Zuzentzaileak: Karmele Etxabe eta
Amaia Apalauza
Azala: Iratz Inziarte
Zuzentzaileak: Karmele Etxabe eta
Amaia Apalauza
Azala: Iratz Inziarte
Aurkibidea
Espaloitik adarren itzalera, Galder Perez
hitzostea: Gaizka Sarasolaren teatroa: ahotsen barruko ahotsa, Oier Guillan
Aurkibidea
Espaloitik adarren itzalera, Galder Perez
hitzostea: Gaizka Sarasolaren teatroa: ahotsen barruko ahotsa, Oier Guillan
Urak ttiki dire
Gaizka Sarasola
Estreinaldiaren fitxa:
Estreinaldia: 2013ko azaroaren 8an
(Pabiloi 6 aretoa, Deustua)
Testua: Gaizka Sarasola
Zuzendaria: Kerra Gabikagogeaskoa
Jokalariak: Ane Zabala & Galder Perez
Argi diseinua: Zigor Gorostiola
Teknikariak: Ales & Axi
Espazioa, jantziak eta ekoizpena: Gilkitxaro
Argazkia: Nerea Andres
(Basoko bide bazterrean, harri artean jausten den erdi agorturiko ur-xirriparen oinean, bainera bat, garai batean ur-bidea zen lekuan. Bertan, emakume bat, ILARGI deituko duguna, apenas urik duen baineran bainua hartzen. Soinu bat aditzen da. Norbait edo zerbait dabil inguruan.)
ILARGI: Nor da?… Nor dabil hor?… Nor da?… Ez al da inor?
(Bainatzen jarraitzen du. Tipo arraro bat ageri da erdi ezkutuan, WILLI deituko duguna, gabardina bat jantzita. ILARGIk ez du ikusten. Desagertzen da. Soinuak, berriz ere.)
ILARGI: Nor da?… Nor dabil hor?… (Baineran ezkutatzen du bere burua. Burua pixkanaka ageriz) Nor da! (Baineratik atera eta bere burua lurrean duen kaparekin estaliz) Lurra idorra dago onddotarako. Gaztainak aspaldi bilduak ziren. Zapalduriko morkotsa da bidea. Hemen ez dago iraganeko iratze metak bertzerik. Zeren bila zabiltza?! Zeri begira?! Agertu! Agertu!
(WILLI agertzen da.)
ILARGI: Hara! Mozorroa!
WILLI: Eta zu? Lamia?
ILARGI (hankak erakutsiz): Hankak freskatu eta garbitzera etortzen naiz honat.
WILLI: Urak ttiki dire inor garbitzeko.
(Isilunea.)
ILARGI: Aspaldi honetan, denetarako dire ur ttikiegiak. (Isilunea) Eta zu? Zer zabiltza hemen?
WILLI: Bueltaxka bat egiten.
ILARGI: Hemen? Bero honekin?... Eta gabardinarekin?!
WILLI: Inoiz ez dakigu noiz eginen duen euria.
ILARGI: Noski! Horregatik gure erreka idortuak eta iturri agortuak; edozein momentutan euria egiten duelako!
WILLI: Noizbait ere eginen du berriz, eta ordurako prest egon behar.
(Isilunea.)
ILARGI: Beno.
WILLI: Beno.
ILARGI: Ba… Agur!
WILLI: Agur.
(Biak geldirik, elkarri begira. Isilunea.)
ILARGI: Hemen geldituko zara?
WILLI: Ez dakit. Eta zu?
ILARGI: Baliteke. Zergatik?
WILLI: Pssss…. Zergatik?
ILARGI: Nola, zergatik?
WILLI: Bai. Zergatik?
ILARGI: Zergatik zer!
WILLI: Zergatik geldituko zaren!
(Isilunea.)
ILARGI: Oraindik ez dut bainua bukatu.
WILLI: A! Etxekoak ez dituzu zain?
ILARGI: Etxean, denbora gehiegi daramagu zain.
(TXIRRINDULARI bat pasatzen da, goxokiak banatzen, ereserki moduko bat entzuten den bitartean. WILLIk aurpegia ezkutatzen du.)
WILLI: Bainuarekin jarraituko duzu, beraz?
(Isilunea.)
ILARGI: Hor jarraituko duzu niri begira?
WILLI: Begira, begira… Nahi ez baduzu, ez. Baina hemen… Hemen, oraingoz, bai.
ILARGI: Ez zinen zu ere bainua hartzera etorriko, ezta? Sartu nirekin! Kendu gabardina, eta sartu nirekin!
WILLI (izuturik): Ez, ez, ez, ez…!
ILARGI: Lotsatzen zara?
WILLI: Ez. Ez dut nahi.
(ILARGI, kapa lurrean utzi, eta baineran sartzen da.)
ILARGI: Zertara etorri zara, bada?
WILLI: Leku polita da.
ILARGI: Aitak beti erraten zigun hemen izan zela zoriontsuen. Udaberrian, elurrak urtuta, hemen hartzen zuela indarrik handiena errekak, eta, ur bizienen kontra, amuarrain eta izokin indartsuenak errekan goiti igotzen zirela, hain salto handiz, arrainak airean eskuz harrapatzen baitzituzten, zakuka! Berak eta bere lagunek. Eta orduan izan zela zoriontsuen. Baina lagunak eramaten ditu biziak. Eta putzuak utzi, memorian galtzen diren zapaburuekin. Ez du aspaldian elurrik egin. Bainera hau jarri zuten, ur pixarrak biltzeko; baina lagunak eramaten jarraitzen du biziak. Aitak beti erraten zigun hemen izan zela zoriontsuen, mutu gelditu aitzinetik.
(Isilunea.)
WILLI: Eta zu, hemen zara zoriontsuen?
ILARGI (haserre): Bai! Ederki egoten naiz hemen, bakarrik, iturri idor honetan herdoilduriko bainera battean, JA-JA-JA algaraka, aingira eder bat ahotik noiz sartuko zain!
WILLI: Eta, orduan, zer egiten duzu hemen?
ILARGI: Etxeko pisutik libre naiz hemen… eta… eta hankak freskatzen ditut! Erran dizut! (Gero eta haserreago) Eta gorputza garbitu! Eta nor zara zu, niri deus galdetzeko? (Baineratik atera eta WILLIrengana zuzenduz) Ez dakit nor zaren! Ez dakit zer zaren! Ez dakit zer egiten duzun! Zer zabiltza hemen?! Zer zabiltza hemen, bero honekin eta gabardinarekin!
(TXIRRINDULARI bat, ziztu bizian, goxokiak botaz. Ereserki ozena. ILARGIk eta WILLIk elkar besarkatzen dute, izuturik. Pixkanaka, egoeraz jabeturik, elkarrengandik aldentzen hasten dira. ILARGIk, harriturik, WILLIren sabelaldea ukitzen du.)
WILLI: Goxokiak, berriz. Beti goxokiak. (Isilunea) Willi.
ILARGI: Zer?
WILLI: Willi naizela.
ILARGI: Eta zer egiten duzu hemen, Willi? Eta ez erran “bueltaxka bat egiten”, eta ez erran euria egin dezakeela, eta ez erran polita naizela… Ez erran goxokirik. Zer egiten duzu, Willi?
WILLI: Sekretua da.
ILARGI: Noski. Sekretua.
WILLI: Sentitzen dut.
ILARGI: Noren sekretua?
WILLI: Nire sekretua.
ILARGI: Baina zure eta nor gehiagoren sekretua?
WILLI: Nirea! Nirea bakarrik!
ILARGI: Zurea bakarrik?
WILLI: Bai!
ILARGI: Zuk bakarrik ezagutzen duzu zure sekretua?
WILLI: Baietz, bada!
ILARGI: Hori ez da sekretua!
WILLI: Nola ez dela sekretua!
ILARGI: Ezetz, ba! Sekretua izateko, biren kontua izan behar da guttienez! Norbaiti kontatu beharra diozu; psikologoari bederen! Bertzela ez da sekretua! Izanen da ideia bat, izanen da amets bat, izanen da pentsamendu bat, izanen da beldur bat, izanen da oroitzapen bat… baina ez sekretua!
WILLI: Baina, orduan, edozeinek jakiten ahal du zein den nire sekretua!
ILARGI: Edozeinek ez; zuk nahi duzun horrek! Gerta daiteke zuk nahi duzun horrek bertze norbaiti ere kontatzea, eta hori da arazoa, sekretuak ere dagoeneko ez direla sekretu, ezkutukoena ere agerikoa dela; baina, norbaiti kontatzen ez badiozu, ez da sekretua izatera ere iritsiko, eta, hala ere, noizbait jakinen da, eta ez da inoiz sekretua izan nahi zuen sekretua izanen.
(Isilunea.)
ILARGI: Kontatu niri. Kontatu niri, eta, horrela, bien arteko sekretua izanen da.
WILLI: Aukeran, ez. Horrela ez du bertze inork jakinen.
ILARGI: Baina azkenean jakinen da.
WILLI: Momentuz, ez kontatzea hobe.
ILARGI: Konturik ez. Hemen ere ez. (ILARGI baineran sartzen da) Aita egurra egiten, ama sukaldean, eta, batbatean, etxea eta inguru guzia leku arrotza da, arrotzez betea, eta bera inor baino arrotzago, arrotza bere etxean, eta gero denak joaten dire, bera ere beraiekin, eskuetan aizkora eta alaba eraman didate erraten du aitak, eta etxeko atarian esertzen da, gaur arte, mutu, begiak urrutira baina barrura begira, eskuetan aizkora… Beraiek gerrian pistola erran zuen auzokoak, eta ordutik ez dago bertze konturik, kontatzen diren egunak bertzerik, zenbat egun joan diren, zenbat egun falta diren, sagardoak basoan hausten du isiltasuna, gosaritan, bazkaritan, afaritan… eta amak beti laurentzat prestatzen du janaria.
(Isilunea. TXIRRINDULARI bat pasatzen da, ereserkiaren doinupean. WILLIk eta ILARGIk ez diote kasurik egiten. Bat-batean, ILARGI zutitu eta oihuka hasten da.)
ILARGI: Demonio xuhurra!
(WILLI harrituta.)
ILARGI: Ez du goxokirik bota!
WILLI: Nekaturik egonen zen, edo asperturik, edo… edo auskalo!
ILARGI: Eta niri zer! Lanean aritzen naizenean ez du inork galdetzen nire aldartearen berri! Beraren aurrekoak ere nekaturik ibiliko dire, baina dotore aski bota dituzte karameluak!
WILLI: Hori, bada! Nahi adina badituzu lurrean. Zertarako gehiago?
ILARGI: Ez zaizkit goxokiak gustatzen! Detailea da. Detailea! (Baineratik atera, eta txirrindularia joan den norabiderantz oihukatuz) Xuhurra!
(Isilunea.)
ILARGI (lasaiago): Hala ere, kuriosoa da.
WILLI: Bidean bukatuko zitzaizkion.
ILARGI: Ahantzi goxokiak! Zapalduriko morkotsa den bide galdu honetatik pasatzea. Hori da kuriosoa.
WILLI: Bada, oraindik gehiago pasatuko dire.
ILARGI: Handik… hemendik… eta harat?
WILLI: Segizio handiena falta da, erregea barne, bere urrezko jantzi doratuekin.
ILARGI (urduri): Erregea? Benetan? Bizikletan, hura ere?
WILLI: Loditasuna bizi txarraren seinale omen! Deus ere ez da lehen bezala. Egun, aberatsek, baina baita pobreek ere, diruak ordaintzen dituzte izerdia ateratzeko.
ILARGI: Nora joan jakin gabe lasterka aritzea izanen da hori!
WILLI: Okerrago. Inora joan gabe. Zinta baten gainean.
ILARGI: Mandoa errotari biraka bezala.
WILLI: Horregatik banatuko dituzte goxokiak.
ILARGI: Mandoari azukrea bezala.
WILLI: Banketxeetan ere, denetan eskaintzen dituzte karameluak.
ILARGI: Errotari biraka jarraitzeko.
WILLI: Mandoa akuiluarekin xaxatzen da.
ILARGI: Eta guri ziria sartu.
WILLI: Niri ez.
ILARGI: Ez?
WILLI: Niri, makila! (Isilunea. Poliki-poliki, baineraren inguruan bueltaka, gero eta azkarrago, gero eta ozenago) Aginte makila… alkatearen zakila… eta zilarrezko punta zorrotza… sartu didate ipurditik… erran dut laguna… erran dut anaia… erran dut aita… erran dut ama… Ez! Ama ez dut erranen… utzi ama bakean… sartu dadila ipurdian eta atera dadila ahoan, eta bukatu bedi ipuina, baina ez dut behin batean bazen ama bat erranen… eta buka dadila ipuina edo zuen makila bihurtuko da nire eztena… zuzena… hemen dena.
(WILLIk gabardina zabaltzen du ILARGIren aitzinean, eta berehala itxi.)
ILARGI: Ai ama!
(Berriro ere gabardina zabaltzen du, polikiago. Gerrira itsatsirik daraman lehergailua erakusten du.)
ILARGI: Eta hori?
WILLI: Batzuetan, haizeak adarrak hausten ditu.
(Isilunea. WILLIk gabardina lotzen du berriz ere.)
ILARGI: Orain ulertzen dut. Baina ez dut ulertzen.
WILLI: Geure burua ere zail bada konprenitzen, bertzerena nola?
ILARGI (oihuka, erdi negarrez): Ni saiatzen naiz! Saiatzen naiz aita aditzen, saiatzen naiz ama lokarrarazten, saiatzen naiz ahizpari itxaroten, baina ezin dut, ezin dut behar bezala, eta horregatik etortzen naiz honat garbitzera, nire azal freskoaren lurrina usain dezaten bederen. Eta zuk, zuk hau dena lehertuko duzu! (Negarrez)
WILLI (urduri): Ixo! Ixo, edo norbaitek adituko zaitu!
ILARGI: Non garbituko ditut nik hankak gero?! E! Erran! Non harrapatuko gure aitak berriro ere amuarrainak! Non! Non, dena pikutara botatzen baduzu!
WILLI: Isildu, mesedez!
ILARGI: Mamarro hutsa zara! Dena galduko duen mamarroa!
WILLI: Ixo!
(WILLIk, ILARGI besoetatik heldu, eta ahoa estaltzen dio. ILARGIk, askatu nahian, kolpe ttiki bat ematen dio WILLIri ukondoarekin, sabelean. WILLIk ILARGI askatzen du.)
WILLI: Ai! (WILLI bere sabelaldeari begira gelditzen da, urduri) Ostia! (Gero eta urduriago) Ostia, ostia, ostia… (Noraezean lasterka) Martxan jarri duzu… ostia! Lehertzera doa! Zer egin duzu? Ostiaaaaa…!
ILARGI (barrez): Hori nahi zenuen, ezta? Bada, listo! Akabo!
WILLI: Baina orain ez, jode! Non da erregea? Non da erregea? Lehertzear nago! Ostia! Ostia! (TXIRRINDULARIAk joandako alderantz abiatzen da, lasterka) Oraindik ez! Oraindik ez!
ILARGI: Hortik ez! Bertze aldetik!
(WILLIk agertokia gurutzatzen du, oraingoan TXIRRINDULARIAk agertu diren aldetik atereaz.)
WILLI: Ostiaaaaaaa!
ILARGI: Mugi, Willi, mugi! Mugi! (Isilunea) Hiltzeko ere, presaka. Bizitzako erabakirik inportanteenaren aurrean ere, lasterka, ume bat jolasean bezala. Umeak, axolagabe, edalontzitik izotz zati bat hartzen du eta lasterka joaten da zubira, izotza uretara bota eta lasterka itzultzen da amarengana, barrezka, axolagabe, izotzarekin norgehiagokan, izotza zena erreka dela jakin gabe, edo bai, errekarekin norgehiagokan, ezin irabaziz, ezin galduz, eta amarengana ailegatu eta bertze izotz zati bat hartzen du, eta horrela bat, bi, hiru, lau aldiz… Eta beti kontent, badakielako erreka ailegatzen dela bera baino lehen, baina erreka ailegatzen dela beraren ondoren ere, eta horregatik dago kontent, umetan ez zaigulako irabaztea inporta, galtzeak ematen duelako min, eta berak ezin du errekaren kontra irabazi, baina ezin du galdu, eta amarekin dago. Eta, handitzean, amaren babesa galtzen du, uretara izotza botatzen jarraitzen du, baina dena ez da hain alaia, hain axolagabea. (Isilunea) Laster, iluntzen hasiko du, eta ez da deus ere sumatu.
(WILLI sartzen da, eskuetan argizaiola bat duela.)
ILARGI: Willi!
WILLI: Erdiak ustel!
ILARGI: Eta?
WILLI: Ez zegoen martxan. Ez da lehertu.
ILARGI: Bistan da!
WILLI: Eta eskerrak! Erregea urruti da oraindik.
(Isilunea.)
ILARGI: Eta hori? (Argizaiolarengatik).
WILLI: Laster, iluntzen hasiko du. Igual argia beharko dut, bidea non den ikusteko.
(WILLI lurrean esertzen da. Argizaiola ere lurrean uzten du, eta piztu. Begiak ixten ditu.)
ILARGI: Nekaturik dirudizu.
WILLI: Nekaturik nago.
ILARGI: Heriotza gainean eramatearen zama.
(Isilunea.)
WILLI: Heriotzak ez; bizitzak nekatzen du.
ILARGI: Horregatik egiten dugu lo!
WILLI: Bai.
ILARGI: Lo egin, bada.
WILLI: Horretan ari naiz.
(ILARGI, poliki- poliki WILLIrengana hurbilduz.)
ILARGI: Nondik zatoz?
WILLI: Urrutitik.
ILARGI: Eta bide guzian gabardina kendu ezinik?
WILLI: Nola, bertzela?
ILARGI: Ez duzu inor utzi urrutian?
WILLI: Denok uzten dugu zerbait atzean.
ILARGI: Eta?
WILLI: Norbaitek guregatik negar eginen duela pentsatzean indartzen gara.
ILARGI: Nire malkoek ez dute errekarik handituko.
WILLI: Aukerarik banu, begietan muxu emanen nioke, ezpainetan, mateletan, lepoan muxu, bere arnasa nire belarrietan sumatu, ondoan nuela loak hartu, eta gehiago ez ernatu. Hain nengoen nekaturik!
ILARGI (oihuka): BOOM!
(WILLIk begiak irekitzen ditu, ikaraturik, eta oihuka hasten da.)
WILLI: Diooooos!
(WILLI lurretik altxatu, eta alde batetik bertzera, ezin egonean.)
ILARGI: Jatzar zite!
WILLI: Diooooos!
ILARGI: Erregea etorriko zaizie!
WILLI: Diooooos!
ILARGI: Erregea pasatuko da, eta zu hemen errezoan!
WILLI: Diooooos!
ILARGI: Erregea pasatuko da, eta zu argiari begira!
WILLI (bat-batean geldituz): Zakurraren ipurdian dago eta! Dios!
ILARGI: Ipurditik sudurrera gorpu bat baino ez dago.
WILLI: Eroa!
ILARGI: Itxura horrekin, gabardinarekin, lehergailua gerrira lotua, bere burua lehertzeko prest, eta eroa ni.
WILLI (lasaituz): Urruti dire oraindik, baina erne egon beharra dut, bai! (Bainerara igotzen da, urrutira begiratzeko) Urruti dire, baina ni erne!
(ILARGI WILLIri begira.)
ILARGI: Guttien espero denean ikusten da katagorria adarretik zintzilik.
WILLI: Katagorria, non?
ILARGI: Adarretik zintzilik.
WILLI (adarretara begira): Baina zein adar?
ILARGI: Edozein. Ez dakit.
WILLI (etsipenez): Jode!
ILARGI: Baina zer inporta zaio katagorria hiltzear denari?
(Isilunea. ILARGI argizaiolaren ondoan esertzen da.)
ILARGI: Nahikoa argi emanen dizu?
WILLI: Ez dakit.
ILARGI: Etorri aurretik bukatzen bada?
WILLI: Haztamuka eginen dut harramazka.
ILARGI: Zorroztasunak argia eskatzen du.
WILLI: Argizaririk gabe ilunduko gara.
ILARGI: Eztirik gabe garraztuko gara.
WILLI: Indartsuena gailenduko da.
ILARGI: Eta gu beti gose!
(Isilunea.)
ILARGI: Willi.
WILLI: Zer?
ILARGI: Gelditu nirekin.
WILLI: Zer?
ILARGI: Gorde eztena, ahantzi erregea, eta gelditu nirekin.
WILLI: Ezin dut.
ILARGI (WILLIrengana hurbilduz): Hemen, nire begiak; hemen, nire ezpainak, masail eta lepoak. Hemen, nire arnasa. (Muxu ematen dio) Har ezazu lo. Hartu lo nire ondoan, baina, gero, ernatu. Nire laztanak zaitu ernatuko.
WILLI: Huntza izan beharrak iltze bihurtzen ahal ditu laztanik xamurrenak ere.
(Muxu luzea. Bitartean, txirrindulari bat pasatzen da, ereserkiaren doinupean. WILLI, ILARGIrengandik aldendu, eta erregea etortzekoa den alderantz begira jartzen da, urduri.)
ILARGI: Zer duzu?
WILLI: Huts egitearen beldurra!
(ILARGI haserre, eta WILLIri oldartuz.)
ILARGI: Huts egitearen beldurra?! Egiatan diozu?! Huts egitearen beldurra?! Baina zer ohartuko zara zu mila puskatan lehertzean huts egin duzun edo asmatu ote duzun?! Ze ostia ohartuko zara!
WILLI: Ez dakit, baina zuzen jokatzen dudala pentsatu nahi dut.
ILARGI: Baina ez dizu pitorik ere balio horrek, Willi! Ez dizu pitorik balio! Hila zara! Berdin dio zuzen edo oker! Hila zara!
WILLI: Bai… baina azkenean… azkeneko momentu horretan…
ILARGI: Kuku bat. Kukuaren kantu bat baino ez da hori, Willi. (Isilunea) “Aukerarik banu” erran duzu, “aukerarik banu”. Eta baduzu: gelditu nirekin, elkartu nirekin. Aukerarik baduzu; zeure erabakia da.
WILLI: Ziztatu, eztena galdu eta hiltzea ez da erlearen erabakia.
ILARGI: Pikutara erleak! Pikutara erleak, Willi! Urrutitik heldu dire handiagoak, gehiago. Akabo erleak, eta akabo gu ere; azkenetan gaude. Bilatu dezagun bukaera goxo bat. Zer inporta diote erregeek, sekretuek, liztorrek, karameluek… Zer inporta diote!
WILLI: Dena. (Isilunea) Denak inporta dio. Begiratu nire ipurdiari.
(ILARGIk, erdi negarrez, WILLIri erasotzen dio.)
ILARGI: Sakatu botoiari, bada! Sakatu botoiari, eta akabo!
WILLI: Oraindik ez!
ILARGI: Zergatik ez?! Sakatu botoiari!
WILLI: Ez!
(WILLIren eta ILARGIren arteko borroka. WILLIk ILARGI geldiarazten du. Borrokaren ondoren, lurrean bukatzen dute, poliki-poliki.)
ILARGI: Egin klik! Itzali argia, itzali ni, itzali zu, itzali iturri agortua.
(Isilunea.)
WILLI: Polita da. Gustatzen zait.
ILARGI: Zer?
WILLI: Leku hau. Polita dela.
ILARGI: Aitak beti erraten zigun hemen izan zela zoriontsuen. Udaberrian, elurrak urtuta, hemen hartzen zuela indarrik handiena errekak, eta, ur bizienen kontra, amuarrain eta izokin indartsuenak errekan goiti igotzen zirela, hain salto handiz…
WILLI (moztuz): Bai, badakit. Kontatu didazu.
(Isilunea. ILARGI altxatu eta bainerara hurbiltzen da.)
WILLI: Antzerki baterako agertokia dirudi. Basoaren erdian, bidexka baten bazterrean, horrelako iturri magiko bat. Bitxia, misteriotsua; lilura ere sortzen du basoan galdutako bainera batek, errekastoa zen lekuan.
ILARGI: Batzuek ongi dakite erreka garbiena bainera ilun bihurtzen. Eta horrek lilura gutti. Horrek beldurra. Izua. (ILARGI baineran sartzen da) Eta hau ez da antzerkia. (Baineran ezkutatzen du bere burua. Oihukatuz) Willi, etorri nirekin!
WILLI: Ez da hor lekurik izanen biontzat.
ILARGI: Elkarren ondoan, estu-estu kabituko gara!
WILLI: Bainera estua ibai zabal bilakatzen ahal da igeri egin ezin duenarentzat. Sobera zabal, hain zabal igeri egin ezin duenarentzat, hain zabal… hain zabal…
(Isilunea.)
ILARGI: Kristal baten atzean ageri da. Kristal baten atzean ezkutatzen da. Hostoak galdutako zuhaixkaren itzala, bere luzean eri, inarrosia. Azala xuri, eta behatzak… behatz meharrak, urduri. Urduri behatzak, urduri solasak, urduri irriak, urduri… ur guri… ur guriak begietara josiak. Eta haren begietan ikusten dut putzua, umetan jolasten gineneko putzua. Eta orduan ez nuen ikusten, baina orain ikusten dut. Orain ikusten dut ahizpa umetan nirekin uretan, eta orduan ez nekien, baina orain ikus dezaket umea uretan eta hanketatik soka luze bat zintzilik, eta sokari lotua harritzar handi bat. Orduan ez nuen ikusten eta orain ikusten dut, haren begietako ur gurietan ikusten dut, murgildu naiz eta ikusten dut, umea uretan, harri handi bat lotuta berari, eta zama horrekin umea igeri, kristal baten atzean zait ageri… (ILARGIk bere burua agertzen du baineraren barrenetik) Kristal baten atzean zait ezkutatzen… inarrosia… eri.
(Isilunea. ILARGI altxatzen da.)
ILARGI: Arotza zen gure aita.
WILLI: Aulkiak egiten zituen?
ILARGI: Ezpatak.
WILLI: Ezpatak?
ILARGI: Bai. Ezpatak. Hamaika lepo moztu dituzte gure aitak egindako ezpatek; urrutian.
WILLI: Lepoak merkeak dire urrutian.
(Isilunea.)
ILARGI: Kamustu ziren aspaldian hemengo ezpatak. Ugariak ziren, garai batean, inguruko mendietatik jausitako ur-laster eta errekek edatera ematen zituzten errota eta burdinolak. Baina, orain, ez da urik harririk mugituko duenik, surik harririk gorituko duenik. Hemen, ez ogirik eta ez aizkorarik. Lau sagar, lau sagar baino ez.
WILLI: Sagardoa baduzue, beraz?
ILARGI: Sagardoa badugu behintzat! Mozkortzeko! Bizitzari kantatzeko! Tripa hutsik, eskua geldirik, baina kantari!
(Isilunea.)
WILLI: Penari ihesi egin nahian kantari?
ILARGI: Nahi eta ezin! Mozkorraren mozkorrez, azkenean penak hiltzen gaitu.
WILLI: Intxaurra zimeltzen bezala. Dios!
ILARGI (alai): Hori da! Intxaur zimelak eta adar lehorrak! Basoko adar lehor guziak bilduko ditugu! Intxaurraren adarrak, gaztainarenak… Eta adar mukuru erraldoia pilatuko dugu mendiaren puntan, eta su eman!
WILLI: Akabo konposta!
ILARGI: Hori da! Su eman! Eta suaren keetatik hodei ilunak sortuko dire, eta zeruan goiti igo eta, hoztean, elurra ariko du! Berriz ere elurra ariko du, eta urak handituko dire!
WILLI (serio): Hori, edo seme-alabak urrutira bidali, hango urak ebasteko. Zergatik ez? Herdoilduriko ezpata kutxatik atera, lepoak moztu, eta ura ekarri.
ILARGI (haserre): Willi!
WILLI: Zer! Zakuak bete behar dire. Adarrak sartu edo buruak sartu. Baina zakuak bete! Bete! (Isilunea) Zaku hutsak haizeak eramaten ditu.
ILARGI: Eta nork garraiatuko ditu zakuak?
WILLI: Bakoitzak berea.
(ILARGI, triste, poliki-poliki bainerara hurbilduz.)
ILARGI: Bakoitzak berea… eta amak denena… barraskiloak etxea nola… barrenetik… balde, saski, marmita eta kapazoak… zenbat poltsa!… barraskiloak etxea nola… “bere entraņako odola”… barraskiloak etxea nola… zenbat maitasun arrasto!
(ILARGI baineran sartzen da. Ereserkiaren doinupean, txirrindulari bat pasatzen da, ziztu bizian, WILLI bainera atzean ezkutatzen delarik. Musika ez da itzaltzen; kontran, gero eta ozenago entzuten da. WILLI bere ezkutalekutik ateratzen da, urduri.)
WILLI: Badatoz! Badatoz! Sumatzen dut. Badatoz. Eta zu hemen, oraindik!
ILARGI: Gelditu nirekin, Willi! Berriz ere elurra ariko du eta urak handituko dire! Eta igual hemen izanen gara zoriontsuen! Gelditu nirekin!
WILLI: Ezin dut! Ezin dut! Ezta zuk ere! Zoaz etxera! Zoaz hemendik etxera!
ILARGI: Ez!
WILLI: Nola ezetz!
ILARGI: Ezetz! Ez dut bainua bukatu.
WILLI: Bainua bukatu? Dios! Hau ez da jolasa!
ILARGI: Badakit. Nik badakit. Zuk badakizu?
(Ereserkiaren doinua gero eta ozenago. WILLI, urduri, alde batera eta bertzera. ILARGI begira.)
WILLI: Non ezkutatuko naiz? Non ezkutatzen ahal naiz?
ILARGI: Sartu hemen. Sartu nirekin.
WILLI: Hor? Eta bustitzen bada? (Lehergailua seinalatuz) Eta hondatzen bada?
ILARGI: Nola bustiko da hemen!
WILLI (urduri): Ez dakit. Ez dakit.
ILARGI: Leherketarekin bainera hegan atera, eta lurralde hobe batera joanen al gara elkarrekin!
WILLI (lasaituz): Ez dakit. Ez dakit.
(WILLI baineran sartzen da.)
ILARGI: Eman muxu.
(Muxu ematen dio. Musika gero eta ozenago.)
WILLI: Badatoz. Badatoz.
ILARGI: Eman muxu.
WILLI: Bertze bat?
ILARGI: Zergatik ez?
(Muxu ematen dio.)
WILLI (argizaiola seinalatuz): Sua ez dut itzali. Itzaliko dut?
ILARGI: Ez. Argia behar dugu.
(Musika ozenago. WILLI eta ILARGI bainera barrenean ezkutatzen dira. Musika are eta ozenago. Bat-batean, ahulduz, desagertzen hasten da. Musika apaltzen da. Isilunea. WILLIk burua agertzen du.)
WILLI: Nora joan dire? Nondik? (Isilunea) Ei! Ei!
ILARGI: Zer?
WILLI: Nora joan dire? Nondik?
ILARGI: Ez dakit. (Burua agertuz) Eman muxu!
WILLI: Bertze bide bat hartuko zuten?
ILARGI: Gelditu nirekin. Hemen.
WILLI: Baina zer bide?
ILARGI: Etorri nirekin adarrak biltzera. Elurra ariko du berriz.
WILLI: Hemendik itzuliko dire bihar.
ILARGI: Hori da, bihar. Bihar ariko du elurra.
WILLI: Hemen itxarongo dut.
ILARGI: Eta urak handituko dire.
WILLI: Ez dut bertze aukerarik. Hemen itxarongo ditut.
ILARGI: Bai, Willi. Hemen, nirekin.
WILLI: Bai. Hemen.
ILARGI: Hemen izanen gara zoriontsuen.
WILLI: Hemen geldituko naiz.
ILARGI: Eman muxu.
WILLI: Elurra egin arte.
ILARGI: Emateko muxu!
WILLI: Elurra urtu arte.
(WILLI baineran ezkutatzen da.)
ILARGI: Eta nire muxua?
(ILARGI ere baineran ezkutatzen da.)
AMAIERA