Haur Antzerki
Marijane Minaberri

Bizkaiko Aurrezki Kutxa, 1983

 

 

ABEREEN EGUBERRI

 

Katixa eta Peio ari dira eguberriko izai baten apaintzen.

KATIXA

      Uste duzu aski girgileria ezarri dugula izaiaren apaintzeko?

PEIO

      Han eta hemen ezarriko ditugu kolorezko argi-baso hotarik. Piztuko ditugularik, kolore pollitez beztituko dute izaia.

KATIXA

      Baditut xingola floka pollit batzu. Ekartzen ditut berehala.

PEIO

      Zaude, heldu niz zurekin. (Ateratzen dira eskoineko atetik. Ezkerreko atetik Pinttoren burua agertzen da. Pintto etxeko xakurra da).

PINTTO

      (Sartzen da, gibelerat so erranez). —O! Hauxe da gauza xoragarria. Minutx, zato laster zuhaitz hunen ikusterat (sartzen da Minutx, etxeko gatua).

MINUTX

      Zer gauza pollita! Ez dut sekula holakorik ikusi.

PINTTO

      Nik ere ez.

MINUTX

      Uste duzu hunkitzen ahal dugula?

PINTTO

      Ni segurik ez niz menturatzen. Bainan gauza jakina da gatuek sudurra denetan sartua dutela.

MINUTX

      Gauza jakina da ere, zakurrak, beren sudur hotzarekin, nun zer aurki dabiltzala beti.

PINTTO

      Bon. Bego hortan. Hea zer dion zuhaitz pollik hunek.

MINUTX

      Ni usatua niz arboletan ibiltzen. (Patarekin hunkitzen ditu zilarrezko girgileriak. Gero argi basoak). Argi baso hok zoin pollitak diren! Behazu, iduri dute ezkila eliza dorrean. (Eskuarekin bilin-balan ibiltzen du baso bat eta krak! lurrerat erori eta hausten da).

PEIO

      (Sartzen da). —Zer aditu dut hemen? Zer ari zirezte hor, Pintto eta Minutx! Badakizue eguberri gaua baino lehen ez dela hemen ibili behar. Zer ikusten dut hortxe? Argi-baso hautsi bat! Zirtzil parea! Hea hemendik kanporat, zalu-zalua! Aurtengo eguberriak sudurraren petik xixtu eginen dauzue. (Borta idekiz). Ale! Biak kanporat! (Pintto eta Minutx ateratzen dira, burua apal).

 

Oihala hesten da arbola ateratzeko denbora bakarrik.

 

Izaia kendua da. Pintto eta Minutx bakarrik.

MINUTX

      Nik egin dut hutsa eta biak gaztigatuak gira. Hori ez da xuxen. Peiori aitortuko diot egin dutana eta galdeginen zu bederen utz zitzan barnean.

PINTTO

      Ni ere zurekin nintzan. Beharrik laster jin da Peio. Arbolari goiti abiatu gogo nuen eta ene kargarekin ez dakit zer gertatuko zen.

MINUTX

      Ez dugu eguberri manera huntan pasatzen ahal. Behar dugu zerbait egin.

PINTTO

      Nik badakit zer egin. Gure adixkide guzien laguntzarekin guhaurek muntatuko dugu izai bat. Ikusiko duzu. (Leiotik kanporat oihuz). O! O! Nun zira Mattin hartza? Zure beharretan gira. (Burua agertzen du leiotik).

HARTZA

      Ene laguntza beharretan zirezte? Zer egiten ahal dut zuentzat, adixkideak?

MINUTX

      Hortxeko oihan hortarik ekartzen ahal ote zinuke izai bat ederra?

HARTZA

      Hori ene meneko lana da. Ixtantean ukanen duzue oihaneko izai ederrena. (Badoa).

PINTTO

      Ikusten duzu, Minutx? Orai bertze adixkide guziak deituko ditugu. (Leiotik oihuka). Hep! hep! jaun ahate! Zato hunaraino, zure beharretan gira. (Sartzen da ahatea).

AHATEA

      Zer da zuen zerbitzuko?

MINUTX

      Hola eta hola gertatzen zauku. Zerbait gisaz laguntzen ahal ote gituzu izai baten apaintzen?

 

Sartzen da hartza izai batekin.

HARTZA

      Agur jaunak eta andereak! Ni naiz hartz gaizoa, gorputzez haundia, puxka bat pizua, bainan ez gaixtoa. Bihotza dut zabala eta nahi dut lagundu beharretan dena. Horra zendako Mattin gaizoak ekartzen duen oihaneko izai ederrena.

PEIO

      Gaizo Mattin! Banakien zuri fidatzen ahal ginela! (Lehenbiziko izai hura bera buluzirik ezartzen dute xutik)

MINUTX

      Nik berehala ezartzen dut, izar baten pare gaineko kaxkoan, ene lepoko xingolazko floka. (Kentzen du eta izaian ezartzen).

AHATEA

      Nik emanen dauzkizuet ene lumarik airosenak eta pollitenak izaietik dilindan ezartzeko.

MINUTX

      Ezarriko ditut berehala. (Egiten ditu).

PINTTO

      Nik ene lepoko xilintxa ezarriko dut. (Egiten du).

AHATEA

      (Badoa). —Agur adixkideak. Lana bururatzen duzuelarik jinen niz ikusterat.

HARTZA

      Ni ere banoa. Ez ditut oraino ene egitekoak bururatuak. Sarri artio.

PINTTO

      (Arbolan ezarri xilintxa inarrosiz) eta MINUTX.—Agur eta esker-mila bihotz-bihotzetik!

 

Ahatea eta hartza joaiten dira. Leiotik aditzen da: beee! beee!

PINTTO

      Xo! Ardia aditzen dut kanpotik agurka. (Leiorat badoa). Egun on ardia. Nun zabiltza hola?

ARDIA

      Nun zer ikusiko dutan nabil, hantxet ta hementxet belar puxtuka batzu milikatzen ditudala. (Izaiari so). Zer duzue zuhaitz hori?

MINUTX

      Eguberriko izaia. Gure adixkide guziekin nahi dugu apaindu. Zerbait emaiten ahal ote daukuzu zuk ere?

ARDIA

      Gogotik. Ene lenazko arropa huntarik emanen dauzuet. (Puxtuka batzu errotik ateratzen ditu). Ontsa harroturik ezartzen baduzue han eta hemen adarretan iduriko du elurra egina duela.

MINUTX

      Ezartzen ditut berehala. (Ontsa harrotuz ezartzen ditu ardi ile puxtukak zuhaitzean).

PINTTO

      (Izaiari so). —Ene iduriko, Peio eta Katixaren izaia baino ederragoa izanen da gurea.

 

Leiotik entzuten da: Hi han! Hi han!

PINTTO

      To! Asttoko hemen dugu agur erraiterat jina. Sar zite, asttoko, sar zite!

ASTTOKO

      (Sartuz). —Jesus! Zer ari zirezte?

MINUTX

      Ez duzu ikusten? Eguberriko izai baten muntatzen...

ASTTOKO

      Holakorik oraino! Zer gauza xoragarria!

PINTTO

      Oraino ederrago izan dadin, behar bada, zerbait bazinuke guri eskaintzeko?

ASTTOKO

      Ez niz aberatsa. Bainan tegian baditut urre kolorezko lasto pitu pollitak. Zato enekin, emanen dauzkitzut gogotik. (Asttoko eta Pintto ateratzen dira).

MINUTX

      (Arbolaren apaintzen beti). —Gure lana gustatzen zauzu?

ARDIA

      Uste nuke... Uzten zitut. Banoa bildotxa zertan dutan ikusterat. Sarri elgarrekin jinen gira zuen lanaren ikusterat.

MINUTX

      Ba, sarri artio. Eta eskermila zure laguntzarentzat. (Ardia ateratzen da. Pintto sartzen besatra bat lastorekin. Izar batzu jadanik eginak dira piruak erditik elgarri josirik. Dilindan ezartzen dituzte eta lastoa lurrean berduratzen).

PINTTO

      Badugu zer nahi garnigailu. Ene ustez gure izaia izanen da pollitena.

MINUTX

      Katixa eta Peio ere behar ditugu gomitatu. Hola besta ederrago izanen da eta barkatuko daukute gure hutsa. (Pintto eta Minutx gibelatuz izaiari so).

PINTTO

      Ez dut uste deusen eskasik baduen. Gure adixkideak deitzen ahal ditugu orai.

MINUTX

      (Leiotik oihuka). —Mattin! Mattin hartza! Ahatto! Asttoko! Andere ardi! Zatozte, tenorea jina da!

      (Sartzen da pinpirina bat). —Agur adixkideak. Auzoko lupuak irunik ekartzen dauzkitzuet zilarraren pareko girgila hok. Nihaurek ezarriko dauzkitzuet, deus hunkitu gabe. (Girgilen ezartzen ari delarik sartzen dira abere guziak, diotela batzuek eta bertzek). Zer izai xoragarria! Nik ez dut sekula hoin pollitik ikusi. Aurtengo eguberri ez dugu segur ahantziko.

MINUTX

      Leiotik ikusten ditut Katixa eta Peio heldu guri buruz.

PINTTO

      Adixkideak, zueri deneri esker egin dugu lan eder hau. Kanta dezagun denek gure bozkarioa

 

            Jina zauku eguberri

            Kanpoak zaia xuri.

            Negu latza bazterretan

            Bainan bero bihotzetan

            Izai berde ta lerdena

            Zu zira ederrena.

 

            Primaderaz zinen sortu

            Oihanean haunditu

            Gur'etxetan zira sartu

            Argi-lorez panpinatu

            Izai eder-ederrena,

            Zu zaitugu maitena.

 

                        Airea: Mon beau sapin roi des forêts

 

Haur Antzerki
Marijane Minaberri

Bizkaiko Aurrezki Kutxa, 1983