www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Sarako lorea
Piarres Larzabal
1964

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Piarres Larzabalen idazlanak (III), Piarres Larzabal (Piarres Xarrittonen edizioa). Elkar, 1992

 

 

aurrekoa hurrengoa

BIGARREN GERTALDIA

 

 

Joka-lekua:

        Ezkaratze bat... Presuna batzu, orotarik, arto xuritzen ari dira eta, ber denboran, otoitzean... Beñat atezain dago eta jende sar arazten ari da... Katalin eta Madalen han daude, besten artean... Oro dira zintzo eta beldurti.

 

 

APEZA: (Boza ilun, estola lepotik, belauniko, litanien galdeak egiten dituela) Zure Eliza Saindua, argi eta geriza dezazun.

DENEK: Otoizten zaitugu. Entzun gaitzazu!

APEZA: Eliza Sainduaren etsaiak ditzazun apal.

DENEK: Otoizten zaitugu. Entzun gaitzazu!

APEZA: Elizako buruzagi eta apezak, fede saindutik ez daiten bazter.

DENEK: Otoizten zaitugu. Entzun gaitzazu!

APEZA: Mundu huntako errege eta buruzagien artean, egiazko bakea begira dezazun.

DENEK: Otoizten zaitugu. Entzun gaitzazu!

APEZA: (Mintzo, otoitza utzirik) Oroit zaitezte nola elgar adituak giren. Hurbiltzen bada hunarat etsairik, Beñatek abisatuko gaitu... Emazteak, xaharrak eta haurrak, hol'hola egon daitezela. Besteak, doatzila ihesi selaururat, hunako ate huntarik... Ni hemen egonen naiz, hemengo mutila banintz bezala... Eta zu, Katalin, oroit hortaz... Ni izanen naizela etxeko mutila eta zu ene etxeko anderea.

KATALIN: Agian ez gira hortaratuko, jaun erretora!

APEZA: Eta nehork ez dezala bururik gal, etsaiaren zalapart eta mehatxu guziengatik. (Otoitz egiten du aintzina) Giristino populu guzieri bakea eta bat egitea, eman diezozuten.

DENEK: Otoizten zaitugu. Entzun gaitzazu!

APEZA: Guhaur izan gaiten zure zerbitzari leial eta zintzo.

DENEK: Otoizten zaitugu. Entzun gaitzazu! (Zakur sainga urrun batzu entzuten dira... Denak daude erne)

APEZA: Gure gogoetak haz ditzazun, ez mundu huntako, bainan besteko hazkurriz.

DENEK: Otoizten zaitugu. Entzun gaitzazu!

BEÑAT: Mugi, mugi... Bi «sans-culotte» heldu dira tirahala. (Hitzartu bezala, oro plantatzen dira... Katalinek Ama Birjinaren itxura gordetzen du eta, haren orde, ezartzen Errepublikaren bandera. Apeza estola gorderik, lotzen da arto xuritzen... Zakur saingak entzuten dira... Atea inarrosten dute)

BATITA: (Kanpotik presaka) Idek!... Idek, otoi, laster!...

KATALIN: Horra, horra! Jes! Nor dabil holako zalapartetan? (Idekitzen du... Sartzen dira Batita eta Apolo)

BATITA: Agur jendeak!... Ez izi! Bi Senperetar gira... «sans-culotte» etan sartu gaituzte, guk nahi edo ez. Bainan eskapatu gara eta nahi ginuke Espainiarat ihesi joan... Otoi, lagun gaitzazue!

KATALIN: Hemen laguntza guti dugu... Emazteak gira bakarrik eta etxeko mutil zaharra... Horra nun den... Ez dakit ezagutzen duzuenetz...

BATITA: (So egin ondoan) Ez... ez dugu ezagutzen...

KATALIN: Nola eskapatu zarete?

BATITA: Badugu han, Dragon izeneko «sans-culotte» aintzindari erre zital bat... Harek gaitu, bospasei, nahi edo ez, soldado altxatu.

KATALIN: Nundik eta nola bide egin duzue hunarat?

BATITA: Goiz huntan igorri gaituzte Sararat «sans-culotte» multxo bat... Apez bat gordea omen dago hemen nonbait... Norbaitek salatu du... Apez hura arrastatzerat igorri gaituzte... Dragonek nahi lioke, nihondik ahal badu, lepoa moztu.

KATALIN: Apez hura ezagutzen dutea zuen lagunetarik zonbaitek?

BATITA: Nekez... Gure lagunetan, euskaldun guti dira... Bost Senpertar bildu gaituzte, gu biak, beste bi arnoarekin ezkonduak eta gazte bat... Hau, Errepublikaren alde, dena ametsez hantua... gaineratekoak dira erdaldunak: Frantximent, Aleman eta nik dakita zer?

KATALIN: Hemen fama da, soldadoak etxetarat sartzen direla eta berek nahi dutena joaiten dutela, deus pagamenik gabe...

BATITA: Ba, manua hala dugu... Etxetan jatekoa galda... Ez badute eman nahi, guhaurek har eta ereman.

KATALIN: Hola nahi badute Errepublika maitarazi, ez dira aise beren xedetarat helduko.

BATITA: Bai, eta gainerat, mesfidatzen dira mugako jendeaz. Dragoneri entzun diot erraiten, behar dituztela hiru herri oso-osorik jendez hustu: Azkaine, Sara eta Ainhoa... Eta, horietako egoiliar guziak Landes alderat igorri.

KATALIN: Gure Jainkoak ez ahal du holakorik nahiko!

APEZA: Eta Senpereko eliza idekia dea?

BATITA: Ba, bainan Dragonek, zalditegia muntatua du barnean... Ez omen da gehiago Jainkorik... Atzo arratsean, prosesionea egin zuen, neska tzar batzu, erdi biluziak ibiliz, elizako pabillunaren azpian.

APEZA: Eta, zuen erretora, zer bilakatu da?

BATITA: Ez dakit... Hastapen hartan, Errepublikaren alde zen... Orai, kontra omen da berriz... Ez da gehiago nehon ageri... Nonbait gordea bide da... Bon, bainan guk behar ginuke lehenbailehen muga trebesatu...

KATALIN: Ene alaba Madalen hunek erakutsiko dautzue bidea.

APEZA: Ba, Madalen, eremazkitzu, erreka segituz, gaineko leporaino... Hor, gutitan dira ibiltzen mugazainak.

BATITA: Bon, beraz milesker, jende onak. Ondoko egunetan, gurutzatuko ahal gara oraikoan baino lasaikiago.

APEZA: Bai, bai bestaldi bat artio... Jainkoak lagun zaitzatela. (Hiruak ateratzen dira)

KATALIN: (Gorderik daudeneri) Agertzen ahal zaitezte. (Bandera berriz kentzen du eta, haren orde, Ama Birjinaren itxura ezartzen... Gordeak agertzen dira)

APEZA: (Beñati) Entzun dituzu, dudarik gabe, horien solasak!

BEÑAT: Ba, entzun ditut. (Errabian) Urdeak! Gorri ustelak! Nik ez dezaket konpreni, jaun erretora, nola giristino bat eta gainerat apez batzu, izan ditazken gorri horien alde. Ez ote dute ba begirik, ikusteko horiek nor diren eta gure fedea zer bilaka liteken horiek nausitzerat utziz geroz!

APEZA: Ez uste izan, Beñat, erregea baitezpadako dela, fedea salbatzeko. Orain artino erregearen menean bizi ginen... Orai lan tzarretan ari diren Errepublikano horiek, erregearen pean handituak dira... Erregea izanagatik, eta berdin, haren faltaz, fedea gal ditake.

BEÑAT: (Doala gero eta saminago) Beraz jaun erretora, zer gituzu? Errepublikano tzar horien maila berean gu ere ezartzen?

APEZA: Liberté, Egalité, Fraternité ideia horiek ebanjelioan kausitzen direnak dira... Pena da Errepublikanoek baitituzte, burtxoroki ibiltzen. Horien ideiak aberatsak dira... Ideia horien gobernua daukate okerra...

BEÑAT: Bainan, ez ote da artzainaren eginbidea, bere artaldearen otsoetarik zaintzea?

APEZA: Enetzat ez da otsorik, bainan bakarrik ardiak... Ardi batzu baditut niganik hurbil daudenak... Bainan baditut ere beste ardi batzu, artaldetik urrunduak, eta hek ere, berdin maite ditut.

BEÑAT: Bainan, jauna, ez duzu ikusten, hola jokatuz, gezurra eta egia, berdin dituzula zerbitzatzen?

APEZA: Egiaren jabe direnetan, ez da itzal gabekorik... Eta, gezurrean dabiltzanetan, asko pondutan, egia bota dezakete...

BEÑAT: Mintza zaite garbiki. Beraz, zure arabera, berdin da norbait izan dadien errepublikano edo erregetiar!

APEZA: Nik diotana da: Erlijioneak, nehori ez diola manatzen izaitea erregetiar edo errepublikano... Bakotxak hauta beza gustukoa duen alderdia, bainan erran gabe: Fedeak hola hautatzea manatzen diola.

BEÑAT: Hola balin bada gure ibilbidea, zertako heldu zira gurekin bakarrik? Zertako ez zira joaiten errepublikanoekin ere?... Zure solasak ederrak dira, bainan nik, horien obratzen nahi zintuzket ikusi.

APEZA: Bai, etorriko da oraino beharbada eguna, Errepublika agertuko baita Erregea baino fededunago... Orduan, giristinoek oihu eginen diote «Fuera» erregeari, eta «Agur» Errepublikari. (Zakur saingak entzuten dira)

BEÑAT: Sans-culotte-ak heldu!... Gorde laster!... (Katalinek berriz, lehen bezala, bandera ezartzen du... Sartzen dira Dragon eta Bortolo)

DRAGON: (Denetara so egiten du eta soldadoen moldean salutatzen du bandera) Hola ni maite bandera... Bandera Republika... Ona bandera... Bandera erregea, fuera bandera!... (Katalini) Zu, Republikanoa?

KATALIN: Bai, jauna... Errepublika arras ona dela diote.

DRAGON: Zu gizona nun da?

KATALIN: Gizona hila dut, jauna!

DRAGON: Zu familia nun da?

KATALIN: Alaba zaharrena joana dut komisionez... Huna hemen beste ene etxekoak: Bi haur gaztenak, ama xaharra eta mutila.

DRAGON: (So dago deneri) Bon, bon... Mutila, zonbat urte?... Errak, hi, zonbat urte?

KATALIN: Barka zozu, jauna, ez badu errepustarik emaiten... Arrunt elkorra da eta, gainerat, zangotarik errezelatua... Zaude, mugiaraziko dut nik. (Mutilari manatuz) Xuti zaite hortik eta zoazi behieri azpi egiterat!

APEZA: Bon, bon... (Xutitzen da eta mainguka ateratzen)

DRAGON: (Mutilari mintzo belarrirat) Republikan ez mutila gehiago eta ez nausia. Republika dena berdin...

APEZA: Milesker, milesker! (Ateratzen da)

DRAGON: Hemen apeza ez ikusi?... Apeza hemen gorde he?

KATALIN: Ez dugu hemen zuk baino apez gehiago ikusi, jauna... Hemen, familia pobre bat gira, ahal bezala bizi.

DRAGON: Republika ez pobre, ez aberats, Republika dena berdin. (Madalen sartzen da)

KATALIN: Huna ene alaba zaharrena, Madalen. Komisionea eginik, heldu da.

DRAGON: Neskatxa pollita, Madalen... Ni neskatxa pollita maite. (Kokotsa azpitik kilikatzen bezala) Ni bala egin... Zu bala etorri... Zu enekin dantza. (Madalenek ez du iduri batere kontent dela. Dragon, berriz, bortizki mintzo) Bon, ni joan. Ni, gizona hemen uzten, citoyen Bortolo... Bortolo mia, mia etxea... Kurri, kurri dena barne guzia... Apeza ez hemen, denak trankil utzi... Apeza hemen gordea, dena fusilatu, etxea erre, apeza lepoa pikatu... Ni berriz etorriko... Citoyen Bartolo, egin lana... Mia, mia dena! (Bandera salutatzen du, elgar salutatzen dute Bortolorekin, ateratzen da)

BORTOLO: (So egiten du eskuin eta ezker) Oixtiko zuen mutil hura, nahi nuke berriz ikusi!

KATALIN: Ez da urrun... Madalen, zoazi eta errozu mutilari etor dadien. (Eskuz, keinu egiten dio: ezetz)

BORTOLO: Eta gero, behar ditut etxe huntako barne guziak ikusi.

KATALIN: Bai, bai, ikusten ahal dituzu denak, ez duzu nehon urrezko luisik harrapatuko.

BORTOLO: (Ate bat nahi luke ideki... Ez dezake) Ate hau nola idekitzen da?

KATALIN: Ate hori ez da idekitzen denetarik... Egundainotik itzatua dago.

MADALEN: (Sartuz) Mutila ez dut nehon atzemaiten... Ez dakit norat joana den.

BORTOLO: (Suminduki) Zer zirezte? Nitaz trufatu nahiak? Zer uste duzue? Ez dudala nik zuen mutila ezagutu? Apeza da hori! Eta, ate hunek, gakoa ibili berria du! Gezurtiak, zuek! Ez baduzue onez onean ari nahi enekin, mintzatuko zirezte hunekin. (Errebolbera eskutan hartzen du... Oro ikaratuak dagotzi) Berehala, zuen mutila nahi dut ikusi, edo, zuetarik bat erretzen dut! (Betbetan, ate ezin idekia, tanpean idekitzen da. Beñat eta beste bi gizon agertzen dira... Borroka labur baten buruan, Bortolori errebolbera kentzen diote. Bi besoak altxatzen dituela, Bortolo xutik dago, murruaren kontra)

BEÑAT: (Orroaz) Nork dik hemen bestea garbituko... Hik gu ala guk hi? (Lagun bati mintzo) Habil selaururat eta ekar handik soka bat... (Bortolori) Urde ustel kriminel zikinak! Zer uste duzue? Hil, ebatsi eta basakeria guziak egin ondoan, ordainik gabe, kito ateratzea? Ikusiko diagu ean hoin fier izanen haizen, sokaren muturrean dilingo!

BORTOLO: (Daldaretan dago... Noizean behinka, ahapetik dio) Barka, barka!

BEÑAT: Herresta zikina hi! Bi sosen galona bildu duk mandil batzuen eskutik... Ez baihuen sekulan bilduko hihaurek merezimenduez... Eta orai, hemen daukak zangopean nehori egundaino kalterik egin ez duen jende gaixoa.

BORTOLO: Barka, barka!

MADALEN: Huna jaun erretora!

BORTOLO: Barka, jaun erretora, barka! Bestek manatuz ari naiz!

APEZA: (Eztiki eta fermuki) Soldado krima egile guzien leloa duk hori: «Bestek manatua egin dut». Soldado ohoreak ez dik holakorik galdatzen. Bere kontzientzia saltzen duen gizonak ez dik gizon izena merezi.

BEÑAT: Nahi badu kofesatu, mugi dadiela. Guk soka prest dugu.

APEZA: (Kartsuki) Ez, Beñat, ez zazula holakorik egin!

BEÑAT: (Haserreki) Zer!... Gu deneri bizia kentzerat etorri den ustel hunek, ez ahal du merezi berak bizia gal dezan!

APEZA: Ez dut erraiten ez lukela merezi... Bainan hobe litekela konberti dadien, hil dadien baino.

BEÑAT: Hunen konbertitzea duzu esperantza? Egun ba, eginen du konbertituarena, bainan bihar berriz gu saltzeko... Ba ahal dakizu arbola usteletik ez daitekela etor fruitu onik!

APEZA: Barka zozuete, Beñat, uste dut bestela jokatuko dela hemendik aintzina, gertakari hunen ondotik. Eta, zuek ere, zuen bizian hobeki gozatuko duzue barkatuaren zoriona, ezenetz mendekatuaren iluna.

BORTOLO: Hitzemaiten dautzuet ene laguntza, ahal dudan guziz.

BEÑAT: Prest hiza errepublikano tzar horiek utzi-eta, gurekin, erregetiar soldadoetan sartzeko?

APEZA: (Kartsuki, bihotz barne-barnetik) So egizue, adixkideak, ene adixkide maiteak! Denak hemen euskaldunak gira, odol bereko, familia bereko, mintzaira bereko... Zer munta du batzu izan gaitezen erregetiar eta beste batzu errepublikano? Elgarren artean ditugun lokarriak ez ote dira miletan aberatsago, huts tarteak baino? Ez zirezte ohartzen, zuen errege eta errepublika ez direla gureak?... Gure artean diren nahaskeriak, ez direla hemen sortuak, bainan urruneko giderdunek piztuak eta hunarat hedatuak? Ez ote duzue ikusten, gure artean ixuri odola ez dela guri baliatzen bainan nonbaitik gu huiatzen ari direneri? Adixkideak, ez gaiten izan itsu! Oren latz hautan, kanpotikako nahaskeriak utz ditzagun kanpoan eta kanpotiarrentzat. Eta gure artean, euskaldun guziek elgarri esku eman dezagun. (Zakur saingak entzuten dira)

KATALIN: Mugi, mugi!... Dragon heldu da... (Bakotxa badoa, hitzartu bezala, bere lekurat.... Beñatek errebolbera pausatzen du mahainaren gainean... Bortolok, errebolbera ezartzen du bere sistroan, jartzen da, oraino izerdi ikaretan. Madalenek, oihal bat emaiten dio izerdiaren xukatzeko eta, baso bat aintzinean pausaturik, edaterat zerbitzatzen dio... Zerbitzatzen ari delarik, sartzen da Dragon)

DRAGON: (Harritua, irri aire batekin) Ha, citoyen Bortolo edaten... Neskatxa pollita zerbitzatzen... Marka on!... Hemen maite Errepublika. Ez fitsik atzeman, citoyen Bortolo?

BORTOLO: Ez... Fitsik...

DRAGON: Ni segur apeza ez hemen... Apeza ez nahi hola neskatxa eta mutila... Apeza nahi urrun neskatxa, urrun mutila... Etorri enekin, citoyen Bortolo... Gu etxe guziak ibili behar... Guzia mia mia! (Bandera salutatzen du) Biba la Republika, citoyens!

 

OIHALA

 

aurrekoa hurrengoa