 |
TRAJERIAREN ÜNDAR PHARTIA
(Barbera jin zamariz)
Barbera
Jente hünak, jiten niz
egün herri hüntara,
zuiñ hau deitzen beita
Konstantinople herria
Hau naizela, aren, Barbera
egün zien herrian,
aprobazionez kestione
mintzatüren niz mementian.
Hünen beste jente heben,
güziak ene haidürü;
hartakoz behar düt
berhala jauregi huntan sarthü.
Hebenti mintzatüren niz,
eta lanian ariko;
nik sendo-erazten dütüt
eritarzün suertiak oro.
(Igan triatiala eta jar.)
Jente hünak, huillan zitie,
eri blesatü güziak,
konkor, xainkü, begi-bakhotx
ütsü, mütü güziak.
Haginian min düzienak,
abis bat nahi badüzie,
hüra zuiñ zien etxetan
aisa eginen düzie.
Haginian min düke gizon batek,
eta eskiez ezin idok;
nik emanen deiziet abis bat
eginen beitüzie orok.
Nik ikhüsi düt Bersaillen
hazienda-büria hortzak batere ez /higitzen
tripa saldan egos eta
güziak esküz khentzen.
Jente hünak, hori
aise eginen düzie,
minik haboro ezdükeziela
ni bermatzen nitzaitzie.
Eta orano beste alde,
badüt erremedio,
neskatilek berek nahi dütien
senharrek ükheiteko.
Neskatilek preferatzen die
mantharik gabe ebiltia,
eta erremedio haren
botigan erostia.
Nik ikhüsi tüt neskatilak
Pariseko hirian,
bere martxandiza saltzen
beste muienik etzianian.
Neskatilak, eros ezazie
arragretik gabe,
nünbait arranjatüren gira
martxandizala gabe.
Nahiago dit erremediua
merke konposatürik,
hari phütz bat egin eta
hüra eman kitorik.
Gero ezküntüren zirie
phütz-egile zünbaiteki,
ohian büriak untsa kükütürik
berotüren algarreki.
Hantxeko huak ere
ezkontü dira aitzineko egünetan,
bena errexistruak egin dütie
nünbait, zokho horietan.
Khündia behar balüte,
bai eman hebenxe;
erran liote egin dütiela
nünbait piragainkaxe.
Orai zien presentziak
plazer balin balü;
nahi nintzate kargü hau beno
handiago batetan sarthü.
Jaun-anderiak, zien botzetan
behar naizie izentatü;
nahi nüke sarthü maiatzian
Parisen depütatü.
Ene eletzionian,
aski botz ezpada,
maiatzian emanen deitade
asto güziek bedera.
(Kaniko jalkhi esküñeti. Paseia.)
Kaniko
Jauna, hau naizüla
eri miserable bat,
züre sokhorriari
aprezatzen den bat.
Malür bat ükhen dit
iragan astian,
errekuntra dezadan
künpaiña bat auzuan.
Barbera
Jar zite lehenik hortxe
kaidera hortan gaiñian,
xüti egoitez, aments,
akhit etzitian.
(Jar Kaniko)
Esplika zaite orai,
ene jaun maitia,
eta erradazüt zer gisaz
zü ziren kolpatia.
Kaniko
Jauna, erran den künpaiña hartan
gustian nintzalarik,
ene emaztia hara jin da
üdüri errabiatürik.
Bazkaitan ari zütüzün
güstian algarrekin;
ni ere hara juan nündüzün,
botilla bat ardürekin.
Erhatz bat banizün
ekharririk nihaurekin,
hartaz eman ditazü ehün ükhaldi
gütien gütieneti.
Beste aldiz ere, Jauna,
pegesa baten gaiñeti,
paso batez ezarri zitazün,
pipa frikazeiatürik.
Barbera
Ha! Emazte gaixtuak,
holaxe egiten düzie;
senharrak maite ezpatüzie
joka erabilten dütüzie.
Zeren espeitie ükheiten ahal
berek maite dütien hürak;
hartakoz, emaiten dütie bester
ogenik gabe olhuak.
Emaztekin ezta
seküla fidatzeko;
horra nün zirien hirriskian
biziaren galtzeko.
Jauna, nezesari da
prüdenki aji nadin;
aments, kolpü horietarik
heben berian hil etzitin.
(Bisita eta mintza.)
Aiei, eta jauna, bexküra horiek
oro kolpiak dütüzü,
üstez züre koloria zünian
abantzü nüzü trünpatü.
Kaniko
Jauna, so egin ezazü untsa;
nezesari da so egitia,
ezi ene egitez ere arrastan
badit segürki beltx airia.
(Barberak so egin eta mintza.)
Barbera
Orano enian ikhüsi
kolpü horien parerik;
areta, ene denboran
zunbait eri bisitatü dit.
Sangre bat behar düzü
lehenik zankhoti,
odola behera
eraits dakizün bürüti.
(Seiña eta mintza.)
Orano züre odola
alteratürik da biziki;
beldür nüzü erremedio
eztügün orano aski.
Labamentü bat behar zünüke
odolaren freskatzeko,
eta ez heben lagünik
haren emaiteko.
Kaniko
Jauna, eztit nahi
ihür ere lagünik;
nihaur egonen nüzü hortxe
üzküz gora jarririk.
Barbera
Alo, aren, jauna,
zük bihotza hün düzü;
denborarik galdü gabe
hartü behar düzü.
(Eman aiüta.)
Kaniko
Aiei, aiei, jauna,
eztüzü khausitzen xiluoa;
ifernian erre balitz
xiringa horren mokua!
Barbera
Zaude ekhürü, aren;
kilika düzü üzkia!
Sühartüren zaizü ziluoa,
gizün milla debria.
(Erretira. Sonu. Barbera jalkhi paseiüz.)
Barbera
Jente hünak, ikhüsi düzie
ene operazionia,
nüla sendo-erazi düdan
gizon blesatü hüra.
Sangria beno hobe da
orano labamentia,
zeren zaphoratzen beitü
barne kurrunpitia.
Labamentiaren operazionia
difizil da, popülia,
zeren aisa beita küntreko
ziluoaren atzamaitia.
Süstut, neskatiler
neke da aplikatzia
zeren aisa beita
biez bat egitia.
Bizkitartian ausartago dira
berak Barbera beno;
hartakoz baratzen dira
trunpatürik gero.
Presuna bakhoitxak batü
bederatzü zilo,
eta haietan bat baizik
ez labamentiarentako.
Jente hünak, erredazie gero
gaitz denez trunpatzia;
ezta, ez, mirakuillü üsü
heltzen bada desordria.
Hanitx neskatilak
ekhar-azten die Barbera
eta gero behar berek nahi
düten lekhian xiringa.
Zünbait malür ezda heltzen
izanik ere Barbera;
ikhüsi dügü baratzen
üzkü-ziluoan xiringa.
Eta gero hüra
emeki-emeki hantzen;
bederatzü hilabeteren bürian
berriz operazione egiten.
Jente hünak, horra
nüla agitzen den;
abis gaistuoaguoak dira
batzietan üntsa phakatzen.
(Erretira. Sonu. Kaniko jalkhi.)
Kaniko
Eztüt beste berririk entzüten
orai bazter orotan,
baizik nahi direla libertitü
güre uhuretan.
(Ürhatsa khexa.)
Areta, mila debria,
pentsatzen dit nurk erran dian,
bena beldür niz bidaje bat
enekin eginen dian.
Banua; behar düt orai
mementian zedülatü,
bai eta sekülakoz
presuntegian zerratü.
(Erretira. Sonu. Kürriera jin zamariz.
Salhatan jalkhi.)
Kürriera
Jauna, letera bat
badit zuretako;
aski gomendatürik niz
xüxen emaiteko.
Salhatan
Erremestiatzen zütüt,
jauna, züre phenaz;
zerbait inportantzia
hola diozünaz.
(Salhatanek irakur letera;
paseiüz. Gero mintza.)
Salhatan
Zeren debrü behar düt juan
jüjiaren aitziniala?
Jente gaisto da batzütan
ikhüstia sobera.
Behar bezala ezpeitüt
ihün gezürrik erran,
ezpadie entzün nahi,
eztie egin behar.
(Erretira. Sonu. Kürriera jin zamariz;
mintza lürreti.)
Kürriera
Badeia ihür ere
audientzia hortan?
Ezi badit istoria franko
paper eli batzütan.
(Presidenta jalkhi.)
Presidenta
Ikhüsi itzak hünat
eia zer dioten;
Pariseko berriak
düda gabe heben.
Kürriera
Jelos nüzü hatik
othe direnez hantik;
huillanagotik ere
berri xarrak sendi tit.
(Paperak har. Kürriera juan.
Presidentak irakur paseiüz ixilik;
gero mintza.)
Presidenta
Ago, milla debria!
Heben düguia erreboilta?
Baia emaztiak hasi
senharren phanpaka?
Bada mira barberak
ezpeteit deüs erran;
areta, ikhüsi düt
orano egün goizan.
Behar düt, bai, irakurri,
gure audientzian;
behar dügü libertitü
arratsaldi hüntan.
(Erretira. Sonu. Kaniko jalkhi. Paseia.)
Kaniko
Ale debrien egina,
holako kartiera!
Berri-kharreiazaliak
bethi badireia?
Ala fortüna tristia,
betzait eni gerthatü;
orano ere behar dit
tribülazionian sarthü.
Helas! Thürmentü düt
bethi lekhü orotan;
bat ezin süporta
eta gero berritan.
Hürrari behera duenak ere
zer nahi phentsatzen dü;
hartakoz behar dit egia
gezürriala khanbiatü.
Behar düt abantzatü
nihaurk abiatü,
aments püblika dezen,
pleinta bat phausatü.
Ikhüsi gütien huak
behar tit zedülatü,
berria barreia eztezen,
jüstiziaz kreintatü.
Ordian gero hürak
beldür beitiateke,
halaz ene ühüria
gorderik dateke.
Egiteko horrez
behar düt orano kontsültatü
eta gero ahalaz
fite zedülatü.
Ha! Debrü emazte gaixtua!
Hik dün hori khausatü;
lehenik olhuak behar eta
gero ahalkia pasatü.
(Jalkhi Barbera eta presidenta.)
Presidenta
Behadi hünat, Kaniko!
Horik zer jesto dütük?
Gizun hoiek zer gisaz
zedülatzen dütük?
Kaniko
Jauna, amurekatik
ihün eztitian mintza,
malerus horiek beitie
bethi zerbait pleinta.
Barbera
Zer debrü nahi dük? Hoiek
eztie deüs deklaratü.
Ala hik behar dük
herria gobernatü?
Nahi badük herria
ixilik etxeki,
goizetan behar dük
orai beno goizago jeiki.
Kaniko
Bena nahi tit menazatü,
ixilik egoiteko;
kapable beitira solazaren
aitzina phusatzeko.
Presidenta
Bena, debrü gizona,
hori zer solas dük?
Garbiki mintza adi.
Gü ignorant gütük.
Kaniko
Bazakit nihaurek
zertaz mintzo nizan;
nahi tit etxeki
amiñi bat kreintan.
Barbera
Zer kreinta nahi dük hik
herrian phausatü?
Hitzaz eztük ihur
izanen enbrasatü.
Presidenta
Bena, maradikatü gizona,
hik badük zerbait goguan.
Eztük nahi ezarri araber
ignoranta jüstizian.
Kaniko
Bena beitakite nurbaitek,
emaztiak ni jo niala,
hartakoz nahi tit erakharri
eztitian deklara.
Eta naski deja
hasi beitie geia,
nahi dit bara ditian
errerik üzkia.
Barbera
Ha, ha, ha!
Hori dük, hori! Debria!
Hiaurek beno hobeki eztik ihurk
barreiatüren berria.
Presidenta
Heben orok jakinik ere,
ezpeita harat heltia,
hiaurek Sabantürik
ezarriren dük jüstizia.
Barbera
Eta hori hala bada
hiaurek eztakila?
Nüri nahi dük horrez
eratxeki külpa?
Ixilik egon bahendi
eta etxerat itzül horti,
hiaurrek ezarriren dük
saltsa kharatsegi.
Kaniko
Eztiat batere axolik
zer nahi beita den.
Nahi dütüt kreintatü;
ezteret pharkatüren.
Presidenta
Jaunak, hau düziela
gizunaren büria;
abil, abil, juoan adi
eta liberti-eraz mündia.
Kaniko
Banua bertan halere,
denborarik galdü gabe;
bihar zortziko
zedülatürik beitire.
(Erretira)
Barbera
Gizon hüra juan da,
ürhatsa aski üsü.
Alo, jaunak, gük ere
erretiratü behar dügü.
(Erretira. Üxera, presidenta eta
Luzien jalkhi eta jar.
Gero, Salhatan eta Kaniko jalkhi.)
Jinkuoak egün hun deiziela,
kunpaiña ohoragarria;
badakizie zer gisaz den
gure bidajia.
Halaz xüxen jin niz,
hartü günian orenian;
horra nün düdan külpablia
ekharten neürekilan.
Üxera
Jaunak, behar dügü
exenplia phausatü,
eta kalomnia-erailia
gaztelian zerratü.
Presidenta
Ditzagün biak entzün,
prozesaren jüjatzeko;
ageriko da, defautian
zuiñ diren aitzinago.
Luzien
Kontzentziaren erditi
erran ezadazü, Salhatan,
eia ikhüsi düzünez emazterik
senharrari jokan.
Jauna, ene arrazuoa
bethi gisa bat düzü;
ikhüsi eztüdanik eztit
seküla deklaratü.
Luzien
Egia erraiteko
hala behar da, Salhatan.
Zeren erauntsi düzü Kaniko
hunentako pleintakan?
Salhatan
Enetako lükezü bada
jaun hau obligazionetan;
Nik begiratü ezpanü,
emaztiak hilen baitzian.
Luzien
Egün zortzi jinen zira
zure emaztiareki. Kaniko.
Ordian badit zier
bi hitz erraiteko.
Kaniko
Ene prozesa, hartan
düzieia jüjatü?
Nahi dit Pauberat
plainta deklaratü.
(Erretira berhala)
Luzien
Jauna, idek azü bethi
ahalaz elhe güti;
egiak ere eztizü
erran behar bethi.
Erretira zite orai,
nahi zirenian,
eta ez jin haboro
diskus horiekilan.
(Salhatan erretira eta bestiak ere
gero berhala. Sonu. Satan jalkhi.)
Satan
Soizie, soizie, xorrotx hek
neskatila haien kota-petan.
Maradikatiak, ezar itzatzie
eskiak sakola horietan.
Zeren hor beitie zunbait sos
etxekuer ebatsirik,
üzkü-zilo horietan aldiz
sei-arditeko bat baizik.
Areta, hüra ere ez da
segürki hanbat küriusa,
xürian balin badie
oihal gorriaren buketa.
Marixalak, bil ezazie
bost liberako horietarik,
zeren ezpetzaizie biltzia permis
erregeren figürarik.
Hunak oro biltzen tügü
ifernüko maseko,
zeren ezarri beitü
Frantzia trublatürik oro.
Jente hünak, hori
aisa da künprenitzeko;
ifernialat jiten zirenian
han dütüzkezie oro.
(Erretira)
(Jüstizia jalkhi eta sonü.
Belxitina, Kaniko jalkhi. Oro jar.)
Luzien
Erradazü, anderia;
zük kolpatü düzia jaun hori,
bai eta bizkarrian
erhatz-giderra hautsi?
Bai eta beste hanitx aldiz ere
pasokaz pipa hautsi?
Holako plainta franko
ekharri beitie eni.
Orai erradazü, horiek
egiak direnez, Belxitin;
egiak balin badia behar düzü
gaztelian sarthü mementin.
Belxitina
Jauna, nik eztiot horri
holako lanik egin;
ixilik egoiten ahal düzü
bere astokeriekin.
Kaniko
Erran. Hik enünduiana
erhatzaz jo ederki,
ündarreko behor haren
tratiaren gaiñeti?
Ehintzana hiaur jin,
bohorra hartürik,
baizik eta bazütiala
harek defaut handik?
Ordian enünduiñana ezarri
odol gorriz betherik,
jenten ahalkez egon benintzan
hiri südürra hautsi nahirik?
Hire eskü idorrekin
den gütienian pasoka
hireganatüz geroz, sakolan diñat
hogei eta hamargarren pipa.
Beste hanitx aldiz ere
ahalke ezpanintz aiphatzia,
lübürü bat egin laiten
Graduela bezaiñ handia.
Luzien
Gizüna, behar zünian
zihaurek ere abisatü;
emazte gaixtuoari
ezta behar fidatü.
Presidenta
Ala, prozes drolia!
Etziradeia ahalke?
Hebeti kanpo egoiteko,
ziek propiago zinezteke.
Zihaurek üdüri feitak
etxekiten dütüzie;
biak gaztelian sartzia
merexi zünekie.
Üxera
Süjet horreki etxian
egoiten ahal zinaudian;
holakorik ezdügü ikhusi
orano audientzian.
Gizonak behar dü bai izan
aski asto purro,
emaztiaren arrazak
gisa hortan joiteko.
Luzien
Zuazte fera futre,
ene aitzineti,
ziek etzirade hün
alkharrekilanko beizi.
Ezi jiten bazirie
haboro ene gana,
ziren bidajiak
badüke zerbait phena.
(Sonu. Erretira plaiñantak; gero jüstizia.
Praubiak jalkhi bi aldetarik.)
Juanes
Nüla iz, Gilento?
badüka osagarririk?
Nüla deramak denbora?
Ükheiten düka amoinarik?
Gilento
Ene lagüna, tranquil bizi nük;
eztirat arranküra handirik.
Ene hünak ezin arranjatüz,
eztiat enbrazürik.
Ene etxiak, lürrak eta kabaliak oro,
ezinago untsa dütük.
Nik zer jan balin badüt,
untsa baizik ezin izaten nük.
Balin badüt zerbait bildürik,
alagera nük ordian;
pintü ardü zunbait edaten diat
sakolan diharü düdanian.
Bena orai jentiak gaixtotü dütük;
eztie sinhesterik amoinan.
«Jinkuoak eman dizaziela» erran eta
üzten die praubia borthan.
Beste zunbaitek erraite die
«Nürk iraiñ lio prauber emaitez.»
«Oüntsa eginen düzie,»
«gü bezala tribaillatzez.»
Beste zunbait badük karitatüsxago:
Artho-buxi bat emaiten die.
Bena hura eman beno lehen Pater /eta (Abemaria)
hamarretan erran-erazten die.
Nüspaiko denboran ohart nük
aiphatzen banian Jinkuren izena,
emazte xahar eli batek betzeitadan
emaiten nahi niena.
Zünbait nahi merkhat-egünez
egiten düdan oihü handirik;
bena orai denbora khanbiatü dük;
ezin ükheiten diat tolosarik.
Erraiten diat merkhatzaler:
«Emadazie zerbait, jente hünak.
«Erreküntrü gaixtuetarik
«begira zitzela Jinkuoak.»
«Eman dezaziela grazia
«etxilat irüski ützültzeko.»
Bena haboruoak baduoatzak
deüs khüntürik egiteko.
Deüs emaiten eztien haier
erraiten diat ene bihotzeti:
Bizkarra eta lephua hauts ditzatziela
jalki gabe merkhatüti.
Segür da ene maraditzioniak
sartzen zaitzela zünbaiti,
ezi hilik edo kolpatürik
merkhatü-bide horietan badük bethi.
Jinkuoak begira litzake
eni amoina egin baleze,
bena taharnetan horditzeko
dihariak begiratzen tie.
Barneko malezia zaharrak
agertzen zitzek orditü onduoan,
eta makhila-khaldüz hasten dira
algarren kuntre ordian.
Zihauriek ikhüsten düzie, jente hu /nak,
zonbat malür heltzen den;
amoina eni egin gabez
horiek oro dirade gerthatzen.
Juanes
Oüntsa mintzatü iz, Gilento;
egia handirik erran dük.
Bena haregatik horietan gainti
zünbait karitatüsik badük.
Parropia hünez etziruat erran;
heben jente hünik badük.
Biarnon eta Nafarrian beno
milatan karitatüsago dütük.
Heltü nük ni horietan gainti,
emaztiak berak ziradianian;
sükhaldiala sar onduan
galthatzen niana ükheiten benian.
Emaiten ditade lehenik
beraiek artho-bürü ederrik;
hürak ükhen onduoan galthatzen diat
xinkhor bat Jinkuoaren amurekatik.
Hürak ükhen onduan erraiten diat
Pater bat eta Abemaria bat,
eta ardürik balin bada galthatzen
edatera kolpü bat.
Erraiten dik etxeko anderiak
berhala neskatuari:
«Abil, Maria, ekharran gathülü bat /ardu,
«gizün orazione-erraile horri.»
Holako jente zünbait nik
edireiten diat heben ere,
eta haier emaiten
milla beneditzione.
Orai ere badiat xinkhor bat,
etxe hüntan ükhenik;
mestüra-buzi batzü eli bat ere
goiz hüntan bildürik.
Beste aragi-poxi bat ere
ogi-zerratto batekin;
neskatilla batek eman diztak
lehen lehen etxian.
Hik balin badük beste haiñ beste
janen tiagü algarrekin,
edo bestela jin adi
botilla bat ardürekin
Gilento
Nik ere ükhen diat bai
hortxeko etxe hortan,
xinkhor bat propirik
mestürarekilan.
Eltze handi bat bazian;
bazkari die gisala.
Segür nük jente horiek oro
khümitatürik direla.
Nüla sü handi bat baitzen,
han erre diat xinkhorra;
agian hüra jatian
arduoa ükhenen niala.
Bazko biharamenareki,
etzükeia ez mirakuillü,
ükhenik ere hüra jatian
Bizpahirür ardu kolpü.
Juanes
Jente horietan bildüko dük bai
zünbait bi-arditeko;
erran ezek behar diala
familiaren hazteko.
Gilento (Galtha)
Jente hünak, emadazie
othoi zünbait sos bakharño;
familia handi bat dit
eta inkomodatiak oro.
Erranen deitziet orazioniak
hitz bat hüts egin gabe,
Jinkuoak lagünt zitzaten
malürik ükhen gabe.
Pater noster at boniat,
fiat bolont astoooooa,
et ne nos inducas in tentazionen,
set libera nos a malo. Amen.
Abe Maria domines tecon,
et in terra imilieribus. Amen.
Errekien donais domine.
Loria patri. Sikut erat. Amen.
Ene lagüna, eztiot
ardit bat ere ükhen.
Segür nük ardü horren prepausa
entzün diela erraiten.
Juanes
Ene lagüna, Üharterat
behar diagü phartitü.
Pillart-enian janen diaigü,
deüs ükheiten badügü.
(Erretira. Sonu. Hirür satanak jelkhi;
Sataneri, mithilek atxiki beso-onduetarik.)
Satan
Jaunak, errabiamentü bat
badüt bihotzian sarthürik,
ezin beitirot ükhen
ihün errapausürik.
Jupiter
Sira, eritarzün horrek
behar dizü erremediatü;
labamentü bat berhala
behar düzü hartü.
Buljifer
Sira, Jupiterrek dizü,
züre gaitza ezagütü;
hartan gaiñen berhala
erremediuoa phentsatü.
Üzkiaren üzkia baizik
ezta beste izenik formatü;
hartakoz aiütaren hartzeko
behar düzü preparatü.
Satan
Bai, ene kanuoak bethi
thiratzen dik okher;
astalila giña eta
südürra dik atzemaiten.
Buljifer
Jupiter, nik etxekiren diat
errege beso-ondoti;
hik aldiz eman ezok
salda gibel-aldeti.
(Eman labamentia.)
Satan
Jaunak, ene gaitzeti
aiütak nai edeki.
Phena hartü düziena
phakatüren deiziet sarri.
Jupiter, ezagützen ait,
espiritüz penetrant.
Erresumako enperadore
orai izentatzen haut.
Sira, züre izentatzez ene
enperadore erresümako,
kuntent dira mündü oro,
sarri benaie ezagütüko.
(Erretira. Sonu. Belxitina jalkhi.)
Belxitina
Zer ikhüsten düt orai ere
heben hainbeste jente?
Aizuoak eta oro
kargatürik hebe.
Gützaz erri egitera
dirade bai bildü.
Ala fortüna tristia!
Behar düt desesperatü.
Ha! Maradikatua hi!
Debrü Salhatan handia!
Zorigaixto zela hire
güre etxian gerthatzia.
Hiri banjatü nahiz
behar diat galdü bizia;
seküla eztük zesatüren
ene malezia.
Ha! Bohor-arrazak orok
leher egin balü;
süjet hünen kausa
ordian zen formatü.
Ha! Madarikatü gizünak
eza emaztiak sinhetsiko
deseiñian direnian
gaizen begiratzeko.
Hobe deia, aren
kanpokuekin igortzia,
gero, finitü denian,
etxian aharra emaitia?
Ordian izanen dira
emaztiak edale handi;
ezdü ez barrikak senditzen
zunbait arrüsta gati.
Hobeki senditzen dü bai
zintzür lüze horieki,
batzietan ezpeitira kuntent
bira pintarekin.
Areta orano segür
gero dük bai bihar;
eztükek hortarik, Kaniko,
erreproxürik egin behar.
Bestela izanen dük
orano süjet haboro;
ezteiat pharkatüren,
balira ere debriak oro.
(Jupiter eta Buljifer jalkhi.)
Jupiter
Buljifer nizanaz geroz,
enperadore erresümako
badiat, aren bothere
hire manhatzeko.
Buljifer
Seküla ehait nahi
ezagütü bürüzagi,
zeren ezpeiteiat ikhüsi
astokeriarik baizik.
Jupiter
Eztük zer erran, to,
nitan badela astorik;
bestela erranen die
hitara nizala süsatürik.
Buljifer
Eztiat estüdiatü nik
instrükzione hun baizik;
hik zer erraiten dian ere
ene ustez eztakik.
Jupiter
Badüt büria hün badüt gaixto,
bürüzagi nük hiretako,
izendatü benai Satanek
enperadore erresumako.
Buljifer
Erresumaren gobernatzeko
gizün bürü-hüna ezarri dik;
hitaz ez ahal dik ihurk
eginen khuntü haundirik.
Jupiter
Hik jakinen dük sarri
eginen dianez khuntürik,
erakutsi nahi derat
hanbat denbora gabetarik.
Buljifer
Khaka to hiretako.
Hi, zer enperadoria!
Elükek eskü gaistuoan
erresumako gobernia.
Ehait ezagützen nik
hi bürüzagitako,
zeren ezpeitük treitürik
ene üzkiak beno haboro.
Jupiter
Enperadore bati deia
gisa hortan mintzatzia?
Ezarrak ezpata eskiala
balin badük korajia.
(Batailla. Buljifer blesa.)
Buljifer
Sira, errendatzen nüzü,
obedient izan nahi nüzü.
Zer plazer düzün orai
othoi erran izadazü.
Jupiter
Behar dük, aren juoan
orai Satanen gana,
khündiak egin behar tügüla,
erakhar huna
Buljifer
Sira, banuoazü
orai mementian.
Ekharriren dit errege
bertan nihaurekilan.
(Erretira. Kaniko jalkhi eta paseia.)
Kaniko
Ale, kanailla salduak.
khen zitie horti;
ziek begiratüren zütiet
ene lürretarik.
Nünti zer ikhüsiren düzien
zirie bai jiten,
harzara gero salhatzeko
müthil gazte horier.
Areta, mila debria,
ezpaniz zapartatzen;
solas horien abiatzia
zaizie dolütüren.
Eniz gelditüren batere
muienik düdano;
hatzemanen düt adixkide
zien kuntre orano.
(Erretira. Hirü satanak jalkhi.)
Satan
Jaunak, zerbait meskredenzia
ziek badüzie düda gabe,
ala ene zerbütxian
debeiatü ziradie.
Jupiter
Jauna, badizü denbora
zerbütxatzen zütügüla,
nahi bada eztügün deüs ükhen
züre ganik seküla.
Eta plazer badüzü orai
jente horien aitzinian,
ditzagün khuntiak egin
garbiki presentian.
Buljifer
Arrazü dük, Jupiter;
khündiak eginik garbiki
hobe ükhenen diagü
beldür nük jaun huneki.
Satan
Jaunak, eniz ene beithan
orai khündien egiteko;
behar düt ükhen denbora
errefletzione egiteko.
Beste aldiz batez, jaunak,
eginen tügü hobeki.
Hor emazie orai aldiz
phausatzera hebeti.
(Erretira.Sonu.Praubiak jalkhi, hordiak.)
Juanes
Jente hünak, eztüguia
egün fortüna egin?
Emazte bedera baizik
etzen etxe bakhoitzin.
Ükhenen bagünü bira tripa,
nahiago günükian,
zeren eta haboro
janen baikünian.
Gilento
Emazte hürak ari ziren
ixil askari egiten;
nahi tügünak ükhen tügü,
ixilik egon ginten.
Bere familiak zütüztela
errepüblikaren banketian;
gero hek ere behar zütela
egin beren gisa etxian.
Othoi ez erraiteko
berria ihüri ere,
hek bezala eginen
güniala gük ere.
Juanes
Eztie segürki arriskatzen
erranen dügün ihün.
Miserable emaztiak,
fortüna egin diagü egün.
Ez, ene fedia, Juanes,
eztie segürki merexi;
hel direla medio gütük
untsa aserik eta ordi.
Guoazan taula hartara
lo bederaren egitera;
gero juanen gütük
hantxeko ostatü hartara.
Juanes
Bai, ene lagüna,
orai aserik beikira;
lo egoiten ahal gütük
oren bat edo biga.
(Jan eta lo taulan gaiñen.
Kaniko jalkhi, eta taula hartziarekin mintza;
praubiak eror zankhoz gora.)
Kaniko
Oüste düziela taula hok
dütüdüla zientako?
Ürde zizill zarrak!
zorriz bethatzeko?
(Erretira.)
Gilento
Ale, ürde infame,
zezen bürü-tzüta!
Taula horren hartzeko,
beste manerarik eztüka?
Juanes
Hire emaztiarentako
izan bahintz horren fier,
debrien astapituoa
hobeki eginen hien.
Zer üste dük, ene lagüna,
behar dügüla egin?
Bersü bedera behar dioagü
khantatü algarrekin.
Gilento
Bai, bai, ene lagüna,
gitian has mementian,
emaztiak gizünaren
joitiaren gaiñian.
Khanta
Kaniko giza-gaisuoa,
zer zaian gerthatü?
Emaztiak ümen hai
ederki zanphatü.
(Sonu.)
Hori etsenplü hüna dük
arrastako emazten;
ez ahal die ükhenen
axol handirik gizünen.
(Sonu.)
Bena behar bezala
beita orotarik,
eztie üsü atzemanen
hi bezaiñ gizün astorik.
(Soinü.)
(Khanta orai Belxitinaren.)
Emazte marimartin,
kolore berdia,
üste düna permis dela
gizünaren joitia?
(Sonu.)
Hik merexi üke, bai,
bizirik erratzia,
eta gero hire erhautsak
aiziari ürthükitzia.
(Sonu.)
Hire senharra eztün hün
jalkhitzeko borthara,
jenten ahalkez behar din
barnen egon lotara.
(Sonu.)
Bena hatzemaiten bahait,
erran den Belxitina,
galdüren dün gizünari
joka hasteko mina.
Juanes
Guazen, ene lagüna,
pinta-erdiaren edatera;
nik sei ardit badiat.
Guazan ostatü hartara.
Gilento
Guazan, ene lagüna;
hamar ardit batiak nik ere.
Ordian janen diagü
sos baten ogia ere.
(Erretira. Sonu.)
|
 |