Erleak, satorrak, beleak
Gaizka Sarasola
Erleak, satorrak, beleak
Gaizka Sarasola
Zuzentzaileak: Karmele Etxabe eta
Amaia Apalauza
Azala: Iratz Inziarte
2016ko apirila
antzerkia
Literola, 4
108 orrialde
978-84-944108-2-6
Erleak, satorrak, beleak
Gaizka Sarasola
Zuzentzaileak: Karmele Etxabe eta
Amaia Apalauza
Azala: Iratz Inziarte
2016ko apirila, antzerkia
108 orrialde
978-84-944108-2-6
aurkibidea
 

 

Espaloitik adarren itzalera

Hitzaurre gisa

 

Galder Perez

 

      Duela hamabost urte ezagutu genuen Gaizka Sarasola. Ane Zabala eta biok Nafarroara joan ginen, Bortzirietara, clown ikastaro batean parte hartzera. 2000. urteko uda bero hartan, antzerkiaren jolasa eta hamaika sekretu ikasi eta konpartitu genituen Gaizkarekin, Beran. Ordutik eta gaur egunera arte, ez dugu antzerki eta lagun arteko harremana eten Bortziriekin. Udazken askotan, Gaizkak eta Mairu antzerki tailerreko lagunek Lesakara gonbidatu gaituzte, Keinu Leihoak zikloan parte hartzera.

      2010ean, Lesakara joan ginen, 8 begi antzezlana jokatzera. Afalostean, atzera begira jarri ginen hango lagunekin, garai zaharrak barre artean gogoratuz, eta, ausardiaz, aurrera begira ere jarri ginen, atsegin dugun legez, amesten eta planak egiten. Eta orduan sortu zen proposamena: Gaizkak antzerki testu bat idatziko zuen guretzat. Edo guk eskatu genion, beharbada. Egia esan, gutako inork ez du detaile hori ondo gogoratzen. Bai, ordea, Gaizkaren hasierako asmoa: orain arte zapaldu gabeko bideetan ibiltzeko gonbita egin nahi zigun, komediatik dramara pasatzea, barretik negarrera, alaitasunetik minera, tripatik bihotzera. Urtebete elkarren berri izan barik egon ostean, 2011ko udazkenean, ezustean jaso genuen Gilkitxaro taldeko kideok Gaizkaren Urak ttiki dire antzezlanaren testua; sekulako oparia, altxorra.

      Urak ttiki dire ere udazkena da. Neguaren gaueko bidean, korrontearen kontra eta noraezean doazen bi pertsonaia agertzen dira obran. Ilunpeko lainoen artean guztiz galdu aurretik, askatasunaren argitasun bila doaz Ilargi eta Willy. Lehenengo irakurraldian, argi ikusi genuen asmoa bete zela; Gaizkak berezkoa duen xamurtasunarekin, tragedia latza bizi dutenen bizipena idatzi zuela, alegia. Bizitzaren borroka den horri eta diren beste guztiei ere kantatzen die, bizitzak uzten dituen hutsuneei, beharrei, ezbeharrei, desioei… Funtsean, bizitzeko eta bizitzako borroken ondorioz sortzen diren hamaika minei.

      Prest ginen ur handietan trabesia hasteko. Ur handietako olatu erraldoiak, baina, ez ziren poesia eta tragedia soilik; antzezlanak planteatzen zituen pertsonaiekin, espazioarekin eta euskalkiarekin ere nabigatu behar genuen. Gaizkak urtebete behar izan zuen testua idazteko, eta guk bi urte behar izan genituen testuarekin jolasteko, eszenaratzea planteatzeko, pertsonaiak barneratzeko eta antzezlanari bizitza emateko.

      Pertsonaia nagusi bi ditu antzezlanak: Ilargi eta Willy. Bada hirugarren bat ere, baina, inork gorpuztu beharrean, soinu bihurtzea erabaki genuen. Basoko leku sekretu batera egunero datorren Ilargi da protagonista, arotzaren alaba eta zazpi senideko familia batekoa, ziurrenik. Ia urik ez duen bainera zahar batean hankak freskatu eta garbitzera etortzen da, lan handi, astun eta gogorren mina baretzeko desioz. Gaur, ordea, kanpotik etorritako norbaitek eguneroko ustezko lasaitasun hori hautsiko du. Willy pertsonaia misteriotsua agertuko da; Nafarroako baso batean liztor asiarra arrotza den bezala, halakoxea da Willy Ilargirentzat. Urik ez duen baso honetan, mendeku gosez dator, ur handietan murgiltzeko gertu, hainbeste mendetako minari ezarritako minez.

      Akzioa basoan gertatuko da. Ilargik, bere lehenengo hitzekin batera, espazioaren deskribapena egingo du: “Lurra idorra dago, zapalduriko morkotsa da bidea, hemen ez dago iraganeko iratze metak bertzerik”. Antzezlanak aurrera egin ahala eta meta-antzerkiarekin jolastuz, Willyk ere espazioa deskribatuko du beste elkarrizketa batean: “Antzerki baterako agertokia dirudi. Basoaren erdian, bidexka baten bazterrean, iturri magiko bat. Bitxia, misteriotsua; lilura ere sortzen du basoan galdutako bainera batek errekastoa zen lekuan”. Basoa hitzetan bazegoenez, elkarrizketetan ez genuen basoa sortu eta erakusteko beharrik sentitu. Sinbologiaz beterik dagoen elementu bakar batek osatuko zuen espazio eszeniko nagusia: kutxa batek, besteak beste, bainera irudikatzeko. Eta, ezkutuan, ia ilunpean, hildako animalia baten arrasto oldarkor bezain sinbolikoa; besterik ez. Testuak paperean egiten duen bezalaxe, abstrakzioarekin jolastu nahi genuen taula gainean. Ikusleak-irakurleak interpreta zezala irudimenezko enbor eta adar hauen itzalen edertasunak gordetzen duen guztia. Horrela, bada, eta ia-ia ohartu gabe, zuhaitzik gabeko baso bat sortu genuen. Ondoren, elementu hiritarrak izan daitezkeenak gehitu genizkien pertsonaiei: denbora eta ezinegona adierazten duen erlojua, eguzkia eta ezkutalekua irudikatzeko aterkia, liztorraren koloreak dituen maskara asiarra… Gaizkak bere eremura eraman gintuen testuarekin, eta guk geurera ekarri genuen testua. Basoa eta hiria nahastu genituen nolabait, Lesaka eta Bilbo, ez baitira hain ezberdinak Euskal Herriko leku batean edo bestean sufritzen ditugun minak eta desio ditugun ametsak.

      Elkarrizketei dagokienez, testuaren nafarrera kutsua hitzez hitz errespetatzeko asmoa izan genuen hasieratik. Egileak testuarekin jolasteko, apurtzeko eta esperimentatzeko askatasun osoa eman bazigun ere, testua bere horretan mantendu nahi izan genuen. Batzuetan ausartegiak ez ote ginen izan galdetzen diot neure buruari, baina horrek ere izan behar du antzerkiaren jolasa. Errespetu handia genion testuan gordetako guztiari; Gaizkaren bihotzari, alegia. Erronka ederra ere bazen, Gilkitxaroko taldekide batek idatzia ez zen testu bat taularatu behar baikenuen lehenengoz, gure taldeak hogei urte betetzen zituenean, hain justu. Uste genuen, gainera, Gaizkaren hitzak paperean zeuden bezala eraman behar genituela ahotsetara, hotsetara eta pertsonaien bihotzetara. Antzerkigile izateaz gain Gaizka musikari ere izanik, testu guztiek bezala, honek ere baditu berezko melodia eta erritmoa. Batzuek penari ihes egiteko kantatzen duten bitartean, Gaizkak oraingoan letrak jarri ditu paperean.

      Basotik ihesean datorren katagorriarekin bere testuaren poesia, edertasuna eta mina partekatzen irudikatzen dut Gaizka. Katagorriak, belarriak tente, testuaren gaineko galdera mordoa egiten dizkio, eta Gaizkak, erantzun. Katagorriarekin konpartitu nahi baitu testuan gordetzen den oro, pentsamendu edo beldur edo oroitzapen izatetik sekretu izatera pasatzeko. Lesaka inguruko basoak bezala, sekretuz beterik dago esku artean duzun testu hau. Basoko lurraren hauts bihurtu aurretik, aska ezazu zure bihotza lerro hauen arteko bidezidorretatik, zalantzaz beteriko eta euririk gabeko udazken mingarri bezain eder honetan. Eta biharko utziko dugu neguko elurteen itxaronaldia, bai, eguzki izpi epelekin elurra urtu arte.