www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Araibar zalduna
Eusebio Erkiaga
1962

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Araibar zalduna, Eusebio Erkiaga. Kuliska Sorta, 1962

 

 

aurrekoa hurrengoa

VIII

 

        Igande artan, ez zuan Loli-k lanbide txarra izan, batbatean Bilbora eldu eta bere maitale Manu-rekin ibilliko zala uste izanaz. Artean, bi illabete eta geiago pasatuak ziran aura bere errian zebillenetik. Ez zan bada gauza jatorra izango Manu-ri Errekalde inguruan itxedotea, alperreko zera baizik.

        Zana zala, egun artan ez zan Loli bere izebaren etxean lotu. Poliki jantzia, egokiro apaindua, masail zurbilxka aietan kolorete bizia jarri zuan. Egon zan Pumanleska-ra joateko bere leenagoko neska-lagunen galde. Baiña, ez zeritzon bidezko. Maitariak, bat izango zirala adierazi zionean, zergatik siñistarazi iñori orrelako itxurakeriak?

        Maitatzeko ordua eltzen danean, maitaleetarik bat ager ez-pa ledi, zio eta errazoi aundiren bat bear izango litzake, eta orregatik, zurtzak bestearen mandatu eta dei-ordea jaso bear izango luke.

        Oiek ziran Loli-ren buruan iñarika zebiltzan gogoetak.

        Zalantzan zioan Loli, kaleetan zear. Teatrura joatea erabaki zuan. Iru teatruetara joan zan, baiñan ez zioten batean ere, aren irudi egiazkorik agerrerazi. Irugarrenean, kanpotik edo zala, jakiñarazo zioten. Aren ofizinara ere joan zan, baiñan jai-eguna izanik, alperreko zera.

        Orduko, iragan zuan neke-xamar bederik, ibai zikin beltzaren gaiñean alde biak batzen dituzten zubietarik bat. Aize gogorra zebillen eta inguru artan iñun baiño geiago somatu zuan neskatxak alako gogo txarra bere baitan. Barruko pena eta naigabeak nunbait eragiten ziona. Igon zan Gran Via-n zear eta an saietsetan diran kaleetarik baten izena billatu zuan. Ezkerraldera egin gero, eta urrena, eskubira. Antxen zegoan berak nai zuan lumerua. Gero, barrenean, goian eta alde guztietan, aterik ugari ba zan an. Batzuek, gutxienak, etxe bizitzak ziran. Beste asko, ofizina ta despatxuak.

        Jatsi zan Loli, eta atezain zegoan andre bati galdegin zion ziurki jakin bearrez. Ez zuan argitasun aundirik atera, atso arek kontatu zionaz. Ordezkoa zan, eta jai arratsaldetan soilki egoten zana lanbide artan. Bertako arduraduna ara edo orra, aizea artzera eta jolas-orduak lasai ematera joaten zanetan, atadian ordezko gelditzen zan andre ez-gaztea.

        Urrengo egunerako bearko, beraz.

        Ba zuan bere asmoa. Ez zuan geiago beiñere Manu apaiñak linburtuko. Ezkontzeko itzik eman ez zion ezkero, itza eman bearko zion gauzak zeukan itxura, kontuan izanik. Edota bestelan, gutxienaz, diru mordoxka ederren bat bai beintzat.

        Asko zan Loli-k galdua zuana, amodiozko itz txoroen kontura. Ez zuan iñolaz, bere izatea, Manu ezagutu zuanean bezela. Zerbait gutxiago zuan, eta neskatxa batek zintzoro eta tinki zaitu bear zuana zan ori, ain zuzen. Alabaiña, arrezkero, ori eta geiago ere ba zegoan egon arengan.

        Beranduegikoak ziran ba, argi argiro, Loli-ren asmo oiek. Bai, damurik eta aren kaltetan ziur asko. Zer esango ote zion zaldunak? Baietz ala beste zer berriren baten kantua aterako ote zion, bilbotar mutil azkarrak? Ura ere, ez zan ba, noski, babazorro bat, ezer etzekiana. Baiñan, Loli oso sinistua zegoan, egia bere alde zegoala.

 

 

        Kantari asi zan bere lanetan, makiñari biziki ekin-arazi bitartean, Dorote, ofizinako bazter argi betean. Karta eta gutunak ere banatu eta beuren tokietan antolatzen zituan. Gogorakizun gozoak zituan barruan eta bizitzako orduak, bazterrak eta notiñak, parra egiten zioten, irri goxoa, begitarte argia.

        Tirrin-otsa egin zuan urrutizkiñak.

        —Nor da? —erantzun zion alaiki Dorote-k.

        —Dorote, bakarrik al zaude? —beste mutturrean emakume batek.

        —Bai, oraiñarte. Nor zaitut?

        —Ez al nauzu ezagutzen? Atzoko pelikula aura gustatu al zitzaizun? eta astartekoa «Trueba»-n?

        —Baiñan, nor zera nire zelatari ori?

        —Entzun, Dorote, Karmele naiz, Karmele... Orain konturatzen?

        —Bai, eta... zer nai zenduke ba?

        —Atzoko filme aura nolakoa ote zan galdetzen nizun, neska. Eztut uste zuk argumentuaren usairik ere sumatuko zenduanik.

        —Neska! Orixe da zure ausardia! Zer esan nai duzu orrenbestez?

        —Zuregandik urre-urre egon nintzala azaltzen ba dizut, orra guztia aitortu. Esan, Dorote: aspaldi ez naiz zurekin ibilli, baiña orrenbesteko fidantzia ba dugula bion artean uste dut. Barruak agintzen dit zuri esateko eta orra ba. Parkatu, badakit min emango dizudana-ta.

        —Esan ezazu bein, zure piper-itz ori.

        —Badakizu ni Andertxoren zera naizela. Badakizu ongi ere nor dan. Ba, onek esan dit zure adiskide berri ori nolako bizimoduaren zale dan. Eta egia azaldu bear dizut. Edota asko aldatua dago Araibar zaldun ori, edota zu ez zera, Ander-ek eta nik uste, orrekin ibiltekoa.

        —Zer du Araibar zaldunak? A. bai, badakit, ziur asko. Askoren ezin-ikusia, orixe; iñartzi azpikia, bekaitz zatarra besterik ez.

        —Dorote, egi-egitan erantzun ezadazu: zer nai du zugandik Manu dotore orrek? Beste neskatxa askok erantzungo lizukete nik baiño egokiago.

        —Zergatik? Ez dizut ulertzen, Karmele.

        —Ala ez al duzu ulertu nai? Ona ba itz bitan: Gaur bertan autsi ezazu orrekin asia duzun maite-joko arin ori. Belu itza ez dezazula zuk ezagutu, damurik, beste batzuek ezagutu duten arabera. Apur batean gozartu, eta gero, baztertu. Orixen izan da orren legea. Adorea bearreko zaizu, eta nik egingo dut otoi zure alde. Agur, Dorote!

        —Agur... Karmele...

        Leioetatik barrura zetozten eguzki-erraiñuak pozgarriak izan arren, une artan Dorote-ren begietan lausoa bezela sortu zan. Urrunera begiratu nai zuan eta an, urrutian, ez zuan ezer bestelakotzen, nabaritzen. Esku artean zituan kartak goikoaz beera ta izurrez bete zitzaizkion, eta batzuek lurrera erori ere bai, naasmenduan.

        Urrutizkin zazkar arek zuan erru osoa. Zertarako jaso ote zuan, iñoren olesari jaramon egiñik?

        Aurreko aldean zegoan egutegi aundiak, orman isekirik zintzilik zegoala, isilik ere kontuak esaten zizkion, nunbait. Leenago, zulotxo aiek maitetasun-eztiz beterik zeuden, esanbear pozgarriz, irudi irritsuz ta gozoz. Aberaska joria izana, orduan, ordea, illerri batzuetan oi diran ezurtoki zurbil eta austegi narrasak besterik ez ziruditen. Egutegia ere, zazkar biurturik zekusan. Zertarako zegoan an orman, zutik, arro, zabal, erakus-miñez? Joandako egun gitxi aiek izan zuten gozotasun apurra mingostutzeko, zertarako zituan gero jarraika, kate luzean, egun zeken eta garratzak, zaurigarri ziran aldi makur ta illunak?

        Idazteko makiña ere, zertarako zegoan an? Iñoiz, aren bigietan atzaparrak dantzaraztean, soiñuka pianuan bezela ari zala uste izan baitzuan, maite-doiñuarentzat letra berriak bezela asmatuaz eta asmatuaz... Zertarako?

        Eta toki ura ere...

        Zergatik eldu ote zan, eldu, ofizina artara, gozo apur bat dastatu ondorean, mingotsaren aokada erregarriaz, gorazko larria jasan eziñik egoteko?

        Manu-ren irudia an, maigaiñean zegoan. Irudi tipia, zillarrezko inguru-ezurretan kokatua. Artu, eta bea egon ondorean, antxen kutxaren batean ez gorde bai gorde, zalantzan asi zan Dorote.

        —Neskatxen ezin-ikusiak ez ote? Alarik ere, Karmele neska jatorra da; adiskide zintzoa nik uste...

        Orduak aurrera zioazten.

        —Egunon, Doro! —entzun zuan geroxeago. Araibar zalduna eldu zan eta bere kapela utzi zuan an, isekigoan.

        —Egunon, —erantzun zion, ez kemen geiegiz bere meka eta adiskide berriak.

        —Gaur ezin izango dut emen egon edo... Agian, Donostia-ra joango naiz. Zeer, Doro? Illunik al zaude? Nirekin joan nai al zenduke ara? Tira ba, ori ere, egingo genduke, pozik gaiñera. Etxean abisatu, zera, alegia, Serafin-ek ematen digula mutilletako azken-agurra eta...

        —Serafin ez da ezkontzen, ordea. Beste batek eraman dio andregaia.

        —Berdin da, Doro. Serafin-i ba dakizu zergatik gertatu zitzaion txatxukeria? Zozoa dalako. Bear danean kemenik izan ez dualako. Iñori utziko dio, ba, emaztegeia kentzen? Iñori utzi zera eramaten?

        —Beste batzuek, beurak uzten omen dituzte.

        —Komeni izan ezkero, ongi egiña dala esan bear.

        —Asieran komeni izanik, geroago zergatik ez ba?

        —Zera, Doro, asieran gizonak ez du maiz eta arruntenean jakiten emakumearen berri osorik, eta gero, egunak joan egunak etorri...

        —Bestera ere jazo liteke, ordea, neskak ezer ez jakitea, eta...

        —Ez, eztu faltarik ere egiten jakite orrek.

        —Zuzen ez zaudela, esango nuke.

        —Goizeon zer jan ote duzu, mingaiña edo?

        —Ez, Araibar, ez. Belarriok ere gorri gorriak ditut eta...

        —Bero egon emen nunbait. Berokin oiek guztia itotzen dute, aizea ostuaz. Goieneko leioxka ori idikiko dizut.

        —Berdin da. Nagoan toki ontan ez dut nire gorputza egoki aurkitzen, ez nago gustora. Etxera joango naizela uste dut.

        —Ez al zagoz ondo? Nire popoan eramango zaitut.

        —Ez, eskerrik asko, iñolare ez. Kalean, aize ozkirriak edo, arinduko dit astuntasun au.

        —Nai duzuna. Orko mutillen batek lagunduko dizu. Onartzen?

        —Bai.

        —Biar arte, ba, maite. Eta pizkor osatu zaitezela.

        Eta eskugaiñean muiñ-egin zion Manu-k adiguriki. Gero, zerbait geiago egiteko ere gogoz bezela somatu zuanean mutilla, ezetz adierazi zion Doro-k, an aurrean jendea zegoala-ta. Baiñan, ez zan ori benetako errazoia.

        Dorote eta ofizinako gazteena joan ziranean, bai Manu-k bere kolkorako esan ere:

        —«Auntzari eta andrazkoari, eman luzea lokarri». Itzuliko da. Ez ote?

 

 

        Biaramonean, ostera ez zan Dorote-rik agertu landolara, eta ezta ezertariko mezurik biali ere. Araibar-ek umore txarrez jardun zuan lanean goiz osoan.

        Arratsaldean, ordea, neskatxa bat eldu zan Manuren despatxura. Baiña ez zan Dorote, Loli baizik.

        Oles-egin zuanean, ogipeko batek entzun zion eta aura atera zan. Serafin eta Manu alkarrekin zeuden, karten azken-izenak antolatzen.

        —Araibar jauna? —galdetu zuan elduberriak.

        —Bai, andrea, ementxen da. Noren izena adieraziko diot?

        —Mena andereñoa, esaiozu.

        Manu-k jakin zuanaz batean, aldegiteko gogoa senti izan zuan. Ez zuan Loli-rekin geiago itzik egin nai.

        —Zergatik? —itaundu zion Serafin-ek bere nagusiari.

        —Ez dut uste gaur dakarren zera zintzoa danik.

        —Eta nola dakizu ezer entzun gabe?

        —Orrekin ibillia naiz illabete batzuetan, baiñan xinplea da eta barru utsa.

        —Zer dala-ta diozu ori ba?

        —Nola esango dizut... Erraxa izan dalako. Eta bein nai duguna iritxi ezkero... ez dakit zer geiago adirazi.

        Serafin-ek pena zuala jakiñarazi zion bere ugazabari.

        —Tamala? Zuk bai ematen didazu niri. Matilde dan bezin jatorra eta gazduna izan eta, besteri uztea aura eramaten. Gizona dan gizonak ez du beste ainbesterik egiten!

        Geroxeago, Serafin joan zan Manu-ren despatxutlk kanpora, eta emen ura ta Loli geratu ziran bakarrik. Manu-k galdetu zion ari, zertara zetorren, eta neskatxak bai esan ere, aura agertzen ez zan ezkero, berberak etorri bearra izan zuala.

        —Gure alkarren zera, zertan dan edo eztan, atzera-aurrera, jakin nai nuke. Araibar jauna.

        —Ba, bertatik jakingo duzu. Joan ziñan zeure erritxora urtezaarra baiño leen. Eta arrezkero, or konpon, ez dakit zure berririk. Eta iru illabete edo ba dira, luze samarrak. Zu aaztu ezkero, joko berdiñean gaude; nik, beste ainbeste egin eta kito.

        —Eta ezereztzat al dituzu, zuk niregan artu izan zenituan eskubide ta lasaipideak, Manu? Aaztu egin al zaizu zuregatik eta zuregandik izan ditudala nik, niregan galtzairik aundienak? Nire neskatasuna eta geiago ere...

        —Andrazko guztien leloa! Zer nai duzu, dirua? Eta zenbat?

        —Doillorra! Ardisemea dirudizu!...

        —Eta, zu zer zera, urdanga bat ez-ta?

        —Gezurra diote zure ezpain legun oriek! Ni galdurik baldin banengo, zu izango ziñake lendabiziko ta azkenengo galtzaille.

        —Ai, Loli, oraintxe ikusten dut zure begien dirdiran egiaren kaltez ari zerala. Zure arpegiko zurbiltasuna, beluri kolore orrek zerbaiten salakuntza egin dit. Zu ez zera zintzoa izan nerekin. Zuk beste bideak ere ezagutu berri dituzu...

        —Gaizkin alena! Zurea da dana, besterik ez du ezagutu nire gorputzak.

        —Ba dakusat, Loli, ba dakusat azterrenik zure begi-inguru, zure masail nakan, zure makal antzean. Lendabiziko kaltea nik egin ba nizun ere, zure soiñak beste norbaiten zera ere izan du. Zin egizu, zeruaren aurre!...

        Negar-zotin aundian eraso zion neskatxa minduak. Gazte, berme, garbi eldu izan zan iri nagusira, eta an galdu bide zituan lendabiziko neskatasun ta garbidoaiak. Alaz ere, Manu-k, erru guztien bizkarkada berak jaso eta ontzat eman gabe, bere aldetik, senak emanik, barruko argitasun bereixi batek aizatuta, salaketak eta agindu zorrotzak bota zizkion neskatxari arpegira. Au arrituta geratu zan, Manu-ren barren-distirak zerbaiten berri jakin zezakeala somatuaz edo.

        —Ez da diruz garbitzen emengo gauzarik asko.

        —Diruaren indarra aundia da, Loli. Nik emango dizut zerbait zillar, eta... apain jantzi zaite, arpegian agiri duzun ezurberri-antza bestela baitakoan itxurapetu, eta aurkituko duzu oraindio gizon dexenteren bat. Alarik ere, aitortu bear didazu izor zaudenentz, eta orren aita nor dan. Zuregan ikusten dut argi; ez zazula ukatu. Lotazillean egon giñan gu azkenengoz, eta zenbat...? Iru, ez. Agian, bi, edo bat. Uste ez zenduana arkitu duzu emen. Ni ez naiz aitatzakoa; zedorrek aitortu ezazu, biotzaren gaiñean eskua jarririk... Ikusten? Nire itza entzun duzu; eskeintzen dizut zillarra, baiñan nirea ez danik ezin nezake jaso eta niregain artu. Indarrezko biderik, epaitegiko zerik maneatu nai ba zendu, alperrik izango zenduke. Orain, laboratorioak asko irakasten ta erakusten dute. Ba dakit zuk ez dakizun zerbait. Eta aski dut.

        —Zergaitik atzipetu ninduzun udaberri batean? Orain onela besteri errua egotzirik, ni bertan beera lotsagarriro uzteko? Zergatik, ezkontzeko usterik ez baldin ba zenduan?

        —Ez nizun nik ezetzik esan.

        —Ezta baietzik ere. Emen gure gizarte gezurtsuan, orrelako gizonak ziranik ez nuan iñoiz siñistuko. Alaz ere, egia da. Bilbo osoak jakingo du, zu nor zeran eta ni zer nintzan.

        —Zer egingo duzu, ba?

        —Ez dakit. Bizimodu ontan jarraitzea eziña dut. Ona nintzan, baiñan aspertu naiz. Isilla; orain, ordea, itz egingo dut.

        —Nik egin dizut itz, nik neuk, Loli. Dana dala, eta ezta au toki egokia onelako zeretan jarduteko, nai ba duzu, gero zortziretan «Arizonan» izango da tokia itz egiteko. Nire azken itza badakizu: emango dizut, lendabiziko irristadaren ordain bezala; geroztikakoa, ez da nire. Alperrik zure mingaiñak gezurrik esan.

        —«Arizonan» zortziretan.

 

 

        Egundoko kanta ariñez ta soiñu lerdezkaz ari ziran Arizona-ko gazteak. Aots jasokiñak «Illargiaren kanta» adierazi zuan, eta neska mee batek, beltzez jantzia, illea luze bizkarrean beera, takoiak tantai, ekin dio, aldamenean kitarra-jotzaille bi dituala. Zigarro-kea eta barru-usai astuna ba zan zer artan.

 

                Illargiaren dirdirak zurbil:

                Maitarientzat zer dute?

                Aizean dana, isil bai isil:

                Noiz izango naiz ni zure?

                Aoa iriki, ta begiok bil,

                alkarrengana logure...

 

        Neskatxa ugari zegoan inguruetako maitxoetan. Guztietarikoak ziran, zintzoak, ezbaiekoak, erabilliak... Mutillak, ingurari, orra-ona, erle ernaiaren antzera, lore-auts goxoena nun miaztuko zalantzaz. An zegoan Loli ere, poliki jantzia. Abestiak zion bezela, maitaria laister eta adiskidetu-naiean elduko ote zitzaion?

 

                Aoa iriki, ta begiok, bil...

                alkarrengana logure...

 

        Giroak an, lizun-sundatxoa zuan, eta kantariaren aots milinga ark, larriagotzen zuan kerru ori. Loli-ren ondora eldu zan gizonezkoa; ez ordea Manu, Serafin baizik. Aren zerak agertu zizkion; ezin izan zuala etorri adieraziaz. Loli-ri berdin xamar izan zitzaion, Araibar-ek azturu edo igarle-mintzoz esana neskatxaren erraietaraiño sartua izan baitzan. Nola somatu ote zion Araibar-ek bere zintzotasunik eza? An, bere erritxoan ordezkariren bat, salatari izan zitekean zelatariren bat ote zedukan, diruz pagatua, Loli-ren joan-etorri ta azi-orraziak ikertzeko eta zaitzeko? Alaz ere, aren itzak, ori eta geiago esan zioten; garratz, gordin eta billoiz esan zion egia zitekeana. Loli-k, beste gizonen batekin edo geiagorekin izan zuan soin-jokoa; egia zan. Bai Manu-k izan begia; sorgiñaren pare aura ere! Ez zuan, ordea, guzti ori zeazki ulertzen Loli-k, eta, orregatik besterik ezpa-zan, diruaren itxaropena zuan, dirumordoarena, bere erriko andre «jakintsu» batek orixe eman bai zion onutzat eta jarraibidetzat: Dirua iritxi...

        —Zer dio Araibar zaldunak? —ziotsan Loli-k Serafin-i. Zer uste du arek, gure alkar-zer au, diru-kontua bakarrik dala? Oker dago ortan, oso oker. Eta orregatik biali zaitu zu, apoderadua, garbiketa egin, eta bapo mutil! guztia amaitzeko.

        —Arek esan dit bere iritzia garbi esan dizula, eta ia beste ezer aldakuntza berririk duan zure pentsaerak.

        —Txapon zikiñen gorabeera ez da; berriro diotsut. Nor izango du aita nire sabelean dudan asikin onek, bizieske dudan onek?

        —Araibar-ek dio...

        —Arek esan dit bere iritzia garbi esan dizula, eta ea bere atsegin-aldia, eta besteri errua egotzi. Bidezkoa al da ori? Iñor atzipetu lendabizi; eta bigarrenean itzez zuritu ni, eta bera, eskuak eta izen garbi geratzea... Polita kontua! Nire etxekoak ezer sumatzen ba didate sumatu, jo ta garbituko naute. Eta bildur naiz.

        —Ni bitarteko bat baizik ez naiz. Alare, andereño, Manu-k diona egia balitz, zergatik ez zu beste gizon orrekin konpondu, eta Araibar-en dirua ere arturik, oker egiñak zuzendu?

        Isilik lotu zan Loli, gizonezkoaren esanaldi zentzuzkoa entzunik.

        —Emendik aldegin zenezake, eskuartean zerbait duzula; errira joatea komeni ezik, ez dakit ba, gaur Bilbo aundia da; eta emen inguru, esaterako, Barakaldo-n edo bizitzen asi zindezkete, ezkondu eta dena zerturik... Zer derizkiozu? Larriena da, gizon orrek maite ez ba zaitu; eta orduan, nor da doillorrago, Manu ala beste ori?

        —Beste orrek aldegin du urez araindi, eta ez dakit noiz arte! Ez dut ulertzen nola gertatu izan zaidan au. Leen beiñola ere ez nuan orrelakorik izan, Manu-rekin ibilli arren. Eta orain, arengandik aldegin dudaneko eta besterentzat izan naizeneko... ona emen nagoen bezela.

        —Utz dezagun lelo itun au, Mena andereñoa. Emen dituzu txeke onen pean, zuretzat 50.000 laurleko Manu-ren partez. Biar, etzi, nai duzunean kobra zenezake Banku ortan. Aren baldintza orixe duzu; lenbiziko kalteagatik, naizta gero izan dituzunak arengandikoak ez izan. Orain, ar ezazu papertxo au; eta mesedez aren bistara, al izanik, agertzea ez lukela nai zuri adierazteko esan dit. Orra ba; gaizki asia ezin geienetan bestela bukatu, berdintsu baizik: gaizki.

        Eta Serafin-ek bere eginbearra bukatzeko ordua poliki eta txeratsu borobildua zuala uste zuanean, goragoraka asi zitzaion Loli.

        —Ez, eta ez. Ez dut limosnarik bear. Ez dut nik kopetarik iñoren aurrean aitagabeko aurraren ama izateko! Eta gorde ezazu diru ori. Ez dut bear.

        —Lasaitu zaite, andereño.

        —Ez dut bear txanpon erdoiturik. Zortzi eguneko epea ematen diot Manu-ri nirekin paketu dedin, nirekin adiskidetu dedin, eta leen bezela, ark esaten zekian itzez, alkarrentzat izan gaitezen. Zortzi eguneko epea! Andik gorakoan, erantzuna neuk emango diot, eta erantzun ori iri osoan entzungo dute. Ez du aren barruak, egun ta eguzki, bakerik izango! Nire odolak min emango dio erraietan, azken ordurarte!...

 

aurrekoa hurrengoa