 |
HIRUGARREN GERTALDIA
Joka-lekua:
Ostatu barne bat.
Ostalertsa zerbitzatzen ari. Hiru kantari, Katxin laugarren erakasle, ari dira Mixel zenaren kantuen emaiten.
Kantu berri kantatzen
Orai naiz abian,
Hasi nahia nintzen
Gan den aspaldian,
Orai arte begira
Egon naiz lorian,
Gaxtagiñak hartuko
Tuztela agian.
Otoi egin zazue
Zertaz diren kasu,
Gauzak diren bezala
Nahi ditut aipatu.
Artzain bat bere bordan
Baitute garbitu
Etsaiaren indarra,
Han da baliatu.
Mixel zuen izena,
Deitura Larralde,
Bakarrik bizi zena,
Lagunikan gabe,
Gauaz eta egunaz,
Beti larrez larre,
Jan edan onik gabe
Zabilan debalde.
Gau hartan auzoan zen
Gaztain erre jaten
Trixteak holakorik
Ez zuen pentsatzen;
Ber'ustez deskantsuan
Artalderat gan zen,
Kriminelak etxean
Harmaturik zauden.
Laugarren pertsuan, Luix sartzen da. Elgarri keinu bat eginik, kantariak ixiltzen dira.
LUIX: (Errabian) Segitzen ahal duzue ba zuen kantua... Zertako ixildu zirezte?... Ala, zer nauzue?... Ni sobera hemen?
KATXIN: (Eztiki) Ez, Luix, ez zaitugu batere sobera... Bainan ez dautzugu penarik egin nahi.
LUIX: (Beti samur) Penarik ez egin nahi?... Zuen moldeak zer uste duzue egiten dautatela?... Atsegin beharbada?... Kriminelaren aita naizela pentsatzen baduzue, errazue garbiki.
KATXIN: Ez dut ene kantetan holakorik aipu.
LUIX: Ez duzue beharbada holakorik aitortzen, bainan ez ukatzen ere... Deus hobenik gabe, hemen naukazue denek soberakin bat bezala. Ni hurbildu ordu, konpainia mutu, konpainia urrun... Atzoko hura bera nuk ni egun ere... Hiliki usteldu bat banintz bezala, leku egiten duzue niganik... Niganik ihes, deus gaizkirik egin ez dudalarik, deusetan kondenatua izan gabe ere... Ene etxea fama tzar batez ilundua, zikindua, ehoa delakotz, fama hartarik nauzue jujatzen... Ez gertatutik bainan erran-merran huts batzuen gainetik... Ez zirezte gizonak! (Edan eta brau jalitzen da)
KATXIN: Hum... Minbera, gizona... Eta minbera denak atx egiten... Ha, zertan ginuen ba gure kantua?... Ha ba... Huna segida. (Kantua segitzen dute...)
Artaldea bildurik
Bera etorria,
Egintxe zuelarik
Bere afaria,
Sukaldean lo zagon
Kadiran jarria,
Bainan hurbil bazagon
Norbait atzarria.
Zango puntetan zaizko
Etorri bipilik,
Aizkora eskuetan
Ixil gibeletik;
Hiru kolpez segidan
Buru arraildurik,
Han bertan utzi dute
Bizia kendurik.
Hiltzea ez zen aski
Nahi zuten erre
Lastoz eta petrolez
Entseatu dire;
Ez zuten utzi nahi
Trazarikan ere
Afera ongi zuten
Baliatu balire.
Justizia izan da
Jina Baionatik,
Jendarmeria eta
Jaun mera herritik,
Gibelerat itzuli,
Bihotza trixterik,
Ez baitute atzeman
Nehor hiltzailerik.
Hurrengo pertsuan sartzen da Ganix. Kantariek elgarri keinu bat egiten dute han dela, bainan gelditu gabe...
Senperen gertatzeko
Oi krima trixtea,
Sortuz geroz zor dugu
Guziek hiltzea;
Bainan ez zauku haizu
Odol ixurtzea
Horrek ekartzen baitu
Denentzat kaltea.
Pertsu hau eman-eta, agertzen da Tartalet...
DENEK: To, Tartalet... Haugi hunarat... Jar hadi hemen. Zerbitzaria, baso bat gehiago. Ale, kanta zak gurekin... (Tartaletekin emaiten dute hamargarren pertsua, Ganixi buruz bezala)
Nor-nahi izan dadien
Horren egilea,
Galdu du sekulakotz
Barneko bakea;
Ez dauka pagaturik
Egin duen kaltea,
Irrizkatzen ere du
Lepoa moztea.
TARTALET: Pertsu hori ontsa emana duk gero... Jaun misionestak, gauza bera erran dik prediku alkitik.
KATXIN: To, hik biziki ontsa ikasia omen duk jaun misionestak krimaz eman predikua... Ale, behar daukuk prediku hori egin.
TARTALET: Emanen diat, bainan zuek ixilik egotekotan, elizan bezala.
DENEK: Ba, mutikoa ba... To, haugi hunarat... Upa hadi mahainaren gainerat... Ale, xo... Lot hadi...
TARTALET: (Hazparneko misionest ezagutu zonbait imitatuz, emaiten du predikua) Krima... Krima izigarri baten xehetasun hitsak hedatu dira Euskal-Herriaren hegal urrunetaraino, gure arrazaren omen ona histen dutela, jende xehen bihotzak lazten, gure arteko goxotasuna iluntzen eta nahasten... Krimaren tokia: Senpere... Krimaren ondorioa: Artzain gaixo bat, gorputz... Krimaren egilea: Nehork ez jakin nor den... Makur mintzo naiz... Bada norbait, norentzat barneak kanpo, eta iluna egun argi, baitira, norbait hura: Gure Jainkoa... Norbait haren gaztigua, ez da mentura, bainan segura. Eta gure artean balin bada delako kriminela, ez dezake uka nik errana... Adi-zak, kriminel trixtea... Bularrari jo eta jo ari zaukan danga hori, Jainkoaren boza duk... Nahi huke pausatu, lo egin, ahantzi... ez... danga, danga... Jainkoaren bozak ez dik pausarik emaiten... Nahi huke alegeratu, goxatu, bakea jastatu... danga, danga... Jainkoaren bozak ez dik deskantsurik uzten... danga, danga... Soinu bera entzunen duk ase artio, nahasi artio, erotu artio... danga, danga...
GANIX: (Orroaz) Bakea, bakea eta bakea... Leporaino badiat zuen danga eta danga zikinarekin.
KATXIN: Jes... Bainan, gizona, zer duzu?... Ez gira zutaz ari... Abusatzen ari gira.
GANIX: Abusamendu latza... akitgarria... errespeturik gabea...
TARTALET: (Sekulako elasturian) Ez gira zutaz ari, gu... danga, danga... Kriminelari nola joiten dion kontzientziak, erraiten dut nik... Ba, danga, danga... Merezi ahal du, alabainan, hola gizona hil eta errez geroz. (Ganix brau jalitzen da, esker tzar batean. Tartalet ondotik jarraitzen zaiola) Holakoeri ez liteke aski lepoa moztea. Behar litezke, lepoa moztu aintzin, ontsa sofriarazi. Eta hola ez liteke gehiago buhamerik... danga, danga, pits ez duk alabainan buhamentzat.
OIHALA
|
 |