Zuzentzaileak: Karmele Etxabe eta
Amaia Apalauza
Azala: Iratz Inziarte
Zuzentzaileak: Karmele Etxabe eta
Amaia Apalauza
Azala: Iratz Inziarte
Aurkibidea
Espaloitik adarren itzalera, Galder Perez
hitzostea: Gaizka Sarasolaren teatroa: ahotsen barruko ahotsa, Oier Guillan
Aurkibidea
Espaloitik adarren itzalera, Galder Perez
hitzostea: Gaizka Sarasolaren teatroa: ahotsen barruko ahotsa, Oier Guillan
Hitzostea
Gaizka Sarasolaren teatroa:
ahotsen barruko ahotsa
Oier Guillan
Aurkezpen gisara
Ez da erraza ahots berriak topatzea euskarazko teatro-testugintzan; horregatik, gertatzen denean, dardarka hasten da zaleon jakin-mina. Horrelako zerbait gertatu zitzaidan niri Lesakako Mairu antzerki taldearen lana ezagutu nuenean, 2007ko ADEL (Artedrama Euskal Laborategia) urrunean. Han taularatu zuten Erregea, soldadua eta bufoia antzezlana Mairukoek, teatrozaleok hain maite dugun bufoiaren azpigeneroan kokatua.
Gerora, Lesakan Mairukoek antolatu ohi duten Keinu Leihoak kultur jardunaldien antolatzaile gisa jarraitu izan diot haria Gaizka Sarasolari; musikagintzan Xabi Erkiziarekin Ixuriak proiektua egin zuela jakin dut, eta, azkenean, Urak ttiki dire proiektuaren harira egin genuen berriro topo. Gilkitxaro taldeko adiskideek sortze prozesuan zela eskaini zuten lanaren zati bat Eztena jaialdiko “Piezak” ekimenean, Gaizka han zela, eta emanaldia osorik estreinatu ostean Mikelazulo kultur elkartean.
Urak ttiki dire antzezlanak barne-talka eragin zidan. Gilkitxarokoek erronka handia hartu zuten testu hori taularatzerakoan, oreka bilatuz beren estiloaren eta Gaizkaren testuaren artean: estreinako aldiz, Galder Perezek Gilkitxarorentzat idatzi ohi dituen ahots eta umore propioko testu bat oinarri hartu gabe, beste egile batek nafarreraren ukituekin idatzitako testu bat hartu zuten, oihartzun politiko sendoko hizkera poetikoz josia. Gilkitxarok egindako interpretazioan, liluratua geratu nintzen aukeratutako pertsonaien ironiarekin, absurdoarekin, eta testua paperean ere irakurtzeko gogo bizia sartu zitzaidan. Euskarazko teatro-testugintzan gutxitan (eta, hala ere, uste den baino gehiagotan) gertatu ohi den zerbait sentitu nuen: ahots propio baten aurrean egotearen sentsazioa.
Handik ez askora handitu zitzaidan poza: Urak ttiki dire ez zen kasu isolatua. Cafe Bilbaok saritu egin zuen Gaizka Sarasolaren beste testu bat: Lurrazpikoak. Lan horrek, gai eta estetika aldetik, ez zuen itxuraz zerikusirik aurrekoarekin, baina berehala sortu zitzaidan hura ere irakurtzeko grina.
Hari horietatik tiraka hasi ginen EDO!n argitaratzeko aukera aztertzen, eta prozesuan ginela etorri zen Talaka testu berriagoa ere liburuan txertatzeko modua.
EDO!ren begiradatik
Argitaletxea EDO! proiektua ezohiko lanak argitaratzeko xedez sortu genuen; alegia, ohiko argitaletxeen bidetik plazaratzeko zailtasunak eduki ditzaketen lanak, argitaletxe haien eskaintzaren osagarri. Sumatu genituen hutsuneen artean zegoen teatroak bizi duena. Orain arte, Samara Velteren Eta Karmele? izan da argitaratu dugun teatro-testu bakarra, baina lan eszenikoen mundutik oso gertu dago Harkaitz Canoren Txalorik ez, arren saiakera, eta Genero-ariketak liburuan ere bada oholtza ezagutu duen testurik (King Kong Neska). Asko dago egiteko. Guztia dago egiteko. Testuinguru horretan, hutsaren hurrengoa da EDO!k egin dezakeena: hutsune horien existentzia nabarmen uztea besterik ez.
Antzerkiaren kasuan, merkatuak markatutako topikoek diote ez dagoela hartzailerik (eroslerik?) teatro-argitalpenentzat, ez dagoela papereratzeko moduko ahotsik. Eta Karmele? lana, bazkide eta harpidedunen artean zabaldu ez ezik, bikain saldu zen liburu-dendetan ere: egile berri batek formatu txikiko teatroaren eremuan sortutako antzezlan batentzat idatzitako testua, Samuel Becketten eraginpean, genero aldetik egungo kezketara egokitua… Esperientzia horrek erakutsi zigun –beste behin ere– falta dena ez dela merkatua, falta dena egon badauden ahots horien alde apustua egitea dela, eta liburu bakoitzaren izaeraren araberako zabalkundea prestatzea, ez merkatuaren erosokeriaren araberakoa.
Testuinguru eta asmo horretan, Gaizka Sarasolaren liburuaren ekarpen artistikoa ezinbestekoa iruditzen zaigu, ikusgarri uzteko badagoela egungo teatrogintzan -kanpoan arrakasta izan duten lanen itzulpenetatik haratago, zirkuitu komertzialetan urte luzez nagusitu eta diru-laguntzak irentsi dituzten lanetatik haratago– euskaraz pentsatutako, sentitutako, taularatutako kalitatezko antzerki bat.
Bere poetikoan zorrotza da Gaizka Sarasolaren teatroa, eta bere zorrotzean mingarria. Teatro onak behar lukeen bezala, jendarte batek unean-unean bere buruari egiten dizkion galderak formulatzen ditu oholtzarako moldean, teatroa egun publikoak erantzuten dituen galderen errituala den heinean.
Eta mingarria diot, ezerosoa bezain erreala delako kontatzen duena. Gaizka Sarasolak ez ditu sortu guk ikusi nahi genituzkeen pertsonaiak, ez ditu eman guk irakurri nahi genituzkeen aintiheroi garaikideak, ez ditu formulatu guk nahi genituzkeen estetika eta –esaterako– genero ideologiak. Inguruan duen errealitatea gordin hartu du, eta, bufoiaren arimarekiko fidel, itsusian edertu du, antzerki bilakatuz.
Forma anitz topatuko ditu irakurleak liburu bakarrean, baina, tituluak iradokitzen duen moduan, anitzean unibertso berekoak denak.
Urak ttiki dire
Urak ttiki dire nafar erraietatik jauzitako metafora gupidagabea da, kontraesanen eta maitasun keinurik sakonenen artean kokatutako umore ezinezkoa. Gatazka politikoa deitu dugun horrek pertsonengan uzten duen aztarna, modu poetiko eta absurdo batean kontatua. Nola, bestela, azken garaietan eta egun bizi dugun, bizi gaituen egoera ulertzeko ahalegin etengabean gabiltzanean.
Urak ttiki dire lanak zutabe sendoak ditu: sinboloen erabilera etengabea, absurdoaren eragina, umorea eta ironia. Absurdoa esan izan zaion horren baitan topa daitezkeen egile klasikoen ezaugarri hainbat abilezia handiz darabiltza egileak: inora ez doazen dialogo zati zirkularrak, errepikapenak, hoskidetasunak, akotazioetan markatutako isiluneak, egoera geldoak, espazio estatikoak. Beren burua bera ezbaian jartzen duen antzerkia, WILLI pertsonaiak iradokitzera emango duenez:
“Antzerki baterako agertokia dirudi. Basoaren erdian, bidexka baten bazterrean, horrelako iturri magiko bat. Bitxia, misteriotsua; lilura ere sortzen du basoan galdutako bainera batek, errekastoa zen lekuan”.
Horri gehitu behar zaio obraren ezinbesteko ezaugarri estetiko bilakatzeraino erabili izana egileak berak antzezlan honen harira defendatu duen euskara, nafarrera kutsuko batua: soilik erraietan sentitzen diren gauzak eta formak bilaka daitezke estetika sendo, komunika-bide.
Absurdo on oro bezala, ezintasunaren ereserki bat da Urak ttiki dire, ILARGI pertsonaiak dioen moduan:
“Orain ulertzen dut. Baina ez dut ulertzen”.
Errealitatea islatzeko modu hobeagorik?
Lur azpikoak
Antzezlan horrek, itxuraz, egoera klasikoago, narratiboago bat planteatzen digu hastapenean: taberna bat ilunean, bertara linternekin sartzen diren lau gizon. Eta, abiatu ere, narratiboki abiatuko da akzioa, baina berehala sumatuko dizkiogu Gaizka Sarasolaren beste lanek dituzten baliabide hainbat: sinboloen presentzia, kasurako; argiaren erabilera obran zehar.
Estetikoki karga poetikoa baxuagoa bada ere, gatazka sozialen testuinguru batean kokaturik ageri zaizkigu protagonistak: langileak berak, meatzari ohi zaharrak, krisi ekonomikoen zikloak dakarzkigute gogora, gero eta beltzagoa den zuloa.
Espazioa estatikoa da honakoan ere; akzioa, geldoa. Istorioaren abiapuntu den argi faltak ez du mugimendua bermatzen. Nolanahi ere, egileak trebetasunez daramatza egoerak eskaintzen dizkion elementu eskasen baliabideak dialogoen estetikara; kasurako, mus partida baten erritmo bizia elkarrizketa normal batekin uztartzean. Eta, beste behin ere, antzerkiaren barruan antzerkiari egiten zaion erreferentzia, eta errealitatea ikuskizun bilakatzeari: “Aspertutik bizi behar du inork meatzarien teatroa ikustera joateko!”.
Erregea, soldadua eta bufoia antzezlan hartan bezala, Urak ttiki dire antzezlanean bezala, “errege”aren figura botere dekadente baina oraindik “erreal” baten gisa azalduko zaigu hemen ere:
PEDRO (oihuka): Eta argia?
(PEDROk eta LUCASek karta bilatzeari berrekiten diote. MARTIN agertzen da, eta, beste biak lurrean belauniko ikusita, esku-argia mahaian utzi, eta lagunen antzera ibiltzen hasten da, jolas moduan.)
MARTIN: Hau dugu meatzarien martxa, beraz? Horrela egiten dugu orain martxa Madrilera!
PEDRO: Zer diozu?
MARTIN: Martxa! Meatzarien martxa! Erreguka. Lana emateko erreguka. Kauen la sota de bastos! Erregutzeari borroka egitea deitzen zaio orain!
PEDRO: Sota ez. Erregea.
MARTIN: Nola?
PEDRO (zutituz): Ezer ere ez!
(PEDRO esertzen da. LUCAS berriz ere eztulka hasi, eta MARTIN hurbiltzen zaio altxatzen laguntzera. LUCAS ere esertzen da. Lasaitzean, tabakoa hartu, eta beste zigarro bat prestatzen hasten da.)
MARTIN: Madrilera bidean ditugu seme-alabak, esklaboen moduan lanean jarraitu ahal izateko erreguka. Eta gu begira, lur azpiko iluntasunak itsuturiko begiokin.
Mingostasuna, gatazka sozial ororen baitako porrota… Begiak iluntasunera ohituak ditugunean, bada argi posiblerik? Irakurleen esku utziko du egileak erantzuna.
Talaka
Lerro hauek idazten ari naizen unean, Gaizka Sarasola Talaka antzezlanaren taularatzean egonen da lanean. Horixe du hiru testuetan berriena, eta esperimentalena. Gaizka Sarasola ez da literaturan ernatutako idazle bat, ez da liburuak xede dituen testugile bat. Eszena pertsona da, eta idazkeran sumatu egiten da hori, Talaka bezalako testu batean nabarmen.
— Talaka izan daiteke testugintza eszenikoen kezka garaikideei modurik argienean erantzuten dien lana: Akotazioetan definitu gabeko PERTSONAIA da ardatza, hizkera zikin, ezeroso eta gordinez, krudel ere esango genuke, Antonin Artauden teatroa gogora ekarriz; bufoitsu dator muturreko egoera batean dagoen PERTSONAIA, lanak aurrera egin ahala gero eta muturrekoago.
— Urak ttiki dire eta Lur azpikoak lanetan, espazioak geldoak ziren, zain zeuden protagonistak. Oraingo honetan, espazioa bakarra da, baina ez dago guztiz geldirik, Talakaren egiturari tiraka buelta eta buelta ibili behar duelako protagonistak leku berean, etengabe. Beleen mehatxua uxatu nahian.
— Testuaren egitura zatikatua da, atalkako tituluekin antolatua. Eszena-zati bakoitzaren arima adierazten duten titulu laburrak. Bada haietan garapen bat, baina, era berean, nolabaiteko irudi edo pieza minimoak dira.
— Aurreko lanekin zerikusia duen komunikabideen presentzia kasik oharkabekoa, irrati batetik etorritako OFFeko ahots baten bitartez kanpoko mundua iradokiz: Hegoafrika eta meatzarien protestak (meatzariak, beste behin!), poliziaren errepresioa. OFFeko ahotsean, Urak ttiki dire eta Lur azpikoaken bezala, gatazka politiko eta sozialen baitako porrota, edo garaipen zati txiki batekin konformatzeko beharra.
— Obraren amaieran, PERTSONAIAk publikoa ikusten du, publikoari zuzentzen zaio, pertsonaiaren azalaren azpian egoera horretan bere burua “arraro” sentitzen duen aktorea sumatzen du irakurleak… Aktorea edo egilea bera, pertsona.
Ez dakigu zer-nolako itxura izango duen antzezpenak, baina ezin izan dugu ekidin bufoitsu, estetikoki underground, irudikatzea: “Norberaren ametsekin aspertzea baino gauza tristeagorik… JA!”, dio PERTSONAIAk.
Gaizka Sarasolaren liburu hau harribitxia da euskal literaturan: formari dagokionez, teatro-testugintzaren tradizio moderno eta garaikide ugariren aztarnak suma daitezke, eta, garrantzitsuena dena, gaurko jendarteek erantzun nahi lituzketen galderak taularatzen ditu, nabarmen. Talakako azken lerroa lapurtuz:
“Ikusi duzue, ezta? Berak bezala. Guk ere ikusten dugu. Eta ez dugu ikusi nahi. Edo ez dugu asmatzen. Eta hau ez da asmakizuna. Baina antzerkia da. Edo ez?”.