www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Senperen gertatua
Piarres Larzabal
1964

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Piarres Larzabalen idazlanak (III), Piarres Larzabal (Piarres Xarrittonen edizioa). Elkar, 1992

 

 

aurrekoa hurrengoa

BIGARREN GERTALDIA

 

 

Joka-lekua:

        Poliza bulego bat.

 

 

POLIZA: Bon, behar ditugu beraz mintzarazi... Hor direa denak?

JENDARMA XEFA: Ba, hiru barnetan ezarriak ditugu, elgarrekin ez diten gurutza.

POLIZA: Ez da dudarik, hiltzalea horietan da... Ean, berriz aipa-zkitzu xeheki heriotzearen xehetasunak.

JENDARMA XEFA: Hila bakarrik bizi zen... Bere ardi bordan zuen bere bizitegia. Arratsarekin, Antonen etxean zen gaztain erre jaten. Handik erretiratu da ontsa jan eta edan ondoan, hamekak hirian. Goizean, Antonek du atzeman haren gorputza borda aintzinean. Aizkoraz hila zen eta lastoz eta petrolaz errea.

POLIZA: Zoin tenorez ote?

JENDARMA XEFA: Gauerdi aldean, ikertzaleen arabera. Goizeko zazpitan, Anton etorri da gu abisatzerat. Bordan ez dugu hiltzalearen arrastorik atzeman. Mixelen ganberan ez zen deus arroaturik. Bere diruak han zituen oso osorik. Ez dute beraz ebasteko hil. Nehork ez dio etsairik ezagutzen. Ez zuen ere emaztekilakorik. Hortako pentsatu dugu kalapita zonbaiten ondotik norbaitek, bere errabian, garbitu duela.

POLIZA: Ba... Ez ditake bertzerik hor... Eta kalapitak, edariaren ondorioak baitira maizenik, jakin duzuia hainitz edan ote zuten afaritan?

JENDARMA XEFA: Ba... Lau pinta hiruen artean.

POLIZA: Eta, Antonek, zer aitortu du orai artio?

JENDARMA XEFA: Dio Mixel joan-eta, oherat sartu dela... Goiza artio lo egin duela. Eta goizean, ardi tratu bat elgarrekin bezperan hasia zutelakotz, bordarat joan zaiola... Eta hola duela harrapatu haren gorputza.

POLIZA: Ba... Maiz kriminela krimako tokirat berriz itzultzen da.

JENDARMA XEFA: Krima bezperan eta biharamunean, ez du euririk egin. Gauaz ba aldiz, frango polliki ere. Eta preseski, Antonen etxean atzeman ditugu gapelu, soineko arropa eta botak, arras bustiak eta busti berriak. Erran dauku, zonbait egun hartan zokorat aurtikiak zituela puska horiek, bainan galtzen hegaletan eta botetan baziren belar perde eta iratze luma batzu, fresko freskoak... Beraz, puska hek, soinetik kendu berriak zituen... Hortarik jujatu dugu hura zela hobendun eta segidan arrastatu dugu.

POLIZA: Eta, Antonen aitak zer dio?

JENDARMA XEFA: Dio, haren etxean ez dutela hilarekin deus kalapitarik pasatu... Arras adixkide elgarretarik berexi direla eta aita semeak berehala ohean sartu direla... Bertzalde, ez dugu inguru horietan nehor ikusten, Antonez kanpo, holako egitate baten kapable litekenik... Hilaren auzo hurbilena, Ganix eta hunen familia, biziki zintzoak dira... Ganix bera izaitekotz bitzisko aire, dena sinu eta otoitz... Horren alabarekin ezkontzekoa zen Anton. Anton aldiz, freskoan gizona bada, edan-eta arras zakartzen denetarik da... Jada, hunarat ekarria izan dugu kolpeka batzuen ondotik... Erretiretan, beti nahaskerian behar zuen ari.

POLIZA: Ba... Ez da dudarik... Hori dugu gure ihizia. Orai da, nola aitortzerat bilduko dugun.

JENDARMA XEFA: Jada egin ahalak egin ditugu aitor arazi nahiz, ba eztitik eta ba bortitzetik.

POLIZA: Jinen da ba noizbait pilota punparat... Mando bihurrienak hezten dira, aski akituz gero... Bon, lotuko gira beraz lanari. Eta gelditu gabe, hogoitalau oren, eta hogoitalau oren ez badira aski, bertze hainbertze edo gehiago, pasatuko ditugu kitzikan... Aterako ahal diozu zerbait... Zu ariko zira eztitik... Bortitzaren egitea aldiz, bego ene gain.

JENDARMA XEFA: Ontsa da.

POLIZA: Bon, sar araz-zazu Anton. (Bera apailatzen da bulegoan, alegia paperetan galdua. Anton sartzen da, eskuak estekan, kara akitua. Poliza xutiturik, apur bat hunarat eta hunarat dabil, hitzik jali gabe. Bortizki mintzo) Hire etxean aurkitu arropa eta bota busti hek, noiz bustiak zitukan?

ANTON: Zonbait egun lehenago.

POLIZA: Zonbait egun lehenago? Zonbat egun?

ANTON: Hiru lau egun.

POLIZA: Nun izan hiz arropa horiek hola bustitzeko?

ANTON: Ardien biltzen, mendian.

POLIZA: (Boza saminduz) Krima aintzineko zortzi egun horietan, ez dik euririk egin... Nola dituzkek busti arropak, euririk egin gabe?

ANTON: Ihintza bazen eta iratzeak handi dira.

POLIZA: Noiztik ihintzak bustitzen ditik espaldak eta buruko boneta? (Anton ixilik dago) Emak errepusta.

ANTON: Izerdia ere hor da.

POLIZA: Noiztik izerdiak bustitzen ditik arropak kanpotik eta barnetik xuko uzten? (Anton ixilik dago) Emak errepusta. (Anton beti ixilik... Fermuki) So egi-zak. Ez dik balio egun argia bezen argi den gauza baten uka eta uka aritzea... Hik hil duk Mixel... Errak ba... Paper hau sina-zak eta fini.

ANTON: Ez dut nik hil... Ez dut deus sinatuko.

POLIZA: (Orroaz) Zer!... Ala zer uste duk? Hire kasko gogorkeriak salbatuko huela? So egi-zak... Azken aldikotz, sina-zak paper hau eta bakea emak... To, hemen sina-zak. (Antonek papera aurtikitzen dio. Polizak bi zaflako ematen diozka eta iletarik tira aldi bat... Izigarri kexu) Zer dituk zirtzilkeria horiek? Jakin-zak espantuen denbora iragana dela eta, onez onean ez baduk aitortu nahi, bertze molderik ere hartuko dugula... Paper hau sinatuko duk edo bertzenaz hanbat gaxto hiretzat.

ANTON: Ez, ez dut sinatuko.

POLIZA: (Irri tzar kexu batekin) Ha, ez duk sinatuko... Ikusiko diagu... (Deituz) Jaun Brigadiera... (Hau agertzen da) Ez omen du jauntto hunek bere aitormena sinatuko... Zuk ezagutzen baituzu, nik baino hobeki, apur bat uzten dut zure gomendio. Agian plegatuko zautzu eni baino hobeki. Agian... Bere onetan... Aitor arazteko salan ez dadien pasa... Aditzen duka?... Hire onetan... (Irri mehar tzar batekin jalitzen da)

JENDARMA XEFA: (Eztiki) Beldur nuk hiretzat... Badakik, hobe duk gure eskutan hizeno, hire aitorren egitea... Horien eskuetan, izigarriak behar baihuzke pairatu... Berdin, galdua hiz... Hire arropek erakusten ditek, gauaz kanpoan hintzela.

ANTON: Ez dut nik nehor hil.

JENDARMA XEFA: Ukatuago eta galduago haiz... Aitortzen baduk berehala dena den, tribunala eztiago hukek hiretzat... Zer nahi duk?... Deneri gerta zukek apur bat burua galtzea, eta behar ez diren jestuen, orduan ibiltzea... Lañoki aitortuz, beharbada hiru lau bat urterekin kito hinteke... Bainan ageri garbiaren kontra hola tematuz, hire bizi guzikoa biltzen ari haiz. (Anton ixilik apur bat) Hortaratu bahaiz, dudarik gabe, bahituen hire arrazoinak ere... Zer huen?... Zerbait makur tratutan Mixelekin?... Diruari atxikia zuan gero Mixel... Zer hau?... Zerbaitetan enganatu?

ANTON: Mixelek eta nik ez dugu sekulan deus makurrik izan.

JENDARMA XEFA: Uste baino kolpe dorpeagokoa emanik, ikusi dukalarik lurrean hila, nik uste, ez hakien gehiago zer egiten huen ere... Eta beharbada, ez haiz oroit ere ondotik zer egin dukan.

ANTON: Ez dut nik Mixel hunki, ez bizirik, ez hilik.

JENDARMA XEFA: Pena diat, egiazki pena, hola debaldetan gogor egoiten baihaiz. Gertatua hain duk argi eta garbi... Aitor edo ez aitor, berdin kondenatua izanen haiz... Arinago jali hinteke, bertzela plantatzen bahintz... Oroit hadi pixka bat hire aitaz... Oraino hire laguntzaren beharretan duk... Eta, abiatu hizan bidez, ez diok lauzkatze handirik ekarriko haren zahartasunari...

ANTON: Ez dut nik hil Mixel.

POLIZA: (Agertuz) Eta?... Zentzatu dea?...

JENDARMA XEFA: Beti ukatzen du.

POLIZA: Aitorraren beharrik ez dugu jakiteko ean den hobendun, bainan jakiteko bakarrik zonbatetaraino den hobendun. Ez bada entseatzen bere hobenaren arintzerat, berak pekatuko ditu, kondenatua izanen baita hobendun oso gisa. (Keinu egiten dio joan dezan Anton. Jendarma Xefa berriz agertzen da)

JENDARMA XEFA: Frango kasko gogorra izan behar du.

POLIZA: Ba... ez luke euskalduna behar bertzela izaiteko... Bainan hastapena du oraino... Lotuko girelarik, hamar hamabi orenez galde eta galdeka, lausengu eta zanpaka, lerratuko da ba hori ere egiaren aitortzerat bertze asko bezala... (Atea jotzen dute)

JENDARMA XEFA: (Idekiz) Hi hiza, Tartalet, zer nahi duk?

TARTALET: (Arrunt harrotua) Jauna, ez da dudarik, orai segurtamen osoa dut... Mixelen hiltzalea...

JENDARMA XEFA: Bon, arras ontsa duk... Baginakian jada... Orai, habil etxerat...

TARTALET: Ez... Nahi dut mintzatu... Nik baitazkit zuk ez dazkitzunak...

JENDARMA XEFA: Hobe, hobe... Geroxago entzunen haut... Orai badiat bertzerik egiteko.

TARTALET: Berdin du... Badakizu, atzo arratsean, ostatuan baitzen, gizon beltz buhame hura... Harek hil du Mixel. Nihaurek ikusia diot holako kanibeta marraza bat... Ba... Sakelan dauka gorderik... Eleketan norbaitekin has-eta, eskua kanibetaren gainean pausatzen du... Hortakotz du maiz esku bat sakelan... Beldur da-eta... Eta gizon hura, hemen zen, gure herrian, Mixel hil duten gauean...

JENDARMA XEFA: Bon, arras ontsa duk... Horiek guziak xehetasun baliosak dituk.

TARTALET: Zaude... Ez dut oraino dena errana... Gizon horrek seinale du behakotik norbait hil duela... Behako bat badu ikaragarria... Hasteko buhame guziak begi gaxtokoak dira... Ni, ez nitzaiote hurbiltzen ere. Beldur bainaiz zorte tzar batez, zentzua galaraziko dautatela... Horiek behar litezke hemendik kasatu... Denak kasatu... Bertzenaz ez dugu oilorik ere hemen haziko... Hasteko, oiloak berak izitzen dira buhameak hurbiltzean... Gure oiloek segurik, mirua ikusten balute bezala, ihes egiten dute.

JENDARMA XEFA: Aski, Tartalet, alo, aski.

TARTALET: Zeren, jauna, oiloek, guk sudurretik bezala, gauzak mokotik senditzen dituzte... Eta buhamek badute usain berezi bat...

POLIZA: (Orroaz) Aski... Ez die buhamek Mixel hil, bainan hik.

TARTALET: (Ikaratua) Hee?

POLIZA: Ba, hik hil duk. (Ukailoa eginez) Aitor zak... Hik hil duk Mixel... Hik, ba hik... Aitor zak edo burua arrailtzen daiat, aitor zak...

TARTALET: (Ikara daldaretan) Ha, ni ez hunki... Ai, ai, ai... Ba, ba, nik hil dut Mixel, barka, barka... Ni ez hunki...

POLIZA: Bon, ontsa duk... Barkatzen daiat, bainan habil etxerat berehala hemendik...

TARTALET: Ai, ai, ai... Ba, ba gogotik eta fite ale... Ai, ai, ai... (Jalitzen da... Bertze biak irriz)

POLIZA: Pena da egiazko hobendunek ez baitute hain laster aitortzen. Bon, segi dezagun gure lana... Bertze auzokoak ere behar ditugu solaskatu... Sar-araz zazu otoi Antonen aita...

JENDARMA XEFA: (Jali eta berriz agertuz) Huna Luix, Antonen aita.

POLIZA: Badakizu dudarik gabe, zure semeak bere krima aitortu duela...

LUIX: (Izigarri hunkitua) Zeer?... Ene semeak... Ez da posible... Ez da posible...

POLIZA: Konprenitzen dut zure pena... Bainan hortaratu bada, nik uste baditu hobena arintzen dioten arrazoinak ere... Ez zirena biak pixka bat edanak, arrats hartan?... Ez dioia Mixelek zure semeari kalapita bilatu?... Ez zutena lehen ere zerbait makurbide?... Zuri da zure semearen alde mintzatzea...

LUIX: Izigarrikeria... ez... ez dugu behin ere pitsik pasatu Mixelekin... Ez nik eta ez semeak...

POLIZA: Krimako gauean, ez duzuia senditu semea etxetik jalitzen?

LUIX: Ez... afal ondoan, oherat joan gira, usaian bezala... Biharamun goizean dugu berriz elgar ikusi...

POLIZA: Ez duzuia zuen zakurra saingaz entzun gauaz?

LUIX: Ez...

POLIZA: Alabainan, etxeko zakurrak, etxekoak ezagutzen. Ez duzuia zerbait erraiteko zure semearen alde?

LUIX: Ezin onartua, ezin sinetsia dutala holakorik egin duela.

POLIZA: Ontsa da... Berriz deitu behar bazaitugu ere, egonen zira oxtiko lekuan. (Jendarma Xefak joaiten du eta berriz agertzen da) Ez ahal da, krima hortan, aita hau semearekin partzuer?

JENDARMA XEFA: Ez dut uste... Ez dugu deus harrapatu hori kondena dezakenik.

POLIZA: Bon... Sar araz-zazu bigarren aita, auzoko hura. (Ganix agertzen da Jendarma Xefarekin. Ganixi mintzo) Anton hori ez duzuia behin ere entzun arranguraka Mixelen kontra?

GANIX: Behin ere.

POLIZA: Zure gostuko, zer arrazoinez du Antonek hola garbitu gizon hori?

GANIX: Ha, nik ez dakit... Nik nehor ez dut akusatzen.

POLIZA: Ez duzuia gauaz deus arrabotsik senditu? Zakur sainga, oihu edo beste?...

GANIX: Ez, pitsik.

POLIZA: Ez duzuia zerbait iduripen zertako Antonek egin duen krima hori? Ez zena bederen diru beharretan ezkontzeko?

GANIX: Ho, nik pitsik ez dakit.

POLIZA: (Bortizki) Zuk badakizu zerbait... Zuk badakizu nor den krima egilea.

GANIX: (Ikaratua) Hee?... Nik, nik?... Frogak nun dituzu?

POLIZA: (Irri maltzur batekin) Ez zitela ez alditxar, nik hori erran eta... Ez baitu balio... Zu ere sahets hortan egonen zira, berriz gure galdearen beha. (Izerdia xukatzen duela, Jendarma Xefak segitzen du. Jendarma Xefa berriz agertzen da) Ez du balio, sobera bururik hauts dezagun bazterretan hobendunketan. Hobenduna Anton da... Sahetseko aldaxkak bere gisa utzirik, trunko horri ari beharko dugu jo eta jo... Sar araz-azu Antonen espos lagun beharra... Norbaitek zerbait jakitekotz, horrek badakike... (Margo agertzen da. Huni mintzo eztiki) Antonek aitortu dauku bere krima. (Margo nigarrez, bisaia gordetzen du) Konprenitzen dut zure pena... Izigarri baita zuretzat, maite zinuena hortaratzen ikustea. Aipatu dautzuia, azken egun hautan, zerbait arrangura artzainaren kontra?...

MARGO: Ez, pitsik.

POLIZA: Pits, pitsik?... Kasik ezin sinetsia da...

MARGO: Pitsik... Ez du horrek hil Mixel.

POLIZA: Ez horrek hil? Ez ginuke zure erranaren sinestea bertzerik galdatzen... Nun dituzu frogak?

MARGO: Nik, badakit.

POLIZA: Balin badakizu zerbait, mintzatzeko tenorea da... Ez bazira mintzatzen, Anton galdua baita.

MARGO: Ahalge naiz.

POLIZA: Ahalge? Zertaz?

MARGO: Amak jakitea ez nuke nahi.

POLIZA: (Lañoki) Mintza zaite deskantsuan... Hemen erranak, hemen egonen dira. (Margo beti duda-mudetan) Juramentu egiten dautzut... Nehork, entzuten duzu, nehork ez ditu jakinen zuk hemen erranak... Edo ez naiz gizona... Errazu lañoki dakizuna... Eta hitzemaiten dautzut egin ahal guziak eginen ditugula zu sustengatzeko.

MARGO: Ez zezaken Antonek hil Mixel... Anton enekin baitzen gau hartan.

POLIZA: Bon... Biba zu... Gaitzeko lekukotasun baliosa ekartzen daukuzu Antonen alde... Zonbat orenetan etorri da zureganat?

MARGO: Gauerdi gabe... Mixel etxetik despeitu-eta berehala...

POLIZA: Zonbat orenak artio egon zirezte elgarrekin?

MARGO: Oren bat. (Dolutua erranaz) Ho, ez nuke nahi nehork jakin dezan.

POLIZA: Ez zaitezela kexa. Sekretua ez da hemendik jaliko... Segur zirea gauerdi aintzin zurekin zela Anton?

MARGO: Ba, segur...

POLIZA: Eta, segur zirea oren bat zurekin egon dela?

MARGO: Ba, arras segur... Elizan ezkila ari baitzen hura urruntzean.

POLIZA: Bon, ontsa da... Ez aipa nehori hemen erran dituzunak... Horiek guretzat atxik ditzagun, zuk eta guk... Ixtaño bat egonen zira otoi sahetseko salan. (Jendarma Xefak joaiten du eta berriz agertzen da) Beraz, krima egin du gauerdi aintzin, horrenganat joan baino lehen... Horra noiz jaliz zituen arropak bustiak... Bon, ari gira beti hobeki argitzen... Orai, sar araz-zazu horren ama. (Jendarma Xefa sartzen da. Hari mintzo) Krimako gauean, ez duzuia entzun deus arrabotsik edo zakur saingarik, zuen etxe inguruan?

JANA MARI: Ez... pitsik, usaiaz kanpokorik.

POLIZA: Zure alaba ezkontzekoa zena Antonekin?

JANA MARI: Ba, maluruski.

POLIZA: Zertako diozu: Maluruski?

JANA MARI: Ageri baitzen zer zen Anton hori... Gizon abrea... Ene alaba, jauna, horri emaitea, bildots bat otsoari emaitea zen... Ene alaba, gure etxean, komentu batean bezala altxatua izan baita... Jaun erretorak badaki... Ez nuen uzten jaun erretoraren bilkuretarat ere, lagunek ez zezaten gal. Enekin elizarat, eta enekin etxerat ibiltzen nuen.

POLIZA: Bizkitartean Antonekin noizbait egin ditu ezagutzak?

JANA MARI: Ba... Ontsa ene gogoaren kontra... Auzo gisa, horrekin, gurutzatzerat bortxatuak baiginen... Zikin horrek ene alaba enganatu du... Zer daki alabainan ene alabak biziaz? Gaixoa!... Horrek daki ori, zer den gizon batekin bizitzea!...

POLIZA: Segur zirea zure alabak hain arrotz dituela gizonak?

JANA MARI: Jauna, ama batek ezagutzen ahal du bere alaba... Aski hurbildik segitzen ahal dut, horren urratsen jakintsun izaiteko.

POLIZA: Anton jiten zena zuen etxerat?

JANA MARI: Gure etxeko atea luzaz debekatu izan diot. Azken egun hautan, senarra eta alaba kontra bainituen, horien ezkontza onartu behar izan dut, eta haizu ziren elgar ikustea, bainan gure bixtan bakarrik.

POLIZA: Segur zirea ez zutela, zuen bixtaz kanpo, elgar ikusten?

JANA MARI: Noiz nahi duzu elgar ikus zezaten bertzela? Ene alaba beti enekin zen.

POLIZA: Gauaz ere?

JANA MARI: (Ofentsatua) Jauna, ez ahal duzu ene alaba piltzar batentzat hartzen! Jakin-azu gure familia betitik ohoragarria izan dela.

POLIZA: Bon... Hobe, hobe... Apur bat egonen zira zu ere sahets hortan. (Jendarma Xefak joaiten da eta bera berriz agertzen da) Zer zautzu? Emazte hori, edo arras gutaz trufatzen da, edo xoro eder bat da. Nago ez ote den familia hori guzia, krima hortaz argitua... Nun ez diren partzuer. Bon, dei zazu berriz ere Anton... Behar ditugu denak buruz buru ezarri. Ean zer dioten elgarri, entzun behar dugu. (Anton agertzen da... Hari mintzo) Hire gogoetak egin dituka edo beti hitz beretan hiza? Krimako gauean, etxetik jali hintzan edo etxean egon?

ANTON: Ez naiz etxetik mugitu.

POLIZA: Kasu emak zer derasakan... Berriz ere, eta azken aldikotz, emaiten daiat egiaren aitortzeko padara... Krimako gaua etxean pasatu duka, edo etxetik kanpo?

ANTON: Ez naiz etxetik mugitu.

POLIZA: Bon, ontsa duk... Sar araz-zazu Margo.

MARGO: (Sartuz, asaldatua) Hoo, Antton.

POLIZA: (Bortizki) Ixilik... Zuen arteko sentimenduak atxik-zkitzue zuentzat. (Eztikiago) Mintzatuko zirezte bakarrik, galdeari errepusta emaiteko. Zuk, Margo, zure hitzak ontsa pisatuz emanen duzu errepusta. Mixel hil duten gauean, zonbat orenetan jin da Anton zureganat?

MARGO: Gauerdi aintzinttoan.

POLIZA: Zonbat orenak artio?

MARGO: Oren bat artio.

POLIZA: (Antoni) Margok egia erraiten du ala ez?

ANTON: (Apur bat ixilik egonez, mintzo da hotzki Margori) Ez ginen hola hitzartuak.

MARGO: (Nigarrez hipaka) Ho, Anton... Nik uste nuen denak aitortuak zinituela... Hortakotz aitortu ditut denak, nik ere... Denak, denak, aitortu ditut. (Memoria galtzen bezala du, kadiran jarriz)

POLIZA: (Jendarma Xefari) Sar araz-zazu ama... (Hau sartzen da) Otoi zure alabaz arta har zazu.

JANA MARI: (Samur) Zer dira molde hauk? Ez zireztea ahalge haur gaixo hau hein huntan ezartzea?... Jakin ez duela gizonen aintzinean agertzeko usaiarik-eta, aski kopeta izan duzue hunarat bakarrik sar arazteko? Eta oraino, kriminel tzar horren aintzinat...

POLIZA: (Antoni) Bon, ez dik balio engoitik, uka eta uka, denborarik gal dezakan. Aitor-tzak: Mixel hiltzeko gauean, Margoren harrapatzerat izan hiza, gauerdi aintzinttoan?

ANTON: (Apur baten buruan, boza ilun) Ba...

POLIZA: Hunenganik, goizeko oren batean urrundu hiza?

ANTON: (Lehen aldian bezala) Ba...

MARGO: (Berebaitaratua, nigarrez, errabian) Poliza ustela... ustela... Nehori pitsik ez zuela salatuko hitzemana zautan... Eta nik oro aitortu horri... Ustela...

POLIZA: (Bortizki Margori) Zu ixilik, bi zaflako ez badituzu gainerat nahi... Eta orai baitugu aski jakinik, sala hau huts... (Jendarma Xefak hartzen du Anton... Margo beti nigarrez eta «ustela» ari da)

JANA MARI: Desohorea zu!... Familiako desohorea!... Zato hunarat, otoi. Izan zaitezte ama on bat zuen haurrentzat... Horra ondotik ukanen duzuen satifamendua... Trixtea, zu... (Jalitzen dira)

POLIZA: (Jendarma Xefari, irri maltzur batekin) Gure lana pixka bat argitu dugu neska xoro horri esker... Xoria orai erdi eskutan dugu... Luza gabe, nik uste, ahurrerat oso osoa bilduko dugu...

 

OIHALA

 

aurrekoa hurrengoa