www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Araibar zalduna
Eusebio Erkiaga
1962

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Araibar zalduna, Eusebio Erkiaga. Kuliska Sorta, 1962

 

 

aurrekoa hurrengoa

XIV

 

        Itsasertzetan, udako gauak ere, ba dute beuren ordu eme ta malgua, gorputzak laket-eske edota irrits-egarri oi diranean. Batipat, erri-jai luzeetan.

        Goienkaleko baztertxo batean, soiñu berri zekarren beribil bat gelditu zan. Illuntzea zan, eta eguzkiaren izpiak, beste lurralde ta itsasoetarantz bialiak zituzten bero —zizta zuzen eta zorrotzenak.

        Gazte bi, mutil sendokoteak, atera ziran eta kalean batera-bestera beatu ostean, etxe baten orma zutak arakatuaz, leioak ikuskatuaz, teillaturaiño soaldi atsegiñak egin zituzten. Jantzietan zuten agiri: Amerika aldetik zetozten. Anaiak ziran, sei urte leenago diru-gosez joanak, Venezuelako lur zabaletara.

        Bata, Tomas zan, eta aren anai gazteagoa, Martin. Gazte azkar, langille ta jolastiak. Urteroko jaien usaiñak bultzarazita zetozten, eta adian, beste asmotxoren bat ere... Etxean ama aurkitu zuten; uste-uste gabeko etorrera artaz zerbait arritua, noski, seme eder aiek etxera orrela isil-isillik agertzean.

        Auek ere, Algorta-ko arako indianuak egin zuana bera, berriztu gogo zuten, antza. Gizontxo aura, Amerika aldera joana zan aspaldi. Urteak joan, urteak etorri, eta senarraren berririk eskas zuten etxe artan. Iñoiz edo bein bai, andik zetorren norbaitekin edo, bialtzen zizkion emazte egoarritsuari goraintziak eta zerbaixka diru, beiñere ez larregirik. Dana dala; beiñola, Algortako amerikanu ori etxemiñak jo zuan, eta ez karta ta ez albista, dan-dan-dan! etxeko atean ots egin zuan. Artean, iñork ez zekian arnasik ere, etorrera artaz.

        Emazteak, atea iriki eta itzetik ortzera bere senar ederra aurrez-aurre ikustean, arrimenez eta pozkarioz, bai esan ere

        —Ene! Kartatxo bat ere, ez diguzu igorri ta... guk ezertxo ere ez jakin, ba.

        —Kartatxoa? Zertarako, ordea? Ni neu baiño karta zeragorik aurkitu al zenezake ba, emazte laztan?

 

* * *

 

        Elduberriok, etxeko ta senideen galdea egin ostean, geiago ere egiteko gogoa izango zuten nonbait. Eta izan ere, kanpotik datorrenak beste gauza oiek entzun baiño naiago izaten ditu bere begi-belarriz eta sentipenez somatu ta biziz-bete.

        Kalera ziran eta beta ironagorik!... Neskatxa bat ikusi zuten lendabizi. Agurne zan aura. Tomas-en begietan zeru-zatiaren irudia barruratu zala esatea, ez litzake larregikeri ausart izango. Azken urteetan ikusi ez zuan neskatxa aren baitan aldakuntza zoragarriak nabari zitezkean: arpegian ba zuan alako samur-keiñua, osotara bekurunde eder izan gabe. Begiak ez zituan aundiak, bilduak, erdi izkutatuak baizik. Sudurra fiña zedukan, ongi lerrokatua. Irri egikeran, gozotasuna zerion. Gorputza luzea aski, bizkar ta aintzin eder, ibilkera jasekoa. Tomas-en guraria mamitu-ernamin jarri zan. Entzunik zegoan Agurne-ren sotiltasunaz. Ez zuan, orraitio, ainbesterik antzemana.

        Neskatilla liraiña, etxerantz zioan. Geroago, dantzaldian izango zuten aukera, gabaz alkar ikusteko, patxadaz eta egokitsuago.

        Bigaramonean izan zan kai artan, beste egikizun berezien artean, jatorra ta ikusgarria izan oi dan jaikune bat.

        Kaiaren erdian, alderen alde, lokarri luze bat zegoan tantai biren muturretan lotua, erpin biok alkartubearrez bezela. Goibee, lau bost metro ur axalaren gain. Tantai bateko lokarrri-burua, geldia ta erabat lotua da. Beste erpiñean, ordea, lokarriak luzera geiago du eta mutur ori kaigaiñeraiño jeisten da, eta emen sei zortzi gizonek egiten dituzte lanak, batean jaso eta lokarri bildu; urrena, bertanbeera utzi, eta laga, atezu zegoan soka luzea ur-axalera arte.

        Moilla gaiñetan jendea ugari zegoan, eta alaber ontzi ta potiñetan. Antzarren jaia zan. Eta esandako lokarri luze artatik, kaiaren erdi-erdi inguruan, albertxioan, zintzilik, anketatik lotuak, dindilizka burua, egon oi dira antzarrak bizirik, lotzeiki eme batez lotuak; urrenik urren, bata kendu ildakoan, bestea jarri bizia; egoak eta mokoa azke, eta saman koipez naro igurtziak.

        Asi dira ontziak banan banan lokarri luze azpitik igarotzen. Ontzikoak aurretiaz eman dute izena joko ortan arteko izateko. Ontzia, aintziña bezela, arraunen bitartez joango da, astiro bederik. Ontziaren popan, atzekaldean, mutil gazte bat zutik, zintzillik dagoan antzarrari eltzeko gertu, an portu erdian, arako lokarri luzearen azpitik joatean. Oratzaille edo atzemaille onek, 60 kiloz beetikoa bearko du izan. Antzarraren lepoa, samea, koipez igurtzia ta betea egongo da, gaiñera...

        Joko-ontzietako lagunak, maizenik, urdiñez jantzirik daude, bai galtza ta bai alkandora. Ortaz gaiñera, iñauteri-kutsuxka ere izaten du iñoiz, gazteen gogaro onak ortarako saioa egiten duenean. Alegia, lagunetarik asko burutsik joan oi da; baiñan batzuek, kapela luzeak, motxak, mexikotarrenak, kolorez betezkoak eramango dituzte. Ontziaren saietsetann, idazkunak ere bai, letra zuriz egiñak. Batek dio: «Emakumeak ba ditugu; antzarra nai dugu». Beste batek: «Mutil zaarraren promesa, iñork ikusi nai eza; illobarentzat utzi bearra bere interesa». Irugarrenak: «Jan beza nai duanak; baiñan edan, guztiok». Eta abar, eta abar.

        Txistularia daramate barruan ontzi batzuek, inguru osoan poza sentiaraziaz. Ardorik ez da falta enbarkazio bakoitzean. Ardo onak ematen baitu indarra; eta gaiñera, errotik edo aldi batekotz kendu samin-ondarra. Zatoak eta garrafoiak dabiltz eman-alean, jendeari eztarri-urdaillak berotu nairik. Ardo-edontzitzat gauza nabarmenagorik ere ikusi diteke; zera, gauean oepean edo, oi dugun potoa...

        Asi dira musika-taldeak egundoko doiñu alaiak jotzen. An dioa lendabiziko ontzia, arraunak airoski, jardun politean. Jatsi dute lokarri luzea, popan zutik dioan mutillak bere beso bietaz egoki eldu dezakion antzar zintzillari. Eta orra! Eldu dio, eldu; sartu ditu besapean antzarraren egal bat eta lepoa; baiñan berealakoan, txintol ariñaren bidez igo dituzte soka luze ta antzar ta mutil atxikia. Igo dute, igo dute iru metro, lau, bost ur-azalaren gaiñez; eta gizonezkoa zintzillik dagoala, bapatean, arria dute, laga diote lokarriari, eta mutilla, antzarrari oraturik, erori da, uraz buru, uraz bizkar, uraz sorbalda, nola dan... Dana dala, sekulako zartakoa jasan bearko du aren gorputzak. Busti da burutik beatzetara, eta alaz ere ez dio aske utzi antzarraren lepoari. Berriro ere jasoko dute, eta ai, ai, ai, eroriko da, eta bizkarreko gozoa artuko du. Eta lau bidar, bost bidar olaxen, eta azkenez, nekatua, unaturik, eskuak zabaldu eta an dioa antzarra, artean, burua bere tokian duala. Uretan geldituko da, bere ontzikoak, itzuleran artu arte. Bigarren datorren ontzikoak lan errezagoa izango du antzarrari lepoa kentzeko, besteak makaldu bait dio. Eta kentzean bertan, potiñeko aren lagunak zapart eta zapart egingo dute uretara, batzuek buruez aurrera, zipriztiñak ugari jasoaz. Oiu ta iskanbil artean, ontzia ia iñor gabe gelditu da. Ez dio axolik. Norbaiten ardurak zaituko du eta ontziratuko dira berriro ontzigizon guztiak, eta mutillak ekarriko du artezki eta garbiro atzeman duan antzarra, lepoa urratu diolako.

        Antzar galant orrekin afaria egingo dute «tostartekoak». Antzarra, gogor xamarra dala uste duanak, beste zerbait eskatuko du, samurragoa, biguiñagoa dana. Esaterako, zelaieko «arrai»-saieskia edo; alegia, oillaskoren bat... Edari beltzetik asi eta geroago, mueta askotarikoak barrura-arriskuz izango dituzte. Etxera itzultzeko ordurik, ostera, ez dute zenbaitzuek izango. Orduaririk ez du iñork izango; bustitzeko edo apurtzeko bildurrez...

        Zortzi antzar dira joku osorako. Geienak, kresalez kanpoz busti diran arabera, gero, barruz, maastietako salda ederrez bustiko, agian. Mama gozoa dan ezogarri bikain!...

        Antzar-jai ostean, nasa-muturrean etziñik, tantai luze zuzena dago zertxobait aldapaz, masta-puntakoa egiteko. Erpiñean, zut, ikurrin txuria, makilla mee bati lotua. Tantai orrek ere koipea ugari izango du bizkarrean, eta ortxe zear, oiñetan artillezko galtzerdiak dituztela joan bear dute, bandera aura atzeman gogoz. Asi dira lanbide berrion, mutillak. Iru, lau, bost urrats egin... eta dendua zaitu eziñik, oiñak irrista egin bearrez, eta ezin ba, geiago aurrerantz eta gorantz egin. Orduan, besoak zabal, ekuru, orekan egon nairik; baiñan azkenerako ere, itsasora zapart egin bear, eta igari egiñaz, armailletan gora legorrerantz, berriro moilla-gaiñera igo. Artean, masta edo tantai luzea dardaraka, zanbuluka ari da, kaiganean atxikia eta beste muturra aske, dantza-dantzari.

        Bigarren mutillak egin ditu bere susmoak eta abiatu da tantaian zear. Koipeari, lazgarri litzaioken zerbait ezarriko dio, irradan jaurtiaz, garia ereiten ari bai litzan: ondarra, area, itsasegian bildua. Kolkoan darama, erruz eraman ere, gizon gizena dirudi-ta; garri inguruan gizen-tubular joriak iduri. Ondarra botako du apurka, eta al izanik, oiñak poliki poliki aurrerago ezarriko ditu. Eta ez bigarren saioan, eta ez irugarrenean ez dute atzemango ikurriña. Amaika, amabost edo ogei ekiñaldi ere bearko dira, agian. Galtzerdiak aldatu, ondarra bota eta alaz ere errez ez ba litz, guenez, zutik ezin danean, lau oiñean, au da, beso eta anka tantaiari laztanduaz, pixkanaka pixkanaka elduko da norbait muturreraiño eta artuko du makilla ta ikurriña.

 

* * *

 

        Agurne ez zan joan antzarrik artzen, ikusten baizik. Alarik ere ez zuan bere etxean afaldu. Silbe neskatxa izan zuan lagun, eta Tomas, eta Martin laugarrentzat zala, «Oñati»-neko jatetxe zaarrean egin zuten indianu berrien elduerako afaria.

        Plazan, soiñua ugari zan; bizpairu banda eder ari ziran soiñu joten. Bitarteetan, erriko txistulari jatorrak ekiten zion euskal-doiñu alai, gozo ta zuzpergarriak jo ta jo. Guztientzat zegoan jende dantzaria. Tuntunean, batez ere, aurrak eta neskatxak ari ziran. Mutil gazte batzuek ere bai. Geienak, dantza biguin eta errezera emanak, jakiña; dantza lotura...

        Antzar-lumak ikustea ez zan gauza zailla ordu artan. Askok zeramaten paparrean, ginbaillean, txapelean, belarri-ertzean, gizonezkoak naiz emakumezkoak. Tonua ematen du egun ortan zertxo orrek!...

        Baiñan plazara joateko ardura ta ataza aundirik ez zuan Tomas-ek. Agurne-rekin egon ezkero, naikoa pozik zuan aren barruak, erromeriarako irrintzi alaikorrak entzun gabe ere. Ordea, Martin-ek eta Silbe-k aldegin zuten, kafetxera zioaztela adiraziaz. Oiek, dantzan ere jardun zuten berealakoan.

        Tomas-ek barruko ametsa agertzeko iraduz ziarduan. Eta zador ori, ain zuzen, Agurne-ri azaldu nai zion. Eta egun bat galtzea, abagune apartekoa uztea zala zeritzan. Bearrik, ordu egokian eldua baitzan. Anartean, aren ustez eta egia zan, Agurne iñori ezkontzeko itzik eman gabe zegoan, inguru-minguru gazte bi izan arren: Martzel eta Manu.

        Jaietan, erriko ta auzoko neskatxak atzera-aurrera aundiak izan oi dituzte, maiz. Alegia, maite-eskabideen agerkundea, nesken xalotasuna dala edota aien soiñeko berriak ematen dien txukuntasunak, berezko graziaz gaiñera, eraginda; eta mutillak jaien berotasunean oi duten ausarkuntza ta guraria dirala bide.

        Eta antxen, «Oñati»-neko ostatu zaarreko txoko zaragiz betean, Tomas-ek, Venezuelako lan eta neke ta arrenkurak azaldu zizkion Agurne-ri. Baiñan, batipat, bere kolkoan izan zuan zerbaiten joan-etorria. Erritik aldegitean, Agurne atsegin zitzaion, ango beste zenbait neskatxa polit bezela; artean, ordea, gaztea zan. Ameriketako neskatxak ezagutu zituan, geroago, eta arinkerirako ta aragikerirako erraz ta goxoak ba ziran ere, Iparragirre bizartsuari bezela, barruko oiuak oiartzun berbera ematen zion: «baiña biotzak dio: zoaz Euskalerrira», emazte billa, maite-kabikidearen galde.

        Tomas, neskatxak aztoratua zegoan. Eta mutilla, aspaldi bakar-izketa izandakoa, alkar-izketa biurtzeko eretia eldurik zala siñistuta bizi zan une artan. Agurne-k parra eta parra egiten zuan, gaztearen itzak, su ta gar irtetzen oarturik.

 

 

        Egun artan, Manu berandu eldu zan Bilbotik. Baiñan, txalupetxe batean izan zuan aukera, antzar-jana egiteko. Bilbotar ikasle ta udazaleak ziran ontzi batekoak, eta auekin batean nai eta nai-ez, joan bearra izan zuan, errira eldu eta popotik irten zuan bezelaxe. Tabernarik taberna ibilli ziran leendabizi, emen edan, urrengoan irauli. Egun artan ez zuan, egia esan, Agurne-ri ezer esateko bear gorririk. Erri koxkor artara joten duten gazte ta gaztetzako guztiak, burugin eta berekoi dira gau artan; eta andreekandik aparte, aske ta loka, ederki ematen dituzte pozaldi eta askatasun-orduak.

        Alaz ere, jakiña, ba ziran dantzari ari ziran gazteak ere, ta ugari gaiñera. Batzuek afal-aurrez, besteak afal-ostean, dantza-dantzari jardun zuten, neskatxa lirañai elduta, biguin ala ertsi, gozo ala sendoro, ta gerritik bada ezpadan ere... Musikaren ariora bai batzuek gogotsu kantatu ere:

 

                «Tenía una casita

                        chiquitita

                        en Canadá;

                con un estanque y flores

                        las mejores

                        que hay allá...».

 

        Neskatxa maite-goseak, irriño xamur egiten zuten, gizonezkoen ao-ezpaiñetan zearka esandako laztan-itzak bai ziruditen. Geiago edo zeatzago adierazteko, kemen ta adore mamiagorik gabe...

 

 

        Goizaldeko lauretan, dantzaketa amaitu eta geroetan, azkenengo taska ertsi ondorean, loretegi inguruko baztertxo batean, alkarri agurrak bukatu eziñik zeuden bederatzi mutil eta neskatxa bi. Auek, frantsesak ziran, neskatxa gordin mamiz ongi beteak, baiñan ez gure inguruko asko aiñean. Aiek betiere fiñagoak; zume-tajua ta liraintasuna gureen artean baiño polikiago zaitzen baitute.

        Inguruka zeuden gizonezkoak, danak gazteak, alkandora utsik, otzik ez zegoan-eta. Erdi erdian, preso bezela, neskatoak. Ez alegia alkarrengandik urrutiegi, alkar joten baizik. Eskuak eman, bostekoak luzatu, masailletan eta, lepatxokoan eta, egundoko igurtzi samur ta ukitzeak egin ondorean, batzuek itz eta pitz, besteak erdi-merdizka, ezin ba gazte gaztanbera aiek alkarri azken agurrik egin. Orduan asi zan musuketa banaketa. Urrengorik urrengo, mutillai neskatxak pa gozo bana.

        Betiko agurra ote zan?

        Manu ere aien artean zebillen, aldraka ibiltzea, ari, geienbat atsegin izan ezarren. Baiñan jaiak ziran eta... gorostian gorosti. Neskatxengandik aldegiteko ordua eldua zan, antza. Alabearrak, ordea, bildurik zeuzkan; neskatxen enkantuetaz aspertu eziñik, nunbait, mutil biozperaa aiek. Eta ordurako isil isilik zegoan erri politeko kale luzeetan zear ba zioan, talde polit aura... Arako kantaren anotsak durundia egiten zuan aizetan: «Neskatilla dantzatu da, sei mutillen artean». Auek, neskatxa bi ziran; mutillak bederatzi.

        Eta Goienkale inguruan, izketa eta parre goxorik ba zerabilten frantsez emeak eta garaitiko bizardunak.

        Eta berriro asi zuten an, agurraldiko musuketa. Auzoetako norbaitzuek ba zuten, ordurako, lendabiziko loa egiñik. Eta zer da gutiziagarriagorik iritxo batean, gau-txorien ibillera eta esanak, zelatean jasotzea baiño? Eta batez ere, kalean, gaueko orduetan, emakumeen itza entzun ezkero, saltza usaia baitu orrek?...

        Eta antxen bizi ere ta, Agurne ere jaiki zan, eta gurbilki leioratu.

        Ikusi zituan an neska ariñak, eta mutil astunak. Ardoak ere bazerabillen aien esteetan «atmosferarik» ugari ta...

        Eta ikusi zuan banan-banako musuketa berria. An zeuden erlikia bi: neska aien ezpain irten eta aitorrak; eta antxen zear igarotzen ziran, jaiera ta debozio aundiz, mutillen arpegi eskar-eskaleak. Ikuskari bitxia goizaldeko lauretan! Eta aien artean Manu, bilbotar aura ere...

        Agurne-ren biotzaldia nolakoa izango ote zan? Manu ere, nornai neskaren ezpain adurretan ezotzen? Erkiña ta axalekoa agian, onen maite-eskeintza.

 

* * *

 

        Eguerdi alderantz agertu zan Manu ondartzara. An ziarduten, beste egunetan bezela, Makari-k eta aren seme-alabak igarileai zerak ematen, toldoak taiutzen, aulkiak uzten, bazterrak zaitzen.

        Manu, egun-agurra egiñaz joan zitzaion Agurne-ri. Laztankiro itz egin zion, biengan, ustez, jaio-nairik-edo zegoan alkar-naikundea erdi-aipatuaz. Agurne-k ordea, ez zuan ezer ezkutatu bearrik, eta Venezuela-tik etorritako adiskide aundiaren berri eman zion. Alegia, Tomas, betiko auzokidea, eta orain, zerbait geiago izateko uziaz beterik somatu zuana.

        Zalantzaz ba zegoan, leenbaileen erabaki zezala, adierazi zion Manu-k. Biotzak, ain zuzen, ez zirala erdibi egin oi. Orduan, bai neskatxak erantzun ere deplauki:

        —Neskatxen ma gozoak, batez ere frantsesenak, atsegingarriak omen dira goizaldeko lauretan...

        Manu, Agurne-ri bea lotu zan, orma egiñik. Entzun egin ote zuan, norbaitek berariz gaztigaturik edo? Atsoen esanak ere, ugari, eder ta borobillak omen dirala, geitu zion Araibar-ek.

        —Ikusgarri ta entzungarri dana, begi-belarrien mende dagoke.

        —Antzarren eguna zan-ta...

        Zana zala, burruka sorturik zegoan; eta Manu-k argiro nabari izan zuan. Gau illunean etsaiak garitza gizenean zalgia erein oi duan antzera, Agurne-ren biotzean ere, arerioak —Tomas elduberriak, jakiña zan— erein zuan bai erein, ari uztagarri zitzaion belar mardula.

        Manu-ren barruan, ozpiñaren ontziak isurki auta aurkitu zuan. Azkenengo asteetan emaro ongarriz betetzen asi zan alorra, etsaiak azi berria ereiteko izango ote zan zearo? Oraintsurengo maite-burrukaldiak, urrenik urren, galduaz, bere gizatasun-ardatza makaltzen eta malgutzen asia ote zegoan? Neskatxak linburtzeko zedukan maite-sarea zart egiñik ote zegoan?

        Bertatik garbi jokatu bearra zuan Manu-k.

        Emakumeak, lendabiziko izakera-legea, maitakuntza oi dute; griña, amodioa. Bigarren mailla, geienetan, gutiziaz ta irrika biziaz itxedotea ba liteke. Bigarren itz ori, oro adierazgarria da: ezkondu. Lendabizikoaz geiegi jardun duten askok, ez dute zorigaitzez ezer iritxi, bigarren ele aztoragarria belarrietan barna, malgu malgu jaso ez baldin ba dute: Zurekin ezkondu nai nuke!

 

* * *

 

        Eta Manu-k ere ez zeritzan egoki, Agurne-ri une artan leengo aldiari buruzko itzaldirik egiterik. Ezaguera, igari-jantziak ekarri, oparitxoak, erregalu txiker batzuek, maite-eskabidearen ezaugarri ziran lendabiziko itz oretu ta erdi naastuak...

        Ez. Ez zan sasoi egokia berriketan jarduteko.

        Garatz berri batean sartua zegoala, eta ordurako damuturik ba zegoan ere, negozio orixe bukatu ostean izango zuala pakea eta artea erabaki aundi bat artzeko; ezkontzeko alegia, —ziotsan Manu-k Agurne-ri. Eta jarraitu zuan:

        —Eta ba al dakizu norekin, Agurne? Ni maite izango nauanarekin. Neskatxa ori, zeu izango ziñalakoan, pozarren bizi izan naiz aste auetan. Ez nintzan ni zure billa etorri, ezpait nekian ziñanik ere. Baiñan ementxe, apurka apurka, egunero ikusiaz, zure irudiak enegan ispillua bezela aurkitu du. Ta zure beso ta zangoak, zure begi apalen argia, zure irriparrearen leguna, zure sudurraren lerro polit ori, nire baitan sumatu izan ditut, zuregandik aparte egonik ere. Aste auetan doiñu berriak entzun eta kanta arin alaiak ikasi ditut, eta zure irudia ta doiñu auen durundia enegan biltzen dira bateratsu. Soiñu ta irudi, itz eta tankera zureak, niretzat izango zirala osoro uste izanik bizi izan naiz. Ez dut iñondik iñora ere sumatu, egiatasun onen aldaketa garratzik. Emakumea... egoaizea omen. Zer diozu, Agurne? Elduberri dan Tomas galai orrek, nik baiño geiago merezi al du?

        Orixe esan eta pentsatzeko ta erantzuteko epea bigaramonerartekoa emanik, joan zan Manu, ondartzan zear, itsasoak eskeintzen zizkion baga bigun eta dantzarietan gorputzaren atsegiñaz batean, gogoaren lasaitasuna ta askatasuna gozartu zezan.

        Eta antxen, ikusgarri zebillen Araibar zalduna, ainbeste ta ainbeste, neskatxa lirain eta gazte ederren artean, uin borobillen bizkar gaiñetan jauzka ta jauzka egiñaz, Pampa aldean zaldi ezigaitzen bizkarrean zaldun ezleak ausarki ta izukaitz jauzka egin oi dutenez...

 

* * *

 

        Gabaz, «Agiñaundi»-neko taskan, beste adiskide batek alkar ezagutu-arazita, Martzel eta Manu izketan ari ziran, lasai, mana gozoan, ardoari noizean bein teink egiñaz. Biak, auzo-lanean egiteko zerbait zuten, noski, euren artean.

        Irailla-erdirantz oi dan uso-pasa edo usoen aldaketaz baliatzeko asmoa izan zuan Manu-k, eizealdi oparo ta mamitsua egiteko. Martzel-ek ongi zekizkian ortarako bazterrik egokienak, erritik urruti gabe. Manu-k ere bai agian, ordurako, baiñan asmoak asmo... Udazkeneko aldako usoak gozoak omen dira-ta!

        Iñoiz, arbola-tantai goienetan ipiñi oi zituzten ezkutatoki bereziak, eiztariak aietan gordetzeko, eta uso mordoa gain-gaiñean zetorrelarik bapatean su egiñaz, egazti uzta ugari biltzeko. Ez zan oitura an sareak edatzea, Nafarroan nunbaiten oi duten bezela. Joko garbiagoa zan. Sutanpaz soil-soilik atzeman, ez isillean. Perdigoien gain zegoan, beraz, zulatze ta atxikitze lana.

 

 

        Alkarrekin erabaki zuten bezela, joan ziran egun berrian, argitan, mendi-aldapa ospatsua ikustera. Usoen igaro-lekua oi zana. Itsasegitik berbertan dago toki ori, eta aldatz orren eta ur-ezpondaren bitartean, bide zabala dago, betiere, itsaslerroaren parezpare dioana. Karabiñeruen ibiltoki ta zelata-muga lerroa zan, itsas zabalari beatuz ta beatuz.

        Bide zabalean zear zioazten itz eta pitz Martzel eta Manu. Itsas-ezpondara ta mendi-aldera Manu-k, soaldi naro ta astirotsuak egiten zituan. Ez zan egun bakarra ori egiten zuana. Aspaldi ere egiñak zituan oiñezko txango oiek. Inguru aiek txit ezagun egitea, atsegingarri zitzaion, nunbait. Geroxeago bide bakar ori, bitan banantzen da; bata, beerantz dioa, emeki emeki ondartza edatsuan bukatzeraiño.

        Anartean,iñor gabe zegoan ondartza; udazaleak nagiz ta loguraz, noski.

        Lirain eta txairo, Agurne bere bidean zioan, otarra bat esku batean, bestean saretxo bat. Alako batean, mutil biak ikustatu zituan, ea poz-zirkiñaz batera, kezka ta burutapenak sumatzen asi zan bere barruan. Pekuz ta goganbeartsu jarri zan Agurne-ren gogoa.

        Bezperan edo, Tomas-ek eta Manu-k antzeko itzak adierazi zizkioten. Maite itzak. Are geiago: ezkon-itzak, bakoitzak bere aldetik, jakiña. Ba zuan naikoa buruauste neskatxa xaloak.

        Mutillak, bizkor, aurrera ta aurrera zioazten, eta ondartzarako bidea aldebat utzi, ta goienekotik joan ziran. Agurne, atzetxotik atzetxotik, beekoan zear joan zan, urertzerantz, aiek ikusia izan gabe.

        Zer ote zerabilten bere lendabiziko maitale-gei Martzel alperrak eta bigarren maite-eskale Manu apaiñak alkarrekin? Batzar bakana zan benetan ere, aura. Besterik ez zan falta Tomas ere aiekin biltzea baizik. Martzel eta Manu alkarrekin!... Leenago etsai ziranak, edota etsaitzakoak, nolatan geroago autu ta ele gozoan, bide bakartietaz gaiñera? Arrigarria zan, baiñan ulergarria iñolaz ere ez, Agurne-rentzat beiñepein.

        Manu-k Martzel-engandik, Agurne-ri buruzko zerbait isilleko gaizto edo okerrik jakin nai ote zuan? Orrelako jokabide makurretan jarduteko ere gai ote zan Araibar zalduna? Edota, Tomas-en kontra, sapokerian, azpijoko ziztriñen bat antolatzen ez ote zebillen Manu, Martzel alprojatzar arekin?

        Erantzun eldurik ez zuten jaso galdekizun auek, Agurne-ren baitan.

        Ba zuan, ziñez, Makari-ren alaba gustagarriak beregan naaspillik aski, mutil aien arteko artu-emanaz ain zuzen buruketan ari gabe.

        Etorkizunaren koxka zedukan aurrez aurre. Senargai bi, pare bat egunen buruan, eta ezkontzarik aldi berean, bat baizik ez izan egingarri. Zer esan bear zion Tomas-i? Zer erantzun Manu-ri? Irugarrenak, Martzel-ek, dakigunez, ez zion batere kezkarik ematen.

        Tomas-ek zerbait zedukan eragozpen, beste alde guztiak onak eta gogokoak izan arren. Tomas-ekin ezkondu ezkero, ara, urrutira, zerera... Venezuela-ko puntaraiño joan bearko zuan, antxen zituztelako Tomas-ek eta aren anai Martiñ-ek, irabazgarri egoki ta ondo arteztuak; lendabizi zor eta lor, lerrenak egin bearra izan zuten arren. Baiñan burua jaso zuten, eta geroztik diruaren urioltxoa zetorkien garatz-merkatutik, euren sakel gero ta gizenagoetara. Eta egia esan, Tomas-en mintzoak eta esakera zintzoak barruan maite-kili ta azkura biguiña egin zioten arren, Agurne-k ez zedukan beiñere bere sorterritik urruntzeko gogorik. Kanpoetako diru-soiñu lilluragarriak aditu arren, aberri-miñak eragiñik, jaio-eskualdean geratu diran seme-alaba zintzoen geldi-dei isil eta zoragarriak egiten zion durundu bere zaiñetan, odolean, gogoan eta izkuntza-sentipenean. Aberritik urruntzea, etxetik urruntzea baino geiago baita. Giro, arnas, zeru, odol-taupa, senide-dardare, alderdien ikusmen-miña, lekuen mintzoa, mendi ta ibarren ertz maitagarrien irudia, adiskideen beroa, bakoitzaren aurtzaroko kate ikuseziña austea zan!

        Manu-k, bertzalde, bere tankera ta gizabide ta eskuarte ez-urriaren ondoan, akats bat zuan, iñoiz geideagandik entzuna eta Agurne-k bere begiez arestian nabaria: Manu andrezale itsua zan, batekin bakarrik naikotzen ez zekiana, lorez loreetariko galai oldarra.

        Ezkurrez, diruz, erosotasunez, aski zuan Agurne-k, bai bataz nai besteaz; ongi bizitzeko lain izango zuan noski.

        Guztion korapilloa zan Makari-ren alabarena ere. Bide egokia aukeratu-naia. Egin-urratsa zeatz onuratsua ta ziurra egin-naia.

        Urrunera-bearra eta zintzotasun-froga, alderdi bi oiek zeukaten egundoko burruka suarra Agurne-ren biotzean.

 

aurrekoa hurrengoa