Bizitzako urratsetan
Martin Iturbe

CAP, 1973

 

 

EGIA DIOT

 

Erne-muin, lore-kimu

aur berri nintzanean,

izen bat txerta zidaten

ur-gatzez itsatsia.

Argiak bere altzoa

eskeiñi zidanetik

ezpain oroen jario

diraun izena

Ume-izena !

Egia diot.

Ume nai dut,

gizon izateko;

ume-gizon,

gizon-ume

Nor da

AMA

esan dezakean

aingerua?

Gizaki nai dut

AMA

esateko !

Buztiñez eiotutako

aragi bizia,

gizaki guzien senide!

Ona emen nere ezpainak

—idazki ireki—

irripar-izki jario.

Begira eta poztu anaiok !

gaur oraindik

diteke eta poza !

Gizaki nai dut,

—ez aingeru—

aingeruak ez baitu

biotzik

kidekoen naigabea

erruki ahal dezan.

Nork zutiarazi dezake

eroritako senidea

besorik ez badu?

Edota, nork,

begi irekien ego zabalez

lurbira osora zabaldu

alaitasun-dizdira?

Gizon-ume,

ume-gizon,

aundi-txikien

            uztarri !

Aizeari josiaz

iltzatu nai dut

aurtxoen deadarra...

Zertarako aingeru

«ezin» ortarako?

Egia diot:

Aingeru ez,

gizaki nai dut,

malko guziak

biotzean

ontziratu ditzadan.

Ilko naizenean,

—gizaki ilkor naizenez—

—ume ordea—

betorkit

ONTZI TXURIA

Umeak

«Txuria» bait du jazki

Egia diot:

Gizaki nai dut,

ez aingeru,

gizadi osoa,

gizaki bakoitzean

pozez

ase

ahal

dezadan!!!

 

Bizitzako urratsetan
Martin Iturbe

CAP, 1973