Itxulingo anderea
Marijane Minaberri

Goiztiri, 1963

 

 

 

ALTXALILIEN ERREGEA

 

      Egun hartan, amatxiren baratzeko loreak kexu ziren. Arrosek aztapar sistadunak zituzten xorroxtuak, xahal-muturrek afoa idek eta hets zabilaten, zerbait ausiki behar balute bezala, San-Josep lorea tireso (edo tente?) zagon, murritz eta idor eta bere zokoan peonia, hasarrez gorritua balitz bezala, mutur zagon.

      Zer tristezia hoin ilhun eta uzkur egoitea, iguzkiak etzatean zerua bere suaz pindarkatzen zuen tenore ezti-goxoan! Bainan ikusgarri miresgarri hortaz ez zuten segur axolarik. Heien gogo-begiak bazatzeko zoko ilhunenari buruz —ezpel hesiari buruz— zagozten landatuak.

      Han bizi zen, bethidanik, andere Lupu. Denek puxka bat sorginarendoko zaukaten, geroa ezagutzen zuelakoan. Behar bada ainhitz gauza bazakien ximenki pensaketa egoitearen bortxaz... Bainan loren gogo arinari ez zitzaion hori bururatzen...

      Dena dela, lorez harendako aiherkunde gaxto bat bazuten. Orai ere ez zuena deneri jakin-arazia altxalilien erregea jin beharra zela baratzerat?

      —Gure baratzean pausatu beharra da, zuen erran. Bere emazte-gaiaren biderat heldu da eta hemen du bide-erdi. Gure ongi ethorriaz satifos balinbada, nork daki bere egoitza ez duen bethikotz hemen eginen?

      Izaiten ahal zen gertakari horri pentsatzearen bortxaz, loa galdua zuten lorek. Zoin gehiago ederraz ezin eginez ari ziren berri hori jakinez geroztik.

      —Ene etxean eginen du bere kafia, zion urgulus haunturik arrosak. Ez niza loren erregina?

      Zure etxean, egiazki, ez duzu pentsatzen! zion bere aldetik lirioak.

      Ene majestatea da bakarrik hari dohakona.

      Peoniek zioten berriz ez zela bazterretan heien leihorrari eztitasunez joanen zuenik. Hots, lore guziek, murmurikan, zerbait erraiteko bazuten.

      Goiz guziez ihitzez zer nahi enpoiltzen zuten zoin ederrago ezin eginez. Eta altxalili erregerik nehondik ez ageri! Ez othe zituen lupuak denak enganatu? Lehenbiziko agertzen zelarik bere egoitzako zilhar hariz egin balkoinerat adituko zuen zer pentsatzen zuten denek hartaz. Bainan, irri baino trufa gehiago, iduri espres egina, nehork ez zuen gehiago lupu ikusten.

      Orduan bidean herrestan agertu zen har xume bat, herautsez zikindua. Arrosaren zangorat heldu zelarik galdegin zion haren gerizan egoitea.

      Segur, kausitu zion!

      —Har herresta, habil hemendik, edo aldearen bertzen pasatzen hut ene sistekin!

      Sekula baino herabeago, itzuli zen orduan lirioari buruz. Debalde. Hasarrez zurpaildurik, hunek zion:

      —Eskelari tristea, ene arropa ez dun hire heldarraz zikindua izaiteko egina.

      Orduan behako othoizle bat bota zuen xahal-muthurrer buruz. Bainan jadanik hok zioten:

      —Urrun-hadi hemendik edo xoxoa galdatzen dinago bi hurrupaz jan hezan.

      Herrestan, peonier buruz abiatu zen. Hok jadanik loarkatuak ziren eta segur ez zuten haren presentziaz axolarik. Hartarik ari ziren ori! Akulu batek sistatu balitu bezala, zangoak inharrosiz, har gaixoa lurrerat aurtiki zuten. Egundaino, gaixoak, ez zuen holako baratze sorjesik ikusi.

      Urrunago joaiteko kuraiarik ez zuen:ltidanik bere biziaren dolua egina zuen. Segur hotzak hil behar zuen gau luze bat bidearen erdian pasaturik. Orduan aditu zuen boza ahulņo bat.

      —Ep iep! harņo, nahi baduzu, txauri ene ganat, pausu lekua eskaintzen dauzut.

      Ezker-aihenak zuen bere xokotik galdatzen. Atsegin hartu zuen, lorearen kopa xurian, korobilkaturik, etzan zelarik. Gauaren bakean, bi adixkideak lokartu ziren uros elgarren adixkidantzaz.

      Goiz-hasteak iratzar-arazi zuen baratzea eta loreat esperantsaz beterik, lotu ziren egun berriari. Beren hosto ximurtuak lisaturik, ihitzez garbiturik jarriak ziren jadanik panpinan aphaindurik ezker-aihenak bere kopa ideki zuelarik. Zaiaren ixurdurak eztiki nahi zituen barreatu, haren kafian lo zagon laguna inharrosi gabe. Bainan zer mirakulu miresgarria ikusten du? Har xume lokartzean, altxalilien erregea sortua zen haren bihotzean. Hegaldatuz, perekatu zituen lore xinplearen hostoak, lausengatu haren

      milesker erran bihotzetik, haren ohoretan egiten zuela bere dantzarik arinena. Baratze guzia, mututurik, so zagon, xoraturik.

      Beren-baitaratu zirelarik, loreak hasi ziren mugitzen. Horrotuz beren lore-hostoak, haizean daldarikatuz, ahal zituzten potentzia guziak egin zituzten altxalilia llilluratu nahiz. Debalde, ahatik. Kasurik egin gabe heien kolore xoragarrier, heien usain oner, heien bihotz idorrer, segitu zuen bere bidea.

      Bainan sekula ez zuen ahantzi har miseraule zenarik ongi-ethorri egin zakon ezker-aihena.

      Horra zendako, amatxiren baratzean, uda guziez ikusten ahal den altxalilien erregea bere lagunarekin ezker-aihen lore xinple baten inguruan dantzan ari.

 

 

Itxulingo anderea
Marijane Minaberri

Goiztiri, 1963