www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Senperen gertatua
Piarres Larzabal
1964

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Piarres Larzabalen idazlanak (III), Piarres Larzabal (Piarres Xarrittonen edizioa). Elkar, 1992

 

 

aurrekoa  

LAUGARREN GERTALDIA

 

 

Joka-lekua:

        Edozoin sala.

 

 

        Margo eta hunen ama, tortxa batekin, mantalinak eskuetan, sakramenduen beha daude.

JANA MARI: Zuk, Margo, apeza segituko duzu aitaren ganberarat... Nik askaria preparatuko diot.

MARGO: Heldu dira. (Mantalinetan, tortxa piztua, belaunikatzen dira. Apeza sartzen da beretterrarekin aitaren ganberan. Jana Mari bakarrik, mahaina ematen du eta askaria zerbitzatzen. Agertzen dira Erretora eta beretterra)

ERRETORA: Agur, Jana Mari. Nola pasatu du gaua Ganixek?

JANA MARI: Beheiti ari da. Gau guzia amets nahasitan iragana du. Poliza eta Anton, Anton eta Poliza, ez zuen bertze aipamenik. Hek baitezpada ikusi nahi zituen.

ERRETORA: Heien galdea egina daut eni ere, atzo, kofesatzean. Polizari parte emana diot erakusten duen desiraz.

JANA MARI: Ez ahal da poliza hunarako?

ERRETORA: Hala balitz, onartu beharko.

JANA MARI: (Beretterrari) Zuk, Manex, sukaldean askalduko duzu. Hor dut ezarria zure askaria prest. (Manex jalitzen da) Jar zaite, jaun Erretora... Uste duzuia funtsez ari den poliza eta Anton galdezka?

ERRETORA: Nork daki?

JANA MARI: Izigarri da ba zerk jo gituen... Urtu da, urtu, ene senarra, zonbait egun hautan... Iduri luke norbaitek horrentzat eihar meza bat eman duela.

ERRETORA: Hobe luke eihar meza bat balu jasaiteko, duen eritasuna baino.

JANA MARI: Mirikuak deus ez du konprenitu horren gaitzari. Izpiritua duela eri, dio, gorputza baino gehiago.

ERRETORA: Gertatzen dena da... Izpirituko arrangurek gorputza eritzen ahal dute, gorputzekoek izpiritua bezenbat. (Atea joiten dute)

JANA MARI: Aintzina.

POLIZA: Agur, jaun Erretora, agur, anderea.

JANA MARI: (Harritua) Zu?... Zu hemen?...

POLIZA: Ez nuia jaun Erretorak deitu?...

ERRETORA: Ba, hala da... Eriak hainbeste galdatzen baitu zu ikustea, nahi izan diot satifamendu hori eman... Hortakotz igorri dautzut jin zaiten galdea.

POLIZA: Zer nahi du niganik?

ERRETORA: Hori bere sekretua du... Bera mintzatuko duzu... Arras gaizki da, baina adimenduz xorrotx eta zuzen.

POLIZA: Nun da eria?

JANA MARI: Zato enekin, jauna. (Jana Mari eta Margo agertzen dira) Poliza nahi du eriak buruz buru mintzatu... Bi emazteak kanpora despeitu gaitu... Otoi, Margo, zoazi sukalderat... Ez duzuia uste, jaun Erretora, gure alabaren egitatea dela horren eritasunaren arrazoin larriena? Horrek, horrek... Desohoratu eta hil behar ginituen azkenean... Ez ginuen holakorik merezi, horrenganik bereziki.

ERRETORA: Iragan denbora ez da gehiago gure... Heldu dena, ba... Eroritik altxatu da... Jaunari milesker erran dezogun altxatu delakotz eta ixil utz dezagun erori delakoa.

JANA MARI: Hortaraino erortzea...

ERRETORA: Bada bekatu handiagorik bazterretan... Begira gaiten, guhaur hortarat ez gintezkelako urgulutik.

JANA MARI: Gaixo gizona... Arrunt bertzelakatu da azken gertakari hauen ondotik... Horiek daramate hobirat.

ERRETORA: Jainkoak daki bakarrik xuxen horren gorabeheren berri. (Poliza agertzen da)

JANA MARI: Eta?... Ezagutu zituia?... Zer nahi zuen?...

POLIZA: Memorio osoan da... Nahi nuke apur bat egon jaun Erretorarekin... Hemen berean egoiten ahal girea?

JANA MARI: Ba, ba, deskantsuan. Sala hau zuen gomendio da. (Jalitzen da)

POLIZA: (Erretorari) Errak, badakik, dudarik gabe zer nahi zuen eneganik. Beraz hori zuian hiltzalea... Eta gure zalaparta guziak, hobenik ez zuen baten kontra ibili ditiagu... (Bizi-bizia) Hik bahakien, eta aspalditik bahakien, hori zela hobenduna... Zertako ez duk pitsik salatu?

ERRETORA: Nazkienak ez nitian salatzeko.

POLIZA: Ba, hik kontseilaturik, dik omen, bere burua ez ekarri hobendun, orai artio.

ERRETORA: Nik ez diat pits erraitekorik.

POLIZA: Sekretua, ez dena salaturik ere, hitz bat bederen erraiten ahal zaitekean ba: Bertze biderik har nezan, edo... holako.

ERRETORA: (Bizi-bizia) Gure sekretua, sekretua duk burutik buru... Eta, ez zukek sekretu horri kantailarik ere ken, deus arrazoinez.

POLIZA: Sekretua hein bat on duk... Bainan holako makurrak ekartzen dituelarik, ez duk sekretua agertzea bekatu, bainan haren gordetzea.

ERRETORA: Gure sekretuaren gordeak, agerrak baino hobeki zerbitzatzen dik ongia. Tapa ditzan on edo gaxtoak, hobe duk gure sekretua, sekretu egon dadien.

POLIZA: (Eztituz) Bon... Ontsa duk... Anartean, hobendun ez zenak pairatu izan dik...

ERRETORA: Zuentzat hori irakaspen izan dadiela... Zuen lana egin-azue zintzoki eta umilki, eta, ez gaztigurik eman akusatuari, bainan hobendunari bakarrik.

POLIZA: Ahal duguna egiten diagu guk ere.

ERRETORA: Orai baitakik nor den hobenduna, zer xede duk horri buruz?

POLIZA: Hiltzen ari den bati, nola nahi duk jazar gaiten?

ERRETORA: Aski punitua duk hola-hola. Ez zian horrek polizaren beharrik... Kontzientzia aski zian gaztigulari.

POLIZA: Orai, Anton nahi dik ikusi... Anton eta Anton, hari barkamendu galdatzeko.

ERRETORA: Hor duka Anton?

POLIZA: Ba... Hik erran bezala, enekin ekarri diat. Hor duk kanpo alde hortan, jendarma xefaren gomendio.

ERRETORA: Hobe duk berehala eriarekin buruz buru ezartzea... Horren hatsa labur baita.

POLIZA: Bon, banihoak bilarat. (Erretora apur bat bakarrik)

JANA MARI: (Agertuz) Joan da Poliza?

ERRETORA: Bai, bainan berriz itzultzeko bertze norbaitekin.

JANA MARI: Berriz itzultzeko?... Norekin?... (Batere ez errepustarik) Bainan zer du gero ene senarrak? Horrek ba bide du zerbait makur handi, hil aintzin zuzendu nahi lukenik! (Batere ez errepustarik) Zuk ez dakizuia deus ere, jaun Erretora?

ERRETORA: Nork daki zer pasatzen den horren baitan!

JANA MARI: Enekin ez du ahorik ere idekitzen. Zuri emaiten dautzuia solas?

ERRETORA: Ba, frango polliki... Bon, berriz ere eriaren ondorat noa ixtaño bat.

JANA MARI: (Bakarrik apur bat... Bere lanetan ari, arrunt zainetatua, atea jotzen dute) Aintzina...

LUIX: (Herabeki) Agur, Jana Mari.

JANA MARI: (Hotz hotza) Agur, Luix.

LUIX: Nola zirezte?

JANA MARI: Oren latzak hurbil.

LUIX: Auzo gisa heldu nintzen. Ene beharra baduzuela beharbada kabalen lanetako.

JANA MARI: Baditugu adixkideak laguntzeko.

LUIX: Badira mementoak, Jana Mari, eginbideari behatu behar baita, aiherkundeak bere gisa utziz.

JANA MARI: Badira ere mementoak, hobe baitira zauri batzu ez kitzikatu.

LUIX: Ez naiz zauri kitzikatzerat jina, bainan tratatzerat.

JANA MARI: Peraxatzeko lanik ez zinuen izanen, ez bazinu urratu.

LUIX: Ez dut nik deus urratu.

JANA MARI: Bai ordean zure semeak, eta errana den bezala: Martxukaren aita, laharra.

LUIX: Ene semea ez da, oraino segurik, hobendun jujatua.

JANA MARI: Bat hil zuen... Bertzeari heriotzea igorri dio. Ez zautzuia aski haren kondenatzeko?

LUIX: Mihi eztenak, nor ez du kondenatzen?

JANA MARI: Ene familia hola funditu duen semearen aitak, utziko ahal gaitu bakean, bederen bizirik girenak.

LUIX: Ez naiz kriminel baten aita, oraino segurik.

JANA MARI: Konprenituko ahal duzu zuen eta gure ontasunen arteko atekak betikotz hetsiak direla.

LUIX: Zuregatik dira hetsiak izanen, hola behar badute.

ERRETORA: (Agertuz, eztiki) Otoi, emekixago emazue barne huntan... Izan dezagun oren handien errespetua. (Luix jalitzen da, hitzik erran gabe)

JANA MARI: (Jaun Erretorari) Zer kopeta! Ez zaio aski gu estatu huntan ezartzea. Bere bisaia oraino hemen nahi du erakutsi.

ERRETORA: Zer nahi zuen?

JANA MARI: Gure penetan, zer begitarte dugun ikusi; horra zer nahi zuen... Berak muntatu krima saltsatik jastatu.

ERRETORA: Otoi, Jana Mari, ez zazula hoin aise kriminela dei, oraino kondenatua ere ez den gizona.

JANA MARI: Ez ahal duzu, jaun Erretora, urrikariko, bere auzoa hil eta erre duen gizona! Guhaur errekaratu gaituen gizona! Ez zait iduritzen holako batentzat behar liteken pietaterik.

ERRETORA: (Fermuki) Otoi, Jana Mari, zaude ixilik. Ez dakizu zer derasazun. Eta oroit zaitez zure senarraz.

JANA MARI: (Erdi nigarrez) Ba, ba, gaixo gizona. Uli bati berari ez baitzion minik eginen... Ez du jasan ahal izan krima horrek bihotzean eman dion ukaldia... (Atea jo eta idekitzen dute... Hor dira: Poliza, Jendarma Xefa eta Anton)

JANA MARI: (Arras asaldatua) Zer... kriminela?... Orai berriz kriminela ene etxean. (Ukailoa eginez Antoni) Hi, hi... Gizon hiltzale zikina!... Hiregatik gaituk denak errekan.

POLIZA: (Jana Mariri fermuki) Zu ixilik... Goazen ganberarat. (Jalitzen da)

JANA MARI: (Erretorari) Bainan, jaun Erretora, erranen dautazuia, zer duen ene senarrak holako afera poliza horrekin?

ERRETORA: Hori berek dakite.

JANA MARI: Ala, ene senarrak gorde dauta zerbait? Gau hartan bazuena zerbait ikusi edo entzunik?

ERRETORA: Ditakena da...

JANA MARI: Zer zuen?... Anton ikusia bederen, eta ez salatua?

ERRETORA: Beharbada.

JANA MARI: Ez naiz estonatzen, hori den zuzenarekin, nahi izan baitu kontzientzia arindu hil aintzin... (Apur bat ixilik... Erretora harat eta hunarat dabil. Hiru gizonak agertzen dira)

ERRETORA: Egin duzueia zuen lana?

POLIZA: Ba... Paperean izkirioz emaitea aski.

ERRETORA: Bon, eriaren ondorat noa. (Anton jartzen da nigarrez. Jendarma Xefa xutik dago ixilik... Poliza izkiriatzen mahain hegian)

JANA MARI: (Antoni) Nigar egiten duka, nigar! Ez duk orai tenora! Lehenago zuian gogoeten egiteko tenora! Aski nigar guhauri egin arazi daukuk... Zuzen duk noizbait hihaurek egin dezakan.

POLIZA: (Bizi-bizia) Otoi zaude ixilik... Utz nezazu izkiriatzerat. (Apur bat ixilik)

ERRETORA: (Agertuz) Jana Mari, eriak Margorekin bere ondorat deitzen zaitu... Behar omen dautzu-eta zerbait serios buruz buru erran.

JANA MARI: Zer nahi du?

ERRETORA: Ez dakit.

JANA MARI: Ontsa da. (Sukaldeko atea idekiz, Margo deitzen du) Zato Margo... Aitak nahi omen gaitu mintzatu. (Biak jalitzen dira)

ERRETORA: Bere egitatea salatuko diote... Ez du arrangura horrekin hil nahi... Barkamendu galdetuko diote bieri eta, ahalaz, haren krima errepara dezaten... (Denak ixilik dagotzi. Apur baten buruan, marrumaz agertzen dira ama-alabak, eta pitsik erran gabe, jalitzen sukaldeko atetik)

POLIZA: Bon, paper hau eriari sinarazi-eta, gure lana bururatua izanen da... (Jendarma Xefari) Zato enekin.

ERRETORA: Ez dakotzia, orai, Antoni, esku horiek libratzen ahal?

POLIZA: Ba, egin ditakena da... (Hala eginik Poliza eta Jendarma Xefa jalitzen dira)

ERRETORA: (Eztiki) Errazu, gaixo Anton, kontent ahal zira?

ANTON: Alabainan, jaun Erretora.

ERRETORA: Beti sentimendu beretan zirea Margorentzat?

ANTON: Ni beti... Hura hala bada enetzat.

ERRETORA: Ba, badakit hura ere hala dela zuretzat... Ez zaitu harek behin ere ukatu... (Sukaldeko atea idekiz) Zato, Margo, hunadino, plazer baduzu... (Margo hurbiltzen zaio Antoni nigarrez)

                Ha, zuek biak, ene haur maiteak,

                Oren hitsak pasa berri dituzue...

                Halere zuen amodioa ez da hautsi...

                Izaitekotz azkartu... Tinka-aitzue

                Esku horiek elgarri... Atxik-azue.

                Zuen amodioa garbi... Agian, laster,

                Aldare aintzinean, sekulan hautsiko

                Ez den lokarriaz estekatuko ditugu

                Bi esku horiek...

        (Eskuak tinkatzen dituzte erdi nigarrez)

 

OIHALA

 

aurrekoa