www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Gabon zar bat eta beste ipui asko
Alfonso Maria Zabala
1880-1889, 1962

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Gabon gau bat eta beste ipuin asko, Alfonso M.ª Zabala (Antonio Zavalaren edizioa). Auspoa, 1962

 

 

aurrekoa hurrengoa

ORI EZ DEK IRRINTZIA;
ORI DEK ARRANTZA

 

        Legazpiarrak, azkarrak eta erneak diralako sona dute, bañan azkarren artean ere kirten antzeko batzuk sortzen dira, pasadizo onek aditzera emango duan bezela.

        Aiztorrondon jaio, azi ta bizi izan zan artzai gazte bat joan zan bein batean konpesatzera Legazpiko abada batengana, asi zuten konpesioa, eta ez dakit orain zeren gañean, esan omen zion abadeak, ia zerbait zeukan.

        —Bai, jauna, badaukat —esan zuan artaiak.

        —Zer daukazu ba?

        Bañan artzaia omen zegon ixilik, eta noizik bein burua jiratuta, kanpora begiratzen zuala.

        —Esazu, esazu bildurrik bage dezuna, —esaten zion konpesoreak—; pekatu egiteko lotsatu bear da eta ez konpesatzeko.

        —Nik ezin esan dezaket ba egin dedan pekatua —erantzun zion azkenean ere artzaiak.

        —Zergatik ez ordea?

        —Zergatik emen dauden auek adituko duten.

        —Esazu ixiltxorik.

        —Ezin liteke ordea.

        —Beraz, beste lekuren batean esan bearko didazu?

        —Bai, nai badu.

        —Goazen ba korura eta an esango dezu.

        —Goazen ba.

        Igo ziran bada korura, eta ara emen artzaiak egin zuan konpesioa:

        —Ez dakit berorrek jakingo duan, nola ezkontzen naizen Kortako alaba gaztenarekin? Bada, lengo Ostegunean Arri-urdingo zelaian nere ardiekin nebillela, ikusi nuan zijoazela Arantzazura nere andregaia eta bere ama, urruti xamarretik ezagutu nitun, eta nun nengon aditzera emateagatik olaxe irritzin egin nien: Ji... ji... jiiiiii...

        Eta egin zuan irrintzi bat, eliza guztia aidean ipiñi zuana, esanaz konpesoreari:

        —Ara emen nere pekatua.

        —Ago ixilik, kirtena! —esan zion abadeak aoa eskukin estaliz—; ori ez dek irrintzia, ori dek arrantza, eta i bezelako astoak errotan obeto zeudek elizan baño.

        Eta utzirik koruan artzai iñozoa joan zan bere konpesonariora, itxogiten zeudenak konpesatzera.

 

Alfonso Mª de Zabala

 

Euskalerria, XIV, (1886)

 

aurrekoa hurrengoa