www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Araibar zalduna
Eusebio Erkiaga
1962

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Araibar zalduna, Eusebio Erkiaga. Kuliska Sorta, 1962

 

 

aurrekoa hurrengoa

XVI

 

        Maite-loraketaren ondorengo aroa dan biguin!

        Udazkeneko goiz eme ta bizigarri batean, Matilde-ren parrokiako lau ormen artean, giro gozo eta askorentzat bekaizkarria sortu zan, batez ere neskazaargoan lendabiziko ta bigarren saioak ere egiñik zeuden neskatilla ezagunentzat.

        Serafin eta Matilde-ren ezkontza eguna eldu zan. Zeruak, iradu ta artegatasunik gabe, poliki poliki beterazi oi dituan zerak, beuren eldu-mugara gozaro iritxi diranean...

        Aita-amabitxiak ere antxen zeuden, zintzoro egon ere: Araibar zalduna eta Agurne Zelaia, apain baiñan geiegikeri gabe.

        Elizkizun aren oiartzun eta iduripen samurrak klixka zorrotza egin zioten Manu-ri. Munduko neskatxa galdu ta urdanga ta paillardizengan beiñere aurkitu ez zuan usai ta kerru ezin-esanekoa nabari izan zuan, atsegingarriro. Nun bizi izan ote zan, bada, Manu, ainbeste urtetan, bere jaioterrian bertan ba zituan izan, mendeak mende, orrelako elizkizun gogaratsu ta graziz beteak?...

        Basatien artera joan eta joaten mixiolariak; eta kristau-giro uste eskualdeetan orrelako basatikoiak izan?... Mende arrigarria XX-garrena; gizabide jasoak utzirik, europar-arloko gizakiak, buru-jantziak, siñismenik gabe edota siñismen arauetaz billoizturik, gorputz eta anima larrugorrikiro bizi diran mende arro, uts eta bidez-itzuria!

        «Eta zuen semeak, olibu-altxuma bezela izango dituzute, zeuen mai-inguruan»...

        Apaizaren esakune bitxi ta egiati onek ere, egin zion bai biozpean Manu-ri alako zirrara. Serafin tutuluturik zegoan, txunditua zearo. Irriparre ta besterik ez, orixe egiten zuan ezkontza-elizkizuna bukatu zanean. Eztaieko oturuntzan, —ogei bat lagun gutxi gorabeera—, gogaro zindo, umore ona ta kantu alairik izan zan, batez ere, senar-emazte berriak aldegiteko, agur-egiten asi ziranean.

 

 

        Gau beranduko orduak euren grazi ta kilima oi dute; taskazulo diranak, munduko lazka ta gizarteko auzi latzak erabakitzeko, kritika zeatz eta epaitsuak egiten dakitelako. Maixiaketa-burduntziak gertuak izan oi dituzte gizonak, aldi umotu ortan, eta albisten trukeak egitea, eguneroko zera izaten da.

        Martzel jakitun zegoan, Manu ta Agurne erdi zerturik zeudela. Labur; alkarri itza emanik bizi zirala, batez ere, arako ezkontzan egin zuten egingoagatik.

        Maite izan zuan iñoiz Martzel-ek Agurne. Beintzat iñoiz, artaz zaleturik ibilli zan, lera-aize burrundatsua poparean joanik. Aro ori, ordea, deuseztua zan, maitaritzakoa Manu-k kendu ziolako. Alaz ere, mingostasun-ondarra zuan barruan; eta norbere zital-usaia, besteren samin-igurtziz samurtu ta ordezkatu nairik, billatu zuan billatu, jasangarri izan zitekean norbait.

        Eta ortik drungu eta emendik zurrut, naiago zuten dudarik gabe, ardandegi artako bezeruak, gau beranduan maatsaren orpotiko ur otza, sutan maneaturiko salda epela baiño.

        —Emen ere ba dira —ziotsan Martzel-ek, entzun nai zionari—, emen, ere; indietara joan ezer gabe, jakiña! eta an diru ederrak egin dituztenak. An diruz atsitutzea ez omen zaie zaillegi izan. Baiñan ango diru otsera, emengo neskatxak eskuratzea, ai! ori ez zaie ain erreza.

        Eta parre eroa egin zuan.

        Alboan zeuden Tomas, onen anaia ta beste adiskide bat. Onek sumatu zuan gazte alper aren esan edentsua norentzat zan, eta bai aopeka jakiñerazi ere Tomas-i. Onen atsegiñeko ez zan izan, noski, esaera aura. Berriz ere, alabaiña, entzun zuten azalpen berdintsua, bar artan zeudenak. Eta gazteen odol beroa zuzpertzen asi zan.

        —Bai, alafede —geitu zuan Tomas-en adiskideak—. Ba dira errion berton ere, euren bizian ezertxo ere ez lortzearren, nagiaren nagiaz, erriko alaba baten biotza ere, erbesteko txoriren batek eramatea ontzat ematen dutenak...

        Aguro jaso zuten Martzel-en belarriak ziri orren eztenkada fiña.

        —Dirurik eza eta dirutza diran tokian, emakumeak ba dakige betiere nora joten duten; ezkurrera, mutil. Txintxiña, otsik desiragarriena da andrazkoentzat. Ordea, txanpon-kontu bi berdintsuak diranean, orduan, ,ai... gatzak eta jasak irabazi oi dute garaitza-estuna, uztaia.

        —Bai, eta... nai duana esaten duanak, iñoiz edo bein irabazten du bere sari gozoa ere! Txintxiñak bakarrik ez du soiñua; ukabillak ere, batzuetan, musika xaloa sortzen dute!

        Eta geiagoko gabe, Martzel-en masaillak zertada borobilla bereganatu zuan. Ai eta oi! Bat bakarrik ez, alazaiña; zartada geiago ere aren buru inguru erori ziran, pausa-leku billa, nunbait...!

        Eta ez bat eta ez bi, bata bataren alde eta bestea bestearen bando, kanpoko aize ozkirriak otzituriko esku eta betarteak, ederki eta egundokoan berotu zituzten.

        Agurne-ren ezkontzak, aldiz aurretik banandu zituan erritar mutil gazteen artean, sekulako goxo ongi maneatuak.

 

 

        Eta eldu zan aldarte aura ere. Alegia, Manu-ren zoro-gaztezaroa gizon betegiña bilakatuko zana. Bilbon zuten gerturik etxe-bizitza berria.

        Albotiko txairoak autetsi zituan Agurne-k bere emaztetza-jai gogoangarrirako. Gizon eta emakume, senideen artekoak; neska lirain eta mutil zal eta lerdenak, adiskide artekoak. Tamalez, jakiña zan, Tomas eta Martzel ez ziran eztai-maikide izan; auek aurretiaz ospatu bait zuten, goxoketa berarizkoz, jaikune aura.

        Agurne, zoragarri zegoan, dana zuriz jantzia, garbitasunaren ezaugarri. Arpegi legun, azal beltzeran, sudur fiña, begiak ez aundi baiñan bai esale, berriketari, biziz beteak. Luzez, bestetan baiño luzeago zirudian, soiñeko tatarrezko artaz. Irudi liraiña, ezin uka.

        Aren senargeia, laisterrean senar jauna izango zana, beti bezela, gartxukiro jantzia, dotore zegoan. Bekokian, naretasun aztarna erakusten zuan. Begietan, ordea, etsipen-tantoak eman oi duan distira itsa, begirakune makaltxoa zedukan. Ez ote zegoan seguru, bere joera-aldaketa artaz? Ez ote zuan sakonkiro sentitu bizitza berriaren esan-naia? Galdu-urren zedukan askatasun joriak, zimiko-kilikilia egiten ote zion kolkoan?

        Begoiña-ko Amaren oiñetan, eliza zabal artan ospatu zuten ezkontza. Argi ta soiñuz, lore ta usaiez bete zan giro aura, bertan zeudenentzat.

        Emazte berriak atsegiñez beatzen zion mezatan, bere eskuiko erestun urrezkoari, eta aldizka bere senar jaunari. Manu-k erantzun nai zion aren xalotasunari, eta alegiña egiten zuan. Ez zion, ordea, irriparrak orren aise irtetzen beti.

        Kanporakoan, txistua eta tuntuna entzunarazi zieten senar-emazte berriai eta aien jarraigo osoari.

        Geroago, eztai-bazkari mamiaren azken-aldera, zauta ugari artan gogaro jan eta galanki edan ondorean, euskal-kanta samurrak ere izan zuten aldi.

 

                «Ezkonberriak pozkidaz daude

                egin diralako gaur

                elkarren jabe, elizan...

                Gauza ederragorik ezin izan;

                ai, orain ba nengo ni zuen gisan...».

 

        Eta gauaz, izarrek ere, ezkon:berrien omenez, isil eta alai egon oi diran une gozatsuan, ezkonberriak, iritik urruti, oturuntzan entzun zituzten kantu txukunen oiartzun eme sarkorrak gogora zituzten, euren batasun bakartadekoan:

 

                «Mingaiñak isil, biotzak itzegin...

                Lo puxkatxoren bat nai dute egin».

 

        Lendabiziko illabeteetan, gero izan oi ez duan zertxobait ba du, agian, ezkonberrien bizitzak. Geroago beste jazoera ta gertapenak izango ditu bizimoduak aientzat, baiñan beti aldatuak, bestelakotuak. Batzuek alaiak, besteak bare-samarrak; urrenak, larriagoak; azken-aldera egipen aulak, luzeak, itsak...

        Asierako egunetan eta asteetan, bateratsuko bizimodua taiutu bearrez, etxeko junguran eta alkar-gurazko mailluketapean jo ta jo egitea, noraezeko arloa izango dute; bakoitzaren jita bereziak, joera bedegarrak bear bezela ezi ta menperaturik, bide bakarrerantz irristarazi nai baldin ba dituzte. Eta osterontzean, galdua da, zearo ondatua senar-emazteen gurari makalezko lillura goiztarra. Aurretiaz amestutako batasuna, ezta osokiro zertzen egun distiratsu artan. Bizitza berriko kate astunaren lendabiziko estuntza besterik ezpaita.

        Maitaleak kalez-kale ta bidez-bide ta bazterrik bazter dabiltzanean, lekuko anitz, testigu ugari izan oi dituzte; beti zer ikusiko ta zer entzungo ari diran jakingura ipurdierreak. Baiñan gero ere, ezkonberriak euren kabitxoan, egoitza epelean erdi izkutuzko zerean bizi diralarik ere, auzokoen begiak eta entzumenak, ernai bai ernai jarraitu oi dute.

        Eta asteak aste, eta illabeteak illabete, auzoko emakume errukiorrak andre gaztea zertzen asi dan ezaugarririk igarri ezpa lezate, orduan ere izanen dute labetik-arako albisterik.

        —Aizu! Serafin-en emaztea ikusi al duzu oraintsu?

        —Ez ba.

        —Eeeez? Orra ba. Berdin da, nik esango dizut-eta. Zera, ezurberritan dago, neska!

        —Kontxo! Orren laister, e? Gazte-gazteak ere ez dira bañan...

        —Aren nagusiaren emazte liraiñak ordea, Araibar-enak alegia, ezdu ezer gauza berririk agiri.

        —Ikusten? Ainbeste denpora eta...

        —Egia esan, Serafin leenago ezkondu zan eta...

        —Ai! Ez nekian.

        —Berdin da ez jakinda ere. Dana dala, auek ere, lege onean, zerbait bear zuten onezkero zertu.

        —Ori esan ba. Ain emakume gordin eta zera izan-ta...

        —Bai, baiñan irudia ez da guztia.

        Berriketa bai, ordea. Berriketa, guztia zan, emakumezkoen egiunetan geienbat oi danez.

 

 

        Eta auzoetako emakume begirari, zelatari ta amultsuak aldarrikatu zutenez, illabeteak bete ziran eta arako jokabide zaarrak, ekarri zuan emaitz jator eta kutiziatua. Albistea, bete betea izan zan.

        —Serafin-en emazteak aur bi izan ditu. Bikiak, alajaiña. Mutiko eta neska. Ta zorionez, gaiñera.

        Berri ori, bala bala zabaldu zan auzoan. kalean eta Araibar-en ofizinan. Emen txaloka artu zuten albiste alaia. Bearko! Manu,k, ostera, sudurrak astindu zituan eta betozkoa jarri, iñork oartzeke.

        Etxeratzean, Agurne-ri adierazi bearko zion jaiotze bikoitza. Nola jasoko ote zuan Manu-ren emazteak albiste pozgarri ori? Pozarren? Samiñez? Bekaitzez?

        Gai ortaz, maiz itzegiñak ziran auzoko ta inguruko emakumeak Agurne-rekin, mingots-antuziñak bestelabaitakoan eskeiñiaz. Galdera ez-egoki orrek, entzuleari ematen dion min-sorraren berri, ez dakite, agian, egoera berdintsuz pasatu ez diranak. Ama izan nai eta ezin izan diranai, ingurukoen itaune zitalak barnera oi dien mingotsa, errea izan oi da betiere. Leenago ez zekian Agurne-k, neskatxa denporan ain zuzen, auzokoak malgukiro isuri oi duten ozpin zakar orren berri, dagokionak nardaz ta esturaz xurgatu dezan.

        Eta albisteak ba zuan bere mamia eta koxkorra ere. Aur bat izan bakarrik, ez; bi, alegia. Ta gaiñera nexka-mutil potoloak!

        Egun distiratsu batean, euren bizimodu berri ta lilluragarri antzekoa, egoera minkatx-sundazko bilakatu zan. Auzoan aurrak pareka; etxean, antzik ere ez. Biotz biren artean, naiaren arabera bete ezin zuten utsune tipi ta aundia, biak batean...

        Aurrik gabeko sukalde legor ta itsa! Arbintasuna bazterretan, ekuru urriko egoera bein-beiñekoa dirudiana. Bitarteko antza duana. Aoan ozkirri emanaz, agiñak kirrikirrika jarten dituan idurikoa. Ezkon-ontzia zanbuluka ari oi da, eta ekaitzik ariñena ere, aloxuan gainditzen du...

 

 

        Ez da miresgarri aurrik ez duan emazte gaztearen biotza arbintzen eta larritzen astea. Gabetasunak, ezak xiri-xiri sortzen duan bekaitz-sustraiaz gaiñera, maitetasunak, senar-emazteen arteko alkar-bearrak geien geienetan, zauri ta arrakala ezagunak agertu oi ditu. Guraso berrien artean, lokarririk egokienak baitira zeruak emandako aurrak.

        Orregatik, Agurne-ren biotzak larritasun eta urduri-miñak ezagutzen zituan, gero ta areago, zoritxarrez. Emakume adiskideak ere, ortan egin zuten satorlana; alegia, burua berotu larregian, geiegi.

        —Zoaz Urlia osagillearengana! Agian, zerbait... uskeriaren bat izan diteke eta, tamala litzake.

        Orraitio, Manu,k, ez zion pakerik austen arazu orri buruz. Ez zion zipla-itzik beiñere zuzentzen. Iñoiz, Agurne-k, asperen eta zinkuriñen bat egiñaz, besteen aurtxoen irriparrak, begiak, beso potoloak eta abar aipatu arren, itzegitean, ez zion aren senarrak destaiñarik ez zirikada-solas lotsagaberik azaltzen.

        —Manu, noiz izango ote dugu guk kimatxoa?

        —Askori ez die zeruak aurrik bapatean ematen. Urteen buruan, bai ordea, bialtzen die. Ta alaz ere, ez guztiai.

        Itxuraz, manatan eta pake-giroz artzen zituan ele oiek Manu-k. Aren emazte maratzaren gogoan ostera, erresumin ta egoneziña ugarituaz zioan. Baiñan, zana zala, Agurne, bestalde, pozkidaz zegoan bere senarrarekin. Ez zuan geroztik oartu arengan, leengo bizimoduko arinkeririk ez bidekatzerik. Zintzotua zegoan, eta lanean eta garatz kontuetan oi zuanez, jokatzen zuan bere emazteari buruz ere. Noizean bein, erregalu ta bezuza bitxiak egiten zizkion. Erloiu berria zala, iduneko polita zala, paparrerako txirlarrizko zer dirdiratsua zala; neguan, vison-aren berogarri txairoa; etxerako tresna aurreratuetan zer esanik ez: garbikaillu, tximist-erratz, irabiatzaille laisterra, ozkutxa, ta abar. Eta aldizka aldizka, ara-onako ibiltaldiak, erbesteko iriak ikusi, toki txanbeliñetan bazkari edo afari gozoak jan; teatru kinema nabarienak ikertu...

        Ez zion, ez, egia, Manu-ri beiñere itz gaizto laburrenik ere entzun, semerik eskeintzen ez ziola-ta. Baiñan, itzez entzun ezarren, Agurne-ren barruan susmo okerrerako, peku ta goganbear doillorrerako, lur ongi zimaurtua bezela zegoan, alditik aldira.

        Manu-k ez zuan asarre mintzorik agertu egundo. Alaz ere, ez zeritzan aren emazteak, ezkongei zerean bezin alai ta parrezale zebillenik. Oietxek ziran Agurne-ren gogoetak, bakarrik gelditzen zanean batez ere. Etxeko neskamea, txoria bezin ariña gorputzez eta animaz ere, beti aritzen zan gogorik onenaz bere ugazabandrearen aillemua jasoerazi nairik. Iñoiz iritxi zuan ori ere, eta orduan, andre ta neskame, egundoko parra karkaixa ta iskanbillez ari oi ziran etxeko lanetan. Onelako batean aurkitu zituan beiñola Manu-k, lanetik etxera zanean, ta bere giltzez atea isilik iriki ta gelartean zear aurrera zioalarik.

        Kuadru alai arek begiak esnatu zizkion eta ordurarte egin ez zituan gogoetak egiten jarri zan. Aspaldi, egia zan, ez zuan alako poztasunik somatu bere emazte gazte laztanarengan. Zergatik ote zebillen Agurne aldi antan, errenkuraz eta triste samar?...

 

 

        Amatasun-gurari biziak eraginda, mediku batengana ta bestearengana ta urrengoarengana joan zan Agurne. Bakoitzak adierazi zion bere iritzia eta eman ere bai sendabide-zeren errezeta. Senarraren isilik zebillen, atzera-aurrera auetan. Aolkari bikaiñenak adiskideak zituan, puntarengoak; emakumeak, alegia.

        Baiñan illabeteak aurrera eta ez zuan bere baitan ezer berriren zerik, illaunenik ere, nabaritzen. Beste osagille batzuen izenkada lerroa ere lortu zuan. Sendagilleok, entzute aundikoak ziran. Eta adore ta uzi tinkoaz asi zan urrenik urren, aienganatzen. Eta gauza bakana. Mediku auek berdin samarreko aburua erakutsi zioten, bakoitzak gauza berdingak adierazi gabe. Orrek jarri zuan Agurne gogor, bere asmo fierrean. Ama izatearren, egin bear zana egiteko gertu zegoan. Erabaki au betetzeko, txut eta bipil zuan gogoa. Lendabiziko eretia ez zuala galduko; orra arek bere buruari egin zion ziña.

 

 

        Atzerrira joateko kinka sortu zitzaion Manu-ri. Alegia, makiña-erakusketa aipu aundikoa izango zan Alemania-n, eta Paris-en ere bai, beribillena. Beste errialde batzuek ikertzeko aukera polita izango zuan, bidenabar. Izango zuan, ez; izango zuten, Agurne-ri ere agertu bait zion asmo atsegin ori, eta alkarrekin egingo zutela, adierazi ere bai.

        Arrituta gelditu zan Araibar, emazteak ezezko kontua azaldu zionean. Ezkontza-aldian egin zuten eztai-ondoko ibilleraren oroipen gozoaz aski zuala, alegia, erantzun zion arek, berriro ere extranjeri aldera joan gabe. Gaiñeratu zizkion zenbait apuko: makal antzean zebillela, kirioak zerbait asaldaturik zituala; aita ere, an bere erritxoan, ondoezik zebillela eta ara joango ote zan egun batzuetarako; katekesis berri batzuek antolatzen ere ari zirala esturaz eta ariñeketan, eta abar. Labur: barkatzeko, baiñan ez zuala egitan, batere gogorik, ibillaldi luzexko ortan abiatzeko.

        Eta Manu-k, goganbear izpirik gabe, onez onean dana siñistu, eta emazteari pa gozoa egiñaz, bere txangoari asiera eman zion, Opel ariña lagun izanik.

        Gelditu zan ba, Agurne, bakarrik eta bere esku. Bereala joan zan azkenengo ikusi zuan osagillearengana.

        Onek ikertu zuan berriro ere aren gorputzaren alde bat, ermainu edo akasdun zala uste zutena. Bigaramonean klinikarako zan, eta uki-ebakia egingo zion. Operazio erreza omen zan, aurretiaz geienak izan omen diranez. Agurne-k, umontzia zedukan okertu xamarra egoeraz, eta beste akats txiker bat, zuzengarria, agian. Oietxek omen ziran eragozpen, emazte aura ama izatera ez eltzeko.

        Egun artan, goizean goiz jaiki, meza entzun, autortu ta jaunartu eta etxera zan, Agurne. Ordurako, an zedukan itxaroten, senarraren telegrama samurra, bidetik bialia:

 

        «Atzerrian nago, osasunez ondo. Utsune bat inguru: zurea. Alabaiña, nire biotzean zagoz, lendabiziko egunean bezela. Zaitu zure burua. Urrenarte, laztan-musu.

MANU».

 

        Osatetxean, atzerapidea izan zuan, eta berriro etxera bearra. Medikua beste norabaitera joana zan, iraduz, eta beste —egun bian ez zan itzuliko—. Iguiñez artu zuan albista atsekabegarri ori, emazte gazteak.

        Egun bi alperrik galtzea, asko zan; larregi zeritzan luzapide orri, senarrak zortzi bat egun baiño geiago ezpaitzuan egingo etxetik kanpo. Egun osoan buruari bira ta bira eragiñaz jardun zuan emakume arek. Illunabarrean, zalantzaren orratzak zistaka izugarria egin zion biotz-gaiñean.

        —Ez ote dut atzerapide au —ziotsan bere buruari—, oarkuntza bezela, egin gogo dudana, egin gabe, leenean uzteko?

        Irugarren eguna zabaltzean, ordea, zalantza ta ezpaiak alde batera jaurti, eta joan zan joan, berriren berri, klinikara. Beste kasu bi, il ala bizikoak, izan zituan goiz artan osagilleak, eta urrengo egunerako utzi bearra izan zuan Agurne-ren osatebakuntza, onek asarrea ta gogo txarra agertu arren.

        Jarri zuten operazio-maiean, Araibar-en emaztea. Ustez erreza zan ebaketa egiten asi ziran. Emendik zabal-erazi, ortik ebaki, andik josi. Odol-jari geiegitxo izan zala oartu zuan bai zirujau arek; baiñan, iñoiz, gertatu oi zala-ta, txertu pare bat sartu zioten azalpean ariñeketan. Ez zan ordea, bapatean atertu, emoi aura. Medikuak buruari eragiten zion, erreta bezela, eta bekaiñak batean uztaitu, bestean zimurtu.

        Amaitzat eman zuten epaiketa jarduna, eta oe luzera eraman andre lokartua, botikaren zeraren mende. Anestesista gaztea birritan joan zitzaion gelara, ta eskuturreko tintiña ukitu ta betazalak jaso ta ikusi.

        Andik geroetan esnatzen asi zan Agurne, begiak larri ta erkin. An zegokion, josita bezela, adiguritsu ta gertu, bere neskame alai ta jatorra. Neke aundia zedukan barruan, ostera, bere ugazabandre ona ain eroria ta jausia ikustean... Zergatik ote zegoan etxekandre maratza kilnikan, egoera artan, zuzen zuzenean ere, zalduna kanpoan zebillen aldarte labur artan? —ziotsan bere barruari otsein arraiak—. Ezin ba ulertu, arrotzak, senar-emazteen arteko gertari isillekorik.

        Eldu zan gaua, bere ao beltzez ta erpe sarrakio-zalez. Egunez bipilla izanik ere, gauez edonor da bildurperaa.

        Gau-erdi aldera, neskamea, ordurako lo betean, intziri batzuek itzarri zuten. Izu-ikaraz jaramon egin nai zion andre maiteari, ta onek zerbait adierazita, oe-gaiñekoak arpurtxo bat alderatu zituan, eta begiak zabal zabal, lau darduan jarri zan. Odola agiri zan, odola, andre eriaren iztarretan eta aztaletan eta maindiretan... Jo zituan tirriñak neskameak, eta itsumustuan irten zan iragangura norbaiten eske, el-oiu latza kanporatuaz.

        Lendabizi monjatxo bat agertu zan, eta alakoren batean eri-laguntzaille morroia. Sarri bai sarri gertatzen dan bezela, ez zegoan batere medikurik klinikan. Axolakabekeri barkagaitza, agian. Noraezean, txertu pare berria sartu zion mutil arek, mami-mamian; azertatu ala ez.

        Zorionez, atertu zala zirudian, odol-iturriaren eriona. Geisoari neke berriak emanik, aldatu zizkioten maindire ta osterontzekoak. Medikua ere, tira ba, telefonoz deitua, azaldu zan estularria iragan ondorean.

        Neskamea baiño beste seniderik ez zegoan an, ain zuzen, eta oni egin zion azalpen xee ta murritza medikuak.

        —Arrituta nago, ori nola izan dan asmatu eziñik. Odola ta odolura ezarriko dizkiogu, eta laister osatuko da.

        Artu zituan, zulaketa bidez, Agurne-ren gorputz ebainduak, osasun-lagungarri oiek. Ura, ur pixka, besterik ez zuan eskatzen emazte errukarriak, egarriz.

 

* * *

 

        Eldu zan etxeko atadira, atzerritik itzuli, Manu. Popoa kale-ertzean zuan. Jo suan tirriña, beetik, baiñan erantzunik jaso gabe, bigarrenez eta irugarrenez. Gaba zan eta kaleko atea itxirik zegoan. Orduan, atezaiari jo zion tinbrea eta au agertzean, ezer berririk zan galdetu zion.

        Emaztearen egiteaz jakitun geratu zan bezin laister, beribillean sartu eta an joan zan, tximista iduri, klinikarantz. Ernen, ez zioten sartzen utzi nai, ez-ordua zalata. Alaz ere, arren eta arren, azalduarazi zien atzerritiko etorrera.

        Biotza erdibi egin zitzaion Manu-ri, emaztearen egoera nabaritzean. Illunabarrean, lotunea izan zuan aren biotzak. Guztiak isillik egon bear zuten; oekoari itzik ere ez egin.

        Baiñan erdibituago egin zitzaion, lekaimeak operazioaren berri eman zionean. Ama izateko uziak eragin zion andre gazteari, alako eskintza odoltsua, alako neke ta arrisku aundia; ainbesteraiño elduko zana jakin gabe, noski.

        —Agurne! —ziotsan isilkiro senarrak—. Nolatan egin duzu buru-arinkeri ori? Jesu! Jesu!... Beste ainbeste egiteko ere!...

        Orduak aurrera, adu onak eman zion Agurne-ri goraldi-aize osasungarria. Zertxobait zuzpertu zan, eta gero lo gogoak artu zuan. Goizalderarte ez zan itzartu. Bere senarraren irriparrerik samurrena ta mintzorik legunena oartzean, oberantza egin zuan, igarri igarrian, Agurne-ren gorputzak; orobat gogoak. Zerbait edari edan zuan, eta beste loxumaren ondorean, eguerdirantz erne ta itzegin nairik zegoan. Ordu latz eta gordiña bientzat.

        —Agurne: neuk dut errua zure egoera auengarri ontaz. neuk —esan zion erdi negarrez, senar urrikaltsuak.

        —Zure isillean nai izan dut, Manu, ama izateko gertu jarri, eta...

        —Doakabe ori! Eman al dizut iñoiz erdeiñurik, aurrik eskeintzen ez zenidalako? Ez, noski. Ez zitzakidaken zillegi, eiki. Ez nizun esan beiñola, aitortu bear nizun oro, tamalez. Gaztetan izan nituan, pekatuzko bide makurrak eman oi dituan emaitzak; andremiñak izan nituan. Geroztik, erialdi orren xaki ta lorratza niregan ditut; antzu-zigorra, gaurdaiño alegiñak egin arren, osapenik iritxi gabe. Nire zirtzilkeri ta doillorkeriaren ordaiña, nunbait. Atsegin geiegizkoan jarritako usteak, uzta auxe opaldu dit. Ene xangrinaren aundia! Atsekabearen larria!... Urte eroak gaztetan. eta orain aita izan nairik bizi naizenean, nire utsen ordaingarritzat, zeruak eman dit, noski, neke biurri auxe. Ta zu, errugabe ori, nire akatsen garbigarri ta xautzaille zaitut, oiñazeak arestian jasan eta orain miñaren mende, aul eta eroria...

        Negarrari eman zion, asperen sakonak azaleratuaz.

        Senar-emazte bien malkoak bat egin zuten, mundu ontan naitaezeko dan maite-batasuna sortarazi, zuzpertu ta trinkotu bearrez.

        —Barkatzen al didazu, barkatzen, ene emazte laztan orrek?...

 

aurrekoa hurrengoa