www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Lana eri
Piarres Larzabal
1965

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Piarres Larzabalen idazlanak (III), Piarres Larzabal (Piarres Xarrittonen edizioa). Elkar, 1992

 

 

aurrekoa  

LAUGARREN GERTALDIA

 

 

Joka-lekua:

        Aintzineko barne bera.

 

 

NAUSIA: Beraz, azken aldikotz sartzen nauk bulego huntan, nausi bezala. Oraidanik hi izanen haiz lantegi huntako nausi berria. Duela hogoita hamabi urte, hartu nian kargu hau aitaren eskutik. Orduan ez zituan leku hauk orai bezala. Berrehun bat langile ginizkan bakarrik. Orai uzten daizkiat lau ehun.

ANDRE: Nik ez dakit, aita, noiz eta nola utziko dudan lantegi hau. Bainan kontent ninteke hau gidatzen banu zuk bezenbat urtez, eta azkartzen banu, zuk egin izan duzun bezenbat.

NAUSIA: Bai, aitor diat, naski, hik ni bezala, nik aita, arras moda xaharrekoa kausitu nuela, haren laneko segida hartu nuelarik. Bainan, laster ohartu ninduan, hainitz banukela aitarenganik ikasteko.

ANDRE: Ez da dudarik, aita, enetzat gauza bera izanen dela eta maiz etorriko nauzula kontseiluketarat. Nere xedea da zaharren oraikotzea, bainan zuri izanen da ni argitzea nolakoa den, berritu nahi dudan zaharra, ez dezadan hautsi, xuxendu bakarrik eta hobetu nahi nukena.

NAUSIA: Kontent nauk, hola mintzo baihiz. Zuhurtzia duk hola jokatzea. Ari denak beti egiten ditik hutsak, bainan gutiago, buruz ari denak. Eta buruz aritzea duk saila hautsi gabe, oraikoa lehengoari jostea.

ANDRE: Hortan, aita, zure eta ene gogo dira, hari bereko.

NAUSIA: Egizak beraz bizitze, seme. To, hirea duk lantegi hau. Izanen duk lan, atsegin, bai eta ere sofrikario.

ANDRE: Milesker, aita.

NAUSIA: Errak, eta... Laster ezkontzen haizenaz geroz, nahi nizkek ahantzi Mayirekin izan ditugun gorabeherak. Amari ere errana zioiat. Agian elgar lañoki hartuko diagu eta agian, Mayi izanen duk, guretzat, bigarren haur bat.

ANDRE: Hori da, aita, gure nahikundea ere, eta jada gisa hortarat mintzatuak gira Mayirekin.

NAUSIA: Bon, milesker. Banihoak hemendik. Uzten haut hire lanari. (Emeki eta luzaz behatzen du bulegoari. Semea xutitzen da... Apur bat ixilik... Aita jalitzen da nigar bat xukatuz)

ANDRE: (Bakarrik. Apur bat ixilik) Bere biziko lanetik betikotz urruntzea da pixka bat hiltzea. Gaixo aita! (Atea joiten dute) Aintzinat! (Mayi agertzen da. Andrek lorietan errezebitzen du) Agur Mayi! Zoin tenore onean heldu ziren. Badut zernahi zuri kondatzeko.

MAYI: Zertan zira aitarekin?

ANDRE: Hoberenean. Oraintxet ateraia da hemendik. Gure antolamenduak egin ditugu. Oraindanik, ni naiz hemengo nausia.

MAYI: (Irriz, maleziarekin) Beraz zu zira ene nausia?

ANDRE: Ba, eta zu ene etxeko anderea. (Biak irriz)

MAYI: Nik ere berri on bat badut. Anaia arras ongi doala eta laster etxerat igorriko daukutela.

ANDRE: Hobe, hobe. Eta aitari aipatu diozu enekin esposatzea?

MAYI: Ba, bainan ez du iduri holakorik onetsi nahi duela. Errepusta eman daut: Andrekin ezkondu? Ikus eta sinets.

ANDRE: Bon. Badakizu zer egin behar dugun? Apur baten buruan dut zure aitarekin eta bere lagunekin, greba bururatzeko bilkura. Zu egonen zira prest bilkura akabatzean xanpaña zerbitzatzeko, eta orduan, denen aintzinean jakin araziko dugu gure ezkontzeko xedea.

MAYI: O, Andre, agian elgarrekin ongi emanen dugu. Hain da berria eta handia ezkontzarekin hartuko dutan kargua, nun batzuetan beldur bainiz ez dudala aski zure gosturat beteko.

ANDRE: Biek izanen dugu, Mayi, elgarren beharra eta biek eginen dugu ahal duguna. Baitezpadakoena izanen da, beti elgar maitatzea eta sustengatzea.

MAYI: Iduritzen zait, zurekin, gure biziaz eginen dugula zerbait eder.

ANDRE: Ba, eta agian, ene aitari bezala etorriko zaukularik lana uzteko tenorea, ez ditugu gure langileak greban izanen, bainan urus eta kantuz lanean ari.

MAYI: Eta agian ere, ez gira orduan hotzean izanen zahar-gazteak gure familian.

ANDRE: A! Beharko ditugu peraxatze batzu egin, nik zure aitarekin.

MAYI: Ba, eta nik zure aitamekin.

ANDRE: (Irriz) Manobra handitako egunetan gira, behar baititugu zahar-gazteak elgarri josi eta gainerat langile-nausiak.

MAYI: Ez du hain aspaldi, gu biak elgarrenganik urrun ginauden. Guk bat egin dugunaz geroz, ez bide da ezin-ahala, bestek ere bat egin dezaten.

ANDRE: Bat egitea errex da, gizonek elgarri so egiten badute onezia gogoan. Bainan batasunik ez dagoke, gizonek partida jokatzen badute, bihotza gaxtakeriaz hazia.

MAYI: (Asaldatua) O, Andre, zure ama ikusten dut hor heldu.

ANDRE: Gure amodioaren izenean galdatzen dautzut, Mayi, egin ahalak egin ditzazun zuen arteko lokarrien leuntzeko. (Mayik izerdia dariola ez daki nun koka. Dama atea jo eta sartzen da. Denak apur bat ixilik daude. Bi emaztek elgar besarkatzen dute. Biak nigarrez)

ANDRE: (Apur baten buruan, irriño batekin) Bon, ama, ez baitautazu behin ere arrebaño bat ekarri laguntako, nihaur izan naiz baten bilarat.

ANDRE: (Nigarrak xukatuz) Mayi, ahantz ditzagun gure artean izan ditugun gorabeherak. Ez dut alabarik izan. Bainan esperantza dut amatzat onartuko nauzula.

MAYI: (Herabeki) Ba, etxeko anderea.

ANDRE: «Etxeko andere» hori, Mayi ehortziko duzu betikotz, eta oraidanik erranen duzu «ba, ama».

MAYI: (Ahapetik) Ba, ama.

DAMA: Bon, ez baigira orai aski gure buruen jabe solasen ibiltzeko, uzten zaituztet bi-biak. Sarri egonen gira luzexago elgarrekin.

ANDRE: Ongi da, ama. Sarri beraz elgarrekin afalduko dugu.

DAMA: (Jaliz) Ba, horixe bera. (Mayi eta Andre ixtaño bat irriz ari dira)

ANDRE: Ez dakit errex den alaba baten sortzea, bainan ikusi dut neke dela ama baten sortzea. Milesker Mayi, hoinbeste borondate on erakutsi baituzu ene amaren zuretzeko.

MAYI: Sortzezko ama onartzeko ez nekerik. Sort-ondoko amak emaiten ditu lanak.

ANDRE: Huna nun heldu zaigun gure jaun erretora. Segur naiz gure berri jakin nahian ibilki dela.

MAYI: Ni banoa, Andre. Hola ez zaituztet trabatuko zuen solasetan.

ANDRE: Ez, Mayi, zaude hemen. Ez zira soberakin, eta on da oraitik usaia har dezazun zure urratsen ibiltzeko ez nere zerbitzari bazine bezala, bainan izanen ziren nere espos-lagun bezala. (Ateko zirrintza) Aintzinat!

ERRETORA: (Sartuz) Agur, adixkide onak. Ta? Zertan dira zuen arteko gorabeherak?

ANDRE: Hoberenean jaun erretora. Gu biek egin koropiloa, aitamek tinkatzen ari zaizkigu.

ERRETORA: Hobe, hobe. Joan den aldian, hemendik ateratzean, Izpiritu Sainduari otoitz bat egin nion, bakezko urtxoa, etxe huntarat jauts zadien.

ANDRE: Urtxoa jautsi da, jaun erretora, eta denak bere kurrukaz eztitu ditu.

ERRETORA: Jakin ditut ere, Mayi, zure anaiaren berri onak. Eta bietan kontent naiz zure anaiaren salbatzeko herri guziak bat egin baitu. Harritzeko da nola lagundu duten denek, kasik zoin gehiago bezala.

ANDRE: Holako izpirituen batasun bera behar ginuke ere, jaun erretora, gure lantegiaren salbatzeko.

ERRETORA: Ba, egia diozu. Izpiritua da denen zimendu. Ibil zaitezte goragoko ontasunen ondotik eta beherekoak ukanen dituzue gainerateko.

ANDRE: Ez dakigu, Mayik eta nik, zer obratuko dugun ondoko egunetan, bainan nahi ginuke gure lantegiko moldetan bide berri bat ideki.

ERRETORA: Nik dakitana da, ez dela Jainkoaren gostuko obrarik muntatzen, gurutzerik jasan gabe. Asko etsaigo beharko dituzue beraz bentzutu, zuen xedetarat heltzeko.

ANDRE: Ba, Mayiri erraiten nion, nausi hainitz gure urrats berrien kontra izanen ditugula. Eni izanen dela heien eztiki gure molderat biltzea.

ERRETORA: Ba, eta hainitz langile gidari ere zuen kontra izanen dituzue. Zuen molde berriekin alabainan, zuen langilek, nahitez, galduko dute nausien kontra gudukatzeko daukaten izpiritua. Eta, beste lantegietako lagunentzat, zuen langileak izanen dira desertur eta uko egile batzu.

ANDRE: Nago nola beharko dugun gobernatu Mayik eta nik, gure etxean ateak berdin zabalik egon daiten, ba nausi eta ba langilentzat.

ERRETORA: Ez duzu hortaz buruhauste ibiltzerik. Mayi izan dadiela orai den bezala, eta zu, Andre, berdin. Erran nahi dut Mayi ez dadiela bilaka andere handi, zurekin esposatuz, eta ez zu ere jauts zure etorkizunari gomeni ez diren molde herresta batzuetarat. Ez zaiteztela lot, ziminoak bezala, zuen maileko ez diren jenden, jestuen egiten. Elgar maita-azue beti orai bezala. Zuen bihotzak atxik-atzue beti idekiak munduari. Hori da molderik hoberena, nahi baduzue zuen etxeko atea beti nornahirentzat zabalik izan dadien.

 

OIHALA

 

aurrekoa