www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Gabon zar bat eta beste ipui asko
Alfonso Maria Zabala
1880-1889, 1962

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Gabon gau bat eta beste ipuin asko, Alfonso M.ª Zabala (Antonio Zavalaren edizioa). Auspoa, 1962

 

 

aurrekoa hurrengoa

BATAIOKO AIDAGOA

APAIDIÑA ETA SEME-PONTEKOA

 

        Bein batean omen zan guraso bat txit beartsua, ain pobrea, nun etzuan kornadu edo pelat bat jantzitzeko jaiotzera zijoakion zortzigarren semea, ez ta ere beste zazpirak eta emaztea bazkatzeko.

        Egun batean atera zan etxetik etzualako biotzik aditzeko bere emazte eta semeen negar tristeak, bada guztiak erabat eskatzen zioten.

        Bai omen zijoan, bai omen zijoan, eta egun guztian ibilli ondorean, arratsalde aldera sartu omen zan basamortu batera, emen arkitzen zan koba zulo batean gaua igarotzeko asmoan, nun (bere suerterako) bizi ziranlapur edo bide-ebasle samalda bat.

        Lapurrak, gizon arrotz ura euren bizi-lekuan ekusi zutenean, txit mirariturik, galdetu omen zioten: ea zer billatzen zuan bazter aetan, eta gure gizonak arri eta zur egiñik, erantzun zien:

        —Jaunak, naiz zorigaiztoko gizon bat, iñori kalterik egiten ez diot, atera naiz etxetik zergatik nere emazte aurdun dagoanak eta gure zazpi semeak ogia negarrez eskatzen ziraten; nik ez neukan ogirik, ainbat gutxiago nun irabazirik, emazteak ere ez dauka nun bildurik, egun gutxiren epean jaio bear zaion zortzigarren semea, eta aen penak ezin eramanik igesari eman diot.

        Bide-ebasle aen buruzaria urrukitu zan gizon gizajo artaz, eman zion apari gozoa eta egun sentian, erregalaturik diru-poltsa eta zaldi azkarra:

        —Zoaz —esan zion— zure pamiliarengana, eta zortzigarren semea jaiotzean gaztigatu nazazu, bada zure baimenarekin ni izango naiz arren aita-pontekoa.

        Arin ta pozkidaz beterik biurtu zan beartsu ura bere errira.

        Etxera zaneko, itxedoten zegoan semea jaio zitzaion, eman zion emazteari poltsa dirua, eta berealaxe itzuli zan lenago adierazi degun koba zulora, esan zion bide-ebasleen buruzariari zer gerta zitzaion, onek eskeñi zion gau artan joango zala eleizara eta kunplimentu emango ziola emandako itzari.

        Ala egin zuan, eta aita-ponteko izateaz landara, erregalatu zion aurrari urre-pillo galanta.

        Andik egun batzuetara aur ura iltzera gertatu zan, eta joan zan zerura. San Pedro arkitzen zan atean eta esan zion:

        —Sar zaite, aurra.

        —Ez naiz sartuko, nere apaidiña nerekin sartzen ezpada.

        —Eta, nor da zure aita-pontekoa? —galdetu zion santuak.

        —Bide-ebasle batzuen buruzaria —erantzun zion aurrak.

        —Bada, nere maitetxoa, zu sar dezakezu, baña ez zure apaidiña.

        Aurtxo ura exeri zan, tristuraz beterik, barrena sartu gabe.

        Benturaz bezela igaro zan andik Birjiña Maria, eta aur eder arren pena ekustean, galdetu zion:

        —Zergatik sartzen etzera, nere maitea?

        Aurrak erantzun zion etzuala sartu nai bere aita-ponteko gabe; eta San Pedrok esan zion Ama Birjiñari nor zan apaidiñ ura, eta etzala posible ta lege orrelako gizon gaiztorik zeruan sartzea.

        Aurra orduan belaunikatu zan bere eskutxoak gurutzaturik, eta negar ta negar egiten zuan. Nola Maria dan ama txit bera, urrikitu zan arren negarrakin, alde egin zuan, baña bereala itzuli zan edontzi edo kopa bat eskuetan zuela.

        —Tori —esan zion aurrari emanaz—, arkitu ezazu zure aita-pontekoa, eta esan zaiozu, damutasunezko negarrekin edontzi au bete dezala, eta orduan zeruan sartuko dala. Jarri itzazu zillarrezko ego oek, eta zoaz egaan.

        Lapurra zegoan lotan arkaitz baten gañean, sutunpa esku batean eta puñala edo ukabizia bestean zituala; esnatu zanean ekusi zuan bere aurrean eseririk aur eder bat, zillarrezko egoak sorbaldan eguzkiak bezela diztillatzen zutela, eta eskutxoan edontzi bat zuela.

        Lapurrak igortzi zituan begiak, iduripen edo ametsen bat zualako.

        —Ez zaude ametsetan —esan zion aurtxo arrek—; ni naiz zure seme-pontekoa, eta nator zu zerura eramatera, zergatik egin didazun pontean edukitzeko mesedea.

        Azaldu zion zearo zeruko atean gertatu zitzaiona Ama Birjiña eta San Pedrorekin.

        Orduan ireki zan lapurraren biotza mingrana bat bezela. Ainbesterañokoa izan zan bekatuen damua, nunbere bi begiak ixuri zuten negarra iturri bik bezela, eta penaren poderioz illotzik geratu zan. Aurrak urrezko edontzian batu zituan negar malko aek guztiak eta eraman zion Ama Birjiñari aita-pontekoaren arimarekin batean, eta biak sartu ziran zeruan; bada Jaungoikoak ez du nai pekataria betiko galtzea, baizik gaiztoa izan bada umiltasunarekin barkazioa eskatu eta zeruratzea.

 

A. Zabalak euskeratua

 

«Euskal-erria», (1880)

 

aurrekoa hurrengoa