Haur Antzerki
Marijane Minaberri

Bizkaiko Aurrezki Kutxa, 1983

 

 

AUZITEGIAN

 

Presidenta, muxtetx haundi batzuekin eta bere karguak galdegiten dituen jauntziekin. Bi jendarma muxtatxdun hek ere, ate baten bi aldetarik xutik. Haur multxo bat alki batzuetan jarriak, presidentaren parrean. Hok behar dute jujatu auzia. Idazkari bat presidentaren ondoan mahain batean, izkiriatzeko tresna guziekin.

PRESIDENTA

      Jaunak eta andereak, egun bilduak gira auzitegi huntarat Peio-Eskuzikinen jujatzeko. Jandarmak, sar-araz zazue hobenduna. (Ateratzen dira eta bi eskuetarik atxikiz ekartzen dute Peio).

PRESIDENTA

      Huna beraz jujatu behar dugun gizona. Auzia hasi baino lehen, Peio-Eskuzikin, egizu juramentu egia erranen duzula.

PEIO

      (Besoa altxatuz). Juramentu egiten dut egia erranen dutala.

PRESIDENTA

      Ontsa da (idazkariari buruz). Hemendik aintzina idatziko dituzu auzitegi huntan erranak izanen diren guziak.

IDAZKARIA

      Ontsa da, jaun presidenta. (Gero ikusten da beti izkiriatzen ari norbeit mintzo den guziez).

PRESIDENTA

      Huna beraz jauntto hunek egin daukun balentria. Urgulueneko astoa ebatsi du pentzean eta Elizondoko ferian saldu.

 

Alkietan aditzen dira murmurika batzu.

PRESIDENTA

      (Mahainari joz). Bazterrak ixilik edo denak kanporat manatzen zaituztet. Erraiten nuen beraz Peiok Urgulueneko astoa pentzean ebatsi zuela eta Elizondoko ferian saldu.

PEIO

      Barkatu jauna, barkatu... Ez dut Urgulueneko astoa ebatsi, bainan asto bat... bat bakarrik...

PRESIDENTA

      Asto bat bakarrik ez zauzu aski ala zer?

PEIO

      Pentzean gelditzen ziren oraino bertze bederatzi...

PRESIDENTA

      Gelditu balira ere bertze hogoi, ez zinuen bat ere ebatsi behar. Ohointza ohointza da.

PEIO

      Eman zite ene lekuan, jaun presidenta. Egun guziez begien aintzinean hor ditut hoin bertze asto alfer, asean daudenak, eta ni bizkarrez egurketa!

PRESIDENTA

      Bainan astoa ez zinuen egurketako! Saldu duzu!

PEIO

      Ba, bainan sariarekin bertze asto bat erosi gogo nuen neretzat.

PRESIDENTA

      Eta... Zendako ez duzu zuretzat atxiki ebatsi astoa?

PEIO

      Jabeak ezagutuko baitzuen.

PRESIDENTA

      (Buruan haska). Hala da hori ere... Galdegin bazinio, Urgulueneko nagusiak asto bat prestatuko zauzun egurketako.

PEIO

      Ageri da ez duzula ezagutzen. Behin galdegin diot. Errepostu eman daut Urgulueneko astoak ez direla ene gisako gizon herbail batzuendako eginak...

PRESIDENTA

      Bego hortan... Bainan astoaren ebastea eta saltzea ez zauzu aski iduritu. Bigarren ohointza bat egin duzu Elizondon saldua zinuen astoa ebatsiz bere jabe berriari.

PEIO

      Erostuna ez nuen ezagutzen eta Urgulueneko nagusia ba. Nahi nuen, nehor ohartu gabe, astoa berriz pentzean ezarri. Damurik bi mugazain txar ene bidean izanki...

PRESIDENTA

      Mintza zaite errespeturekin mugazainez...

PEIO

      Bizia nik baino errexkiago irabazten dute.

PRESIDENTA

      Errazu uste duzula. Gauez gau mendian ibili behar, nun zer ikus eta nun zer hatxeman...

PEIO

      Aski dute ohean egoitea, bero beroa. Hilabete saria edozoin gisaz segurtatuta dute. Aldiz nik...

PRESIDENTA

      Zertarik bizi zira? Zer dira zure mozkinak?

PEIO

      Peointzan ibiltzen naiz etxez-etxe.

PRESIDENTA

      Ontsa pagatua zira, zure lanaren ordain...

PEIO

      Goseak ez hiltzeko doia. Argi hasteko jeikirik, etxeko baratzea egiten dut lanerat joan aintzin. Arratsetan, leher egina etxerat jin eta, egurketa joan behar dut nahi badut ene haurrek berokia puxka bat izan dezaten etxean. Alta, herri huntako jendea ona da neretzat. Arroltze, gasna, baratzekari eta bertze emaiten dauzkidate. Bainan ene ontsa pagatzeko, zer mozkin dute berek?

PRESIDENTA

      (Zintzurra karrakatuz eta mahain gainean «piano» joiten eriekin) Paso... paso... Jendarmak, ereman zazue gizon hau hemendik. Jujekin ikusi behar dugu zer erabaki hartu behar dugun.

 

Jandarmak eta Peio ateratzen dira; jandarmak gibelerat jiten.

PRESIDENTA

      Jaun andereak, nik bezala aditu dituzue galdeak eta erantzunak. Elgarrekin ikus dezagun orai zer gaztigu merezi duen Peiok.

MUTIKO BAT

      Peio denek ezagutzen eta estimatzen dugu. Gizon ona da. Ez dut uste gaztigurik eman behar diogun.

NESKA BAT

      Ba, bainan ohointza bat egin du. Behar du pekatu.

BERTZE NEXKA BAT

      Pekatu... pekatu... Ez duzu uste aski pekatzen duela egun guziez deraman biziarekin?

MUTIKO BAT

      Egia aitor dezagun. Nehork ez du nigarrik egin jakinik Urgulueneko asto bat faltatu dela. Denek ezagutzen dugu jende horien haundigoa eta bihotz idorra...

BERTZE MUTIKO BAT

      Horiek denak egiak dira. Halere zerbaitek kitzikatzen daut barnea. Ororen buru, Peio diru meta baten jabe da eta diru hori ez da harena. Behar diogu beraz bere egitate txarra barkatu, bainan diru hori jabeari itzultzekotan.

BERTZE MUTIKO BAT

      Ebatsi duen astoa baino astoago geldituko da gaizo gizona.

NESKA BAT

      Uste dut zerbait egiten ahal dugula denen hatxean ezartzeko. Peiori galdeginen diogu diru hori gibelerat eman dezan. Gero, herrian eske bat muntatuko dugu Peiori asto baten erosteko.

PRESIDENTA

      Biba zu anderea. Biziki erabaki ona litaike zuk aipatzen duzuna. Nahi baduzue, bozkatuko dugu jakiteko bakotxaren gogoko berri. Adosean denak altxa beza besoa (denek altxatzen dute).

PRESIDENTA

      Jaun andereak, gizonki eta euskaldunki trenkatu duzue egungo auzia. Goresmenak hartze dituzue. Jandarmak, sar-araz zazue Peio.

 

Peio ekartzen dute bere lekura eta jartzen da.

 

PRESIDENTA

      Peio, egon zite xutik. Huna zure herritarrek zer erabaki duten. Dirua gibelerat emanen duzu bere jabeari. Egintza horren alderat, zure herritarrek eske bat muntatuko dute herrian zuri asto baten pagatzeko.

PEIO

      (Laguneri so). Holakorik izaiten ahal dea? (nigarra xukatuz badoa lagunen besarkatzerat) eskermila... eskermila.

 

Oihala hortan hesten da.

 

Haur Antzerki
Marijane Minaberri

Bizkaiko Aurrezki Kutxa, 1983