www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Yesu Kristo gure Yaunaren bizia
Polikarpo Iraizozkoa
1934

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Yesu-Kristo gure Yaunaren bizia, Iraizoz'ko Polikarpo A. Neketako Ama-Birjiñaren Irarkola, 1934

 

 

aurrekoa hurrengoa

IRUGARREN ZATIA:
Yesusen nekeak eta eriotza

 

 

169.— Pazko-afaria

(Mt. XXVI, 17-20; Mc. XIV, 12-17; Lc. XXII, 7-18)

 

        Iritxi zan orantza-gabeko ogien yaia, Pazko-bildotsa il bear zan eguna. Egun ortan bada, Yesusek bidali zituen bere ikasletako bi, Pedro ta Yoan esanez: «Zoazte, atondu (prestatu) zaiguzue Pazko-afaria, yan dezagun».

        Ikasleak galdegin zioten: «Non nai duzu, atondu dezaizugun?».

        Yesusek erantzun zien: «Zoazte irira. Bertara sartzean, batuko zaitzue txantxil bat ur daraman gizon bat. Zoazte aren ondotik bera sartzen dan etxera, eta ango etxeko-nausiari esaiozue: «Auxe diotsu Maisuak: Nere aldia urbil da, zure baitan egin gogo dut Pazko-afaria nere ikaslekin. Non da nik nere ikaslekin Pazko-bildotsa yateko bear dudan gela? Arek erakutsiko dizue gizategi (sala) aundi tresnatua; antxe atondu zaiguzue».

        Yoan ziran beraz ikasleak; irira sartzean arkitu zuten Yesusek esan zienez; Yesusek agindutakoa egin zuten ta Pazko-afaria atondu zuten.

        Illunabarrean yoan zan bere amabi ikaslekin ta ordua etorri zanean, eseri zan maiera ta berarekin amabi apostoluak. Yesusek esan zien:

        «Nere nekaldia asi baño lenago, Pazko-afari au zuekin yateko irrikitzen nengoen gogo biziz. Nik esaten dizuet, eztut au yango, Yainkoaren yaurgoan bete dedin arte».

        Edal-ontzia artu ta eskerrak eman ondoan esan zien: «Ar zazue ta zuen artean uzi (banatu) ezazue. Nik esaten dizuet: Eztut gaurgero matsaren arnari onetatik edango, Yainkoaren yaurgoa etorri arte».

 

 

170.— Apostoluen eztabaida

(Lc. XXII, 24-30)

 

        Eztabaida bat ere sortu zan apostoluen artean, beren arteko aundiena zein ote zan. Yesusek esan zien:

        «Atzerrien erregeak aien nausi dira, ta beren agintedunai ongille izena ematen diete. Zuen artean ez bedi orrela izan; aitzitik, zuen artean aundiena dana txikiena bezala egin bedi, ta aitzindaria, mirabea bezala. Alabaña, zein da aundiago: maiera eseria dagoena ala mirabe-egiten (serbitzen) duena? Ez ote maiera yarria dagoena? Ni zuen artean mirabea bezela nago ba.

        »Zuek nerekin iraun duzue nere bear-orduetan; eta nik gertu daukatzuet yaurgoa (erreinua), aitak nere gertutu didan bezala, nere yaurgoan yan ta edan dezazuen, ta yauralkietan eseri zaitezten, Israelgo-amabi gizeliak (leinuak) epaitzeko».

 

 

171.— Yesusek apostoluen oñak ikuzten

(Io. XIII, 1-20)

 

        Pazko-yaiaren aurreguna zan. Yesusek bezekien, bera mundu onetatik Aitarengana yoateko ordua etorria zala. Eta munduan ziran beretarrak maite izan baitzituen, azkeneraño erakutsi zien bere onginaia.

        Afaltzen ari ziran. Orduko, Simonen seme Yuda Iskarioteri burutara eman zion deabruak Yesusen saltzeko asmoa. Yesusek bazekien, Aitak gauza guziak bere eskuetan utzi zituela, Yainkoagandik atera zala ta Yainkoagana zioala berriz; alaz ere, yaiki zan afaritik, bere soingañekoa erantzi zuen, oial bat artu ta gerrian lotu zuen. Gero azpil batera ura isuri ta, asi zan bere ikaslen oñak ikuzten (garbitzen) ta gerrian loturik zeukan oialaz txukatzen.

        Yoan zan bada Simon Pedrorengana. Onek esan zion: «Yauna, zuk nere oñak ikuzi?».

        Yesusek erantzun zion: «Nik dagidana zuk eztuzu orain ulertzen, geroago ulertuko duzu».

        Pedrok berriz ere esan zion: «Zuk eztidazu egun-ta-beti oñik ikuziko».

        Yesusek erantzun zion: «Ikuzten ezpazaitut, eztuzu nerekin ikustekorik izango».

        Simon Pedrok atzera esan zion: «Ortara ezkero, Yauna, ez nere oñak bakarrik, baita nere eskuak ta burua ere».

        Yesusek esan zion: «Gorputz osoa, ikuzi duenak, oñak besterik garbitu bearrik eztu, orduan guziz garbi dago. Zuek ere garbi zaudete, baña ez guziak». Ezagutzen baitzuen bere saltzalea, orregatik esan zuen: «Etzaudete guziak garbi».

        Orrela aien oñak ikuzirik, bere soin-gañekoa berriz artu zuen, ta maiera eseri zanean, esan zien: «Ba al dakizue nik egin dizuedana? Zuek Maisu ta Yaun deitzen nauzue; ta zuzen zaudete, alaxe naiz ta. Geroztik, nik Yaun ta Maisu naizen onek zuen oñak ikuzi baditut, zuek ere elkarri oñak ikuzi bear dizkiozue. Ikasbidea eman dizuet, zuek egin dezazuen, nik egin dizuedan bezela. Egiaz, egiaz, nik esaten dizuet, morroia ezta bere nausia baño aundiago, ezta ere Bidalia bere Bidaltzalea bañoago. Au ulertzen baduzue ta orrela egiten baduzue, zorionekoak zerate.

        »Eztiot ori zuek guziotaz. Badakit nik zein autatu ditudan. Baña bete bear da arako Idazki ura: Nerekin batean ogia yaten duenak goratu du nere aurka bere orpoa (Ps. XL, 10). Orain bereon, agitu baño lenago esaten dizuet, gero agitu dedinean siñetsi dezazuen ni naizela ori.

        »Egiaz, egiaz, nik diotsuet; nik bidalitakoa ongi-artzen duenak ni ongi-artzen nau; ta ni ongi-artzen nauenak ni bidali nauena ongi-artzen du».

 

 

172.— Yesusek Yudaren azpikeria agertzen

(Mt. XXVI, 21-25; Mc. XIV, 18-21; Io. XIII, 21-22)

 

        Itz oiek esandakoan, Yesus naasi zan bere barrenean ta aitorrera auxe egin zuen: «Egiaz, egiaz, nik diotsuet, zuetako batek, nerekin yaten ari dan batek yarriko nau etsaien eskuetan».

        Aiek guziz atsekabetu ziran. Elkarri begira yarri ziran ta etzekiten nortaz zion ori. Ta bata bestearen ondotik asi zitzaizkion galdegiten: «Yauna, ni al naiz?». Berak erantzun zien: «Amabietako batek, nerekin batean ogia erratilluan bustitzen duen batek yarriko nau etsaien eskuetan.

        »Gizasemea badioa emendik, artaz idatzia dagoenez; baña ai gizasemea etsaien eskuetan yarriko duen gizonari! Obe luke alakoak yaio, ezpalitz».

        Orduan Yuda bere saltzaleak ere galdegin zion: «Maisua, ni al naiz?». Yesusek erantzun zion: «Bai, errorek esan duk».

        Ikasletako batek, Yesusek maite zuenak, bere burua Yesusen bular gañean etzanik zeukan. Orreri keñu egin zion Simon Pedrok eta galdegin zion: «Nortaz dio ori?».

        Arek eratzan zuen berriz bere burua Yesusen bular gañean ta esan zion: «Yauna, nor da?».

        Yesusek esan zion: «Nik ogia busti ta emango diodana, orixe da». Eta ogia erratilluan busti zuen ta Simonen seme Yuda Iskarioteri eman zion. Otamen orren ondotik, sartu zan Satan orren baitara. Yesusek esan zion: «Egin bear duzuna egizu laster».

        Maikideetako batek ere etzuen erdetsi (ulertu), zergatik esan zion ori. Yuda baitzan beren diru-zaia, batzuek uste zuten, au esan ziola: «Eros zazu yai-egunerako bear duguna», edo bestela beartsuai zerbait emateko.

        Yuduak, otamen ura artu ondoan, aldegin zuen bereala. Gaua zan.

        Ura atera zanean, esan zuen Yesusek: «Oraintxe ospatu da Gizasemea, ta Yainkoa ospatu da arengan. Yainkoa arengan ospatu bada, Yainkoak ere ospatuko du ura bere baitan, ta laster ospatuko du».

 

 

173.— Yesusek Eukaristia sortzen du

(Mt. XXVI, 26-29; Mc. XIV, 22-25; Lc. XXII, 19-20; I Cor. XI, 24-26)

 

        Afaltzen ari zirala, Yesusek ogia artu zuen, eskerrak eman, bedeinkatu, autsi ta bere ikasleai eman zien esanez: «Artu ta yan zazue; au da nere gorputza, zuengatik ematen dan nere gorputza. Egizue au nere oritzapenetan».

        Bereolaxe afalondoan artu zuen edal-ontzia ta eskerrak eman ondoren, eman zien esanez: «Edan zazue guziok onetatik. Auxe da nere odola, ongunde berriaren odol, zuengatik ta guziengatik pekatuen barkapenerako isuriko dana. Nere oritzapenetan egizue au, edaten duzuen guzietan».

        Edan zuten beraz guziak.

 

 

174.— Elkar maita zazue

(Io. XIII, 33-35)

 

        «Enetxoak, oraindik aldi laburrez zuekin nago. Billatuko nauzue, eta Yuduei esan niena, esaten dizuet zuei orain: Ni noan tokira ezin etorri zaitezkete zuek.

        »Agindu berri bat ematen dizuet: Elkar maita zazue! Nik maite izan zaituztedan bezelaxe maita zazue elkar. Elkar maite baduzue, ortan ezagutuko dute guziak, nere ikasleak zeratela».

 

 

175.— Pedroren erorikoa aldeaurretik esaten

(Io. XIII, 36-38; Lc. XXII, 21-34)

 

        Simon Pedrok esan zion: «Nora zoaz?». Yesusek erantzun zion: «Ni noan tokira ezin yarraiki zakizket orain, geroago yarraikiko zakizkit».

        Pedrok esan zion: «Zergatik ezin yarraiki nakikezu orain? Yauna, zurekin baitegira (kartzelara) ta eriotzara yoateko gertu nago. Nere bizia emango dut zuregatik».

        Yesusek erantzun zion: «Zure bizia neregatik emango duzula? Egiaz, egiaz, nik esaten dizut, Pedro: Gaur ollarrak yo orduko, iru aldiz ukatu izango nauzu. Simon, Simon, zuek garia bezela galbaatzeko eskubidea eskatu du Satanek. Nik ordea zure alde otoitz egin dut, zure siñestea akitu eztedin; ta zuk noizpait itzulirik sendortu itzazu zere anaiak».

 

 

176.— Ona emen bi ezpata

(Lc. XXII, 34-38)

 

        Gero esan zien: «Nik bide-zorro ta dirutoxa ta oskirik (zapatarik) gabe bidali zinduztedan aldi artan, ezeren bearrik izan al zenuten?».

        «Ezeren bearrik ez», erantzun zioten.

        Ta berak berriz: «Orain ordea bide-zorro bat duenak artu dezala, berdin dirutoxa ere; ta eztuenak, bere soinpekoa saldu ta ezpata bat erosi dezala. Alabaña, nik esaten dizuet: Nigan bete bear da arako idatzirik dagon ura: Gaizkigillen lerroan yarri dute. Izan ere, neri dagokidana oraintxe amaitzen da».

        Aiek esan zioten: «Yauna, ona emen bi ezpata». Arek erantzun zien: «Aski da».

 

 

177.— Yesusen afalondoko itzaldia —
Afaldegitik ateratzen da

 

        «Zuen biotza eztedila naasi. Yainkoagan siñetsi zazue, ta nigan ere siñetsi zazue. Nere aitaren etxean egoitza asko dira. Ola ezpalitz, esango nizuekean, zuei tokia atontzera noa ta. Yoan ta zuei tokia atondu (prestatu) ondoan, etorriko naiz berriz ta neregana artuko zaituztet, ni nagoen lekuan egon zaitezten zuek ere. Nora noan badakizue, ta arako bidea ere badakizue».

        Tomak esan zion: «Nora zoazen eztakigu, ta nola dakikegu bidea?».

        Yesusek erantzun zion: «Ni naiz bidea, egia ta bizia. Iñork ezin diteke Aitarenganatu, nere bidez ezpada. Ni ezagutzen baninduzue, nere aita ere ezagutuko zenukete. Gaurgero ezagutuko duzue, ikusi ere egin duzue ta».

        Filipok esan zion: «Yauna, erakutsi zaiguzu Aita, ori aski dugu».

        Yesusek erantzun zion: «Onen luzaro zuekin egon naiz, eta oraño ez nauzue ezagutu; Filipo? Ni ikusten nauenak aita ere ikusten du. Nola diozu bada zuk: Erakutsi zaiguzu Aita? Ez al duzu siñesten ni aitagan nagola ta Aita nigan dagola? Esan dizkitzuedan itzak eztitut nere baitatik esan; ta nigan dagon Aitak egiten ditu nere lanak ere. Siñetsi zaidazue ni Aitagan nagola ta Aita nigan dagola; ezperen, lanengatik siñestsi zazue.

        »Egiaz, egiaz, nik diotsuet: Nigan siñesten duenak egingo ditu nik egiten ditudan lan berak, are aundiagoak ere egingo ditu, ni Aitagana bainoa.

        »Aitari nere izenean eskatzen diozuen guzia egingo dut, Aita Semeagan ospatu dedin.

        »Maite banauzue, nere aginduak begira itzazue. Ta nik otoitz egingo diot Aitari ta beste Aialdeko bat emango dizuet, egun-ta-beti zuekin egon dedin; munduak, ikusten ta ezagutzen eztuelako artu ezin dezaken Atsa. Zuek ordea ezagutuko duzue, zuekin izan ta zuen baitan egongo baita.

        »Etzaituztet umezurtz utziko; etorriko natzaizue. Oraindik aldi labur bat, eta munduak eznau geiago ikusiko; zuek berriz ikusiko nauzue, ni bizi bainaiz eta zuek ere biziko zerate. Egun artan ezagutuko duzue, ni Aitagan nagola, zuek nigan zaudetela ta ni zuengan nagola. Nere aginduak iduki ta begiratzen dituenak, orretxek nau ni maite; ni maite nauena berriz maite du nere aitak, eta nik ere maite izango dut eta nere burua agertuko diot».

        Yudak, Iskariotek ez, besteak esan zion: «Zer dala ta erakutsiko diguzu guri zere burua, ez ordea munduari?».

        Yesusek erantzun zion: «Ni maite nauenak nere itza begiratuko (gordeko) du; Aitak maite izango du ta arengana yoango gera ta arengan egongo gera egotez. Ni maite eznauenak ordea eztitu nere itzak begiratzen; ta entzun duzuen itza ezta nerea, ni bidali nauen Aitarena baizik.

        »Au esan dizuet zuekin nagon bitartean. Aialdekoak, Aitak nere izenean bidaliko dizuen Ats Sanduak irakatsiko dizue guzia ta gogora ekarriko dizue nik esandako guzia.

        »Pakea uzten dizuet, nere pakea ematen dizuet; eztizuet nik ori ematen munduak ematen duen bezela. Zuen biotza eztedila naasi ez beldur izan. Entzun duzue auxe esan dizuedala: Banoa ta etorriko natzaizue berriz. Maite baninduzue, poztuko ziñakete, Aitarengana noalako, Aita ni baño aundiago da ta. Eta orain, agitu (gertatu) baño lenago esan dizuet, agitzen danean siñetsi dezazuen. Gaurgero eztut itz askorik egingo zuekin; mundu onen buruzagia badator ta; nigan eztu eskubiderik. Baña munduak ezagutu bear du, nik Aita maite dudala, ta Aitak agindu didanez egiten dudala.

        »Ots! txuti zaitezte, goazen emendik».

        Eta esker-eresia esan ondoren, atera zan, ta oitura zuenez Olibadi mendira yoan zan. Bere ikasleak arekin yoan ziran.

 

 

178.— Yesusen afalondoko itzaldia

(Io. XVI, 1-XV, 1-30)

 

        «Ni naiz egiazko matsondoa, ta nere Aita mastizaia da. Nigan arnaririk (fruturik) ekartzen eztuen matsadarra ebaki egiten du; arnari ekartzen duena berriz garbitzen du, are arnari geiago ekarri dezan. Zuek garbi zerate onezkero, nik esan dizuedan itza dala bide. Zaudete nigan, ta ni zuengan egongo naiz. Matsadarrak eztezake berez arnaririk eman, matsondoan ezpadago; ezta zuek ere nigan ezpazaudete.

        »Ni naiz matsondoa, zuek matsadarrak. Nigan dagoena eta ni bere baitan nadukanak, orretxek ematen du arnari asko, ni gabe ezer ezin dagikezue ta. Nigan eztagoena kanpora egotziko da matsadarra bezela, ta igartuko da; garo bildu ta sura egotziko dute ta erreko da.

        »Nigan bazaudete ta nere itzak zuengan badaude, nai duzuen guzia eska zazue ta emango zaitzue. Orrela ospatzen da nere Aita: zuek arnari asko ekarriz eta nere ikasleak izanez.

        »Nere Aitak maite izan nauen bezela maite izan zaituztet nik ere. Iraun zazue nere onerizkoan (maitasunean). Nere aginduak begiratzen badituzue, nere onerizkoan zaudete, nik ere nere Aitaren aginduak begiratu ta aren onerizkoan nagoen bezela. Guzi au esan dizuet, nere poza zuengan izan dedin, ta zuen poza bete-betea izan dedin.

        »Auxe da nere agindua: Elkar maita zazue, nik maite izan zaituztedan bezala. Bere adiskidengatik bere bizia ematen duenak baño maitasun aundiagorik iñork eztu. Zuek nere adiskide zerate, nere aginduak egin baditzazue. Gaurgero etzaituztet mirabe deituko, mirabeak ezpaitaki, bere nausiak zer egiten duen. Adiskide deitu zaituztet, eta yakiñarazi dizkitzuet nere aitari entzundako guziak.

        »Eznauzue zuek ni autatu: nik autatu zaituztet zuek, ta berexi zaituztet, yoan ta arnari eman dezazuen ta zuen arnaria (frutua) iraupenekoa izan dedin; orduan nere aitak emango dizue nere izenean eskatzen diozuen guzia. Agindu auxe ematen dizuet: Maita zazue elkar!

        »Munduak iguin bazaituzte, yakizue zuek baño lenago iguindu nauela ni. Munduarenak baziñate, munduak maite izango luke bere gauza. Etzerate ordea munduarenak, nik mundutik berexi zaituztet, ta argatik iguin zaituzte munduak.

        »Gogora zazue nik esan nizuen itz ura: Morroia ezta bere nausia baño aundiago. Neri yazarri bazaizkit, zuei ere yazarriko zaizkitzue; nere itza begiratu badute, zuena ere begiratuko dute. Baña guzi ori egingo dizuete nere izenagatik, ni bidali nauena eztute ezagutzen ta.

        »Ni etorri ezpanintz eta mintzatu ezpanintzaie, ezlukete pekaturik; orain ordea eztute pekatu orren edergarririk. Ni iguin nauenak nere Aita ere iguin du. Baldin bere aurrean egin ezpanitu egundaño iñork egin ezdituen bezelako lanak, ezlukete pekaturik; orain ordea nere egintza oiek ikusi dituzte, ta ala ere iguindu gaituzte bai ni ta bai nere Aita. Ola bete bear da nonbait arako beren legean idatzirik dagon itz ura: Biderik gabe iguin naute (Ps. XXXIV, 19; Ps. LXVIII, 5).

        »Nik Aitagandik bidaliko dizuedan Aialdekoa, Aitagandik datorren egiazko Ats ura etorri dediñean, arek aitor-egingo du nitaz, ta zuek ere bai aitor-egingo duzue, asieratik nerekin zaudetelako.

        »Au esan dizuet, gaizpiderik artu eztezazuen. Sinagogetatik egotziko zaituztee; bai, laster datorren orduren batean zuek iltzen zaituztenak uste izango du Yainkoari atsegin egiten diola. Ori egingo dizuete, ez Aita eta ez ni ezagutu ezgaituztelako. Au esan dizuet, ordu ura etorri dediñean, nere itzetaz oroitu zaitezten. Gauza auek eztizkizuet asieran esan, ni zuekin nengoelako.

        »Orain ordea banoa ni bidali nauenagana, ta zuetako iñork ere ezdit galdegiten: Nora zoaz? atsekabez bete da zuen biotza, ori esan dizuedalako. Baña nik egia esaten dizuet: on da zuentzat ni yoan nadin. Ni yoan ezpanadi, aialdekoa ezta etorriko; ni yoan banadi berriz, bidaliko dizuet. Arek, etorri dediñean, begien aurrean yarriko dio munduari pekatua, zuzentasuna, ta epaiketa; pekatua, nigan siñetsi eztutelako; zuzentasuna, ni Aitagana noalako; ta epaiketa, mundu onen buruzagia onezkero epaiturik dagolako.

        »Gauza asko baditut oraindik zuei esateko; baña zuek ezin yaso ditzakezue orain. Ura, egiazko Atsa etorri dedinean, irakatsiko dizue guzia, ezpaita bere baitatik mintzatuko; entzun duenaz mintzatuko da ta etortzeko diran gauzak yakiñaraziko dizkitzue. Arek ospatuko nau, neretik artuko baitu ta zuei yakiñaraziko. Aitak dituen gauza guziak nereak dira; orregatik esan dizuet: Neretik artuko du ta zuei iragarriko.

        »Oraindik aldi labur bat eta eznauzue ikusiko; gero beste aldi labur bat, eta ikusiko nauzue berriz, (Aitagana noa ta)».

        Ikaslen arteko batzuek esan zioten elkarri: «Zer esan nai ote digu itz oiekin: Aldi labur bat eta eznauzue ikusiko, gero beste aldi labur bat, eta ikusko nauzue berriz? eta: Aitagana noa? Zer adiarazi nai digu "aldi labur bat" itz oiekin? Eztakigu zer derasan».

        Yesusek nabaritu zuen galdegin nai ziotela, ta esan zien: «Elkarri galdezka ari zaizkiote, nik esan dizuedalako: Oraindik aldi labur bat eta eznauzue ikusiko, gero beste aldi labur bat eta ikusiko nauzue berriz? Egiaz, egiaz, nik diotsuet: negar ta marraska egingo duzue zuek, mundua berriz poztu egingo da, zuek atsekabetan egongo zerate, baña zuen atsekabe ori atsegin biurtuko da. Emakumea ere, aur-egitean, atsekabetzen da, bere ordua etorri dalako; baña aur-egin ondoan, ezta lengo estuasunaz oroitzen, gizon bat mundura yaio dalako pozarekin. Zuek ere orain atsekabetan zaudete, baña nik berriz ikusiko zaituztet, ta zuen biotza poztuko da ta zuen poz ori eztizue iñork kenduko. Egun artan ezer eztidazue galdegingo.

        »Egiaz, egiaz, nik diotsuet, Aitari nere izenean ezer eska badezaiozue, emango dizue. Orain arte ezer eztuzue ezkatu nere izenean. Ezka zazue, ta artuko duzue, ta zuen poza bete-betea izango da.

        »Gauza auek alegietan (irudietan) esan dizkitzuet. Laster datorren ordu batean eztizuet geiago alegietan itzegingo; argi ta garbi emango dizuet Aitaren berri. Egun artan nere izenean eskatuko duzue, ta eztizuet esaten, nik Aitari zuen alde otoitz egingo diodala; aitak maite baitzaituzte, zuek ni maite izan nauzuelako ta Aitagandik etorri naizela siñetsi duzuelako. Aitagandik atera ta mundura etorri nintzan; orain mundu au utzi ta banoa berriz Aitagana».

        Bere ikasleak esan zioten: «Orra, orain argi mintzo zera ta eztuzu alegirik esaten. Orain ikasi dugu, zuk guzia badakizula, ta iñork zuri galdegin dezaizun bearrik eztagola. Orregatik siñesten dugu Aitagandik etorria zerala».

 

 

179.— Guziok iges-egingo duzue...

(Mt. XXVI, 31-35; Mc. XIV, 27-31; Io. XVI, 31-32)

 

        Yesusek erantzun zien: «Orain siñesten duzue? Badator ordua, bertan da, guziok zein bere aldera banatuko baitzerate, ta ni bakarrik utziko. Baña ala ere eznago bakarrik, Aita nerekin dago ta.

        »Gaur guziok gaizpide artuko duzue nere kariaz, idatzia baitago (Zach. XIII, 7): Yoko dut artzaia, eta artaldeko ardi guziak banatuko dira. Baña berriz piztu nadinean, aurreratuko natzaizue Galileara».

        Pedrok ordea esan zion: «Guziok zure kariaz gaizpide artzen badute ere, nik eztut sekula gaizpiderik artuko». Yesusek erantzun zion: «Egiaz, egiaz, nik diotsut: Gaurko gau onetan, ollarrak bi aldiz yo baño lenago, iru aldiz ukatu izango nauzu».

        Pedrok are geiago esan zion: «Zurekin il bear badut ere, etzaitut ukatuko». Beste orrenbeste zioten ikasle guziak ere.

 

 

180.— Yesusen apaiz-otoitza

(Io. XVI, 23-XVII, 1-26)

 

        «Gauza auek esan dizkitzuet, nigan pakea izan dezazuen. Munduan esturak ikusten dituzue, baña biotz on izan! nik garaitu dut mundua».

        Itz oiek esandakoan, Yesusek begiak zerurontz goratu zituen ta esan zuen: «Aita, iritxi da ordua; ospa zazu zere Semea, zure Semeak ere zu ospa zaitzan. Alabaña, gizon guzien gañeko eskubidea eman diozu, berak betiko bizia eman dezaien aren kontura utzi dituzun guziai. Eta betiko bizia au da: zu, egiazko Yainko bakar ori, ta zuk bidalitako Yesu-Kristo ezagutzea.

        »Nik ospatu zaitut lurrean; egiteko eman zenidan lana bururatu dut. Aita, mundu au asi baño lenago zure baitan nuen ospe bereartaz ospa nazazu.

        »Zuk mundutik ita eman dizkidatzun gizonai zure izena erazagutu diet. Zureak ziran, zuk eman zenizkidan, ta zure itza begiratu (gorde) dute. Orain ezagutu dute, zuk eman didazun guzia zugandik datorrela. Nik aiei eman baitizkiet zuk neri eman dizkidatzun itzak, ta aiek artu dituzte, eta egiaz ezagutu dute, ni zugandik atera naizela, ta siñetsi dute zuk bidali nauzula. Oien alde otoitz egiten dut. Eztut munduaren alde otoitz egiten, zuk emandako oien alde baizik, zureak dira ta. Nerea dan guzia zurea baita, eta zurea dana nerea da, ta ni ospatu naiz oien baitan. Ni eznaiz geiago munduan egongo, oiek bai munduan daude; ni zugana yoateko nago. Aita Sandua, begira (gorde) itzazu zure izenean zuk eman dizkidatzun oiek, bat izan ditezen, gu geran bezela.

        »Oiekin nengoen bitartean, nik begiratzen nituen zure izenean zuk emandako oiek; nik zaindu ditut, eta bat, galtzapen-semea besterik ezta galdu oietakorik, Idazkia bete dedin. Orain banoa zuregana, ta munduan nagon arte esan ditut gauza auek, berak izan dezaten nik dudan poz bete-betea.

        »Zure itza eman diet; ta munduak iguindu ditu, munduarenak eztiralako, ni ere munduarena eznaizen bezela. Eztizut eskatzen mundutik idoki (atera) ditzazun; gaitzetik begira ditzazun bai ezkatzen dizut. Ezpaitira munduarenak, ni ere munduarena eznaizen bezela. Sanduetsi itzazu egietan; zure itza egia da. Zuk ni mundura bidali nauzun bezela, bidali ditut nik oiek mundura. Oiengatik sanduesten dut nik nere burua, egiaz sanduetsiak izan ditezen.

        »Baña eztut oien alde bakarrik otoitz egiten; oien itzaren bidez nigan siñestsiko duten guzien alde ere eskatzen dut, guziak bat izan ditezen, zu, aita, nigan eta ni zugan nagoen bezela; olaxe bat izan bitez, munduak siñetsi dezan zuk bidali nauzula. Zuk neri eman didazun ospea eman diet nik oiei, bat izan ditezen, gu bat geran bezela. Ni aiengan egongo naiz, zu nigan zauden bezela, munduak ezagutu dezan zuk bidali nauzula ta oiek maite izan dituzula, ni maite izan nauzun bezela.

        »Aita, zuk neri emandakoak nerekin batean ni nagon tokian egotea nai dut, zuk neri eman didazun ospea ikusi dezaten, mundu au asi baño lenagotik maite izan bainauzu.

        »Aita zuzentsua, munduak etzaitu ezagutu; nik ordea ezagutu zaitut, eta auek ere ezagutu dute zuk bidali nauzula. Zure izena erazagutu diet, ta berriz ere erazagutuko diet, zuk neri izan didazun onerizkoa oiengan izan dedin ta ni oiengan».

 

 

181.— Yesus Get-semaniko baratzean

(Mt. XXVI, 36-46; Mc. XIV, 32-42; Lc. XXII, 39-46; Io. XVII, 1-2)

 

        Itz oiek esandakoan, igaro zan Yesus bere ikaslekin Kedron latsaren (errekaren) beste aldera, ta Getsemani deritzan bazterrera yoan zan. Bazegon an baratze bat eta ara sartu ziran Yesus ta bere ikasleak. Bere saltzale Yudak ere bazekien toki ura, Yesus askotan bildu izan baitzan ara bere ikaslekin.

        Tokira iritxi ziranean, esan zien bere ikasleai: «Zaudete emen eseri ta, nik ara yoan ta otoitz egin bitartean». Artu zituen berarekin Pedro ta Yakobo ta Yoan, eta asi zan gogo-illuntzen ta atsekabetzen ta ikaratzen. Orduan esan zien: «Il zerañoko atsekabetan dago nere anima; geldi emen ta zaudete esna nerekin. Otoitz egizue, zirikaldian sartu etzaitezten».

        Gero lekutu zan aiengandik eta urrundu zan arri-urtiki bat bezelatsu, ta belaunikaturik auzpez yarri zan lurraren gañean ta otoitz au egiten zuen: «Ene aita, iñondik al badikete, urrun zazu nigandik edal-ontzi (nekaldi) au. Ala ere, zure naia egin bedi, ez nerea».

        Aingeru bat agertu zitzaion zerutik eta alaitzen zuen. Iltzeko zorian yarri zan ta are gogotsuago eskatzen zuen, ordu ura bere ondotik igaro zedin, al baziteken. Esan zuen: «Abba, Aita, zuk guzia badagikezu; lekutu zazu nigandik edal-ontzi au; ala ere zuk nai duzuna egin bedi, ez nik nai dudana». Eta aren izerdia, lurrera erortzen diran odol-tantoen idurikoa zan.

        Otoitzetik yaiki zanean, bere ikaslengana zan ta atsekabez lokarturik zeudela arkitu zituen; ta esan zion Pedrori: «Simon, lo zaude? Beraz ordu bakar batez ere ezin esna egon izan zera nerekin? Yaiki, erne egon ta otoitz egin, zirikaldian sartu etzaitezten; atsa (gogoa) gertu baitago, aragia ordea makal».

        Bigarren aldiz yoan zan ta otoitz egin zuen itz berak esanez: «Ene Aita, edal-ontzi au nere ondotik ezin igaro baditeke nik edan gabe, zure naia egin bedi». Gero biurtu zan aiengana ta berriz ere lo zeudela arkitu zituen, aien begiak astunduak baitziran, eta etzekiten zer erantzun.

        Aiek bertan utzi ta yoan zan, eta irugarren aldiz otoitz egin zuen, itz berak esanez. Gero etorri zan irugarren aldiz bere ikaslengana ta esan zien: «Lo egizue ta atseden ar zazue. Aski da, urbil da ordua, oraintxe pekatarien eskuetan yarriko dute Gizasemea. Yaiki, goazen; nere saltzalea bertan da».

 

182.— Yesus atxillotzen dute

(Mt. XXVI, 47-56; Mc. XIV, 43-52; Lc. XXII, 47-54; Io. XVIII, 3-12)

 

        Yesus oraño mintzo zala, ara non agertzen dan Yuda, amabietako bat. Gudamutil-sail bat eta Farisauen ta Apaiznausien morroiak arturik, ara yoan zan, ta arekin batean gizalde aundi bat krisellu ta lastargi ta ezpata ta makillekin; Apaiznausi ta Lege-irakasle ta erriko Zarrenak bidalia zan gizalde ura.

        Yuda aurrean zioakien. Ezaupide bat ere eman zien saltzale orrek, esanez: «Nik musu emango diodana, uraxe da; atxiki ta eramazue arduraz». Urbildu zanean, yoan zan bereala arengana ta esan zion: «Agur, Maisua» ta musu eman zion. Yesusek berriz esan zion: «Adiskide, zertara etorri zera? Yuda, musu batekin iruzur-egiten diozu gizasemeari?».

        Yesusek beraz bere gañera etorri bear zuen guzia yakiñik, aurreratu ta esan zien: «Nor billatzen duzue?».

        «Yesus Nazaretarra», erantzun zioten.

        Yesusek esan zien: «Ni naiz».

        Bere saltzale Yuda ere aiekin zegoen. Arek «ni naiz» esan zien orduko, atzera egin zuten ta lurrera erori ziran.

        Berriz ere galdegin zien: «Nor billatzen duzue?». «Yesus Nazaretarra», esan zioten. Yesusek erantzun zien: «Esan dizuet ni naizela. Ni billatzen banauzue, auei utzi zaiezue yoaten». Orrela egiztatu bear zan berak esandako itz ura: «Zuk eman dizkidazun auetatik bat ere eztut galdu». Orduan urbildu zitzaizkion ta eskuak gañera egotzi zizkioten.

        Yesusen lagunak, agitzera zioana ikusirik, esan zioten: «Yauna, yoko al dugu ezpataz?». Simon Pedrok eskua luzatu ta bere ezpata atera zuen; Apaiz-nausiaren morroi bat yo ta eskuiñeko belarria moztu zion. Morroi arek Malko zuen izena.

        Yesusek ordea esan zien: «Geldi or! Aski da!». Pedrori ere san zion: «Sar zazu ezpata bere kozkora. Ezpata artzen duten guziak ezpataz ilko dira. Zer bada, uste al duzu, nere Aitak ezlizkidakela bereala bidaliko amabi aingeru-saldo baño geiago, nik eskatu ezkero? Baña nola beteko lirake orduan Idazkiak? Orrela agitu (gertatu) bear da ta. Nere Aitak eman didan edal-ontzia ez al dut bada edango?». Gero ukitu zuen aren belarria eta sendatu zuen.

        Orduan esan zien beregana zetozen apaiznausi ta yauretxeko buruzagi ta Zarrenai: «Lapur batengana bezela atera zerate makilla ta ezpatekin, ni atxitzera. Egunero zuekin nengoen yauretxean irakasten, eta eztidazue eskurik egotzi, ez lotu. Baña guzi au agitu da, Idazkiak bete ditezen: au da zuen ordua ta illunben eskubidea».

        Gudamutil-saldoak ta buruzagiak ta Yuduen morroiak atxitu zuten Yesus eta loturik eraman zuten Apaiznausiaren etxera. Bere ikasleak, bera utzi ta, iges egin zuten.

        Mutil bat ordea yarraiki zitzaion yantzi gabe, maindire bakar batez estalia; atxitu zuten, baña arek maindirea askatu ta igesi yoan zan billutsik.

 

 

183.— Yesus Anaren aurrean —
Pedrok lenengo aldiz ukatzen du

(Mt. XXVI, 57-58, 69-70; Mc, XIV, 53-54; 66-68; Lc. XXII, 54-57; Io. XVIII, 13-24)

 

        Leenik eraman zuten Anarengana; urte artako Apaiznausi Kaifaren aitagiarreba baitzan ori. Kaifa zan Yuduai arako burubide ura eman ziena: «Obe da gizon bat il dedin erriagatik» (Io. XI, 49 sq.).

        Yesusen ondotik zioazen Simon Pedro ta beste ikasle bat; yarraiki zitzaizkion Apaiznausiaren barlaraño. Beste ikasle ura Apaiznausiaren ezaguna zan, eta Yesusekin batean sartu zan Apaiznausiaren barlaraño, Pedro ordea kanpoan gelditu zan ate ondoan.

        Beste ikasle ura, Apaizanusiaren ezaguna zan ura atera zan kanpora, itzegin zion neskame atezaiari sarrarazi zuen Pedro. Neskame atezaiak esan zion oneri: «Gizon orren ikasletako bat al aiz i ere?».

        «Ez, eznaun», erantzun zion Pedrok.

        Eguraldi otza baitzegon, morroi ta mirabeak sua egin zuten barlaren erdian, ta suaren inguruan zutik berotzen ari ziran. Pedro ere aiekin zegon barlan, zer aterako zan ikusteko, ta berotzen ari zan. Orduan urbildu zan Apaiznausiaren neskame bat; ikusi zuen Pedro su ondoan eseri ta berotzen ari zala, zorrozki begiratu zion ta esan: «I ere Yesus Nazarretarrrarekin intzan».

        Arek berriz ukatu zuen guzien aurrean esanez: «Emakumea, eztiñat ezagutzen. Etzekiñat ta eztiñat asmatzen zer dionan». Bereala atera zan kanpora barla-aurrera; eta ollarrak yo zuen.

        Apaiznausiak galdegin zion bada Yesusi bere ikasletaz eta bere irakaspenaz. Yesusek erantzun zion: «Ni agerian mintzatu natzaio munduari; nik beti irakatsi izan dut sinagogan ta yaurtxean, Yudu guziak biltzen diran tokian, eta eztut ezer ere ixilkian itzegin. Zer dala ta galdegiten didazu? Neri entzun didatenai galdegiezu, zer esan diedan».

        Orra, oiek badakite zer esan diedan. Ori esan ondoan, an inguruan zeuden mirabetako batek masalleko bat eman zion Yesusi esanez: «Orrela erantzun al diok Apaiznausiari?».

        Yesusek erantzun zion: «Gaizki itzegin badut, erakutsi zaidazu zertan utsegin dedan; zuzen itzegin badut berriz, zergatik yotzen nauzu?».

        Anak bidali zuen loturik Kaifa Apaiznausiaren etxera; an bilduak ziran orduko apaiz guziak eta Lege-irakasleak eta Zarrenak.

 

 

184.— Yesus Batzarre-aundiaren aurrean —
Pedrok berriz ukatzen

(Mt. XXVI, 59-66, 71-75; Mc. XIV, 55-64, 69-72; Lc. XXII, 58-68; Io. XVIII, 25-27)

 

        Apaiznausiak eta batzarre guziak Yesusen aurkako (kontrako) aitorrera bat billatzen zuten, ura illarazteko; etzuten ordea arkitzen. Lagun askok gezurrezko aitorrerak egiten zituzten ari buruz, baña aien aitorrerak etzetozen batera. Azkenean azaldu ziran gezurrezko yakille (testigu) bi, eta gezurrez esan zuten artaz: «Onek dio: Nik urratu dezaket Yainkoaren yauretxea, eta iru egunez berriro eraiki».

        Beste batzuek txutitu ziran ta gezurrezko aitorrera au egin zuten artaz: «Guk entzun diogu oni esaten: Nik urratuko dut eskuz egindako yauretxe au, ta iru egunez eraikiko dut beste, eskuz egiña eztan bat». Baña aien aitorrerak etzetozen batera.

        Orduan Apaiznausia txutitu zan erdian ta onela galdegin zion: «Ez al diozu ezer erantzuten auek zure aurka aitortzen dutenari?». Yesus ordea ixildu zan ta etzion itzik erantzun.

        Apaiznausiak berriz ere galdegin zion: «Yainko biziaren izenean galdegiten dizut; esaiguzu, ea zu zeran Kristo, Yainko bedeinkatuaren Semea».

        Orduan Yesusek erantzun zion: «Bai, ni naiz. Baña nik esaten dizuet: gaurgero ikusiko duzue Gizasemea, al-guzidun Yainkoaren eskui aldean eseria ta zeruko odeietan etortzen».

        Apaiznausiak bere soñekoa urratu zituen, esanez: «Biraoa esan du. Zertako bear ditugu yakille geiago? Zerok aditu duzue oraintxe biraoa. Zer iduri zaitzue?».

        Ta guziak batera erantzun zuten: «Iltzea zor du».

        Bitartean, Pedro kanpora zioala, ikusi zuen beste neskame batek ta an zeudenai esan zien: «Au ere aietakoa da». Ta ukatu zuen. Beste neskame batek ikusi zuen ta esan zien an zeudenai: «Au ere Yesus nazaretarrarekin zegoen». Pedrok ordea berriz ukatu zuen zin-egiñez: «Eztut gizon ori ezagutzen».

        Andik laster, beste batek ikusi zuen ta esan zion: «I ere aietakoa aiz». Pedrok erantzun zion: «Gizona, eznauk». Berriz ere an zegoen Pedro ta berotzen ari zan. Esan zioten bada: «I ere orren ikasletakoa al aiz?». Berak ukatu zuen esanez: «Ez, eznaiz».

        Andik ordu baten buruan bezelatsu, beste batek baieztu zuen: «Bai, au ere arekin zegon, izan ere Galilearra da ta». Pedrok esan zion: «Gizona, etzekiat zer diokan». An zeudenak urbildu zitzaizkion Pedrori ta esan zioten: «Baiki, aietakoa aiz: ire mintzoak (izkuntzak) berak salatzen au ta».

        Apaiznausiaren mirabetako batek (Pedrok belarria moztu zionaren aidea zan bera) esan zion: «Ez al aut nik arekin ikusi baratzean?».

        Orduan asi zan Pedro biraoka ta zinka: «Ez, eztut ezagutzen, zuek diozuen gizon ori». Eta bereala, ura oraño mintzo zalarik, ollarrak yo zuen. Orduantxe itzuli zuen Yaunak aurpegia ta Pedrori begiratu zion. Pedro oroitu zan Yaunak esandako itz artaz: «Ollarrak bi aldiz yo orduko, iru aldiz ukatu izango nauzu». Kanpora atera zan ta negar egin zuen saminki.

 

 

185.— Yuduak Yesusi irri ta iseka egiten

(Mt. XXVI, 67-68; Mc. XIV, 65; Lc. XXII, 63-65)

 

        Orduan batzuek listu-egin zioten, aurpegia estali ta masallekoak yotzen zizkioten esanez: «Ots, Kristo, igarri zaiguk, nor dan i yo auena».

        Ta mirabeak (morroiak) ere ukabillaz yotzen zuten; ta bere zaintzaleak iseka egiten zioten yoka. Aiek ere aurpegia estali ta yo egiten zuten, ta onela galdegiten zioten: «Igarri zaiguk. Nor duk i yo auena?». Eta olako beste txarkeri ta birao asko ere esaten zizkioten.

 

 

186.— Yesus berriz batzarrean

(Mt. XXVII, 1-2; Mc. XV, 1; Lc. XXII, 66-71—XXIII, 1; Io. XVIII, 28)

 

        Goizean goiz, argitu orduko, bildu ziran erriko Zarrenak eta Apaiznausiak eta Lege-irakasleak eta batzarre osoa, ta Yesus illarazteko erabakia artu zuten. Eraman zuten Yesus beren batzarre artara ta galdegin zioten: «Zu bazera Kristo, Mesia, esaiguzu».

        Berak esan zien: «Esan badezaizuet, eztidazue siñetsiko; galdegiten badizuet, eztidazue erantzungo, ez lokabe (libre) utziko. Baña gaurgero Gizasemea alguzidun Yainkoaren eskui aldean eseria egongo da».

        Guziak esan zioten: «Zu al zera beraz Yainkoaren Semea?».

        «Zerok diozue; bai ala naiz», erantzun zien.

        Orduan aiek oiu egin zuten: «Zertako bear dugu beste aitorrerarik? Gerok aditu dugu bere agotik».

        Txutitu zan batzarre guzia, lotu zuten Yesus ta Kaifaren etxetik auzitegira eraman zuten.

 

 

187.— Yudaren etsipen ta urkatzea

(Mt. XXVII, 3-10)

 

        Orduan Yuda, Yesusi iltzeko epaia eman ziotela ikusirik, urrikitu zan; Apaiznausi ta Zarrenai atzera biurtu zizkien ogei ta amar zillar-diruak esanez: «Pekatu egin dut, odol obengabea salduz».

        Aiek berriz esan zioten: «Guri zer zaiguk? Ortxe ikusi erorrek».

        Oduan aurtiki (bota) zituen zillar-diruak yauretxera, aldegin zuen ta soka batez bere burua urkatu zuen.

        Apaiznausiak yaso zituzten zillar-diruak ta esan zuten: «Ezta zil (libre) auek yauretxeko diru-kutxara egoztea, odol-saria dira ta». Elkarrekin yarduki ondoan, erosi zuten aiekin Eltzegillearen zelaia, arrotzen ortzi-tokitzat. Orregatik deitzen da zelai ura gaurko egunerarte Hakeldama, esan nai da, Odol-zelai.

        Orrela bete zan Yeremia Profetak esandako ura (Ier. eta Zach.):

 

        «Artu dituzte ogei ta amar zillar-diruak,

        sarigarriaren saritzat

        Israelgo semeak eritzi duten saria;

        ta eman dituzte Eltzegillearen zelai orde;

        orrela agindu dit Yaunak».

 

 

188.— Yesus Pilatoren aurrean

(Mt. XXVII, 11-14; Mc. XV, 2-5; Lc. XXIII, 2-7; Io. XVIII, 28-38)

 

        Eraman zuten beraz Yesus loturik auzitegira eta Ponzio Pilato Yaurlearen eskuetan yarri zuten. Goiza zan; berak etziran auzitegira sartu, ez kutsatzeko ta Pazko-oturuntza yan al izateko.

        Pilato atera zitzaien beraz kanpora ta esan zien: «Zer salaketa dakartzue gizon onen aurka?».

        Aiek erantzun zioten: «Au gaizkillea ezpalitz, ezgiñukean zure eskuetan yarriko».

        Pilatok esan zien: «Ar zazue zerok eta zuen legearen araura epai zazue».

        Yuduak erantzun zioten: «Guk eztugu zil (libre) iñori bizia kentzea». Orrela betetzen zan, Yesusek zer eriotzez il bearra zan adiarazteko esan zuen itza.

        Asi ziran beraz ari onela ogen-ematen: «Or arkitu dugu gizon au, gure erria naspillatzen ari dala; Kaisar'i zergak ematea debekatzen du, ta bera Kristo erregea dala esaten ari da».

        Sartu zan bada Pilato berriz auzitegira ta Yesus etorri-arazi zuen. Agertu zan Yesus yaurlearen aurrean, ta onek galdegin zion: «Zu al zera Yuduen errege?».

        Yesusek erantzun zion: «Zuk zere baitatik al diozu ori, ala beste batzuek esan al dizute nitaz?».

        Pilatok erantzun zion: «Yudua al naiz ni? Zure erritarrak eta Apaiznausiak nere eskuetan yarri zaituzte. Zer egin duzu?».

        Yesusek erantzun zion: «Nere yaurgoa ezta mundu onetakoa; nere yaurgoa mundu onetakoa balitz, nere mirabeak gudu egingo zuten noski, Yuduen eskuetan erori ez nendin. Bañan ez, nere yaurgoa ezta mundu onetakoa».

        Pilatok esan zion: «Geroztik errege zera zu?».

        Yesusek erantzun zion: «Bai, errege nauzu. Ontarako yaio naiz ta ontarako etorri naiz mundura: egiari buruz aitor-egiteko (egia zer dan erakusteko). Egiaren aldekoa dan edozeñek entzuten du nere mintzoa».

        Pilatok esan zion: «Zer da egia?». Eta ori esan ondoan, atera zan berriz Yuduengana ta esan zien Apaiznausi ta gizaldeai: «Eztut onengan obenik arkitzen».

        Apaiznausi ta Zarrenak asko gauzetaz ogen-ematen zioten, baña berak etzuen ezer erantzuten. Orduan Pilatok galdegin zion berriz: «Ez al duzu ezer erantzuten? Ez al duzu aditzen, zenbat gauzetaz ogen-ematen dizuten?».

        Yesusek ordea etzion itzik erantzun aren galde bati ere; yaurlea guziz arritua zegoen.

        Aiek orduan ta oiu geiago egiten zuten: «Erria naspillaten du Yudea guzian irakatsiz, Galileatik asi ta oneraño».

        Pilatok Galilea izena aditzean, galdegin zuen, ea gizon ura Galileakoa zan. Eta Heroderen mendekoa zala ikasi zuenean, Yesus Herodengana bidali zuen, au ere Yerusalemen baitzan egun aietan.

 

 

189.— Herodek Yesusi iseka egiten

(Lc. XXIII, 8-12)

 

        Herode poztu zan biziki, Yesus ikustean; aspaldi artan ura ikusi naiez baitzegon, artaz gauza asko entzun zituelako; ta bere aurrean mirarien bat egingo zuela uste zuen. Galde asko egin zizkion beraz; Yesusek berriz etzion ezer ere erantzuten.

        Apaiznausia ta Lege-irakasleak an zeuden, ta ogen-ematen zioten egiñal guziaz. Herode ta bere gudamutillak irri ta iseka egin zioten; soñeko zuri bat yantzi-arazi zion parragarri yartzeko; ta gero atzera bidali zion Pilatori.

        Egun artan adiskidetu ziran Herode ta Pilato, lenago etsai ziran ta.

 

 

190.— Yesus ala Barabba?

(Mt. XXVII, 15-26; Mc. XV, 6-15; Lc. XXIII, 13-23, 25; Io. XVIII, 39-40—XIX, 1)

 

        Orduan deitu zituen Pilatok Apaiznausiak eta batzarre-gizonak eta erri-xea ta esan zien: «Gizon au ekarri didazue, erria naspillatzen duela ta; zuen aurrean galdegin diot, ta zuek onen aurka salatzen dituzuen gauza guzi oietan eztiot obenik arkitu. Herodek ere ez, atzera bidali dit eta. Eztu eriotza merezi duen gauzarik bat ere egin. Zeatuko dut beraz eta gero askatuko dut».

        Yaiburu-egunean yaurleak askatu oi zion eriari baitegian zegoen bat, berak nai zutena. Bazuen orduan gaizkille aipatu, Barabba zeritzan bat. Lapur bat zan Barabba ori ta beste bazter-nasle batzuekin baitegian (kartzelan) zegoen, matxinada batean eriotza bat egin zuelako.

        Igo zan bada gizaldea (auzitegi aldera) ta asi zan eskatzen urtero egin oi ziena.

        Pilatok esan zien: «Oitura da zuen artean, nik zuei atxillo bat askatzea Pazko-egunean; zein nai duzue lokabe utzi dezadan: Barabba ala Yesus, Kristo deritzana?». Auteman baitzuen, apaiznausiak bekaizkeri utsez yarri zutela Yesus bere eskuetan.

        Pilato epai-alkian eseria zegoela, bere emazteak mandatu au bidali zion: «Ez gero sartu zuzentsu orren arazoetan, gaur ametsetan gaitzak ikusi ditut orrengatik».

        Apaiznausi ta Zarrenak gizaldea berotu zuten ta burutara eman zioten, Barabba lokabe utziarazi ta Yesus galarazi zezan. Yaurleak galdegin zien bada: «Bietatik zein nai duzue askatzea? Nai al duzue Yuduen erregea lokabe utzi dezadan?».

        Eta guziak batera oiu egin zuten: «Ken ori ortik! Aska zaiguzu Barabba!».

        Berriz ere mintzatu zitzaien Pilato, Yesus askatu naiez: «Zer egingo dut bada Yuduen erregeaz, Kristo deritzan Yesusez?».

        Guziak batera oiu egin zuten: «Yosi zazu, yosi gurutzean!».

        Pilatok galdegin zien irugarren aldiz: «Zer gaitz egin du bada? Nik eztut orrengan iltzeko obenik arkitzen. Zeatuko dut beraz eta gero lokabe utziko dut».

        Aiek berriz gero ta deadar aundiagoak egiñez eskatzen zuten, gurutzean yosi zezan. Ta aien oiuak gero ta indar geiago artuz zioazen.

        Pilatok auteman (nabaitu) zuen, ezer irabazten etzuela ta zalaparta gero ta aundiago zala. Orregatik ura ekarri-arazi ta gizaldearen aurrean bere eskuak ikuzi (garbitu) zituen, esanez: «Ni obengabea naiz zuzentsu orren odolean. Ortxe ikusi zuek».

        Orduan gizalde guziak oiu egin zuen: «Orren odola betor gure gain eta gure umeen gain».

        Pilatok, erriari atsegin egin naiez, aien eskariari amor-ematea erabaki zuen. Lokabe utzi zuen beraz berek eskatzen zutena, eriotza ta matxinada egin zuelako baitegian zegoen Barabba; Yesus berriz artu ta azorriz (azotez) yo-arazi zuen.

 

 

191.— Yesus arantzez buruntzatua

(Mt. XXVII, 27-30; Mc. XV, 15-20; Io. XIX, 2-3)

 

        Orduan yaurlearen gudamutillak, Yesus azorriz yo ondoan, eraman zuten auzitegiko barlara, ta gudamutil-sail osoa bildu zuten aren ingurura. Bere soñekoak erantzi ta purpurazko soingañeko bat yantzi zioten. Gero arantzez buruntza (koroa) bat txortatu ta buru gañean yarri zioten, ta kañabera bat bere esku eskuian.

        Ondoren yoaten ziran arengana, aurrean belaunkaturik gurtzen zitzaizkion ta iseka egiten zioten. Agur egiten zioten esanez: «Agur, Yuduen errege ori». Ta listu egiten zioten ta kañabera arturik buruan yotzen zuten ta masallekoak ematen zizkioten.

 

 

192.— Yesus erriari erakusten —
Iltzeko epaia ematen

(Io. XIX, 4-16)

 

        Pilato atera zan berriz kanpora ta esan zien: «Ona emen, kanpora dakartzuet gizon ori, orrengan obenik arkitzen eztudala yakin dezazuen».

        Atera zan bada Yesus, arantzazko buruntza ta purpurazko soñekoa zituela, ta Pilatok esan zien: «Ona emen nolako gizona!».

        Apaiznausi ta morroiak, ura ikusi orduko, karraxika esan zioten: «Yosi zazu, yosi gurutzean!».

        Pilatok esan zien: «Ar zazue zerok eta yosi gurutzean; eztut orrengan obenik arkitzen».

        Yuduak erantzun zioten: «Guk legea badugu, eta lege orren araura il bear du, bere burua Yainkoaren seme egin du ta».

        Pilato, itz oiek entzunik, are geiago beldurtu zan. Auzitegira sartu zan bada berriz ere ta esan zion Yesusi: «Nongoa zera zu?». Yesusek etzion ezer erantzun.

        Pilatok esan zion: «Neri eztidazu itzik ematen? Zu gurutzean yosteko eskubidea badudala, ta zu lokabe uzteko eskubidea badudala ez aldakizu?».

        Yesusek erantzun zion: «Etzenuke nere gain eskubiderik bat ere, goitik eman ezpalitzaitzu. Orregatik, ni zure eskuetan yarri nauenak pekatu aundiagoa du».

        Orduezkero bazebillen Pilato, ura lokabe utzi bearrez. Yuduak berriz karraxiz ari ziran: «Au lokabe uzten baduzu, etzera Kaisar'en adiskide, bere burua errege egiten duen edozein Kaisar'en etsai da ta».

        Pilatok, itz oiek aditurik, ekarri zuen Yesus kanpora ta eseri zan epai-alkian, grekeraz Lithostrotos ta hebreeraz Gabbatha deritzan tokian. Pazkoaren atontze-eguna zan, seigarren ordua bezelatsu. Ta esan zien Yuduai: «Ona emen zuen erregea!».

        Aiek berriz oiu egin zuten: «Ken, ken ortik, yosi zazu gurutzean!».

        Apaiznausiak erantzun zioten: «Kaisar bai, beste erregerik eztugu». Orduan bada Pilatok aien eskuetan utzi zuen Yesus, gurutzean yosteko.

 

 

193.— Kalbariora bidean

(Mt. XXVII, 31-32; Mc. XV, 20-21; Lc. XXIII, 26-32; Io. XIX, 16-17)

 

        Gudamutillak artu zuten bada Yesus, soingañekoa erantzi ta bere soñekoak yantzi zizkioten, ta atera zuten gurutzean yosteko. Eta gurutzea soñean zuela, atera zan Burezurtegi, hebreeraz Golgotha, deritzan toki aldera. Beste bi gaizkigille bazeramazkiten arekin batean, illarazteko.

        Ateratzean, atzeman zuten alorretik zetorren eta orduantxe igarotzen zan gizon bat; Simon Kirenetarra zan, Alesandro ta Ruforen aita. Au beartu zuten aren gurutzea yasotzera. Soñean yarri zioten beraz gurutzea, Yesusen ondotik eraman zezan.

 

 

194.— Yerusalemeko emakumeak

(Lc. XXIII, 27-31)

 

        Gizalde aundia ondotik zioakion, ta emakumeak ere bai, artaz negar ta intziri egiten zutela. Yesus itzuli zan aiengana ta esan zien:

        «Yerusalemeko alabak, ez neregatik negar egin; zuengatik ta zuen umengatik egizue negar. Begira, etorriko dira egunak, esango dana: Zorionekoak emakume agorrak, aurrik izan eztuten sabelak ta esnerik eman eztuten bularrak! Orduan esando diete mendiai: Eror zaitezte gure gañera! ta muñoai: Estali gaitzazue! Izan ere, egur ezean au egiten bada, igarrean zer izango da?».

 

 

195.— Yesus gurutzean yosten

(Mt. XXVII, 33-34, 38; Mc. XV, 22-23, 25; Lc. XXIII, 33-34; Io. XIX, 18)

 

        Iritxi ziran Golgotha (edo euskeraz Burezurtegi) deritzan tokira. An edatera eman zioten ardo, mirraz ta beazunez naasia. Yesusek murtxatu zuen, baña etzuen edan nai izan. Irugarren ordua bezelatsu zan.

        Yosi zuten bada gurutzean, ta arekin batean yosi zituzten bi lapur, bata eskui aldean, bestea ezker aldean, ta erdian Yesus. Orrela bete zan arako Idazki ura: «Gaizkigillen lerroan yarri dute».

        Yesusek berriz esan zuen: «Aita, barka zaiezu, zer ari diran eztakite ta».

 

 

196.— Gurutze gañeko idazkia —
Yesusen soñekoak banatzen

(Mt. XXVII, 35-37; Mc. 24-26; Lc. XXIII, 38; Io. XIX, 19-24)

 

        Pilatok idazki bat ere idatzi zuen, aren obena adiaraziz, ta gurutzean yarriarazi zuen, Yesusen buru gañean. Iru izkuntzetan, grekeraz, hebreeraz ta latinez idatzia zegon idazki ori ta onela zion: «Yesus Nazaretarra, Yuduen erregea».

        Yudu askok irakurri zuten idazki ori, iritik urbil baitzegon Yesus gurutzean yosi zuten lekua. Yuduen Apaiznausiak esan zioten Pilatori: «Ez idatzi: Yuduen erregea, onela baizik: Onek esan: Yuduen erregea naiz».

        Pilatok erantzun zien: «Idatzi dudana, bego idatzia».

        Gudamutillak, Yesus gurutzean yosi ondoan, aren soñekoak artu ta banatu zituzten; zotz-egin zuten, nork zer eramango zuen. Lau alde egin zituzten, gudamutil bakoitzarentzat bat; eta berex yarri zuten soingañekoa. Soingañeko au yosturagabea zan, goitik beeraño dana eundua. Esan zioten bada elkarri: «Eztezagun urratu; zotz-egin dezagun, norentzat izango dan».

        Orrela betetzen zan arako Idazki ura (Ps. XXI, 19): «Banatu dituzte nere yantziak, zotz-egin dute nere soñekoaz».

        Ori egin zuten gudamutillak, eta eseririk zaintzen zuten Yesus.

 

 

197.— Yesusi iseka egiten —
Azken itzak — Eriotza

(Mt. XXVII, 39-56; Mc. XV, 29-41; Lc. XXIII, 35-37, 39-49; Io. XIX, 25-30)

 

        Gizaldea antxe zegokion begira. Aurretik igarotzen ziranak birao egiten zioten; beren buruak erabilli ta esaten zioten: «Eup! Yainkoaren yauretxea urratu ta iru egunez berriz eraikitzen omen duk; ots! gaizka zak eure burua; Yainkoaren Seme ba-aiz, yetxi adi gurutzetik».

        Apaiznausi ta Lege-irakasle ta Zarrenak irri egiten zioten orobat, elkarri esanez: «Besteak gaizkatu ditu, bere burua ezin gaizka dezake. Baldin Yainkoaren Gantzutua, Autetsia, Israelgo erregea bada, yetxi bedi oraintxe gurutzetik; ori ikusi ta siñetsiko diogu. Yainkoagan yarri du bere ustekaria; Yainkoak askatu dezala bada orain, maite badu. Berak esan baitu: Yainkoaren semea naiz».

        Alaber gudamutillak ere iseka egiten zioten; urbiltzen zitzaizkion ta ozpiña eskaintzen zioten edateko, esanez: «Yuduen erregea ba-aiz, gaizka zak eure burua».

        Berarekin batean gurutzean yosirik zeuden gaizkigille aietako batek ere birao-egiten zion esanez: «Ez al aiz i Kristo, Mesia? Gaizka zak bada eure burua, ta gaizka gaitzak gu ere. Besteak ordean errista (mokoka) egin zion onela: I ere ez al aiz Yainkoaren beldur, zigorrada bera dukalarik? Guk, ala ere, zuzen onez ikusten diagu zigorrada au, gure gaizkiegiñen ordaña artu gaitzik eztiagu egiten; onek berriz eztik besterik bat ere yauki (egin)». Gero esan zuen: «Yesus, oroi zaite nitaz, zure yaurgora iristen zeranean».

        Yesusek erantzun zion: «Egiaz, nik esaten dizut: Gaur izango zera nerekin paradisuan».

        Yesusen gurutze ondoan zeuden zutik bere ama, Kleofaren emaztea, eta Maria Madalena. Yesusek bere ama ta berak maite zuen ikaslea an zutik zeudela ikusirik, esan zion bere amari: «Andrea, orra or zure semea». Gero esan zion ikasleari: «Orra or zure ama». Eta orduezkero ikasleak artu zuen ura bere baitara.

        Seigarren orduan eguzkia itzali zan ta illunbeak zabaldu ziran lur guzian bederatzigarren ordua arte. Eta bederatzigarren orduan oiu egin zuen Yesusek: «Eli, Eli, lama sabakthani? esan-nai da: Ene Yainkoa, ene Yainkoa, zergatik utzi nauzu?». An zeudenetako batzuek, ori entzunik, esan zuten: «Orra, Eliari ots-egiten dio onek».

        Yesusek bazekien, guzia amaitua zala, ta Idazkia bete zedin, esan zuen: «Egarri naiz». Bazan bertan ontzi bat, ozpiñez beterik. Lagun aietako bat bereala yoan zan lasterka, belogi bat artu ta ozpiñez ase zuen, ta isopo-aga batean yarririk, edatera eman zion. Besteak berriz esaten zioten: «Utzak, ikusagun, ea Elia etortzen zaion askatzera».

        Yesusek ozpiña artu ta esan zuen: «Amaitu da».

        Gero berriz oiu aundi bat egiñez esan zuen Yesusek: «Aita, zure eskuetan uzten dut nere atsa». Eta itz oiek esandakoan, burua kurtu ta azken-atsa eman zuen.

        Eta ara! yauretxeko estal-zapia erdibitu zan goitik beeraño, lurra ikaratu, arriak zartatu ta il-obiak zabaldu ziran, eta lo, illik, zeuden sandu askoren gorputzak berriz-piztu ziran; eta geroago, Yesusen berrizpizte ondoan il-obietatik atera ta iri sandura etorri ziran ta lagun askori agertu zitzaizkien.

        Aurkaz-aurka zegoen eunburuak, agitu zana ikusirik eta ola oiu egiñez atsa eman zuela aditurik, Yainkoa goraipatu zuen esanez: «Egiaz, Yainkoaren semea zan gizon ori». Eta arekin batean Yesus zaintzen zutenak, lur-ikara ta gertakari guzi aiek ikusirik, beldurtu ziran gogorki ta esaten zuten: «Bai ziñez, Yainkoaren semea zan».

        Eta bereolaxe, ikuskari orri begira zegon gizalde guzia, gertakari oiek ikusi-ta beren bularrak yoaz itzultzen ziran etxera.

        Aren ezagun guziak urrutian zeuden; alaber emakume asko, Galileatik ari mirabe-antzo yarraiki zitzaizkionak, begira zegozkion; aien artean ziran Maria Madalena, ta Yakobo txikiaren ta Yoseren ama Maria, ta Zebedeoren semeen ama Salome. Yesus Galilean zebillelarik, aren ondotik ibiltzen ziran ta mirabe-egiten zioten;eta arekin batean Yerusalemera igo izan ziran beste asko ere bai an zeuden.

 

 

198.— Yesusi saietsa zulatzen

(Io. XIX, 31-37)

 

        Egun ura atontze-eguna zan. Gorputz-illak larunbatez gurutzean gelditu etzitezen (yai-egun aundia baitzen larunbat ura), Yuduak Pilatori eskatu zioten, aien azpiak (ankak) zanpatu ta gurutzetik ken-arazi zitzan.

        Yoan ziran beraz gudamutillak, eta gurutzean zeuden aietako batari ta besteari azpiak zanpatu zizkioten. Baña Yesusengana ziranean, orduko illik zegola ikusi zuten; argatik etzizkioten azpiak zanpatu, baña gudamutil batek saietsa zulatu zion bere sistagaz (lantzaz) eta bereala atera ziran odola ta ura.

        Ori ikusi duenak aitortzen du, ta egiazkoa da orren aitorrera. Arek badaki egia diola, zuek ere siñetsi dezazuen. Eta ori agitu zan arako Idazki ura bete zedin: «Eztiozue ezurrik autsiko». Ta beste leku batean ere badio Idazkiak: «Berak zulatu dutenari begira dagozkio».

 

 

199.— Yesusen gorputza ortzitzen (obiratzen)

(Mt. XXVII, 57-61; Mc. XV, 42-47; Lc. XXIII, 50-56; Io. XIX, 38-42)

 

        Illunabarrean etorri zan Yose izeneko gizon aberats, Yudeako Arimatea-iriko bat. Batzarre-laguna zan, gizon on ta zuzena: Yainkoaren yaurgoa igurikitzen (itxoiten) zuen arek ere; Yesusen ikaslea zan, baña ixilkian, Yuduen beldurrez. Onek etzituen onetsi beste Yuduen erabakia ta egiñak. Orain bada ausartsu agertu zan Pilatoren aurrera ta Yesusen gorputza eskatu zion.

        Pilato arritu zan, Yesus orren laster il zalako. Etorriarazi zuen bada eunburua ta galdegin zion, ea illik zegoen. Eunburuaren berria aditu ta, eman zion gorputza Yoseri. Onek erosi zuen maindire bat, yoan zan ta artu zuen Yesusen gorptutza.

        Arekin etorri zan Nikodemo ere, lenago gauez Yesusengana yoan izan zan ura; onek bazekarren mirra ta aloezko naaski bat, eun libra bezelatsu. Artu zuten beraz Yesusen gorputza ta atxongaiekin (usai oneko urekin) batean bildu zuten maindire garbian; orrela ortzi oi dituzte yuduak beren illak.

        Yesus gurutzean yosi zuten lekuaren ondoan bazan baratze bat, eta baratzean il-obi bat, Yosek berak arrian ebakitako il-obia; iñor etzan oraño artan ortzi izan.

        Beraz atontze-eguna zalako eta obia urbil zegoalako, antxe bere il-obi berri artan ezarri zuen Yosek Yesusen gorputza. Gero arri aundi bat irauli zuen ill-obi atera ta yoan zan. Larunbata asten zan.

        Galileatik arekin etorritako emakumeak aratu ziran, ta begietsi zuten ill-obia ta gorputzaren ortzitzea. An ziran Maria Madalena ta beste Maria, Yoseren ama; il-obiaren aurkez eseririk begira zeuden, non ortzitzen zuten. Gero biurtu ziran ta atondu zituzten atxongaiak (usai oneko ur ta belarrak) ta gantzukariak.

 

 

200.— Yuduak Yesusen ill-obia zaintzen

(Mt. XXVII, 62-66)

 

        Biaramonean, atontze-egunaren ondoan, Apaiznausi ta Farisauak bildu ziran Pilatogana ta esan zioten: «Yauna, oroitu gera, atzipezale arek oraño bizi zanean auxe esan zuela: Irugarren egunean berriz piztuko naiz. Zainduarazi zazu bada ill-obia irugarren egunera arte; bestela bere ikasleak yoan litezke, ta gorputza ebatsi (ostu) ta esan lezaiokete erriari: Piztu da illen artetik. Orduan atzipe au lengoa baño gaiztoagoa litzake».

        Pilatok erantzun zien: «Badituzue zaintzaleak; zoazte, zain zazue, dakizuen bezela».

        Yoan ziran beraz, arria zigilatu zuten ta zaintzaleak ill-obi aurrean yarri zituzten.

 

 

201.— Emakumeak atxongaiak atontzen

(Mc. XV, 1; Lc. XXIII, 56)

 

        Larunbatean geldirik egon ziran emakumeak, agindurik dagoenez. Larunbata igaro zanean, Maria Madalenak ta Yakoboren ama Mariak eta Salomek atxongaiak erosi zituzten, Yesusen gorputza gantzutzera yoateko.

 

aurrekoa hurrengoa