www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Sarako lorea
Piarres Larzabal
1964

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Piarres Larzabalen idazlanak (III), Piarres Larzabal (Piarres Xarrittonen edizioa). Elkar, 1992

 

 

aurrekoa hurrengoa

LEHEN GERTALDIA

 

 

Joka-lekua:

        Poliz-etxe baten aintzinean gira... Atearen gainean idatzia: Liberté, Egalité, Fraternité... Saihets batean, xuriketa hedatzeko soka bat...



        Oihala idekitzean, ikusten da Franklin bakarrik, jostetan ari. Apur baten buruan, Dragon dutela manatzale, sartzen dira lau sans-culotte (Bortolo, Batita, Pipo, Tomas) soldado urratsean eta emaiten lerro batean.

DRAGON: (Manatuz) Un deux, un deux!... Section, halte!... A droite, droite! Battez le pas marche!... Cessez!... Repos! (Euskaraz mintzo da kiskun-kaskun, bereziki «Z» gehienak «S» eginez) Orai kasu! «la théorie». Frantzian orai erreboluzionea... Erreboluzione handia... zuek da la Republika... Zuek ez da erregea... Erregea, Louis XVI, guk lepoa pika... Erregea fuera! Erregea fini!... Eta orai, biba la Republika! Ale, oihu: Biba la Republika!

DENEK: Biba la Republika!

DRAGON: Berriz!

DENEK: Biba la Republika!

DRAGON: Bon, ongi.

FRANKLIN: Biba la Republika!

DRAGON: (Irriz) Ikusten nere semea... nere semea maite Republika... Republika ona... Erregea txarra... Erregea, ez maite libertatea. Erregea populua preso.

FRANKLIN: Biba la Republika!

DRAGON: (Fermuki) Citoyen Franklin, aski! Euskaldunak erregea maite... Euskalduna zozoa... Euskalduna «ignorant»... Ni Parisen... Nik ikusi... Populua dena preso Bastillan... Populua reboltatu... Guk, Bastillari pan pan!!... Guk, Bastilla hartu eta populua libro. Erregea, Louis XVI, bera preso, eta tribunala, lepoa pikatu... Ale, oihu: Biba la Liberté!

DENEK: Biba la Liberté!

DRAGON: Berriz! Ale!

DENEK: Biba la Liberté!

DRAGON: (Haserre) Ez aski fuerte... Zuek lo... ni atzarriko zuek... Attention à mon commandement: Garde à vous! Repos!... Garde à vous! Pas de course, sur place, marche! Plus vite... Plus vite!... Cessez!... Repos! (Franklinek, bere aldetik, soldadoen jestu berak egiten ditu) Hola ni!... Zuek lo! Ni zuek atzarriko... Soldado ona ez lo... begia ideki lo egiten. (Césarine heldu da xuriketa hedatzerat. Saskia lurrean pausatzen du... Franklinek nahi du ama lagundu eta saskitik xuriketak hartzen ditu) Begiak ideki! Beharriak ideki! Arma beti kartutxa prest. Pan pan egiteko beti prest... Berriz Liberté galduko.

CÉSARINE: (Semeari) Errak to, ez hunki xuriketa horiek, hire esku zikinekin!

DRAGON: (Césarine-i) Hi, ene emaztea, citoyenne Césarine, ixilik!... Ni teoria egiten ari.

CÉSARINE: Eta hi, ene senarra, citoyen Dragon, manatuko duk hor hire soldadoeri eta ez hemen, hire emazte eta haurrari.

FRANKLIN: Biba la Liberté!

CÉSARINE: Eta, hi mutiko mukitsua, hago ixilik, ez badituk nahi bi zaflako.

FRANKLIN: O, citoyen Dragon, citoyenne Césarine-ek ni jo nahi!

DRAGON: Citoyenne Césarine, Republika haurra errespetatzen!

CÉSARINE: Bai, citoyen Dragon, bainan haurrak ez badu ama errespetatzen erradazu zer egiteko manatzen duen Errepublikak.

FRANKLIN: Biba la Liberté!

DRAGON: (Soldadoeri) Bai, biba la Liberté!... Eta, biba l'Egalité! Orai dena igual, dena berdin... Lehen handia manatzen, tipia obeditzen... Orai, ez handi, ez tipi, dena berdin. Erregea, hola tripa handia, asea. Populua, tripa baterez, gosea... Orai, erregea eta populua, dena igual, berdin. Lehen «Monsieur» eta «Madame» erraiten. Orai, gizona, «Citoyen», emaztea, «Citoyenne»... Eta dena «to» erraiten. Aita haurra «to»... Haurra aita «to». (Bere semeari) Citoyen Franklin, ni nola izena?

FRANKLIN: Hi, citoyen Dragon!

DRAGON: (Kontent) Horra nola behar erran... Arras ongi to, citoyen Franklin.

FRANKLIN: Garde à vous, citoyen Dragon! (Dragon ematen da «garde à vous») Repos, citoyen Dragon! (Dragonek obeditzen du... Elgar agurtzen dute, soldadoen moldean. Dragon kontent da)

CÉSARINE: (Kexu) Bai... Gasta-zak, gasta, haur txar hori... Ondoko egunetan, ageriko ean obedituko hauen!

FRANKLIN: Biba l'Egalité! (Amari mihia jaliz)

DRAGON: Ba, biba l'Egalité... (Soldadoeri mintzo) Ale, denek oihu: Biba l'Egalité!

DENEK: Biba l'Egalité!

DRAGON: Berriz!... Oihu egin!...

DENEK: Biba l'Egalité!

DRAGON: Hola ba!... (Batitari) Hi, nola izena?

BATITA: Batita, jauna!

DRAGON: (Kexu) Zer? Ni ez «jauna»... ni «citoyen Dragon». Berriz erran... hi nola izena?

BATITA: Batita, citoyen Dragon...

DRAGON: Hi ez «Batita»... Hi, «citoyen Batita»... (Mintzo da Bortolori) Hi nola izena?

BORTOLO: Citoyen Dragon, nik izena: Citoyen Bortolo!...

DRAGON: Arras ongi... Hola behar erran... Hi, citoyen Bortolo, soldado ona, hi galonak... Eta orai, denek oihu: Biba la Fraternité!

DENEK: Biba la Fraternité!

DRAGON: Ez aski oihu!... Berriz!

DENEK: Biba la Fraternité!

DRAGON: Bon... La Fraternité zer da?... Lehen tipia lana, handia besta... Orai, la Fraternité!... Orai, dena besta... Apeza ez nahi besta... Apeza kendu besta... Gu, kendu apeza. Apeza fuera Espainia... Apeza ez, zeremonia ez... Zeremonia ez behar... Fini religionea, fini Eliza! Gu, eliza zerratu... Gu, elizan zaldia eman... Orai, religione berria... Liberté arbola bira-bira dantzan. Apeza ez nahi dantza... Gu, dantza nahi... Apeza nahi Ama Birjina... Gu, nahi neskatxa! (Irri larri batekin) Apeza otoitza Ama Birjinarekin!... Gu, otoitza neskatxarekin... Apeza, arropa luzea nahi neskatxa... Gu, ken arropa luzea... Ederra naturala!... Ama Birjina, ez gehiago zeruan!... Ama Birjina lurrean!... Gu, zeremonia egiten arnoa edan, dantzan, kanta... Dena kanpoan, arbola bira-bira... Ez behar apeza... Ez behar eliza...

DIANE: (Sartzen da, kexu) Errazu, aita!...

DRAGON: Nola erraten?

DIANE: Errazu, citoyen Dragon!

DRAGON: Nola erraten?

DIANE: Errak, citoyen Dragon!

DRAGON: Bon, errespeta Republika...

DIANE: Bai, sarri, omen da prosesionea Errepublikaren ohoretan... Karrosa loratu batean behar omen dute ibili «la déesse Raison»... Eta, nik egin behar omen dut «la déesse Raison»!...

DRAGON: Ni kontent, citoyenne Diane... Hi, neskatxa pollita... He, citoyen, pollita he ene alaba? (Denek irri egiten)

DIANE: Bainan, ni ez naiz batere kontent... Zera... Biluzia behar omen dut ibili... Ni ez naiz biluziko!

DRAGON: Nik erran hi ibiliko, citoyenne Diane!

CÉSARINE: Zer ari haiz? Burutik joaiten, holako zozokerien manatzeko?

DRAGON: Hi ixilik, citoyenne Césarine... Hi dena zaharra... Fitsik ez konprenitzen relijione berria... Relijione berria, dena naturala.

CÉSARINE: Naturala ba. Hi gozatuko haiz besten naturalaz, bainan nor eginen duk hireaz?...

DRAGON: (Kexu) Hi, ixilik, citoyenne Césarine... Ni nausi hemen... Citoyennne Diane, nik erran, hi ez dena biluzia... Pixka bat bakarrik...

DIANE: Ni ez naiz ibiliko karrosa hortan... Aski duzu, ene orde, beste bat harrapatzea!

CÉSARINE: Aski diten emaitea soldadoekin dabiltzan neska tzar horietarik... Baditen horiek usaia...

DRAGON: Ixilik, citoyenne Césarine... Fuera, ala fuera hemendik!

CÉSARINE: (Ateratuz) Fuera bai... Biba la Liberté!

FRANKLIN: Biba la Liberté!

DRAGON: Ixilik, citoyen Franklin... Fuera hi ere... Ale, amarekin... Fuera!

DIANE: Ez beti ni baitan konda, sarriko zeremonia hortako...

DRAGON: Citoyenne Diane... Ni Republika... Ni behar obeditu... Ni, citoyen Dragon, ni hemen nausi... Denek ni behar obeditu...

DIANE: Nahi duzun guzia, bainan ni ez naiz biluzia ibiliko...

DRAGON: Fuera hemendik, citoyenne Diane... Fuera... Gero mintzatuko nik eta hik... Ale, fuera! (Diane ateratzen da) Emaztea, Republika ez maite... Emaztea, erregea, apeza, dena berdin... Dena arropa luzea maite... Gu gizona, gu ez emaztea... Ale, repos!... Garde à vous! Repos!

APOLO: (Sartuz eta soldado moldean agurtuz) Citoyen Dragon, ene aintzindariaren partez, mezu batekin heldu nauk!

DRAGON: Mintza hadi, citoyen sans-culotte!

APOLO: Citoyen Dragon, ene nausiak jakin arazten dauk, Sarako kartier batean badela apez bat gorderik... Eta, hura lehenbailehen arrasta dezakan.

DRAGON: (Errabian) Apeza!... Beti apeza!... Ni apeza atxeman... Ni apeza lepoa tinka, hola!... Gero, lepoa pika, gillotina... Huu apeza! (Soldadoari) Citoyen sans-culotte, erran aintzindariari, nik apeza arrastatuko...

APOLO: Ongi da, citoyen Dragon. (Ateratzen da)

DRAGON: A mon commandement, repos!... Garde à vous!... Kasu nik zer erran, citoyens sans-culotte!... Zuek arma hartu... Gu dena Sararat joan! Saran, mia, mia etxe guziak... Apeza atxeman... Apeza preso hartu... A gauche, gauche.... En avant, marche!... (Ateratzen dira soldado urratsean)

 

OIHALA

 

aurrekoa hurrengoa