Erleak, satorrak, beleak
Gaizka Sarasola
Erleak, satorrak, beleak
Gaizka Sarasola
Zuzentzaileak: Karmele Etxabe eta
Amaia Apalauza
Azala: Iratz Inziarte
2016ko apirila
antzerkia
Literola, 4
108 orrialde
978-84-944108-2-6
Erleak, satorrak, beleak
Gaizka Sarasola
Zuzentzaileak: Karmele Etxabe eta
Amaia Apalauza
Azala: Iratz Inziarte
2016ko apirila, antzerkia
108 orrialde
978-84-944108-2-6
aurkibidea
 

 

Talaka

 

Gaizka Sarasola

 

 

      TALAKA antzezlana 2015eko abenduaren 5ean estreinatu zuen Mairu Antzerki Tailerrak, Lesakako Keinu Leihoak egitarauaren barruan. Oholtzan Gaizka Sarasola egon zen, musika Xabi Erkiziak egin zuen.

      TALAKA: (bele-izugarri) Lau zutoinen bidez lurrean kokatutako egurrezko hesola luzea. Goialdean tresna bat, zeina lau angelutako egitura bat, helize moduan lau hegal handi, kirtenik gabeko sega akoplatuta daraman langa, eta bi zurez eutsitako sare txiki batez osaturik dagoen. Garai batean soroetan beleak eta gainerako hegaztiak uxatzeko erabilia. (Donostiako San Telmo museoan 1916an Lekarozeko Iturraldea baserritik jasotako tresnaren deskribapena)

 

 

ILUNTASUNA

 

(Giro iluna. Agertokiaren erdian, Talaka, garai bateko txori-izugarrien eraldaketa erraldoia, indar naturalen ordez PERTSONAIAk mugiarazten duena; bilakaerarik gabe biraka ibiltzera kondenaturiko PERTSONAIAk. Kate luze batek, PERTSONAIA Talakara lotzen du. Tramankuluaren oinean, balde herdoildu bat. Bazter batean, aitzur zahar bat.

      PERTSONAIA aulki batean eserita dago. Aulkiaren ondoan, esekitoki bat. Handik zintzilik, bonbilla bat eta lanerako mantala.

      PERTSONAIA aulkitik altxatzen da, poliki, ingurura begiratuz, usainduz, sentituz… Zerura begiratzen du.)

 

PERTSONAIA: Kaka! Kauen la puta! Kauen la puta! Kaka!

      Neskaren bat niretzat biluztuko balitz! Argazkiak ikusi beharko ditut; haurtzaroko argazkiak. Beti haurtzaroko argazkiak. Hondartzak, kaiak, ontziak, itsasoa… Orain, itsasoa zabortegi bihurtu dute! Eta ni zabortegi baterako lanean. Lanean edo…

 

(Zerura begirada.)

 

      KAUEN LA PUTA! Zenbat denbora kolperik jo gabe? Bera falta denez geroztik. Luze. Luze, bai. Denbora luze joaten da lanean aritu gabe. Lanean ere bai. Jendea urduri egonen da. Popatik hartzera!

      Eta bera? Bera triste egonen da ni gabe. Maitasunaren alde txarra da hori. Azkenean, malko batekin bukatzen da dena.

 

(Zerura begirada.)

 

      Kaka! Kaka!

 

(PERTSONAIA aulkian jartzen da. Erabateko iluntasuna nagusitu behar dela dirudienean, aulkitik altxatzen da berriz ere pertsonaia. Ingurura, jendeari begira jartzen da, poliki-poliki, ikusleen artean dagoen pertsona bakoitza aztertu nahiko balu bezala. Amaitutakoan, isilean lehen bezala, aulkian jartzen da. Bere argia pizten du. Orain, bai; iluntasuna gailentzen da inguruan.)

 

AHOTSA OFFEAN: Hegoafrikako poliziak 34 meatzari hil ditu tiroz, protestaldi batean. Istiluak ostiralean hasi ziren, 3.000 meatzari inguruk beren lanpostuak utzi zituztenean soldatak igotzea aldarrikatzeko.

 

 

LANA

 

(Argia. PERTSONAIA, bere argia itzali, mantala jantzi eta Talakaren oinetan kokatzen da, zaldiko-maldiko bateko panpina bezala.)

 

PERTSONAIA: Azkenean! Probetxuzko pertsona bat! Miraria, “Talaka Birakaria” eta zakurraren putza! Lanean berriz ere luze joanen da denbora. Baina hau da gure betebeharra. Gora gu eta gutarrak eta zakurraren putza; nahiago dut denbora itsasoko argazkiak ikusten pasa. Haren argazkiak; hain zen polita…

      Beleak bai, bele gaiztoak. Hemen zertarako, eta beleak uxatzeko. Beleak bai, bele gaiztoak… Beleak bai, zabortegietan sartu eta dena lapurtu, kableak mokokatu eta makinak hondatu. Beleak bai, zabortegien etsai… Edgar Allan Poek maite zuen belea. Sasikumea! Alfred Hitchcockek ez. Biba Alfredo!

      Ni… ni… ni eta… ni… bera gabe, ni… Bertze bat banu, sikiera, solasteko… galdetzeko… Zenbat pisatzen duzu?… Zein da zure libururik maitatuena?… Zenbat denbora irauten duzu arnasarik hartu gabe?… Zenbat pisatu zenuen jaiotzean?… Zenbat pisu galtzen duzu kaka egiterakoan?… Eta… nor kondenatzen duzu?… Edo.… zer exijitzen duzu?… Non gordeko dituzu erabilitako mukizapiak?... Nik… nik… ekin lanari! Miraria, “Talaka Birakaria” eta zakurraren putza! Beharrezkoa naiz zikloa osatzeko. Zabortegitik birziklatzera! Ez dakit nola, baina, zabortegiko zaborra hartu, eta, niri esker, zubiak egiten dituzte zabor horrekin, eta abioiak eta zapatak eta baldeak eta aitzurrak, aizkorak, zartaginak, lapikoak, janaria eta… Kauen la puta… Kauen la puta! Noski! Zakurraren putza! Zaborra hartu, eta guri ematen diguten janari zaborra egin. Zaborretik zaborrera! Elikadura katea! Hautsi katea, kauen la puta! Hautsi katea!

 

 

INDARRA

 

PERTSONAIA: Hautsi katea!

 

 

ETSIPENA

 

PERTSONAIA: Ezin dut. Alfredo horren eragina izanen da. Alfredo edo Pelé. Alfredo eta Pelé. Pelé edo bele… Baina Alfredo nor da?… Alfredo Di Stéfano izanen da, futbol jokalaria. Futbol puta hori orain ere… Di Stéfano eta Pelé… eta Maradona? Maradonak detergente-hautsak sartzen zituen sudurretik! Azidoak eta baseak. Erantzi ditzagun arropak!… Ez da bertze inor biluztuko?… Jendeak ez du egutegiz kanpoko festarik maite… Berak… berak gorputz polita zuen… azal leuna… Ez zuen barrengo arroparik erabiltzen… Horregatik… euria egitean… soineko argia erabat bustitzean… gorputzaren zuritasun osoa nabaritzen zitzaion… bere beltzune ttikiekin… ilargia bezala. Maitagarria.

 

(PERTSONAIA, mantala kendu, eta aulkian jartzen da. Bere argia pizten du. Inguruan, iluna.)

 

 

OINAZEA

 

AHOTSA OFFEAN: Poliziak, makilaz eta aizkoraz armaturik manifestazioan zihoazen milaka meatzariren aurka tiro egin zuen, ostegunean. Tiroketen ondorioz, 34 meatzari hil ziren. Johannesburgotik 100 km-tara dagoen platino meatzeko langileak dira, marikana hirian.

 

(Iluntasunean, PERTSONAIA aulkitik altxatu, eta ikusleei zuzentzen zaie lehenengo aldiz.)

 

PERTSONAIA: Triste. Zenbat jendek begiak triste. Politak. Baina tristeak. Eta bakarrik. Orain. Hemen. Eta han. Eta haratago ere bai. Zenbat jendek begiak triste.

 

(Ingurura begirada. PERTSONAIA Talakaren oinean dagoen baldera igotzen da. Talakara lotzen duen kateaz inguratzen du bere lepoa. Salto egiten du, eta lurrera erori. Suizidaren pantomima. Etsiturik, aulkian jartzen da PERTSONAIA.)

 

AHOTSA OFFEAN: Grebak indarrean jarraitzen du hegoafrikan, Marikanako meatzeetan. Goizean, ateak itxirik zeuden. Poliziak meatzariak hildako lekuan elkartu dira langile multzoak. Lanera itzuli nahi zutenak ez dira piketeei aurre egiten ausartu. Lehengo astean, sei meatzari, bi polizia eta segurtasuneko bi langile hil ziren piketeen eskuetan.

 

 

LANA

 

(Argia itzali, mantala jantzi, eta, poliki-poliki, panpina zaldiko-maldikoan, prest.)

 

PERTSONAIA: Kakahueteak, kauen la puta! Kakahueteak nahi ditut, eta ez janari zaborra! Hori da! Kakahuetea! Bira bakoitzeko kakahuete bat. Aditu duzue? Buelta bat, kakahuete bat! Buelta bat, kakahuete bat!… Berari txipiroiak gustatzen zitzaizkion. Txipiroiak? Itsasoko galipot zikinarekin?… Hori tinta zela… Bai, zera! Galipot zikina!… Eta Pelék? Zer janen du Pelék? Ez, Pelé ez, bele. Hori da! BELE; zabortegien etsai!… Zakurraren putza beleak, galipotez zikindutako kaioak!… Baina ikusi… ikusi makusi… ez dut inoiz belerik ikusi… Noski! Nola ikusiko ditut, denak uxatzen baditut! Miraria, “Talaka Birakaria” eta zakurraren putza!

      Agian… agian une batez geldituz gero, ikusiko dut baten bat.

 

 

ESPEROA

 

PERTSONAIA: Esperoan denbora luze joaten da… Lanean ere denbora luze joaten da. Lanean aritu gabe ere bai. Denbora. Denbora. Iraganean, harea sartzen zuten ontzietan, denbora ezagutzeko. Baina… baina Groenlandian ez dago harearik! Han dena izotza da! Orduan, Groenlandian ez dago denborarik? Eta zer eginen du hango jendeak? Inuitak. Hori da! Inuitek ez dute denborarik! Inuitek ez dute denborarik begiak irekitzeko eta ez dute denborarik begiak ixteko ere. Horregatik, begiak erdi irekiak edo erdi itxiak dituzte beti!

      Izotza denborarekin urtzen da. Denborarekin ez! Beroarekin!… Baina beroak denbora behar du izotza urtzeko. Nonbait irakurri nuen itsasoa galipot-salda bihurtu baino lehenago Groenlandia aldean bazeudela izotz zati handiak, denborarekin puskatu eta itsasora erortzen zirenak. Eta, azkenean, urtzen ziren. Iceberg izena zuten. ICEBERG! Izen polita erloju batentzat. Baina, horretarako, milaka eta milaka gau eta egun pasatu behar izaten ziren. Beraz, Groenlandian, hemen baino luzeagoa izanen da denbora. JA! Gizajoak inuitak! Lanean hemen baino denbora luzeagoz aritu beharko dira!… Lo egiteko ere denbora gehiago izanen dute. Inuit alu zikinak! Denbora luzeagoa bada, ametsak ere bai! Baina, ametsa luzeegi joanez gero, azkenean aspertuko dira! Norberaren ametsekin aspertzea baino gauza tristeagorik… JA! Gizajoak inuitak!

 

 

DANTZA

 

PERTSONAIA: Eta kakahuetea? E! Kakahuetea!

      Zas… zas… zas… Ziztuka ziztada… Zas… zas… zas… Ziztada ziztuka zartada… Zas! Zartada zas eta zas zartailu-dantzan… Zartailu-dantzan piztiak dantzari dantzan dira ari… Bat eta bi, bat eta bi, dantzariak dantzari loredun kapeluekin… Kapeluak loreekin eta koroak arantzekin… Eta bat eta bi, bat eta bi, eta zas! Zartailua ziztuka eta dantzariak dantzari arantzazko koroekin eta loredun kapeluekin… Bat eta bi ez eutsi utzi niri zas!… Zas! Zas! Zas! Zapiak zarrast!… Utikan zapia! Geure burua ezkutatzeko zapia! Gure aurpegia garbitzeko zapia! Zapia zarrast! Erantzi ditzagun zapiak!… Zapiak erantzi, baina pausoa ez ahantzi… Bat eta bi… Pausoa ez ahantzi… Harriari lotuta, loturari lotuta, tiobibo honi iltzatuta, kateari kateatuta… Eta bat eta bi, bat eta bi… eta hiru?…

 

 

INDARRA

 

PERTSONAIA: Hautsi katea! Hautsi katea!

 

 

ETSIPENA

 

PERTSONAIA: Ezinezkoa da. Hori erraten dute. Batzuek hori erraten dute. Baina zer dakite horiek! Batzuek bertzeek errandakoa errepikatu bertzerik ez dute egiten. Hitzak errepikatzen, hitzak errepikatzen, hitzak errepikatzen loroak bezala. Loro batzuk dira! Hori da! Loroak! Loroak!

      Baina egiatan ezin badira hautsi? Orduan, norbait haserretuko da. Kateak laburtuko dizkidate. Orain, behintzat, katea nahiko luzea da. Lehenago ez. Orduan, denbora guzian “Talakan” egon behar izaten ginen. Ipurdi besta! Ez da batere atsegina denbora guzian aurpegiaren aitzinean ipurdi bat edukitzea. Nik, hala ere, bera izaten nuen aitzinean. Ipurdi polita berea. Kauen la puta! Mundiala!… Ba! Azken finean, ipurdi politenak ere kaka usaina beti! A ze pagotxa! Zabortegiko kiratsaz gain, puzker eta kaka usainetan itoak!… Baina soluzioa bazuen horrek, kauen la puta! Gerritik beheiti erantzi, eta ipurditik bioleta-lorea sartu! Horrela, ikusmira polita eta usain gozoa. Lanean aritzeko giro positiboa! Noski! Hori izanen da ongizatea! Lankidearen ipurdia ikustea ipurtzulotik bioleta bat sartua duela!… Nire itxaropena… Lili bat… Lili bat ipurditik zintzilik… Izanen ote du arantzarik?… Lore bat, lore bi, ipurdietatik zintzilik…

 

(PERTSONAIA, mantala kendu, eta aulkian jartzen da. Beraren argia pizten da. Inguruan, iluna.)

 

 

ILUNTASUNA

 

AHOTSA OFFEAN: Hegoafrikarrek hildako meatzariak gogoratzen dituzten bitartean, istiluak gero eta ugariagoak dira. Hainbat ekitaldi antolatu dira poliziaren eta meatzarien arteko istiluetan hildako 44 lagunen omenez. Meatzariek, senideek, politikariek eta sindikatuetako jendeak parte hartu du. Abesti kristauak kantatu dituzte, zulueraz eta xiloseraz, 18 milioi hegoafrikarrek hitz egiten dituzten hizkuntzetan.

 

(PERTSONAIA aulkitik altxatzen da. Ikusleei zuzentzen zaie, bigarren aldiz.)

 

PERTSONAIA: Zenbat jendek begiak triste, oraindik. Beti bezala. Bertze norbaitek ikusten ote du?… Bereziak bai, baina ez gara bata bertzeetatik hain desberdinak ere.

 

 

BILAKETA

 

(PERTSONAIA zerbaiten, norbaiten bila.)

 

PERTSONAIA: Bertze norbait. Bertze bat. Bertze bat behar dut. Bertze bat, ni bezalakoa. Edo gazteagoa. Ni zahartzen ari naiz; ez naiz lehenagokoa. Bertze bat behar dut esne-bideari laguntzeko. Gazteago bat esne-bideari laguntzeko! Hazi zurrustadarako! Hazia isurtzeko! Makila astintzeko! Astindu makila! Makila, abila, kiskila, inutila… zakila! Astindu zakila! Ni, gaztetan, ilargi beteko arratsetan, ilargiaren biluztasunean, mendirik garaienetara igo, biluztu, ilargiari begira etzan, eta… zaka! Zaka!… Eta kristoren hazi zurrustada isurtzen nuen zeru aldera! Eta, horrela, nire haziarekin eta ni bezalako bertze batzuenarekin, esne-bidea osatu genuen. Gora esne-bidea! Gora esne-bidea! Baina orain ez naiz lehenagokoa. Gazte jendea behar dut, gorputz handiarekin, hazi zurrustada galanta izanen duena! Lagundu esne-bideari! Lagundu esne-bideari! Bertzela desagertuko da! Eta, orduan, eguzkia eta ilargia eta lurra eta dena eroriko da! Gora esne-bidea! Gora esne-bidea!

 

(Zerurantz begirada.)

 

      Kauen la puta!

 

 

OINAZEA

 

(Ingurura begirada.)

 

PERTSONAIA: Harresiak. Harresi zulatuak.

 

(Berriro, ingurura begirada.)

 

      Harresi gehiago. Zulatutako harresiz beteriko eremu zabala. Zenbat nahigabe. Zenbat samin. Nork zulatu ote ditu hainbertze harresi? Nola?… Edozeinek. Oharkabean. Beti badago harri solteren bat. Zuloetatik haize hotza sartzen da. Ni ere hotzak izaten naiz. Batzuetan. Ez beti.

 

(PERTSONAIA aulkian jartzen da.)

 

AHOTSA OFFEAN: 2.000 meatzarik martxa bat hasi dute Marikanako meatzeetan, makilaz eta lantzaz armaturik. Lonmin britainiar konpainiako langileak polizia ugariz inguraturik abiatu dira enpresak marikanatik 5 km-ra duen kareteko meatzera, hango lanak geldiarazteko asmoz. Enpresako arduradunen esanetan, langileen % 4,2 soilik joan da lanera.

 

 

LANIK EZ

 

(PERTSONAIA aulkitik altxatzen da.)

 

PERTSONAIA: Lanik ez da? E! Eta lana? Non da lana? Eta jendea? Non da jendea? Haserre? Atsekabeturik? Triste? A, depresioak jota… Ba hartu pilulak, kauen la puta!

      Jendea bere trintxeretan izanen da; trintxeretan ezkutaturik, ateratzeko beldurrez. Soldadu kakatiak! Trintxeretan, soldadu kakatiak pilatzen dira. Hotzak akabatzen, odoletan blai eta ateratzeko beldurrez. Banaka-banaka, azkenean, denak hiltzen dira trintxeretan. Hildakoen gorpuak lurrean pilatzen dira… eta beren lagunek zanpatzen dituzte! Odolkiak eta tripakiak trintxeretan! Eta muinak! Trintxerak nazkagarriak dira; edo poetikoak. Stanley Kubrickek poesia egin zuen trintxeretan. PATHS OF GLORY! Sasikumea, Stanley Kubrick! Bere kamerarekin lasterka munduko trintxera guziak zeharkatuz. Ama putaren semea!

      Nola aurkitu zituen hainbertze trintxera?… Edonon daude trintxerak. Jende guzia da trintxeretan sartua. Mundua guda zelai bat da! TA-TA-TA-TA-TA eta akabo beleak!… Baina berek bonbak dituzte. Kaka eginen didate buru gainean. Gerra kimikoa! Gerra biologikoa! Gerra eskatologikoa! GERRA ZIKINA!

      Baina, eta orain? Eta bitartean? Orain? Orain, zer? Orain, beleak etorriko dira… edo, igual, talakaren ordez, 50 metroko txorimaloak eginen dituzte. Edo eginak dituzte! Hori da! Txorimaloak! Eta gu ezin gara txorimaloak izan! Txorimalo erraldoiak gure ordez! Horretan ibili dira! Haize errotak zirelakoan, eta txorimalo erraldoiak dira. Haize errotak ikusten genituen, eta kaka!... Txorimalo erraldoiak! Gureak egin du! Gureak egin du! Haizea gure partez, haize errotak gure ordez. Haize errotak zirelakoan, haize errotak zirelakoan… Eta orain ez dago Kixote erorik beren kontra joko duenik lantzaz armaturik, eta Sancho Panza eta Olentzero eta Gargantua, lehertu arte lukainkaz ase! Gureak egin du! Gureak egin du!

 

(PERTSONAIA aulkian jartzera doa.)

 

AHOTSA OFFEAN: Meatzariek jasotako eskaintza onartu, eta bertan behera utzi dute Marikanako greba. Grebalariak Marikanako futbol zelaian bildu dira, gaur, eta batzarrak baiezkoa eman dio soldata % 22 igotzeko eskaintzari. Lortutakoa garaipentzat jo dute meatzariek, eta ostegunean itzuliko dira lanera. Lonmin britainiar konpainiaren eta langileen arteko akordioak greba luze eta odoltsu bati ematen dio amaiera, zeinean 45 lagunek galdu duten bizia istiluetan; haietarik 34 poliziaren tiroen eraginez hil dira, gainera.

 

 

INDARRA

 

(… baina aitzurra hartzen du.)

 

PERTSONAIA: Oraindik ez! Orain ez! Orain ez! Hautsi katea! Oraingoan ez! Hautsi katea! Isildu loroa! Isildu loroa! Isildu loroa eta hautsi katea! Hautsi katea!

 

(PERTSONAIAk Talakari erasotzen dio.)

 

 

MINUTU BATEKO ISILUNEA

 

PERTSONAIA: Loroa isildu da. Betiko. Bai, betiko. Loro hau behintzat bai.

      Eta orain? Orain, zer?… Agian, beleak gailenduko dira. Txorimaloak egiten badituzte, ez! Baina ni ezin naiz txorimaloa izan. Zakurraren putza beleei eta txorimaloei!

      Eta zer eginen dut nik? Behingoz arropak erantzi?… Ez, oraindik ez. Katea laburtuko didate. Ziur! Kateak laburtuko dituzte!… Nik, badaezpada, bioletak landatuko ditut. Hori da! Lore pila bat landatu behar dut, badaezpada ere!… Gora gu eta gure ipurdi loratuak!

 

(Dena geldirik, PERTSONAIAren inguruan. PERTSONAIA bera ere gelditasun horretara ohitu behar. Mugimendua desagertzen da. Soinua desagertzen da.)

 

 

AGURRA

 

(PERTSONAIA ikusleei zuzentzen zaie, azkeneko aldiz.)

 

PERTSONAIA: Ikusi duzue, ezta? Berak bezala. Guk ere ikusten dugu. Eta ez dugu ikusi nahi. Edo ez dugu asmatzen. Eta hau ez da asmakizuna. Baina antzerkia da. Edo ez?

 

 

ILUNTASUNA

 

AMAIERA