Zuzentzaileak: Karmele Etxabe eta
Amaia Apalauza
Azala: Iratz Inziarte
Zuzentzaileak: Karmele Etxabe eta
Amaia Apalauza
Azala: Iratz Inziarte
Aurkibidea
Espaloitik adarren itzalera, Galder Perez
hitzostea: Gaizka Sarasolaren teatroa: ahotsen barruko ahotsa, Oier Guillan
Aurkibidea
Espaloitik adarren itzalera, Galder Perez
hitzostea: Gaizka Sarasolaren teatroa: ahotsen barruko ahotsa, Oier Guillan
Lur azpikoak
Gaizka Sarasola
Testu honek 2013ko Cafe Bar Bilbao antzerki laburreko
gidoi lehiaketan saritua izan zen.
(Taberna bat iluntasunean. Agure bat sartzen da kanpoko atetik, MARTIN. Meatzarien kasko zahar bat du buruan, eta kopetako linterna piztuta. Euritarako arropak ditu soinean, eta aterkia eskuan. Txistu egiten ari da. Txistu luze eta ahula.)
MARTIN: Uuuuuuiiii… Uuuuuuuuuiiiiiiiiii...
(Martinen atzetik, adin bertsuko beste bi lagun datoz: PEDRO eta LUCAS. Haiek ere meatzarien kaskoarekin, buruko argia piztuta, eta euritarako arropekin.)
MARTIN: Uuuuuuiiiiii… (Ahots apalez) Luciano! Pssssst! Luciano! Uuuuuuiiiiii… Ei! Luciano! Uuuuuiiii…
(MARTINek atzera begiratzen du. Lagunak atzetik dituela konturatzean, lasaitua hartzen du. Txistuka, aurrera jarraitzen du.)
MARTIN: Uuuuuuiiiiii…
PEDRO (haserre): Martin! Zer ari zara, txistuka?
MARTIN: Lapurrak garelakoan eskopetarekin tiro egin ez diezagun.
PEDRO: Etortzekoak garela badaki eta!
MARTIN: Berdin du. Badaezpada ere. Txistua aditzean, lasaitua hartuko du. Non ikusi da lapurrak etxeetara txistuka sartzen?
PEDRO: Sartu, beharbada ez, baina bat baino gehiago aterako zen etxeren batetik, pozik eta lasai, txistuka.
MARTIN: Edo ziztu bizian!
(Berriz ere txistuka.)
PEDRO: Joder!
MARTIN: Uuuuiiiiii… Lucianoooo... Uuuuuiiiiii…
(Hirurak mahai baten ingurura iristen dira. Ondoan, aterki eta txamarrak uzten dituzte. LUCAS, lasai, aulki bat hartu, eta mahaiaren bueltan esertzen da. Beste biek, urduri, mahaiaren inguruan bueltaka jarraitzen dute.)
LUCIANO: Gabon!
(LUCIANO azaltzen da, eskuargi eder batekin. Beste eskuan, kea darion pitxer bat dakar. Tabernako nagusia da. Edadetua hura ere. Maingu egiten du.)
MARTIN (erdi izuturik): Kostatu zaizu, Luciano! Lotan?
LUCIANO: Argirik gabe, kafetera ez da martxan jartzerik. Sukaldean nintzen, eltzean kafea egiten.
PEDRO: ¿Has oído, Lucas? Café de puchero.
LUCAS: Bueno. (Tabakoa atera, eta zigarroa prestatzen hasten da).
LUCIANO: Zer giro, kanpoan?
MARTIN: Ez da sumatzen barruan? Inoiz ere horrelako ekaitzik bizi gabe!
LUCIANO: Tira, tira… Inoiz, inoiz… (Kafea mahaian utzi, eta katilu eta edalontzien bila hurbiltzen da barrara) Gure adinean horrelakorik erratera ausartzea ere!
MARTIN: Bueno…. Aspaldian ez.
(MARTIN ere barrara hurbiltzen da. Kartak, mahai-tapiza eta tantoak hartu, eta mahaian prestatzen ditu, jokorako.)
PEDRO: Normala argia joatea. Eta ez bihar goizera arte moldatzerik espero! Giro honekin ez da lan egiterik!
MARTIN (atsekabeturik): Eta partidaren erdian! Luzapenean egonen dira orain.
PEDRO: Irrati txiki hau ekarri dut. (Irrati bat ateratzen du poltsiko batetik) Baina ez dut pilarik! Luciano! Pilarik baduzu?
(LUCIANO mahaira hurbiltzen da, katiluak hartuta. Mahaiaren erdian uzten du argia.)
LUCIANO: Ez dakit. Ez dut uste… Baina pikutara irratia, eta pikutara futbola! Kafea badugu… eta kartak. Banatu. Martin! Fariasa? (Farias kaxa luzatuta).
(MARTINek puru bat hartzen du. LUCAS beretik erretzen ari da. LUCIANOk eta PEDROk ez dute erretzen. MARTINek purua pizten du. PEDROk kartak banatzen ditu.)
LUCIANO: Mus.
LUCAS: Allá!
MARTIN: Eta?… (Kaskoko argiarekin kartak ezin ongi argituz. Kartak ezin ikusiz. Deseroso) Mus!
(Laurak ere kartak ongi ikusteko zailtasunez.)
PEDRO: Hasi!
LUCIANO: Ba.
LUCAS: Ba.
MARTIN: Paso.
PEDRO: Enbido!
LUCIANO: Tira. Ba.
LUCAS: Ba.
MARTIN: Enbido!
PEDRO: Eta?… Lucas?
(LUCASek buruarekin ezetz.)
LUCIANO: Pareak.
LUCAS: Llevo.
MARTIN (ezin ikusiz): Ez dakit… Ze kristo! Ez dut ikusten! Argi ziztrin honekin! Eta nire bistarekin.
PEDRO: Bi seiko, Martin!
MARTIN (haserre): Kauen la ostia, ez begiratu!
PEDRO: Joder! (Eskuekin keinu eginez) Horrela jartzen dituzu eta!… Denen bistara!
MARTIN: Ez dut ikusten bestela!… Bueno. Bestela ere ez dut ikusten. Bizi guzian ilunpetan lanean, eta, azkenerako, erdi itsu.
(LUCAS eztulka hasten da.)
LUCIANO: Betaurrekoak graduatu beharko dituzu.
MARTIN: Ba! Gaurgero…
(Isilunea. Lau lagunak elkarri begira.)
LUCIANO: Eta?
PEDRO: Pareetara ere, enbido!
(LUCIANOk buruarekin ezetz.)
LUCIANO: Jokorik ez.
LUCAS: Ez.
(MARTIN berriro ere kartak ezin ikusiz. Zalantzan. Etsiturik, PEDROri begiratzen dio, galdezka bezala.)
PEDRO: Ez duzu jokorik, Martin!
MARTIN: Kauen la ostia! Ez begiratzeko! (Haserreturik altxatu, eta kartak mahaira botatzen ditu) Musa eta alukeriak! Horrela ezin da jokatu! Pedrok kartak ikusten dizkit, eta nik ez dut kartarik ikusten! (Lasaituz) Pilak, Luciano. Ekarri pilak, irratian partida entzuteko.
(PEDROk kartak biltzen ditu. LUCIANO, zutitu, eta barraren atzean ezkutatzen da. MARTIN, lasaitu, eta berriro esertzen da. Kafea edaten du.)
MARTIN: Bua! Gaztaina ura.
PEDRO: Zer?
MARTIN: Kafea! Gaztaina ura bezalakoa. Substantziarik gabeko kafea.
PEDRO (tragoxka bat hartuz): Bai. Txarra.
(PEDRO barrara joaten da, pattarra hartzera. LUCAS eta MARTIN, zigarroa eta purua ahoan, elkarri begira. PEDRO pattarrarekin itzultzen da, eta pixka bat zerbitzatzen du lau lagunen kafeetan. LUCIANO agertzen da.)
LUCIANO: Ez dut pilarik etxean. Partidarik ez!
(LUCIANO ere esertzen da. Lau lagunak, berriro ere, mahaiaren bueltan.)
PEDRO: Lastima.
LUCIANO: Bueno.
MARTIN: Tira.
LUCAS: Ba!
(Isilunea.)
MARTIN: Ba.
(Isilunea. Lau lagunak kafea edaten.)
PEDRO (LUCIANOri): Eta?
LUCIANO: Zer?
PEDRO: Hobeki?
LUCIANO: Zer?
PEDRO: Kafea.
MARTIN: Bai.
LUCAS: Bueno.
(Isilunea.)
LUCIANO: A! Kafea. (Isilunea) Ona dago?
LUCAS: Bai.
MARTIN: Ba.
(Isilunea.)
PEDRO: Oso ona.
LUCIANO: Tira, tira… (Isilunea) Telediarioan eman dute Txinakoa.
PEDRO: Partidaren atsedenaldian. Ikusi dut, bai.
MARTIN: Hamar egun meatzean harrapaturik. Latza.
PEDRO: Joder.
(Isilunea.)
LUCIANO: Guk ere ez genuen istripu gutxi izan!
MARTIN: Lucasek batez ere.
PEDRO: ¡Eso, Lucas! ¿Cuánto tiempo estuviste atrapado la última vez?
LUCAS (pentsakor): Sesenta y ocho horas.
LUCIANO: Istripu hartan hil zen Benito. ¿No, Lucas?
(LUCASek buruarekin baiezkoa.)
PEDRO: Goian bego!
LUCIANO: Meatzean lurperatua.
(Isilunea.)
PEDRO: Onik aterako dituzte azkenean.
MARTIN: Txinatarrak?
PEDRO: Bai.
MARTIN: Eta nola dakizu onik aterako direla gizagaixo horiek?
LUCIANO: Meatzetik ez da inor onik ateratzen. Bizirik igual bai, baina onik ez.
(LUCAS eztulka.)
PEDRO: Telebistan erran dute. Ba omen daude kamerak haiek noiz lurrazaleratuko zain.
MARTIN: Kamerak?
PEDRO: Bai. Mundu guzitik.
LUCIANO: Ikuskizun bihurtuko dute, azkenean.
MARTIN: Edo pelikula bat egin!
PEDRO: Hori! Pelikula bat eginen dute, azkenean!
LUCIANO: Zuek bai pelikulak!
MARTIN: Antzerkia, bestela.
LUCIANO: Asperturik bizi behar du inork meatzarien teatroa ikustera joateko!
(Kartak eskuetan hartu, eta bakar-jokoan hasten da LUCAS.)
PEDRO: Ezetz! Antzerkirik ez! Pelikula eginen dutela! Amerikanoek! Ikusiko duzue. Haien luxu eta fantasia! Zenbat argi, zenbat musika, zenbat eztanda… Bi lagun arriskuan; bat hil, bestea salbatu, eta denak palomitak jaten!
MARTIN: “Txino” batenak egin du, beraz! Ja!
PEDRO: Zenbat pelikula istripuekin, suteekin, lurrikarekin, gerrekin…
MARTIN: Gerrakoak dira ederrenak.
LUCAS: ¿Tú que sabes?
(Isilunea. MARTINek, purua itzali, eta hautsontzian uzten du.)
MARTIN: Komunera noa.
(Mahai gaineko esku-argia hartu, eta komunera abiatzen da.)
PEDRO: Zertarako horrenbeste argi?
MARTIN: Pareak ere ez baditut ikusten, bakarra nola?
PEDRO (irri bortxatua): Ja, ja!
(LUCAS, makurtu, eta mahai azpian zerbait bilatzen hasten da.)
PEDRO: Zer falta duzu, Lucas?
LUCAS: Erregea. Basto.
PEDRO (bera ere makurtuz): Martinek botako zuen, haserretu denean.
(PEDRO eta LUCAS makurturik, mahaiaren bueltan karta bila. LUCIANO ilunpean gelditzen da, eserita.)
LUCIANO: Hemen ere egin zuten pelikula bat. (PEDRO eta LUCAS LUCIANOri begira. Beren buruko argiek haren aurpegia argitzen dute) Duela urte asko. Bueno… ez hainbeste ere. Dokumentala. “Ama Lur”. Egun batez. Neguan. Nire esaldi bat jarri zuten. Irudia ez dakit nirea ote zen. Ez dut gogoratzen. Esaldia, bai. “¡Si no sale nada mejor, aquí seguiremos!”. Eta denak okerrera egin zuen. Andreak gurasoen herrira alde egin zuen, seme-alabak berarekin eraman, erretiroa hartu aurretik mina hartu, eta ezin meatzean lanean jarraitu, eta sator zulo hartatik taberna zulo honetara… betiko. Eta hemen ezin erretirorik hartu. “Si no sale nada mejor…”. Todo peor! (Aulkitik altxatuz) Ea pilarik aurkitzen dudan!
(LUCIANO barraren atzean desagertzen da.)
PEDRO (oihuka): Eta argia?
(PEDROk eta LUCASek karta bilatzeari berrekiten diote. MARTIN agertzen da, eta, beste biak lurrean belauniko ikusita, esku-argia mahaian utzi, eta lagunen antzera ibiltzen hasten da, jolas moduan.)
MARTIN: Hau dugu meatzarien martxa, beraz? Horrela egiten dugu orain martxa Madrilera!
PEDRO: Zer diozu?
MARTIN: Martxa! Meatzarien martxa! Erreguka. Lana emateko erreguka. Kauen la sota de bastos! Erregutzeari borroka egitea deitzen zaio orain!
PEDRO: Txota ez. Erregea.
MARTIN: Nola?
PEDRO (zutituz): Ezer ere ez!
(PEDRO esertzen da. LUCAS berriz ere eztulka hasi, eta MARTIN hurbiltzen zaio, altxatzen laguntzera. LUCAS ere esertzen da. Lasaitzean, tabakoa hartu, eta beste zigarro bat prestatzen hasten da.)
MARTIN: Madrilera bidean ditugu seme-alabak, esklaboen moduan lanean jarraitu ahal izateko erreguka. Eta gu begira, lur azpiko iluntasunak itsuturiko begiokin.
PEDRO: Hainbeste ordu utzi ditugu lurpean. Hainbeste lagun gelditu dira lurpean.
MARTIN: Benito.
PEDRO: Benito eta… (Hunkituta) Aita Gurea gehiegi.
(LUCIANO azaltzen da, barratik, linterna txiki batekin.)
LUCIANO: Ez dut pilarik. Denean begiratu dut eta ez dut pilarik.
MARTIN: Lehenago ere ez.
PEDRO (hunkituta, oraindik): Joder!
LUCIANO (hiru lagunei begira): Zer?
MARTIN: Meatzean hildako lagunei buruz ari ginen.
LUCIANO: Benito, berriz?
PEDRO: Goian bego.
MARTIN: Goian, bai! Goiko zeruan nahi ditugu, baina zulora sartzen ditugu gorpuak!
LUCIANO: Satorrek ateratzeko egiten dute zuloa, eta guk, sartzeko.
PEDRO: Elkarren kontra beti.
MARTIN: Nekazariak aitzurrarekin satorrari burua lehertu arte!
(Isilunea. LUCASek zigarroa pizten du.)
LUCAS: Benito era un esquirol. Ese sí que era un miserable topo.
(Isilunea.)
LUCIANO: Kafea? (Zutituz) Kafe gehiago eginen dut?
MARTIN: Ez. Kaferik ez.
PEDRO: Niregatik ere ez, baina… Pattarra, igual? E? Hori bai. Topa egin dezagun! (Pattarra banatzen du guzientzat) Guregatik!
(Lau lagunek, topa egin, eta pattarra edaten dute.)
PEDRO: Beste bat!
(PEDROk edalontziak betetzen ditu.)
MARTIN: Guregatik eta gure ondorengoengatik! Martxan Madrilera doazenengatik! Meatzariongatik!
(Berriz ere pattarretik edaten dute.)
PEDRO: Eta txinatarrengatik. Onik ez, baina bizirik atera daitezela.
(PEDROk edalontziak betetzen ditu berriz ere.)
MARTIN: Eta pelikulengatik!
(Hirugarren tragoa jarraian.)
PEDRO: Hori da! Pelikula egin dezatela amerikanoek.
(MARTINek, zutitu, eta ondoan dauden aterkietako bat hartzen du, fusila bailitzan.)
MARTIN: Gerrako pelikulak. Gerrei buruzko pelikulengatik. Munduko hoberenak!
(Zelatan dabilen soldadua balitz bezala mugitzen da MARTIN tabernan. LUCIANOk barrara eramaten du pattarra, PEDROren begiradapean. LUCAS komunera joateko zutitzen da.)
LUCAS: Tú y tus batallitas, Martin. Tú y tus batallitas. En el pueblo, allá en Huelva, vivía Anselmo. Lo mandaron con la División Azul a luchar contra los rusos. Él, que había estado en la cárcel por rojo, luchando contra los rusos. Y volvió. Sobrevivió. Y siempre que podía contaba lo que había sido la guerra. Cuerpos escondidos en la nieve. Cada uno en su madriguera. Muertos de frío. Muertos de miedo. Esperando. Esperando a salir. Esperando cuándo salir sin querer salir. Y, luego, cuerpos entumecidos, torpes, tropezándose, cayéndose, sin saber disparar, sin saber a qué disparar, cómo disparar, disparos fallidos, muertes involuntarias… No hay nada más mediocre que ver luchar a personas que no saben luchar, lastimándose sin darse cuenta de cómo lo han hecho. Nada de épica.Solo miedo, dolor y silencio. Un poco de ruido, y un mucho de silencio. Eso decía Anselmo. Y aquí seguimos hoy día, rememorando batallas, jugando a soldaditos de plomo, recordando no sé qué guerras para celebrar no sé qué paz. Y así seguiremos.[1]
(LUCAS komunera joaten da. MARTINek bere ibilbideari berrekiten dio. Aterkia fusila balitz bezala harturik, zelatan, eta txistuka, oraingoan ere.)
MARTIN: Uuuuiiiiii… Uuuuuiiiiii…
PEDRO: Joder.
MARTIN: Uuuuuuiiiiiii…
PEDRO: Arraro dago Lucas!
LUCIANO: Arraro? Ez uste. Beti izan da horrelakoa. Zurruna.
MARTIN: Uuuuuuiiiii…
PEDRO: Joder, Martin!
MARTIN: Pelikularen batean ikusiko nuen. Soldaduak iluntasunean txistuka, lagunek hara tiro ez egiteko.
PEDRO: Etsaiek sumatuz gero, botako zuten!
MARTIN: Hori bai.
LUCIANO: Lagunek non gauden jakitea ona da. Etsaiek jakitea, ez. Baina, okerrena, non gauden inork ere ez jakitea izanen da. Nonbait ba ote gauden jakitea.
MARTIN (soldadutara jolasteari utziz): Benito bezala. (Mahaira hurbilduz) Zuek uste al duzue Lucasek…?
LUCIANO: Ez dakit.
MARTIN: Arraroa izan zen. Arraroa gorpurik ez aurkitzea.
LUCIANO: Lurra gainera erortzen zaigunean ez dago aterabiderik.
PEDRO: Aspaldiko kontuak dira, gainera.
MARTIN: Horregatik. Aspaldikoak direlako. Galdetuko bagenio?
LUCIANO: Lagunak ez dira guk jakin nahi duguna kontatzeko, berek isildu nahi dutena errespetatzeko baizik.
MARTIN: Bai, baina…
LUCIANO (haserreturik zutituz): Aski da, Martin! Aski da! Garai zailak ziren.
PEDRO: Gogoratzen dut, bai. Borroka garaiak.
MARTIN: Ordukoak bai borrokak!
PEDRO: Beti pentsatzen dugu gureak direla borrokarik gogorrenak.
(Isilunea.)
MARTIN: Lucas hain zen sutsua, eta Benito… Benito, berriz, beti hain…
LUCIANO: Aski dela, Martin! (Isilunea) Zer nahi duzu? Zer galdetzen duzu? Lucas gure artean dago. Laguna dugu. Eta aspaldian isildu ziren Benitoren aldeko kanpai-hotsak. Istripua izan zen; eta horrela bedi. Ez dakigu deus ere. Eta ez jakitea hobe. Lau egun geratzen zaizkigu lurrazalean. Lau egun, mus partida gutxi batzuk, beste futbol mundial bat gehien jota, puru bat, eta kafea. Edaterakoan azkena dela jakinen ez dugun azken kafea. Nahiko mikatza, berez. Pasaeran gaude gainazalean, baina lur azpikoak gara gu ere; eta lurpean jazotzen dena lurpean gordetzea hobe. Sator lurrek ere ez dute kaltea besterik ekartzen. Kaltea baratzeetan, kaltea belardietan… (Komun aldera abiatuz) Denbora gehiegi darama komunean.
(LUCIANO komunera joaten da. MARTINek ezpainetan hartzen du hautsontzian zegoen purua. Isiltasuna.)
PEDRO: Itzalita dago.
MARTIN: Horrela hobeki.
PEDRO: Negua luze doa.
MARTIN: Betiko antzera.
(Isiltasuna.)
PEDRO: Lehengoan bilobekin hirian izan ginela kontatu nizun?
MARTIN: Ez.
PEDRO: Barraketan ibiltzen.
MARTIN: Eta?
PEDRO: Zerean ibili ginen… “El túnel del terror”!
MARTIN: Ongi.
PEDRO: Meatzean nintzela iruditu zitzaidan momentu batean. Horrek eman zidan beldurrik handiena.
(LUCIANO agertzen da, komunetik bueltan.)
LUCIANO: Hilda dago!
MARTIN: Lucas?
LUCIANO: Bai. Komunean aurkitu dut zerraldo.
(Argiak pizten dira.)
PEDRO: Azkenean!
(Isiltasuna. LUCIANOk, MARTINek eta PEDROk linterna eta esku-argi guziak itzaltzen dituzte.)
PEDRO: Lucas hilda?
LUCIANO: Bai.
PEDRO: Norabait deitu beharko dugu, bada!
MARTIN: Nora? Nori? Zertarako? Etxean ez du inor zain. Bakarrik dago.
LUCIANO: Zegoen.
PEDRO: Medikuari bederen!
LUCIANO: Oraindik ez. Gau gogorra izan da. Utz diezaiogun jendeari deskantsatzen. Utzi lotan. Egunsentian, Pedro!
PEDRO: Eta zer eginen dugu bitartean?
LUCIANO: Kafea eginen dut.
(LUCIANO barrara joaten da.)
PEDRO: Kafeterakoa, Luciano! (Isilunea) Eta piztu irratia!
LUCIANO: Zertarako? Seguru penaltietan galdu dutela!
MARTIN: Ez piztu irratirik, ez. Eta itzali argia ere! Begiak ohituagoak ditut iluntasunera.
PEDRO: Sator begiak, Martin!
MARTIN: Metamorfosia. Metamorfosia izanen da.
LUCIANO (barratik): Kafkaren aita ere meatzaria izanen zen, agian! Hortik ipuinak!
MARTIN: Zenbat ipuin. Zenbat egi.
(LUCIANOk argia itzaltzen du.)
AMAIERA
[1] Zu beti gerra kontuekin, Martin. Zu beti gerra kontuekin. Nire herrian bizi zen Anselmo, Huelvan. Dibisio Urdinarekin bidali zuten errusiarren aurka borrokatzera. Nor bidali behar errusiarren aurka, eta bera, gorria zelakoan kartzelan ibilitakoa. Itzuli zen. Bizirautea lortu zuen. Eta ahal zuen guztietan kontatzen zuen gerran bizi izandakoa. Elurretan ezkutatutako gorputzak. Bakoitza bere gordelekuan. Hotzak hiltzen. Beldurrak akabatzen. Itxaroten. Ateratzeko itxaroten. Atera nahi ez, eta noiz aterako itxaroten. Eta, ondoren, gorputz sorgortuak, baldar, estropezuka, erortzen, tiro egiten jakin gabe, zeri tiro egin jakin gabe, nola tiro egin, tiro erratuak, ustekabeko heriotzak… Ikuskizun kaskarrik bada, borrokatzen ez dakiena borrokan ikustea da; oharkabean elkarri min eginez. Epikarik ez. Izua, oinazea eta isiltasuna. Apur batean zarata, eta erabateko isiltasuna. Hala zioen Anselmok. Eta, egun, gudak gogora ekartzen jarraitzen dugu, berunezko soldaduekin jolasean bezala, auskalo zer gerra oroituz auskalo zer bake ospatzeko. Eta horretan gabiltza.