarena, au Zorobaeblena, au Salatielena, au Nerirena, au Melkirena, au Kosanena, au Elmadanena, au Herena, au Yesusena, au Eliezerena, au Yorimena, au Matalena, au Levirena, au Simeonena, au Yudarena, au Yoserena, au Yonarena, au Eliakimena, au Melearena, au Menarena, au Matalerena, au Natanena, au Dabidena, au Jeserena, au Obedena, au Boozena, au Salmonena, au Naasonena, au Parerena, au Judarena, au Jakobena, au Isaakena, au Abrahamena, au Tarerena, au Nakorena, au Sarugena, au Ragaurena, au Palegena, au Heberena au Salerena, au Kainanena, au Arpaksadena, au Semena, au Noerena, au Lamekena, au Matusalerena, au Enok-ena, au Yaredena, au Malaleelena, au Kainarena, au Enosena, au Setena, au Adamena, au Jainkoarena.

 

 

18.— Yesus basa-bazterrean Zirikaldiak

(Mt. IV, 1-11; Mc, I, 12-13; Lc. IV, 1-13)

 

        Yesus, Ats Sanduaz beterik, itzuli zan Yordan aldetik ta Atsak basa-bazterrera yoan-arazi zuen, an deabruak zirika zezan. Berrogei egun ta berrogei gauez basa-lekuan egon zan baseiziekin. Aldi guzi ortan etzuen ezer yan, ta egun aien ondoan gose izan zan.

        Orduan urbildu zitzaion zirikatzalea (deabrua) ta esan zion: «Yainkoaren semea bazera, arri auek ogitu itzatzu». Yesusek erantzun zion: «Idatzia zegok: Gizona ezta ogi utsez bizi, Yainkoaren agotikako itzez ere bai».

        Orduan eraman zuen deabruak iri sandura (Yerusalemera), yauretxearen galdurrean ezarri zuen ta esan zion: «Yainkoaren semea bazera, egotzazu zere burua or bera; idatzia baitago:

        »Zu zaintzeko agindua eman die bere Aingeruai,

        »beren eskuetan yasoko zaituzte,

        »zure oñak arrien bat yo ez dezan».

        Yesusek erantzun zion: «Idatzia zegok alaber: Zere Yainko Yauna ez dezazula zirikatu».

        Orduan artu zuen berriz deabruak, eta mendi gora batera eraman zuen; andik erakutsi zizkion begikaldi batean munduko yaurgo guziak beren ospearekin ta esan zion: «Eskubide ta ospe guzi ori zuri emango dizut; nere eskuan baitaude guziak, eta nik ematen dizkiot nai dudanari. Beraz, zuk aozpeztu ta gur-egiten badidazu, zuretzat izango dira guziok».

        Yesusek erantzun zion: «Alde emendik, Satan; idatzia zegok: Zure Yainko Yaunari gur-egiozu ta ari bakarrik mirabe-egiozu». Orduan zirikada guziak azkendu ziranean, deabruak aldegin zuen arengandik beste aldi on bat arte.

        Aingeruak etorri zitzaizkion orduan Yesusi eta mirabe-egin zioten.

 

 

19.— Kristoren sortze betidanikoa, Yoanen aitorrera

(Io. I, 1-34)

 

        Lenbizian zan ta Itza Itza Yainkoagan zegoen ta Itza Yainko zan. Au Yainkoagan zegoen lenbizian; Arek egin ditu gauza guziak, eta egin dan gauzarik ezta Ura gabe egin izan. Arengan zegoan bizia, ta bizia zan gizonen argia, ta argiak illunbetan argitzen du, ta illunbeak eztute ura artu.

        Izan zan gizon bat, Yainkoak bidalia, Yoan zuen izena. Aitor-egitera etorri zan au, argiari aitor-egitera, aren bidez guziak siñetsi zezaten. Etzan ori argia, argiari aitor-egin bear ziona baizik. Gizon guziak argitzen dituen argi egiazkoa mundura zan; munduan zegon, mundua Berak egiña da, ta munduak etzuen ura ezagutu.

        Beretarren artera etorri zan, eta beretarrak etzuten artu. Bera artu zuten guziai Yainkoaren ume biurtzeko eskubidea eman zien, bere izenean siñesten dutenai, ez odoletik, ez aragiaren, ez gizonen naietik, Yainkoagandik baizik, yaio diranei. Ta Itza aragi, gizon, egin da, ta gure artean bizi izan da, graziaz eta egiaz beterik; ta guk ikusi dugu Aren ospea, Aitaren Seme-bakarrari zegokion bezelako ospea.

        Yoanek aitortzen du artaz ta oiu egiten du: «Onetaz esan nizuen lenago esan nizuen ura: Nere ondotik datorrena ni baño goragokoa da, ni baño lenagokoa da ta. Aren betetasunetik artu dugu guziok grazia graziaren ondotik. Legea Moisek emana da, grazia ta egia Yesu-Kristok egiñak dira. Yainkoa eztu iñork ikusi; Aitaren Seme-bakar, Aitaren magalean dagonak, orretxek eman digu aren, Yainkoaren, berri».

        Yuduak bidali zizkioten Yoani Yerusalemetik zenbait apaiz ta lebitar, galdegitera: «Nor zera zu?», eta ona zer aitorrera egin zuen orduan Yoanek; aitortu zuen bada goraki ta etzuen ukatu, ta esan zuen: «Ni ez naiz Kristo».

        Galdegin zioten: «Zer bada, Elia al zera?». «Ez», erantzun zien. Ta galdegin zioten berriz ere: «Nor zera bada? Bidali gaituztenei erantzuna eraman bear diegu ta; zer diozu zere buruaz?».

        Esan zien: «Ni naiz basa-bazterrean oiuz ari danaren mintzura, diola: «Apain zazue Yaunaren bidea, Isaia Profetak esan zuenez». Mandatari aiek Farisauak ziran.

        Galdegin zioten aurrera ere: «Zergatik ari zera bataiatzen, ezpazera Kristo, ez Elia, ez Profeta?». Yoanek erantzun zien: «Nik urez bataiatzen zaituztet; baña zuen artean dago zuek ezagutzen ez duzuen bat; ori da nere ondotik datorrena, ni baño lenago izan zana; orren oñetako-edeak askatzeko ere gai ez naiz ni».

        Auek Betanian, Yordan-araindian, Yoan bataiatzen ari zan tokian gertatu ziran. Biaramonean Yoanek ikusi zuen Yesus beregana etortzen ta esan zuen: «Orra or Yainkoaren Bildots, munduko pekatua kentzen duena. Onetaz nion arako itz ura: «Nere ondotik dator ni baño antziñagoko gizon bat, ni baño lenagokoa da bera. Nik ez nuen ori ezagutzen, baña urez bataiatzera etorri naiz, ori Israeli ezaguerazteko».

        Beste aitorrera bat ere egin zuen Yoanek ziola: «Atsa zerutik uso-idurian yexten ikusi nuen ta orren gañean yarri zan. Nik ez nuen ezagutzen ori, baña urez bataiatzera bidali nauenak esan zidan: «Atsa gizon baten gañera yetxi ta an yartzen ikusten duzunean, gizon ori da Ats Sanduaz bataiatzen duena. Eta nik alaxe ikusi dut eta goraki aitortzen dut: «Au da Yainkoaren Semea».

 

 

20.— Lenbiziko ikasleak

(Io. I, 35-51)

 

        Biaramonean, Yoan an zegoen berriz bi ikaslekin. Ta Yesus an zebillela ikusirik, esan zuen: «Orra or Yainkoaren Bildotsa». Bi ikasleak entzun zituzten itz oiek ta Yesusi yarraiki zitzaizkion.

        Yesus itzuli zan, ta aiek atzetik zetozkiola ikusirik esan zien: «Zeren billa zabiltzate?». Aiek esan zioten: «Rabbi (esan nai da, Maisua), non bizi zera?». Erantzun zien: «Atozte ta ikusi». Yoan ziran arekin, ikusi zuten non bizi zan ta egun artan arekin egon ziran. Amar orduak inguru ziran.

        Yoanen itza aditu ta Yesusekin yoan ziran aietako bat Andrea, Simon Pedroren anaia zan. Orrek arkitu zuen bere anai Simon ta esan zion: «Arkitu diagu Mesia (edo Kristo)». Ta Yesusengana eraman zuen.

        Yesusek begiratu ta esan zion: «Zu zera Simon, Yoanen semea; Kefa (esan nai du: Arkaitza) deituko zera zu».

        Biaramonean Galileara yoan nai izan zuen Yesusek; arkitu zuen Filipo ta esan zion: «Yarraiki zakiztik». Filipo Betsaidakoa zan, Andrea ta Simonen erri berekoa.

        Filipok arkitu zuen Natanael ta esan zion: «Moisek legean ta profetak iragarri ziguten ura arkitu diagu; Yesus, Yoseren semea, Nazaretekoa». Natanaelek galdegin zion: «Nazaretetik ezer onik etorri ote diteke?». «Ator ta ikusak», esan zion Filipok.

        Yesusek Natanael etortzen ikusi zuenean, esan zuen artaz: «Orra or egiazko Israeldar, maltzurkeririk ez duen bat». Natanaelek esan zion: «Nondik ezagutzen nauzu?». Yesusek erantzun zion: «Filipok zu deitu orduko, pikondo azpian zeundenean ikusi zaitut». Natanaelek esan zuen: «Rabbi (Maisua), zu zera Yainkoaren Semea, zu zera Israelgo erregea».

        Yesusek ordea erantzun zion: «Pikondo azpian ikusi zaitudala esan dizudalako siñesten duzu? Ori baño aundiagorik ikusi bearra zera». Gero gañeratu zuen: «Egiaz, egiaz nik diotsuet; zerua zabaldu ta Yainkoaren Aingeruak Giza-Semearen gañera yexten ta igotzen ikusiko dituzue».

 

 

21.— Kanako ezteiak — Yesus Kaparnaumen — Pazkoa

(Io. II,1-25)

 

        Andik irugarren egunean, ezteiak izan ziran Galileako Kana errian. Yesusen Ama an zan, eta Yesus ta bere ikasleak ere deitu zituzten ezteietara.

        Ardoa akitu zanean, Yesusen Amak esan zion Berari: «Ardorik eztute». Yesusek erantzun zion: «Andrea, zer ikusteko dut nik zurekin? Nere ordua ezta oraño etorri».

        Aren amak esan zien mirabeai: «Egizue esango dizuen guzia». Baziran bertan sei kupel arrizko, Yuduak egin oi dituzten garbiketetarako; bizpairuna neurri kokatzen zituzten.

        Yesusek esan zien: «Bete kupelok urez». Ta bete zituzten goraño. Gero esan zien: «Orain atera ortik ta maiburuari eraman». Ta eraman zioten. Maiburuak murtxatu zuen ur ardo-egindakoa. Berak etzekien, ardo ori nondikakoa zan; ardoa atera zuten mirabeak ordea bazekiten.

        Otsegin zion bada maiburuak senar-berriari ta esan zion: «Edozeñek ardo onena maieratzen du lenbizi; gero, naikoa edan dutenean, txarrena; zuk ordea orain arte gorde duzu ardo ona».

        Orrela egin zuen Yesusek bere lenbiziko miraria Galileako Kana errian. Bere ospea erakutsi zuen ta bere ikasleak Arengan siñetsi zuten.

        Gero bere Ama ta anai ta ikaslekin Kafarnaumera yetxi ta zenbait egunez an egon zan.

        Yuduen Pazkoa urbil zegoen ordean ta Yerusalemera igo zan Yesus. Yauretxean arkitu zituen idi, ardi ta uso-saltzaleak, ta diru-trukatzaleak eseririk. Eta soka batzuez azorri (azote) bat egiñik, yauretxetik aurtiki zituen beren ardi ta idiekin, trukatzalen dirua barreatu ta maiak irauli zituen. Uso-saltzaleai esan zien: «Kendu auek emendik, eta ez egin nere Aitaren etxea sal-erosteko etxea».

        Orduan oroitu ziran ikasleak idatzirik dagon itz artaz: «Zure etxearenganako karrak erretzen nau».

        Yuduak ordea galdegin zioten: «Zein ezaupidez erakutsiko diguzu, ori egitea zillegi (lege) zaitzula?». Yesusek erantzuen zien: «Lurrera zazue yauretxe au, ta nik iru egunez goratuko dut berriz». Yuduak esan zioten: «Berrogei ta sei urtez lan egin zan yauretxe au goratzeko, ta zuk iru egunez goratuko zenuke?».

        Yesus ordea bere gorputzaren yauretxeaz mintzo zan. Geroago, illen artetik piztu zanean, bere ikasleak oroitu ziran esaera ortaz eta siñetsi zuten Idazkia eta Yesusek esandako itza.

        Pazko-yaiak bitartean Yerusalemen zegolarik, askok siñetsi zuten aren izenean, egiten zituen mirariak ikusi ta. Yesusek ordea etzuen uste aundirik aiengan, guziak ezagutzen zituelako. Etzuen iñoren aitorrera (esana) bear, nor zer zan yakiteko, berak bazekielako, gizona baitan zer zan.

 

 

22.— Kristo ta Nikodemo

(Io.III, 1-21)

 

        Farisauen artean ba zan Nikodemo izeneko gizon bat, yudutar Batzarre-gizona. Au etorri zitzaion Yesusi gauez ta esan zion: «Maisua, badakigu Yainkoagandik etorri zerala irakasle bezela, iñork ez baititzake egin zuk egiten dituzun mirariak, Yainkoa berarekin ezpadago».

        Yesusek erantzun zion: «Egiaz, egiaz, nik esaten dizut: Norbait berriz yaiotzen ezpada, ezin dezake Yainkoaren yaurgoa ikusi».

        Nikodemok esan zion: «Nola yaio diteke gizona, zarra dalarik? Bere amaren sabelera berriz sartu ta bigarren aldiz yaio ote diteke?».

        Yesusek erantzun zion: «Egiaz, egiaz, nik diotsut: Norbait uretik eta Ats Sandutik berriz yaiotzen ezpada, ezin diteke Yainkoaren yaurgora sartu. Aragitik sortzen dana aragi da, ta atsetik sortzen dana atsa da. Berriz yaio bear duzue! esan dizudalako ez gero arritu. Aizeak nai duen lekuan fu-ematen du; aren otsa entzuten duzu, baña nondik datorren ta nora dioan ez dakizu. Atsetik yaio dan edozeñekin ere orixe gertatzen da».

        Nikodemok galdegin zion: «Nola gerta ditezke gauza oiek?».

        Yesusek erantzun zion: «Zu maisu zera Israelen, eta au ez dakizu? Egiaz, egiaz, nik diotsut: Guk dakigunaz itzegiten dugu ta ikusi duguna aitortzen dugu. Lurreko gauzetaz itzegin badizuet ta siñesten ez baduzue, nola siñetsiko duzue, zeruko gauzak esaten badizkitzuet? Iñor ezta zerura igo, zerutik yetxi dan Yainkoaren Seme, zeruan dagona baizik. Moisek basabazterrean sugea goratu zuen bezela, Giza-Semea ere olaxe goratu bear dute, Arengan siñesten duenik bat ere galdu ez dedin ta guziak betiko bizia izan dezaten.

        »Yainkoak ain maite izan du mundua, ta bere Seme bakarra eman du, Arengan siñesten duenik bat ere galdu ez dedin ta guztiak betiko bizia izan dezaten.

        »Yainkoak eztu bere Semea mundura bidali, mundua gaitzestera, mundua aren bidez gaizka dedin baizik. Arengan siñesten duena ezta gaitzetsiko; siñesten eztuena berriz gaitzetsia dago onezkero, Yainkoaren Seme bakarraren izenean siñesten eztuelako.

        »Epaiketa (juizioa) auxe da: «Argia etorri da mundura, baña gizonak argia baño maiteago izan dute illunbea, beren egiteak txarrak ziralako. Gaizki egiten duten guziak iguin dute argia ta ez dira argitara etortzen, beren egintzak agertu ez ditezen. Egiaren araura dabillena berriz argitara etortzen da, bere egintzak Yainkoarekin egiñak dirala agertu ditezen».

 

 

23.— Kristo Yudean — Yoanen aitorrera

(Io. III, 22-IV, 3)

 

        Gero Yesus Yudea-errira yoan zan bere ikaslekin; an egon zan aiekin ta bataiatzen ari zan. Yoanek ere bataiatzen zuen Enonen, Salim ondoan, bertan ur aundia zegolako; ta yendeak etortzen zitzaizkion ta bataiatzen zituen. Oraño etzuten Yoan baitegira (kartzelara) sartu.

        Orduan eztabaida sortu zan Yoanen ikasle ta Yuduen artean, garbiketa (bataioa) zala ta. Urbildu zitzaizkion Yoani bere ikasleak eta esan zioten: «Maisua, Yordan-araindian zurekin egon zan ta zuk aitor-egin zenion gizon ura bataiatzen ari da, ta guziak yoaten zaizkio».

        Yoanek erantzun zien: «Gizon batek ezin dezake ezer artu, zerutik ematen ezpazaio. Zerok yakille zerate nik esan dudala: Ni ez naiz Kristo, aren aurrean bidalia besterik ez naiz. Emaztea duena, ura da senarra; senar-berriaren adiskidea an dago ta entzun dio ta agitz pozten da senar-berriaren mintzoaz. Poz auxe izan dut nik bete betea.

        »Arek bear du aunditu, nik berriz txikitu».

        Goitik datorrena guzien gain dago; lurretik datorrena lurtarra da ta lurtar-aintzu mintzatzen da. Zerutik datorrena guzien gain dago. Orrek ikusi ta entzun duena, orixe aitortzen du ta orren aitorrera eztu iñork onartzen. Orren aitorrera onartzen duenak berriz, Yainkoa egitia dala adierazten du.

        Yainkoaren Bidaliak Yainkoaren itzak esaten ditu, neurririk gabe ematen baitu Yainkoak bere atsa. Aitak maite du Semea ta orren eskuan yarri du guzia. Semeagan siñesten duenak badu betiko bizia; Semeari siñesten eztionak berriz eztu bizia ikusiko, ta Yainkoaren aserrearen mendean dago.

        Farisauak entzun zuten, Yoanek baño ikasle geiago biltzen zituela Yesusek eta geiago bataiatzen zuela. (Yesus berak etzuen ala ere bataiatzen, bere ikasleak baizik). Yesusek berri ori yakin zuenean ta Yoan baitegian sartu zutela ikasi zuenean, Galileara baztertu zan, Atsak eragiñik.

 

 

24.— Yesus Samarian

(Io. IV, 4-42)

 

        Samarian zear igaro bear zuen. Iritxi zan bada Samariako iri Sikar zeritzanera, Yakobek bere seme Yoseri eman zion zelaiaren ondora. An zegoen Yakoben putzua. Yesus, bideaz nekaturik putzu aldean eseri zan. Seigarren ordua edo zan.

        Samariako emakume bat etorri zan urketara. Yesusek esan zion: «Edatera emadazu». (Aren ikasleak irira yoanak ziran, bizigarriak erostera).

        Emakume Samariarrak erantzun zion: «Zuk, Yudua zeralarik nola eskatzen didazu edatera, Samariarrak naizen oni?». Yuduak Samariarrekin artu-emanik bat ere ez dute ta.

        Yesusek erantzun zion: «Baldin Yainkoaren emaitza ezagutzen bazenu, eta bazeneki zuri edatera eskatzen dizun au nor dan, zerorrek eskatuko zenioke, ur bizia eman dezaizun».

        Emakumeak diotsa: «Yauna, ur-ateratzeko ontzirik ere eztuzu ta putzua barna da; nondik duzu ur bizia? Gure aita Yakob baño aundiago al zera? Arek eman zigun putzu au ta ortatik edan zuen berak, bere semeak ta bere abereak».

        Yesusek erantzun zion: «Ur onetatik edaten duena egarrituko da berriz; nik emango diodan uretik edaten duena berriz ezta egun-ta-beti egarri izango; aitzitik, nik emango diodan ur ori egingo zaio betiko bizira zirristatzen dan iturria».

        Orduan esan zion emakumeak: «Yauna, indazu ur ori, egarritu ez nadin, ta onera ur-eske etorri bearrik izan ez dezadan».

        Yesusek esan zion: «Zoaz, dei zazu zure senarra ta atoz onera».

        Emakumeak erantzun zion: «Eztut senarrik».

        Yesusek berriz: «Egia diozu: Eztut senarrik. Bost senar izan dituzu, ta orain duzuna ezta zure senarra; egia esan duzu».

        Emakumeak diotsa: «Yauna, badakust Profeta zerala. Gure asabak (aurrekoak) mendi onetan yauretsi (adoratu) zuten Yainkoa, ta zuek berriz diozue, Yerusalemen dagola Yainkoa yauresteko tokia».

        Yesusek diotsa: «Emakumea, siñetsi zaidazu; Yainkoa ez mendi onetan ta ez Yerusalemen yauretsiko ez duzuen garaia badator ta bertan da. Zuek ezagutzen ez duzuena yauresten duzue, guk ezagutzen duguna yauresten dugu, gaizkatzea Yuduengandik dator ta. Baña egiazko yauresleak Aita egiaz ta atsez yauretsiko duten ordua badator ta bertan da; olako yauresleak billatzen ditu Aitak. Yainkoa Atsa da, ta Bera yauresten dutenak atsez ta egiaz bear dute yauretsi».

        Emakumeak diotsa: «Mesia (esan nai du, Kristo) badatorrela badakit, Arek etorri dedinean, yakin-araziko digu guzia».

        Yesusek esan zion: «Ni, zurekin mintzo naizen au nauzu Mesia ori».

        Orduantxe etorri ziran aren ikasleak, eta emakume batekin izketan ari zalako arritu ziran. Ala ere etzion iñork galdegin: «Zer nai duzu, edo; Zer ari zera orrekin izketan?

        Emakumea, bere txantxilla an utzi ta irira yoan zan ta ango yendeai esan zien: «Egin ditudan gauza guziak esan, asmatu, dizkidan gizon bat ikustera atozte. Ori ote dugu Kristo?».

        Atera ziran bada iritik ta arengana ziran. Bizkitartean bere ikasleak eskatzen zioten esanez: «Maisua, yan zazu». Arek berriz esan zien: «Zuek ez dakizuen yanari bat badut nik yateko». Orduan ikasleak esan zioten elkarri: «Norbaitek yatekoa ekarri ote dio?».

        Yesusek dioste: «Ni bidali nauenaren naia egitea ta aren lana bururatzea, orixe da nere yanaria. Ez al diozue zuek: Oraindik lau illabete ta uzta badator? Begira, nik diotsuet: Gora itzatzue zuen begiok ta ikusi alorrak (soroak), zuriturik daude igitarako. Onezkero igitariak artzen du bere saria ta betiko bizirako biltzen du arnaria (frutua), berdin ereilea ta igitaria poztu ditezen.

        »Ongi dator emen arako esaera ura: «Batek ereiten du, besteak uztatzen. Nik bidali zaituztet landu ez du zuena uztatzera; beste batzuek egin dute lana, ta zuek aien lanetara sartu zerate».

        Iri artako Samariar askok siñetsi zuten Arengan, emakumeak esan zielako: «Egin ditudan guziak esan dizkit. Yoan zitzaizkion bada Samariarrak, ta aiekin egoteko eskatu zioten. Ta an egon zan bi egunez.

        Orduan askoz ere lagun geiagok siñetsi zuten Arengan, bere esanak entzunik. Emakumeari esaten zioten: «Orain siñesten dugu ez zure esanagatik bakarrik; orain gerok entzun dugu ta badakigu: «Auxe da ziñez munduaren Salbatzalea».

 

 

25.— Yesus Galilean

(Io. IV, 43-45; Lc. IV, 14)

 

        Bi egunen buruan andik atera ta Galileara yoan zan. Yesusek aitortu zuen, profeta batek bere sorterrian eztuela omenik.

        Galileara iristean, Galilearrak arrera ona egin zioten, yai-egunean Yerusalemen egin zituen guziak ikusi zituztelako, aiek ere yai-egunerako Yerusalemera yoan izan ziran ta. Errialde guzi artan zabaldu zan aren aomena.

 

 

26.— Yesusek errege-gizonaren semea sendatzen du

(Io. IV, 46-54)

 

        Etorri zan bada berriz Galileako Kanara, ura ardotu izan zuen erri artara. Errege-gizon baten semea eri zegoen Kaparnaumen. Yesus Yudeatik etorri zala entzun orduko, yoan zan gizon ura Yesusengana, ta eskatu zion yexteko ta bere seme ilzorian zegona sendatzeko.

        Yesusek esan zion: «Ezaupideak (gauza arrigarriak) eta mirariak ikusi ezik, eztuzue siñesten».

        Errege-gizonak esan zion: «Yauna, atoz, nere semea il baño lenago». Yesusek esan zion: «Zoaz, zure semea bizi da». Gizonak siñetsi zuen Yesusek esandako itza ta yoan zan.

        Etxerakoan, bere morroiak bidera atera zitzaizkion, ta bere semea bizi zalako berria eman zioten. Galdegin zien, ea zein ordutan eman zuen onera. Aiek esan zioten: «Atzo zazpigarren orduan aldegin zion sukarrak». Ezagutu zuen aitak, ordu artantxe esan ziola Yesusek: Zure semea bizi da. Ta bereala siñetsi zuen bere etxeko guziekin.

        Au da Yesusek egindako bigarren miraria, Yudeatik Galileara etorri ondoan.

 

 

27.— Yesus Galilean barna ibilki

(Mt. IV, 13-17; Mc. I, 14-15; Lc. IV, 15)

 

        Gero Nazaret iritik aldegin ta itsaso ondoko Kaparnaumen egon zan egotez, Zabulon ta Neptali arteko mugaldean. Ola bete bear zan Isaia Profetak esandako itz ura (Is. VIII, 23; IX, 1):

 

        «Zabulon erria ta Neptali erria;

        itsasaldean yarriak,

        Yordan-araindian.

        arrotz-erritarren Galilea;

        illunbetan eseri-ta zegon erriak.

        argi aundia ikusi du;

        eriotzezko itzal-errian zeudenai.

        argia agertu zaie».

 

        Gero asi zan Yesus Yainkoaren yaurgoaren berri-ona zabaltzen, ziola: «Aldia bete da, ta Yainkoaren yaurgoa urbil da; damu zaitezte ta Ebanjelioari siñetsi». Aien siñagogetan irakasten zuen ta eguziak goraipatzen zuten.

 

 

28.— Yesus Nazaret'ko sinagogan

(Lc. IV, 16-30)

 

        Yoan zan Nazaretera, bera azi zan errira. Oitura zuenez, larunbatean sinagogara zan ta irakurtzeko zutitu zan. Isaia Profetaren liburua eman zioten. Zabaldu zuen liburua ta topatu zuen arako itz aiek idatzirik dauden lekua (Is. LXI, 1 sq.):

 

        «Yaunaren atsa nere gain;

        Berak gantzutu nau.

        onbearrai berri-ona emateko;

        biotz-arratuak sendatzera bidali nau,

        lotuai askapena ta itsuai ikusbidea ematera;

        zapaldurik daudenak lokabe (libre) egitera,

        Yaunaren erruki-urtea ta asperkunde-eguna yakin-araztera».

 

        Bildu zuen liburua, mirabeari eman zion ta eseri zan. Sinagogako lagun guzien begiak arengan yosirik zeuden. Ta asi zitzaien esaten:

        «Orain entzun duzuen idazki ori gaur bete da». Guziak aitor-egiten zioten ta Aren agotik ateratzen ziran itz eskertsuez arriturik esaten zuten: «Ez al da bada au Yoseren semea?».

        Yesusek erantzun zien: «Zuek esango didazue noski arako esaera ura: Sendatzalea, zere burua senda zazu. Entzun dugunez, gauza aundiak egin dituzu Kaparnaumen, ta egizkitzu emen zure sorterri onetan ere».

        Gero gañeratu zuen: «Egiaz, nik diotsuet: Profeta batek ere eztu arrera onik bere sorterrian. Egiaz nik diotsuet: Andre alargun asko ziran Israelen Eliaren egunetan, zerua iru urte ta sei illabetez itxirik egon ta lurralde guzian gosete aundia izan zanean. Baña aietako batengana ere etzan bidali Elia, bai ordea Sareptan Sidon aldean bizi zan alargun batengana.

        »Orobat legendun asko ziran Israelen Eliseo profetaren aldian; ta aietako bat ere etzan sendatu, bai ordean Naaman Siriarra».

        Sinagogako guziak asarrez sumindu ziran, itz auek entzunik. Yaiki ziran, iritik egotzi zuten; beren iria mendi baten gañean goratua zegoen ta mendi aren tontorrera eraman zuten, andik bera amiltzeko. Yesus ordea igaro zan aien artetik eta yoan zan andik.

 

 

29.— Pedro ta Andrea, Yakobo ta Yoan

(Mt. IV, 18-22; Mc. I, 16-20)

 

        Yesus Galileako itsaso ondoan zebillela, ikusi zituen bi anai, izengoitiz Pedro deritzan Simon ta Andrea bere anaia, sareak itsasora egozten ari zirala, arrantzaleak ziran ta. Yesusek esan zien: «Yarraiki zakizkidate (atozte nerekin), gizon-arrantzale egingo zaituztet nik». Utzi zituzten bereala beren sareak eta yarraiki zitzaizkion.

        Eta andik aurreraxeago yoanik, ikusi zituen beste bi anai, Zebedeoren seme Yakobo ta onen anai Yoan, ontzian beren aita Zebedeorekin sareak konpontzen ari zirala. Aiei ere otsegin zien; ta aiek beren ontzia ta beren aita morroiekin utzi ta Yesusekin yoan ziran.

 

 

30.— Kaparnaumen — Deabrudun bat sendatzen

(Mc. I, 21-28; Lc. IV, 31-37)

 

        Yoan zan aiekin Kaparnaumera. Larunbatean sartu zan sinagogara ta irakasten ari zitzaien. Guziak arritu ziran Aren irakatsiaz, eskubidea duen batek bezela irakasten baitzuen, ta ez beren lege-irakasleak bezela.

        Ango sinagogan, deabruak artua zegon gizon bat bazan. Orrek oiu egin zuen: «Utzazu, zer ikusteko dugu guk zurekin, Yesus Nazaretarra? Gu ondatzera etorri al zera? Ezagutzen zaitut: Zu zera Yainkoaren Sandua».

        Yesusek ordea zematu zuen ta akar egin zion esanez: «Ixil adi, ta gizon orrengandik atera adi».

        Ats loiak (deabruak) biurkatu zuen gizona, erdira egotzi zuen ta karraxi aundi bat egiñik irten zan arengandik, kalterik bat ere egin gabe. Ikarak artu zituen guziak, eta arriturik galdegiten zioten elkarri:

        Zer da au? zer irakaspen berri dugu au? Ats loiai ere agintzen die, ta men-egiten diote ta aldegiten dute».

        Aren aomena zabaldu zan Galileako bazter guzietan.

 

 

31.— Simonen amagiarreba sendatzen

(Mt. VIII, 14-17; Mc. I, 29-34; Lc. IV, 38-41)

 

        Bereala sinagogatik atera ta, Simon ta Andrearen etxera zan Jakobo ta Yoanekin. Simonen amagiarreba oatzean (oean) zetzan, sukar gaitzak arturik. Bereala eman zioten Yesusi orren berri ta aren alde otoitz egin zioten.

        Yesus urbildu zitzaion, aren gañera kurtu zan ta sukarrari agindu zion; gero eskutik eldu ta yaikiarazi zuen, ta sukarrak aldegin zuen bertan. Bereala yaiki zan ta mirabe-egiten zien.

        Arratsean, eguzkia sartu ondoan, eskañi zizkioten deabrudun asko; ta mota askotako gaitzez eri zeuden guziak ekartzen zizkioten. Iri guzia bere etxeko ate ondoan bildua zegon. Yesusek bere itzaz erauzten (aterazten) zituen ats loiak ta edozein eritasunez zapaldurik zeuden guziai eskua gañean yarri ta sendatu zituen.

        Orrela bete zan arako Isaia profetaren itz ura (Is. LIII, 4):

 

                «Bere gain artu ditu gure gaitzak ta gure eritasunak yaso ditu».

 

        Lagun askorengandik ateratzen ziran deabruak eta deadar egiten zuten esanez: «Zu zera Yainkoaren Semea». Yesusek ordea zematzen zituen ta etzien itzegitera uzten, Bera Mesia zala bezekitelako.

 

 

32.— Kristoren arat-onatak

(Mt. IV, 23-25; Mc. I, 35-39; Lc. IV, 42-44)

 

        Goizean goiz yaiki zan Yesus, bakar-leku batera yoan ta otoitzean ari izan zan. Simon ta bere lagunak ere atzetik yoan zitzaizkion. Arkitu zutenean, esan zioten: «Guziak zure billa dabiltza».

        Yesusek esan zien: «Goazen ondoko errixka ta iri oietara, or ere predikatzera, ortarako etorria naiz ta».

        Gizaldeak ere etorri ziran aren billa ta geldiarazi nai zuten, aiengandik aldegin etzezan. Arek ordea esan zien: «Beste iriai ere yakin-arazi bear diet Yainkoaren yaurgoa, ortarako bidalia naiz ta».

        Orrela inguratzen zuen Galilea osoa, ta aien sinagogetan irakasten zuen ta deabruak erauzten zituen; gaitz eta eritasun guziak sendatzen zituen erritarren artean. Siria guzian zabaldu zan aren aomena. Mindun guziak, era askotako argaltasun ta gaitzez artuak, deabrudunak, illargi-eriak ta elbarriak ekarri zizkioten, ta Berak sendatu zituen.

        Gizalde aundiak yarraiki zitzaizkion Galileatik, Dekapolitik, Yerusalemetik, Yudeatik ta Yordan-arainditik.

 

 

33.— Mirarizko arrantza

(Lc. V, 1-11)

 

        Egun batez, Genesaret-itsaso ondoan zegola, gizaldeak estutzen zuten, Yainkoaren itza entzuteko. Itsas-bazterrean zeuden bi ontzi ikusi zituen; arrantzaleak yetxiak ziran ta sareak garbitzen ziarduten. Ontzi aietako bat Simonena zan, ta Yesus artara igorik, lurretik piska bat aldentzeko eskatu zion. Gero eseri zan ta gizaldeai irakasten zien ontzitik.

        Itzegitetik gelditu zanean, esan zion Simoni: «Sar zaite itsas-zabalera, ta edatu zuen sareak arrantzarako». Simonek erantzun zion: «Maisua, gau osoan lanean ari izan gera, ta eztugu ezer atxitu; ala ere zure itzaren gañean egotziko ditut sareak».

        Olaxe egin zuten ta arrainketa aundia bildu zuten, sareak urratzeko ainbatekoa. Orregatik beste ontzian ziran kideai keñuz esan zieten, laguntzera etortzeko. Etorri ziran ta bi ontziak bete zituzten, urren ondatzeko zorian.

        Simon Pedro, ori ikusirik, Yesusen aurrean aozpeztu ta esan zion: «Yauna, aldegizu nigandik, pekataria naiz ta». Ikarak arturik baitzeuden bera ta bere lagunak, atxitu zuten arrainketa arengatik. Bai alaber Yakobo ta Yoan, Zebedeoren seme ta Pedroren lagunak.

        Yesusek esan zion Pedrori: «Ez beldur izan; gaurdanik gizon-arrantzale izango zera». Orduan legorrera zituzten beren ontziak, guzia utzi ta Yesusekin yoan ziran.

 

 

34.— Yesusek elbarria sendatzen du

(Mt. IX, 1-8; Mc. II, 1-12; Lc. V, 17-26)

 

        Zenbait egunen buruan, Yesus sartu zan berriz bere irira, Kaparnaumera. Laster zabaldu zan etxe batean zegolako berria ta lagun asko bildu zitzaizkion, atarian ere sartu ezin zirala. Bera eseri zan ta irakasten ari zitzaien. Antxe yarri ziran alaber Galileako errixka guzietatik, Yudeatik eta Yerusalemetik etorritako zenbait Farisau ta lege-irakasle. Ta Yesusek itzegiten zien, ta Yaunaren aala agertzen zan eriak sendatuz.

        Beingoan ara non etorri ziran lau gizon, elbarri gaxo bat oatzean zekartela; ura etxera sartu ta Yesusen aurrean yarri nai zuten; ezin zezaketen ordea, yendea ain estu zegon ta. Orduan Yesus zegon etxeko gaindegira igo ziran, egaztegi (tellatu) puska bat kendu zuten, eta eria bere oearekin zulotik bera eratxi ta Yesusen aurrean ezarri zuten.

        Yesusek aien siñestea ikusirik, esan zion elbarriari: «Seme, uste on izan! zure pekatuak barkatu zaizkitzu».

        Lege-irakasle ta Farisauak asi ziran beren baitan gogoeta egiten esanez: «Zer dio onek? Biraoa esan du onek. Birao-esale au nor da? Yainkoaz besterik nork barka ditzate pekatuak?».

        Yesusek ezagutu zuen bere barnean, zer gogoetak zerabiltzaten eta esan zien: «Zergatik darabiltzazue gogapen oiek zuen barnean? Zer da errazago, esatea elbarriari: Zure pekatuak barkatu zaizkitzu, ala esatea: Yaiki, ar zazu zure oatzea ta zabiltza? Yakizue, Giza-Semeak, Yesusek berak, lurrean pekatuak barkatzeko eskubidea baduela». Gero esan zion elbarriari: «Yaiki zaite, ar zazu zure oea ta zoaz etxera».

        Gizona yaiki zan bereala aien aurrean, artu zuen bera zetzan oea ta bere etxera yoan zan, Yainkoa goraipatuz gizaldeak arritzeko ainbat. Baiki, guziak arriturik gelditu ziran ta Yainkoa goraipatu zuten, gizonei alako eskubidea eman zielako; esaten zuten: «Eztugu egundaño olakorik ikusi; arrigarriak ikusi ditugu gaur».

 

 

35.— Mateo edo Lebiren deitzea

(Mt. IX, 9-13; Mc. II, 13-17; Lc.V, 27-32)

 

        Orren ondoan, Yesus andik atera ta berriz itsas-aldera zan ta gizalde guzia yarraiki zitzaion ta berak irakasten zien. Bidez zioala, ikusi zuen Alfeoren seme Lebi (beste izenez Mateo zeritzan) zergaria; zerga-etxean eseria zegon. Yesusek esan zion: «Atoz nerekin». Eta gauza guziak utzirik, yaiki ta yarraiki zitzaion.

        Lebik oturuntza aundia apaindu zion bere etxean. Eta ara, Yesus aren etxean maiera eseririk zegola, zergari ta pekatari asko ere etorri ziran, eta Yesus ta bere ikaslekin batean maiera yarri ziran; oietako asko berarekin ibiltzen ziran ta.

        Farisauak ta lege-irakasleak, Yesus zergari ta pekatariekin yaten ari zala ikusirik, marmarka asi ziran ta esan zieten aren ikasleai: «Zergatik yaten ta edaten duzue, zuek eta zuen Maisuak, zergari ta pakatariekin?».

        Yesusek, ori entzunik, erantzun zien: «Eri daudenak dute sendatzalearen bearra, ez ordea sendo diranak. Zoazte ta ikas zazue, zer esan nai duen arako esaera arek: Errukia nai dut, eta ez oparia. Ez naiz etorri zuzentsuak deitzera, pekatariak damutasunera deitzera baizik».

 

 

36.— Yesusen ikasleak zergatik ez barutzen?

(Mt. IX, 14-17; Mc.II, 18-22; Lc. V, 33-39)

 

        Baña aiek esan zioten: «Yoanen ikasleak maiz barutzen dira ta otoitzak egiten dituzte; Farisauen ikasleak berdin; ta zure ikasleak berriz zergatik ari dira yaten ta edaten?». (Galde berorixe egin zioten Yoanen ikasleak ere).

        Yesusek erantzun zien: «Senar-berriaren adiskideak negar ta baru egin ote dezakete, senar-berria aiekin dagon bitartean? Ez, senar-berria berekin duten bitartean, ezin dezakete baru egin. Senar-berria kenduko zaien egunak etorriko dira; ta orduan bai, egin aietan baru egingo dute».

        Berdintza au ere esan zien: «Soñeko zar bat konpontzeko, eztio iñork oial berri puska bat yosten; bestela oial berriak zati bat kentzen dio zarrari ta urradura aundiago egiten da.

        »Orobat, iñork eztu ardo berria zagi zarretan sartzen. Bestela ardoak lertzen ditu zagiak eta ardoa isurtzen da ta zagiak ondatzen dira. Ardo berria zagi berrietan sartzen da, ta orrela biak irauten dute. Eta zarretik edan ondoan, eztu iñork bereala berria nai, esaten baitu: Zarra obea da».

 

 

37.— Yairo — andre odol-yarioa

(Mt. IX, 18-22; Mc. V, 21-34; Lc. VIII, 41-48)

 

        Yesus itsasaldean zegoen. Itz oiek esaten ari zitzaiela, ara non etorri zan Yairo izeneko gizon bat; sinagoga-burua zan ori. Urbildu zan, Yesus ikustean aozpeztu ta agur egin zion, ta gero eskatu zion arren yoateko aren etxera, amabi urte inguruko alaba bakar bat bazuela ta il-zorian zegola.

        Esaten zion: «Yauna, nere alaba azkenekotan dago; baña atoz, zure eskua gañean yar zaiozu, ta sendaturik biziko da». Yaiki zan bada Yesus ta bere ikaslekin aren etxerako bidea artu zuen. Gizalde aundia yoan zitzaion atzetik eta bidean estutzen zuten.

        Eta ara, amabi urte aietan odol-yario gaitza zuen emakume bat bazan bertan. Sendatzale askorekin gogorrak ikusia zan, bere ondasun guziak aiekin txautuak zituen; baña batek ere ezin izan zuen gaitz ura sendatu, gero ta gaizkiagotu egin zan.

        Onek bada, Yesusen berri yakin orduko, urbildu zan atzetik yende artean ta Yesusen yantziko litsa ukitu zuen bere baitan esanez: «Baldin aren soñekoa besterik ezpada ere ukitu badezat, sendatuko naiz». Ta izan ere, bereala agortu zan aren odol-iturria, ta gaitz artatik sendatu zala somatu zuen bere gorputzean.

        Yesusek laster ezagutu zuen bere barnean, beragandik indar bat atera zala. Itzuli zan bada yende aldera ta galdegin zuen: «Nork ukitu nau? Nork ukitu ditu nere soñekoak?». Guziak ezetz zioten.

        Orduan Pedrok eta arekin zeuden beste ikasleak esan zioten: «Maisua, gizaldeak zapatzen ta estutzen zaituzte, ta ala ere: «Nork ukitu nau, galdegiten duzu?».

        Yesusek ordea esan zuen: «Bai, norbaitek ukitu nau, neregandik indar bat atera dela ezagutu dut». Ta inguru begiratzen zuen, ori egin zuen emakumea ikusi naiez. Ezagutu zuen bada, ezin gorde zitekela; ta beraren baitan agitu zana ikusirik, beldurrez ta ikaraz etorri ta Yesusen oñetara aozpeztu zan; argi ta garbi egia esan zion ta yende guziaren aurrean aitortu zuen, zergatik ukitu zuen ta nola sendatu zan bereala.

        Yesusek, ori ikusirik, esan zion: «Alaba, biotz on izan, zure siñesteak sendatu zaitu; zoaz pakean, ta senda bekizu gaitz ori». Orduezkero sendatu zan emakume ura.

 

 

38.— Yairoren alaba

(Mt. IX, 23-26; Mc. V, 35-43; Lc. VIII, 49-56)

 

        Yesus oraño mintzo zala, Yairo sinagoga-buruari bere etxekoak etorri zitzaizkion ta esan zioten: «Il da zure alaba; zertako nekarazten duzu gaurgero Maisua?».

        Yesusek entzun zuen berri ori ta esan zion sinagoga-buruari, neskatxaren aitari: «Ez beldur izan, uste ona izan zazu». Pedro, Yakobo ta Yoan bai, besterik etzuen berarekin yoatera utzi.

        Orrela iritxi ziran sinagoga-buruaren etxera, ta ikusi zituen Yesusek txistulariak ta yendea zalapartaka, ta guziak negarrez ta aioska. Yesus etxera sartu zan ta esan zien: «Zer ari zerate zalapartaka, ta negarrez? Ez negar egin, zoazte; neskatxa ezta il, lo dago». Aiek iseka (irri) egin zioten, neskatxa illik zegola baitzekiten.

        Berak ordea guziak aterazi zituen, eta bere iru ikasleak ta neskatxaren aita-amak berarekin arturik neskatxa zetzan tokira sartu zan. Orduan neskatxari eskutik eldu ta esan zion: «Talitha, kumi, esan nai du: Neskatxa (iri mintzo natzain), yaiki adi».

        aren anima berriz itzuli zan, yaiki zan neskatxa ta bazebillen. Aren gurasoak arritu ziran arrimen guziz aundiz; Yesusek ordea zorrozki agindu zien, gertatua iñori ez esateko. Bazter guzi aietan zabaldu zan gertaera onen berria.

 

 

39.— Yesusek bi itsu ta deabrudun bat sendatzen

(Mt. IX, 27-38)

 

        Yesus andik yoatean, bi itsu yarraiki zitzaizkion, oiuka ziotela: «Dabiden semea, gutaz errukitu». Etxera sartu zaneko, urbildu zitzaizkion itsuak. Yesusek galdegin zien: «Ori egin dezakedala siñesten al duzue?».

        «Bai, Yauna», erantzun zioten. Orduan aien begiak ukitu ta esan zien: «Zuen siñestearen ariora gerta bekizue». Aien begiak idiki ziran; Yesusek berriz agindu zorrotz au eman zien: «Ez dezala gero iñork orren berri yakin». Ala ere yoan ziran ta bazter guzi aietan zabaldu zuten aren berria.

        Aiek aldegin ondoan, gizon mutu, deabruak artua zegoen bat ekarri zioten. Yesusek erauzi zuen deabrua, ta mutua mintzatu zan. Gizaldeak arriturik oiu egin zuten: «Egundaño ezta Israelen olakorik ikusi».

        Farisauak ordea esaten zuten: «Deabru-nausiarekin itz-arturik dago, ta orrela erauzten ditu deabruak».

        iri ta erri guzietan barna zebillen Yesus, sinagogetan irakasten zuen, eta argaltasun ta gaitz guziak sendatzen zituen. Baña gizaldea ikustean, urrikaldu zitzaion, nekatuak ta zapalduak zeudelako, artzairik gabeko ardien antzera. Orduan esan zien bere ikasleai: «Uzta, (zitua laborea) ugaria, langilleak berriz gutxi; uztaren yabeari eska zaiozue bada, bidaltzeko langilleak bere uztara».

 

 

40.— Yesusek Yerusalemen elbarri bat
sendatzen du — Ondoko mintzaldia

(Io. V,1-47)

 

        Oien ondoan, Yuduen yai-egun bat zan ta Yesus igo zan Yerusalemera. Yerusalemen, Ardi-atearen ondoan, bada putzu bat; hebreeraz Bet-hesda deritza ta inguruan bost legorpe ditu. Legorpe auetan egoten zan eri, itsu, urgun, elbarri sail aundi bat, ura noiz igituko zan begira. Noizean bein etortzen baitzan Yaunaren Aingeru bat putzura, ta ango ura nasten zuen, ta ur-naste orren ondoan lenbizi putzura sartzen zana zein-nai eritasunetik sendatzen zan.

        Ogei ta emezortzi urte aietan eri zegoen gizon bat bazan antxe. Yesusek, ori etzana ikusi ta aspaldi eri zegola ikasi zuenean, galdegin zion: «Sendatu nai al duzu? Eriak erantzun zion: «Yauna, ura nasi ondoan putzura nork zartu nazan eztut; ni etorri orduko, beste bat sartu da ni baño lenago».

        Orduan Yesusek esan zion: «Yaiki zaite, ar zazu zere oea ta zoaz». Ta bereala sendatu zan gizon ura, artu zuen bere oea ta bazebillen.

        Larunbata zan egun ura. Argatik esan zioten Yuduak sendatuari: «Larunbata duk, etzaik zillegi ire oe-yasotzea». Arek ordea esan zien: «Sendatu nauenak esan dit: Ar zazu zere oea ta zoaz». Orduan galdegin zioten: «Zure oea artu ta zoaz, esan dikan gizon ura nor duk?».

        Gizon sendatuak ordea etzekien nor zan, Yesus toki artan zegon gizaldetik lekutu zan ta. Geroago topatu zuen Yesusek gizona yauretxean ta esan zion: «Orra, sendaturik zaude; ez gaurgero pekaturik egin, makurragorik gerta ez dakizun». Orduan yoan zan gizon ura, eta Yuduei yakin-arazi zien, Yesus zala bera sendatu zuen gizona.

        Orregatik Yuduak yazartzen zitzaizkion Yesusi, gauza oiek larunbatez egiten zituelako. Yesusek ordea erantzun zien: «Nere Aita lanean ari da orain arte, ta ni ere naiz». Orduan Yuduak are geiago zebiltzen Yesus il naiez, yai-eguna austeaz gañera, Yainkoa bere Aita deitzen zuelako, bere burua Yainkoarekin berdin egiñez.

        Yesusek esan zien bada berriz: «Egiaz, egiaz, nik diotsuet: Semeak ez dezake berez ezer egin; Aitak zer egiten duen ikusi ta ori bera egiten du Semeak ere. Aitak egiten dituen gauza guziak, Semeak ere berdin egiten ditu.

        »Aitak maite du Semea, ta oni erakusten dio berak egiten duen guzia; eta auek baño egintza aundiagoak erakutsiko dizkio, zuek arritzeko ainbatekoak. Aitak illak berriz-piztu ta biziarazten dituen bezela, Semeak ere alaber nai dituenak bizi-arazten ditu. Orobat, Aitak eztu iñor epaitzen (juzgatzen); epaiketa osoa Semeari utzi dio, Semea guziak goretsi dezaten, Aita goresten duten bezela. Semea goresten ez duenak, ura bidali duen Aita ere eztu goresten.

        »Egiaz, egiaz, nik diotsuet: «Nere itza entzuten duenak ta bidali nauenari siñesten dionak badu betiko bizia, ta ezta epaiketara etorriko; eriotzetik bizira igaro egingo da.

        »Egiaz, egiaz, nik diotsuet: Illak Yainko-Semearen oiua entzungo duten ordua badator ta bertan da; oiu ori entzuten dutenak biziko dira. Aitak bere baitan bizia duen bezela, Semeari ere eman dio bere baitan bizia izatea; epai-egiteko eskubidea ere eman dio, gizonaren semea dalako.

        »Ez arritu onetaz: Il-obietan dauden guziak Yainko-Semearen oiua entzungo duten ordua badator; ta irtengo dira ongi egin zutenak berriz-piztu ta bizitzeko, gaizki egin zutenak berriz piztu ta ondamendira yoateko. Nere baitatik ezin dezaket ezer egin; entzun dudan bezela epaitzen dut; nere epaia zuzena da, ez baitut nere naia billatzen, bidali nauenaren naia baizik.

        »Nik nere buruaz aitor-egiten badut, nere aitorrera ori ezta siñesgarria; nitaz aitor egiten duena beste bat da, eta arek nitaz egiten duen aitorrera siñesgarria dala badakit. Zuek mandatua bidali zenuten Yoanengana, ta arek egiari buruz aitor-egin zuen. Ala ere, nik eztut gizon baten aitorrera bearrik, ta au esan dizuet, zuek gaizka zaitezten bakarrik. Argi-zuzi izekia ta disditsua zan Yoan; zuek aldi-puska bat poztu nai izan duzue aren argitan.

        »Badut nik Yoanena baño goragoko aitorrera bat: «Aitak nere egiteko eman dizkidan lanak, nik egiten ditudan lanak, oietxek aitortzen dute, ni Aitak bidalia naizela. Ta ni bidali nauen Aitak berak aitor-egin du nitaz. Baña zuek eztuzue aren mintzura aditu, ez aren itxura ikusi, ta aren itza ez daukazue zuen baitan gordea, arek bidalitakoari siñesten ez diozuelako.

        »Idazkiak (liburu sanduak) ikertzen dituzue, betiko bizia aietan arkitu uste duzuelako; oietxek nitaz aitor-egiten dute bada. zuek ordea eztuzue nigana etorri nai, bizitzea izateko.

        »Ez nabil gizonengandiko ospearen, gloriaren billa; zuek ordea Yainkoaren maitasunik ez duzuela badakit. Nere Aitaren izenean etorri naiz eta ez nauzue ongi artzen; beste bat bere izenean etorri ba-dadi, ura bai ongi artuko duzue. Nola izan dezakezue siñestea, elkarrengandiko ospea billatu ta Yainkoagandiko ospea billatzen ez duzuen oiek?

        »Ez uste izan nik Aitaren aurrean salatuko zaituztedanik; Moisegan duzue zuen ustea, Moise izango da bada zuen salatzale. Baiki, Moiseri siñesten bazeniote, nere ere siñetsiko zenidateke, arek nitaz idatzi du ta. Baña aren idazkiak siñesten ez badituzue, nere itzak nola siñetsiko dituzue?».

 

 

41.— Ikasleak galburuak yaten

(Mt. XII, 1-8; Mc. II, 23-28; Lc. VI, 1-5)

 

        Beste bein, larunbatez alor (soro) batzuetan zear zioan Yauna. Aren ikasleak goseak zeuden ta bide-egiñaz batera galburuak mozten asi ziran ta yaten zituzten, bere eskuaz marruskaturik.

        Farisau batzuek, ori ikusirik, esan zieten: «Zergatik egiten duzue, larunbatean zillegi eztana?». Yesusi ere esan zioten: «Orra, zure ikasleak egiten dute larunbatean debeku dana».

        Yesusek erantzun zien: «Ez al duzue egundaño irakurri, zer egin zuen Dabidek, bera ta bere lagunak bearrean ta goserik arkitu ziran batean? Nola sartu zan Yainkoaren etxera, Abiatar apaiz-nausi zalarik; nola artu ta yan zituen eskaintza-ogiak ta eman zizkien bere lagunai, oietatik yatea apaizai bakarrik zillegi izan arren?

        »Edo ez al duzue legean irakurri, apaizak yauretxean larunbata austen dutela, ta ala ere pekaturik ez dutela? Nik diotsuet bada, yauretxea baño aundiagokorik bada emen. Erdesten (ulertzen) bazenute arako itz ura: «Errukia nai dut eta ez oparia, etzenuten iñoiz obengaberik gaitzetsiko. Larunbata gizonarentzat egin da, ez gizona larunbatarentzat. Giza-Semea larunbataren ere nausi da».

 

 

42.— Gizon esku-igarra sendatzen du

(Mt. XII, 9-14; Mc. II, 1-6; Lc. VI, 6-11)

 

        Beste larunbat batez sartu zan Yesus aien sinagogara ta irakasten asi zan. Esku eskuña igartua zuen gizon bat bazegon antxe. Lege-irakasle ta Farisauak zaintzen zuten Yesus, ea larunbatean sendatuko ote zuen, ura salatzeko aitzaki baten billa. Galdetu ere egin zioten: «Larunbatez iñor sendatzea zillegi al da?».

        Arek ordea ezagutu zituen aien asmoak, eta esan zion gizon esku-igarrari: «Yaiki ta zutik yar zaite erdian». Orduan Yesusek esan zien: «Orain nik galdegiten dizuet: Zillegi al da larunbatez ongi ala gaizki egitea? bizi bat gorde ala galarztea?

        »Zuetako batek ardi bat badu eta larunbatean lezera erori badakio, ez al dio eutsiko ta aindik aterako? Eta ardia baño zenbatenaz geiago da gizona! Bai, zillegi da beraz larunbatean ongi egitea».

        Aiek isildu ziran. Aien biotzeko itsumenaz atsekabeturik, inguru begiratu zien asarrez ta gero esan zion gizonari: «Eda zazu eskua». Arek edatu zuen, eta beste eskua bezain sendo egin zitzaion.

        Aiek sumindu ziran ortaz, eta elkarrekin mintzatu ziran, zer egingo zuten Yesusez. Yoan ziran bada ta Herodetarrekin elkar-aditu zuten, Yesus ondarazteko.

 

 

43.— Yesus itsas-aldean

(Mt. XII, 15-21; Mc. III, 7-12)

 

        Yesusek ori ezagutu zuenean, andik aldegin ta itsas-bazterrera zan bere ikaslekin. Gizalde aundia yarraiki zitzaion Galileatik; bai, Yudeatik eta Yerusalemetik, Idumeatik eta Yordan-arainditik, Tiro ta Sidon errietatik ere gizalde aundia etorri zitzaion, arek egindako gauzak entzunik.

        Orduan esan zien bere ikasleai, ontziska gertu idukitzeko berarentzat, yendeak zapatu etzezan. Lagun asko sendatu baitzituen, miñez zeuden guziak oldartzen zitzaion bera ukitzeko. Ats loiak (deabruak), ura ikustean, aozpez erortzen ziran ta oiuz esaten zuten: «Zu zera Yainkoaren Semea». Yesusek berriz zorrozki debekatzen zien, bera erazagutzea (nor zan esatea).

        Yarraiki zitzaizkion guziak sendatu zituen ta beraren berri ematea debekatu zien. Onela bete zan Isaia profetak esandako ura (Is.XLII, 1).

 

        «Orra or nere mirabe, nik autetsi dudana,

        nere maite, nere biotzaren atsegiña;

        orren gañean ezarriko dut nere Atsa

        ta zuzenbidea erakutsiko die atzerriai;

        Eztu yardukiko, ez zalapartarik aterako,

        ez karraxirik egingo karriketan;

        Kañabera zartatua eztu autsiko

        ta kea darion argi-mukia eztu itzaliko,

        zuzenbidea garai-arazi arte;

        aren izenean uste izango dute atzerriak».

 

 

44.— Amabi Apostoluak

(Mc. III, 13-19; Lc. VI,12-16)

 

        Egun aietan, mendi batera igo zan otoitz egitera, ta gau osoan Yainkoarekin egon zan otoitzean. Egundu zuenean, otsegin zien bere ikasleai, ta aietako amabi berexi ta Apostolu izena eman zien; predikatzera bidali zituen, eta miñak sendatzeko ta deabruak erauzteko eskubidea eman zien.

        Ona emen Apostoluen izenak: Simon, Pedro izengoitia eman zion oni Yesusek, ta bere anai Andrea; Yakobo Zebedeoren semea ta Yoan bere anaia (auei Boanerges, au da, ostots-umeak eman zien izengoiti); Filipo ta Bartolomeo, Mateo ta Toma, Alfeoren seme Yakobo ta Simon Kanaandarra (izengoitiz Zelote, Kartsua), Yakoboren Yuda Tadeo, ta Yuda Iskariote; onek saldu zuen gero Yesus.

 

 

45.— Mendiko itzaldia (I)

(Mt. V, 1-12; Lc. VI, 17-23)

 

        Yetxi zan aiekin menditik eta leku zelai batean gelditu zan. Bere ikasle-multzu aundi bat eta gizalde gaitz bat etorri zitzaizkion Yudea guzitik, Yerusalemetik, Tiro ta Sidongo itsas-aldetik, ari entzuteko ta beren eritasunak sendatzeko.

        Ats loiak biurkaturik zeudenak sendatu zituen. Gizalde guziak ura ukitu nai zuen, arengandik indar bat irten ta guziak sendatzen zituen ta. Yesus, gizalde aiek ikusirik, mendira igo zan berriz, eseri zan ta bere ikasleak urbildu zitzaizkion. Orduan bere begiak ikaslengan yarri ta bere agoa zabaldu ta irakasten zien esanez:

 

        «Zorionekoak gogozko beartxuak, zeruko yaurgoa aiena da ta;

        Zorionekoak biotz-gozoak, lurraren yabe izango dira ta;

        Zorionekoak negarrez daudenak, atseginduko dira ta;

        Zorionekoak zuzenbidearen gose-egarri diranak, aseko dira ta;

        Zorionekoak errukitsuak, errukia iritxiko dute ta;

        Zorionekoak biotz-garbidunak, Yainkoa ikusiko dute ta;

        Zorionekoak pakegilleak, Yainkoaren ume deituko dira ta;

        Zorionekoak zuzenbideagatik yazarpena yasaten dutenak, zeruko yaurgoa aiena da ta.

        Zorionekoak izango zerate, gizonek migatik iguintzen, biraoztatzen, yarraikatzen, egozten ta iraintzen zaituztenean, eta zuen aurka edozein txarkeri esaten dutenean gezurrez, eta izen ona kentzen dizuetenean Giza-Semeagatik.

        Poztu zaitezte egun artan ta yauzi; zuen saria aundia da zeruan. Oien asabak (aurrekoak) olaxe egin zuten profetekin, olaxe yazarri zitzaizkien zuek baño lenagoko profetai.

        Ai zuei berriz aberatsoi! Artu duzue onezkero zuen pozaldia;

        Ai zuei aserik zaudetenoi! Gose izango zerate;

        Ai zuei irriz ari zeratenoi! Negar ta marraska egingo duzue;

        Ai zuei, gizonak goraipatzen zaituztenean! Oien asabak orixe egiten zuten gezurrezko profetekin».

 

 

46.— Mendiko itzaldia (II) — Lege berria

(Mt. V, 13-37)

 

        «Lurraren gatza zerate zuek; baña gatza gezatu badadi, zertaz gazituko dute? Geroztik ezta ezertako on; kanpora egozten da, yendeak oinkatu dezaten.

        »Munduaren argia zerate zuek; mendi gañean dagon erri bat ezin diteke gorde. Berdin eztu iñork argi bat piztu ta gero gaitzeru pean ezartzen, argi-mutil gañean baizik; orduan argi-egiten die etxeko guziai. Orrela diztia beza zuen argiak gizonen aurrean, zuen egite onak ikusi ta zuen Aita zerukoa ospatu dezaten.

        »Ez uste izan ni legea ta profetak ezeztatzera etorri naizenik; ez naiz ezeztatzera etorri, betetzera baizik. Bai, egiaz, nik diotsuet: Yota bat ez izpitxo bat ezta legetik kenduko, zeru-lurrak igaro ditezen arte, guziak bete arte. Geroztik, agindu oietako bat, dan txikiena ere, austen duena ta gizonai ola irakasten diena, txikiena izango da zeruko yaurgoan; agindu oiek bete ta irakasten dituena berriz aundia izango da zeruko yaurgoan.

        »Entzun duzue, nola esan zitzaien antziñakoai: Ez iñor il; iñor iltzen duenak auzitegiaren zigorrada merezi du. Nik berriz diotsuet: Bere anaiari asarretzen zaion edozeñek auzitegiaren zigorrada merezi du; bere anaiari buru-arin (raka) esaten dionak Batzarre-Nagusiaren zigorrada merezi du; ta zoroa esaten dionak sulezea merezi du.

        »Argatik, baldin opari bat aldarean eskaintzera zoazenean, zure anaiak zure aurka zerbait baduela gogoratzen bazaitzu, utzi an zure oparia ta zoaz leenik zure anaiarekin onezkoak egitera; gero etorri ta zure oparia eskain zazu.

        »Adiskida zaite zure aurkariarekin (etsaiarekin) bereala, arekin bidean zoazen artean; ezperen, aurkariak yarri zentzake epailariaren (juezaren) eskuetan, eta epailariak bere morroiaren eskuetan, eta baitegira (giltzapera) sartuko zinduzkete. Egiaz, nik diotsut: Etziñake andik aterako, azken maraikoa ordaindu are.

        »Entzun duzue, nola esan zitzaien antziñakoai: Ez autsi ezkontza. Nik berriz diotsuet: Edozeñek emakume bati begiratzen badio, aren zale izateko, arekin ezkontza-autsi du bere biotzean.

        »Zure eskuñeko begiak gaizpidea ematen badizu, idoki zazu ta aurtiki (bota) zuregandik; zure gorputz osoa sulezean ondatzea baño obe duzu gorputz-alde bat galtzea. Zure esku eskuñak gaizpidea ematen badizu, ebaki zazu ta zuregandik aurtiki: gorputz osoa sulezera ondatzea baño obe duzu zere gorputz-alde bat galtzea.

        »Gañera esan izan da legean: Bere emaztea uzten duen edozeñek eman bezaio uzten duelako ageria, papera. Nik berriz diotsuet: Bere emaztea uzten duen edozeñek (lizunkeriagatik uzten ezpadu beintzat) ezkontza autsi-arazten dio; ta beste batek utzitako emaztea artzen duenak ezkontza austen du.

        »Entzun duzue alaber, nola esan zitzaien antziñakoai: Ez egin gezurrezko ziñik (Yuramenturik), ta zintzo bete Yainkoari egin dizkiozun ziñak. Nik berriz diotsuet: Ez egin ziñik bat ere, ez zeruaz, Yainkoaren yauralkia dalako; ez lurraz, Yainkoaren oin-alkia dalako; ez Yerusalemez, errege aundiaren iria dalako. Zere buruaz ere ez egin ziñik; berdin ille bat beltz ala zuri egiteko eskubidea ere eztuzu ta. Zuen izkuntza onela izan bedi: Bai, bai; ez, ez. Gañerako guzia gaiztotikakoa da».

 

 

47.— Mendiko itzaldia (III) — Etsaiak maite izateaz

(Mt. V, 38-48; Lc. VI,26-40)

 

        «Entzun duzue, nola esan dan: Begia begiaren orde, ortza ortzaren orde. Nik berriz diotsuet: Ez gogor egin gaiztoari. Aitzitik, iñork eskuñeko masaillan yotzen bazaitu, bestea ere eskain ziozu. Iñork zuri auzi-eman ta soinpekoa kendu nai badizu, utzi zaiozu soingañekoa ere. Iñork lekoa bateko bidea eragiten badizu, zoaz arekin beste bi lekoa ere.

        »Eskatzen dizunari emaiozu, eta yesan nai dizuna ez iraitzi. Zurea kentzen dizunari ez biur-arazi. Beste gizonak zuei egitea nai duzuen bezela, zuek ere alaxe egizue aiei.

        »Entzun duzue, nola esan izan dan legean: Onetsi zure urko-laguna ta gaitzetsi zure etsaia. Nik berriz diotsuet nere entzuleoi: Maite izan zuen etsaiak, ongi egin iguin zaituztenai. Onetsi zuen gaitzesleak, otoitz egin yazartzen ta belzten zaituztenen alde.

        »Orrela zuen Aita zerukoaren umeak izango zerate; arek onen ta gaiztoen gañera irten-arazten baitu bere eguzkia, eta zuzenen ta makurren gañera bidaltzen du euria.

        »Zuek maite zaituztenak bakarrik maite badituzue, zer esker duzue ta zer sari izango duzue? Zergariak ere ez al dute berorixe egiten? Pekatariak ere maite dituzte beren maitatzaleak.

        »Ta zuen ongi-egilleai bakarrik ongi-egiten badiezue, zer esker duzue? Pekatariak ere egiten dute ori.

        »Atzera itzuliko dizuetela uste duzuenai bakarrik ematen badiezue ordainzka, zer esker dukezue? Pekatariak ere elkarri ordainzka ematen diote, ordaña yasotzekotan.

        »Ta zuen anaiai bakarrik agur esaten badiezue, zer aundirik egiten duzue? Atzerritarrak (yentillak) ere ez al dute orrenbeste egiten?

        »Maite izan bada zuen etsaiak; ongi egizue ta ordainzka emazue, ordaña yasotzeko usterik gabe. Orduan aundia izango da zuen saria ta Guziz-Gorenaren ume izango zerate, ura ere biotz-bera baita esker-txarrekoen ta gaiztoen aldera. Urrikaltiak izan zaitezte beraz, zuen Aita ere urrikaltia dan bezela; betegiñak (guziz onak) izan zaitezte, zuen Aita zerukoa betegiña dan bezela».

 

 

48.— Mendiko itzaldia (IV) — Ez izan itxuratiak!

(Mt. VI, 1-34)

 

        «Begira, ez gero zuen egintza onak gizonen aurrean egin, aiek ikusi zaitzaten; Bestela ez duzue zuen Aita zerukoagandik saririk izango.

        »Geroztik, limosna-egitean, ez turuta yo-arazi zure aurrean, itxuratiak sinagoga ta karriketan egin oi duten bezela, gizonek goretsi ditzaten; egiaz, nik diotsuet: Oiek izan dute beren saria. Baña zuk limosna-egitean, zure esku ezkerrak ez dezala yakin, zure esku eskuñak zer egiten duen, zure limosna ixkutuan geldi dedin. Zure Aita, ixkutuan ikusten duenak emango dizu ordain-saria.

        »Otoiz-egitean, ez izan itxuratien antzeko; oiek sinagogetan ta karrika-ertzetan zutik otoitz-egitea atsegin dute, gizonek ikusi ditzaten. Egiaz, nik diotsuet: Oiek izan dute beren saria. Zuk otoitz egin nai duzunean, sar zaite zure gelara eta atea itxirik ixkutuan otoitz egiozu zure Aitari; eta zure Aita, ixkutuan ikusten duenak emango dizu ordain-saria.

        »Otoitz-egitean, ez itz asko esan, atzerritarrak bezela; auek uste baitute, beren itz-yarioa dala bide entzungo zaiela. Ez izan bada aien antzeko, berdin zuek eskatu orduko badaki zuen Aitak, zeren bearrean zeraten ta.

        »Otoiz egizue onela:

                "Gure Aita zeruetan zaudena,

                sanduetsi bedi zure izena,

                betor zure yaurgoa,

                egin bedi zure naia,

                zeruan bezela lurrean ere.

                Gure eguneroko ogia iguzu gaur,

                barka zaizkiguzu gure zorra

                guk gure zordunai barkatzen dizkiegun bezela;

                ez gaitzazula zirikaldian sarrarazi,

                baña begira gaitzazu gaitzetik".

        »Gizonei beren utsegiñak barkatzen badizkiezue, zuen Aita zerukoak ere barkatuko dizue. Gizonei barkatzen ez badiezue berriz, zuen Aitak ere ez dizkizue zuen utsegiñak barkatuko.

        »Orobat baru egitean, ez yarri begi-illun, itxuratiak bezela; oiek beren aurpegia itxuragabetzen dute, baru egiten dutela gizonei erakusteko. Egiaz, nik diotsuet: Oiek izan dute beren saria.

        »Zuk ordea baru egitean, zure burua gantzu zazu, zure aurpegia ikuzi (garbitu), yendeak ezagutu ez dezan baru egiten duzula, ta bai zure Aita, ixkutuan ikusten duenak. Eta zure Aita, ixkutuan ikusten duen orrek emango dizu ordain-saria.

        »Ez ibilli lurrean ondasun biltzen, emen pipiak eta erdoillak ondatzen dituzte, eta lapurrak sartu ta ostu (ebatsi) egiten dute. Bildu ondasunak zeruan, an pipiak eta erdoillak ez dituzte galtzen, ezta ere lapurrak sartu ta ebasten; zure ondasunak dauden lekuan zure biotza ere antxe dago ta.

        »Zure begia da zure gorputzaren argi-zuzia; zure begia garbi badago, zure gorputz guzia argi izango da; zure begia eri badago, zure gorputz osoa illunbean egongo da. Eta zure baitako argia illunbe bada, illunbeak berak nolakoak izango dira?

        »Iñor ezin diteke bi nausiren mirabe izan; bata onetsi ta bestea gaitzetsi egiten du, edo batari itxekiko zaio ta bestea ezetsiko du. Ezin zaitezkete Yainkoaren ta Mamonen mirabe izan.

        »Orregatik esaten dizuet: Ez egon kezketan zuen biziagatik, zer yan ta edango duzuen; ezta zuen gorputzagatik, zertaz yantziko zeraten. Bizia ez al da yatekoa baño geiago, ta gorputza yantzia baño geiago?

        »Begira zeruko egaztiak; oiek eztute ereiten, ez igitatzen, ez sabaietara biltzen, ta ala ere zuen Aita zerukoak azten ditu. Ez al zerate zuek, aiek baño geiagokoak?

        »Zuetako zeñek erantsi (eratxeki) dezaioke bere biziari kana bat, kezketan egonez?

        »Eta yantziaz zergatik zaudete kezketan? Begira larreko liliak, nola aunditzen diran; oiek eztute lanik egiten, ez iruten; ala ere, nik esaten dizuet: Salomon bere ospe guzian etzegoen lili oietako bat bezain eder yantzia. Beraz, gaur zutik dagon ta biar labera egozten dan larre-belar ori Yainkoak ola yazten badu, zenbatenaz geiago yantziko zaituzte zuek, biotz-gutxiko oiek?

        »Ez egon bada larri diozuela: Zer yango dugu? zer edango dugu? zertaz jantziko gera? Atzerritarrak (siñestegabeak) larritzen dira gauza oiengatik. Badaki zuen Aita zerukoak, guzi ori bear duzuela.

        »Billa zazue beraz lenbizi Yainkoaren yaurgoa ta aren zuzentasuna, ta gauza guzi oiek gañera emango zaizkitzue.

        »Ez egon bada arduratan biarko egunaz; biaramonak beretzat ardura izango du; egun bakoitzak aski du bere gaitza».

 

 

49.— Mendiko itzaldia (V) — Ez gero iñor gaitzetsi!

(Mt.VII, 1-5; Lc. VI, 37-42)

 

        «Ez iñor epaitu (juzgatu) ta etzaituzte iñork epaituko; zuek epaitzen duzuen epaiaz epaituko zaituzte ta. Ez iñor gaitzetsi, ta etzaituzte iñork gaitzetsiko. Barka zazue ta barkatuko zaitzue.

        »Emazue ta emango zaitzue. Neurri ona zapatua, astindua ta dariona emango dizuete altzora; zuek neurtzen duzuen neurri beraz neurtuko zaitzue zuei ere ta».

        Berdintza au ere esan zien: «Itsuak itsuari bidea erakutsi ote dezaioke? Ez al dira biak zulora eroriko?

        »Ikaslea ezta irakaslea baño areago; ikasle betegiña, guziz ona, bada, bere ikaslea añakoa izango da.

        »Nola ikusten duk agotz-pizarra ire anaiaren begian, eta ire begian dan abea berriz eztuk ikusten? Nola esan dezaiokek ire anaiari: Anaia, zure begiko agotz ori ateratzen utzi zaidazu; eta erorrek eztuk ire begiko abea ikusten? Itxuratia, leenik atera zak ire begitik abea, ta orduan ire anaiaren begitik agotza ateratzen saiatuko aiz».

 

 

50.— Mendiko itzaldia (VI) — Zenbait irakaspen

(Mt. VII, 6-16)

 

        «Ez eman gauza sanduak zakurrai, ta ez egotzi zuen pitxiak zerrien aurrean, ez ditzaten gero beren oñez ostikatu ta zuengana itzulirik zatitu etzaitzaten.

        »Eska zazue ta emango zaitzue; billa zazue ta arkituko duzue; atean yo zazue ta zabalduko zaitzue; eskatzen duen edozeñek artzen baitu, ta bilatzen duenak arkitzen, ta atean yotzen duenari idekitzen baitzaio.

        »Zuetako zeñek emango lioke arri bat bere semeari, onek ogia eskatzen balio? Edo suge bat emango al lioke, arrainkia eskatzen balio? Zuek bada, gaiztoak zeratelarik, zuen aurrai gauza onak ematen baldin badakizue, zenbatenaz geiago emango dizkie zuen Aita zerukoak gauza onak eskatzen dizkiotenai?

        »Beste gizonak zuei egitea nai duzuena, orixe egiezue zuek aiei. Ortantxe daude lege ta profetak.

        »Ate mearretik sar zaitezte; ondamenera daraman atea lasaia da ta bidea zabala, ta asko sartzen dira andik. Bizira daraman atea berriz estua da ta bidea mearra, ta gutxik arkitzen dute ori.

        »Gezurrezko profetengandik begira zaitezte, ardi-yantzian etortzen baitira zuengana, barnetik otso arrapariak diralarik; beren arnarietan ezagutuko dituzue.

 

 

51.— Mendiko itzaldia (VII) — Berdintzak

(Mt. VIII, 16-29; Lc. VI, 43-VII, 1)

 

        «Elorrietatik biltzen al da matsik, edo karduetatik pikurik? Edozein zuaitz (arbola) onek arnari (frutu) onak ekartzen ditu, zuaitz txarrak berriz arnari txarrak ekartzen ditu.

        »Zuaitz onak ezin dezake arnari txarrik ekarri, ta zuaitz txarrak ezin dezake arnari onik ekarri. Zuaitz bakoitza bere arnarietan da ezagun, ez baitu iñork karduetatik pikurik biltzen, ez elorrietatik matsik. Arnari onik egiten eztuen zuaitza moztu ta sutara egozten da. Beren arnarietan ezagutuko dituzue beraz.

        »Gizon onak bere biotzeko gordairu onetik ateratzen du ongia; gizon gaiztoak berriz gordairu gaiztotik ateratzen du gaizkia, biotzean gaindizka dagonetik mintzo baita agoa.

        »Zertako deitzen nauzue: Yauna, Yauna, ta eztuzue egiten nik esaten dizuedana? Neri: Yauna, Yauna, esaten didaten guziak ez dira zeruko yaurgora sartuko, nere aita zerukoaren naia egiten duena bai sartuko da zeruko yaurgora.

        »Egun artan esango didate askok: Yauna, Yauna, ez al dugu zure izenean profetatu, zure izenean deabruak erauzi, zure izenean mirari asko egin? Nik berriz esango diet argi ta garbi: Etzaituztet egundaño ezagutu. Alde nigandik, gaizki-egile oiek.

        »Orain bada, nigana etorri ta nere itz auek entzun ta betetzen dituena esango dizuet noren idurikoa dan. Alakoak iduri du, etxea egiterakoan zulo sakon bat egin ta yasoña arkaitz gañean yartzen duen gizona. Euri-yasa yetxi zan, uiolak etorri ziran, aizeak erauntsi ta etxe arri eraso zioten; baña etxea etzan erori, arkaitz gañean gogortua zegolako.

        »Nere itzak entzun bai, baña betetzen ez dituena berriz bere etxea lur axalean, yasoñik gabe, ondar gañean goratzen duen gizon zoro baten idurikoa da; euri-yasa yetxi zan, uiolak etorri ziran, aizeak erauntsi ta etxe arri eraso zioten, eta bereala erori zan eta etxearen ondamena aundia izan zan».

        Yesusek itzaldi ori azkendu zuenean, gizaldeak arritzen ziran aren irakaspenaz, eskubidea duen batek bezela irakasten baitzuen, ta ez aien lege-irakasle ta Farisauak bezela.

 

 

52.— Yesusek legenduna sendatzen

(Mt. VIII, 1-4; Mc. I, 40-45; Lc. V, 12-16)

 

        Menditik yetxi zanean, gizalde aundiak yarraiki zitzaizkion. Eta erri batean zegola, bazan legen-arrez betetako gizon bat. Onek Yesus ikusi zuenean, yoan zitzaion, belaunikatu ta gur-egin zion, ta otoitz egin zion esanez: «Yauna, nai baduzu, garbi nazakezu».

        Yesusek, urrikaldurik, edatu zuen bere eskua, ukitu zuen gizona ta esan zion: «Nai dut, garbi zaite». Yesusek ori esan bezain laster, legen-arra kendu zitzaion ta garbi garbi egin zan. Eta bidali zuen andik, yoaterakoan agindu zorrotz au ematen ziola:

        «Begira, ez gero iñori ezer esan; zoaz ordea, ta apaiz-nausiari ager zakizkio ta Moisek agindutako oparia eskain zaiozu, zure garbitzea siñets-arazteko». Baña gizonak yoan ta bereala zabaldu zuen gertaera orren berria. Aren aomena gero ta geiago edatuz zioan.

        Orregatik ezin ziteken Yesus erri batera agerian sartu ta bakar-lekuetan egoten zan kanpoan. Baña gizalde aundiak etortzen zitzaizkion entzutera ta beren gaitzetatik sendatzera. Orduan Yesus toki ixkutu batera zan, otoitz egitera.

 

 

53.— Eunburuaren morroia sendatzen

(Mt. VIII, 5-13; Lc. VII, 1-10)

 

        Gero Kaparnaumera sartu zan. Eunburu baten morroi, berak oso maite zuen bat eri zegon, il-zorian.

        Eunburu orrek bada, Yesus Kaparnaumen zala entzunik, Yuduen arteko zaar batzuek bidali zizkion, etorri ta morroia senda zezan eskatzera, esanez: «Yauna, nere morroia etxean datza elbarri, ta gaitzak ikusten ditu».

        Yoan ziran bada mandatariak Yesusengana ta leia aundiz otoitz egiten zioten ziotsatela: «Ori egin dezaiozun merezi du, gure erria maite baitu ta sinagoga bat ere goratu digu». Ta Yesusek esan zuen: «Yoango naiz ta sendatuko dut morroia». Eta bazioan aiekin.

        Baña etxetik urbil samar zegonean, eunburuak zenbait adiskide bidali zizkion esatera: «Yauna, ez nekatu, zu nere etxean sartzea eztut merezi ta. Orregatik eztut nere burua zuregana etortzeko gaitzat iduki. Itz batez agintzea aski duzu ta nere morroia sendatuko da. Nik ere, besteen mendean nagon onek, baditut nere mendean gudamutillak (soldaduak); eta esaten diot bati: Oa, ta yoaten da; beste bati: Ator eta etortzen da; nere morroiari: Egik au, eta egiten du».

        Yesus arritu zan, ori entzunik, eta arekin zegon gizaldeagana itzulirik esan zuen: «Egiaz, nik diotsuet: Eztut Israelen ere olako siñesterik arkitu. Baña nik diotsuet: Lagun asko etorriko dira eguzki-sortze ta sartze aldetik, eta Abraham, Isaak eta Yakobekin maiera eseriko dira zeruko yaurgoan; yaurgoko umeak berriz (zerurako berexirik zeudenak, yuduak) kanpoko illunbetara egotziko dituzte; an izango da negar-marraska ta ortz-karraska».

        Gero Yesusek esan zion eunburuari (mandatarien bitartez): «Zoaz, eta siñetsi duzunez gerta bekizu». Ordu artantxe sendatu zan mutilla. Ta mandatariak etxera ziranean, eri egondako morroia sendaturik arkitu zuten.

 

 

54.— Andre alargunaren semea berriz-pizten

(Lc. VII,11-18)

 

        Onen ondoan, Naim izeneko iri batera yo zuen Yesusek. Bere ikasleak eta gizalde aundia berarekin zioazen.

        Iriko atera urbiltzean, gizon il bat ortzitzera, (lur ematera), zeramaten, bere amaren seme bakarra; andrea alarguna zan, ta iriko gizalde aundiak lagun egiten zion.

        Andre ura ikusirik, Yauna urrikaldu zitzaion ta esan zion: «Ez negar egin». Gero urbildu zan ta il-oea (zerraldoa) ukitu zuen. Iloezaleak gelditu ziran ta Yesusek esan zuen: «Mutil, iri mintzo natzaik, yaiki adi». Bereala illa eseri ta mintzatzen asi zan. Yesusek aren amari eman zion.

        Guziak izutu ziran ta Yainkoa goraipatu zuten esanez: «Profeta aundi bat agertu da gure artean, eta Yainkoa etorri da bere erri au ikustatzera».

        Yudea guzian ta ondoko bazterretan zabaldu zan-berri au. Guzi ori yakin-arazi zioten Yoani bere ikasleak.

 

 

55.— Yoanen mandatariak

(Mt. XI, 2-6; Lc. VII, 19-23)

 

        Yoanek baitegian (giltzapean) entzun zuen Yesusek egindakoen berria. Deitu zituen bere ikasletako bi ta Yesusi bidali zizkion galdegitera: «Zu al zera etortzeko dana, ala beste baten begira egon bear al dugu?».

        Etorri ziran bada bi gizonak Yesusengana ta esan zioten: «Yoan Bataiazaleak bidali gaitu zuri galde au egitera: Zu al zera etortzeko dana, ala beste baten begira egon bear al dugu?».

        Ain zuzen ere, ordu artantxe sendatu zituen Yesusek eri asko beren eritasun ta gaitzetatik eta ats gaiztoetatik, eta itsu askori eman zien ikusbidea.

        Yesusek erantzun zien bada mandatariai: «Zoazte, entzun ta ikusi duzuen guzia esaiozue Yoani. Itsuak badakuste, urgunak (maingiak) dabiltza, legendunak garbitzen dira, gorrak badantzute, illak pizten dira, onbearrai berri-ona iragartzen zaie. Zorionekoa da Nigan gaizpiderik artzen ez duena».

 

 

56.— Yesusek Yoan goraipatzen

(Mt. XI, 7-17; Lc. VII, 24-35)

 

        Yoanen mandatariak aldegin ondoan, Yesus asi zitzaien gizaldeai Yoanez mintzatzen. «Zertara atera ziñaten basa-bazterrera? Aizeak darabillen kañabera bat ikustera ote? Ez. Zertara atera ziñaten bada? Soñeko guriz yantzitako gizon bat ikustera ote? Begira, soñeko guridunak erregen yauregietan daude. Zertara atera ziñaten bada? Profeta bat ikustera ote? bai, diotsuet nik, ta profeta baño geiagoko bat. Au da arako idatzirik dagon ura: Ona emen, nik bidaltzen dut zure aurrean nere mandataria, zure aurrean bidea apaindu dezaizun.

        »Egiaz, nik diotsuet: Emakumengandik yaio diranen artean ezta Yoan baño profeta aundiagorik agertu; ala ere zeruko yaurgoan txikiena dana ori baña aundiago da. Yoan Bataiazalearen egunetatik asita indarka egin bear da zeruko yaurgora sartzeko, ta indar-egilleak atzematen dute ura.

        »Profeta guziak eta legeak Yoanganaño profetatu dute; eta bera artu nai baduzue, ori da etortzeko dagon Elia. Entzuteko belarririk duenak entzun beza».

        Au entzunik, erri guziak eta zergariak Yainkoa zuzen-etsi zuten, Yoanen bataioa arturik; Farisauak eta lege-irakasleak berriz Yaingoaren buruzpidea gutxietsi zuten ta etzuten artu Yoanen bataioa.

        Gero esan zuen Yaunak: «Norekin berdin-etsiko ditut gizaldi onetako gizonak eta nor iduri dute? Iduri dute erri-zelaian eseri ta bere kideai onela oiuz ari zaizkien umeak:

                »Txirola yo dizuegu, ta ez duzue dantza egin:

                »Illeta yo dizuegu, ta ez duzue negar egin.

        »Yoan Bataiazalea agertu zan, ogirik yaten ta ardorik edaten etzuela; eta zuek diozue: Deabruak artua dago. Giza-Semea, Yesus bera, etorri da, yaten ta edaten duela; eta zuek diozue: "Orra or gizon sabelkoi ta ardozalea, zergari ta pekatarien adiskidea". Eta zuurtzia zuzen-etsi zuten bere ume guziak».

 

 

57.— Iri siñesgogorrai akar-egiten —
Aitari eskerrak ematen

(Mt.XI, 20-30)

 

        Iri batzuetan beste iñon baño mirari geiago egin izan zituen Yesusek, eta iri aiei akar egiten asi zitzaien orduan, onera biurtu etziralako:

        «Ai iri, Korozain! Ai iri, Betsaida! Zuengan egin diran mirariak Tiro ta Sidonen agitu balira, aspaldi damutu ta onduko ziran zurdatz eta errautsean. Baña nik diotsuet: Tiro ta Sidoni, zuei baño zigorrada biguñagoa emango zaie epai-egunean.

        »Eta i, Kaparnaum, zeruraño goratuko al aiz? Sulezeraño beratuko aiz. Ire baitan egin diran mirariak egin balira Sodoman, zutik legokek oraño. Baña nik diotsuet: Sodoma-erriari, iri baño zigorrada biguñagoa emango zaiok epai-egunean».

        Aldi artan mintzatu zan Yesus, ziola:

 

        «Eskerrak dizkizut, Aita, zerru-lurren Yauna,

        gauza auek yakintsu ta zuurrai estali,

        txikiai berriz erazagutu dizkiezulako;

        bai, Aita, orixe izan da zure atsegiña.

        Aitak bai, beste iñork eztu Semea ezagutzen;

        Semeak, eta Seme orrek erazagutu nai dionak bai,

        beste iñork eztu Aita ezagutzen.

        Nekatu ta sortaturik zaudeten guziak atozte nigana,

        ta nik arinduko zaituztet.

        Nere uztarria ar zazue zuen gañera,

        ta nigandik ikas zazue,

        gozo ta biotzez apala naiz ta;

        orrela arkituko duzue zuen animentzako atsedena.

        Nere uztarria biguña baita, eta nere zama ariña».

 

 

58.— Andre pekataria

(Lc. VII, 36-VIII, 3)

 

        Farisau batek eskatu zion Yesusi, arekin bazkaltzera yoateko. Yoan zan Farisauaren etxera ta maiera zan.

        Biziera txarreko emakume bat bazan iri artan. Onek, Yesus Farisauaren etxean eseria zegola ikasi zuenean, ekarri zuen arzurizko ontzi bat bete gantzukari (usai oneko ur), ta yoan zan atzera aren oñen ondora, negar egiñez. Aren oñak bere negar-malkoz bustitzen asi zan, bere buruko ille-adatsaz legortu zituen, aren oñai muin egin zien ta gantzukariz gantzutu zizkion.

        Yatera deitu zuen Farisauak, ori ikusirik, esan zuen bere baitan: «Au profeta balitz, balekike noski zer nolako emakumea dan ukitu duen ori, biziera txarrekoa da ta».

        Yesusek itzegin zion onela: «Simon zerbait esan bear dizut». «Esazu, Maisua», erantzun zuen arek. Orduan Yesusek: «Artzekodun batek bazituen bi zordun; batek bost eun denario zor zizkion, besteak berrogei ta amar. Baña aiek ezin ordaindu baitzezaketen, biai barkatu zien zorra. Bietako zeñek izango du ura maiteago?».

        Simonek erantzun zion: «Nere ustez, geiena barkatu zionak».

        Yesusek esan zion: «Zuzen erabaki duzu». Gero, emakumeari buruz, esan zion Simoni: «Ba al dakuszu emakume au? Zure etxera sartu naiz, ta urik ez didazu eman, nere oñak ikuzteko; onek berriz negar-malkoz ezatu dizkit oñak eta bere illeaz txukatu.

        »Musurik ez didazu eman; au berriz, sartu naizen ezkero, ezta nere oñai muin egitetik gelditu. Nere burua eztuzu olioz gantzutu; onek berriz olio gozoz gantzutu ditu nere oñak.

        »Orregatik nik diotsut: Pekatu asko barkatu zaizkio, maitasun aundia duelako. Gutxi barkatzen zaionak berriz gutxi maitatzen du».

        Orduan esan zion emakumeari: «Zure pekatuak barkatzen zaizkitzu». Maikideak esan zuten beren baitan: Pekatuak barkatu ere egiten dituen au nor dugu?». Yesusek berriz esan zion emakumeari: «Zure siñesteak gaizkatu zaitu; zoaz pakean».

        Gero Yesusek inguratzen zituen iri ta erriak, Yainkoaren yaurgoko Berri-ona zabaltzen ta iragartzen zuela. Berarekin zebiltzen amabiak ta zenbait emakume, ats gaizto ta gaitzetatik sendatu zituenak; Maria, izengoitiz Madalena (zazpi deabru atera izan ziran onengandik), ta Yoana, Heroderen Arduradun Kusa zeritzanaren emaztea, ta Susana ta beste asko; ari beren ondasunez laguntzen zioten.

 

 

59.— Deabrudun itsu ta mutua — Farisauen marmariak

(Mt. XII, 22-30; Mc. III, 20-27; Lc. XI, 14-23)

 

        Etxeratu zan; ta bildu zan berriz ere gizaldea, yateko arterik ere uzten etziotela. Bere aideak ori entzun zutenean, yoan ziran ura arrapatzera ziotela: «Erotu da».

        Ekarri zioten deabrudun itsu ta mutu bat. Deabru mutu ura erauzi zuen ta deabrua atera zanean, mintzatu zan mutua ta ikusten zuen. Gizaldeak arritu ziran ta esan zuten: «Au al dugu gero Dabiden semea?».

        Baña aietako zenbaitzuk, Farisauak eta Yerusalemetik etorritako lege-irakasleak, ori entzunik zioten: «Beelzebubek artua dago au, ta deabru-nausi orren bitartez erauzten ditu deabruak». Beste batzuek narrikatzen zuten ta zerutiko ezaupide bat eskatzen zioten.

        Yesusek ikusi zituen aien gogoetak, deitu zituen beregana ta esan zien berdintzetan: «Satanek nola erauzi dezake Satan? Yaurgo bat bere aurka berezia badago, yaurgo arek ez duke iraupenik. Etxe bat bere aurka berezia badago, etxe ura ezin dagoke zutik.

        »Satanek Satan erauzten badu, bere buruaren aurka yarria dago; ta Satan bere buruaren aurka yarria badago, nola iraungo du aren yaurgoak? Ez, ezin legoke zutik Satan, ta ondatuko litzake; deabruak Beelzebuben bitartez erauzten ditudala diozue ta.

        »Eta nik Beelzebuben bitartez erauzten baditut deabruak, zuen semeak noren bitartez erauzten dituzte? Oiek izango dira beraz zuen epaileak (juezak). Baña nik Yainkoaren beatzaz eta atsaz erauzten baditut deabruak, etorri zaitzue segurki Yainkoaren yaurgoa.

        »Iñor ez diteke gizon azkar baten etxera sartu ta aren zerak ebatsi (ostu), aurretik azkar ura lotzen ezpadu. Orduan bai bipildu (lapurtu) dezake aren etxea.

        »Gizon azkar batek iskilloturik (armaturik) zaintzen badu bere eskaratza, segur daude bere izaki guziak; baña azkarragoko bat etorri ta garaitzen badu, kentzen dizkio bere iskilloak, aietan baitzeukan bere uste guzia, ta aren ebaskiñak, ari ostutako gauzak, batzen ditu.

        »Nere alde eztagona nere aurka dago; nerekin biltzen eztuenak barreatu egiten du».

 

 

60.— Ats Sanduaren aurkako biraoa

(Mt. XII, 31-32; Mc. III, III, 28-30)

 

        «Orregatik egiaz, nik diotsuet: Pekatu guziak barkatuko zaizkie gizonai, bai esango dituzten biraoak ere; baña Ats Sanduaren aurkako biraoa ezta barkatuko.

        »Norbaitek zerbait esan badeza Giza-Semearen aurka, barkatuko zaio; Ats Sanduaren aurka zerbait esaten duenari berriz etzaio barkatuko ez mundu onetan, ez bestean; eztu sekula barkamenik izango, beti-betiko pekatu batez obendun da; "deabruak artua dago" esaten zuten ta.

        »Esazue zuaitza ona dala ta aren arnaria ona, edo esazue zuaitza txarra dala ta aren arnaria txarra; zuaitza arnaritik ezagun baita. Larra-sugekumeak, nola esan dezakezue gauza onik, zerok gaiztoak zeratelarik? Biotzean gaindizka dagonetik mintzo baita agoa.

        »Gizon onak gordairu onetik ateratzen ditu gauza onak, ta gizon gaiztoak gordairu txarretik ateratzen ditu gauza txarrak.

        »Baña, egiaz, nik diotsuet: Gizonak esaten duten alperrikako edozein itzen kontua eman bearko dute epai-egunean. Zure itzen ariora zuzen-etsiko zaituzte, zure itzen ariora gaitzetsiko zaituzte».

 

 

61.— Yonaren ezaupidea — Ninibetarrak —
Egoaldeko erregiña

(Mt. XII, 38-42; Lc. XI, 29-32)

 

        Lege-irakasle ta Farisauetako batzuek esan zioten orduan: «Maisua, zugandiko (zuk egindako) ezaupide edo mirarien bat ikusi nai genuke».

        Yesusek erantzun zien aiei ta inguratzen zitzaizkion gizaldeai: «Gizaldi au gizaldi biurria da; gizaldi gaizto ta ezkontzausle onek ezaupide bat eskatzen du; baña Yona profetaren ezaupideaz beste ezaupiderik etzaio emango.

        «Yona Ninibetarrei ezaupide izan zitzaien bezela, Giza-Semea olaxe izango zaio gizaldi oni. Yona iru gau ta iru egunez balearen sabelean egon zan bezela. Giza-Semea ere olaxe egongo da iru gau ta iru egunez lurraren barnean.

        »Ninibeko gizonak epaiketa-aldian gizaldi onen aurka goratuko dira ta gaitzetsiko dute, Yonak predikatu zienean on-biurtu baitziran; ta ona emen Yona baño aundiagoko bat.

        »Egoaldeko erregiña gizaldi onen aurka yaikiko da epai-aldian ta gizaldi onetako gizonak gaitzetsiko ditu, lurreko azkenetik etorri baitzan Salomonen yakintasuna entzutera; ta ona emen Salomon baño aundiagoko bat».

 

 

62.— Ats loia atera ta berriz itzultzen

(Mt. XII,43-45:Lc. XI, 24-26)

 

        «Ats loia (deabrua) gizon betengandik atera danean, toki idor ta urgabetan barna ibiltzen da atseden billa; eta ezpaitu arkitzen, esaten du: «Itzuliko naiz len atera nintzan nere etxe artara.

        »Etortzen da bada, eta etxea utsik, ekortua (garbitua) ta apaindua arkitzen du. Orduan yoan ta beste zazpi ats, bera baño gaiztoagoak artzen ditu berarekin, eta an sartu ta bizitzen dira. Eta gizon aren azken-aldia lenbizia baño tzarrago da.

        »Orixe agituko zaio gizaldi gaizto oni ere».

 

 

63.— Emakume batek Yesus goraipatzen

(Lc. XI, 27-28)

 

        Yesus orrela mintzo zalarik, ara non emakume batek gizalde erditik bere mintzura goratu ta esan zuen: «Zorionekoa zu ekarri zaituen sabela ta edoski dituzun ugatzak (bularrak)».

        Arek ordea esan zion: «Zorionekoago dira askoz ere, Yainkoaren itza aditu ta begiratzen (gordetzen) dutenak».

 

 

64.— Yesusen Ama ta aideak aren bila

(Mt. XII, 46-50; Mc. III, 31-35; Lc. VIII, 19-21)

 

        Bere Ama ta bere anaiak etorri zitzaizkion, baña ezin urbildu zekizkeon gizaldeagatik. Eta oraño gizaldeari itzegiten ari zitzaiola, aiek an kanpoan zeuden berarekin mintzatu naiez. Eta mandatua bidali zioten ari otsegiñez. Gizalde aundia aren inguruan eseria zegon, ta norbaitek esan zion: «Zure ama ta zure anaiak or daude kanpoan zure billa, zu ikusi naiez».

        Yesusek ordea erantzun zion ori esan zionari: «Zein da nere ama ta zein dira nere anaiak?».

        Gero bere inguruan eserita zeudenai begiraturik eta bere ikaslengana eskua luzatuz, esan zuen: «Orra or nere Ama ta nere anaiak. Zeruan dagon nere Aita Yainkoaren naia egiten duen edozein, orixe da nere anaia, nere arreba ta nere Ama. Baiki, Yainkoaren itza aditu ta egiten dutenak, oietxek dira nere ama ta nere senideak».

 

 

65.— Kristok itsasondoan irakasten
Ereilearen berdintza

(Mt. XIII, 1-9; Mc. IV, 1-9; Lc. VIII, 4-8)

 

        Aldi artan, Yesus etxetik atera, itsasondoan eseri ta andik irakasten asi zan berriz. Gizalde aundia bildu zitzaion, irietatik leiaka etortzen zitzaizkion. Gero ontzi batean sartu ta eseri zan eta gizalde guzia legorrean itsasondoan zegon.

        Eta berdintzetan gauza asko irakasten zizkien eta esan zien bere irakaspide artan: «Entzun: ereilea bere azia ereitera atera zan. Ereitean, azi-alde bat bide ondoan erori zan, eta yendeak zapatu zuten ta zeruko egaztiak etorri ta yan zuten.

        »Beste azi-alde bat toki arrizuan, lur mea zuen tokian erori zan; ta bereala sortu zan, lur-loditasunik etzuelako. Baña eguzkia sortu zanean, kixkali zan eta ezpaitzuen zañik ez ezetasunik ere, sortu orduko igartu zan.

        »Beste azi-alde bat arantzartean erori zan. Arantzak arekin batean sortu ta aunditu ziran, eta ito zuten; orregatik etzuen arnaririk eman.

        »Beste azi-alde bat lur onera erori zan; ura sortu ta aunditu zan ta arnari ederra eman zuen, bateko ogei ta amar, irurogei, ta eun».

        Ta ori esan ondoan, oiu egin zuen: «Entzuteko belarririk duenak entzun dezala».

 

 

66.— Zer esan nai du berdintza orrek?

(Mt. XIII, 10-23; Mc. IV, 10-20; Lc. VIII, 9-15)

 

        Gero bakarrik zegon batean, urbildu zitzaizkion berarekin zebiltzen amabi ikasleak ta galdegin zioten: «Zergatik itzegiten diezu berdintzetan? Eta zer esan ani du berdintza orrek?».

        Arek erantzun zien esanez: «Zuei eman zaitzue zeruko yaurgoaren ixilkiak (gauza gordeak) ezagutzea; beste oiei, kanpoan diran oiei berriz ez, oiei dana berdintzetan irakasten zaie; duenari ematen zaio ta ugari izango du ta, eztuenari berriz duena ere kentzen zaio.

        »Orregatik mintzo natzaie berdintzetan, ikusiz ikusten ez dutelako, ta entzunez entzuten ez dutelako. Ta oiengan betetzen da Isaiak aldeaurrez esandako ura:

 

                Belarriz entzungo duzue ta ez ulertuko,

                begiz ikusiko duzue ta ez ikusiko;

                gogortua baitago erri onen biotza,

                bere belarriak entzun-gortu dira

                eta bere begiak itxi ditu;

                eztu bere begiz ikusi nai,

                ez bere belarriz entzun nai,

                ez biotzaz aditu ta onera itzuli nai,

                eztu nik sendatzerik nai.

 

        »Zuen begiak berriz zorionekoak dira, ikusten dutelako, ta zuen belarriak entzuten dutelako. Begira, egiaz, nik diotsuet: Profeta ta zuzentsu askok zuek ikusten duzuena ikusi nai izan zuten, ta etzuten ikusi; zuek entzuten duzuena entzun nai izan zuten, ta etzuten entzun».

        Gero esan zien: «Eztuzue beraz berdintza ori aditzen? Beste berdintzak nola adituko dituzue bada?

        »Entzun bada orain ereilearen berdintza ori. Auxe da berdintza: Azia, Yainkoaren itza da; ereileak Yainkoaren itza ereiten du.

        »Batzuek yaurgoazko itz ori entzuten dute, baña ez erdesten; orduan etortzen da etsaia, Satan, eta kentzen die beren biotzetatik an erein dana. Oiek dira bide ondoko azia.

        »Beste batzuek itza entzun ta pozez artzen dute; eztute ordea berengan errorik, iraupenik eztute. Eta itz orrengatik estu-aldia edo yarraikada etortzen zaien bezin laster, erortzen dira. Ori da arri-gunean ereindako azia.

        »Beste batzuek itza entzuten dute; baña bizi onetako kezkak eta aberastasun utsalak eta gozamenak ito-arazten dute, ta orrela eztu arnaririk ekartzen. Ori da arantzartean ereindako azia.

        »Beste batzuek itza entzun ta biotz on eta yatorrean artu ta gordetzen dute, ta arnari ederra ematen dute iraupenez: bateko ogei ta amar, irurogei ta eun».

 

 

67.— Argia zertako piztu? Nolako neurria

(Mc. IV, 21-25; Lc. VIII, 16-18)

 

        «Iñork eztu argi bat izeki ta gaitzerupean edo oe azpian estaltzen; argimutil gañean yartzen du, sartzen diranak argia ikusi dezaten. Ez baita gauza ixkutu, agertuko ez danik. Entzuteko belarririk duenak entzun beza».

        Gero esan zien: «Begira bada zer ta nola entzuten duzuen; zuek neurtzen duzuen neurriaz neurtuko zaitzue zuei, ta gañera ere emango zaitzue; duenari ematen baitzaio, ez duenari berriz bere ustean duena ere kenduko zaio.

 

 

68.— LLolloaren berdintza

(Mt. XIII, 24-30)

 

        Beste berdintza bat erakutsi zien esanez: «Bere alorrean (soroan) azi ona erein zuen gizon bat irudi du zeruko yaurgoak.

        »Baña yendeak lo zeuden bitartean, etorri zan aren etsaia, gariaren erdian llolloa (belar txarra) erein zuen ta yoan zan. Gero belarra aunditu ta arnaria eman zuenean, agertu zan llolloa ere. Orduan etxeko yaunari urbildu zitzaizkion bere morroiak (mutillak) eta galdegin zioten: Yauna, ez al zenuen zure alorrean azi ona erein? Nondik du bada llolloa?.

        »Berak esan zien: Nere etsaiak egin du ori. Morroiak berriz esan zioten: Nai al duzu, yoan ta llolloa bildu dezagun? Ez, erantzun zien nausiak; llolloa biltzean, garia ere idokiko zenukete arekin batean. Utzi biok aunditzen igitaraño, eta igita-aldian esango diet igitariei: Lenbizi bil zazue llolloa ta espalka lotu erretzeko; garia berriz nere sabaira bil zazue».

 

 

69.— Aziaren berdintza

(Mc. IV, 26-29)

 

        Gañera esan zien: «Bere alorrean azia erein duen gizon bat iduri du zeruko yaurgoak. Berak lo egiten du ta yaikitzen da gau ta egun; eta berak nola ez dakiela, azia sortzen da ta aunditzen. Lurrak berez ekartzen baitu arnaria: lenbizi belarra, gero burua, gero ale betea buruan. Eta arnaria ondu danean, bereala igitaia yartzen zaio, uztaroa bertan da ta».

 

 

70.— Usta-alearen berdintza

(Mt. XIII, 31-32; Mc. IV, 30-32)

 

        Beste berdintza bat erakutsi zien esanez: «Zerekin berdinduko dugu zeruko yaurgoa? Zein berdintzaren azpian agertuko dugu? Gizon batek artu ta bere alorrean erein zuen usta-alea iduri du zeruko yaurgoak. Azi ori lurrean ereiten danean, lurrean diran azi-ale guzietan txikiena da; baña erein ta sortu danean, beste belar guziak baño aundiago egiten da, zuaitz egiten da, adar aundiak ateratzen ditu, zeruko txoriak ere etorri ta aren adarretan bizitzen baitira».

 

 

71.— Orantzaren berdintza — Zergatik orrenbeste berdintza?

(Mt. XIII, 33-35; Mc. IV, 33-34)

 

        Beste berdintza bat esan zien: «Zeruko yaurgoak iduri du orantza, emakume batek artu ta iru neurri iriñetan, ore guzia asti (yaiki) arte sartzen duen orantza».

        Gauza guziok esan zizkien Yesusek gizaldeai berdintzetan, ta orrelako beste berdintza asko esan zizkien. Aien artzearen araura. Berdintzarik gabe etzien itzegiten; orrela betetzen zan profetak esandako ura (Ps. LXXVII, 2):

 

        «Berdintzetan idikiko dut nere agoa, munduaren asieratik gorderik zeuden gauzak agertuko ditut».

 

        Baña bakarrik zeudenean, guziak azaltzen zizkien bere ikasleai.

 

 

72.— Zer esan nai du llolloaren berdintzak? —
Beste zenbait berdintza

(Mt. XIII, 36-53)

 

        Orduan gizaldeak bidalirik, etxera zan; bere ikasleak urbildu zitzaizkion ta esan zioten: «Alorreko llolloaren berdintza argi zaiguzu».

        Arek erantzun zien: «Azi ona yaurgoko umeak (zerurako daudenak) dira; llolloa berriz gaiztoaren umeak; llolloa erein duen etsaia deabrua da; igita-aldia munduaren amaia (azkena) da, ta igitariak Aingeruak dira.

        »Beraz, llolloak bildu ta erre egiten diran bezela, orixe agituko da munduaren azkenean. Giza-Semeak bidaliko ditu bere Aingeruak; eta bere yaurgoan diran gaizpide-emale ta gaiztakeri-egille guziak bildu ta su-labera egotziko dituzte. An izango da negarra ta ortz-karraska. Orduan zuzentsuak, eguzkiak bezela diztiatuko dute beren Aitaren yaurgoan.

        »Entzuteko belarririk duenak entzun beza.

        »Alor batean ixkutaturik dagon gordairu bat irudi du zeruko yaurgoak. Gizon batek arkitzen du gordairu ori, ostentzen du, pozez beterik yoaten da, dituen gauza guziak saldu ta alor ura erosten du.

        »Orobat, pitxi ederren billa ibiltzen dan gizon sal-erosle bat iduri du zeruko yaurgoak. Balio aundiko pitxi bat arkiturik, yoan zan ta zituen gauza guziak saldu ta pitxi ura erosi zuen.

        »Orobat, itsasora egozten dan ta mota guzitako arraiak atxitzen dituen sare bat iduri du zeruko yaurgoak. Sarea bete danean, ur-bazterrera ateratzen dute, gero esertzen dira ta berexten dituzte arrai onak saskirako, txarrak berriz egozten dituzte.

        »Orixe gertatuko da munduaren azkenean: Aingeruak aterako dira, eta gaiztoak zuzentsuen artetik berexi ta su-labera egotziko dituzte; an izango da negarra ta ortz-karraska.

        »Guzi ori erdetsi al dezue?

        »"Bai", erantzun zioten. Orduan Berak esan zien: «Geroztik, zeruko yaurgoaren gauzetan asko-ikasia dan edozein maisuk, bere gordairutik gauza berriak eta zarrak ateratzen dituen etxeko yaun bat iduri du».

        Berdintza oiek akitu zituenean, Yesusek aldegin zuen andik.

 

 

73.— Itsaso-araindira — Yesusi yarraiki naiak

(Mt. VIII, 18-22; Mc. IV, 35; Luc. IX, 57-62)

 

        Egun artan, gizalde aundiak ikusi zituen Yesusek bere ondoan, eta illuntzean esan zien bere ikasleai: «Goazen itsaso-araindira».

        Orduan bidean zioazela, lege-irakasle bat urbildu zitzaion ta esan zion: «Zu yoango zeran edozein tokira yarraikiko natzaitzu». Yesusek erantzun zion: «Azeriak badituzte beren zuloak, eta zeruko egaztiak beren kabiak; Giza-Semeak berriz eztu non burua eratzan».

        Beste bati esan zion: «Atoz nerekin». Eta arek erantzun zion: «Utzi zaidazu leenik yoan ta nere aita ortzi (lurperatu) dezadan». Baña Yesusek esan zion: «Yarraiki zakizkit, eta utz illai beren illak ortzitzen. Zu ordea zoaz eta Yainkoaren yaurgoa iragar zazu».

        Beste batek esan zion: «Yauna, yoango naiz zurekin; baña lenbizi nere etxekoei agur-esaten utzi zaidazu». Yesusek erantzun zion: «Bere eskua goldean yarri ta gero atzera begiratzen duena ezta Yainkoaren yaurgorako on».

 

 

74.— Yesusek itsasoa baretzen du

(Mt. VIII, 23-28; Mc. IV, 36-V, 1; Lc. VIII. 22-26)

 

        Orduan gizaldea bidalirik, artu zuten bereala Yesus ontzira ta sartu ziran berak ere. Beste ontzi batzuek ere baziran arekin. Itsasoz zioazela, Yesus lokartu zan.

        Bitartean aize-zurrunbillo gaitza sortu zan, itsasora yetsi ta itsaso guzia nasi zuen; ugiñak ontzira sartzen ziran ta ontzia ondatzeko zorian zeukaten. Yesus berriz ontzi-atzean bururdi baten gañean lo zegon.

        Yoan zitzaizkion bada bere ikasleak eta iratzarri zuten esanez: «Maisua, galtzera goaz ta zuk ez al duzu axolik? Yauna, gaizka gaitzatzu, ondatzera goaz ta».

        Yesusek esan zien: «Siñeste gutxiko gizonak, zergatik zerate beldur?». Gero yaiki zan; aizeari ta ur-zurrunbiloari akar egin ta itsasoari esan zion: «Ixil adi, ago geldi!». Bereala aizeak gelditu ziran ta baretasun aundia egin zan. Orduan esan zien: «Non da zuen siñestea? Ez al duzue oraño siñesterik?».

        Ta gizon aiek, arriturik eta beldur-laborriak arturik, elkarri esan zioten: «Nor ote da au, aizeai ta itsasoari agintzen ta aiek men-egiten dioten au?». Ta yoan ziran itsaso-araindira, Galilearren aurkez-aurke dagon Gerasatarren lurraldera.

 

 

75.— Bi deabrudun sendatzen

(Mt. VIII, 28-34; Mc. V, 1-20; Lc. VIII,26-39)

 

        Ontzitik legorrera zan bezain laster, aspaldi artan deabruak arturik zegon gizon bat bidera etorri zitzaion il-obietatik; etzuen soñekorik yazten, etzan etxean bizitzen, il-obietan zuen bere bizitegia.

        Yesus urrundik ikusi zueneko, yoan zitzaion lasterka, aurrean aozpeztu ta gur-egin zion, ta oiu aundiaz esan zion: «Zer ikusteko dut nik zurekin, Yesus, Yainko Guziz-Gorenaren semea? Yainkoaren izenean eskatzen dizut, ez nazazula biurkatu». Gizon arengandik ateratzeko agintzen baitzion ats loiari.

        Aldi askotan arrapatu izan zuen deabruak, eta katez ere ezin zezaken iñork ura lotu. Maiz lotu izan zuten, baña kateak autsi ta oin-burniak porrokatu zituen eta etzezaken iñork ezi; lokarriak autsirik, deabruak basa-lekuetara eramaten zuen. Gau ta egun il-obietan ta mendietan egoten zan, karraxika ta bere burua arriz yotzen zuela.

        Yesusek galdegi zion: «Nola duzu izena?». Arek erantzun zion: «Lejio (multzoa) dut izena, asko gera ta». Deabru asko sartu baitziran arengan. Deabruak arren ta arren eskatzen zioten, inguru artatik ez zitzala yoan-arazi, ez zezaiela agindu su-lezera yoateko.

        Bazan inguru artan zerri-saldo aundi bat, mendian bazkatzen. Deabruak aietara sartzen uzteko eskatzen zioten, esanez: «Emendik erauzten bagaituzu, zerri-saldo ortara bidali gaitzatzu, oietan sar gaitezen». Ta Yesusek bereala baiezkoa eman zien; «Zoazte» esan zien.

        Atera ziran beraz deabruak gizon arengandik eta urdetara sartu ziran. Eta saldo osoa (bi milla buru bezelatsu) oldar aundian, tarrapatan amilka itsasora erori ta uretan ito zan.

        Urdezaiak, ori ikusirik, iges egin zuten; eta irian ta inguruetan guzi orren berri eman zuten, ta deabrudunarekin gertatua yakin-arazi zuten.

        Orduan yendeak atera ziran agitu zana ikustera ta Yesusengana yoan ziran, eta deabruak-arturik egon zan gizona Yesusen ondoan eseria, yantzia ta bere zentzuan zegola arkitu zuten. Ikusi zutenak yakitera eman zuten, zer agitu zitzaion deabrudun izandakoari, nola sendatu zan, ta zerriai zer gertatu zitzaien.

        Gerasa-erritar guziak Yesusen bidera atera ziran, eta ikusi zutenean, beren bazter aietatik lekutzeko eskatu zioten, beldur aundiak arturik zeuden ta. Yesus igo zan ontzira ta beste aldera zan.

        Yesus ontzira sartzeko zegola, deabruak biurka ibilli zuen gizona etorri ta eskatu zion, berarekin (Yesusekin) yoatera utzi zezaion. Yesusek ordea etzion utzi ta bidali zuen ziotsala: «Zoaz, zure etxera biur zaite ta zure etxekoai yakin-arazi zaiezu, zer arrigarria egin dizun Yainkoak, eta nola urrikaldu dan zutaz».

        Yoan zan beraz, eta iri guzian ta Dekapolin iragarri zuen, zer gauza aundiak egin zizkion Yesusek. Ta guziak arritzen ziran.

        Yesus ontzian sartu ta berriz itsaso-araindira zanean, gizalde aundia bildu zitzaion, guziak aren zai zeuden ta.

 

 

76.— Yesus bere sorterrian

(Mt. XIII, 54-58; Mc. VI, 1-6)

 

        Yesus andik lekutu ta bere errira zan; bere ikasleak yarraiki zitzaizkion. Ondoko larunbatean aien sinagogan irakasten asi zan. Ta entzule asko arritzen ziran aren irakaspenaz ta elkarri esaten zioten.

        «Nondik du onek guzi ori? Zer yakintasuna eman zaion orreri! Nolako mirariak agitzen diran orren eskuz! Ez al da au zurgiñaren semea, eta bera ere zurgiña? Bere ama ez da Maria? Bere anaiak ez al dira Yakobo ta Yose ta Simon ta Yuda? Bere arrebak ez al daude emen gure artean?».

        Orrela gaizpidea artzen zuten aren kariaz. Yesusek berriz esan zien: «Profeta bat ez da omenik gabe bere errian, bere etxean ta bere aiden artean baizik». Etzuen ere an miraririk asko egin; zenbait eri sendatu bakarrik egin zituen, eskuak gañean yartzen zizkiela. Aien siñesgogortasunaz arriturik zegon.

        Gero bazebillen ango errietan barna, irakasten ari zala.

 

 

77.— Apostoluak predikatzera bidaltzen

(Mt. X, 1-15; Mc. VI, 7-11; Lc. IX, 1-5)

 

        Deitu zituen beregana amabi Apostoluak, eta aiek binaka bidaltzen asi zan; deabru guzien gañeko indarra ta eskubidea eman zien, ats loiak erauzteko, edozein gaitz ta eritasun sendatzeko eskubidea ere bai.

        Amabi Apostuluen izenak auek dira: Aurrena Simon, izengoitiz Pedro, ta bere anai Andrea; Yakobo, Zebedeoren semea ta Yoan bere anaia; Filipo ta Bartolomeo, Toma ta Mateo zergaria; Yakoboren seme Alfeo ta Tadeo; Simon Kartsua ta Yuda Iskariote; onek saldu zuen Yesus.

        Amabi oiek bidali zituen bada Yesusek Yainkoaren yaurgoa predikatzera ta eriak sendatzera, agindu au ematen ziela:

        «Arrotz-errietarako bidea ez artu, ta Samariarren errietara ez sartu; aitzitik, zoazte Israel-etxeko ardi galduetara. Zoazte ta predika zazue diozuela: Zeruko yaurgoa urbil da. Eriak senda itzatzue, illak berriz piztu, legendunak garbitu, deabruak erauzi; utsean eman zaitzue, utsean eman zazue».

        Eta biderako ezer ez artzeko agindu zien, ez ogirik, ez gerrikoan dirurik; oñetan zatak, ez bi soinpeko yantzi.

        Onela mintzatu zitzaien: «Ez iduki urrerik, ez zillarrik, ez dirurik zuen gerrikoan; ez bide-zorrorik, ez bi soinpeko, ez oskirik (zapatarik), ez makillarik; langilleak merezi du bere yana. Iri naiz erri batera sartzen zeratenean, geldegizue nor dan artan merezidunik, eta etxe batera sartzen zeratenean, egon zaiztezte an eta ez andik atera, andik aldegin arte.

        »Etxera sartzean, diosala egizue, esanez: Pakea dela etxe onetan. Etxe ura mereziduna bada, zuen pakea etorriko da aren gañera; mereziduna ezpada berriz, zuen pakea zuengana itzuliko da. Ta norbaitek ongi artzen ez bazaituzte ta zuen itzak entzuten ez badituzte, etxe edo iri artatik atera ta zuen oñetako autsa ere iñarrosi (astindu) zazue, beren aurkako aitorreratzat.

        »Egiaz, nik diotsuek: Epai-egunean, iri arreri baño zigorrada biguñagoa emango zaie Sodoma ta Gomorrari».

 

 

78.— Apostoluai agindu berriak

(Mt. X, 16-XI, 1)

 

        «Orra, ardiak otsoen erdira bezela igortzen zaituztet. Zuurrak izan zaitezte beraz, sugeak bezela, eta bakunak (tolesgabeak), usoak bezela.

        »Baña begira zaitezte gizonengandik; bere batzarretara eramango zaituztee ta beren sinagogetan azorriz yoko zaituztee. Agintari ta erregen aurrera eramango zaituztee neregatik, aiei ta atzerriei yakille izan zakizkieten. Orrela eramaten zaituzteenean, ez egon kezketan, zer edo nola mintzatuko zeraten; ordu artan emango zaitzue zer itzegin, ez baitzerate zuek mintzo, zuen Aitaren Atsa mintzatuko da zuengan.

        »Anaiak bere anaia ta aitak bere aurra il-araziko du, seme-alabak yaikiko dira gurasoen aurka eta il-araziko dituzte. Guziak iguinduko zaituztee nere izenagatik; baña azkeneraño sendo irauten duena, orixe gaizkatuko da.

        »Iri batean yazartzen bazaizkitzue, beste batera iges egizue. Egiaz, nik diotsuet: Ez dituzue Israelgo iri guziak ibilliko, Giza-Semea etorri baño lenago.

        »Ikaslea ezta bere maisua baño geiago, ezta ere morroia bere nausia baño geiago. Ikasleak aski du bere maisua ainbat izatea, ta morroiak bere nausia ainbat izatea. Etxeko yauna Beelzebub deitu badute, zenbatenaz geiago aren etxekoak?

        »Ez aien beldur izan beraz. Ez baita ezer estalirik, agertuko ez danik; ezta ezer gorderik, yakingo ez danik. Nik illunbetan esaten dizuedana, zuek esazue argitan, eta belarrira ixilka esan zaitzuena, oikua esazue etxe-gaindegietan.

        »Gorputza il bai, baña anima ezin il dezaketenai ez beldur izan; baña gorputza ta anima sulezean ondatu ditzakenari, orreri bai beldur izan zaiozue.

        »Ez al dira bi karatxori lauko batean saltzen? Ta ala ere, aietako bat ere ezta lurrera erortzen, zuen Aitak nai gabe. Zuen buruko ille guziak ere zenbatuak daude; ez beldur izan beraz, karatxori askok baño geiago balio duzue zuek.

        »Ni gizonen aurrean aitortzen nauena, aitortuko dut nik nere Aita zerukoaren aurrean; ni gizonen aurrean ukatzen nauena berriz, ukatuko dut nik nere Aita zerukoaren aurrean.

        »Ez uste izan, lurrean pakea yartzera etorri naizenik; ez naiz etorri pakea yartzera, ezpata yartzera baizik. Semea aitarekin ta alaba amarekin ta erraña amagiarrebarekin makur-araztera etorri naiz. Eta norberaren etxekoak dira bere etsaiak.

        »Aita edo ama ni baño maiteago duena ezta nere diña; semea edo alaba ni baño maiteago duena ezta nere diña. Eta bere gurutzea soñean arturik nere ondotik ez datorrena ezta nere diña. Bere bizia gorde nai duenak, galduko du; neregatik bere bizia galtzen duenak berriz, aretxek gordeko du.

        »Zuek ongi artzen zaituztenak ni artzen nau; eta ni ongi artzen nauenak ni bidali nauena artzen du. Profeta bat, profeta dalako artzen duenak, profetaren saria izango du; eta zuzentsu bat, zuzentsua dalako, artzen duenak zuzentsuaren saria izango du. Onako txiki auetako bati, nere ikaslea dalako, ontzi bat ur otz soilki ematen dionak, egiaz nik esaten dizuet, eztu bere saria galduko, eta sari gabe geldituko».

        Yesusek, bere amabi ikasleai agindu oiek eman ondoan, aldegin zuen andik, inguruetako irietan irakatsi ta predikatzera.

 

 

79.— Apostoluak predikatzen —
Herode erregea kezketan

(Mt. XIV,1-2; Mc. VI, 12-16; Lc. IX, 6-9)

 

        Apostoluak atera ziran beraz eta erri guzietan barna zebiltzan, Berri ona irakatsiz ta eriak sendatuz. Damu-artzeko ta onera itzultzeko predikatzen zieten, deabru asko erauzten zituzten, ta eri asko olioz gantzutu ta sendatzen zituzten.

        Aldi artan, Herode erregeak Yesusen berri aditu zuen, Yesusek egindako guziak ikasi zituen, aren izena nonnai aipu zan ta. Erregea kezketan zegon, esaten baitzuten batzuek: «Yoan piztu da berriz illen artetik»; beste batzuek berriz: «Elia agertu da»; beste batzuek: «Lengo profeta aietako bat piztu da berriz».

        Herodek esan zien bere mirabeai: «Au da Yoan Bataiazalea; bera piztu da berriz illen artetik, eta arrigarriak gertatzen dira beraren bitartez. Nik lepoa moztu nion Yoani; nor da bada, ainbesteko gauzak egiten omen dituen au? Baiki, nik lepoa moztu nion Yoan ura bera piztu da illen artetik».

        Eta Yesus ikusi naiez zebillen.

 

 

80.— Herodek nola il izan zuen Yoan

(Mt. XIV, 3-12; Mc. VI, 17-29; Lc. III, 19-20)

 

        Yoan Bataiazaleak akar, (errixta, mokoka), egiten zion Herode erregeari, onek bere anai Filiporen emazte, Herodiade zeritzana bere emaztetzat artu zuelako, ta beste gaiztakeri asko ere egin zituelako. Yoanek esaten zion: «Eztuzu zillegi, zure anaiaren emaztea artzea». Orduan Herodek Yoan atzeman, lotu ta baitegian (giltzapean) sartu zuen.

        Herodiadek ezin-ikusi aundia zion ta il-arazi nai zuen; ezin zezaken ordea, Herode Yoanen beldur baitzan, gizon zuzentsu ta sandua zala bazekielako. Gañera erriaren ere beldur zan, guziak Yoan profetatzat zeukaten ta. Argatik zaintzen zuen; ari entzun ondoan, kezka aunditan yartzen zan, ta ala ere gogotik aditzen zion.

        Baña egun egokia etorri zan. Herodek bere yaiotegunean bazkari aundia egin zien bere aundizkiei ta gudalburuei ta Galileako aundimaundiei. Herodiade beraren alaba sartu zan, dantza egin zuen, eta Heroderi ta beste maikideai atsegin egin zien. Orduan erregeak esan zion neskatxari: «Eska zaidan nai dunana ta emango diñat». Zin ere egin zion: «Bai, eskatzen dunan guzia emango diñat, baita nere yaurgoaren erdia balitz ere».

        Neskatxa atera zan ta bere amari galdegin zion: «Zer eskatuko dut?». Arek esan zion: «Yoan Bataizalearen burua». Bereala sartu zan berriz leiaka erregeagana ta eskatu zion: «Nai dut oraintxe azpil batean Yoan Bataiazalearen burua eman dezaidazun».

        Erregea begi-illundu zan. Ala ere, ziñagatik eta maikiden ederragatik etzion ezezkorik eman nai izan. Bidali zuen beraz gudamutil bat, aren burua azpil batean ekartzeko aginduz. Yoan zan gudamutilla, baitegian burua moztu zion Yoani, ekarri zuen burua azpil batean ta neskatxari eman zion, neskatxak berriz bere amari eraman zion.

        Yoanen ikasleak, ori ikasi zutenean, etorri ziran, artu zuten aren gorputza ta il-obian ortzi zuten. Gero Yesusi orren berri eman zioten.

 

 

81.— Apostoluak itzultzen dira Yesusengana

(Mc. VI, 30; Lc. IX, 10)

 

        Apostoluak itzuli ziran predikatzetik, eta Yesusengana bildurik, egin ta irakatsi zuten guzia yakin-arazi zioten.

 

 

82.— Kristo basa-lekura — Gizaldea goserik —
Bost ogiak ugaltzen

(Mt. XIV, 13-21; Mc. VI, 31-44; Lc. IX, 10-17; Io. VI, 1-14)

 

        Yesusek Yoanen eriotza ikasi zuenean, esan zien bere Apostoluai: «Atozte nerekin bakar-lekura, ta atseden piska bat ar zazue». Yateko astirik ere ez baitzuten, yoan ta etortzen ziran gizaldeak asko ziran ta. Yesusek artu zituen beraz aiek berarekin ta lekutu zan andik. Ontzi batean sartu ta Betsaida ondoko basa-bazter batera yoan zan, Galileako itsaso, beste izenez Tiberias deritzanaren beste aldera.

        Baña lagun askok ikusi zituzten yoaten ta ezagutu zituzten, eta iri guzietatik oñez bildu ziran ara, ta aiek baño lenago iritxi ziran. Bai, gizalde aundia yarraiki zitzaion, eri zeudenekin egiten zituen mirariak ikusten zituztelako.

        Yesusek, ontzitik ateratzean, ikusi zuen gizalde ura ta urrikaldu zitzaion, artzai-gabeko ardiak iduri zutelako. Yainkoaren yaurgoaz gauza asko irakasten asi zitzaien eta sendatu-bearra zuten guziak sendatu zituen. Gero igo zan Yesus mendira ta an eseri zan bere ikaslekin. Yuduen Pazko-yaia urbil zegon.

        Baña eguna apalduz zioan ta berandu zan. Orduan urbildu zitzaizkion bere ikasleak eta esan zioten: «Bazter au basa-lekua da ta eguna aurreratua da onezkero. Bidal itzatzu gizaldeak, inguruko erri ta basetxe oietara yoan ta ostatua ta yatekoa billa dezaten».

        Yesusek ordea erantzun zien: «Eztute yoan bearrik; zuek yatera emaiezue». Aiek esan zioten: «Yoango gera beraz eta berreun denarioko ogia erosiko dugu, aiek yatera emateko».

        Yesusek bere begiak goratu ta gizalde aundia bazetorkiola ikusirik, galdegin zion Filipori: «Non erosiko dugu ogia, oiek yan dezaten?». Ura narrikatuz esan zuen ori, berak bazekien zer egin bear zuen ta. Filipok erantzun zion: «Berreun denarioko ogia ez litzake aski izango, bakoitzari puskatxo bat emateko ere».

        Yesusek galdegin zien: «Zenbat ogi dituzue? Yoan ta ikusi». Ikusi zuten; eta ikasletako batek, Simon Pedroren anai Andreak ekarri zion berri au: «Emen dagon mutil batek baditu bost garagar-ogi ta bi arrai; baña ori zer da onenbeste lagunentzat? Gizalde guzi onentzat yanariak erostera yoaten ezpagera...».

        Yesusek esan zien: «Ekarri onera ogi ta arrai oiek». Baziran an bost milla gizon bezelatsu. Yesusek esan zien bere ikasleai: «Eseri-arazi itzatzue sailka, berrogei-ta-amarnaka belar ezearen gañean». Belar aundia zegon toki artan ta. Alaxe egin zuten bada, ta guziak eseri-arazi zituzten eunaka ta berrogei-ta-amarnaka.

        Yesusek, gizaldea orrela eseriarazi ondoan, bost ogiak eta bi arraiak artu, eta zerura begiratuz bedeinkatu zituen. Eskerrak eman zituen, ogiak autsi ta bere ikasleai banatu zizkien, aiek gizaldeai eman zitzaieten. Bi arraiak alaber guziai banatu zizkien, bakoitzak nai adinbat.

        Yan zuten beraz guziak eta ase ziran. Eta bete ziranean, esan zien bere ikasleai: «Goitutu diran puskak bildu itzatzue, galdu ez ditezen». Bildu zituzten bada ta amabi ortondo (zare) bete zituzten puskaz; ori goitutu zitzaien bost garagar-ogietatik yan zutenai. Eta yan zutenak bost milla gizon bezelatsu ziran, emakumeak eta aurrak sartu gabe.

        Orduan gizon aiek, Yesusek egindako miraria ikusirik, esan zuten: «Auxe da ziñez mundura etortzekoa dan profeta».

 

 

83.— Itsasoko ekaitza — Kristo ta Pedro
ur gañean ibiltzen

(Mt. XIV, 22-23; Mc. VI, 45-52; Io. VI, 15-21)

 

        Yesusek auteman zuen, gizaldea Bera artu ta errege egitera etorriko zala, ta bereala ontzi batean sarrarazi zituen bere ikasleak, bere aurrean itsaso-araindira Betsaida aldera yoan zitezen, Berak gizaldea igorri bitartean.

        Arrastu zuenean, ikasleak yetxi ziran itsasora, eta ontzian sarturik yoan ziran beste aldera, Kaparnaumera. Yesusek berriz, gizaldea bidali ondoan, bakar-bakarrik iges egin zuen mendira otoitz egitera.

        Arrats-beranduan, illun-kozkortu ondoan, Yesus bakarrik zegon legorrean eta etzan oraño aiengana yoan. Ontzia itsaso erdian zegon, ta ugiñak (olatuak) azkar iñarrosten zuten, aizea aurrezka zuten ta. Yesus oartu zan, arraunketan nola nekatzen ziran, eta laugarren gau-aldian-edo aiengana zan, itsaso gañean ibilki. Ogei ta bost edo ogei ta amar eztatu bezelatsu arraunketan egin ondoan, ikusi zuten Yesus itsaso gañean ibiltzen ta ontzira urbiltzen. Aurrera igaro nai zuen.

        Aiek ordea, ura itsaso gañean ibiltzen ikusirik, mamu bat zala uste izan zuten, eta izu-laborriak arturik esan zuten Mamua da. Eta karraxi egin zuten.

        Yesusek berriz itzegin zien bereala, esanez: «Biotz-on izan!. Ni naiz, ez beldur izan». «Yauna», erantzun zion Pedrok, «zu bazera, ur gañean zuregana yoateko agindu zaidazu». «Atoz», esan zion Yesusek.

        Pedro yetxi zan bada ontzitik eta ur gañean zebillen Yesusengana yoateko. Baña aize azkarra sumatu baitzuen, beldurtu zan; urpetzen asi zan ta oiu egin zuen: «Yauna, gaizka nazazu!». Bereala Yesusek eskua luzatu, ari eldu ta esan zion: «Zergatik durduzatu (dudan egon) zera, biotz-gutxiko ori?

        Orduan ikasleak ontzira artu nai izan zuten. Igo zan aiengana ontzira, ta sartu bezain laster baretu zan aizea. Ontzian ziranak yoan zitzaizkion ta gur-egun zioten esanez: «Benetan Yainkoaren Semea zera».

        Are geiago arritu ziran, ogiekiko miraria ez baitzuten erdetsi, aien biotza itsuturik zegon ta. Eta bereala ontziak lur-artu zuen zioazen tokian.

 

 

84.— Genesar-errian — Eriak sendatzen

(Mt. XIV, 34-35; Mc. VI, 53-56)

 

        Beste aldera igaro ziranean, Genesar-errira ziran ta lur artu zuten. Ontzitik atera zaneko, gizaldeak ezagutu zuten; eta inguru guzian laster-egiñik gaizki zeudenak zerraldoietan ekartzen asi ziran, ura zegola entzuten zuten lekura. Eri guziak aren aurrera eraman zituzten.

        Eta edozein baserri, erri edo irira sartzen zanean, erri-zelaietan yartzen zituzten eriak, ta bere soñeko-litsa bederen ukitzen uzteko eskatzen zioten. Ta ukitzen zuten guziak sendatzen ziran.

 

 

85.— Kristok zeruko ogiaz itzegiten

(Io. VI, 22-VII, 1)

 

        Biaramonean, itsaso-araindian gelditu zan gizaldeak, auteman zuen, ontzi bat besterik etzagola an, eta Yesus etzala sartu ontzi artan bere ikaslekin, ikasleak bakarrik abiatu zirala.

        Tiberias aldetik etorri ziran bitartean beste ontzi batzuek Yaunak eskerrak eman-ta ogia yan zuten leku ondora. Orduan gizaldeak, ez Yesus ta ez bere ikasleak etzeudela an ikusi zutenean, ontzietan sartu ta Kaparnaumera yoan ziran Yesusen billa.

        Itsaso-araindian arkitu zuten ta galdegin zioten: «Yauna, noiz etorri zera?».

        Yesusek erantzun zien: «Egiaz, egiaz, nik diotsuet: Billatzen nauzue, ez mirariak ikusi dituzuelako, ogietatik yan ta ase zeratelako baizik. Lan egizue ez galtzen dan yanaria irabazteko, betiko bizirako irauten duen yanari, Giza-Semeak emango dizuena irabazteko baizik; Seme ori zigillatu baitu Yainko Aitak».

        Aiek esan zioten: «Zer egin bear dugu, Yainkoaren lanak egiteko?». Ta Yesusek erantzun zien: «Yainkoaren lana auxe da: Arek bidali dionari siñetsi dezaiozuen».

        Aiek esan zioten: «Zer ezaupide egiten duzu, guk ori ikusi ta siñetsi dezaizugun? Zer lan egiten duzu? Gure aitak mana yan zuten basa-bazterrean; ola dago idatzia: Zerutikako ogia eman zien yateko».

        Yesusek erantzun zien: «Egiaz, egiaz, nik diotsuet: Zerutikako ogi egiazkoa etzizuen Moisek, nere Aitak ematen dizue egiazko zeru-ogia; Yainkoaren ogia da, zerutik yetxi ta munduari bizia ematen diona».

        Orduan esan zioten: «Iguzu beti ogi ori».

        Ta Yesusek esan zien: «Ni naiz bizi-ogia; nigana datorrena ezta gose izango, nigan siñesten duena ezta egarri izango. Baña nik esan dizuet: Ikusi nauzue, baña eztuzue siñesten. Aitak eman didan guzia nigana etorriko da; eta nigana datorrenik eztut nik iraitziko, zerutik yetxi bainaiz ez nere naia egitera, ni bidali nauenaren naia egitera baizik. Eta ni bidali nauen Aitaren naia auxe da: Berak eman didan gauzarik bat ere galdu ez dezadan, ta azken-egunean guzia berriz piztu dezadan.

        »Auxe da ni bidali nauen Aitaren naia: Semea ikusi ta arengan siñesten duen edozeñek betiko bizia izan dezan; ta nik berriz piztuko dut azken egunean».

        Yuduak marmarka ari ziran artaz, ni naiz zerutik yetxitako, ogia esan zuelako. Esaten zuten: «Ez al da au Yesus, Yoseren semea? Bere aita-amak ez al ditugu ezagutzen? Nola dio bada onek: Zerutik yetxi naiz?».

        Yesusek erantzun zien: «Ez marmar egin elkarren artean. Ezin diteke iñor nigana etorri, bidali nauen Aitak erakarri ezpadeza; ta nik berriz piztuko dut azken-egunean.

        »Profetetan idatzia dago: "Yainkoaren ikastun (eskolakoak) izango dira guziak". Aitari entzun ta argandik ikasten duen edozein nigana etortzen da. Aita ikusi eztu iñork egin, ez; Yainkoarena danak bakarrik ikusi du Aita.

        »Egiaz, egiaz, nik diotsuet: Nigan siñesten duenak badu betiko bizia. Ni naiz bizi-ogia. Zuen aitak yan zuten mana basa-bazterrean ta il ziran. Auxe da zerutik yetxitako ogia, ortatik yaten duenik il ez dedin. Ni naiz zerutik yetxitako ogi bizia. Ogi ontatik yaten duena betiko biziko da. Ta nik emango dudan ogia, nere aragia da, munduaren bizirako».

        Yuduak eztabaidaka asi ziran elkarrekin ta esaten zuten: «Onek nola eman dezaiguke bere aragia yatera?».

        Yesusek berriz erantzun zien: «Egiaz, egiaz, nik diotsuet: Giza Semearen aragia yaten ta aren odola edaten duenak badu betiko bizia, ta nik berriz piztuko dut azken-egunean. Nere aragia ziñez yanaria baita ta nere odola edaria. Nere aragia jaten ta odola edaten duena nigan dago, eta ni arengan.

        »Bidali nauen Aita bizi da ta ni bizi naiz Aitaren bidez; »ni yaten nauena ere olaxe biziko da nere bidez. Zerutik yetxitako ogi au ezta zuen aitak yan zutena bezelakoa; ura yanagatik, aiek il ziran; ogi au yaten duena berriz beti-betiko biziko da».

        Itz auek esan zituen Kaparnaumeko sinagogan irakasten ari zala. Bere ikasletako askok, itz oiek entzun ta, esan zuten: «Gogorra da izkuntz ori! Nork entzun dezake ori?».

        Bere ikasleak ortaz marmarka ari zirala bazekien Yesusek ta esan zien: «Ortaz gaizpidea artzen duzue? Giza-Semea len zegon tokira igotzen ikusiko bazenute! Atsak ematen du bizia, aragia ezta ezertako on. Nik esaten dizkitzuedan itzak atsa ta bizia dira. Baña badira zuen artean siñesten ez duten batzuek». Yesusek bazekien asieratik, nor ziran siñesten etzutenak ta nork saldu bear zuen bera.

        Gero esan zien: «Orregatik esan dizuet, ezin ditekela iñor nigana etorri, nere Aitak ematen ezpadio».

        Orduezkero, bere ikasletako asko atzeratu zitzaizkion, ta etziran geroz arekin ibiltzen. Orduan Yesusek galdegin zien amabiai: «Zuek ere yoan nai al duzue?». «Yauna, erantzun zion Simon Pedrok; norengana yoango gera? Betiko biziko itzak zuk dituzu. Guk siñesten dugu ta badakigu, Yainkoaren Sandua zerala».

        Yesusek erantzun zien: «Ez al zaituztet amabi autatu? Ta ala ere, zuetako bat deabru da». Simonen seme Yuda Iskariotengatik esan zuen; amabietako bat zan ura, ta arek saldu bear zuen Yesus. Gero Yesus Galilean barna zebillen. Yudean etzuen ibilli nai, Yuduak bera il naiez zeudelako.

 

 

86.— Eskuak ikuzi gabe yatea —
Farisauekin eztabaidan

(Mt. XV, 1-14; Mc. VII, 1-17)

 

        Orduan bildu zitzaizkion Farisauak eta Yerusalemetik etorritako lege-irakasle batzuek. Auek oartu ziran, aren ikasletako batzuek ezku ez-garbiekin, esna nai da, eskuak ikuzi gabe yaten zutela.

        Farisauak eta beste Yudu guziak, zarragokoen irakatsiai eutsiz, eztute yaten, eskuak maiz ikuzi, (urez garbitu), gabe. Eta karrikatik etorri-ta eztute yaten beren burua urez garbitu gabe. Olako beste gauza asko ere egiten dituzte, irakatsi oien araura: edal-ontziak, txantxillak, pertzak, etzanguak ikuzi ta olakoak.

        Farisauak eta lege-irakasleak galdegin zioten esanez: «Zure ikasleak zergatik austen dituzte zarragokoen esanak? Ezpaitute eskurik ikuzten yaterakoan, ta esku ez-garbiekin yaten dute».

        Yesusek erantzun zien onela: «Zuek ere zergatik austen duzue Yainkoaren agindua zuen irakatsi oiengatik? Ederki profetatu zuen Isaia profetak itxurati oietaz; olaxe dago idatzia:

 

                "Erri onek ezpañez goresten nau,

                baña bere biotza nigandik urrun dago;

                alferrik goresten naute,

                gizonen agindu ta irakatsiak irakatsiz".

 

        »Yainkoaren legea alde batera utzi, ta gizonen aginduai eusten diezue; txantxillak eta edal-ontziak ikuzi, ta olako beste gauza asko egiten dituzue».

        Gañera esan zien: «Ederki ezeztatzen duzue Yainkoaren agindua, zuen irakatsiari eusteko. Baiki, Yainkoak esan zuen Moiseren bitartez: "Zure aita-amak goretsi itzatzu". Eta gañera: "Bere aitari edo amari biraoa esaten diona eriotzez il bedi".

        »Zuek berriz diozue: «Norbaitek bere aita edo amari esan badezaio: Nigandik izan bear zenuken laguntza-bide guzia korban da (Yainkoari eskañia dago), eztu besterik zor, eztu bere aita ta ama geiago goretsi bearrik; eta eztuzue uzten bere aita edo amari besterik egin dezaion. Orrela ezeztatzen duzue Yainkoaren itza, zuek emandako irakaspen oien bidez. Olako gauza asko egiten dituzue».

        Gero deitu zituen berriz gizaldeak beragana ta esan zien: «Entzun guziok, eta aditu. Kanpotik gizonaren barnera sartzen danak ezin dezake gizona zikindu; gizonagandik ateratzen diranak; oiek bai zikintzen dute gizona. Entzuteko belarririk duenak, entzun beza».

        Eta gizaldea utzi ta etxera sartu zanean, bere ikasleak urbildu ta esan zioten: «Zure itz oiek aditu ta, Farisauak samindu dirala ba al dakizu?».

        Berak erantzun zien: «Nere aita zerukoak landatu eztuen edozein landare errotik erauziko da. Utzi itzatzue, itsuak dira, ta itsu-aurrekoak. Eta itsu batek beste itsu bat bidatzen badu, biak leze-zulora erortzen dira».

 

 

87.— Zer esan nai du berdintza orrek?

(Mt. XV, 15-20; Mc. VII, 17-23)

 

        Bere ikasleak galdegin zioten, ea zer esan nai zuen berdintza arek. Pedrok esan zion: «Berdintza ori azaldu zaiguzu».

        Yesusek erantzun zien: «Zuek ere adimen-gabeak al zerate oraño? Ez al duzue nabaritzen, kanpotik gizonaren agora sartzen danak ez dezakela ura zikindu? Ezpaita biotzera sartzen; sabelera yoaten da ta gero gordelekura egozten da; orrela garbitzen dira yaki guziak».

        Gero esan zuen: «Agotik ateratzen diranak berriz biotzetik ateratzen dira, ta oietxek zikintzen dute gizona. Barnetik, gizonaren biotzetik ateratzen dira gogoeta gaiztoak, ezkontz-austeak, aragikeriak, gizon-iltzeak, ebaskoak (lapurretak), gezurrezko aitorrerak, zikoizkeriak, gaiztakeriak, atzipeak, lizunkeriak, bekaizgoak, biraoak, aundinaikeria, zorokeria.

        »Gaitz guzi oiek barnetik ateratzen dira ta gizona zikintzen dute. Baña eskuak ikuzi gabe yateak eztu gizona zikintzen».

 

 

88.— Andre kananearraren alaba sendatzen

(Mt. XV, 21-29; Mc. VII, 24-31)

 

        Yesus andik yaiki ta atera zan, eta Tiro ta Sidongo bazterretara yo zuen. Etxe batera sartu zan ta etzuen nai, iñork ori ikasi zezan. Baña ezin gorderik egon ziteken.

        Andre batek, bere alaba ats loiak (deabruak) arturik zeukan andre kananear batek aren berri entzun zuen bezain laster, alde aietatik atera ta oiuz esan zion: «Urrikal zaite nitaz, Yauna, Dabiden semea; nere alaba deabruak biurka darabil».

        Yesusek etzion itzik erantzun. Orduan urbildu zitzaizkion bere ikasleak eta eskatu zioten onela: «Bidal zazu ortik, oiuka gure ondotik dator ta». Arek erantzun zien: «Israel-etxeko ardi galduetara bakarrik bidalia naiz».

        Baña andrea (atzerritarra zan bera, sirofeniziarra) yoan zitzaion, aren aurrean aozpez erori ta gur-egin ondoan esan zion: «Yauna, lagun zaidazu». Ta deabrua aren alabagandik erauzteko eskatzen zion.

        Yesusek ordea erantzun zion: «Utzi leenik umeak asetzen; ezta on, umeai ogia kendu ta zakurrai ematea». Andreak erantzun zion: «Baiki, ala da, Yauna; baña txakurrak ere mai azpian yaten dute etxeko-yaun ta umeen papurretatik».

        Orduan Yesusek esan zion: «Oi andrea, aundia da zure siñestea! Gerta bekizu nai duzuna. Zure itz orrengatik zoaz, atera da deabrua zure alabagandik». Orduezkero sendatu zan aren alaba. Bere etxera zanean, neskatxa oean etzana arkitu zuen; deabrua atera izan zan.

        Gero Yesus Tiro bazterretatik atera ta Sidonen barna itsasora zan, Dekapoliko bazterren erditik.

 

 

89.— Gizon gor-mutua sendatzen

(Mc. VII, 32-37)

 

        An ekarri zioten gizon gor ta mutu bat, eta aren gañean eskuak yartzeko eskatzen zioten Yesusi.

        Onek gizona artu ta gizaldetik berex eraman zuen; bere beatzak aren belarrietan sartu ta aren mingaña aogozoz ukitu zuen. Gero zerura begiratu, intziri egin ta esan zion: «Effeta, esan nai du, idiki adi». Bereala idiki ziran aren belarriak, askatu zan aren mingain-lokarria ta zuzen mintzo zan.

        Iñori ez esateko agindu zion. Baña arek debekatzenago, ta aiek zabaltzenago zuten berri ori. Arriturik zeuden ta zioten: «Guziak ongi egin ditu; gorrai entzunbidea ta mutuai mintzoa eman die».

 

 

90.— Zazpi ogi ugaltzen ditu Yesusek

(Mt. XV, 29-30; Mc. VIII, 1-10)

 

        Yesus mendi batera igo ta an eseri zan. Gizalde aundiak urbildu zitzaizkion, mutu, itsu, urgun (maingi), elbarri ta beste eri asko berekin zituztela; aren oñetara yarri zituzten, ta Yesusek sendatu zituen. Gizaldeak arritu ziran, ikustean nola mintzo ziran mutuak, ibiltzen urgunak, ikusten itsuak; eta Israelgo Yainkoa goraipatu zuten.

        Gizalde aundia zegon berriz ere egun artan eta yatekorik etzuten. Yesusek deitu zituen bere ikasleak eta esan zien: «Urrikari dut gizaldea, iru egun auetan nerekin daude ta yatekorik eztute. Barurik ez ditut beren etxera igorri nai, bidean uko-egingo bailukete, oietako batzuek urrundik etorri dira ta».

        Ikasleak erantzun zioten: «Nondik aterako dugu basa-bazter onetan, gizalde aundi ori asetzeko bear dan ainbat ogi?». Yesusek galdegin zien: «Zenbat ogi dituzue?». «Zazpi, ta zenbait arrai», erantzun zioten.

        Gizaldea lur gañean etzanarazi zuen. Gero artu zituen zazpi ogiak eta arraiak, eta eskerrak eman ondoan, autsi ta bere ikasleai eman zizkien, ta ikasleak gizaldeari. Guziak yan zuten ta ase ziran. Eta goititu ziran pusketaz zazpi saski bete zituzten gañera. Yan zutenak lau milla gizon bezelatsu ziran, aurrak eta emakumeaki sartu gabe.

        Gero gizaldea bidali zuen, ta bereala bere ikaslekin ontzi batera sarturik, Magedango bazterretara, Dalmanuta aldera yoan zan.

 

 

91.— Farisauak ezaupide bat eskatzen —
Farisauen orantza

(Mt. XVI, 1-12; Mc. VIII, 11-21)

 

        An urbildu zitzaizkion Farisauak eta Sadukearrak, eta arekin eztabaidan asi ziran. Zerutikako ezaupide bat eskatzen zioten, narrikatuz.

        Arek berriz erantzun zien: «Arratsean esaten duzue: Aro ona izango da, ortzia (zerua) gorri gorri dago ta. Goizean berriz: Gaur ekaitza dugu, ortzira gorri-illunkara dago ta. Geroztik ortziaren aurpegia ezagutzen badakizue, ta denboraren ezaupideak berriz ezin aditu ditzakezue?». Eta bere barnean antzi-egiñez, esan zuen: «Gizaldi gaixto ta ezkontzausle onek zergatik eskatzen ditu ezaupideak? Egiaz, nik diotsuet: Yona profetaren ezaupidea bai, besterik etzaio gizaldi gaixto oni emango».

        Eta aiek an utzirik, ontzi batera igo ta itsaso-araindira zan. Bere ikasleak beste aldera iritxi ziranean, ogia artzeaz aztu ziran ta ogi bat besterik etzuten berekin ontzian. Eta Yesusek eman zien agindu au: «Oar-emazue ta begira zaitezte Farisauen ta Sadukearren orantzatik eta Heroderen orantzatik».

        Aiek gogoeta egiten zuten beren artean ziotela: «Ogirik eztugu ekarri ta». Yesusek ezagutu zuen ori ta esan zien: «Zergatik zaudete gogoetan, ogirik ez duzuelako? Ez al duzue oraño ezagutzen ta aditzen? Itsutua al duzue oraño zuen biotza? Begiak badituzue, ta ez al duzue ikusten? Belarriak badituzue, ta ez al duzue entzuten? Ta ez al daukazue gogoan, nola bein bost ogi lau milla lagunentzat autsi nituen? Zenbat ortondo (zare)-bete puska yaso zenituzten?».

        «Amabi», erantzun zioten.

        «Eta beste bein zazpi ogi lau milla lagunentzat autsi nituenean, zenbat saski bete puska yaso zenituzten?». «Zazpi», erantzun zioten. Orduan esan zien: «Nola eztuzue oraindik ulertzen? Zergatik eztuzue autematen, Farisauen ta Sadukearren orantzatik begira zaitezte esatean, ez nintzala ogiaz mintzo?».

        Orduan ezagutu zuten, ogi-orantzatik ez baña Farisauen ta Sadukearren irakaspenetik begiratzeko esan ziela.

 

 

92.— Itsu bat Betsaidan sendatzen

(Mc. VIII, 22-25)

 

        Gero Betsaidara yoan zan. An ekarri zioten Yesusi itsu bat eta ura ukitzeko eskatu zioten. Yesusek itsua eskutik artu ta erritik kanpora atera zuen; aren begiak aogozoz busti zituen, bere eskuak aren gañean yarri, eta ea zerbait ikusten ote zuen galdegin zion.

        Arek begiratu zuen ta esan zuen: «Gizonak ibiltzen ikusten ditut, zuaitzak iduri».

        Gero yarri zizkion berriz eskuak begietan; orduan zorrotz begiratu zuen gizonak, eta sendatu zan ta guzia argi ikusten zuen urrunera. Yesusek bere etxera bidali zuen ta esan zion: «Ez gero errian ere sartu».

 

 

93.— Pedroren aitormena — Pedroren geientasuna

(Mt. XVI, 13-19; Mc. VIII, 27-29; Lc. IX, 18-20)

 

        Yesus andik atera ta Kaesarea Philippi ondoko bazterretara zan. Eta bein batez, bera otoitz egiten ari zala, ikasleak ere berarekin zeuden.

        Eta bidean galdegin zien bere ikasleai: «Nor naizela diote gizaldeak?». Aiek erantzun zioten: «Batzuek Yoan Bataiazalea zerala diote, beste batzuek Elia, beste batzuek Yeremia edo profetetako bat zerala, lengo profeta aietako bat berriz piztu dala».

        Orduan Yesusek esan zien: «Zuek berriz, nor naizela diozue?». Simon Pedrok erantzun zion: «Zu zera Kristo, Yainko biziaren Semea».

        Ta Yesusek berriz esan zion: «Zorionekoa zera Simon, Yonaren seme ori, ez aragiak ez odolak ez baituzu ori erakutsi, nere Aita zerukoak baizik. Nik esaten dizut: "Zu zera Pedro (Arkaitza) ta arkaitz onen gañean goratuko dut nere Eliza, ta infernuko atariak etzaizkio nausituko".

        »Zuri emango dizkitzut zeruko yaurgoaren giltzak; zuk lurrean lotzen duzun guzia, loturik egongo da zeruan ere; ta zuk lurrean askatzen duzun guzia askaturik egongo da zeruan ere».

 

 

94.— Kristok bere Nekaldia alde-aurretik esaten

(Mt. XVI, 20-28; Mc. VIII, 30-39; Lc. 21-17)

 

        Eta zorrozki agindu zien ikasleai, Bera zala Kristo ez iñori esateko. Bereala asi zitzaien Yesus bere ikasleai erakusten, Berak Yerusalemera bear zuela, ta an Giza-Semeak neke asko ikusi bear zituela; ango Zarrenak, apaiz-nausi ta lege-irakasleak gaitzetsi ta il bear zutela; baña irugarren egunean berriz piztuko zala.

        Orduan Pedrok, Yesus berex artu ta akar egiten asi zitzaion, esanez: «Yauna, ez orixe, etzaitzu olakorik gertatuko». Baña Yesus itzuli zan, bere ikasleai begiratu ta Pedrori mokoka egin zion esanez: «Zoaz emendik, Satan; zuk eztuzu Yainkoaren asmorik, gizonen asmoak baizik».

        Orduan deitu zituen Yesusek bere ikasleak eta gizaldea, ta guziai esan zien: «Iñork nere ondotik etorri nai badu, uka beza bere burua, ar beza bere gurutzea ta yarraiki bekit. Bere bizia gorde nai duenak galduko du; bere bizia nigatik eta Ebanjelioagatik galtzen duenak berriz, orretxek gordeko du. Zer on-egiten dio gizonari mundu osoaren irabazteak, bere anima galtzen badu? Edo zer ordain-sari eman dezake gizonak bere animaren orde?

        »Gizaldi ezkontzausle ta pekatari onetan nitaz ta nere itzetaz iñor lotsatzen bada Giza-Semea ere lotsatuko da artaz, bere ospean ta bere Aitaren ospean ta Aingeru sanduen ospean agertuko danean. Giza-Semea bere Aitaren ospean bere Aingeruekin etorriko baita, eta orduan emango dio bakoitzari bere egiñen ariora».

        Gero iratxeki zuen: «Egiaz, nik diotsuet: Emen daudenen artean badira zenbait, Yainkoaren yaurgoa bere indarrean, Giza-Semea bere yaurgoan etortzen ikusi arte, eriotza murtxatuko ez dutenak».

 

 

95.— Yesu-Kristo irudi-aldatzen da

(Mt. XVII, 1-9; Mc. IX, 1-9; Lc. IX, 28-36)

 

        Itz oiek esan ta sei-zortzi egunen ondoan Yesusek artu zituen Pedro ta Yakobo ta onen anai Yoan; eta mendi gora batera eraman zituen berex, otoitz egitera. An aien aurrean irudi-aldatu zan.

        Otoitzean ari zala, aren aurpegia bestelatu zan; aren begitarteak dizdiz egin zuen, eguzkiak bezela; aren soñekoak elurra bezain dizdizari ta txuri egin ziran, bolazaiek lurrean ezin zuritu litzaken ainbat. Bi gizon agertu zitzaizkien ta Yesusekin izketan ziarduten. Moise ta Elia ziran; ospe aundian azaldu ziran, ta Yesusi Yerusalemen agitu bear zitzaion eriotzaz itzegiten zuten.

        Pedro ta bere lagunak loak arturik zeuden; ta itzarri (esnatu) ziranean, ikusi zuten aren ospea, ta arekin zeuden bi gizonak ere ikusi zituzten. Aiek andik aldegitean, Pedro mintzatu zan onela: «Yauna, on da guretzat emen egotea; nai baduzu, ementxe egingo ditugu iru txabola, bat zuretzat, bat Moiserentzat, bat Eliarentzat». Zer zion ere etzekien, izu-laborriak arturik zeuden ta.

        Ura oraño mintzo zala, odei argitsu bat etorri ta itzalpetu zituen; odei artan sartzean izutu ziran. Ta odeitik atera zan mintzo au: «Auxe da nere Seme maitea, onengan daukat nere atsegiña; orreri entzun zaiozue».

        Mintzo ura ixildu bezain laxter, Yesus bakarrik arkitu zan. Ikasleak, ura entzutean, aozpez erori ta guziz ikaratu ziran. Orduan urbildu zitzaien Yesus, ukitu zituen ta esan zien: «Yaiki, ta ez beldur izan».

        Aiek begiak goratu, ta alde guzietara begiratu zuten; baña Yesus bakarrik berekin, besterik iñor etzuten ikusi. Gero menditik yextean, Yesusek zorrozki agindu zien, ikusi zutena iñori ez salatzeko, Giza-Semea illen artetik piztu arte. Esan zien: «Ikusi duzuen ori ez gero iñori esan, Giza-Semea illen artetik piztu dedin arte».

        Ixilik egon ziran beraz, eta egun aietan etzioten iñori ikuskari orren berririk eman; elkarri galdegiten zioten, illen artetik piztutze arrek zer esan nai ote zuen.

 

 

96.— Elia ta Yoan Bataiazalea

(Mt. XVII, 10-13; Mc. IX, 10-12)

 

        Orduan bere ikasleak galdegin zioten onela: «Zergatik diote bada Farisauak eta lege-irakasleak, Elia lenbizi etorriko dala?».

        Yesusek onela erantzun zien: «Baiki, Elia etorriko da aurretik, eta gauza guziak zuzenduko ditu berriz. Ta nola dago idatzia Giza-Semeaz, neke asko ikusi bear dituela, ta ezetsi bear dutela? Baña nik esaten dizuet, Elia etorri izan dala; eztute ordea ura ezagutu, ta nai zutena egin zuten arekin, artaz idatzia zegonez. Bereolaxe Giza-Semeari ere neke aundiak ikusi-araziko dizkiote».

        Orduan auteman zuten ikasleak, Yoan Bataiazaleaz ziela.

 

 

97.— Mutiko illargi-eria sendatzen

(Mt. XVII, 14-20; Mc. IX, 13-28; Lc. IX, 37-44)

 

        Biaramonean, menditik yeixtean gizalde aundia bidera atera zitzaien. Yoan zan Yesus bere ikaslengana, ta gizalde aundia ikusi zuen aien inguruan, ta legi-irakasleak aiekin eztabaidaka ari zirala. Yesus ikusi bezain laster arritu ta zurtu ziran; yoan ziran lasterka arengana ta diosala egin zioten.

        Yesusek galdegin zien: «Zer dala ta ari zerate eztabaidaka?».

        Orduan gizon bat gizaldetik atera, arengana yoan, aren aurrean belaunikatu ta oiuz esan zion: «Maisua, ats mutuak arturik dagon nere seme bat ekarri dut onera.

        »Yauna, urrikal zaite nere seme ortaz, illargi-eria da ta gaitzak ikusten ditu; askotan sutara erortzen da, ta maiz uretara. Arren! begira zaiozu nere seme orreri, seme bakarra dut eta. Ats batek arrapatzen du, ta arrapatzen duen guzietan, karraxika asten da, iñarrosten du ta gaxoari aparra dario; ortzak karraskatzen ditu, ta igartuz doakit. Nekez ateratzen da arengandik, ongi biurkatu ondoan. Zure ikasleai ekarri diet seme ori, ta atsa erauzteko eskatu diet; baña ezin izan dute ori sendatu».

        Yesusek erantzun zuen: «O gizaldi siñesgogor ta biurria! Noiz arte egongo naiz zuekin! noiz arte burutuko dut zuekin? Ekar zaidazu zere seme ori». Ta ekarri zioten.

        Urbiltzean, ats gaiztoak, Yesus ikusi bezain laster, iñarrosi (astindu) ta biurkatu zuen mutikoa; lurrean erori ta iraulkatzen zan, aparra zeriola.

        Yesusek bere aitari galdegin zion: «Noiz ezkero gertatzen zaio ori?». Arek erantzun zion: «Umetatik. Askotan sutara ta uretara egotzi izan du, bera iltzeko. Zuk ezer al badezakezu, gutaz urrikal zaite ta lagun zaiguzu».

        Yesusek esan zion: «Zuk diozu: Ezer al badezakezu. Baldin siñestea baduzu, guzia baditeke». Bereala mutikoaren aitak negarrez ta oiuka esan zuen: «Yauna, siñesten dut; lagun zaiozu nere siñeste gutxiari».

        Yesusek, gero ta gizalde aundiagoa zetorkiola ikusirik, ats loiari akar, (mokoka errixta) egin zion esanez: «Ats gor ta mutu ori, nik agintzen diat; atera adi orregandik eta ez adilla geroz orrengana sartu».

        Karraxika ta azkar astinduz atera zan arengandik; mutikoa illik bezela gelditu zan ta askok zioten: «Il da. Baña Yesusek eskutik eldu ta eraiki zuen; mutikoa yaiki zan ta orduezkero sendaturik gelditu zan. Ta Yesusek bere aitari eman zion.

        Guziak arritu ziran Yainkoaren aunditasunaz. Gero Yesus etxera sartu zanean, urbildu zitzaizkion bere ikasleak eta ixilka galdegin zioten: «Guk zergatik ezin izan dugu ats ori erauzi?».

        Arek erantzun zien: «Zuen siñeste gutxiagatik. Egiaz, nik esaten dizuet: Baldin usta-ale (moztaza-pikor) bat adiñeko siñestea baduzue, esango diozue mendi orreri: Alda adi ortik ara, ta aldatuko da, ta zuentzat ezta ezinkizunik izango. Deabru-mota ori otoitz ta baruaren bitartez bakarrik erauzi diteke».

 

 

98.— Kristok bere Nekaldia berriro aldeaurrez esaten

(Mt. XVII, 21-22; Mc. IX, 29-32; Lc. IX, 44-45)

 

        Gero andik lekutu-ta, Galilean barna zebiltzen. Etzuen ordea nai, iñork bere berri yakitea.

        Galilean zebiltzen bitartean irakasten zien bere ikasleai; ta guziak arriturik baitzeuden berak egindako guziengatik, esan zien bere ikasleai: «Onako itz auek ongi gogoan ar aitzatzue: Giza-Semea gizonen eskuetan yarriko dute ta illaraziko dute; baña il ta irugarren egunean piztuko da berriz».

        Aiek etzuten izketa ori erdetsi; illuna zan aientzat eta etzuten ulertu; ortaz ari galdegiteko beldur ziran ordea.

 

 

99.— Kristok bi-drakmakoa ordaintzen du

(Mt. XVII, 23-26)

 

        Kaparnaumera iristean, bi-drakmakoa biltzen zebiltzenak Pedrori urbildu zitzaizkion ta galdegin zioten: «Zuen Maisuak ez al du bi-drakmakoa ordaintzen?».

        «Bai orixe», erantzun zien.

        Gero etxera sartu zanean, Yesusek aurrea artu zion ta galdegin: «Zer iduri zaitzu, Simon? Lurreko erregeak zeñengandik yasotzen dituzte zerga ta legarrak (petxak), beren semengandik ala bestengandik?».

        «Bestengandik», erantzun zion arek.

        «Geroztik», esan zion Yesusek, «semeak lokabe dira. Ala ere, gaizpiderik eman ez dezaiegun, zoaz itsasora, amua egotzi zazu ta lenbizi azaltzen dan arraia ar zazu. Bere agoa zabal zaiozu ta estater bat arkituko duzu barnean. Arekin ordain zazu neretzat eta zuretzat».

 

 

100.— Apostoluen aundinaikeria — Apalnaitasuna

(Mt. XVIII, 1-5; Mc. IX, 32-39; Lc. IX, 46-50)

 

        Aldi artan gogoetan asi ziran Apostoluak, beren artean aundiena zein ote zan.

        Yesusek aien biotzeko gogoetak ikusi zituen, ta gero etxean zeudela, galdegin zien: «Zertaz yarduki duzue bidean?».

        Aiek ordea ixildu ziran, bidean eztabaidan etorri baitziran, aien arteko aundiena zein ote zan. Yesus eseri zan, deitu zituen amabiak ta esan zien: «Iñork lenbizikoa izan nai badu, guzien azkenekoa ta guzien mendekoa izango da».

        Gero deitu zuen aur bat, eldu zion ta bere ondoan guzien erdian yarri zuen txutik; besarkatu zuen, ta esan zien Apostoluai: «Egiaz, nik diotsuet: Baldin ondu eta aurren idurikoak egiten ezpazerate, etzerate zeruko yaurgora sartuko. Geroztik, bere burua aurtxo onen antzera apaltzen duena, orixe da aundiena zeruko yaurgoan. Eta aurtxo auetako bat nere izenean ongi-artzen duenak ni ongi-artzen nau; eta ni ongi-artzen nauenak ez nau ni ongi-artzen, ni bidali nauena baizik. Zuen artean txikiena dana uraxe da aundiena».

        Orduan esan zion Yoanek: «Maisua, norbait zure izenean deabruak erauzten ari zala ikusi dugu ta eragotzi egin diogu, gurekin ez dabillelako».

        Yesusek erantzun zion: «Etzaiozue eragotzi; ez baita iñor, nere izenean mirariak egin ta bereala nitaz gaizki itzegin dezakenik. Zuen aurka eztagona zuen alde dago ta».

 

 

101.— Gaizpiderik ez eman

(Mt. XVIII, 6-9; Mc. IX, 40-47)

 

        «Norbaitek nere izenean, Kristotarrak zeratelako, ontzi bat ur edatera ematen badizue, egiaz, nik diotsuet, eztu bere saria galduko.

        »Eta baldin norbaitek nigan siñesten duten txiki auetako bati gaizpidea ematen badio, obe luke alakoak eiera-arri (errotarri) bat lepotik lotu ta itsaso-zolara egozten balute.

        »Ai munduari, gaizpideak dirala-ta! Gaizpideak izatea nai-ta-naiezkoa da; bañan ai gaizpideak bere bitartez etorri-arazten dituen gizonari!

        »Zure eskuak gaizpidea ematen badizu, moztu zazu; esku-motz bizira sartu obe duzu, bi esku dituzula su-lezera, ezin-itzalizko sura yoan baño; an ezpaita aien arra iltzen, ez sua itzaltzen.

        »Zure oñak gaizpidea ematen badizu, moztu zazu; urgun (maingi) bizira sartu obe duzu, bi oin dituzula sulezera, ezin-itzalizko sura yoan baño; an ezpaita aien arra iltzen, ez sua itzaltzen.

        »Berdin zure begiak gaizpidea ematen badizu, idoki (atera) ta urrun aurtiki zazu; begi-bakar zerura sartu obe duzu, bi begi dituzula sulezera yoan baño; an ezpaita aien arra iltzen, ez sua itzaltzen.

        »Edozein lagun suaz gazitzen da, edozein opari gatzez gazitzen dan bezela. Ona da gatza; baña gatza gezatu (moteldu) badadi, zertaz gazituko duzue? Izan zazue gatza zuengan, ta pakea izan zazue elkarrekin».

 

 

102.— Txikiak ez gutxietsi — Anaia zentzarazi — Barkatu

(Mt. XVIII, 10-35)

 

        «Begira, txiki auetako bat ere ez gutxietsi gero; nik esaten dizuet, oien Aingeruak zeruan beti ikusten dute nere Aita zerukoaren aurpegia. Giza-Semea galdurik zegona gaizkatzera etorri da ta.

        »Zer iduri zaitzue? Norbaitek eun ardi balitu, eta aietako bat basatu balitzaio, ez al lituzke larogei-ta-emeretziak mendian utziko, galdu danaren billa yoateko? Eta zorionez ura arkitzen badu, nik diotsuet: galdu etziran larogei-ta-emeretziaz baño poz aundiagoa artzen du artaz. Bereolaxe zuen Aita zerukoak ere eztu nai, txiki auetako bat ere galdu dedin.

        »Zure anaiak zure aurka utsegin badu, zoaz eta zentza zazu, biok buruz-buru zaudetela. Entzuten badizu, zure anaia irabazi izango duzu. Entzuten ezpadizu berriz, beste lagun bat edo bi ar itzatzu oraindik, bi edo iru yakillen (testiguren) aitorreraz guzia sendortu dedin. Oiei ere entzuten ezpadie, Elizari esaiozu; eta Elizari ere entzuten ezpadio, orduan yentiltzat eta ageriko pekataritzat iduki zazu.

        »Egiaz, nik diotsuet: lurrean lotzen duzuen guzia loturik egongo da zuruan ere; eta lurrean askatzen duzuen guzia askaturik egongo da zeruan ere.

        »Gañera nik esaten dizuet: Zuen arteko bi lagunek, elkar arturik, lurrean edozein gauza eskatzen badute, emango die nere Aita zerukoak; bi edo iru lagun nere izenean bildurik dauden tokian, ni antxe aien erdian nago ta».

        Orduan urbildu zitzaion Pedro ta galdegin zion: «Yauna, zenbat aldiz barkatu bear diot nere anaiari, nere aurka utsegin badu? Zazpi alditaraño ote?». Yesusek erantzun zion: «Ez, zazpi aldiz bakarrik ez; baita irurogei-ta-amar aldiz zazpi aldiz ere.

        »Orregatik, bere mirabekin kontuak garbitu nai izan zituen errege bat iduri du zeruko yaurgoak. Kontu-garbitzen asi zanean, amar milla talentu zor zizkion gizon bat ekarri zioten aurrera. Baña arek ezin baitzezaken ordaindu, erregeak agindu zuen, bera ta bere emaztea ta bere aurrak eta zituen ondasun guziak saltzeko ta ola zorra berdintzeko. Mirabea aozpez yarri zitzaion, ta otoiz egiten zion, esanez: «Epea eman zaidazu ta guzia ordainduko dizut. Nausia urrikaldu zan mirabe artaz eta lokabe utzi zuen ta zorra barkatu egin zion.

        »Mirabea atera zanean, eun denario zor zizkion mirabe-kide bat arkitu zuen. Eutsi zion arreri ta itotzeko zorian zeukan ta esaten zion: «Ordain zaidak zor dukana. Orduan mirabe-kide ura aozpez yarri zitzaion ta otoitz egiten zion, esanez: «Epea eman zaidak eta guzia ordainduko diat. Arek ordea etzuen nai izan; aitzitik, yoan zan ta baitegian (giltzapean) zarrarazi zuen, bere zorra berdindu arte.

        »Mirabe-lagunak, gertatua ikusi zutenean, atsekabetu ziran; eta yoan ta agitu zan guzia yakinarazi zioten erregeari. Orduan bere nausiak etorri-arazi zuen mirabe ura, ta esan zion: «Mirabe gaiztoa, zor guzia barkatu nian, eskatu idalako. Ez al uen bada ik ere ire mirabe-kideaz urrikaldu bear, ni itaz urrikaldu ninduken bezela?

        »Nausiak, asarreturik, biurkarien eskuetan yarri zuen mirabe ura, zor guzia ordaindu arte. Beste orrenbeste egingo dizue zuei nere Aita zerukoak, baldin elkarri biotzez barkatzen ezpadiozue».

 

 

103.— Yesus Yudea-aldean

(Mt. XIX, 1-2; Mc, X, 1)

 

        Yesus, itzaldi oiek amaitu ondoan, andik yaiki ta Galileatik aldegin zuen. Yudeako bazterretara, Yordan-araindira etorri zan. Gizalde aundia bildu zitzaion ta sendatu zituen antxe. Gero, oitura zuenez, irakasten zien berriz.

 

 

104.— Samarian gaizki artzen dute Yesus

(Lc. IX, 51-56)

 

        Yesus lurretik zeruratzeko egunak urbilduz zioazen-ta, Yerusalem aldera yoateko asmo ziña artu zuen, ta bere mandatariak bidali zituen bere aurretik. Aiek yoan ziran ta Samariarren erri batera sartu ziran, ostatua atontzeko (prestatzeko). Angoak ordea etzioten ostatu eman, Yerusalem alderako bidea zeramalako.

        Bere ikasle Yakobo ta Yoanek, ori ikusirik, esan zioten: «Yauna, nai duzu zerutik sua yetxi-arazi dezagun, oiek kixkaltzeko?».

        Yesus aiengana itzuli ta akar (errixta) egin zien esanez: «Eztakizue, zein atsaren umeak zeraten. Giza-Semea ezta etorri animak galtzera, gaizkatzera baizik».

        Gero beste errixka batera yoan zan.

 

 

105.— Irurogei ta amabi ikasle predikatzera bidaltzen

(Lc. X, 1-24)

 

        Orren ondoren berexi zituen Yaunak beste irurogei ta amabi ikasle, ta binaka bidali zituen bere aurretik, berak yoan bear zuen iri ta lekuetara.

        Esan zien: «Zitua, (uzta, laborea) aundia da, langilleak berriz gutxi. Zituaren yabeari eska zaiozue bada, langille geiago bidaltzeko bere zitura.

        »Zoazte! Bildotsak otsoen erdira bezela didaltzen zaituztet. Ez eraman zorrorik, ez ziskurik, ez oskirik (zapatarik) ta bidean ez iñori agurrik egin. Edozein etxetara sartzean, esan lenbizi: «Pakea etxe oneri! eta etxe artan pakearen umerik baldin bada, zuen pakea aren gañera yetxiko da; ezperen, zuengana itzuliko da.

        »Etxe artan egon zaitezte, an dutena yan ta edan zazue, langilleak bere saria irabazia du ta. Ez yoan etxe batetik bestera. Eta erri batera sartu ta ongi artzen zaituztenean, yan zazue aurrean yartzen dizuetena, an diran eriak senda itzatzue ta esan zaiezue: «Yainkoaren yaurgoa urbil duzue.

        »Baña iri batera sartu ta arrerarik egiten ezpadizuete, ango erri-zelaietara yoan ta esan zazue: «Gure oñai iri onetan itsatsi zaien autsa ere astintzen dizuegu. Ala ere, yakizue, Yainkoaren yaurgoa urbil dala. Nik esaten dizuet: Egun artan Sodomari biguñago egingo zaio, iri arreri baño.

        »Ai iri Korozain! ai iri Betsaida! Zuengan agitu diran mirariak agitu balira Tiro ta Sidonen, aspaldi zakuz ta autsez estalirik damutu izango ziran. Ala ere, epai-egunean zuei baño biguñago egingo zaio Tiro ta Sidoni. Eta i, Kaparnaum, zeruraño goratu aiz? Sulezeraño ondatuko aiz.

        »Zuei entzuten dizuenak neri entzuten dit, zuek ezesten zaituztenak ni ezesten nau. Eta ni ezesten nauenak ni bidali nauena ezesten du».

        Pozez beterik itzuli ziran irurogei-ta-amabiak eta esan zioten: «Yauna, zure izenean deabruak berak ere gure mendean daude».

        Berak esan zien: «Satan, tximista bezela, zerutik erortzen ikusi dut. Ona, suge ta arrobien gañean ibiltzeko eskubidea ta etsaiaren indar guzien gañeko indarra eman dizuet; ez dizue ezerk ere kalterik egingo. Baña ala ere, ez zaiteztela poztu, atsak (deabruak) zuen mendeko daudelako; bai ordea poztu zaitezte, zuen izenak zeruan idatziak daudelako, (zerurako berexiak zeratelako)».

        Ordu artan pozkariatu zan Ats Sanduan eta esan zuen:

 

        «Eskerrak dizkitzut, Aita, zeru-lurren Yauna,

        gauza auek yakintsu ta zuurrai estali,

        ta txikiai berriz erakutsi dizkiezulako.

        Baiki, Aita; orixe izan da zure atsegin ona.

        Nere aitak guzia eman dit neri;

        nor dan Semea eztaki iñork, Aitaz landara,

        nor dan Aita eztaki iñork, Semeaz landara,

        eta Semeak erakutsi nai dionaz landara».

 

        Gero itzuli zan Yesus bere ikaslengana ta esan zien: «Zorionekoak zuen begiak, dakustena dakustelako. Nik esaten dizuet: «Profeta ta errege askok ikusi nai izan dute zuek dakuszuena, ta eztute ikusi; entzun nai izan dute zuek dantzuzuena, ta eztute entzun».

 

 

106.— Yainkoa ta urko-laguna maitatzeaz —
Iesus Martaren etxean

(Lc. X, 25-42)

 

        Eta ara non urbildu zitzaion lege-irakasle bat, Yesus zirikatzera, ta esan zion: «Maisua, zer egin bear dut betiko bizia irabazteko?».

        Yesusek erantzun zion: «Legean zer dago idatzirik? Zer irakurtzen duzu?». Arek erantzun zion: «Zure Yainkoa Yauna maita zazu zure biotz guziaz, zure anima osoaz, zure indar guziaz, zure gogo osoaz; eta urko-laguna zere burua bezala».

        «Ederki erantzun duzu, esan zion Yesusek, egizu ori ta biziko zera». Orduan arek, bere burua zuritu naiez, galdegin zion Yesusi: «Baña nor da nere urko-laguna?».

        Eta Yesus mintzatu zitzaion onela: «Gizon bat bazioan Yerusalemetik beiti Yerikora, eta lapurren eskuetan erori zan. Lapurrak murriztu zuten, zauriz bete zuten, ta an erdi-illik utzirik lekutu ziran.

        »Apaiz bat bide bereartatik igarotzea gertatu zan; ikusi zuen gizona ta aurrera yoan zan (artaz axolatu gabe). Orobat Lebitar batek, toki aren ondotik zioala, ikusi zuen, ta aurrera yoan zan. Samariar bat ere andik igarotzen zala, aren ondora zan, ta ura ikustean urrikaldu zitzaion. Yoan zan bada arengana, ta aren zauriak lotu zituen, olioa ta ardoa aietara isuri ondoan. Gero artu zuen abere gañean, ostatu batera eraman zuen ta artaz ardura izan zuen. Biaramonean atera zituen bi denario ta ostalariari eman zizkion esanez: «Ardura izan zazu ortaz; eta diru onetaz gañera irioten (gastatzen) duzuna, ordainduko dizut atzera etortzen naizenean.

        »Iruetatik zein uste duzu urko-laguna izan zitzaiola lapurren eskuetan eroritako gizon ari?».

        Arek erantzun zion: «Artaz urrikaldu zana». «Zoaz bada, esan zion Yesusek, eta zuk ere egizu beste orrenbeste».

        Aldi batez, Yesus bidez zioala, errixka batera sartu zan; Marta izeneko emakume batek artu (ostatatu) zuen bere etxean. Arek bazuen Maria zeritzan aizpa bat. Au Yaunaren oñetara eseri ta aren itza aditzen zegon; Marta berriz barreatua zebillen gauza guziak atontzen. Beingoan, gelditu zan Yesusen aurrean ta esan zion: «Yauna, nere aizpak neri utzi dit gauzak atontzeko lan guzia, ta zuk ez al duzu axolarik? Neri laguntzeko esaiozu bada».

        Yesusek ordea erantzun zion: «Marta, Marta, kezketan zaude ta larri zabiltza gauza askotan; baña gauza bat bakarra da bearrezkoa. Mariak puskarik onena berexi du; etzaio ori kenduko».

 

 

107.— Otoitz-egiteaz

(Lc. XI, 1-13)

 

        Bein batez Yesus otoitz egiten ari zan leku batean; eta bukatu zuenean, esan zion bere ikasletako batek: «Yauna, otoitz egiten irakatsi zaiguzu, Yoanek ere bere ikasleai irakatsi zien bezela».

        Ta arek esan zien: «Otoitz egitean esazue ola:

 

        Aita, sanduetsi bedi zure izena,

        betorkigu zure yaurgoa,

        iguzu gaur gure eguneroko ogia;

        barka zaizkiguzu gure pekatuak, guk ere gure zordunai barkatzen diegu ta;

        eta ez gaitzatzula zirikaldian sarrarazi».

 

        Gero esan zien: «Zuetako batek badu adiskide bat, eta au etortzen zaio gau erdian ta esaten dio: «Adiskidea, eman zaizkidak ordeazko iru ogi; nere adiskide bat bidez dioala etorri zaidak etxera, eta ari aurrean yartzeko, yatera emateko, ezer eztiat. Besteak berriz erantzuten dio barnetik: Pakean utzi nazak; atea itxirik zegok, nere aurrak nere ondoan dituk oatzean (oean); ezin yaiki naitekek, iri ezer ematera. Baña arek aurrera ere atean yotzen badu, ni esaten dizuet, bere adiskidea dalako yaikitzen ta ematen ezpadio ere, yaikiko da bai ta emango dio bear duen guzia, ain mutiria dalako.

        »Nik ere esaten dizuet: «eska zazue ta emango zaitzue; billa zazue ta arkituko duzue; yo zazue atean ta idikido zaitzue. Eskatzen duenak artzen baitu, ta billatzen duenak arkitzen, ta atean yotzen duenari idikitzen baitzaio.

        »Zuetako batek bere aitari ogia eskatzen balio, onek arria emango ote lioke? Edo arraia eskatzen balio, sugea emango ote lioke arraiaren ordez? Edo arroltzea eskatzen balio, arrobioa emango ote lioke?

        »Zuek bada, gaiztoak zeratelarik, zuen umeai gauza onak ematen baldin badakizue, zenbatenaz geiago zuen Aita zerukoak emango die ats ona eskatzen diotenai!».

 

 

108.— Begia da gorputzaren argi-zuzia

(Lc. XI, 33-36)

 

        «Iñork eztu argi bat piztu ta zoko illun batean edo gaitzerupean yartzen; argimutil gañean ezartzen du, sartzen diranak argia ikusi dezaten.

        »Zure begia da zure gorputzaren argi-zuzia. Zure begia sendo badago, zure gorputz osoak argia izango du; eri badago ordea, zure gorputza illunbetan egongo da. Begira bada, zure baitako argia ez dedilla gero illunbe izan. Zure gorputz osoak argia badu, alderdi bat ere illun ezpadu, guzia argitan egongo da, argi-zuzi batek bere diztiaz argitzen zaituenean bezelaxe».

 

 

109.— Ai zuei Farisau ta legi-irakasleoi!

(Lc. XI, 37-54)

 

        Yesus oraño mintzo zala, Farisau batek bere etxean bazkaltzera yoateko eskatu zion. Yoan zan bada ta maiera yarri zan. Farisaua arriturik gelditu zan, Yesus yan-aurrean ikuzi (garbitu) etzala ikusi ta.

        Ta Yaunak esan zion: «Zuek Farisauok ontziaren ta azpillaren kanpoaldea garbitzen duzue, zuen barnea berriz arrapakeriz ta gaiztakeriz betea dago. Zoroak, kanpoaldea egin zuenak berak ez al du barneko aldea ere egin? ala ere limosna emazue duzuenetik, eta orrela guzia garbia izango da zuentzat.

        »Baña ai zuei Farisauoi! Zuek mendaren ta boskotxaren ta belarki guzien amarrenak ematen dituzue, baña zuzentasunaz eta Yainkoaganako maitasunaz axola gutxi duzue. Gauza oek egin bear ziran, ta beste aiek ez utzi.

        »Ai zuei Farisauoi! Sinagogetan lenbiziko alkiak billatzen dituzue, ta plazan zuei agur egin dezaizuen nai duzue! Ai zuei, nabari ez diran illobiak iduri duzue, aien gañean ibiltzen baitira gizonak, bat ere yakin gabe».

        Lege-irakasle batek erantzun zion: «Yauna, orrela mintzatuz guri ere iroi egiten diguzu».

        Ta arek esan zion: «Ai zuei lege-irakasleoi ere! Ezin-yasanezko sortak yartzen dituzue gizonen gañean, zuek berriz beatz batez ere ez dituzue sorta oiek ukitzen!

        »Ai zuei! profetai illobiak goratzen dizkiezue, zuen aitak ordea il zituzten aiek. Orrela aitortzen ta ontzat ematen dituzue zuen aiten egintzak; aiek il zituzten profetak, eta zuek goratzen dizkiezue illobiak. Orregatik esan zuen Yainkoaren zuurtziak: Profetak eta apostoluak bidaliko dizkiet, eta oietako batzuek ilko dituzte, beste batzuei yazarriko zaizkie. Bai, gizaldi oni eskatuko zaio profeta guzien odol, munduaren asieratik isuri danaren kontua; Abelen odoletik asi, eta aldare ta yauretxearen artean il zan Zakariaren odoleraño. Baiki, nik esaten dizuet: Gaizaldi oni eskatu zaio guzi orren kontua.

        »Ai zuei, lege-irakasleoi! Yakintasunaren giltza artu duzue; zerok etzerate sartu, eta sartu nai zutenai eragotzi diezue».

        Yesusek gauza oiek esatean, lege-irakasle ta Farisauak gogorki samindurik asi zitzaizkion alde batera ta bestera galde asko egiten, ta zelatan zegozkion aren aotikako itzen bat arrapatu ote zezaketen, ura salatzeko.

 

 

110.— Ez izan itxuratiak, ez ondasun-goseak —
Erne egon

(Lc. XII, 1-59)

 

        Bitartean gizalde asko biltzen baitzitzaizkion ingurura, elkar zapatzeko ainbat asi zitzaien bere ikasleai esaten:

        «Begira zaitezte Farisauen orantzatik, ori da itxurakeria. Ezer ezpaita estalirik, agertuko eztanik, Zuek ixilka illunbetan esaten duzuena argitan esango da, ta zuek etxe barnean belarrira esan duzuena etxe gañetatik oiuka adieraziko da.

        »Zuei nere adiskideoi esaten dizuet: Gorputza il bai, baña besterik ezin egin dezaketen gizonen beldur ez izan. Nik erakutsiko dizuet, noren beldur izan bear duzuen: Il ondoan oraindik sulezera bidali dezakenaren beldur izan zaitezte. Bai, nik esaten dizuet: orretxen beldur izan zaitezte.

        »Bost etxe-txori ez al dira bi maraitan saltzen? Ta ala ere oietako batez ez eztago azturik Yainkoa. Zuen buruko ille guziak ere zenbaturik daude. Ez beldur izan bada; etxe-txori askok baño geigo balio duzue zuek.

        »Nik esaten dizuet: Ni gizonen aurrean aitortzen nauena, Giza-Semeak ere aitortuko du Yainkoaren Aingeruen aurrean. Ni gizonen aurrean ukatzen nauena berriz ukatuko dut Yainkoaren Aingeruen aurrean. Giza-Semearen aurkako itz bat esaten duenari barkatuko zaio; Ats Sanduaren aurkako biraoa esaten duenari berriz etzaio barkatuko.

        »Sinagogatara ta erri-buru ta agintarien aurrera eramango zaituztenean, ez egon kezketan, zer edo nola erantzungo duzuen edo zer esan bear duzuen; Ats Sanduak erakutsiko dizue ordu artan, zer esan bear duzuen».

        Gizaldeko batek esan zion: «Maisua, esaiozu nere anaiari, ondarea nerekin erdi-banatzeko».

        Arek ordea erantzun zion: «Gizona, nork yarri nau ni zuen arteko epaile ta banatzale?». Gero esan zien: «Gogo-eman ta begira zaitezte gero edozein ondasun-gosetik. Zein ere ondasun ugariak dituen batek, gizonaren bizia eztago ondasun asko izatean». Eta gero esan zien onako berdintza au:

        «Gizon aberats batek alor (soro) bat bazuen, ta zitu (uzta) ugaria ekarri zion. Eta gogoetan ari zan ziola: Zer egingo dut? Nere zitu oiek biltzeko tokirik eztut. Eta esan zuen: Auxe egingo dut; nere aletegiak urratu ta aundiagoak egingo ditut, ta sortu zaizkidan zituak, nere ondasun guziak an sartuko ditut. Gero esango diot nere animari: Ene anima, urte askotarako ondasunak bildurik dauzkatzu orain; atseden ar zazu, yan zazu, edan zazu, atsegin ar zazu. Baña Yainkoak esan zion: Zoroa, gaur bertan berriz eskatuko, kenduko, ditek bizia, eta bildu ditukan guzi oiek norentzat izango dituk? Ori agitzen zaio beretzat ondasunak bildu bai, baña Yainkoaren baitan aberats ez danari».

        Gero esan zien bere ikasleai: «Orregatik esaten dizuet: Ez egon kezketan zuen biziaz, zer yango dugu, edo zuen gorputzaz, zertaz yantziko gera. Yanariak baño geiago balio du biziak, eta yantziak baño geiago gorputzak. Begira beleak; oiek eztute ereiten ez igitatzen, eztute gordairurik ez sabairik; Yainkoak azten ditu. Egaztiak baño zenbat geiago balio duzue zuek? Zuetako zeñek eratxeki (erantsi) dezaioke bere biziari kana baten luzea kezketan egonez? Geroztik, gauza txikiena ere ezin badagikezue, zergatik zaudete kezketan gañerakoaz?

        »Begira liliak nola aunditzen diran; eztute lan egiten, ez iruten; ta ala ere nik esaten dizuet, Salomon bera bere ospe guzian etzan oietako bat bezela yazten. Baña gaur larrean dagon ta biar labera egozten da belarra Yainkoak orrela yazten badu, zenbatenaz geiago zuek, biotz-gutxigo oiek? Geroztik ez ibilli galdezka, zer yango duzuen edo zer edango duzuen, ta ez larritu. Atzerritarrak (yentillak) ibiltzen dira gauza oiengatik kezketan. Baña zuen aitak guzi orren bearra duzuela badaki. Billa zazue beraz len-lenik Yainkoaren yaurgoa ta artarako bear dan zuzentasuna ta beste gauza oiek gañera emango zaizkitzue.

        »Ez beldur izan, artalde txiki ori; zuei yaurgoa ematea atsegin izan du aitak. Dituzuen gauzak saldu ta limosna egizue. Zartzen eztiran ziskuak egizkitzue, galtzen eztan gordairua bil zazue zeruan, ara ezpaita lapurrik sartzen, ez pipiak yaten. Zuen gordairua dagon lekuan, zuen biotza ere antxe dago ta.

        »Beude zuen gerriak loturik, eta argi-ontziak zuen eskuetan izekirik. Eta zerok zaudete erne, beren nausia ezteietatik noiz etorriko dan, etorri ta atean yotzen duen bezin laster idikitzeko begira dauden gizonak bezela. Zorionekoak dira, beren nausiak etortzean esna arkitzen dituen mirabeak. Egiaz, nik, esaten dizuet: lotuko du bere gerria, yarri-araziko ditu eta arat-onat dabillela mirabe egingo die (yatera emango die). Eta bigarren gau-aldian etorri badadi eta irugarren gau-aldian etorri badadi, ta orrela arkitu baditza, zorionekoak dira mirabe aiek.

        »Baña au gogoan artu: Baldin etxeko nausiak baleki, zer ordutan etorriko zaion lapurra, esna legoke ta ezluke bere etxea zulatzen utziko. Zaudete zuek ere erne, Giza-Semea uste eztuzuen orduan etorriko da ta».

        Pedrok galdegin zion: «Yauna, berdintza ori guretzat bakarrik esan al duzu, ala guzientzat ere bai?».

        Yaunak esan zion: «Nor uste duzu dala artadun (etxezain) zintzo ta zuurra, yaunak bere etxekoen gain yartzen duena, aiei bear dan garaian bizigarria eman dezaien? Zorionekoa mirabe ura, bere nausiak, etxeratzean, lan ortan arkitzen badu. Egiaz, nik esaten dizuet: Dituen gauza guziak aren gain utziko ditu. Baña mirabe arek esan badeza: Nere nausiak luzatuko du oraindik etortzea; eta morroi-neskameak yotzen ta yaten da edaten ta orditzen asi badadi, berak uste eztuen egunean ta berak eztakien orduan etorriko da mirabe aren nausia, ta zanpaka zatituko du ta siñestegaben artean yarriko aren egoitza.

        »Bere nausiaren naia yakin bai, ta aren naia egitera gogoz yarri eztan mirabeak, zigorraldi asko artuko ditu. Baña nausiaren naia yakin-gabe zigorrada merezi duen gauzaen bat egiten duen mirabeak zigorraldi gutxi artuko ditu. Asko eman zaionari asko eskatuko zaio; asko utzi diotenari, gordetzeko, asko galdetuko diote.

        »Lurrean sua yartzera etorri naiz, eta zer nai dut, erre dezan besterik? Baña lenik bataioaz bataiatu bearra naiz, eta bai estu nagola bururatu dedin arte!

        »Lurrera pakea ekartzera etorri naizela uste al duzue? Pakea ez, berezpena baizik. Gaurgero etxe batean berezirik egongo dira bost lagun: iru bien aurka; ta bi iruen aurka. Bereziko dira aita semearen aurka ta semea aitaren aurka; ama alabaren aurka ta alaba amaren aurka; amagiarreba errañaren aurka ta erraña amagiarrebaren aurka».

        Gero esan zien gizaldeai: «Eguzki-sortaldean odei bat ikusten baduzue, bereala esaten duzue: Badator erauntsia, ta ala agitzen da. Ego-aizeak yotzen duela sumatzen baduzue, esaten duzue. Berotuko du, ta ala agitzen da. Itxuratiak, zeru-lurren aurpegia ezagutzen badakizue, oraingo aldi au berriz nola eztuzue ezagutzen? Nola eztuzue zerok zerenaz ezagutzen, zer dan zuzena?

        »Zure aurkariarekin agintariagana zoazenean, egiñala egizu bidean aren mendetik askatzeko. Bestela yarriko zaitu epailearen (juezaren) eskuetan, epaileak bere mirabearen eskuetan, ta mirabe arek giltzapera bidaliko zaitu. Nik esaten dizut: «Etzera andik aterako, arik-eta azken maraikoa ordaindu arte».

 

 

111.— Damutu ta ondu bear —
Andre eri bat sendatzen

(Lc. XIII, 1-21)

 

        Garai artantxe etorri ziran zenbait lagun, ta Yesusi yakinarazi zioten, Pilatok Galilear batzuen odola isuri zuela, aiek beren opariak eskaintzen ari ziran bitartean.

        Yesusek erantzun zien: «Galilear aiek beste Galilear guziak baño pekatariago zirala uste al duzue, olako ezbearra ikusi dutelako? Ez, esaten dizuet nik. Damutzen ta ontzen ezpazerate, guziok orrelaxe galduko zerate.

        »Berdin arako emezortzi lagun, Siloeko dorrea gañera erori ta il zituen aiek Yerusalemeko beste bizalariak baño zordunago, obendunago, zirala uste al duzue? Ez, esaten dizuet nik: baña damutzen ta ontzen ezpazerate, guziok orrelaxe galduko zerate».

        Gero onako berdintza au esan zien: «Gizon batek pikondo bat landatu zuen bere mastian. Yoan zan artara, aren arnariak (frutuak) billatzera, baña etzuen bat ere arkitu. Orduan esan zion masti-zaiari: Ona emen, iru urtez etorri naiz pikondo onetara arnari billa, baña eztut bat ere arkitu. Moztu zazu; zertako artzen du alperrik lurra? Baña arek erantzun zion: Yauna, utzazu oraindik aurten. Inguruan zuloa egin ta ongarria emango diot. Orrela bearbada arnaria ekarriko du gaurgero; bestela moztuko duzu».

        Aien sinagoga batean irakasten ari zan Yesus larunbatez. Eta ara, emezortzi urte aietan eritasunezko atsa zuen emakume bat bazan an; makur-makurtua zegon ta etzezaken iñolaz ere gora begiratu.

        Yesusek ura ikusirik beregana deitu zuen ta esan zion: «Emakumea, zure gaitz ortatik askatua zaude». Ta eskuak gañean yarri zizkion. Bereala lerdendu (zuzendu) zan ta Yainkoa goraipatzen zuen.

        Sinagoga-burua, Yesusek larunbatez sendatu zuelako asarreturik, esan zion gizaldeari: «Badira sei egun lan egiteko; atozte egun oietan ta senda zaitezte, ez ordea larunbatean».

        Baña Yaunak erantzun zion: «Itxuratiak, ez al du zuetako edozeñek bere idia edo astoa ganbelatik askatzen ta eradatera eramaten larunbatean? Abraham-en alaba au berriz, Satanek emezortzi urte auetan loturik zeukan au, lokarri ortatik larunbatean askatzea ez al zan egoki?».

        Arek ori esatean, bere aurkari (etsai) guziak lotsaz gorritzen ziran. Erri osoa berriz pozten zan ark egiten zituen gauza arrigarri guziotaz.

        Gero esan zuen: «Zer iduri du Yainkoaren Yaurgoak ta zerekin berdin-etsiko dugu? Iduri du, gizon batek artu ta bere baratzean erein zuen usta-alea (mostaza-azia); azi zan ta zuaitz aundia egin zan ta zeruko egaztiak aren adarretan kokatu ziran».

        Berriz ere esan zuen: «Zerekin berdin-etsiko dut Yainkoaren yaurgoa? Iduri du orantza, emakume batek artu ta iru neurri iriñetan, guzia asti arte, sartu zuen orantza».

 

 

112.— Zenbat dira zerurakoak?

(Lc. XIII, 22-35)

 

        Orrela irakasten ari zan iri ta errietan, Yerusalem aldera bide egiñaz batera. Ta norbaitek galdegin zion: «Yauna, gutxi al dira zerura bear dutenak?».

        Berak esan zien: «Ate mearretik sartzeko egiñala egizue. Nik esaten dizuet: Asko saiatuko dira sartzera, baña ezin sartu izango dira. Etxeko yaunak yaiki ta atera itxi dezanean, antxe egongo zerate kanpoan ta asiko zerate atea yotzen ta esaten: Yauna, idiki zaiguzu. Baña arek erantzungo dizue: Eztakit nongoak zeraten.

        »Orduan zuek esango duzue: Zure begien aurrean yan ta edan dugu ta gure karriketan irakatsi izan duzu. Berak ordea erantzungo dizue: Nik eztakit nongoak zeraten. Alde nigandik, gaizki-egille guziok!

        »An izango da negar-marraska ta ortz-karraska, Abraham ta Isaak ta Yakob ta profeta guziak Yainkoaren yaurgoan ikusiko dituzuenean, zuek kanpoan gelditzen zeratela. Eguzki-sortaldetik eta sartaldetik, Ipar-aldetik eta Egoaldetik etorriko dira ta Yainkoaren yaurgoan maiera eseriko dira. Eta azkenekoak diran asko lenengoak izango dira, ta lenengoak diranak azkenekoak izango dira».

        Egun artan berean urbildu zitzaizkion Farisau batzuek ta esan zioten: «Zoaz ta aldegizu emendik, Herodek il nai zaitu ta».

        Yesusek erantzun zien: «Zoazte ta esaiozue azeri arri: Ona emen, nik deabruak erauzten ditut eta sendaketak egiten ditut gaur ta biar, eta irugarren egunean amaiera iritxiko naiz. Ala ere gaur ta biar ta etzi ibilli bear dut, ezin baiditeke profeta bat Yerusalemetik kanpo iltzea.

        »Yerusalem, Yerusalem, suk iltzen dituzu profetak eta arrikatzen dituzu zugana bidaliak! Zenbat aldiz bildu nai izan ditudan zure umeak, olloak bere txitoak egapean biltzen dituen bezela; baña zuek eztuzue nai izan! Begira, bertan-bera utzirik geldituko da zuen etxea. Nik esaten dizuet: Ez nauzue berriz ikusiko, arik-eta auxe oiu egin dezazuen arte:

        »Biz bedeinkatua Yainkoaren izenean datorrena».

 

 

113.— Ur-eria sendatzen — Irakatsiak

(Lc. XIV, 1-35)

 

        Aldi batez, Farisau aundizki baten etxera sartu zan Yesus larunbatez bazkaltzera, eta zaintzen (zelatan) zegozkion. Eta ara, bazan an ur-eri zegon gizon bat. Yesusek geldegin zien lege-irakasle ta Farisauai: «Larunbatean sendatzen zillegi al da? bai ala ez?».

        Aiek ixildu ziran. Yesusek berriz eriari eldu zion, sendatu zuen ta bidali zuen. Gero galdegin zien berriz: «Zuetako bati astoa edo idia putzura erori badakio, ez al du bereala andik aterako, naiz larunbata izan?».

        Eta ezin zezaioketen ezer ere erantzun.

        Bazkaldarrak lenbiziko yarlekuen billa zebiltzala oartu zan Yesus, eta onako berdintza au esan zien: «Iñork ezteietara deitzen bazaitu, ez gero eseri lenbiziko lekuan; baliteke zu baño gizon aundiago bat artara deitua izatea. Eta gero zu ta ura deitu zaituztena etorri ta esaten badizu: Leku egiozu oni, orduan lotsaturik yoango ziñake azken alkian esertzera.

        »Deitzen zaituztenean, zoaz ta azken lekuan eseri zaite. Gero zure deitzalea etorri dediñean, esango dizu: Adiskidea, gorago igo zaite. Orduan ospe aundia izango duzu maikiden aurrean. Goratzen dana beeratuko da ta, eta beeratzen dana goratuko».

        Bera bazkaltzera deitu zuenari ere esan zion: «Bazkari naiz afari bat egiten duzunean, ez deitu gero artara zure adiskide edo anaiak, ez zure aide edo auzo aberatsak; bestela aiek zu gero atzera deituko zaituzte, ta ola ordainduko dizute. Bazkari bat egiten baduzu, deitu itzatzu artara eskale ta elbarriak, maingi ta itsuak. Zorionekua zu orduan! Oiek ezin ordaindu dezaizukete, bañan zuzentsuen berriz-piztean emango zaitzu ordaña».

        Ori entzunik, maikidetako batek esan zuen: «Zorionekoa, Yainkoaren yaurgoan ogia yango duena!».

        Yesusek esan zion: «Gizon batek afari aundi bat egin zuen ta lagun asko deitu zituen artara. Afal-ordua etorri zanean, bidali zuen bere mirabea afaldarrai esatera: Atozte, guzia gerturik dago. Eta guziak asi ziran aitzakiak ateratzen. Lenbizikoak esan zuen: Bazter-etxe bat erosi dut eta ura ikustera yoan bear dut. Arren bada, ontzat ar zazu nere aitzaki au. Bigarrenak esan zien: Bost uztarridi erosi ditut eta aiek probatzera yoan bear dut. Arren, ontzat ar zazu nere aitzaki au. Irugarrenak esan zion: Ezkondu naiz ta ezin yoan naiteke.

        »Mirabea etxera itzuli zan ta guzi ori yakin-arazi zion bere nagusiari. Orduan etxeko yauna sumindu zan ta esan zion bere mirabeari: Zoaz laster iriko karrika ta plazetara, eta ekarri onera eskaleak, elbarriak, maingiak eta itsuak.

        »Mirabeak esan zion: Yauna, egin dut zure agindua ta oraindik bada tokia.

        »Eta yaunak esan zion mirabeari: Zoaz bide ta esietara, eta ertsa itzatzu guziok sartzera, nere etxea bete dedin. Nik esaten dizuet: Deiturik zeuden gizon aietako batek ere eztu nere afaria murtxatuko».

        Gizaldi aundiak bazioazen arekin. Itzuli zan bada aiengana ta esan zien: «Iñor neregana badator, baña bere aita ta ama ta andrea ta umeak ta anai-arrebak ta bere burua bera ere iguin ez baditu, ezin diteke nere ikasle (nere eskolakoa) izan. Eta gurutzea artu-ta nere ondotik ez datorrena ezin diteke nere ikasle izan.

        »Zuetako batek dorre bat goratu nai badu, ez al da leenik esertzen ta irion (gastatu) bearko duen diruaren kontua ongi ateratzen, bere lana bururatzeko aski duen edo ez? Bestela, yas-oña yarri ondoren, etxea ezin goratu badezake, ori ikusten duten guziak iseka egingo liokete ta esango lukete: Gizon au etxea goratzen asi da, ezin izan du ordea bere lana bururatu.

        »Edo errege batek beste errege batekin gudu egin nai badu, ez al da lenik yartzen ta gogoeta egiten, ea amar milla gizonekin bidera atera ote dakioken ogei milla gizonekin datorkion etsaiari? Bestela, ura oraiño urruti dagoelarik, mandatariak bidaltzen dizkio ta pakea eskatzen dio. Bereolaxe zuetako iñor ezin diteke nere ikasle izan, dituen gauza guziai uko egiten ezpadie. Gatza ona da; baña gatza gezatu (moteldu) badadi, zertaz gazituko da? Ezta ona ez lurrerako, ez ongarrirako, kanpora egozten (botatzen) da.

        »Entzuteko belarririk duenak, entzun beza».

 

 

114.— Ardi galdua, drakma galdua, seme galdua

(Lc. XV, 1-32)

 

        Zergariak ta pekatariak urbiltzen zitzaizkion, ari entzutera. Ortaz marmarka ari ziran Farisauak ta lege-irakasleak, esanez: «Onek pekatariak beregana artzen ditu ta aiekin yaten du».

        Orduan Yesusek ondoko berdintza au esan zien: «Zuetako batek eun ardi baditu ta bat galdu badakio, ez al ditu larogei ta emeretziak basamortuan uzten ta galdu zaionaren billa yoaten, arik eta ura arkitu arte? Eta arkitu duenean, bere soin gañean artzen du pozik. Eta etxera etorririk, deitzen ditu bere adiskide ta auzoak ta esaten die: «Poztu zaitezte nerekin, galdu zitzaidan ardia arkitu dut eta.

        »Nik esaten dizuet: Bereolaxe zeruan ere poz aundiagoa izaten da ongi damutu ta ontzen dan pekatari batengatik, damutu ta ondo bearrik eztuten larogei ta emeretzi zuzentsuengatik baño.

        »Eta emakume batek amar drakma baditu ta bat galdu badakio, ez al du argia piztutzen, etxea ekortzen (eskobatzen) ta arduraz billatzen, drakma arkitu arte? Eta ura arkitu duenean deitzen ditu bere adiskide ta auzokoak ta esaten die: «Poztu zaitezke nerekin, galdu nuen drakma arkitu dut eta.

        »Bereolaxe, nik esaten dizuet, poz aundia izaten da Yainkoaren Aingeruen artean damutu ta ontzen dan pekatari betengatik».

        Seme galdua. Gero esan zuen berriz: «Gizon batek bazituen bi seme. Aietako gaztenak esan zion aitari: Aita, emadazu neri dagokidan senipartea. Aien artean banatu zituen beraz ondasunak.

        »Zenbait egunen buruan, seme gaztenak guzia bildu zuen eta urrituko lurralde batera yoan zan. An ondasun guziak ondatu zituen, lasaikerian bizi zala. Guzia ondatu zuenean, gosete gaitza gertatu zan lurralde artan ta bear gorrian arkitu zan.

        »Orduan yoan ta alderdi artako iritar baten morroi yarri zan; onek bere zelaiera bidali zuen, urdeak zaintzera. Txerriak yaten zituzten lekaz bete nai zukean bere sabela; etzizkion ordea iñork ematen.

        »Orduan bere baitara sarturik esan zuen: Zenbat morroiek nere aitaren etxean ogia ugari badute, ni berriz emen goseak iltzen nago. Yaikiko naiz, nere aitarengana yoango naiz ta esango diot: Aita, pekatu egin dut zeruaren aurka ta zure aurrean, eztut geroztik merezi zure seme deitzea, zure morroietako bat bezela ar nazazu. Yaiki zan beraz ta bere aitarengana yoan zan.

        »Urrundik ikusi zuen bere aitak eta errukiz bete zan. Laster egin zuen aren bidera, besarkatu zuen ta musu eman zion. Baña semeak esan zion: Aita, pekatu egin dut zeruaren aurka ta zure aurrean; eztut gaurgero merezi zure seme deitzea. Aitak ordea esan zien bere mirabeai: Laster, ekartzue yantzirik onena ta yantzi zaiozue. Yarri erraztun bat aren eskuan ta oskiak (zapatak) aren oñetan. Gero ekarri zekor gizendua ta il zazue. Yan dezagun, bazkari aundi bat egin dezagun, nere seme au illik zegon ta berriz bizi baita, galdua zegoen ta berriz arkitu baita. Eta bazkaria egiten asi ziran.

        Bitartean aren seme zarrena alorrean (soroan) zan. Eta etxera zetorrelarik, etxera urbiltzean, soñua ta irrada entzun zuen. Mirabetako bat deitu ta galdegin zion, zer gertatzen zan. Onek erantzun zion: Zure anaia etorri da; zure aitak zekor gizendua illarazi du, sendorik etxeratu zaiolako, Ura aserretu zan ta etzuen sartu nai. Beraz aita atera zan ta otoizka asi zitzaion. Berak ordea erantzun zion bere aitari: Orra, ainbeste urtez zure mirabe egon naiz; egundaño eztut zure agindurik autsi. Ta ala ere eztidazu egundaño antxume bat eman, nere adiskidekin yanaldi bat egiteko. Zure seme orrek berriz emagalduekin ondatu ditu ondasun guziak, ta orain etxera etortzean, zekor gizendua illarazi duzu orrentzat.

        Aitak erantzun zion: Ene seme, zu beti nerekin zaude, ta nere gauza guziak zureak dira. Baña orain bazkari bat egitea ta poz artzea egoki zan, zure anai au illik zegoen ta berriz bizi baita, galdua zegoen ta berriz arkitu baita».

 

 

115.— Artadun makurra

(Lc. XVI, 1-13)

 

        Gero esan zien bere ikasleai: «Gizon aberats batek bazuen artadun bat; eta gizon arreri salatu zioten, bere ondasun guziak ondatu zizkiola arrek. Deitu zuen beraz beregana ta esan zion: Zer aditu dut nik zutaz? Zure artadungoaren kontua eman zazu, gaur-gero etzera zu nere artadun izango ta.

        »Artadunak esan zuen bere baitarako: Nere nagusiak artadungoa kentzen dit; eta zer egingo dut? Aitzur-lanean ez naiteke ari, ta eskean ibiltzeaz lotsatzen naiz. Badakit zer egin, artadungoa kentzen zaidanean, yendeak beren etxetara ar nazaten.

        »Bildu zituen beraz bere nausiaren zordun, edo maxtar, guziak, bata bestearen ondotik. Lenbizikoari galdegin zion: Zenbat zor diozu nere nagusiari?

        Eun gurbil olio, erantzun zion arrek.

        Ar zazu zere ageria (papera), esan zion berak, ta jarri zaite laxter; idatzi zazu berrogei ta amar.

        Beste bateri galdegin zion: Ta zuk zenbat zor duzu?

        Ark erantzun zion: Eun erregu gari.

        Ar zazu zere ageria (papera), esan zion, ta idatzi zazu larogei.

        Nausiak goraipatu zuen artadun makurra, ez-zintzoa, zuurki egin zuelako. Mundu onetako umeak zuurrago bai dira beren kidekin, argiaren umeak baño.

        Nik ere esaten dizuet: Ondasun utsalen bidez adiskideak egizkitzue, iltzen zeratenean, betiko egoitzetara ar zaitzaten. Gauza txikian zintzoa dana, zintzoa da aundian ere; ta gauza txikian ez-zintzoa dana, ez-zintzoa da aundian ere. Ondasun utsaletan zintzoak izan ezpazerate, egiazko ondasuna nork utziko du zuen kontura? Eta besten gauzekin zintzoak ezpazerate, zuena nork emango dizue?

        Iñor ezditeke bi nausiren mirabe izan; edo bata gorrotatuko du ta bestea maitatuko, edo bati itsatsiko zaio ta bestea ezetsiko du. Ezin zaitezkete Yainkoaren ta Mammonen (ondasunen) mirabe izan».

 

 

116.— Farisau zikoitzai...

(Lc. XVI, 14-17)

 

        Farisauak guzi ori entzuten zuten, ta diru-zaleak baitziran, Yesusi iseka (irri) egiten zioten.

        Berak ordea esan zien: «Zuek zuzentsuak (sanduak) zeratela erakusten duzue gizonen aurrean, baña Yainkoak ezagutzen ditu zuen biotzak; gizonei goragarri iduri zaiena, Yainkoarentzat nazkagarri da Legea ta Profetak Yoangaraño irixten dira; arrezkero Yainkoaren yaurgoazko berri ona iragartzen da ta indar egiten duena sartzen da artara. Zerua ta lurra ondatzea errazago da, legeko izpitxo bat erortzea (indarra galtzea baño).

        »Bere emaztea utzi ta beste bat artzen duenak ezkontza-austen du; ta senarrak utzitakoa artzen duenak ezkontza austen du».

 

 

117.— Aberats zikoitza

(Lc. XVI, 19-31)

 

        «Bazan gizon aberats bat; purpuraz ta mise guriz yazten zan ta yan-edanaldi bikañak egiten zituen egunero. Aren ate aurrean etzanik egoten zan Lazaro izeneko eskale bat; zauriz betea zegoen. Aberatsaren maietik erortzen ziran ogi-apurrez ase nai zuen; etzizkion ordea iñork ematen. Zakurrak yoaten zitzaizkion ta bere zauriak milikatzen zizkioten. Noizpait il zan eskalea ta aingeruak Abrahamen magalera eraman zuten. Aberatsa ere il zan ta lurpean ortzi zuten. Sulezean oñazetan zegoelarik goratu zituen bere begiak ta ikusi zuen urrutian Abraham eta Lazaro aren magalean. Orduan oiu egin zien: «Aita Abraham, urrikal zaite nitaz ta bidal zazu Lazaro, bere beatz-muturra uretan busti ta nere mingaña ozkirritu (freskatu) dezan, sugar onetan oñaze gaitzak ikusten ditut eta».

        Baña Abrahamek erantzun zion: Seme, gogoan iduki zure bizian ongiak izan dituzula, Lazarok ordea gaizkiak; orain ordea bera atsegiñetan dago, zu berriz oñazetan. Gañera gu ta zuen artean leze zabal bat bada; iñor ez diteke, naita ere, emendik zuengana yoan, eta iñor ez diteke ortik guregana etorri.

        Arrek esan zion: «Aita, geroztik bidal zazu Lazaro nere aitaren etxera; bost anai baditut; gaztiga dezaiela, berak ere oñaze-toki ontara etorri ez ditezen».

        Abrahamek erantzun zion: «Badituzte Moise ta Profetak, aiei entzun dezaietela».

        «Ez, Aita Abraham», esan zion arrek, «baña illetako bat yoaten bazaie, damutu ta onduko dira».

        Abrahamek esan zion: «Moise ta Profetai entzuten ezpadiete, norbait illetatik piztu badadi ere eztute siñetsiko».

 

 

118.— Gaiztabiderik ez eman — Barkatzeaz

(Lc. XVII, 1-10)

 

        Bere ikasleai esan zien: «Nai-ta-nai-ez izan bear dute gaizpideak: baña ai! oiek etorrierazten dituenari! Obe luke eiera-arri (errotarri) bat lepotik lotu ta itsasora botatzen balute, txiki auetako bati gaizpidea eman baño.

        »Begira zeren buruari! Zure anaiak tsarkeria egiten badizu, errista egiozu; ta damutzen bazaio, barka zaiozu. Eta egunean zazpi aldiz txarkeria egiten badizu ta egunean zazpi aldiz etortzen bazaizu, esanez: Damutu dut, barka zaiozu».

        Apostoluak esan zioten Yaunari: «Siñestea aunditu zaiguzu».

        Yaunak erantzun zien: «Baldin usta-alea (mostaza-azia) adiñako siñestea baziñute, esango ziñioteke masustondo oni: Errotik atera ta itsasora alda adi; ta egingo luke zuen esana.

        »Zuetako batek badu morroi itzai edo artzai bat. Ori alorretik (sorotik) etxeratzen danean, esango ote dio nausiak: Atoz bereala, yar zaite maiera? Aitzitik, ez ote dio esango: Afaria apain zaidazu; gerria lotu ta mirabe-egin zaidazu, nik yan ta edan arte, gero yan ta edango duzu zuk? Morroi arreri eskerrik zor aldio, onek bere agindua egin duelako? Eztut uste.

        »Bereolaxe zuek ere, agindu zaizkitzuen guziak egin ondoan, esan bear duzue: Mirabe alperrak gera, gure eginbearra besterik eztugu egin».

 

 

119.— Etxola-yaia — Yesusen itzaldia

(Io. VII, 2-27)

 

        Urbilduz zioan yudutarren yai bat, Etxola-yaia. Eta bere anaiak (aideak) esan zioten Yesusi: «Aldegizu emendik eta zoaz Yudeara, zuk egiten dituzun lanak zure ikasleak ere ikusi ditzaten. Iñork ezbaitu gauzarik izkutuan egiten, bere burua erakutsi nai duenean. Gauza oiek egiten badituzu, ager zakizkio munduari». Bere anaiak (aideak) ere etzuten aregan siñesten ta.

        Yesusek erantzun zien: «Nere garaia ezta oraiño etorri, zuen garaia berriz beti gertu dago. Zuek ezin gorrota zaitzakete munduak, ni ordea bai gorrotatzen nau, aren egiteak txarrak dirala aitortzen dudalako. Zuek zoazte bai yai ortara, ni ez noa oraiño yai ortara, nere garaia oraiño etorri eztalako».

        Ori esan ondoan, bera Galilean gelditu zan. Baña bere anaiak, aideak, igo ziranean, igo zan bera ere yaiera, ez ordea agerian, izkutuan baizik. Yudutarrak billatzen zuten yai-egunean ta galdegiten zuten: «Non da?». Eta marmari aundia zebillen artaz yende artean; batzuek esaten baitzuten: «Ona da». Beste batzuek berriz: «Ez, ezta ona, yendea nasten du ta». Baña agerian etzan iñor artaz mintzatzen, Yudutarren beldurrez.

        Yaiaren erdi aldean, igo zan Yesus yauretxera ta irakasten ari zan. Yudutarrak, arriturik, galdetzen zuten: «Nola ote dakizki onek idazkiak (eskriturak) eskolarik eztu izan ta?».

        Yesusek erantzun zien: «Nere irakaspena ezta nerea, ni bidali nauenarena baizik. Iñork Yainkoaren naia egin nai badu, orretxek ezagutuko du nere irakaspena Yainkoagandikakoa dan ala ni nere baitatik mintzo naizen. Bere baitatik itzegiten duenak bere ospea billatzen du; bidali duenaren ospea billatzen duena berriz egiatia da ta arengan ezta gezurrik. Moisek ez al dizue legea eman? Ta ala ere zuetako batek ere eztu legea betetzen. Zergatik zabiltzate ni il bearrez?».

        Gizaldeak erantzun zion: «Deabrua duzu; nor dabil zu il bearrez?».

        Yesusek esan zien: «Egite bat bakarrik egin dut (elbarriaren sendatzea) ta guziok arriturik zaudete. Moisek eman zituen billebaiketa (au egiaz ez dator Moisengandik, len-aitengandik baizik), eta larunbatean berdin egiten duzue billebaiketa. Gizon batek billebaiketa artu badezake larunbatean ere, Moiseren legea autsi eztedin, zergatik asarretzen zerate nerekin, larunbatez gizon osoa sandatu dudalako? Ez erabaki itxuren arauera, epai zuzena egizue».

        Orduan esan zuten Yerusalemetar batzuek: «Ez al da au arako il naiez dabiltzan ura? Orra bada, agerian mintzo da ta iñork eztio ezer esaten. Gure agintariak ezagutu ote dute egiaz, au dala Mesia? au ordea badakigu, nondikakoa dan; baña Mesia etorri dedinean, iñork eztu yakingo nondik etorri dan».

 

 

120.— Yesusen itzaldia — Agintariak arrapatu nai dute

(Io. VII, 28-53)

 

        Eta Yesusek, yauretxean irakasten ari zala, oiu egin zuen: «Ni ezagutzen nauzue, ta nondikakoa naizen ere badakizue. Ni ez naiz nere baitatik etorri; beste batek bidali-ta etorri naiz, ta ura egiatia da. Zuek eztuzue ura ezagutzen; Nik bai ezagutzen dut, arengandik etorri naiz eta ark bidali bainau».

        Ura arrapatu ta lotzeko asmoa, artu zuten; etzion ordea iñork eskurik gañean yarri, aren ordua eztan oraño etorri-ta. Baña erriko lagun askok siñetsi zuten aren baitan; esaten zuten: «Mesia etorri dediñean, onek baño mirari geiago egingo al ditu?». Farisauak ikasi zuten yendea ixkutuan artaz itz egiten ari zala. Ta Agintari ta Farisauak bidali zituzten mirabeak, ura lotzera.

        Yesusek esan zuen: «Oraindik aldi bat egongo naiz zuekin, gero yaongo naiz ni bidali nauenarengana. Nere billa ibilliko zerate, baña eznauzue arkituko eta ni nagon lekura ezin yoan zaitezkete».

        Yudutarrak esan zioten elkarri: «Nora yoango ote da bada au, ezpaitugu arkituko? Yentillen artean banaturik bizi diran yuduetara yoan ta, yentillei irakasteko asmoa ote du? Zer esan nai ote du esan digun itz orrek: Billatuko nauzue, baña ez nauzue arkituko, ta ni nagon lekura ezin yoango zaitezkete?». Yaiaren azken egunean, egunik aundienean, Yesus zutik yarri ta oiu egiten zuen: «Iñor egarri bada, betor neregana ta edan beza. Nigan siñesten duenari, Idazkiak (Liburu Santuak) dionez, ur bizizko ibaiak yarioko zaizkio barnetik». Arengan siñeste zutenak artu bear zuten Atsaz mintzo zan itz oiekin, Atsa ezpaitzan oraiño eman, Yesus oraiño ospatu etzalako.

        Gizaldeko lagun askok, izkuntza ori entzunik, esan zuten: «Auxe da egiaz Profeta». Beste batzuek zioten: «Auxe da Mesia». Beste batzuek ordea zioten: «Baña Mesia Galileatik etorriko al da? Ez al dio Idazkiak: Dabiden sorterri Betlehem erritxotik etorriko dala Mesia?». Eztabaida zebillen beraz gizaldean aren gañetik. Aietako batzuek nai zuten ura arrapatu ta lotu; etzion ordea iñork eskurik gañean yarri.

        Mirabeak atzera yoan ziran beraz Apaiz-nausi ta Farisauengana. auek galdegin zieten: «Zergatik eztiguzue ekarri gizon ura?». Mirabeak erantzun zieten: «Egundaño eztu gizonek itz egin, gizon orrek bezela».

        Farisauak esan zieten: «Zer, zuek ere atzipetu al zaituzte? agintari edo Farisauetakoen batek siñetsi al du orrengan? Ez; Yende xeak, legea eztakiten yende oiek bakarrik siñetsi dute orrengan; madarika ditezela!». Nikodemo, lenago gauez Yesusengana etorri izan zan ura, aietako bat zan ta esan zuen orduan: «Gure legeak gaitzesten al du iñor, berari entzun gabe ta zer egin duen ikusi gabe?». Besteak erantzun zioten: «Zer, zu ere Galilearra zera ala? Ikertu (miratu) itzazu Idazkiak, eta ikusiko duzu Galileatik eztala Profetarik sortzen». Gero itzuli ziran zein bere etxera.

 

 

121.— Andre lizunkoia — Berriz ere Yuduai itzegiten —
Yuduak Yesusi arrika egin nai

(Io. VIII, 1-29)

 

        Yesus Olibadi-mendira yoan zan. Biaramonen goizean goiz etorri zan berriz yauretxera eta erri guzia bildu zitzaion. Bera eseri zan ta irakasten zien.

        Lege-irakasle ta Farisauak ekarri zioten lizunkerian arrapatutako emakume bat. Erdian yarri zuten ta esan zioten Yesusi:

        «Maisua, emakume ezkondu au beste gizon batekin pekatu egiten arkitu dute oraintxe. Olako emakumeak arrika iltzeko agindu zigun Moisek legean. Zuk zer diozu ortaz?».

        Ura zirikatuz esaten zuten ori, ura salatzeko. Yesus ordea beera makurtu ta beatzaz lurrean idazten (eskribitzen) asi zan. Aiek aurrera ere galdegiten baitzioten, Yesus lerdendu zan ta esan zien: «Zuen artean pekaturik gabekoa danak aurtiki (bota) dezala lenbiziko arria orren aurka». Gero berriz ere makurtu ta lurrean idazten zuen.

        Aiek ordea, ori entzunik, lekutu ziran bata bestearen ondotik, zarrenak aurrera. Yesus gelditu zan bakarrik, eta emakumea an erdian zutik. Orduan lerdendu zan Yesus ta esan zion: «Emakumea, non dira zure salatzaleak? Ez al zaitu iñork ere gaitzetsi?».

        «Iñork ez, Yauna», erantzun zion arrek.

        Ta Yesusek esan zion: «Nik ere etzaitut bada gaitzetsiko. Zoaz eta ez gero berriz pekaturik egin».

        Berriz ere itzegin zien Yesusek, esanaz: «Ni naiz munduaren argia; nere ondotik datorrena eztabil illunbetan; bizizko argia badu».

        Farisauak esan zioten: «Zuk zere buruaz aitor-egiten duzu; zure aitorrera orrek eztu indarrik».

        Yesusek erantzun zien: «Nik nere buruaz aitor-egiten badut ere, nere aitorrera onek badu indarra, nondik etorri naizen ta nora noan badakit eta. Zuek eztakizue nondik natorren ta nora noan. Zuek aragiaren arauera epaitzen duzue, nik eztut iñor epaitzen; eta nik epai bat ematen badut, nere epai ori egiazkoa (zuzena) da, ezpainago ni bakarrik, ni bidali nauen Aita nerekin dago ta. Zuen legean idatzirik dago bi lagunen aitorrera egiazkoa (indarduna) dala.

        »Nik nere buruaz aitor-egiten dut eta ni bidali nauen Aitak ere nitaz aitor-egiten du». Aiek galdegin zioten: «Non da zure Aita?».

        Yesusek erantzun zien: «Ez gaituzue ezagutzen ez ni ta ez nere aita. Ni ezagutzen baninduzue, nere Aita ere ezagutuko ziñuteke».

        Diru-gordairu ondoan esan zituen Yesusek itz oiek, yauretxean irakasten ari zala. Eta etzuen iñork atxitu, aren ordua oraño etorri etzalako.

        Berriz ere esan zien Yesusek: «Ni banoa; billatuko nauzue, baña eznauzue arkituko. Ni noan tokira ezin etorriko zaitezkete zuek».

        Yuduak esan zuten: «Onek bere burua il nai ote du? Ni noan tokira zuek ezin etorri zaitezkete, esan du ta».

        Yesusek esan zien: «Zuek bekoak zerate, ni goikoa naiz; zuek mundu ontakoak zerate, Ni ez naiz mundu ontakoa. Zuen pekatuetan ilko zeratela esan dizuet; bai, ni nor naizen siñesten ezpaduzue, zuen pekatuetan ilko zerate».

        «Nor zera zu bada?», galdegin zioten.

        Yesusek erantzun zien: «Nik esan dizuedana, orixe naiz ni. Gauza asko esan ta erabaki bear nuke oraindik zuetaz. Baña ni bidali nauen Aita egiatia da, eta ari entzun diodana, orixe irakasten diot nik munduari».

        Aiek etzuten ezagutu bere Aita Yainkoaz ari zala.

        Yesusek esan zien aurrera ere: «Gizasemea goratu dezazuenean, orduantxe ezagutuko duzue ni nor naizen eta nere baitatik ezer egiten eztudala, nere Aitak irakatsi didana besterik esaten eztudala. Eta ni bidali nauena nerekin dago eta ez nau bakarrik utzi, arrek atsegin duena egiten baitut nik beti».

        Gauza oiek esandakoan, lagun askok siñetsi zuten arengan. Yesusek esan zien bada arengan siñetsi izan zuten Yuduei: «Nere esanean irauten baduzue, nere ikasleak izango zerate egiaz. Eta egia ezagutuko duzue ta egiak lokabe (libre) egingo zaituzte».

        «Abrahamen umeak gera», erantzun zioten, «eta ez gera egundaño iñoren mendeko (morroi) izan; zuk zergatik diozu: Lokabe izango zerate?».

        Yesusek erantzun zien: «egiaz, egiaz, nik diotsuet; Pekatu egiten duen edozein, pekatuaren mendekoa (morroia) da. Baña morroia ezta beti etxean egoten; semea ordea bai beti etxean egoten da. Geroztik semeak lokabe egiten bazaituzte, egiaz lokabe izango zerate.

        »Abrahamen umeak zeratela ba-dakit. Baña ni il naiez zabiltzate, nere itza ezin artu dezakezuelako. Nik nere Aitarengan ikusi dudana esaten dut; zuek berriz zuen aitarengan ikusi duzuena egiten duzue».

        «Abraham da gure aita», esan zioten aiek.

        Yesusek erantzun zien: «Abraham baldin bada zuen aita, Abrahamen egiñak egizkitzue. Orain ordea ni il bearrez zabiltzate; nik Yainkoari entzun diodan egia irakatsi besterik eztizuet egin bada; Abrahamek etzuen olakorik egin. Zuek zuen aitaren egiñak egiten dituzue».

        «Gu ez gera lizunkeriazko umeak», esan zioten; «guk Yainkoaz beste aitarik eztugu».

        Yesusek erantzun zien: «Yainkoa zuen aita balitz, ni maite izango ninduzue, ni Yainkoagandik atera ta etorri naiz ta. Ni ez naiz nere baitatik etorri, Berak bidali nau. Zergatik eztuzue nere izkuntza erdesten (aditzen)? Nere esana entzun ezin dezakezuelako.

        »Deabrua da zuen aita eta zuen aita orren naikeriak egin nai dituzue. Ori gizon-iltzalea izan zan asieratik eta etzuen egian iraun, arengan egiarik bat ere eztalako. Gezurra esaten duenean, berak duenetik mintzo da, gezurtia ta gezurraren aita da ta. Nik berriz egia esaten dizuet eta eztidazue siñisten.

        »Zuetako zeñek yaurki (aurpegira eman) dezaiket pekaturik? Egia esaten badizuet, zergatik eztidazue siñesten? Yainkoaren aldekoa danak, Yainkoaren itzak aditzen ditu; orrexegatik eztuzue zuek aditzen, Yainkoarenak etzeratelako».

        Yuduak erantzun zioten: «Samaritarra ta deabruak artua zerala esateko izpiderik (arrazoirik) ez al dugu?».

        Yesusek erantzun zien: «Ni ez nago deabruak artua, nik nere Aita goretsi egiten dut, zuek berriz ni gutxietsi egiten nauzue. Nik eztut nere ospea billatzen; bada beste bat ori billatzen duena ta epai-egiten duena. Egiaz, egiaz, nik diotsuet: Iñork nere itza gordetzen badu, eztu sekula eriotzarik ikusiko».

        Yuduak esan zioten: «Oraintxe ezagutu dugu deabrua duzula; Abraham il zan, Profetak ere il ziran, ta zuk diozu: Iñork nere itza gordetzen badu, eztu sekula eriotzarik mustatuko. Gure aita Abraham il zan ta Profetak ere il ziran; aiek baño aundiago al zera zu? Nor zerala diozu bada?».

        Yesusek erantzun zien: «Nik nere burua ospatzen badut, nere ospea ezer ezta. Nere aitak, zuen Yainkoa dala diozuen orrek ospatzen nau ni. Zuek eztuzue ori ezagutzen, nik bai ordea ezagutzen dut. Eta ura ezagutzen eztudala esan baneza, gezurtia nintzake, zuen antzera. Baña bai, nik ezagutzen dut eta aren itza gordetzen dut. Zuen aita Abraham pozez yauzi zan nere eguna ikusi naiez: ikusi zuen ta poztu zan».

        Orduan Yuduak esan zioten: «Berrogei ta amar urte ezdituzu oraño, ta Abraham ikusi al duzu?».

        Yesusek erantzun zien: «Egiaz, egiaz, nik diotsuet: Abraham izan baño lenago, banaiz ni».

        Orduan aiek arriak artu zituzten, ari aurtikitzeko (botatzeko); Yesus ordea ezkutatu ta yauretxetik atera zan.

 

 

122.— Yaiotzazko itsua sendatzen du Kristok

(Io. IX)

 

        Andik igarotzean, Yesusek ikusi zuen yaiotzaz itsu zan gizon bat. Bere ikasleak galdegin zioten: «Maisua, zeñek egin du pekatu: onek ala bere gurasoak, au itsu yaiotzeko?».

        Yesusek erantzun zien: «Ez onek ta ez bere gurasoak eztute pekaturik egin; Yainkoaren egiteak orrengan agertu ditezen da ori. Eguna dan arte, bidali nauenaren lanak egin bear ditut; badator gaua ta artan eztezake iñork lanik egin. Munduan nagoen arte, munduaren argi naiz».

        Ori esandakoan, listu egin zuen lurrera, listuaz loia egin zuen ta gero loi artaz igortzi zituen itsuaren begiak. Gero esan zion: «Zoaz, garbi zaite Siloeko putzuan». (Bidalia esan nai du Siloe itz orrek). Yoan zan beraz, garbitu zan eta etorri zan ikusten zuela.

        Orduan bere auzokoak eta lenago eskean zebillela ikusten zutenak esaten zuten: «Ez al da au arako lenago eserita eskean egoten zan ura?». Batzuek esaten zuten: «Bai, bera da». Beste batzuek berriz: «Ez, aren antzeko bat da». Berak ordea esaten zuen: «Bai, ni naiz».

        Galdegin zioten bada: «Nola idiki zaizkik begiak?».

        Berak erantzun zien: «Yesus deritzan gizon arrek loia egin du ta artaz igortzi dizkit begiak; gero esan dit: Zoaz Siloeko putzura ta garbi zaite. Yoan naiz, garbitu naiz ta ikusten dut».

        «Non da ura?», galdegin zioten.

        «Eztakit», erantzun zien berak.

        Farisauengana eraman zuten itsu izandakoa. Yesusek loia egin ta aren begiak idiki zituen eguna larunbata (yaieguna) zan. Berriz ere galdegin zioten bada Farisauak, nola ikusi zuen. Arrek esan zien: «Loiez igortzi zizkidan begiak ta garbitu nintzan ta orain ikusten dut».

        Farisauen arteko batzuek esan zuten: «Gizon au ezta Yainkoagandikakoa, yaieguna eztu gordetzen ta». Beste batzuek berriz zioten: «Pekatari batek nola egin litzake olako mirariak?». Eztabaida zan beraz aien artean. Orregatik galdegin zioten berriz ere itsuari: «Zuk zer diozu begiak idiki dizkitzun ortaz?».

        «Profeta dala», erantzun zien arrek.

        Yuduak etzuten siñetsi ura itsu izan zala ta ikustea iritxi zuela, arik-eta sendatuaren gurasoak deitu arte. Aiei galdegin zieten: «Au al da zuen semea, zuek diozuenez itsu yaio zana? Orain nola ikusten du bada?».

        Aren gurasoak erantzun zieten: «Au gure semea dala eta itsu yaio zala badakigu. Orain nola ikusten duen eztakigu, edo begiak nork idiki dizkion guk eztakigu; berari galdegiozue, adiña badu, berak eman dezala bere buruaren berri». Aren gurasoak ori esan zuten, Yuduen beldur ziralako, orduko itz-arturik baitzeuden Yuduak, iñork ura Mesiatzat aitortzen bazuen, sinagogatik egozteko. Orregatik esan zuten aren gurasoak: «Adiña badu, berari galdegizue».

        Deitu zuten bada berriz itsu-izandako gizona ta esan zioten: «Yainkoari emaiok ospea! Gizon ori pekataria dala bazekiagu». Arek ordea esan zien: «Pekataria ote dan, nik eztakit; auxe bakarrik dakit nik: lenago itsu nintzan ta orain ikusten dut».

        «Zer egin dik», galdetu zioten, «begiak nola idiki dizkik?».

        Arek erantzun zien: «Esan dizuet lenago ta entzun duzue; zertako entzun nai duzue berriz? Zuek ere aren ikasle izan nai al duzue?».

        Orduan birao-egin zioten ta esan zioten: «I izan adi aren ikasle, gu Moiseren ikasle gaituk. Moiseri Yainkoak itzegin diola bazekiagu; au berriz nondik etorria dan etzekiagu».

        Gizonak erantzun zien: «Auxe bai dala arrigarria! Zuek eztakizue ori nondikakoa dan; neri begiak idiki dizkit bada. Badakigu ordea pekatariai eztiela Yainkoak entzuten; aren beldur diranai ta aren naia egiten dutenai bai entzuten diela. Egundaño ezta entzun, iñork itsu yaiotako baten begiak idiki dituenik. Au Yainkoagandikakoa ezpalitz, ezin lezake ezer egin».

        Erantzun zioten: «Aizen guziori pekatutan sortua aiz, eta ik guri irakatsi nai diguk». Eta kanpora egotzi zuten.

        Ura kanpora egotzi zutela ikasi zuen Yesusek, ta arkitu zuenean galdegin zion: «Yainkoaren Semeagan siñesten al duzu?». Arek erantzun zion: «Yauna, nor da ori, Arengan siñetsi dezadan?». Yesusek esan zion: «Zuk ikusi duzu ura, ta zurekin izketan ari dana, orixe da». «Yauna, siñesten dut», esan zuen arek. Eta belaunikaturik gur-egin zion.

        Yesusek esan zuen: «Epai-egitera etorri naiz ni mundura, ikusten eztutenak ikusi dezaten, ta ikusten dutenak itsutu ditezen».

        Arekin zeuden Farisau batzuek entzun zuten ori ta galdegin zioten: «Gu ere itsuak al gera?».

        Yesusek esan zien: «Itsu baziñate, etziñukete pekaturik. Orain ordea esaten duzue: Guk ikusten dugu; orregatik zuen pekatuak badirau».

 

 

123.— Artzai Ona

(Io. X, 1-21)

 

        «Egiaz, egiaz, nik esaten dizuet: Artegira atetik ez, baña beste nonbaitetik sartzen dana, lapurra ta arrapatzalea da. Atetik sartzen dana berriz, ura artzaia da. Oni idikitzen dio atezaiak ta ardiak entzuten dute aren deia eta bere ardiak zein bere izenez deitzen ditu ta ateratzen ditu. Bere ardiak atera dituenean, aien aurrean yoaten da, eta ardiak yarraikitzen zaizkio, aren deia ezagutzen dutelako. Arrotz bati etzaizkio yarraikitzen, arengandik iges egiten dute, arrotzen deia ezagutzen eztulako».

        Berdintza ori esan zien Yesusek; aiek ordea etzuten aditu, zer esan nai zien. Berriz ere esan zien beraz Yesusek: «Egiaz, egiaz, nik esaten dizuet: Ni naiz ardien atea. Nere aurretik etorri diran guziak lapurrak ta arrapatzaleak dira ta ardiak etzieten entzun. Ni naiz atea. Nigandik sartzen dana gaizkatuko da; sartu ta atera egingo da ta bazka arkituko du. Lapurra ostutzera ta iltzera ta ondatzera besterik ez dator. Ni berriz ardiak bizia izan dezaten ta bizia ugari izan dezaten etorri naiz.

        »Ni naiz Artzai ona. Artzai onak bere bizia ematen du bere ardiengatik. Artzai morroiak berriz, artzai-nausia eztanak, ardien yabe eztanak, otsoa datorrela ikusten duenean, ardiak utzi ta iges-egiten du. Eta otsoak arrapatzen ta banatzen ditu ardiak. Artzai-morroiak iges-egiten du, morroia dalako ta ardien axolik eztuelako. Ni naiz Artzai ona, nik ezagutzen ditut nere ardiak ta nereak ezagutzen naute, Aitak ni ezagutzen nauen bezela eta nik Aita ezagutzen dudan bezela. Nik nere bizia ematen dut nere ardiengatik.

        »Artalde ontakoak eztiran beste ardi batzuek baditut; aiek ere ekarri bear ditut; aiek nere deia entzungo dute eta artalde bat ta artzai bat bakarra izango da.

        »Orrexegatik maite nau Aitak, nere ardiengatik nere bizia galtzen dudalako, gero berriz artzekotan. Iñork eztit neri bizia kentzen, nik nere gogoz ematen dut ori. Bizia galtzeko eskubidea badut eta ori berriz artzeko eskubidea badut; mandatu orixe eman dit Aitak».

        Izketa oiek zirala-ta, berriz ere eztabaida sortu zan Yuduen artean. Aietako askok esaten zuten: «Deabruak artua ta eroturik dago. Zertako entzuten diozue?». Beste batzuek zioten: «Oiek eztira deabrudun baten itzak. Deabruak itsuen begiak idiki ote ditzake?».

 

 

124.— Amar legenardun sendatzen

(Lc. XVII, 11-37)

 

        Bazioan Yesus Yerusalem aldera Samarian ta Galilean barna igaroaz. Eta erritxo batera sartzean, bidera atera zitzaizkion amar gizon legenardun (lepradun); urruti gelditu ziran ta oiu egin zioten: «Yesus, Maisua, urrikal zaite gutaz».

        Ikusi zituen bezela, esan zien: «Zoazte, ager zaitezte apaizengana. Eta arako bidean zioazela, garbitu, sendatu, ziran».

        Aietako bat, garbiturik zegoela ikustean, itzuli zan, oikua Yainkoa goraipatzen zuela. Yesusen oñetara aozpez erori, ta eskerrak eman zizkion; gizon ura Samariarra zan.

        Yesusek esan zuen: «Ez al dira amar garbitu, sendatu? Beste bederatziak non dira? Arrotz au besterik ez al da atzera etorri ta Yainkoari ospea eman?». Gero esan zion ari: «Yaiki zaite ta zoaz; zure siñesteak sendatu zaitu».

        «Noiz etorriko da Yainkoaren yaurgoa?», galdegin zioten Farisauak; ta berak erantzun zien: «Yainkoaren yaurgoa ezta agerian etorriko. Ez diteke esan: Ona emen, edo ara an dago; begira Yainkoaren yaurgoa zuen artean dago».

        Gero esan zien bere ikasleai: «Egunen batez naiko duzue Giza-Semearen egun bat ikusi ta eztuzue ikusiko. Esango dizute: Ona emen dago, ara an! Ez yoan zuek ara, ta ez laster egin aien ondotik. Tximistak, zeru-alde batetik atera ta beste alderaño diz-diz egiten duen bezela, olaxe izango da giza-Semea bere egunean. Baña lenik neke asko ikusi bear ditu ta gizaldi onek gaitzetsi bear du.

        »Noeren egunetan gertatu zana gertatuko da Giza-Semearen egunetan ere: yaten zuten ta edaten zuten, gizonak ezkontzen ziran eta ezkontzera eskeintzen ziran, arik-eta Noe kutxara sartu zan eguna arte; orduan etorri zan ugoldea ta guziak ondatu zituen.

        »Bereolaxe gertatu zan Loten egunetan; yaten ta edaten zuten, saltzen ta erosten zuten, landatzen ta etxe-egiten zuten. Baña Lot Sodomatik atera zan egunean, su ta sufre-erauntsia erori zan zerutik ta guziak galdu zituen. Orixe gertatuko da Giza-Semea agertuko dan egunean ere.

        »Egun artan egaztegi (tellatu) gañean dagoena ta bere zerak etxe barnean dauzkana, eztedila yetxi aien yasotzera. Zelaian dagona eztedilla atzera etorri. Gogora zazue Loten emaztea!

        »Bere bizia gordetzera saiatzen danak galduko du, ta galtzen duenak gordeko du.

        »Nik esaten dizuet: Gau artan bi lagun egongo dira etzauntza (oe) batean; bat artuko da, ta bestea utziko da; bi emakume ariko dira eiera (errota) batean eiotzen; bat artuko da ta bestea utziko da».

        Aiek galdegin zioten: «Ori non, Yauna?».

        Erantzun zien: «Sarraskia, (gorputz illa) dagon lekura biltzen dira arranoak».

 

 

125.— Epailaria ta andre alarguna —
Farisaua ta Zergaria

(Lc. XVIII, 1-14)

 

        Berdintza bat esan zien, beti ta eten-gabe otoitz egin bear dala erakusteko. Esan zien bada: «Ez Yainkoari beldurrik ez gizoni lotsarik etzion epailari bat bazan iri batean. Andre alargun bat ere bizi zan iri artan ta yoaten zitzaion esatera: Zuzenbidea amaidazu nere aurkariari buruz».

        «Aldi luzean etzuen nai izan. Baña geroago esan zion bere buruari: Ez yainkoari beldurrik, ez gizoni lotsarik ezpadiot ere, zuzenbidea emango diot andre alargun oni, ain nekagarria zaidalako; bestela azkenean etorriko zait eta aurpegian yoko nau».

        Gero esan zuen yaunak: «Entzun zer dion epailari makur orrek. Eta Yainkoak ez al die bere autetsiai zuzenbidea emango, berari gau ta egun oiuka ari zaizkionean? berantetsi-araziko al ditu? Nik esaten dizuet: Bereala emango die zuzenbidea. Baña Giza-Semeak etortzean ziñesterik arkituko ote du lurrean?».

        Beren buruak zuzentsutzat iduki ta besteak ezetsi egiten zituzten batzuei esan zien ondoko berdintza au:

        «Bi gizon igo ziran yauretxera (Yaunaren etxera) otoitz egitera, bata Farisaua ta bestea zergaria. Farisaua zutik yarri ta otoitz egiten zuen bere baitan onela: Oi Yainkoa, eskerrak dizkitzut, ez naizelako beste gañerako gizonak bezelakoa, lapurrak, makurrak, ezkontza-ausleak bezelakoa, ezta ere orrako zergari ori bezelakoa. Astean bi aldiz baru egiten dut eta ditudan guzien amarrenak ematen ditut.

        »Zergaria berriz urruti gelditu zan txutik eta begiak zerura goratzen ere etzan ausartzen; bere bularra yotzen zuen ta esaten: Urrikal zakizkit, oi Yainkoa, pekatari oni.

        »Nik esaten dizuet: Au zuzentsu-egiñik yoan zan bere etxera, beste ura ez ordea; goratzen dana beeratuko baita, eta beeratzen dana, goratuko».

 

 

126.— Yesus bere Yainkotasunaz mintzo da

(Io. X, 22-42)

 

        Yauretxe-sagaratze yaia egiten zan Yerusalemen ta negua zan. Yesus bazebillen yaurtxean, Salomonen gorapean. Yuduak inguratu zuten ta galdegin zioten: «Noiz arte idukiko gaituzu ezbaian? Baldin zu bazera Mesia, esaiguzu argi ta garbi».

        Yesusek erantzun zien: «Esan dizuet, baña eztidazue siñesten. Nik nere aitaren izenean egiten ditudan lanak, oietxek aitor-egiten dute nitaz. Zuek ordea eztuzue siñesten, nere ardietakoak etzeratelako. Nere ardiak aditzen dute nere deia; eta nik ezagutzen ditut eta aiek yarraikitzen zaizkit. Betiko bizia ematen diet nik; eztira sekula galduko ta iñork eztitu nere eskuetatik arrapatuko. Oiek Neri eman dizkidan Aita, guziak baño aundiago da, ta iñork ezin ditzake nere Aitaren eskuetatik arrapatu. Ni ta aita bat gera».

        Yuduak arriak artu zituzten ari arrika egiteko.

        Yesusek esan zien: «Egite on asko egin ditut zuen aurrean nere Aitaren indarrez; egite oietako zeñengatik nai nauzue arrikatu?».

        Yuduak erantzun zioten: «Egite onengatik etzaitugu arrikatzen, biraoa esan duzulako baizik, gizona zeralarik zere burua Yainko egiten duzu-ta».

        Yesusek esan zien: «Ez al dago zuen legean idatzirik; Nik esan dut: Yainkoak zerate? Beraz Yainkoaren itza adiarazi zitzaien aiek yainko deitzen baditu (ta Idazkia ezin diteke ezeztatu), Yainkoak sandutu ta mundura biali duenaz nola esan dezakezue: Birao egin duzu, Yainkoaren semea naiz, esan dudalako? Nere Aitaren lanak egiten ezpaditut, ez neri siñetsi. Nik oiek egiten baditut berriz ta zuek neri siñetsi nai ezpadidazue, nere egiñai siñetsi zaiezue, Aita nigan dagola eta ni Aitagan nagola ezagutu ta siñetsi dezazuen».

        Berriz ere atxitu nai izan zuten, baña aien esku artetik iges egin zuen. Yoan zan berriro Yordanez beste aldera, Yoan lenbizian bataiatzen egon zan lekura, eta an gelditu zan. Lagun asko etorri zitzaizkion eta esaten zuten: «Yoanek eztu mirari bat ere egin; baña Yoanek ontaz esan zuen guzia egia atera da». Eta askok siñetsi zuten arengan.

 

 

127.— Ezkontza urratu ote diteke?

(Mt. XIX, 3-12; Mc. X, 1-12; Lc. XVI, 18)

 

        Orduan urbildu zitzaizkion Farisau batzuek, eta zirikatzeko asmotan galdegin zioten: «Senarrari zillegi al zaio edozein kariaz bere emaztea uztea?».

        «Zer agindu dizue Moisek?», galdetu zien Yesusek.

        Eta aiek erantzun zioten: «Uzten dalako paper bat idatzi-ta bidaltzeko baimena eman du Moisek».

        Yesusek erantzun zien: «Ez al duzue irakurri lenbizian gizona egin zuenak gizakia ta emakumea egin zituela ta esan ziela: Onegatik utziko du gizonak aita ta ama, eta bere emazteari itxekiko zaio eta aragi bat bakarra izango dira biak? Geroz eztira bi lagun, aragi bakar bat baizik».

        Aiek galdetu zioten: «Zergatik agindu zigun bada Moisek, uzte-agiria eman ta bidaltzeko?».

        Yesusek erantzun zien: «Zuen biotz-gogortasuna dala-ta mean dizue Moisek agindu ori, nork-bere emaztea uzteko baimen ori; asieran ordea etzan orrela. Nik esaten dizuet: Iñork bere emaztea bidaltzen badu (lizunkeriagatik ezpada) eta beste bat artzen badu, ezkontza austen du; eta besteak utzitako emaztea artzen duenak ere ezkontza austen du».

        Etxean berriz bere-ortaz galdetu zioten bere ikasleak. Berak esan zien: «Bere emaztea utzi ta beste bat artzen duen edozeñek, ezkontza austen du aren kariaz. Eta emazteak bere senarra uzten badu ta beste batekin ezkontzen bada, ezkontza austen du».

        Bere ikasleak esan zioten: «Senar-emazten arteko arioa orrelakoa bada, ezta on ezkontzea». Berak esan zien: «Ori eztute guziak erdexten, aditzen; orren erdextea eman zaienak bakarrik aditzen dute. Badira zenbait eunuko, gizonek olakotu dituztenak; eta badira zenbait eunuko, berak beren buruak olakotu dituztenak zeruko yaurgoaren kariaz. Aditu dezakenak adi dezala».

 

 

128.— Yesusek aurrak bedeinkatzen

(Mt. XIX, 13-15; Mc. X, 13-16; Lc. XVIII, 15-17)

 

        Orduan aur txiki batzuek ekarri zizkioten, eskuak gañean yarri ta ukitu zitzan ta aientzat otoitz egin zezan. Ikasleak ori ikusirik, errixta ta eskainka egiten zieten aien ekarleai. Yesus, ori ikusirik, asarretu zan, eta aiek beregana deiturik esan zien: «Utzi aurrari nigana etortzen eta ez eragotzi; Yainkoaren yaurgoa olakoena da ta. Egiaz, nik esaten dizuet: Yainkoaren yaurgoa aur batek bezela artzen eztuena, ezta artarako». Eta aiek besarkatuz ta eskuak gañean yarri ondoan, aldegin zuen andik.

 

 

129.— Zer egin betiko bizia irabazteko?

(Mt. XIX, 16-22; Mc. X, 17-22; Lc. XVIII, 18-23)

 

        Bidera atera zanean, agertu zitzaion aurrera gizaseme aundiki bat eta aurrean belaunikaturik galdegin zion onela: «Maisu ona, zer egin bear dut betiko bizia irixteko?». Yesusek erantzun zion: «Zergatik deitzen nauzu ola? Zergatik galdetzen didazu zer dan ona? Bat bakarra da ona, Yainkoa. Bizira sartu nai baduzu, aginduak gorde itzatzu».

        «Zein ta zein?», galdetu zion arrek.

        Yesusek esan zion: «Aginduak badakizkitzu: ez ezkontza-autsi; ez iñor il; ez ostu, gezurrezko aitorrerarik ez esan; atziperik ez egin: zure aita ta ama goretsi».

        Gizasemeak erantzun zion: «Maisua, guzi ori begiratu (gorde) izan dut gaztetandik asi ta. Zer besterik egin bear dut?».

        Ori entzunik Yesusek begiratu zion, maitatu zuen ta esan zion: «Gauza bat falta zaizu oraindik: betegiña (guziz ona) izan nai baduzu, zoaz, duzun guzia sal zazu, ta beartsuai emaiezu; orrela izango duzu gordairu bat zeruan. Gero atoz ta yarraiki neri».

        Itz ori entzundakoan, gizasemea atsekabetu zan ta aldegin zuen begi-illundurik, ondasun aundien yabe zan ta.

 

 

130.— Aberatsak nekez zeruratzen

(Mt. XIX, 23-26; Mc. X, 23-27; Lc. XVIII, 24-27)

 

        Yesusek, ura orrela atsekabetu zala ikusirik, inguru begiratu zuen ta esan zien bere ikasleai: «Bai nekez sartuko dirala dirudunak Yainkoaren yaurgora! Aberatsak nekez sartuko dira zeruko yaurgora».

        Ikasleak arritu ziran bere itz oietaz. Yesusek ordea esan zien berriz ere: «Enetxoak, bai nekez sartuko dirala Yainkoaren yaurgora ondasunetan beren ustea dutenak! Berriz ere esaten dizuet: Kamelu bat orratz-begi batetik igarotzea errazago da, aberats bat zeruko yaurgora sartzea baño.»

        Ori entzunik, ikasleak orduan ta geiago arritu ziran ta beren artean esaten zuten: «Nor zerurako da beraz?».

        Yesusek begiratu ta esan zien: «Gizonen baitan ezinkizun da ori, ez ordea Yainko baitan: Yainkoak guzia badezake ta. Gizonentzat ezinkizun dana, Yainkoarentzat eginkizun da».

 

 

131.— Gogozko beartsutasuna

(Mt. XIX, 27-30; Mc. X, 28-31; Lc. XVIII, 28-30)

 

        Orduan Pedrok itzegin zuen eta esan zion: «Ona, guk gauza guziak utzi ditugu ta zuri yarraiki gatzaizkitzu; zer izango dugu beraz guk ordañez?».

        Yesusek erantzun zion onela: «Egiaz esaten dizuet: Zuek, neri yarraiki zatzaizkidaten oiek, berriz-piztean, Giza-semea bere alki ospetsuan yarriko danean, zuek ere yarriko zerate amabi alkitan, Israelgo amabi yendakiak epaitzeko. Eta neregatik eta Ebanjelioagatik ta Yainkoaren yaurgoagatik bere etxea edo anaiak edo arrebak edo aita edo ama edo emaztea edo seme-alabak edo alorrak (soroak) uzten dituen edozeñek, askoz ere geiago, bateko eun izango ditu, mundu onetan yazarpenen erdian etxeak, anaiak, arrebak, amak, seme-alabak, ta alorrak; eta beste munduan betiko bizia. Ta orain lenengoak diran asko askenekoak izango dira, ta azkenekoak diran asko lenengoak».

 

 

132.— Mastiko langilleak

(Mt. XIX, 1-16)

 

        Goizean goiz bere mastirako langilleak akuratzera atera zan etxeko-nausi bat iduri du zeruko yaurgoak. Langillekin eguneko denario batean itz-arturik, bere mastira bidali zituen. Irugarren ordu aldean atera zan berriz eta erri-zelaian zutik alper zeuden batzuek ikusi zituen ta esan zien: «Zoazte zuek ere nere mastira, eta zuzen dana emango dizuet». Aiek yoan ziran. Seigarren ta bederatzigarren ordu aldera atera zan berriz ere eta beste ainbeste egin zuen.

        Amaikagarren ordu inguruan atera zan, arkitu zituen beste batzuek an zutik zeudela ta esan zien: «Zergatik zaudete emen egun guzian alperrik?». Aiek erantzun zioten: «Iñork ez gaitu akuratu ta». «Zoazte zuek ere nere mastira», esan zien.

        Arrastu zuenean, masti-yabeak esan zion bere artadunari: «Dei itzatzu langilleak eta saria emaiezu, azkenetatik asi ta lenengotaraño». Agertu ziran beraz amaikagarren orduko langilleak eta denario bana artu zuten. Lenengo langilleak agertu ziranean, berai geiago emango zitzaiela uste zuten; baña denario bana artu zuten aiek ere. Eta ura artu ondoan, marmarka asi ziran etxeko-yaunaren aurka, esanaz: «Azkeneko auek ordu batez bakarrik lan egin dute ta ala ere zuk gurekin, egun guziko sorta eta beroa yasan dugun auekin berdin yarri dituzu».

        Arek erantzun zion aietako bati: «Adiskidea, nik eztiat bidegaberik egiten; ez al intzan denario batean nerekin itz-artu? Ar zak irea dana ta oa; azkeneko oni ere iri ainbat eman nai zioat. Ez al zezakeat nik nai dudana egin? ala ire begia gaiztoa (bekaiztia) al duk ni ona naizelako? Orrelaxe azkenekoak lanengoak izango dira, ta lenengoak azkenekoak».

 

 

133.— Lazaroren eriotza ta berriz-piztea —
Yuduen Batzarrea — Yesusek aldegiten

(Io. XI, 1-56)

 

        Gizon bat eri zegon, Lazaro Betaniakoa, Mariaren ta bere aizpa Martaren errikoa. Maria zan arako, Yauna gantzutu ta aren oñak bere illeaz txukatu zituen ura. Onen anai Lazaro eri zegon beraz.

        Aren arrebak berri auxe bidali zioten: «Yauna, zuk maite duzuna eri dago». Yesusek, berri ori entzunik, esan zuen: «Eritasun au ezta eriotzezkoa; Yainkoaren osperako da, orren bidez Yainkoaren Semea ospa dedin». Yesusek maite zituen Marta eta bere aizpa Maria ta Lazaro; ala ere, au eri zegola entzunagatik, toki bereartan egon zan bi egunez. Gero esan zien bere ikasleai: «Goazen Yudeara berriz». «Bañan, Maisua», erantzun zioten ikasleak, «orain berriki Yuduak arrika egin nai zizuten, eta berriz ara zoaz?». Yesusek berriz esan zien: «Egunak ez al ditu amabi ordu? Egunez dabillena ezta beaztopatzen, mundu ontako argia ikusten duelako». Gero esan zien: «Gure adiskide Lazaro lo dago; ura lotatik iratzartzera noa».

        Ikasleak esan zioten: «Yauna, lo badago, sendatuko da». Yesus aren eriotzaz mintzo zan; aiek ordea loak-artzeaz ari zala uste zuten.

        Orduan Yesusek argi esan zien: «Lazaro il da, eta pozten naiz zuengatik, an ez nintzalako, siñetsi dezazuen. Orain goazen arengana».

        Toma, izengoitiz Bikia deritzanak esan zien ikaskideai: «Goazen gu ere, orrekin batean il gaitezen».

        Yoan zan beraz Yesus, eta lau egun aietan illobian zegola arkitu zuen. Betania Yerusalemetik urbil samar zegon amabosten bat eztatuko bidean. Yudu asko Marta eta Mariarengana etorriak ziran, beren anaiaz pozkidatzera. Marta, Yesus bazetorrela ikasi orduko, bidera yoan zitzaion; Maria berriz etxean gelditu zan.

        «Yauna», esan zion Martak Yesusi, «zu emen izan baziña, nere anaia etzan ilko. Baña orain ere, Yainkoak eskatzen diozun guzia emango dizula badakit».

        Yesusek diotsa: «Zure anaia piztuko da berriz».

        «Bai», erantzun zion Martak, «azken egunean berriz-piztaldian berriz-piztuko dala badakit».

        Yesusek esan zion: «Ni naiz berriz-piztea eta bizia; nigan siñesten duena biziko da, il bada ere; eta nigan siñetsiz bizi dana ezta sekula ilko. Siñesten al duzu au?».

        «Bai, Yauna», erantzun zion, «zu Yainko biziaren, Seme mundu ontara etorria, zerala siñesten dut». Ori esandakoan, yoan zan ta bere aizpa Maria deitu zuen ixilkian, esanez: «Maisua or da ta deitzen zaitu».

        Maria, ori entzun bezain laster, bereala yaiki ta arengana zan; Yesus ezpaitzan oraiño errira etorri, antxe zegon, Marta bidera atera zitzaion lekuan. Bere etxean, bera pozkidatzen zeuden Yuduak ikusi zuten Maria nola yaiki ta atera zan; eta illobira, an negar egitera zioalako ustean, yarraiki zitzaizkion. Maria, Yesus zegon tokira yoan ta ura ikusi zueneko, aren oñetara erori zan esanez: «Yauna, emen izan baziña, nere anaia etzan ilko».

        Yesus, Maria negarretan ari zala ta onekin etorririko Yuduak ere negarretan ari zirala ikustean, dardaratu zan bere baitan eta biotza erdiratu zitzaion. Eta galdegin zuen: «Non ezarri duzue?».

        «Atoz eta ikusazu!», erantzun zioten.

        Yesusek negarrari eman zion. Orduan Yuduak esan zuten: «Orra zein maite zuen!». Beste batzuek berriz zioten: «Itsuaren begiak idiki dituen onek orren iltzea ez ote zezaken eragotzi?». Berriz ere bere baitan dardaraturik, Yesus illobira zan. Obi au aizpe bat zan, eta gaiñean arri bat zetzan. «Ken zazue arri ori», agindu zuen Yesusek.

        Illaren arreba Martak esan zion: «Yauna, kirastu da onezkero, lau egun baditu or ta».

        Yesusek erantzun zion: «Siñetsi ezkero, Yainkoaren ospea ikusiko duzula ez al dizut esan?».

        Kendu zuten beraz arria; eta Yesusek, begiak gora zuzendurik, esan zuen: «Aita, eskerrak dizkitzut, entzun didazulako. Zuk beti entzuten didazula banekien; baña inguruan dagon yendeagatik esan dut, zuk bidalia naizela siñetsi dezaten». Ori esan ondoan, oiu egin zuen ozenki: «Lazaro, atoz kanpora!».

        Bereala atera zan illa, esku-oñak loturaz bilduak eta aurpegia izerkari batez estalia zituela. Yesusek esan zien: «Aska zazue, ta yoaten utzi».

        Mariarengana etorri izan ziran Yudu aietako askok, Yesusen egiña ikusirik, Arengan siñetsi zuten. Aietako batzuek ordea Farisauengana yoan, eta Yesusek egin zuena adiarazi zieten. Apaiz-nausi ta Farisauak bildu zuten beraz Batzarre aundia, ta onela zioten: «Zer bide yoko dugu, gizon orrek ezaupide (mirari) asko egiten ditu ta? Orrela ibiltzen utzi badezaiogu, guziak arengan siñetsiko dute; gero etorriko dira Erromatarrak eta kenduko dizkigute bai erria ta bai yendaki osoa ere».

        Aietako batek, urte artan apaiz-nausi zan Kaifak, esan zien: «Zuek ezer eztakizue; eta yendaki guzia galtzea baño gizon bakar bat erriagatik iltzea obe duzuela eztuzue gogoratzen». Baña ori etzuen arek bere baitatik esan; urte artako apaiz-nausia baitzan, Yesus beren yendakiagatik il bearra zala iragarri zuen alde-aurrez. Baña etzuen ala ere beren yendakiagatik bakarrik il bear, baita Yainkoaren ume, sakabanaturik zeudenak batera biltzeko ere. Egun ura ezkero, ari bizia kentzeko asmotan zebiltzen.

        Orregatik, orduezkero etzan Yesus Yuduen artean agerian ibiltzen; aldegin zuen andik basamortu ondoko alderdira, Efrem deritzan irira. An egon zan bere ikaslekin.

        Yuduen Pazkoa bereala zan. Alderdi artako asko lagun igo ziran Yerusalemera yai-eguna baño lenago, bere buruak garbiestera. Yesus billatzen zuten, eta yauretxean zeudelarik, elkarri galdegiten zioten: «Zer uste duzue? Ezta noski yai-egunera etorriko». Apaiz-nausi ta farisauak agindu auxe emana zuten: «Iñork baldin bazekien, Yesus non zegon, berri emateko, atxitu zezaten.

 

 

134.— Yesusek bere Nekaldia alde aurrez esaten

(Mt. XX, 17-19; Mc. X, 32-34; Lc. XVIII, 31-34)

 

        Yerusalem alderako bidean gora zioazen ta Yesus aurrean zioakien; aiek arriturik ta beldurrez yarraikitzen zitzaizkion. Yesusek berex artu zituen berriro amabi ikasleak eta esan zien, zer gertatu bear zitzaion berari: «Ona, esan zien, bagoaz Yerusalemera eta an beteko da Profetak Giza-Semeaz idatzi duten guzia. Apaiz-nausi ta lege-irakasle ta zaarren eskuetan yarriko dute, ilgarri-etsiko dute, yentillei eskuratuko diete; iseka egingo diote, azorriz yoko dute, listu-egingo diote; azorriz yo ondoan illaraziko dute, baña irugarren egunean berriz piztuko da».

        Aiek ordea etzuten ortaz ezer ulertu; izkuntza ori illuna zitzaien eta etzuten erdetxi (aditu) esandakoa.

 

 

135.— Zebedeoren emaztea ta semeak

(Mt. XX, 23-28; Mc. X, 35-46)

 

        Orduan urbildu zitzaion Zebedeoren seme Yoan ta Yakobo apostoluen ama bere seme oiekin, ta agur-egiñik zerbait eskatu nai zion. Yesusek galdegin zion: «Zer nai duzu?».

        Arek erantzun zion: «Nere bi seme auek bat zure eskuin aldean ta bestea zure ezkerraldean yarri-arazi itzazu zure yaurgoan».

        Yesusek atzera esan zien: «Eztakizue zer eskatzen duzuen. Nik edan bear dudan edal-ontzia edan al dezakezue? edo nik artu bear dudan bataioaz bataia al zaitezkete?».

        Aiek esan zioten: «Bai, yauna, badezakegu».

        Yesusek berriz: «Nik edan bear dudan ontzia edan bai egingo duzue eta nik artu bear dudan bataioaz bataiatu bai egingo zerate. Baña nere eskuin edo ezkerraldean yarri-arazteko eskubiderik eztut nik; nere Aitak zeñentzat berexi dituen, ta aientzat dira toki oiek».

        Beste amarrak, ori entzunik, asarretu ziran Yakobo ta Yoani buruz. Yesusek ordea beregana deitu ta esan zien: «Badakizue: yende-arteko aitzindariak agintzen diete beren mendekoai, eta aundizkiak badute eskubidea aien gain. Zuen artean eztedilla orrela izan; aitzitik, zuen artean aundia izan nai duena, guzion mendeko izan bedi. Giza-Semea ere ezta etorri, besteak berari mirabe-egin dezaioten; mirabe-egitera ta bere bizia guzion eros-saritan ematera etorri da».

        Eta iritxi ziran Yerikora.

 

 

136.— Yerikora sartzean itsu bat sendatzen

(Lc. XVIII, 35-43)

 

        Eta ara, Yerikora urbiltzean, itsu bat bide-bazterrean eseri-ta eskean ari zan. Yende-aldea igarotzen zala entzun zuenean, galdegin zuen, ea zer zan ura. Yesus Nazaretarra andik igarotzen zala esan zioten. Orduan otsegin zuen: «Yesus, Dabiden semea, urrikal zaite nitaz».

        Aurrean zioazenak akar (mokoka) egin zioten, ixilik egoteko. Berak ordea gero ta geiago oiu egiten zuen: «Dabiden semea, urrikal zaite nitaz».

        Yesusek tenk-egin ta itsua beregana ekarriarazi zuen. Urbildu zitzaionean, galdegin zion: «Zer nai duzu nik dagizudan?».

        Arek erantzun zion: «Yauna, ikusi dezadala».

        Yesusek esan zion: «Ikus zazu! Zere siñesteak onegin dizu».

        Bereala ikusten zuen ta Yainkoa goraipatuz yoan zan Yesusen atzetik.

        Yende-alde guziak ere, ori ikusirik, Yainkoa goraipatu zuen.

 

 

137.— Zakeo — Amar minaen berdintza

(Lc. XIX, 1-28)

 

        Sartu zan Yerikora ta bazebillen irian barna. Eta ara, bazan Zakeo izeneko gizon bat; zergari-burua zan ta oso aberatsa. Orrek Yesus nor zan ikusi nai zuen; ezin zezaken ordea gizaldeagatik, irazkiz (gorputzez) txikia zalako. Beraz aurreratu zan lasterka eta piko-masustondo baten gañera igo zan, Yesus ikusteko, andik igaro bearra zan ta.

        Toki artara zanean, Yesusek begiak goratu ta ikusi zuen ta esan zion: «Zakeo, yetxi laster, gaur zure etxean gelditu bear dut eta». Laster yetxi zan ta pozik artu zuen bere etxean.

        Ori ikusirik, guziak marmariaz ari ziran, gizon pekatari baten etxean ostatatu zala esanez. Zakeo ordea, Yaunaren aurrean zutik yarri ta esan zion: «Yauna, ona! nik nere ondasunen erdia beartsuei ematen diet, eta iñori ezertan kalterik egin badiot, lau aldiz beste ainbeste ordaintzen diot».

        Yesusek esan zion: «Gaur osasuna gertatu zaio etxe oni, au ere, Zakeo, Abrahamen seme da ta; galdurik zegona billatzera ta gaizkatzera (salbatzera) etorri baita Gizasemea».

        Entzuten zegozkionai berdintza bat ere esan zien, Yerusalemetik urbil zeudelako ta Yainkoaren yaurgoa laster agertuko zala uste zutelako. Esan zien beraz:

        «Gizon aundizki bat urrutiko lurralde batera yoan zan, erregetasuna iritxi ta berriz atzera etortzeko. Deitu zituen bere amar morroi, amar mina eman zizikien ta esan zien: «Oiekin irabazia egizue, ni itzuli arte.

        »Bere erritarrak ordea iguin (gorroto) zuten gizon ura, eta mandatariak bidali zituzten aren atzetik mandatu onekin: Eztugu nai, ori gure errege izan dedin. Arek iritxi zuen ala ere erregetasuna, ta atzera etorri zan. Orduan deituarazi zituen dirua eman zien morroi aiek, bakoitzak zenbat irabazi zuen ikasteko.

        »Lenengoa etorri zan ta esan zuen: «Yauna, zure minak amar mina irabazi ditu. Berak esan zion: Ederki, morroi ona, gauza txikian zintzo izan zeralako, amar irien nausi izango zera.

        »Etorri zan bigarrena ta esan zuen: Yauna, zure minak bost mina irabazi ditu. Oni esan zion: Zu bost irien nausi izango zera.

        »Beste bat etorri zan esanez: Yauna, ona emen zure mina; zapi (oial) batean bildurik iduki dut. Zure beldur izan naiz, gizon garratza zeralako. Yasotzen duzu gordetzeko utzi eztuzuna eta zitua (uzta) biltzen duzu erein eztuzun lekuan. Oni esan zion: «Erorren itzez gaitz-esten aut, morroi ezereza. Baekien gizon garratza naizela, utzi eztudana yasotzen, ta erein eztudan lejuan uzta egiten dudala. Zergatik eztuk bada nere dirua diru-maiera (bankora) eraman, nik atzera etortzean obariekin (irabaziekin, interesekin) yaso nezan?

        »Eta ondoan zeudenai esan zien: Ken zaiozue mina ori eta emaiozue amar mina dituenari. — Yauna, esan zioten, orrek baditu amar mina.

        »Nik esaten dizuet: Duen edozeñi emango zaio ta ugari izango du; eztuenari berriz duena ere kendu egingo zaio. Nere etsai aiek ordea, ni beren errege izatea nai etzuten aiek, ekarri itzatzue onera ta nere aurrean il iltatzue».

        Ori esandakoan, aurreratu zan Yerusalemera bidean.

 

 

138.— Yerikotik ateratzean itsu bat sendatzen

(Mt. XX, 29-34; Mc. X, 46-52)

 

        Yesus bere ikaslekin eta gizalde aundi batekin Yerikotik ateratzean, itsu bat bide-bazterrean eserita eskean ari zan. Bartimeoren seme Timeo zan. Yesus Nazaretarra an zala entzun zuen bezin laster, oiuka asi zan esaten: «Yesus, Dabiden semea, urrikal zaite nitaz». Askok errixta (mokoka) egiten zioten, ixillik egon zedin. Arek berriz orduan ta geiago otsegiten zuen: «Dabiden semea, urrikal zaite nitaz».

        Yesus gelditu zan ta deitu-arazi zuen. Deitu zuten beraz itsua ta esan zioten: «Biotz on izan; yaiki adi, deitzen au». Arek bere soñekoa aurtiki (bota) ta yauzian arengana zan.

        Yesusek galdegin zion: «Zer nai duzu egin dezaizudan?». Itsuak erantzun zion: «Maisua, ikusi dezadan».

        Yesusek esan zion: «Zoaz, zure siñesteak onekin dizu (sendatu zaitu)». Eta bereala ikusten zuen eta yarraiki zitzaion bidean.

 

 

139.— Mariak Yesus gantzutzen du

(Mt. XXVI, 6-13; Mc. XIV, 3-9; Io. XII,1-11)

 

        Yesus beraz, Pazko-yaia baño sei egun lenago, Betaniara zan; an bizi zan Lazaro, il ondoan Yesusek berriz piztu izan zuen ura. Erri artan afari bat apaindu zioten; Martak maian mirabe-egiten zuen (serbitzen zuen), Lazaro berriz afaldarretako bat zan.

        Mariak artu zuen arzurizko ontzi batean libra bat gantzukari, akarazko gantzukari zin balio aundikoa, eta artaz gantzutu zituen Yesusen oñak, eta bere illeaz txukatu zituen aren oñak; gero ontzia autsi ta aren buru gañera isuri zuen, eta gantzukariaren atxonaz, (usai) (onaz) bete zan etxea.

        Ori ikusirik, aren ikasleak asarretu ziran ta esaten zuten: «Zertako galdu da gantzukari au alperrik? Irureun baño geiago denariotan saldu ziteken ta diru ori beartsuai eman». Eta marmarka ari ziran aren (Mariaren) aurka.

        (Ikasletako bat, Yesus saldu bear zuen Yuda Iskariote nabarmendu zan geiena marmari oietan). Arek ere esan zuen: «Zertako ezta saldu gantzukari au irureun denariotan ta diru ori beartsuai eman?». Ori esan zuen ez beartsuetaz axola zuelako, lapurra zalako baizik; berak idukitzen zuen diru-ziskua, ta artara sartzen zana beretzat gorde egiten zuen.

        Yesus oartu zan marmari oietaz eta esan zien: «Zergatik nekarazten duzue emakume au? Utzazue, nere ortzitze-egunerako gorde dezan gantzukaria. Egite on bat egin du nere aldera. Beartsuak beti badituzue zuen artean, ta nai duzuenean ongi egin dezaiekezue, ni berriz ez nauzue beti zuekin. Al zezakena egin du onek: «nere gorputza aurretik gantzutu egin du, ortzitzeko. Egiaz, nik esaten dizuet: mundu guzian nere berri-on au predikatzen dan leku guzietan yakiñ-araziko da onek egin duena ere, bere oroitzapenetan».

        Yudutar gizalde aundi batek ikasi zuen Yesus an zala, eta yoan ziran, ez Yesusengatik bakarrik, baita onek illen artetik piztutako Lazaro ikusteagatik ere. Apaiz-nausiak berriz Lazaro ere illarazteko asmoa artu zuten, yudu asko yoaten baitziran arengatik Yesusengana ta siñesten zuten arengan.

 

 

140.— Erreñotz-abarrak (erramuak)

(Mt. XXI, 1-9; Mc. XI, 1-10; Lc. XIX, 29-40; Io. XII, 12-19)

 

        Biaramonean, Betaniara ta Betpagera, Olibadi deritzan mendira urbildu zanean, Yesusek bidali zituen bi ikasle ta esan zien: «Zoazte zuen aurrean dagon errixka ortara, eta an sartu orduko, arkituko duzue asteme bat loturik eta, arekin, oraño iñor gañean eseri etzaion astakume bat; aska zazue ta ekarri. Eta iñork galdegiten badizue: Zergatik askatzen duzue? onela erantzungo diozue: Yaunak orren bearra badu. Ta bereala utziko dizuete ekartzen».

        Guzi ori agitu zan, arako Profetak esandako ura bete zedin: «Esaiozue Siongo alabari: Orra, zure erregea badatorkizu gozo, asto gañean, uztarpeko abere baten ume dan astokoaren gañean eserita». (Zach. IX, 9-10).

        Yoan ziran beraz bidalitako ikasleak eta egin zuten Yesusek esan ziena. Arkitu zuten, arek esan bezela, astokoa zutik, ate aurrean loturik bide-gurutzean, ta askatu zuten. Askatzen ari zirala, yabeak esan zieten: «Zer dala ta askatzen duzue astokoa?». Aiek erantzun zieten, Yesusek agindu zienez: «Yaunak orren bearra badu». Ta ala utzi zieten.

        Eraman zituzten beraz astemea ta astokoa, beren soñekoak aien gañean yarri zituzten ta Yesus gañean eseri-arazi zuten, idatzia dagonez: «Ez beldur izan, Siongo alaba; orra, zure erregea badator, astakume gañean eserita».

        Bere ikasleak etzuten lenbizian au ulertu; baña gero Yesus ospatu zanean, oroitu ziran gauza oiek artaz idatzirik zeudela ta berek egin zizkiotela.

        Yai-egunerako etorri izan zan gizalde aundia, Yesus Yerusalemerako bidean zala ikasirik, atera zitzaion bidera; beren soñekoak edatzen zituzten ura zioan bidean, zuaitzetatik palmadarrak ebaki, ta guziak pozik asi ziran Yainkoa oiuka goraipatzen ikusitako arrigarriengatik, esanez:

 

        «Hosanna Dabiden semeari!

        Bedeinkatua Yainkoaren izenean datorrena,

        Israelgo erregea;

        Bedeinkatua orain datorren gure aita Dabiden yaurgoa;

        Pakea zeruan eta ospea goietan».

 

        Lazaro illobitik deitu ta illetatik berriz-piztu zuenean Yesusekin zegoen gizaldeak orrela goraipatzen zuen orain Yesus. Orrexegatik etorri zitzaion gizaldea bidera: ezaupide (mirari) ori egin zuela aditu zuelako.

        Farisauak ordea esan zioten elkarri: «Orra, ikusten duzue, ezer irabazten eztugula. Yende guzia atzetik dioakio». Eta yende artean zeuden Farisau batzuek esan zioten berari: «Maisua, mokoka (errixta) egiezu zere ikasleai». Berak erantzun zien: «Nik esaten dizuet: Baldin auek ixildu balitez, arriak oiu egingo lukete».

 

 

141.— Yesus negarrez... — Yauretxera sartzen da...

(Mt. XXI, 10-16; Mc. XI, 11; Lc. XIX, 41-46)

 

        Urbildu ta iria ikusi zuenean, negar egin zuen arengatik ta esan zuen: «Ai! ezagutzen bazenu, zure egun onetan, zure pakerako diran gauzak! Estalirik dagozkie ordea zure begiai. Etorriko zaizkitzu egunak, zure etsaiak arresiz inguratu, ertsi, alde guzietatik estutu egingo zaituztena; zu ta zugan diran zure semeak lurrera egotziko dituzte, eta eztute arria arriaren gañean utziko, zure ikuskatzearen eguna ezagutu eztuzulako».

        Eta Yerusalemera sartu zanean, iri guzia asaldatu zan ta zioten: «Nor da au?». Gizaldeak zioten: «Au da Yesus, Galileako Nazaret erriko Profeta».

        Eta sartu zan Yesus yauretxera. Eta an saldu-erosten ari ziranak aurtiki (bota) zituen, dirularien maiak eta saltzalen alkiak irauli zituen esanaz: «Idatzirik dago: Nere etxea otoitz-etxea da, zuek ordea lapur-zulo egin duzue». (Is. LVI, 7).

        Itsuak ta urgunak (maingiak) urreratu zitzaizkion yauretxean, ta sendatu zituen. Apaiz-nausi ta Farisauak, arek egindako mirariak ikusirik eta yauretxean «Hosanna Dabiden semeari» oiuka ari ziran aurrak entzunik, asarretu ziran ta esan zioten: «Aditzen al duzu, zer dioten oiek?».

        «Bai orixe, erantzun zien Yesusek. Ez al duzue egundaño irakurri: aurren ta bularrekoen agotik aterazi duzu zure goraipamena?». (Ps. VIII, 3).

 

 

142.— Kristok pikondoa madarikatzen —
Saltzaleak aurtikitzen

(Mt. XXI, 17-19; Mc. XI, 11-19; Lc. XIX, 47-49)

 

        Guziai begiraturik, antxe utzi zituen ta illunabarrean iritik atera zan kanpora, Betaniara, bere amabi lagunekin, ta an egin zuen gaua.

        Biaramon goizean Betaniatik atera ta irira zatozela, Yesus gosetu zan. Ikusi zuen urrundik bide-bazterrean pikondo bat, ostoz beterik; eta aratu zan, ezer atzematen ote zuen. Baña bertara zanean, ostoak besterik etzuen arkitu, etzan piku-aroa ta. Orduan mintzatu zitzaion esanez: «Egun-ta-beti eztedilla igandik arnaririk (fruturik) sortu, iñork ez dezala iri arnaririk yan». Bere ikasleak entzun zuten. Pikondoa igartu zan bereala.

        Gero yoan ziran Yerusalemera. Sartu zan yauretxera eta an saldu-erosten ari ziranak aurtiki zituen, dirularien maiak eta uso-saltzalen alkian irauli zituen. Eta etzuen uzten iñork ontzirik eraman zezan yauretxean barna.

        Eta irakasten zien esanez: «Ez al dago idatzirik: Nere etxea otoitz-etxea deituko da erri guzietan? Zuek ordea lapur-zulo egin duzue».

        Ori entzunik, Apaiz-nausi ta Lege-irakasleak ura nola galduko zuten billa zebiltzen, aren beldur baitziran, gizalde guzia aren irakaspenaz arriturik zegoelako. Arrastu zuenean, iritik irten zan. Eta egunero yauretxean irakasten ari izaten zan.

 

 

143.— Siñesteaz eta otoitz-egiteaz

(Mt. XXI, 20-22; Mc. XI, 20-26)

 

        Goizean goiz, pikondoaren ondotik igaro ziran, ta ura erroetaraño igartua zegoela ikusi zuten. Ikasleak, ori ikusi ta arriturik esan zioten: «Orra, bereala igartu da». Pedro ere oroitu zan ta esan zion: «Maisua, zuk madarikatu zenuen pikondoa igartu da».

        Yesusek erantzun zien: «Euzue Yainkoagango siñestea! Egiaz, nik esaten dizuet, siñesten baduzue eta zalantzarik ezpaduzue, eztuzue pikondo oni agitu zaiona bakarrik egingo. Baita ere, baldin norbaitek orrako mendi orri esan badezaio: Ken adi ortik eta itsasora alda adi, eta bere biotzean ezbaian egongabe siñesten badu bere esana gertatuko dala, alaxe egingo da.

        »Orregatik esaten dizuet: Etsirik zaudete, otoitzean eskatzen duzuen guzia artuko duzuela ta emango zaitzuela. Otoitz egitera zoaztenean, norbaiten aurka (kontra) zerbait baldin baduzue, barka zaiozue, zuen Aita zerukoak ere zuen pekatuak barka dezaizkizuen. Zuek barkatzen ezpaduzue, zuen Aita zerukoak ere eztizkizue barkatuko zuen pekatuak».

 

 

144.— Yesusek nondik du bere eskubidea?

(Mt. XXI, 23-27; Mc. XI, 27-XII, 1; Lc. XX, 1-8)

 

        Egun aietako batean yoan zan Yesus berriz Yerusalemera ta yauretxean sartu zan. Bazebillen yauretxean aruntz-onuntz, erriari irakasten eta berri-ona iragartzen. Orduan urbildu zitzaizkion Apaiz-nausi ta Lege-irakasleak ta erriko Zarrenak ta galdegin zioten:

        «Esaiguzu; zer eskubidez egiten dituzu gauza guziok? Edo nork eman dizu oiek egiteko eskubidea?».

        Yesusek erantzun zien onela: «Nik ere galde bat egingo dizuet; galde ori erantzuten badidazue, orduan nik ere esango dizuet, zer eskubidez egiten ditudan guziok. Yoanen bataioa nondikakoa zan, zerutikoa ala gizonengandikoa? Erantzun zaidazue».

        Aiek ordea gogoetan ari ziran beren artean: «Baldin zerutikoa zala erantzun badezagu, esango digu: Zergatik eztiozue bada siñetsi? Gizonengandikoa zala erantzun badezagu berriz, gizaldearen beldur gera. Erri osoak arrika egingo digu, guziak etsirik baitaude, Yoan profeta zala». Argatik erantzun zioten Yesusi: «Eztakigu».

        Orduan Yesusek esan zien: «Nik ere eztizuet bada esango zer eskubidez egiten ditudan gauza guziok».

        Gero berdintzetan itzegiten asi zitzaien.

 

 

145.— Bi semeen berdintza

(Mt. XXI, 28-32)

 

        «Zer deritzazue? Aita batek bazituen bi seme. Yoan zitzaion lenbizikoari ta esan zion: Seme, zoaz, lan egizu gaur mastian. Arek erantzun zion: Banoa, aita, baña etzan yoan.

        »Gero bigarrenari yoan zitzaion ta gauza-bera esan. Arek berriz erantzun zion: Eztut nai. Gero ordea damutu zitzaion ta yoan egin zan.

        »Bietako zeñek egin zuen bere aitaren naia?».

        «Bigarrenak», erantzun zioten.

        Orduan Yesusek esan zien: «Egiaz, nik diotsuet, zergariak eta emagalduak aurreratuko zaizkizue zeruko yaurgora (erreinura). Etorri zitzaizuen Yoan, zuzenbidea erakutsiz, eta zuek etzenioten siñetsi. Zergari ta emagalduak berriz bai siñetsi zioten. Zuek ikusi zenuten ori, baña etziñaten argatik damutu ta etzenioten siñetsi gero ere».

 

 

146.— Mastiko langille gaiztoen berdintza

(Mt. XXI, 33-46; Mc. XII, 1-12; Lc. XX, 9-19)

 

        «Entzun beste berdintza bat. Etxeko nausi batek masti bat landatu zuen; esiz inguratu, artan dolare bat sakondu ta dorre bat goratu zuen. Gero langille batzuei akuran eman zien ta bera urruti yoan zan luzaroko. Mats-biltzeko garaia iritxi zanean, bidali zien mastizaiei bere mirabe bat, aiengandik matsaren saria yasotzera. Aiek ordea mirabe ura lotu ta zanpatu ondoan, esku utsik atzera bidali zuten.

        »Orduan beste mirabe bat igorri zien. Au ere yo zuten, arrika egin zioten, buruan yo zuten ta irañez, (itz gaiztoz) ase ondoan, esku utsik bidali zuten.

        »Irugarren mirabe bat ere bidali zien. Ta ura berdin yo ta egotzi ta il egin zuten. Beste mirabe asko, lengoak baño geiago, bidali zizkien. Baña guziai berdin egin zieten: Batzuek yo, besteak il.

        »Masti-yabeak esan zuen: Zer egingo dut? Nere seme maitea bidaliko diet; au ikusi ta lotsa izango diote agian. Ta alaxe egin zuen. Guziz maite zuen seme bat izaki oraño ta ura bidali zien azkenean.

        »Mastizaiak ordea, semea ikusirik, gogoratu zuten beren baitan ta elkarri esan ere bai: Auxe da yabegaia; atozte, il dezagun ta guretzat izango da orren yarauntsia (ondorea). Atxillotu zuten beraz, mastitik kanpora egotzi ta il zuten.

        Masti-yabea etorri dedinean, zer egingo die mastizai aiei?».

        Erantzun zioten: «Gizon tzar aiek tzarki illaraziko ditu, ta beste langille batzuei, bere garaian matsaren saria ordainduko dioten langille batzuei emango die bere mastia».

        «Baiki», esan zien Yesusek, «maistar aiek galduko ditu ta mastia beste batzuei emango die».

        Aiek, ori entzunik, esan zioten: «Ez al da olakorik agituko (gertatuko)».

        Yesusek begiratu ta esan zien: «Ez al duzue bada irakurri arako idatzirik dagon ura (Ps. CXVII, 12):

 

                Etxagiñak iraitzitako (botatako) arria

                orixe egin izan da zoko-arri?

                Yainkoak egin du ori

                ta arrigarri da gure begietan.

 

        »Orregatik esaten dizuet: Kenduko zaitzue Yainkoaren yaurgoa (erreinua) ta zuzeneko arnariak (frutuak) egiten dituen erri bati emango zaio. Arri onen gañera erortzen dana puskatzen da; arri au gañera erortzen zaiona berriz zapaldurik gelditzen da».

        Apaiz-nausi ta Lege irakasle ta Farisauak, aren berdintza oiek entzunik, ezagutu zuten berentzat esan zituela. Orregatik atxitu ta lotu nai zuten, baña gizaldearen beldur ziran, guziak Profetatzat zedukaten ta.

 

 

147.— Ezteiliarren berdintza

(Mt. XXII, 1-14)

 

        Berriz ere mintzatu zitzaien Yesus berdintzetan ta esan zien:

        «Bere semeari ezteiak egin zizkion errege bat iduri du zeruko yaurgoak. Errege arek bidali zituen bere mirabeak, ezteiliarrak deitzera, aiek ordea etzuten etorri nai izan.

        »Beste mirabe batzuek ere igorri zituen agindu onekin: Zoazte, esaiezue ezteiliarrei: Ona emen, nere oturuntza gertu dago, zezenak ta azienda gizenduak il ditut, guzia gertu dago. Atozte ezteietara.

        »Aiek ordea etziran ortaz axolatu ta aldegin zuten, batek bere bazterr-etxera, besteak bere garatzera (irabazbidera). Besteak berriz aren mirabeak atxitu ta irañez ase ondoan il egin zituzten.

        »Erregea asarretu zan ori entzunik, eta bere gudamutil-taldeak bidalirik galdu zituen gizon-iltzale aiek eta beren iria kixkali zuen. Gero esan zien bere mirabeai: Eztei-oturuntza gertu dago, baña deiturik zeuden ezteiliarrak eztira merezidun. Zoazte beraz bide zabal oietara, eta arkitzen dituzuen guziak dei itzazue ezteietara.

        »Yoan ziran mirabeak, eta bildu zituzten arkitu-alako guziak, onak eta gaiztoak. Orrela maikidez bete zan ezteigela.

        »Sartu zan erregea, maikideak ikustera; eta eztei-yantzirik gabe zegon gizon bat arkitu zuen. Ta esan zion: Adiskide, nola sartu aiz onera, eztei-yantzirik gabe? Arek etzion tutik erantzun. Orduan erregeak esan zien bere mirabeai: «Lotu zaizkiozue esku-oñak eta kanpoko illunbe oietara egotzi (bota) zazue. Or izango da marraska ta ortz-karraska.

        »Asko baitira deituak, gutxi ordea autatuak».

 

 

148.— Farisau ta Herodetarrak Yesus zirikatzen

(Mt. XXII, 15-22; Mc. XII, 12-17; Lc. XX, 20-25)

 

        Orduan ura an utzi ta, yoan ziran Farisauak ta elkar aditu zuten, Yesus bere itzetan atxitzeko (arrapatzeko). Zorrozki zaintzen zuten, ta beren ikasle batzuek ta Herodetar zenbait bidali zizkioten barrandari (zelatari), gizon zintzoak ziralako itxura egin ta bere itzetan atxitu zezaten, orrela Yesus agintarien ta yaurlearen eskuetan yartzeko.

        Yoan zitzaizkion bada ta onela galdegin zioten: «Maisua, badakigu egiatia zerala, zuzenki itzegiten ta irakasten duzula ta eztuzula iñortaz axolarik, ezpaituzu gizonen aurpegira begiratzen ta Yainkoaganako bidea egiaz erakusten baituzu. Esaiguzu bada zer deritzaizun: Kaisar'i zerga ematea zillegi (libre) al zaigu, bai ala ez?».

        Yesusek ezagutu zuen aien maltzurkeria ta esan zien: «Itxuratiak, zergatik zirikatzen nauzue? Erakutsi zaidazue zerga-diru bat, ekarri denario bat ikusi dezadan». Ekarri zioten bada denarioa ta Yesusek esan zien: «Noren aintzura ta idazkia dauka orrek?».

        «Kaisar'ena», erantzun zioten.

        Orduan Yesusek esan zien: «Emaiozue beraz Kaisar'i dagokiona Kaisar'i, ta Yainkoari dagokiona Yainkoari».

        Etzuten itz batean ere arrapatu al izan erriraen aurrean, eta aren erantzunaz arriturik, ixildu ziran. Gero Yesus an utzi ta aldegin zuten.

 

 

149.— Sadukearrak Yesus zirikatzen

(Mt. XXII, 23-33; Mc. XII, 18-27; Lc. XX, 27-40)

 

        Egun bereartan, berriz-pizterik eztala uste duten Sadukear batzuek urbildu zitzaizkion ta galdegin zioten: «Moisek auxe agindu zigun: Norbaiten anaia aurrik izan gabe il ta bere emaztea uzten badu, bere anaiak artu dezala aren emaztea ta bere anaiari ondorea sortu dezaiola.

        »Baziran bada gure artean zazpi anai; lenbizikoa ezkondu zan, baña umerik izan gabe il zan ta bere emaztea bere anaiari utzi zion. Bigarrenak artu zuen emaztea, baña ura ere il zan umerik utzi gabe. Berdin irugarrenak eta beste guziak artu zuten emazte bera, ta zazpiak il ziran umerik izan gabe. Guzien azkena il zan emaztea ere.

        »Geroztik, guziak berriz-piztuko diranean, zazpietako zeñen emazte izango da andre ura? Zazpien emaztea izan zan ta».

        Yesusek erantzun zien: «Ez al zabiltzate gero oker, ez Idazkiak ez Yainkoaren indarra ezagutzen eztuzuelako? Illen artetik piztuko diranean, eztira senartuko ezta ere ezkonduko, zeruan Yainkoaren Aingeruen antzekoak izango dira.

        »Mundu onetako umeak senartzen ta ezkontzen dira. Baña beste munduaren ta illen artetiko berriz-piztearen gai izango diranak, eztira ezkonduko ez emazterik artuko, ezin il baititezke; Aingeruekin berdin ta Yainkoaren ume dira, berriz-piztearen umeak diran ezkero.

        »Illak berriz-pizten dirala ordea Moisek ere erakutsi du. Ez al duzue bada irakurri Moisen liburuan, sasiaz mintzo dan alde artan, nola esan zion Yainkoak: Ni naiz Abrahamen Yainkoa, Isaaken Yainkoa ta Yakoben Yainkoa? Ezta ordea illen Yainkoa, biziena bizik; arentzat guziak bizi dira ta. Oso oker zaudete beraz».

        Orduan Lege-irakasletako batzuek esan zioten: «Maisua, ederki mintzatu zera». Eta etziran ausartzen ari beste galderik egitera.

        Ori entzuten zuten gizaldeak arriturik zeuden aren irakaspenaz.

 

 

150.— Legeko agindurik aundiena zein da?

(Mt. XXII, 34-40; Mc. XII, 28-34)

 

        Farisauak, Sadukearrak ixil-arazi zituela ikusirik, elkarrengana bildu ziran. Eta aien arteko Lege-irakasle bat, Yesusek Sadukearrekin izan zuen eztabaida aditu zuen bat urbildu zitzaion, eta aiei ederki erantzun ziela oarturik, galdegin zion zirikatuz:

        «Maisua, zein da legeko agindurik aundiena ta lenena?»

        Yesusek erantzun zion: «Legeko agindu lenena auxe da: Entzun, Israel: zure Yainko Yauna Yainko bakarra da. Maita zazu zere Yainko Yauna zere biotz guziaz, zere anima guziaz, zere gogo guziaz ta zere indar guziaz. Orixe da agindurik aundiena ta lenena. Bigarrena berriz orren antzekoa da: Zure urko-laguna maita zazu zere burua bezala. Auek baño agindu aundiagorik eztago. Bi agindu oietan datza lege guzia, eta bai Profetak ere».

        Lege-irakasleak esan zion: «Ederki, Maisua, ongi esan duzu Yainko bat bakarra dala ta artaz landara eztala besterik, eta Bera maite izan bear dugula biotz guziaz, gogo guziaz, ta indar guziaz, eta urko-laguna geren burua bezala maite izan bear dugula; erre-opari eta beste opari guziak baño obe da ori».

        Yesusek, orren zuurki erantzun ziola ikusirik, esan zion: «Etzaude urrun Yainkoaren yaurgotik (erreinutik)».

 

 

151.— Kristo Dabiden semea nola?

(Mt. XXII, 41-46; Mc. XII, 34-37; Lc. XX, 41-44)

 

        Farisauak bildurik zeudela, galdegin zien Yesusek: «Zer uste duzue Mesiari buruz? Noren semea da?».

        «Dabidena», erantzun zioten.

        Eta Yesus Yauretxean irakasten ari zala, esan zuen: «Nola diote Lege-irakasleak, Mesia Dabiden seme dala? Dabid berak, Ats Sanduak eragiñik, bere Yaun deitzen baitu Salmoen liburuan, diolarik:

                Yaunak diotsa nere Yaunari:

                Eseri zaite nere eskui aldean,

                nik sure etsaiak yarri arte

                zure oinpeko alki.

        »Geroz, Dabidek bere Yaun deitzen badu, nola da aren seme?».

        Iñork etzezaioken itzik erantzun. Eta egun ura ezkero, iñor etzan ausartzen ari galderik egitera.

        Yende guziak gogoz aditzen zion.

 

 

152.— Begira Lege-irakaslengandik!

(Mt. XXIII, 1-12; Mc. XII, 38-40; Lc. XX, 45-47)

 

        Orduan Yesus mintzatu zitzaien gizaldeai ta bere ikasleai; erri guziak entzuten zuela esan zien bere irakaspidean:

        «Begirauzue Lege-irakaslengandik! Lege-irakasle ta Farisauak Moiseren irakastalkian eseri dira. Esaten dizueten guzia egizue ta bete zazue; aiek egiten dutena ordea etzazue egin; oiek esan bai egiten baitute, ez ordea egin.

        »Zama astun ezin-yaso-alakoak lotu ta gizonai soñean yartzen dizkiete, berak berriz beatz batez ere eztituzte goratu nai. Beren lan guziak egiten dituzte, gizonek ikusi ditzaten; larru-xerrenda zabalak eta soñeko-lits luzeak dituzte, oturuntzetan lenengo etzauntzak ta sinagogetan lenengo alkiak atsegin dituzte. Nai dute karrikan agur egin dakien ta gizonek Maisu-izena eman dezaieten.

        »Zuek ordea eztuzue Maisu-izenik artu bear, bat bakarra baita zuen Maisua, zuek berriz guziok senideak zerate. Orobat zuetako iñor ez deitu Aita lurrean, bat bakarra baita zuen Aita: zeruan dagoena. Irakasle-izenik ere ez artu, bat bakarra baita zuen irakaslea: Kristo. Zuen arteko aundiena zuen morroi izan bedi. Goratzen dana beeratuko baita, ta beeratzen dana goratuko.

        »Aiek iresten dituzte andre alargunen ondasunak, ta ordañez otoitz luzeak egiten dituzte itxuraz. Oietxek izango dute zigorradarik gogorrena».

 

 

153.— Ai zuei, Lege-irakasle ta Farisauoi!

(Mt. XXIII, 13-39)

 

        «Ai zuei, Lege-irakasle ta Farisau itxuratioi! Gizonei zeruko yaurgoa itxi egiten diezue. Zerok etzerate sartzen ta sartu nai dutenai eztiezue uzten.

        »Ai zuei, Lege-irakasle ta Farisau itxuratioi! Andre alargunen ondasunak iresten dituzue, itxuraz otoitz luzeak egiñez; orregatik epai gogorragoa izango duzue.

        »Ai zuei, Lege-irakasle ta Farisau itxuratioi! Itsasoa ta legorra inguratzen dituzue, zuen fedekide bakar bat biltzeko; eta bildu duzuenean, suleze-kume egiten duzue, zerok baño zazpi aldiz gaixtoagoa.

        »Ai zuei, aurrendari (gidari) itsuoi! zuek diozue: Iñork yauretxeaz zin-egiten, juramentu, egiten, badu, eztu balio; baño yauretxeko urreaz zin-egiten badu, zor du. Zoro ta itsuak, zer da aundiago: urrea, ala urre ori sandutzen duen yauretxea? Gañera: Iñork aldareaz zin-egiten badu, eztu balio; baña aldare gañean dagon opariaz zin-egiten badu, zor du. Itsuak, zer da aundiago: oparia (emaitza), ala opari ori sandutzen duen aldarea? Geroztik, aldareaz zin-dagienak, zin dagi artaz ta artan bizi danaz. Zeruaz zin dagienak zin-dagi Yainkoaren alkiaz eta artan eseririk dagoenaz.

        »Ai zuei, Lege-irakasle ta Farisau itxuratioi! Zuek mendaren ta anetaren ta kuminoaren amarrenak ematen dituzue; baña utzi egin dituzue legean diran gauzarik nausienok: zuzentasuna, errukia ta zintzotasuna. Gauza auek egin bear ziran, ta besteak ez utzi egin gabe. Aurrendari itsuak, eltxoa iragazten duzue, ta kamelua berriz iresten.

        »Ai zuei, Lege-irakasle ta Farisau itxuratioi! Edal-ontzi ta erratilluaren kanpoko-aldea garbitzen duzue: barnetik ordea lapurkeriz ta lizunkeriz beteak zaudete. Farisau itsua, garbi zak leenik ontziaren ta erratilluaren barnealdea, ta orduan garbituko duk kanpo-aldea ere.

        »Ai zuei, Lege-irakasle ta Farisau itxuratioi! Il-obi zurituak dirudizue; ill-obi oiek kanpotik eder ematen dute, barnean ordea il-ezur ta loikeriz beteak daude. Zuek ere kanpotik zuzentsu-itxura egiten duzue gizonen aurrean, barnean ordea saldukeriz ta tzarkeriz beteak zaudete.

        »Ai zuei, Lege-irakasle ta Farisau itxuratioi! Zuek eraikitzen dituzue Profeten il-obiak, ta zuzentsuen oroikarriak apaintzen; ta esaten duzue: Gure arbasoen (aurrekoen) aldian bizi izan bagiña, ez giñan aiekin kutsatuko Profeten odolean. Orrela zerok aitortzen duzue, Profeta-iltzale aien semeak zeratela. Bete zazue bada zuen aiten neurria. Suge ta larrasuge-kumeak, nola iges-egingo diozue sulezerako epaiari?

        »Orregatik begira: Nik bidaltzen dizkizuet profetak eta yakintsuak eta lege-irakasleak. Zuek oietako batzuek il ta gurutzean yosi egingo dituzue, beste batzuek zuen sinagogetan azorriz yo ta erri batetik bestera yazarri. Orrela etorriko da zuen gañera lurrean obenik gabe isuri dan odol guzia: Abel zuzentsuaren odoletik asi ta Barakiaren seme Zakaria, zuek yauretxe ta aldare artean il zenutenaren odoleraño. Egiaz, nik diotsuet, guzi ori etorriko da gizaldi onen gañera.

        »Yerusalem, Yerusalem! Zuk iltzen dituzu Profetak eta arrika egiten diezu zugana bidaliai. Zenbat aldiz bildu nai izan ditut zure aurrak, olloak bere txitoak egalpean biltzen dituen bezela; zuk ordea eztuzu nai izan. Orra bada, bertanbera utzia geldituko da zuen etxea.

        »Nik esaten dizuet: gaurgeroz ez nauzue ikusiko, arik-eta auxe esan dezazuen arte:

        »Biz bedeinkatua Yainkoaren izenean datorrena».

 

 

154.— Andre alargunaren emaitza

(Mc. XII, 41-44; Lc. XXI, 1-4)

 

        Gero eseri zan Yesus diru-kutxaren aurkaz-aurka, eta begira zegon, yendeak nola egozten zuen dirua diru-kutxara. Aberats askok dirua ugari egozten zuten. Andre alargun beartsu batere etorri zan ta bi loben (marai erdi bat gutxi gora-bera) egotzi zituen.

        Yesusek beregana deitu zituen bere ikasleak eta esan zien: «Egiaz, nik diotsuet, andre alargun beartsu orrek, diru-kutxara egotzi duten beste guziak baño geiago egotzi du. Beste guziak gaindizka zutenetik eman dute Yainkoaren emaitzatako; andre onek berriz berak bear zuena, zuen guzia, bizitzeko bear zuen guzia eman du».

 

 

155.— Yauretxea ondatuko da

(Mt. XXIV, 1-2; Mc. XIII, 1-2; Lc. XXI, 5-6)

 

        Gero atera zan Yesus yauretxetik eta aldegin zuen. Orduan urbildu zitzaizkion bere ikasleak eta erakutsi zizkioten yauretxeko etxagintzak. Aietako batek esan zion: «Maisua, begira nolako arriak ta nolako etxagintzak, nolako arri ederrez ta emaitzez apaindurik dagon yauretxe ori».

        Yesusek erantzun zien: «Ikusten al duzue guzi ori? Egiaz, nik diotsuet, ezta or arri bat bestearen gañean geldituko, guzia irauliko da».

 

 

156.— Kristo noiz etorriko berriz? —
Munduaren azkena noiz izango?

(Mt. XXIV, 3-8; Mc. XIII, 3-8; Lc. XXI, 7-11)

 

        Andik laster, Olibadi-mendian yauretxearen aurkaz-aurka eserita zegoela, urbildu zitzaizkion bere ikasleak; eta Pedro, Yakobo, Yoan ta Andreak berex galdegin zioten:

        «Maisua, esaiguzu, noiz agituko dira guzi oiek? Eta guzi ori agitzen asi bear dalako ezaupidea zein izango da? Zein zure etortzearen ta mundu onen amaiaren ezaupidea?».

        Yesusek onela erantzun zien: «Begira gero, etzaitzaten iñork okerbideratu. Asko etorriko baitira nere izenean eta esango dute: Ni naiz Kristo, aldia etorri da. Eta lagun asko okerbiderako dituzte, Zuek bada ez yoan aien ondotik.

        »Guduen ta gudu-otsen berri adituko duzue, ta orduan ez beldur izan, ez izutu; ori agitu bear da aurrena, baña oraindik ezta amaia (azkena)».

        Gero esan zien: «Erri bat bestearen aurka, yaurgo bat bestearen aurka yaikiko dira. Lur-ikara aundiak, izurriteak, goseteak izango dira bazterretan, izukariak ta ezaupide gaitzak zeruan. Guzi ori miñen asiera besterik ezta».

 

 

157.— Yazarriko zaizkizue...

(Mt. XXIV, 9-14; Mc. XIII, 9-13; Lc. XXI, 12-19)

 

        «Ori agitu baño lenago, esturan yarriko zaituztee. Eskuak egotziko dizkitzuete, yazarriko zaizkizue, sinagoga ta baitegietan sartu ta azorriz yoko zaituztee, errege ta agintarien aurrera eramango zaituztee nere izenagatik, aien aurrean aitor-egin dezazuen.

        »Olakoak agitzen zaizkizuenean, ez egon kezketan ta ez aurretik gogoratzen ibilli, zer esango duzuen, zer erantzungo duzuen; ordu artantxe burutara ematen zaitzuena, orixe esazue. Zuen etsai guziak ezin yarki ta ezin gogor egingo dioten bezelako mintzoa eta zuurtzia emango dizuet nik orduan. Ezpaitzerate zuek mintzo. Ats Sandua baizik.

        »Orduan lagun asko okertuko dira siñestean, elkarri iruzur-egin ta gorroto izango diote. Anaiak anaia ta aitak bere umea eriotzaren mendean yarriko dute; umeak yaikiko dira gurasoen aurka ta ill-araziko dituzte. Bai, zeron guraso ta senide ta aide ta adiskideak iruzur-egingo dizuete ta zuetako asko il egingo dituzte. Guziak iguinduko zaituztee nere izenagatik; baña zuen buruko ille bat ere ezta galduko. Azkar yasanez, gaizkatuko dituzue zuen animak.

        »Sasi-profeta asko azalduko dira, ta lagun asko okerbiderako dituzte. Gaixtakeria nausi dalako, askoren maitasuna oztuko da. Baña azkeneraño sendo irauten duena, orixe gaizkatuko da.

        »Eta leenik yaurgoaren Berri-on au mundu guzian predikatuko da erri guzien aitorreratzat; orduantxe etorriko da azkena».

 

 

158.— Asperkunde (mendekio)-egunak

(Mt. XXIV, 15-22; Mc. XIII, 14-20; Lc. XXI, 20-24)

 

        «Yerusalem gudamutil-taldez inguraturik ikusiko duzuenean, yakizue orduan aren ondamena bertan dala. Daniel Profetak esandako ondamenaren nazka bear eztan lekuan, toki sanduan dagoela ikusi dezazuenean, (irakurleak gogo-eman dezala!), orduan Yudean diranak bioaz igesi mendira, eta etxe-gaindegian dana ez bedi bere etxera sartu zerbait artzera; eta alorrean (soroan) dagona ez bedi atzera etorri bere soñekoa artzera.

        »Irian diranak aldegin dezatela, baserrietan diranak ez ditezela errira sartu; oiek baitira asperkunde-egunak, idatzirik dagon guzia beteko baita orduan. Ai egun aietan aurdun diranai ta bularra ematen dutenai! Otoitz egizue, zuen igesa neguan edo larunbatean agitu eztedin.

        »Yainkoak egindako mundu au asiezkero izan eztiran ta izango ere eztiran bezelako estura-larriak izango dira orduan. Ertxidura gaitza etorriko da lurralde guzi onetara, ta asarrea erri onen gañera. Batzuek ezpata-agoz yo ta eroriko dira, beste batzuek loturik eramango dituzte arrotz-erri guzietara ta Yerusalem oinkatuko dute atzerritarrak, atzerrien aldia igaro arte.

        »Yainkoak egun aiek laburtu ezpalitu, gizon bakar bat ere ezlitzake gaizkatuko (bizirik aterako). Baña Berak berexi dituen autetsiengatik laburtuko ditu egun aiek».

 

 

159.— Gezurrezko kristo ta gezurrezko profetak

(Mt. XXIV, 23-28; Mc. XIII, 21-23)

 

        «Orduan iñork esan badezaizue: Ona emen da Kristo, edo: Ara an da Kristo, ez siñetsi. Sasi-kristo ta sasi-profeta asko azalduko baitira, ezaupide ta mirari aundiak egingo dituzte, autetsiak berak, al baliteke, okerbidez eramateko erakoak. Orra bada, nik esan dizuet aldeaurretik.

        »Esaten badizuete beraz: Ara, basalekuan da, ez yoan ara; Ara etxe barrenean da, ez siñetsi. Tximista eguzki-aldean azaldu ta sartalderaño ageri dan bezela, Gizasemearen etorrera ere olaxe izango da. Sarraskia (gorputz-illa) dagon lekura biltzen dira arranoak».

 

 

160.— Gizasemearen azken etorrera

(Mt. XXIV, 29-31; Mc. XIII, 24-27; Lc. XXI, 25-28)

 

        «Egun aietako esturen ondotik, belaxe izango dira ezaupideak eguzkian ta illargian ta izarretan. Eguzkia illundukoa da, illargiak eztu bere argirik emango, izarrak zerutik eroriko dira ta zeruko indarrak asiko dira kolokan. Lurrean naspilla ta larritasun aundia sortuko da yenden artean, itsaso-ugiñen orruak dirala bide. Lubil (lur-bira) guziari etorri bear zaizkion gauzen begira, beldurrez igartuko dira gizonak, zeruko indarrak, izarrak, ere kolokan asiko dira ta.

        »Orduan agertuko da zeruan Gizasemearen ezaupidea; lurreko gizeli (erri) guziak marraska egingo dute, eta ikusiko dute Gizasemea ospe ta indar aundirekin zeruko odeietan datorrela. Bere aingeruak bidaliko ditu turut-ots ozenekin, ta bilduko dituzte aren autetsiak lau-aldetatik, zeru-aieka batetik besteraño.

        »Gauza auek agitzen asten diranean, begira zazue ta zuen buruak goratu; urbil da zuen berrerospena».

 

 

161.— Eguna ta ordua noiz?

(Mt. XXIV, 32-36; Mc. XIII, 28-32; Lc. XXI, 29-33)

 

        Berdintza au esan zien: «Ikas zazue pikondoaren berdintza. Begira pikondoa ta gañerako zuaitzak. Aien adarrak samurtu ta ostoak sortu ta ernamintzen diranean, uda urbil dala badakizue. Bereolaxe bada, gauza guzi oiek agitzen dirala ikusten duzuenean, yakizue Gizasemea urbil atarian dagola, Yainkoaren yaurgoa urbil dala.

        »Egiaz, nik diotsuet; Gizaldi au ezta suntsituko (ondatuko), guzi ori agitu arte. Zeru-lurrak ondatuko dira, nere itzak berriz eztira ondatuko.

        »Egun eta ordu artaz iñork eztaki ezer, ez zeruko aingeruak, ez semeak ere, Aitak bakarrik baizik».

 

 

162.— Noeren egunetan bezela...

(Mt. XXIV, 37-41)

 

        «Noeren egunetan bezela agituko da Gizasemearen etorreran ere. Ugolde aurreko egunetan, yendeak yaten eta edaten zuten, senartzen ta ezkontzen ziran, arik eta Noe kutxara sartu zan egunera arte; eta etziran zentzatu, ugoldea etorri eta guziak atxitu zituen arte. Orrelaxe izango da Gizasemearen etorreran ere.

        »Orduan bi lagun egongo dira alorrean (soroan); bat artuko da, ta bestea utziko. Bi emakume ariko dira eieran (errotan) eiotzen; bat artuko da, bestea an utziko».

 

 

163.— Erne egon bada

(Mt. XXIV, 42; Mc. XIII, 35-37; Lc. XXI, 34-36)

 

        «Begira gero, ez gero zuen biotzak yan-edanez ta ordikeriaz ta lurreko kezkaz astundu, egun ura ustekabean etorri eztakizuen, xedera (lakio) bat bezela; lubil osoan bizi diran guziai etorriko zaie ta. Erne egon bada ta otoitz egin beti, etortzeko diran gauza oiei iges-egin ta gizasemearen aurrean agertzeko gai izan zaitezten.

        »Begira gero, erne egon ta otoitz egin, aldia noiz dan eztakizue ta. urrutira yoateko bere etxetik aldegin zuen gizon batek bezela; eskubide osoa eman zien bere mirabeai, bakoitzari bere eginbearra xedatu (berexi) zion, eta atezaiari erne egoteko esan zion. Erne egon beraz, ezpaitakizue zein ordutan etorriko dan etxeko nausia, illunabarrean ala gauerdian, ala ollarrietan ala goizean. Ustekabean etorri ta lo zaudetla arrapatu zentzakete. Zuei diotsuedana, guziai diotset: Erne egon».

 

 

164.— Berriz ere erne egon — Berdintzak

(Mt. XXIV, 43-XXV, 1-30)

 

        «Gogora zazue: baldin etxeko nausiak baleki, lapurra zer ordutan etorriko zaion, erne legoke noski ta ezluke bere etxea zulatzera utziko. Zuek erne egon bada, Gizasemea zer ordutan etorriko dan eztakizue ta.

        »Nor ote da morroi zintzo ta zuurra, bere nausiak bere etxadiaren gain yarri duena, bear dan aldian yatekoa eman dezaien? zorionekoa morroi ura, baldin bere nausiak, etxera etortzean, ori egiten ari dala arkitzen badu. Egiaz, nik diotsuet, bere ondasun guzien gain yarriko du.

        »Baña morroi ura gaixtoa bada ta bere baitan esan badeza: Nere nausiak luzatzen du etortzea; eta bere morroi-kideak yotzen ta mozkorrekin yan-edaten asi badadi, etorriko da morroi orren nausia berak uste eztuen egunean ta berak eztakien orduan; ta erdibituko du, ta itxuratien artean berexiko dio bere tokia; antxe izango da marraska ta ortz-karraska».

        Amar neskatxen berdintza. «Beren argiontziak artu ta senar-emaztegaiaren bidera atera ziran amar neskatxen irudikoa izango da orduan zeruko yaurgoa. Aietako bost zoroak ziran, ta beste bostak zuurrak.

        »Bost zoroak beren argiontziak artu zituzten, oliorik ordea etzuten artu. Zuurrak berriz argiontziekin batean artu zuten olioa ere beren oliontzietan.

        »Senargaiak luzatzen baitzuen etortzea, neskatxa guziak logaletu ta geroenean lokartu egin ziran. Baña gau-erdian oiu bat aditu zan: Orra, badator senargaia, zoazte aren bidera. Orduan yaiki ziran neskatxa guzi aiek eta beren argiontziak xuxendu zituzten.

        »Baña zoroak esan zieten zuurrai: «Iguzue zuen olio ortatik, gure argiontziak itzaltzen dira ta.

        »Zuurrak erantzun zieten: «Oberenean ezta naikoa izango guretzat eta zuentzat; obe de saltzalengana yoan ta erosi egiten baduzue.

        »Aiek erostera yoan ziran bitartean, etorri zan senargaia, ta gertu zeudenak sartu ziran arekin ezteietara ta atea itxi zan.

        »Geroago etorri ziran gañerako neskatxak ere ta esan zuten: «Yauna, Yauna, idiki zaiguzu.

        »Arek ordea erantzun zien: «Egiaz, nik diotsuet, etzaituztet ezagutzen.

        »Erne egon beraz, ez eguna ta ez ordua eztakizue ta».

        Talentuen berdintza. «Urrutira yoan nai izan zuen gizon batekin agitu zana agituko da orduan. Deitu zituen bere morroiak eta bere ondasunak aiei eman zizkien. Bati eman zizkion bost talentu, besteari bi, besteari bat, bakoitzari bere eskuantzearen ariora. Gero aldegin zuen.

        »Bost talentu artu zituena yoan zan, garatz-egin zuen aiekin ta beste bost irabazi zituen. Bi talentu artu zituenak orobat beste bi irabazi zituen. Talentu bat artu zuena berriz yoan zan ta lurrean zulo ba egiñik, an ortzi (gorde) zuen bere nausiaren dirua.

        »Andik aldi luzearen ondoan itzuli zan morroi aien nausia, ta aiekin kontuak garbitzen asi zan. Urbildu zitzaion bost talentu artu zituena, beste bost talentu eskañi zizkion ta esan zion: «Yauna, bost talentu eskuratu zenizkidan; ona emen, beste bost talentu irabazi dizkizut.

        »Bere nausiak esan zion: «Ots, morroi on ta zintzoa, gauza gutxietan zintzo izan zeralako, gauza askoren gain yarriko zaitut. Sar zaite zure nausiaren pozera.

        »Urbildu zitzaion bi talentu artu zituena ere ta esan zion: «Yauna, bi talentu eskuratu zenizkidan; ona emen, beste bi irabazi ditut.

        »Ots, morroi on ta zintoa! esan zion nausiak; gauza txikietan zintzo izan zeralako, gauza askoren gain yarriko zaitut. Sar zaite zure nausiaren pozera.

        »Azkena urbildu zitzaion talentu bat artu zuena ta esan zion: «Yauna, badakit gizon gogorra zerala. Uzta-egiten duzu erein eztuzun tokian, ta biltzen duzu banatu eztuzun tokian. Orregatik beldurturik, yoan nintzan ta lurpean ortzi nuen zure talentua. Ona emen duzu zurea dana.

        »Orduan bere nausiak erantzun zion: «Morroi gixto ta alperra, ba-ekien nik erein eztudan tokian uzta-egiten dudala ta banatu eztudan tokian biltzen dudala? Orrexegatik ezarri bear uen nere dirua diru-maian (bankuan), ta nik, atzera etortzean, nere dirua obariekin yasoko nian. Ken zaiozue beraz talentu ori ta emaiozue amar talentu dituenari. Duen edozeñi emango baitzaio ta gaindizka izango du; eztuenari ordea duena ere kenduko zaio. Morroi alper ori kanpoko illunbetara egotzazue; an izango da marraska ta ortz-karraska.

 

 

165.— Azken-epaiketa (juizioa)

(Mt. XXV, 31-46)

 

        «Gizasemea bere ospean aingeru guzien erdian etorriko danean, eseriko da bere ospezko alkian. Aren aurrera bilduko dira gizenda (giza-arraza) guziak, eta berak elkarrengandik berexiko ditu, artzaiak bere ardiak akerretatik berexten dituen bezela. Ardiak bere eskui-aldean ta akerrak bere ezker-aldean yarriko ditu.

        »Orduan esango die erregeak bere eskui-aldekoai: «Atozte, nere aitaren bedeinkatuok, munduaren asieratik zuentzat gerturik dagoen yaurgoaz yabetu zaitezte; gose izan bainintzan, ta zuek yatera eman zenidaten, egarri nintzan, ta zuek edatera eman zenidaten, arrotza nintzan, ta zuek aterbea eman zenidaten, billutsik nengoen, ta yantzi ninduzuten, eri nintzan, ta ikertu ninduzueten, baitegian (kartzelan) nengoen, ta etorri zintzaizkidaten.

        »Orduan zuzentsuak galdegingo diote: Yauna, noiz ikusi zaitugu gosez, ta eman dizugu yatera; egarriz, ta eman dizugu edatera? Noiz ikusi zaitugu arrotz, ta eman dizugu aterbea; billutsik, ta yantzi zaitugu? Noiz ikusi zaitugu eri edo baitegian, ta yoan gatzaizkizu ikustera?

        »Erregeak erantzungo die: Egiaz, nik diotsuet, nere anai auetako txikienari egin diozuena, neroni egin didazue.

        »Gero esango die bere ezker-aldekoai ere: «Alde nigandik, madarikatuok, deabruarentzat eta bere aingeruentzat gerturik dagoen betiko sura; gose bainintzan, ta zuek etzenidaten yatera eman, egarri nintzan, ta etzenidaten edatera eman, arrotza nintzan, ta etzenidaten aterberik eman, billutsik nengoen, ta ez ninduzuten yantzi, eri ta baitegian egon nintzan, ta etziñaten etorri ikustera.

        »Aiek ere galdegingo diote orduan: «Yauna, noiz ikusi zaitugu gosez edo egarriz edo arrotz edo billutsik edo eri edo baitegian, eta eztizugu mirabe-egin?

        »Berak erantzungo die: «Egiaz, nik diotsuet, onako txikitxo auetako bati egin eztiozuena, nere ere eztidazue egin.

        »Eta auek betiko oñazetara yoango dira, zuzentsuak berriz betiko bizira».

 

 

166.— Yesus ta atzerritarrak — Yesusen mintzaldia

(Io. XII, 20-36)

 

        Yaiegunean Yainkoa yaurestera (adoratzera) igo ziranen artean baziran atzerritar batzuek. Oiek urbildu zitzaizkion Filipori (Galileako Betsaida-errikoa zan apostolu au) ta eske au egin zioten: «Yauna, guk Yesus ikusi nai genuke».

        Yoan zan Filipo, ta Andreari esan zion; Andreak eta Filipok berriz Yesusi esan zioten.

        Yesusek erantzun zien: «Gizasemea ospatu dedin ordua etorri da. Egiaz, egiaz, nik diotsuet, gari-alea lurrera erori ta il ezpadadi, bera bakarrik galditzen da; il badadi berriz, ale asko ekartzen ditu. Bere bizia maite duenak galtzen du; bere bizia mundu onetan iguin duenak berriz, betiko bizirako gordeko du.

        »Nere mirabe izan nai duena, betor nere ondotik; ta ni nagon tokian, nere mirabea ere antxe bego. Nere mirabe dana ospatuko du nere aitak. Orain nere anima nasirik dago, ta zer esango dut? aita, gaizka nazazu ordu onetatik? Baña ain zuzen ere, ortarako etorri naiz ordu onetara. Aita, ospa zazu zere izena».

        Orduan oiu bat egin zan zerutik: «Ospatu dut eta berriz ere ospatuko dut».

        An zegoen gizaldeak, oiu ori entzunik, ostots (trumoi) bat egin zuela uste zuen. Beste batzuek berriz zioten: «Aingeru bat mintzatu zaio».

        Yesusek ordea erantzun zien: «Oiu ori ezta neregatik egin, zuengatik baizik. Orain da munduaren epaiketa; orain mundu onen buruzagia kanpora egotziko da. Nik berriz, lurretik goratzen banaute, guziak neregana erakarriko ditut». Itz oietaz adierazi zuen, zer eriotzez il bearra zan.

        Gizaldeak erantzun zion: «Guk legean ikasi dugu, Mesia betiko biziko dala. Nola diozu bada zuk: Gizasemea gurutzean goratu bearra da? Nor da Gizaseme ori?».

        Yesusek erantzun zien: «Oraindik aldi-laburrez zuekin duzue argia. Zabiltzate, argia duzuen arte, illunbeak atxitu etzaitzaten; illunbetan dabillenak ezpaitaki nora dioan. Argia duzuen arte, siñetsi zazue argian, argiaren ume izan zaitezten».

        Itz oiek esandakoan, aldegin zuen Yesusek ta aien aurretik gorde egin zan.

 

 

167.— Yuduen siñesgogortasuna

(Io. XII,37-50; Lc. XXI, 37-38)

 

        Aien aurrean ainbeste mirari egin zituen-arren, etzuten arengan siñesten. Orrela bete zan Isaiaren esan ura (Is. LIII, 1):

 

        Yauna, nork siñesten du guri entzundakoa,

        nori agetu zaio Yaunaren besoa?

 

        Orregatik etzezaketen siñetsi, geiago ere esan baitzuen Isaiak:

 

        Arek itsutu ditu aien begiak

        ta aien biotzak gogortu,

        beren begiz ikusi eztezaten,

        beren biotzez ulertu eztezaten

        ta onera itzuli eztitezen

        ta sendatu eztitzadan.

 

        Au esan zuen Isaiak, aren ospea ikusi ta artaz mintzatu zanean.

        Alaz ere, aitzindarien arteko askok ere siñesten zuten arengan; baña Farisauen beldurrez etzuten agerian aitortzen, sinagogatik egotzi (bota) ez zitzaten. Yainkoagandiko ospea baño naiago izan zuten alegia gizonengandiko ospea.

        Yesusek berriz oiu egin ta esan zuen: «Nigan siñesten duenak eztu nigan siñesten ni bidali nauenagan, baizik; eta ni ikusten nauenak ni bidali nauena ikusten du. Ni argi-aintzu etorri naiz mundura, nigan siñesten duenik bat ere ibilli eztedin illunbetan.

        »Iñork nere itzak aditu bai, baña begiratzen (gordetzen) ezpaditu, nik eztut alakoa epaitzen (juzgatzen), ni ezpainaiz etorri mundua epaitera, mundua gaizkatzera baizik. Ni gutxietsi ta nere itzak ez artu egiten dituenak badu bere epailea: nik esan dudan itzak, orretxek epaituko du azken-egunean. Ni ezpainaiz nere baitatik mintzatu; ni bidali nauen Aitak agindu dit, zer esan ta zer erakutsi bear dudan. Badakit aren agindua betiko bizia dala. Geroztik, nik diodana nere Aitak agindu didan bezelaxe diot».

        Orrela ari izaten zan Yesus egunez, yauretxean irakasten; gauez berriz aldegiten zuen ta Olibadi deritzan mendian egoten zan. Goizean goiz gizalde guzia yauretxera biltzen zan ari entzutera.

 

 

168.— Yuduak Yesusen aurka elkar-artzen —
Yudaren egiunea (tratua)

(Mt. XXVI, 1-16; Mc. XIV, 1-11: Lc. XXII, 1-6)

 

        Orantza-gabeko ogien yai, Pazkoa deritzana urbilduz zioan, bi egunen buruan zan. Yesusek itzaldi oiek amaitu zituenean, esan zien bere ikasleai: «Badakizue bi egunen buruan Pazkoa dala, ta Gizasemea etsaien eskuetan yarriko dute, gurutzean yosteko».

        Orduan Apaiz nausi ta Lege-irakasle ta erriko Zarrenak bildu ziran Kaifa zeritzan Apaiz nausiaren yauregian, ta elkarrekin yarduki zuten, Yesus atzipez nola atxitu ta ilko zuten. Erriaren beldur ziran ordea ta argatik zioten: «Eztezagun yai-egunean egin, erriaren erdian matxinadaen bat sortu eztedin».

        Orduan Satan sartu zan izengoitiz Iskariote zeritzan Yudaren baitan; amabietako bat zan ori. Yoan zan bada Apaiz nausiengana, Yesus aiei saltzera.

        Esan zien: «Zer eman nai didazue, nik zuen eskuetan yartzen badut?». Ta itzegin zuen Apaiz-nausi ta agintariekin, zer bidez yarriko zuen Yesus aien eskuetan.

        Aiek poztu ziran berri ortaz eta dirua emango ziotela agindu zioten. Ogei ta amar zillar-diru eskañi zizkioten. Arek itzeman zuen, ta orduezkero Yesus zalapartarik gabe aien eskuetan yartzeko eskai (mugon) billa zebillen.

 

aurrekoa hurrengoa