Bizitzako urratsetan
Martin Iturbe

CAP, 1973

 

 

IRUZUR

 

Bakarra ziñan...

Bakar agerian...

Bakarrari

eskeiñi nion nik

nere maitasuna.

Bakar bikotua!!!

Nundikako duzu bigarrena?

Ez da nerea...

neretik ez du ta...

Nik ordaindu behar ote

bestearen zorra?

Maitasun erdikatua...

Osotzat aitortua...

Nun da aurren-maitalea?

IRUZUR MAKURRA!!!

Maitasun jatorrak

mentu bakarra du;

ezin zenezake nigandik txertorik,

txertatua bait-zaude.

 

Zu nerea, zurea nere...

Zurea ere maitatuko dut

nerea izan ez arren...

NI ziñan,

ZU nintzan

BAI baten uztarriz...

Ustearen ontzia autsirik dager

egiaren argitan.

Ortan jarrai dezaket

naigabearen lorea

usaidun egiñaz.

Maitasunik aundienez

maiteko zaitut...

maiteko zaituet...

Girorik ederrenez

babestuko dut

zure txertoaren alea.

«Aita» deituko dit

nerea ez denak;

«Ama» esango dizu,

zurea duzu-ta !

Zuretik ezin dezaket

—lore xurgatua—

atsegin-ezti gozorik jaso,

neri baiño lehen

beste «ari»

saldu zintzaion...

Maitasun aundiagorik bai ote

arantz utsezko landaretik

malko-euriz ezetutako alea

gorde eta zaintzea baiño?

Ona emen; ondoan naukazu,

irripar garratza

«maitasun» biurtuaz,

biotz lerturtik darion odol-gesala

«ongi-iturri» eginaz...

Ez bildurtu, senide,

—emazte behar baiño—

egian  «gezurrez»

ongi-naiean «egiz»

zugandik denari

«Aita» natzaio-ta...

 

Bizitzako urratsetan
Martin Iturbe

CAP, 1973