Itxulingo anderea
Marijane Minaberri

Goiztiri, 1963

 

 

 

ERREGINA GAZTEA

 

      Behin bazen prinzesa gazte pollit bat. Bilhoak zituen beltzak, begiak zabal eta argi, larru-pintza xuri-arrosatia. Haren edertasunak bazuen pare gabeko dirdira bat. Izena zuen Gaxuxa. Esposatu zen Erratua deitzen zen printze gazte batekin. Errege-erreginek, orduan, erresumaren gidak gazter utzi zituzten, gaztek hobeki segitzen dituztelakotz mendeko gora-beheren uhainak.

      Erratu eta Gaxuxa, elgarren amodioan, uros bizi ziren beraz. Bainan huna nun, polliki-polliki, duda eta griña erregina gaztearen bihotzean sartu ziren. Zendako? Gaxuxak ez zakielakotz bere senharra nundik atheratzen Zen. Ikusi orduko, hain eder eta xotil, hain suhar eta zintzo, maitatua zuen. Orai, egun guziez gehixago, pozoinak bere eztena ari zuen haren baitan landatzen. Ardura haren baitan galde suminkor batzu ari ziren alhan:

      —Nundik heldu da? Zendako ez du ahiderik? aberririk? gaztelurik?

      Azkenean, gehiago ezin egonez, galde horiek egin zituen senharrari. Horiek aditu orduko, hau jarri zen bisaiaz kanbiaturik.

      A! dohakabea! zer egin duzu? Ene baitan konfiantzia eskas izan duzulakotz zekulakotz bien zorigaitza egin duzu.

      Gaxuxa izitu zen.

      —Zer egin dut?

      —Sortu nintzalarik, ene ait-amek ahantzi zuten sorgin baten gomitatzea. Hunek, errabian, kondenatu ninduen ene bizi guzia arima herratu baten pare munduz mundu ibiltzerat. Jende batek bakarrik ninduen ene zorigaitzetik atheratzen ahal: ene meazteak, bere amodioaren eta konfiantziaren indarren medioz. Urthe batez maitatu baninduzu, nintzan bezala, ene suerte txarra garraitua izanen zen. Orduan jakinen zinuen ene sortzearen barri. Orai, bethikotz galduko nuzu.

      Hitz horiek erran orduko, Erratu suntsitu zen.

      Harriturik, Gaxuxak uste zuen doluminarekin hil behar zuela. Joan zen bere ait'amer bere zorigaitzaren erraiterat. Nehongo hede-xuri, guarda, ttipi, haundi, bilha ibili ziren zoko-moko guzietan, bainan nehon Erraturik ez ageri. Zer egin?

      Erresumako gizon-zuhurrak bildu ziren elgarretarat. Asko palabraldi ibilirik, huna zer izan ziren heien oharpenak:

      —Gaxuxak nahi badu bere senharra berriz bereganatu, hiru egun barne behar ditu gazteluko atharrian ezarri:

      —Kristailezko untzi bat, Mendi-haundiaren gainean sortzen den ur-freskoz betherik.

      —Ogi bat berak orhatua eta errea.

      —Oihanaren bihotzean den arbola ederrenaren gainean bildu lore besatra bat.

      Erabaki hori aditu orduko, Gaxuxa nigarrez hurtu zen. Nola egin hiru gauza baitezpadako horiek hoin benbora laburrez? eta laguntzarik gabe?

      —Erregina baten lehen dohaina, zion bere aitak erran, da kuraia. Egin-zkitzu gizon-zuhurrek erranak. Zoak lehenik bolanjeriara eta ogiaren orhatzen has zite.

      Bihotza egin behar zuen ogia baino opilago, lotu zen lanari. Ez zuen sekula ogirik egin. Lehenbiziko opila, taula baten pare, ezin janezkoa zen.

      Bigarrena ez zen ageri kerrada ala ogia zen. Etsimenduak bere aztaparra hasia zuen jadanik hedatzen. Bainan aitak erran zakon:

      —Erregina batentzat, kuraia, pazientzia eta iraupena dira premiatsuak.

      Lotu zen berriz lanari. Zer alegrantzia! Aldi huntan, kausera bezain harro eta janosa zen ogi bat athera zuen labetik.

      —Ontsa da, zion aitak erran. Bihar lotuko zira bigarren sailari.

      Argia agertu orduko, xahako bat harturik, Gaxuxak hartu zuen mendiko bidea. Laster bidea harritsu eta kazkar zen. Artetan patar batzuer goiti ezin iganez, eskuekin behar zuen bide bazterrari aztaparkatu. Belhaunak odolduak zituen eroriaren bortxaz, eskuak laparrez aztaparkatuak.

      Bidearen erdian elhorri sasu bat hatxeman zuelarik, bihotzak huts egin zakon. Ez zen urrunago joaiten ahal, bazoan gibelerat. Orduan gogoratu zitzaizkon aitaren hitzak:

      —Kuraia, pazientzia eta iraupena dira erregina batentzat dohain premiatsuak.

      Arropak urratzen zituela elhorri-sasuan, segitu zuen beraz bere bidea. Heldu zen azkenean mendi gaineko ithurrirat. Bere xahakoa betherik heldu zelarik gibelerat ez zitzaion iduri bide beretik pasatzen zeia, haren bihotzean zen alegrantziak harroturik. Esperantza eta konfiantzia haren baitan ari ziren sartzen eta ez zen ohartzen ere, odoldua eta leher-egina, doi-doia heltzen zela etxerat.

      Ondar egunean, goizeko lehen argi-xirrindak jeiki-arazi zuen Hartu zuen oihaneko bidea. Luzaz-luzaz kurritu zen. Iduritzen zitzaion halere lekuaren gainean zagola. Oinak zituen akituak, indarrak flakatuak. Gosea zagon, ez zuen jatekorik. Gaua heldu zen oihan beltzaren gainerat. Eta gauerdi baino lehen behar zuen gibelerat joana izan. Otsoen marrumak urrunerat ez zituena aditzen? Zer egin? Ez zakien nun zen oihanaren erdian kausitu behar zuen arbola. Lurrean zabal-zabala etzan eta han berean hiltzea, bertzerik ez zuen desiratzen ahal. Eta horra nun behaztopatzen duen bidearen erdian xoragarriko arbola bat, lorez estalia. Segur ere harek bilhatzen zuen arbola. Besatra bat lore bildurik hartu zuen gibelerateko bidea. Gaua jina zen. Sekula, ez sekula ez zen tenoreko gazteluan sartzen ahalko. Haren begietarik nigarra pulpurikan bazoan. Artetan indarrek huts eginik, bidean erortzen zen. Behar othe zuen, bortutik hoin urbil, bidean gelditu? Berriz lotzen zen bideari.

      Gauerdiko lehen dandak joiten zuen bezala gazteluko dorrean Gaxuxak pausatu zituen gazteluko athal-harrian, ogiaren eta ur-freskoaren ondoan, oihaneko arbolan bildu loreak.

      Gauerdiko ondar dandaren oiharzunaren murmurikan aditu zuen orduan boza ezti bat: «Gaxuxa! Gaxuxa!»

      Uste zuen haren bihotzak behar zuela zorionez zapartatu. Erratu hor zen berriz, haren ondoan.

      Heien zoriona zer izan zen, aisa pentsa ditaike. Erranen dugu bakarrik aintzinean baino azkarrago eta zabalagoa zela, zorigaitzean zimentaturik.

      Gaxuxa eta Erratu luzar bizi izan ziren uros, beren haurrez eta haurren haurrez inguraturik.

 

Itxulingo anderea
Marijane Minaberri

Goiztiri, 1963