www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Araibar zalduna
Eusebio Erkiaga
1962

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Araibar zalduna, Eusebio Erkiaga. Kuliska Sorta, 1962

 

 

aurrekoa hurrengoa

VII

 

        Lanerako orduak goizean asten zituzten Araibar-en landolan. Au agertu bitartean, dakigun bezela, an jarduten zuan nagusi-maillan aren apoderadu Serafin Gezala jaunak, eguneroko lan, arazu eta zeregiñak egokiro zuzendu-erazten.

        Kale nagusietan ba zebillen ordurako aruntz onuntza, eta beribillen klaxon madarikatuak egundoko iskanbilla ateratzen zuten, nagien loa eta nagikeria bera ere astindu eta aizatu guraz bezela.

        —Amabiak dira eta gure nagusia noiz agertuko ote zaigu? —zion Serafiñ-ek. Eta ori gaur emen, zer berria dugularik.

        —Kanpuan al da? —galdetu zuan, orduan, emekiro ta goxo, lenbiziko aldiz ara eldu zan meka berriak.

        —Ez dut uste —ziotsan Serafin-ek—. Ezpaitu ezer adierazi. Alaz ere, iñoiz, batbateko kanpora bearrak izaten ditu-ta, ez dugu jakiten bera agertu arte. Eta, zer, andereño, gustatzen al zaizu ofizina au?

        —Tokia bai. Orain nagusia ezagutu bear eta... aren borondatea.

        —Nagusia, zalduna duzu beti ere, eta aziera onekoa eta guztizko zera, batez ere andereñoekin. Ikusiko duzu. Ez al dizu esan biali zaituanak?

        —Bai, bere ezaguna dala esan du eta.

        —Orduan, naikoa esan dizu.

        —Nola, nola?

        —Ark ezagutzen baldin ba du... nik ere ezagutzen dudala, esan nai nuan, eta zuk ere...

        —A, bai! —esanaz, isildu zan neskatxa, ezer ulertu ez zuan arren.

        Andik geroxeago, idiki zan atea alderen alde, eta Araibar zalduna agertu zan bere ofizinara. Apain zetorren, ortioz, ezpaiñetan xistu-soiñua.

        —Egunon, Araibar jauna —otsegin zion Serafin-ek malguki.

        —Egunon guztioi! —jardetsi ere, nagusi adiguritsuak.

        —Araibar jauna: auxe duzu gure meka berria.

        —A, bai?... Neska argia dirudi. Egunon; nola zabiltz?

        —Ba, ba... ederki. Eskerrik asko.

        —Dorote deritza, ta deituraz, Zaldibar da, —geitu zion Serafin-ek.

        —Lanean ongi jakingo duzu, ezta? Beste iñon egon al zera lanbide berdiñean?

        —Bai, jauna; urte bi ta erdiz jardun izan dut, eta orain...

        —Emendik aurrera ementxen, ez al da olantxe?

        Barruan zekarren poza lasaiago ta mamitsuago egiten zitzaion Manu-ri. Beste neskatxa gazte bat zedukan beragandik ez urruti, eta berria gaiñera, antza.

        —Serafin: ezer ba al duzu gerturik Zaldibar andereñoak makiñaz garbiroki jarri dezan?

        Eta menpekoak eraman zizkion karta bi nagusiari, neskatxak bere lendabiziko lana asi zezan. Makiña berria zegoan alderdira eraman zuan Dorote, bere nagusi adiguritsuak. Eta an ere, argiak bizkar aldetik izateko eran jarri-arazi zuan. Bildurgarri iruditzen bait-zitzaion, neska gazte batek illuntasun artan ikusmenaren zuurtasuna galdu ez zezan.

        —Politak dituzu izan ere, ba, begiak! —ziotsan Manu-k poliki, neskatxa poxpolari.

        —Eskerrik asko.

        —Begiak eta... eskuak ere bai. Baiñan, berandu samar da-ta, egiteko ugari dugu. Emen dituzu paper berriak, txuriak, ezteri guztietakoak. Emen, azpirakoak; eta emen berritzekoak, ugaritzailleak. Emen, gomatxoa ere. Nai duzunean asi zaite, beraz. Auxen duzu eredua. Etxe ontan taiu ontaz baliatzen gera. Goienean estu eta eskubira; beerago, zabal eta eroso. Karta bi oiek bukatzean zerari, jaun orri, Gezala jaunari eramango dizkiozu. Besterik ezertxo nai izan ezkero, edota dudaren bat, niri edo ari esatea besterik ez duzu.

        Dorote bere lanbide berriko esertokian eseri zanean eta baita zutik iraun bitartean ere, Manu-k astiro ta neurriz beatu zion.

        —Polita neskatxa, polita. Eztu, egitan, tratu txarra egin gure mutil zaarrak. Oraindio ba du gusto apurra, alazaiña!

        Mutil zaarra, Serafin apoderaduari zeritzon, baiñan berekiko bakarrik, ez iñoren aurrean iñoiz ere.

        Manu, bere tegian jarri ta asi zan arloan. Maieko kutxetatik paper pilla batzuek atera zituan. Batzuek alde batera jarri zituan, besteak beste aldean ipini. Garaitikoak, mai-erdian, atzerago zabaldu zituan.

        Garatz eta negozio zenbaitetan arteko zan. Teatru bateko burukoa zan, eta «Fenix» hoteleko goraberen ardura gorengoa berak zuan. Baiñan batez ere, makiña eta tramankulu berezi batzuen ordezko edo saltzaille zan Euskalerri osoan. Emendixerik zituan irabazpide nagusiak. Bost lagun zituan bere ofizinan, eta auen nagusi bezela, Serafin zan, Manu-ren oiñordeko, arazu artan. Lanak geituaz eta besoak bear ba, eta Serafin-ek, ezagun baten alaba zintzoa zala-ta, aukeratu omen zuan neskatxa aura, ondo bearrez, eta irabapidea emateko gogo onez. Etzuan gogoan nonbait...

        Paper asko atera zuan bai, Manu-k maiera, baiñan paper aiei baiñon sarriago beatzen zion neskatxa berri ari. Ezin ukatu gizonak, bere setaren giarra ernaia.

        —Gaur eztugu, noski, negoziotan ekiteko goiz aukerakorik. Alare, Serafin-gatik ezin beste orrenbeste esan! Garatzaldi bakana gaurkoa; eztu, bada, balio txarrik ekarri gure baranora.

        Eta Manu, diru-garatzei opor-pitan emanaz, gona-garatzetaz gogoetan asi zan. Ezin obeki eldu zan, agian, emakumetxo aura ofizina artara. Lanerako egokia zirudian, lenengo begiraldian eta azaletiko zerean. Eta gaiñera, meka oiek toki askotan ez dute lan geiegirik izaten, beti onelan jazo ezarren. Apaingarri bezela ere izaten dira lantegietan; batez ere goikoen pozgarri, beeko langilleengandik urrutiago egoten baitira, nagusiagoengandik baiño.

        —Txori berria dugu, beraz, Manu! —ziotsan bere buruari. Nai izango ote ditu onek nire maite-xistuak aditu, eta geroago, nire aldamenera eldu, biok batean egatu gaitezan?

        Loli-rekin aspertzen asia zegoan. Etzekian zergatik, neskatxa arengandik asko ta asko ardiesten asia bai zegoan, lendabizikoan zerbait traba ta atzerapen aurkitu arren. Erran zaar baten muiña ere ba zuan gogoan, orraitio: «Berria, obea». Ez zuan, noski, ori esan nai izango ardoagatik edota adiskideagatik. Otoz-otoan alako zer gustagarria begien aurrean izanik, barruko txingarrak bolara artzen zutela esan bear Manuri buruz. Ez zekian arek nola azaldu bere eziñegona, baiñan olako zerbait zan egiaren erro ta asiera. Bere aragian dei bat izan oi zuan noizean bein, baiño maiztxo, ordea. Adiskideak ere alakoxeak izaten zituan: parrandan asteko, ordea. Gero, gauzaren aria luzatu-alean, besteengandik iges egitea izaten zuan gogoko. Bakartia zan, berrizalea zan aiñean.

        Bere denporan izualdi bi izan zituan. Lendabizikoa, andramiñez jairri zanean ogei urtetik lasterrean. Bigarrena, bere adiskide batek andremerke batengandik sastakada irabazi zuanean, atsegiñarozko gau zikin batean; odolak eta min-oiuak eman zioten barruan alako zarrada latza. Baiñan, geroago, osatu zanean eta bigarren zereko gertaera aaztu zitzaionean, leena zuan gogoko, lera-jokoa atsegin. Edaten, ordea, neurria zuan geienbat. Marka batera eldu ezkero, exti esaten zekian edari onenari ere; edaria oiñarri bezela ontzat ematen bait zuan, baiñan gerorantz logalea ematen zuan zerik ez zuan, nai izaten; emakumeak soilik, jaia legean bukatzeko. Eta auek aldatuak, trukatuak, berriztuak izan ezkero, zerik gozoena, mokarurik zoragarriena artaz zale danarentzat. Oiek zituan asmo gure Manu-k.

        Orregatik, aldakuntzan bait-zegoan ao-txuritasuna, eder-aztarna, ximen-ukia, Serafin-ek bai igarri ere bere nagusiaren gogo ta jitari, batere uste izan gabe. Eta Manu eder-zale zan, gona-zale zan aiñean.

 

 

        Andik gerora telefonoak ots egin zuan. Neskatxaren mai gaiñean egin ere; baiñan beste despatxukoaz zuan elkar-kakoa eta lendabizi Dorote-k jaso arren, berealakoan utzi zuan urrutizkin-belarria, eta Manu-ri entzupidea igorri.

        —Bai, ni naiz, Araibar. Esan ezazu esateko ori.

        Eta gero isilaldia izan zan. Manu-k entzuten jarraitu zuan, eta geroago asi zan ezetza ezetzaren gaiñean ematen. Iñolaz ere ez. Utikan. Eta bat-batean laga zuan tresna aura bere tegitxoan. Asarre gorrian utzi ere. Izan zuan adar aura berriro artzeko abiada ere, galantak botatzeko, ariaren beste aldean zegoanari.

        —Galdu oiek, zer uste dute egitea? —zion bere kolkorako—. Eztute ez, nire xentimorik ere jasoko. Gaiñera etxe ortan ere eztute izango tokirik. Badakit etxe orren jabe nor dan eta esango diot; esango diot bai zer ari diran kultura itxurazko aldendu oiek. Nik eman niela ezer itxaropen? Ez egun ez eguzki; oker zaude. Ez, konpañeo!...

        Dorote-k ez zuan tutik ulertu.

        Manu bere tegitik urten, eta bere apoderadu Serafin-engana joan zan.

        —Aizu, Serafin, ba al dakizu zer kantu eman didaten oraintxen berton urrutizkiñez? Gure laguntasuna eta izena ere ba dituztela, ustez beintzat, esan dit or batek, beuren bazkun ori eraberritzeko, indartzeko eta toki barrian ipintzeko. Ba al dakizu nortzuk diran oiek?

        —Nortzuk?

        —Nortzuk! Zera, belarri-ertzera esango dizut meka berri orrek olakorik entzutea komeni ere ez da-ta.

        —Olakorik! Eta dirua eta izena diote?

        —Bai, arrantzale ta eiztari bezela agertu nai dute beuren burua; baiñan, guk ere, lengo lepotik burua. Ez gera ain ergelak, ez. Oiek gutxi dakite Araibar... zera dala beti. Pekatari izan arren, gauzak beuren zeretik egokitzat ematen dituana, ez izaeraren mutur-joka. Gordiñak esan izango nizkion, neskatxa ori urbil egon ezpalitz.

        —Arrituta nago.

        —Arrituta ez, baiñan asarretuta bai ni, emeturiko lirdinga oiekin. Noraiño eldu bear ote du gure mamiaren makurpenak?

        —Aitaren eta Semearen...!

        Goizaldia bukatutzear zegoala, Araibar-ek adierazi zion orixe neskatxa eldu berriari. Alegia, ordua zala lanaldi erdikoa bertan beera uzteko eta bazkari galdez abiatzeko.

        —Arratsalderarte, bada, Zaldibar andereño!

        —Arratsalderarte, jauna.

 

 

        Manu-ren landolan zeregiña ugaritu ezezik, gaiak eta jardun-muetak ere ugaritu zirala esatea, agian, ziurrago zan.

        Etxeen salerosketan aritzeko gogoa zuan aspaldi, eta ortan ere asia zan. Diru mordoska ederrak irabazteko, gai berebizikoa zan aldi artan. Dirua zorrean ematen ere asia zan, eta etxeen gaiñean ere bai, gero hipotekak eta egiñaz. Dirua irabazi ezkero biderik geienak ziran onak. Orixe ikasi zuan, eta ikusi ere bai, bere denporakoak egin zuten bezela. Bat ordea, ezin eraman izan zuan, dirua uzte kontu orretan. Arako... eiztari eta arrantzaleen bazkuna zalakoa... Aura ez zan gizonen negozio jatorra, emetutakoen eta endekatuen joera likitsa baizik. Zaldun jaioa zan, bere ustez, eta zaldun azia eta bizia, eta ez bertzelakotua. Krotxoa beti ere, eta ez emea.

        Goiz batean gizontxo bat eldu zitzaion apal, txeratsu eta guztizko zerean.

        —Alegia... agiri danez emen ematen omen dute...

        —Emen, zer ematen dute...? —ebaki zion itza garratz Manu-k.

        —Zera, dirua; gero biurtzekotan, jakiña.

        —A, ori bai, ematen dugu, ematen dugu. Eta zertarako bear duzu ba diru ori?

        —Zertarako? Luzea da guztia zeazkiro azaldu bearra balitz, baiñan labur laburkiro ere adierazi nezakizuke. Nik, ba, moda-etxe bat jarriazi nai nuke.

        —Moda-etxea? Ez da gaizki. Polita asmoa, polita.

        —Bai. Baiñan, gauzaren zera da... moda oiek zaarrak eta berriak izango dirala, alegia.

        —A, bai! Bakana orduan, zer berezia duana.

        —Bai. Zer batzuek zarrak izango dira. Oiek geldi egotekoak betiere, geien bat. Eta besteak, alderantzikoak, ez zaarrak, berriak edo baizik, aldakorrak beintzat. Ulertzen al didazu?

        —Tutik ere ez.

        —Geldi egotekoak baiño zer aundiago izango dute, pleit aundiago besteak, berriagoak, atsegingarriago izango baitira oiek. Ulertzen?

        —Gauza leen bezin argi dagola uste dut. Niretzat ez ordea.

        —Esaterako: niri, zaarkuldua bai naiz, zaarrak diran zerak gustatzea izan liteke; baiñan, zuri, alegia, berriak gustatuago, eta ori enuxu-banuxu ibilli gabe, nik uste.

        —Ori bai, nik berria beti ere naiago, maskildua baiño.

        —Ikusten? Bat gatoz berealakoan zu eta ni.

        —Alaz ere, ez dizut oraindaiño zure eskaera osoa jaso. Parkatu ba.

        —Orregatik bada, batzuen eta besteen gogoa bete nairik, nik neure garatzetxoa borobildu eta antolatu nai nuke.

        —Tira ba; gauza, egokia baldin ba da eta erantzupenik baldin ba duzu, dirua... iritxiko dugu. Eta ba al dituzu paper garbiak eta antolapen eta estudio-gaiak bear bezela?

        —Ez, nire zerak ez du orain arte paper bearrik izan. Artueman labur besterik ez da-ta. Nai duanak aukeratzen du, egiten du bere zera, pagatzen du eta or konpon. Eta gura ez duanak, ikusi, bertan utzi eta kalera leen aiñean. Ez du egunero arpegi berdiña, baiña aste barrean gutxi gora-beera berdin.

        —Ez, gauzak ezpaitira egunero erosten eta saltzen, salgei egon arren.

        —Orixe ba.

        —Eta zenbat bear izango duzu?

        —Tokia apaintzeko eta txukuntzeko, orain edozer dago garesti-eta..., Baiñan gero, beste zerak, oiek etorri eta joan, eraman eta ekarri, beti aldatzen dira, osoro iñoiz pagatu gabe. Agertuko naiz urrengo batean zeetasun geiagoz itz egin dezagun. Eta, euneko zenbatean uzten duzute zorko, zuek, dirua?

        —Euneko sei baiño apalago, merkeegi dala deritzat.

        —Euneko sei? Mutillak! Jasotxoegi ez ote da, gero?

        —Zenbat dan ere jakin bear dugu, eta erantzupenaren giarra ta balioa eta oiek ikertu-ostean, orduan erabaki bearko ziurziur. Uzten duanak, ori jakin bear zenduke, utzi egiten du, eta ez eman. Ematea danean, ez dago zeri begiratu. Uztea danean bai, eta alaz ere...

        —Tira ba, pentsatuko dut, eta laister arte, jauna.

        —Aizu, gero urrutizkiñez-edo alkarrekin itz egin bear ba genu, zure izena aitortuko al didazu?

        —Zera... Anton Mantar-en entzutea izango duzu, emengoa baldin ba zera. Ba, uraxe.

        Eta gizontxoak alde egin zuan andik isil isilik baiña pizkor.

 

 

        Manu-k ordea, joan zanak bestera uste izan arren, ez zekian izen aren jatorririk. Eta Gezala-ri otsegin zion. Agurearen azalpena adierazi zion, eta leen bestean geratu zala ere bai, ezer ulertu gabe muiñean, koxkan.

        —Eta, zer nai zuan ba arek?

        —Dirua nai du, zorrean, epeka ordaintzeko geroago.

        —Eta zeren kontura eta zertarako?

        —Orixe ez nizuke garbi adieraziko. Dirudianez, moda zaarren eta berrien etxea ipini nai omen du.

        —Diru asko bearko du, bada.

        —Ezetz dio. Obrak egiteko bai, baiñan gero, zerak joan, zerak etorri, beiñere ez omen dira osoro pagatzen.

        —Nolako baldintzaz ote da ba, depositoan edo?

        —Agiri danez, bai. Urrengo batean itzuliko omen da, eta orregatik, jakitun egon zaitean adierazi dizut. Izenik ez dit eman, eta orduan ba, galdegin diot nik. Oso ezaguna dala alegia, eta, nik ez dakit baiñan, Anton Mantar omen da.

        —Eeee?... Anton Mantar? Elorrioak!

        —Ezagutzen?

        —Ez arpegiz, zorionez, baiñan kantatuko dizut erriko abestitxo auxe:

 

                «Anton Mantar,

                Anton Zantar:

                zikiñentzat

                lagun bakar»...

 

        —Ori ere...

        —Ez, onek alako etxe bat du, eta zerbait geiago ere esaten dute beragatik. Agian, bizitzara datoztenai bizitza orixe galerazteko tokia ere ba duela. Ekortarazleak dituala, emakumeak alegia, lanbide izengabeko ortan jarduten dutenak. Orrek ez al du, ezer mereziko, nik uste, makilla on bat baizik, bere bizkarrean!

        —Ai, ai, ai! Ori jakin izan ba nu! Makilla! Makilla gutxi da! Urkatu egingo nituke nik endekatutako jende zatar oiek! Agure likiña! Ziri ederra sartu dit niri, bateko joan besteko etorri dabiltzan zer oiek dirala-ta! Emakume gaixoak eta aur zorigabeak!...

        Eta berriro ere, isilik egoteko adierazi zion Serafin-i, Dorote-k ezertxore entzun ez zezan. Araibar ez baitzan iñoiz izan, errugabeko umeen Herodes!

 

 

        Lanean asi zanetik, alako begiramen eta txera goxoa egin oi zion Manu-k Dorote-ri. Anartean, Loli, bere errian uste-uste gabe lotu baitzan; lendabizi zerbait lan eskuartean artu omen zuan eta tarrapatan kendu zioten lan ura eskuetatik, bezeruak pillaka agertuaz. Ba omen zuan esku artaduna soñekoak poliki ateratzeko. Manu artaz aztutzen asia zan; bear bada, ura ere bai Manu-rekin, eta an inguruan norbait asi omen zan Loli-ren itzulinguruka.

        Egun batean, goizean, ofizinara eldu zanean, Dorote-k lore txukun taxak aurkitu zituan bere maitxo gaiñean, egun onak emanaz bai leuden. Murko politean zut, lirain, usaitsu. Irriparre samurrak egaz egin zion aotik Dorote-ri. Etxeko oitura ote zan emakumeari iñoiz maitxoan lili meaxkak jartzea? Edota, edonori ez, baiña bai berari?...

        —Bai lore politak auetxek! —jakiñarazi zion Serafin-i—. Nork ipiñi ote ditu emen goizean goiz?

 

 

        Andik egun asko gabe, lore berriak eta politagoak ikusi zituzten Dorote-ren begiak ontzixka artan. Orduan, nagusia ere antxen zegoan, bere butaka lasaian, lanean edota neskatxaren joan-etorriai begira. Bai somatu ere Dorote, lore berri aiei usai eta usai, bestela baitakoan, papertzar artean kokatua zegoala Manu. Meka gaztearen ziñu eta zirkin guztiak oartzen zituan.

        Geroago, ordea, lanaldia garratz asia zan eta lendabiziko karta bukatu zuanean eta nagusietariko bat edo bateri eramateko gertu, bapatean Manu-ri beatu zion, eta onek bai irriparre xamurraz erantzun ere. Neskak ere orobat egin zuan, eta bien artean zerbait zebillela zirudian, aize epel atsegingarriaren antzo.

 

 

        Beste goiz batean, lore berriak eta aien ondoan pakete zapal bat zegoan, paper txuriez bildua eta gaiñean itz soil auxe zuala: «Dorote».

        Ez zan, artean, eldurik landolara Araibar jauna. Serafin eta beste bost lagunak an zeuden, bestetan baiño apaiñagorik, dotoreagorik, ordea. Eta lanerako ere, ez zuten amorru larregirik.

        —Zer da au, Gezala jauna? —gaildetu zion Dorote-k, bere arridura azalera bearrez.

        —Gaur, ba, erdi astegun eta erdi jai izango dugu. Oitura olaxen baita. Zera, nagusi jaunaren eguna dugu, urtebetetzea, alegia. Eta arratsaldean, bazkal-ostean ez gera iñor itzuliko onera, nik uste.

        —Ori ondo!

        —Eta gaiñera... Tira, ori, gero jakingo dugu nolanai ere. Iñoiz, eskupekoa ere izan dugula, esan nai nuan.

        —Eta au?

        —Orixe da zuretzakoa, noski, besteak beste. Ikus ezazu.

        —Nolako lillura emango didan! Karteratxoa dirudi. Bai, eta alaxen da, faktura ikusi baitut. Urratu ezazu azaleko paper mee ori.

        —Ez, ez dut urratuko bera eldu dediño. Ilusio geiago egingo dit, eta... egingo dio. Ja, ja, ja!

 

 

        Amaikak aldean eldu zan Manu. Atean agertu zanekoxe joan zitzazkion Serafin eta beste bostak zorion-agurra eskeintzera.

        Dorote an zegoan bere tokian erdi lotsa, erdi maite-ukitua, Araibar jaunari zorion agurra egiteko eta... eskerrak eman nairik.

        —Or, Dorote, ez al zegoan ezer loreengandik aparte?

        —Bai... jauna.

        —Eta oraindio ez al diozu gaiñeko paper single ori urratu?

        Eta orduan, neskatxak, ingi singleari tarrat-eragiñaz, egundoko kartera bitxi ta xarmanta agertarazi zuan guztien aurrean. Orduan, besteak aldegin zuten bakoitzaren tegirantz.

        Manu ta Doro bakarrik gelditu ziran. Mutillak bai zorrozki josi ere begiak neskatxarengan.

        —Gustatzen al zaizu, Doro?

        Lendabizikoz deitzen zion Doro izen osoaren ordez, laburtuaz, barrukotasun zerarekin. Zer adiarazpen ote zuan orrek neskatxarentzat? Buruaz esan zion baietz, neskatxak; eta begiekin ere bai, ezin ukatu.

        —Gaur, oitura dugu-ta, guztiok bazkalduko dugu txokoren batean; bostak, Serafin-ek, zuk eta nik. Eta gero, jai, bazkal ostean. Zer deritzazu?

        «Matxinbentan» egin zuten, egin ere, bazkari itxurazkoa. Egokia ta ugaria, zortzi lagunentzat bereixi jarria. Ardau txuri ta gorri, eta txanpan ernagarria azkenean. Eta gero gerokoak...

        Serafin eta beste bostak, laurak aldean, joan egin ziran kanpoko aize ozkirriaren billa gorputzeratutako gaiak ematen zien berotasuna ibitu-ustez.

        Geroago, ofizinan zerbait utzi zuala-ta, Manu eta Doro antxen egon ziran puxka batean, zinera joan baiño leen.

        Egun artako txanpanaren pustillak izar berri bat goiratu zuten Araibar zaldunaren zeruan. Ba zuan, ustez, maite-alorrerako lagun berria laister.

        Baiña baita ordurartekoaren beerazkaldia ere, aldabatera. Loli-ren oroipenak koxka gogorra, aizkorakada sakona, urratzerik minkorrena izan zuan. Aren lillura-tantaiak laister joko zuan lurra. Obeki egiten zuan Bilbo aldera agertu ezaz. Baiñan ura ere...

 

aurrekoa hurrengoa