Itxulingo anderea
Marijane Minaberri

Goiztiri, 1963

 

 

 

OREINAREN EMAITZA

 

      Ixtorio hau pasatua da duela ainhitz eta ainhitz urthe, jendea oraino erdi-kanpoetan bizi zen denboretan. Hiririk ez zen oraino eta kanpoak oihanek zituzten hartuak.

      Oihan hetarik baten bazterrean, pobre bezain pruint-eko etxola batean, bizi ziren Peio eta bere amatxi.

      Peio zazpi urtheko muttiko ttipi bat zen, aingeru bat bezain pollita. Begi beltz eder batzu bazituen; ilhe kuxkulatuak buruan eta irriño ezti bat ezpainetan. Gainerat bihotz on eta zabalekoa zen. Zuen ogi puxka bethi behar zuen oihaneko alimale zonbaitekin partikatu.

      Amatxi, gaixoa, amatxi hain zen zahartua, akitua, nun ez baitzuen lan haundirik egiten ahal. Doi-doia etxe barneko lanak egiten zituen. Horra zendako, haur hutsa izana gatik. Peiok berak joan behar zuen oihanerat su egiteko egur keta.

      Otsail aratsalde hotz batez, iguzkialde haize biphil bat hezurretaraino sartzen zelakotz, amatxik erran zion Peiori:

      —Haur maitea, ez dugu gehiago egurrik. Ez zinuke joan nahi egur-tornu baten bilha? Zerua ilhuntzen ari da, elhurra ez da urrun eta geroago ez zinezake su-gairik hatxeman.

      —Banoa, amatxi.

      Amatxi besarkaturik, Peio joan zen oihanerat, haur miko geriza gabea. Egurraren biltzea, deus ez da, delarik. Bainan Peiok hain bertze bazuen jadanik bildurik etxe inguruan nun ez zuen ondo hetan gehiago hatxemaiten. Luzaz kurritu izan behar zuen arbola adar eta abar idorrak hatxeman artio. Zama bil eta bil ari zen hain bertze suhartasunekin nun ez baitzuen zerua ilhuntzen ikusi. Zer harrialdura bat batean elhur-lumak dantzan ikusi zituelarik bere inguruan!

      —O! o! huna nun dutan etxerat joaiteko tenorea jina.

      Damurik! Jadanik berantegi zen. Elhurrak, ixtant batez, bideak, arroilak, denak bere kaparen pean zituen hartuak. Arbolak berak sanjatiak ziren eta Peiok ez zezaken etxerateko bidea hatxeman.

      —Hotzak nago bainan ez dut deusen beldurrik, zion bere baitan.

      Zorionez, harpe ttipiño bat bazen han ondoan. Zuhurtziaz betherik, Peiok deliberatu zuen gaua han pasatzea. Hotzak ez hiltzeko, sua piztu zuen. Amatxik erakutsi bezala, bi su-harri elgarri karrakatu zituen, heien pindarretik egurrari su emaiten zuela. Eta gero..., gero Peio harpean lokartu zen, bidez eta lanez akiturik...

      Uste duzue behar bada Peio salbatua zela? Damurik, ez. Negu gaua luze da eta sua, bazkarik gabe, fite itzaltzen. Peio, behar bada, harpe ilhun hartan hotzak hilen zuen ez balitz orein bat agertu...

      Su-garrak jadanik itzaliak ziren, ez zen gehiago Peioren ondoan brasa meta bat baizik, oreina agertu zelarik. Oihaneko orein guzien erregea zen, buru gainean zituela xoragarriko egur-adar batzu.

      Urbiltzen da harpetik eta Jésus ¡ muttiko ttipi bat han lo! Eta gehiago dena, ez zuena ezagutzen? Ba, ba, segur; joanden egunean oraino bere ogitik jatera emana zakon.

      —Zer laidoa, zuen pentsatu. Haur hunek hemen hil behar du.

      So egin zuen itzaltzen ari zen suari, so egin haurraren ondoraino heltzen zen elhurrari. Zer egiten ahal othe luke haur hunen laguntzeko? Gainean etzaten ahal balitz bederen, bere berokian atxik lezake. Bainan buruko adar alimalek harpean sartzerat ez zuten uzten. Halere, berriz ere entseatzen da, pusa eta pusa. Azkenean, indar egitearen bortxaz, krak! adar bat, krak! bertzea, haren bi odar xoragarriak suaren erdirat erortzen dira, suari oldar berri bat dutela emaiten! Adar hek hain ziren egur pizu eta izpi onekoak nun gau guzia sua bizirik atxiki baitzuten.

      Goizaldean, iguzki xirrinda batek iratzar-arazi zuen Peio. Elhurra jadanik hurtzen ari zen bazterretan. Orai, bere bidea ezagutzen zuen. Egur karga bat harturik lasterka etxeari buruz abiatu zen, amatxiren griñaz kexaturik.

      Oreina, ahalgez hurturik, joana zen arbola baten gibelerat bere buluztasunaren gordetzerat. Peio ikusi zuelarik etxeko bidean, oihanean barna sartu zen nehork ez zezan ikus haren buru pelatua.

      Nik uste dut geroztik hunat dituztela, urthe guziez otsailean, oreinek adarrak galtzen. Bainan sekula baino ederrago zaiteztela ere berantxago berriz pusatzen.

 

 

Itxulingo anderea
Marijane Minaberri

Goiztiri, 1963