Itxulingo anderea
Marijane Minaberri

Goiztiri, 1963

 

 

 

MARTXOKO ELURRA

 

      Aingeruño pottolo bat zen. Ilhe kuxkulatu batzuek haren burua urhe korona batez inguratzen zuten. Bisaia irrikoi ezti bat zuen ardurenean bainan goiz hartan, egiazki, ez zen omore onean.

      Haren anaiak ari ziren zeru-zolaren garbitzen, gauaren ondar izarrak zituztela zerutik kasatzen zeren egunak agertzean behar zuen bakarrik errege izan bazterretan.

      Ahatik egun Aingeruñok ez zuen anaien laguntzeko tirria izpirik. Primadera sortzeko punduan zen eta lurretik hartaraino igaiten zen aire berezi bat, eztitasunez eta usa;n onez bethea, nik ez dakit nolakoa, bainan Aingeruño arrunt harroturik ezartzen zuena, laneko gostua kendurik. Puxka bat xoxoturik ez zuen kurri ibiltzeari eta jostatzeari baizik pentsatzen.

      Ilhargiak-gau guzia beilan egoiteaz akiturik bere begi bakarra hetsi zuelarik lokartzeko, Aingeruño joan zen igandetako hegalen jaunzterat. Gero, nehor ohartzen ez zen memento batez, hegaldatu zen...

      A! ene haurrak! zer besta, zer bozkarioa! Zoin goxo zen haize hego eztiaren besoetan egoitea, lurretik igaiten ziren usain onez mozkortzea, lanho arinetan itsaloskatzea! Zer irriak hegalaz zuelarik iguzki ixkina bat kilikatzen, zer plazerra zango puntta zuelarik menditik jauzika heldu zen ur-freskoan mainatzen edo jartzen zelarik lorez izarkatua zeri arbola adar batean bulunbatzeko.

      Aingeruren begiak plazerrez dirdiratzen zuten, haren matelak arrosa baino arrosago ziren bilakatuak. Burua ez zuena puxka bat galdu piaia hortan? Dena dela, horra nun deliberatu zuen, gibelerat joan aintzin behar zuela zerbait izigarrikeria egin. Egiten balu ifernurainoko itzuli bat? Justu- justua borta idekia zen eta Satan hain xuxen lokartua! Dudarik gabe piztua zen su izigarriak ttuttulaturik...

      Satan lo zagon beraz, bere ondoan zaukala bere xixpa luzea Aingeruk bazakien harekin zituela arima erregelatuak surat aurtikitzen Ebasten balako? Erran eta egin. Xixpa harturik airos badoa Aingeru kanporat. Ba eta Satan ere orduan iratzartu eta haren gibeletik marrumaz abiatu. Nola eskapa orai hari? Lanho munddula batean gordetzen balitz? Jauzian hetarik baten gainerat heltzean xixparekin uste gabean lanhoa xixtatu zuen. Orduan, burrustan luma xuri arin batzu lanhoaren sabeletik hegaldatu ziren, debrua iziturik gibelerat joan baitzen. Aingueruño salbatua zen...

      Horra nolaz, martxo egun batez, elhur-luma xuri arinak elemeniaka lurrerat erori ziren, San-Josep lore sortu berriak sumintzen zituztela eta kanpo guzia zaia xuri batez estaltzen.

 

 

Itxulingo anderea
Marijane Minaberri

Goiztiri, 1963