www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Yesu Kristo gure Yaunaren bizia
Polikarpo Iraizozkoa
1934

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Yesu-Kristo gure Yaunaren bizia, Iraizoz'ko Polikarpo A. Neketako Ama-Birjiñaren Irarkola, 1934

 

 

aurrekoa hurrengoa

LENBIZIKO ZATIA:
Yesu-Kristoren Yaiotza ta Aurtzaroa

 

 

1.— Itzaurrea

(Lc. I, 1-4)

 

        Lagun asko saiatu izan dira gure artean gertatu diran gauzen berria ematen. Lenbizitik gertakari oien ikusle ta itzaren mirabe (irakasle) izan diranen esanez baliatu dira ortarako.

        Neri ere on iduritu zait, gertakari guzi oiek beren aiseratik zearo ezagutzen saiatu ondoan, zuretzat Teofilo guziz bikaña, lerro lerro idaztea. Orrela ezagutuko duzu irakatsi zaizkitzun berri oien zeaztasuna.

 

 

2.— Joan Bataiatzalearen sortzea

(Lc. I, 5-25)

 

        Yudeako errege Heroderen egunetan izan zan Zakaria izeneko apaiz bat, Abia'ren saillekoa; aren emaztea Aaron'en alabetakoa zan ta Elisabet zuen izena. Yaunaren aurrean zuzentsuak ziran biok, eta Yainkoaren lege ta aginduetan ibiltzen ziran utsik egin gabe. Aurrik etzuten ordea, Elisabet agorra zalako, ta biak urtetan aurreratuak.

        Bein Yaunaren aurrean apaiz-eginkizunak betetzen ari zan, bere saillaren txanda zalako. Apaizen oitura zanez, zotz-egin zuten, ta yauretxera sartu ta intzensua erretzeko zotza atera zitzaion. Erriko gizatalde guzia atarian zegoen otoitz egiñez intzentsu-orduan. Beingoan Yaunaren Aingeru bat agertu zitzaion intzentsu-aldarearen eskuin-aldean. Ura ikustean Zakaria izutu zan ta beldurrak artu zuen. Aingeruak ordea esan zion:

        «Ez beldur izan, Zakaria, zure otoitza aditu izan da; zure emazte Elisabet-ek sortuko dizu seme bat eta Yoan izena emango diozu. Pozgarri da atsegingarri izango da ori zuretzat, eta orren yaiotzeaz poztuko dira lagun asko, Yaunaren begietan aundia izango da ta. Ardo naiz beste mozkorgarririk eztu edango, ta bere amaren sabelean bertan Ats (espiritu) Sanduaz beteko da. Israeldar asko beren Yainko Yaunagana itzularaziko ditu, ta Yaun beraren aurrean yoango de Elia'ren atsaz ta indarraz, aiten biotzak aurrenganatzeko siñeskaitzak zuzentsuen zuurtziara ekartzeko ta orrela Yaunari gogo oneko erri bat apaintzeko».

        Zakariak esan zion Aingeruari: «Zertaz ezagutuko dut nik ori? Ni zarra naiz ta nere emaztea urtetan aurreratua». Aingeruak erantzun zion onela: «Gabriel, Yainkoaren aurrean nagoena nauzu ni, orain zuri itzegitera ta berri on au ematera bidalia. Eta bere aldian beteko diran nere itz auek siñetsi ez dituzulako, muturik egongo zera ta ezin itzegingo duzu, gauza auek gertatuko diran egunera arte».

        Bitartean erri guzia Zakaria'ren zain zegoen ta yauretxean luzatzen zuelako arritzen zan. Atera zanean, ezin itzegin zezaieken ta yauretxean ikuskarien bat ikusi zuela ezagutu zuten. Bera keñuka ari zitzaien ta muturik gelditu zan.

        Bere mirabetzako egunak bete ondoan, bere etxeratu zan. Egun aien buruan, aren emazte Elisabet'ek sortu zuen aur bat eta bost illabetez izkutuan egon zan, ziola: «Auxe egin dit Yaunak, gizonen arteko nere lotsabidea kentzea on iduritu zaionean».

 

 

3.— Kristoren sortzea

(Lc. I, 5-25)

 

        Andik seigarren illabetean, Yainkoak bidali zuen Gabriel Aingerua Galileako iri Nazaret zeritzan batera, Maria izeneko birjiña batengana. Au Dabid'en etxeko gizon Jose zeritzan batekin ezkontzeko itzemanik zegoen.

        Sartu zan bada Aingerua arengana ta esan zion: «Agur, eskerrez betea, yauna zurekin dago, bedeinkatua zera emakumen artean».

        Au entzunez izutu zan ura, ta agur orrek zer esan nai ote zuen gogoan zerabillen. Aingeruak ordea esan zion: «Ez beldur izan, Maria, Yainkoak atsegin zaitu; ona emen, seme bat sortuko duzu zere sabelean ta yaioko duzu ta Yesus izena emango diozu. Aundia izango da ta Guziz-Gorenaren seme deituko da. Bere aita Dabiden yauralkia emango dio Yainko Yaunak eta Yakob'en etxean errege izango da beti-betiko ta aren yaurgoak eztu azkenik izango».

        Mariak berriz esan zion Aingeruari: «Nola gerta diteke ori, gizonik ezagutzen ez dudan ezkero?».

        Aingeruak erantzun zion: «Ats Sandua yetxiko da zure baitara ta Guziz Gorenaren indarrak itzal egingo dizu. Orregatik, zugandik yaioko dan izaki sandu ori Yainkoaren seme deituko da. Begira, Elisabet zure aideak ere sortu du aur bat, eta guziak agortzat zeukaten ura seigarren illabetean dago orain. Yainkoarentzat ez da ezinkizunik».

        Orduan esan zuen Mariak: «Ona emen Yaunaren mirabea; zure esanaren araura gerta bekit». Ta Aingeruak aldegin zuen arengandik.

 

 

4.— Mariaren ikustamena

(Lc. I, 39-56)

 

        Egun aietan yaiki zan Maria, ta mendi aldera Yudako iri batera yoan zan arin arin. Zakariaren etxera sartu ta Elisabeti agur egin zion. Elisabetek Mariaren agurra entzun bezain laster, umea sabelean pozez yauzi (saltatu) zitzaion. Elisabet Ats Sanduaz bete zan ta oiu aundi bat egin zuen, esanez:

        «Bedeinkatua zera zu emakumen artean ta bedeinkatua da zure sabelaren arnaria (frutua). Nola merezi izan dut nik nere Yaunaren Ama nigana etortzea? Orra, zure agur-mintzura nere belarrietara dan bezain laster, umea pozez yauzi zait nere sabelean. Zorionekoa zu, Yaunak zuri esandako itzak beteko dirala siñetsi duzulako».

        Orduan Mariak esan zuen:

 

        «Nere gogoak Yauna goraipatzen du, ta nere biotza pozez yauzi da Yainko nere Salbatzaleaz.

        Bere mirabe onen apaltasunari begiratu baitio;

        ona emen, gaurgero zorionekoa deituko naute gizaldi guziak.

        Gauza aundiak egin ditu nigan altsuak,

        ta Aren izena sandua da.

        Aren errukia gizaldiz-gizaldi luzatzen da.

        bere beldurdunen aldera.

        Bere besoaren indarra erakutsi du, beren biotzean arro diranak ondatu ditu.

        Agintedunak erausten ditu beren yauralkitik ta apalak goratzen.

        Gose diranak ongiz asetzen ditu ta aberatsak utsik bidaltzen.

        Bere gain artu du Israel bere mirabea,

        ta gogoan du beti-betiko,

        (gure asabei itzeman zienez)

        Abrahamen ta bere ondokoen alderako bere errukia».

 

        Maria iru illabete bezelatsu egon zan arekin ta gero bere etxera itzuli zan.

 

 

5.— Yoan Sanduaren yaiotza.

(Lc. I, 57-80)

 

        Elisabeti etorri zitzaion garaia, ta seme bat yaio zuen. Bere auzo ta aideak entzun zuten, Yainkoak erruki aundi ori erakutsi ziola ta poztu ziran arekin batean.

        Zortzigarren egunean etorri ziran aurra billebaitzera, ta aren aita Zakariaren izena eman nai zioten. Baña aren amak erantzun zuen: «Ez orixe, Yoan izango da orren izena».

        Esan zioten: «Ezta ordea zure aidetan izen ori duenik». Ta aurraren aitari keñuz galdegiten zioten, zein izen nai zuen aurrari ematea. Arek oltxo bat eskaturik, idatzi zuen: «Yoan da orren izena». Guziak arritu ziran.

        Orduantxe zabaldu zan aitaren agoa ta aren mingaña askatu zan; ta mintzatu zan, Yainkoa goraipatuz. Beldurrak artu zituen auzo guziak ta Yudeako mendialde guzian zabaldu ziran berri auek. Eta au entzun zuten guziak beren gogoan zerabilten, ziotela: «Zer izango ote da aur au?». Yaunaren eskua arekin zegoen ta.

        Orduan aren aita Zakaria Ats Sanduaz bete zan ta profetatu zuen esanez:

 

        «Eskerrak dituela Israelgo Yainko Yaunak!

        Bere erri au ikustatu ta ber-erosi du, ta Salbatzale azkar bat yaikiarazi du bere mirabe Dabiden etxean,

        (bere profeta sanduen agoz aspaldi itzeman zuenez);

        Salbatzale bat, gu gure etsaien mendetik.

        ta iguin gaituztenen eskutik askatzeko:

        gure aiten aldera bere errukia erakusteko.

        ta bein egindako ongundeaz oroitzeko;

        gogoratzeko gure aita Abrahami egin zion ziña,

        agindu baitzion emango zigula,

        beldurrik gabe gure etsaien eskuetatik askaturik.

        berari mirabe-egitea.

        bere aurrean sandutasun ta zuzenbidean.

        gure egin guzietan.

        Eta zu, aurra, guziz-Gorenaren profeta deituko zera,

        ta Yaunaren aurrean yoango zera ari bidea apaintzeko,

        aren erriari bere gaizkatzearen berri emateko.

        bere pekatuen barkamenduaz,

        gure Yainko biotz-beraren errukia dala bide;

        erruki ori dala-ta agertu zaigu goitiko Eguzki-sortzea,

        illunbetan ta eriotz-itzalpean dautzanei argi egiteko,

        gure oñak pake-bidean zuzentzeko».

 

        Aurra aziz eta gogoan azkartuz zoan; ta Israelen agertu bear zuen egunera arte basa-bazterrean bizi zan.

 

 

6.— Yesu Kristoren etorkia

(Mt. I, 1-17)

 

        Daviden seme Yesu Kristoren etorki-liburua; Dabid Abrahamen seme izan zan. Abrahamek sortu zuen Isaak, Isaakek sortu zuen Yakob, Yakobek, sortu zituen Yuda ta bere anaiak; Yudeak sortu zituen Pare eta Zara, Tamargandik; Parek sortu zuen Esron; Esronek sortu zuen Aram; Aramek sortu zuen Aminadab; Aminadabek sortu zuen Naason; Naasonek sortu zuen Salomon; Salomonek sortu zuen Booz; Boozek sortu zuen Obed, Rutgandik; Obedek sortu zuen Yese; Yesek sortu zuen Dabid erregea; Dabid erregeak sortu zuen Salomon, Uriaren emazte izanagandik; Salomonek sortu zuen Roboam; Roboamek sortu zuen Abia; Abiak sortu zuen Asa; Asak sortu zuen Yosafat; Yosafatek sortu zuen Yoram; Yoramen sortu zuen Ozia; Oziak sortu zuen Yoatam; Yoatamek sortu zuen Akaz; Akazek sortu zuen Ezekia; Ezekiak sortu zuen Manase; Manasek sortu zuen Amon; Amonek sortu zuen Yosia; Yosiak sortu zituen Yekonia ta bere anaiak Babilongo ezerri-aldian. Eta Babilongo ezerri ondoan, Yekoniak sortu zuen Abiud; Abiudek sortu zuen Eliakim: Eliakimen sortu zuen Azor; Azorek sortu zuen Sadok; Sadokek sortu zuen Akim: Akimek sortu zuen Eliud; Eliudek sortu zuen Eleazar; Eleazarek sortu zuen Matan; Matanek sortu zuen Yakob; Yakobek sortu zuen Yose, Mariaren senarra; Mariagandik yaio zan Yesus, Kristo deritzana. Geroztik, Abrahamengandik Dabidenganaño amalau belaunaldi dira, Dabidengandik Babilongo ezerri-aldiraño amalau belaunaldi, eta Babilongo ez-erritik Kristoganaño amalau belaunaldi.

 

 

7.— Yoseren kezka ta zalantzak

(Mt. I, 18-25)

 

        Yesu Kristoren yaiotzea onela gertatu zan.

        Aren Ama Maria Yoserekin ezkontzeko itz-emanik zegoela, biok elkarganatu baño lenago, aurdun arkitu zan Ats Sanduaren bidez. Yose aren senarra zuzentsua zan ordea ta etzion ari izen ona kendu nai, ta orrengatik ura ixilkian uztea erabaki zuen.

        Ori gogoan zerabillela, Aingeru bat agertu zitzaion ametsetan ta esan zion: «Yose, Dabiden semea, ez beldur izan zure emazte Maria zuregana artzeko, baragan sortu dana Ats Sanduak egiña da ta. Seme bat yaioko dizu; orreri Yesus izena emango diozu, berak askatuko baitu bere erria beren pekatuetatik».

        Guzi au gertatu zan arako Yaunak profetaren bidez esandako ura bete zedin:

        «Orra, Biryiñak seme bar sortu ta yaioko du, ta deituko dute Emanuel» (esan nai du: Yainkoa gurekin).

        Yose yaiki zan lotatik ta Yaunaren Aingeruak agindutakoa egin zuen; bere emaztea artu zuen beregana, baña etzuen ura ezagutu, arek bere seme len-sortua yaio zuen arte; ta Yesus izena eman zion.

 

 

8.— Yesu Kristoren yaiotzea

(Lc. II, 1-21)

 

        Egun aietan agertu zan Kaisar Augustoren erabaki bat, mundu guzia zenbatzeko (kontatzeko) aginduz. Kirinio Sirian agintari zalarik egin zan lenbiziko zenbatze ori. Guziak yoaten ziran zein bere sorterrira, beren izena ematera.

        Yose ere, Dabiden etxe ta etorkikoa zalako, igo zan Galileako Nazaret iritik Yudeara, Dabiden iri Betlehem deritzanera, an bere emazte Maria aurdun zegoenarekin izena ematera.

        Aiek an zeudela, aur-egiteko garaia iritxi zitzaion Mariari; yaio suen bere Seme leen-sortua, aur-oialetan bildu ta aska batean eratzan zuen, arrotz-etxean aientzat lekurik etzalako.

        Bazter beraietan baziran zenbait artzai, gauaz basoan beren artalden zai zeudenak. Bat-batean, Yaunaren Aingeru bat agertu zan aien ondoan ta Yainkoaren aunditasunak argiz inguratu zituen ta izu aundiz izutu ziran.

        Aingeruak ordea esan zien: «Ez beldur izan: ona emen, erri guziari poz aundia ekarriko dion berri on bat ematen dizuet: gaur yaio zaitzue Dabiden irian Salbatzalea, Kristo Yauna. Ona emen ezaupideak: Arkituko duzue aur bat aur-oialetan bildurik eta aska batean eratzanik».

        Bereala zerutar-samalda aundi bat batu zitzaion Aingeruari, Yainkoa goraipaten zutela esanez: «Ospea Yainkoari goietan, ta lurrean pakea Aren gogarako gizonei».

        Aingeruak aiengandik zeru aldera aldegin zutenean, artzaiak esan zioten elkarri: «Goazen bada Betlehemera, eta ikusagun an gertatu dan ta Yainkoak yakin-arazi digun gauza ori». Yoan ziran bada arin arin ta arkitu zituzten Maria, Jose ta Aurra, askan eratzanik.

        Ori ikusirik, aur ortaz esan zitzaienaren berria zabaldu zuten, ta entzun zuten guziak arritu ziran artzaiak esandako berri oietaz. Mariak ordea gordetzen zituen itz guzi ok, bere biotzean erabiltzen zituela. Artzaiak itzuli ziran Yainkoa ospatuz ta goraipatuz, esan zitzaienez entzun ta ikusi zituzten gertaera guzi oiengatik.

        Zortzigarren egunean billebaitu zuten Aurra, ta bere amaren sabelean sortu baño lenago Aingeruak emandako Yesus izena yarri zioten.

 

 

9.— Eguzki-aldeko Magoak

(Mt. II, 1-12)

 

        Yesus Yudako Betlehemen Herode erregeren egunetan yaio zanean, Mago batzuek etorri ziran Yerusalemera Eguzki-aldetik ta galdegin zuten: «Non da Yuduen errege yaio-berria? Aren izarra ikusi dugu Eguzki-aldean ta gur-egitera gatozkio».

        Au entzunik, Herode erregea asaldatu zan ta arekin batean Yerusalem osoa ere bai. Bildu-arazi zituen apaiz-nausiak ta erriko lege-irakasleak, eta Mesiak (Kristok) non yaio bear zuen galdegiten zien. Aiek erantzun zioten: «Yudado Betlehemen; olaxe baitauka Profetak (Mich. V, 2) idatzia: "Zu Betlehem, Yudako lurraldea, etzera Yudako iri nausietan txikiena; zugandik irtengo da Buruzagia, nere erri Israelen Artzaia"».

        Orduan Herodek Magoak etorri-arazi ta galdegin zien, ea noiz agertu zitzaien izarra. Gero bidali zituen Betlehemera esanez: «Zoazte, arduraz billa zazue aur ori, ta arkitu duzuenean orren berri emadazue, neronek ere yoan ta gur-egin dezaiodan».

        Erregearen itz ok entzunik, Magoak yoan ziran. Eta ara, Eguzki-aldean ikusi izan zuten izarra aurrean zoakien, ta aurra zegon tokira iritxi zanean gelditu zan. Poz oso aundiaz poztu ziran izarra ikusirik; sartu ziran etxera, Aurra bere ama Mariarekin arkitu zuten ta aozpez yauretsi (adoratu) zuten. Gero zabaldu zituzten beren gordairuak ta eskañi zizkioten eskuerakutsiak (emaitzak): urrea, intzentsua ta mirra.

        Ametsetan agindu zitzaien ez itzultzeko Herodengana, ta argatik beste bide batetik yoan ziran beren lurraldera.

 

 

10.— Garbikundea, Simeon eta Ana

(Lc. II, 22-39)

 

        Aien Garbitze-egunak bete ziranean, Moiseren legearen araura, Maria ta Yosek eraman zuten Aurra Yerusalemera, Yaunari aurkezteko. Yaunaren legean onela baitago idatzia: Leenik amaren sabeletik irtengo dan mutilkia Yaunari eskañiko zaio. Gañera, Yaunaren legean idatzirik dagonez, opari bat eman nai zuten: bi uso-tortollo naiz bi usakume.

        Yerusalemen bizi zan Simeon izeneko gizon bat; gizon zuzentsua ta Yaunaren beldurduna zan; Israel erriaren pozaldia igurikitzen zuen ta Ats Sandua arengan zegoen. Ats Sanduak yakin-arazi izan zion, etzuela eriotza ikusiko, Yaunaren Gantzutua (Kristo) ikusi arte.

        Atsak eragiñik, yauretxera yoan zan; ta gurasoak Yesus aratu zutenean, legearen aginduak arengan betetzeko, arek artu zuen Aurra bere besoetan, ta Yainkoa goraipatu zuen, esanez:

 

        «Oraintxe uzten duzu, Yauna, zure mirabe au

        pakean yoatera, zure itzaren araura;

        Nere begiak ikusi baitute zure Salbatzalea,

        zuk erri guzien aurrean yarri duzuna;

        arrotz-erriak argitzeko zuzia.

        ta Israel zure erri onen ospea».

 

        Aurraren aita-amak arriturik zeuden artaz esaten ziran itz oiengatik. Simeonek bedeinkatu zituen ta aren ama Mariari esan zion: «Begira, Israeldar asko erori ta yaiki-arazteko ezarria dago au, ta aurka-egingo zaion ezaupidetzat; zerorren anima ere ezpata batek igaroko dizu aldez-alde, biotz askoren gogoetak agertu ditezen».

        An bizi zan alaber Ana izeneko andre profeta bat, Fanuelen alaba ta Aseren yatorrikoa. Urtetan aurreratua zan; bere neskazaroaren ondoan zazpi urtez bizi izan zan senarrarekin; orduan urren larogei urteko alarguna zan. Iñoiz ere etzuen yauretxetik (Yainkoaren etxetik) aldegiten, eta baruez ta otoitzez Yainkoari mirabe egiten zion.

        Onek ere bada, ordu artantxe etorririk, Yauna goraipatzen zuen ta Israelen berrerospena igurikitzen zuten guziai asi zitzaien Aur artaz mintzatzen.

        Yaunaren legearen araura egiteko guziak bete zituztenean, Galileara beren iri Nazaretera itzuli ziran.

 

 

11.— Ejiptoraka yoan-etorria Aur txikien ilkarra

(Mt. II, 13-23)

 

        Magoak yoan ziranean, Yaunaren aingerua agertu zitzaion Yoseri ametsetan ta esan zion: Yaiki, artu Aurra ta bere ama, Ejiptora iges egizu ta nik esan arte an egon zaite; Herodek aurra billatuko baitu, berari bizia kentzeko. Yaiki zan Yose, artu zituen aurra ta bere ama gauaz ta Ejipto aldera yo zuen. Ta Heroderen eriotzeraño an egon zan. Onela bete zan Yaunak Profetaren bidez esandako ura: «Ejiptotik deitu nuen nere semea». (Os. XI, I)

        Orduan Herode, Magoak iruzur egin ziotela ikusirik, asarretu zan biziki, eta Betlehemen ta aren inguruetan il-arazi zituen bi urtez berako mutilki guziak, Magoengandik zeatz ikasi zuen aldiaren araura. Orduan bete zan arako Yeremia profetak esandako ura (Ier. XXXI, 15).

 

        «Oiu bat entzun da Raman'en,

        negar ta aiots aundia;

        Rakel negarrez ari da bere aurrengatik

        ta eztu pozaldirik artu nai,

        aiek gaurgero ez diralako».

 

        Heroderen eriotza ondoan, Yaunaren aingerua ametsetan agertu zitzaion Yoseri Ejipton ta esan zion: «Yaiki, artu Aurra ta bere Ama, eta zoaz Israel errira, Aurra galdu naiez zebiltzenak il dira ta».

        Yaiki zan bada Yose, artu zituen Ama-Semeak ta Israel-errialdera etorri zan. Baña Yudean Arkelao bere aita Heroderen ordez errege zala entzunik ara yoateko beldur izan zan. Ametsetan gaztigu bat izanik, Galileako bazterretara etorri ta Nazaret deritzan irian egon zan egotez. Onela bete zan Profetaren esana: «Nazarretarra deituko da».

 

 

12.— Yesus Aurra galdu ta berriz arkitua

(Lc. II, 40-52)

 

        Jesus Aurra aziz zioan ta azkartzen zan; zuurtziaz betea zan ta Yainkoaren onginaia aren gañean zegoen.

        Aren gurasoak yoaten ziran urtero Yerusalemera Pazko-yaierako. Yesusek amabi urte bete zituenean, igo ziran Yerusalemera yai ortako oitura zanez. Yai-egunak azkendu ziranean, etxerako bidea artu zuten; Yesus Aurra ordea Yerusalemen gelditu zan, gurasoak oartu gabe.

        Aiek, bide-lagunen artean zetorrelako ustean, egun osoko bidea egin zuten, ta beren aide ta ezagunen artean billatu zuten. Baña etzuten arkitu ta Yerusalemera itzuli ziran aren billa. Iru egunen buruan yauretxean arkitu zuten; an zegoen irakaslen erdian eseria, entzuten ta galdegiten ziela. Entzuten zuten guziak arritzen ziran aren zuurzia ta erantzunez.

        Bere aita-amak ere, ura ikusirik arritu ziran. Amak esan zion: «Aurra, zergatik egin diguzu ori? Zure aita eta ni atsekabeturik gabiltza zure bila». Arek esan zien: «Zergatik billatu nauzue? Nere Aitaren gauzetan yardun bear dudala ez al zenekiten bada?». Baña aiek etzuten erdetsi itz oietaz adierazi nai ziena.

        Ta yetxi zan aiekin Nazaretera ta aien mendean egon zan. Aren amak gordetzen zituen gauza guzi auek bere biotzean. Yesus ordea aziz zioan zuurtzian, adiñean ta onginaian Yainkoaren ta gizonen aurrean.

 

aurrekoa hurrengoa