Haur Antzerki
MANEXEN NAHIGABEAK
Haitz haundi bat ezker aldean; zilo haundi bat badu trunkoaren erdian. Bizpahiru adar ezker eta eskuin. Eskuin aldean etxe bateko atea. Manex ateratzen da etxetik, aizkora sorbaldan. Emaztea haren gibeletik ateratzen da. MANEX (Zeruari so). —Egunederra heldu zauku. Etx'ondoko oihanean begistatua dut haitz ondo bat ederra. Behar dut aurtiki. Negu guziko egurra emanen dauku. KATIXA —Hobe, segur. Urte buru batetik bertzerat guk erretzen ditugun egurrak! MANEX —Ekar-azu, ori, xorrotx harria bere koparekin. Aizkora ahoak ardura beharko du firrixta bat lana errexki egitekotz. (Katixa sartzen da eta laster ateratzen xorrotx-harriarekin. Arte hortan Manex xixtuz ari da, aizkora ahoa behatzarekin miatuz). KATIXA —Orizu! (Manexek kopa gerrian ezartzen du eta harriarekin firrixt-farraxt aizkora ahoari emaiten dio pasaldi bat). MANEX (Aizkora ahoa miatuz). Holako aizkora batekin eginen dut lan. Sarri artio, Katixa. Eguerdi irian jinen niz gibelerat. KATIXA —Ontsa da, bazkaria prest izanen da (Katixa etxean sartzen da. Manexek egiten ditu zonbait urrats. Ezkerretik sartzen da Pattin). PATTIN —Egun on, Manex. Norat ari zira hoin goizik, aizkora bizkarrean? MANEX —Ori, zuretako lanerat. PATTIN —Enetako? Debria, hori berri ona erraiten dautazu. Eta... jakiten ahal duta zer egin gogo duzun enetzat? MANEX —Etx'ondoan badugu haritz bat xoragarria. Segur naiz adarretarik sei eztera egur bederen aterako ditudala. Trunkoarekin, zure segerian, egiten ahalko dituzu taularik ederrenak. Zurgin onak nahi du gai ona. PATTIN —Arrazoin duzu. Erranik aski. Hitza-hitz, trunkoa (enborra) atxik azu neretzat. Bazkari bat ona pagatuko dauzut gainerat. Pasa egun on, Manex (eskuinetik ateratzen da). MANEX —Bai, zuk ere Pattin. (Lekuaren gainean urratsak egiten ditu haitza erdiraino pusatzeko artean. Iduri du hola kurri dabilala). Huna beraz ene haritza. (So egiten dio alde guzietarik) Ba, egiazki, arbola ederra. Euskal herri guzia kurriturik ere ez dakit bertze bat hatxeman litaiken huni joanen duenik. Lot giten beraz lanari. (Xixtuz maripuliza pausatzen du, atorra besoak goititzen. Eskuetarat tu egiten du eta eskuak torratzen, aizkora eskuetan hartzen. Boleran buru gainerat altxatzen du eta... arbola ziloan agertzen da huntz haundi bat, begi haundi batzuekin, diola: HUNTZA —Geldi! geldi! Arbola hau ene egoitza da. Kasu zuri, Manex, zuhaitz hau hunkitzen baduzu! MANEX —Ha, ha! Gaizo huntza. Zer uste duk hire begi haundiekin izituko naukala? Huntz bat goiti beheiti berdin biziko gituk. Ken hadi bixta hortarik ene lana segi dezadan. HUNTZA —Arbola huni piko bat bera egiten badiozu, oihaneko huntz guziak bilduko ditut eta zure etxe inguruan akelarre eginen dugu gau guziez. Zure emazteak eta zure haurrek ez dute gehiago begirik hesten ahalko. MANEX —Atx!... Hori bertzerik duk ahatik... (Boneta altxatuz buruan hazka). Bon, bon. Tira zak ttanttoa. (Arbolari so). Holako haitz ederra! (beztiturik badoa etxerat. Sartzen da eta berehala ateratzen emaztea gibeletik). KATIXA —Ez ahal zitu huntz zozo batek gibel-araziko. Denen irri-egingarri ibili behar duzu. MANEX —Arrazoin duzu. Huntz edo ez huntz, oraikoan haitza nerea da. (Berriz haitzaren ondoan da, maripuliza kentzen... eta abar Boleran haizkora goititzen du eta... boza miru bat entzuten du. Urxintx bat agertu da arbola adar batean). URXINTXA —Geldi! Kasu zuri zuhaitz hau hunkitzen baduzu. Ene egoitza da eta ene ttipiak hor dabiltza, jauzika, adar batetarik bertzerat. MANEX —Horra bertzea, orai! Ez duka aski zuhaitz oihan guzian hire buztan harroaren paseatzeko? Zer uste duk Manex aizkolaria urxintx batek gibel-araziko duela? URXINTXA —Zuhaitz huni piko bat bera egiten badiozu, oihaneko urxintx guziak elgarretaratu eta jinen gira ganerrean dituzun gauza guzien jaterat. Zure haurrak eta zure emazteak goseak hilen ditu. MANEX —Atx! Hori bertzerik duk ahatik... (Boneta altxatuz buruan hazka). Bon, bon. Tira zak hik ere ttanttoa (zuhaitzari so). Holako haitz ederra! (abiatzen da etxeari buruz. Bat batean gelditzen da) Karatxo! Zer nu urxintx batek izitu behar? Halo, Manex, halo. Baiuk ederrik! (Heldu da gibelerat eta abar... Aizkora altxatzen du). AZKONA Geldi! Arbola hau ene egoitza da. Hunkitzen baduzu, kasu zuri! MANEX —Nor mila debru da orai berriz? (haitz gibeletik agertzen da azkon sudur luze bat). To! Ez ginian bertzerik eskas, azkon sudur luzea baizik. Nun habila hemen? AZKONA —Ene egoitzaren zaintzen. MANEX —Jakiten ahal duta nun den hire egoitza? AZKONA —Haitz eder huntan. MANEX —Ez duka oihan guzian bertze egoitzarik hautatzen ahal? AZKONA —Aiten-aitek hautatu egoitza da. Ni hemen biziko naiz eta ene ttipiak ere ba. MANEX —Hori ikusikodiagu ixtantean. Hi bederen menekoa hut. Ostiko bat ona dakitan leku batean eta adio azkona. AZKONA —Haitz hau hunkitzen baduzu, oihaneko azkon guziak elgarretaraturik jinen gira, zurru-zurru, zure etxeko zimenduen suntsitzerat. Zure haurrek eta zure emazteak ez dute gehiago leihorrik ukanen. MANEX —Bainan, zer duzie denek ene alderako aiherkunde hori? Huntz begi haundia bere zilotik so, urxintx buztan harroa arbol adarretik dena eskarnio, azkon sudur luzea dena mehatxu... Zer erran behar dut nik emazteari? Zer erranen Pattin zurginari? Zer ez dut entzun behar?
(Agertzen da bildotx bat erranez). Geldi, Manex, geldi! Bihotz haundiko gizona zirela erakutsi duzu. Jauzika eta punpeka aintzinduko zitut etxerat. Katixari erranen diot zer bihotz oneko senarra duen. Segur niz besoak zabal egonen dela zure beha. Eta bihar, oihan zolan, erakutsiko dauzut haritz ba, ez hau bezain ederra, bainan zuen doia egur ukanen duena.
Bildotxa badoa jauzika, oihala jausten da Manex etxerat abiatzen delarik.
Haur Antzerki |