www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Lana eri
Piarres Larzabal
1965

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Piarres Larzabalen idazlanak (III), Piarres Larzabal (Piarres Xarrittonen edizioa). Elkar, 1992

 

 

aurrekoa hurrengoa

BIGARREN GERTALDIA

 

 

Joka-lekua:

        Langile etxeko edozoin barne.

 

 

        (Mayi sartzen da sare bat eskuan)

PANTZEZ: Lantegiaren ondotik pasatu zirea?

MAYI: Ba, aita.

PANTZEZ: Bazena deus mugimendurik?

MAYI: Ez aita, ateak denak hetsiak dira. Ez da nehor han, lanean ari.

PANTZEZ: Ta, nausiaren bulegoan seinale zena nehor?

MAYI: Nehor, leihoak hetsiak ziren.

PANTZEZ: Urdeak! (Apur bat ixilik)

AMA: (Agertuz) Hor zirea, Mayi? Ekarri dituzuia erremedioak?

MAYI: Ba, ama, hemen ditut denak. Mirikua ere ikusi dut. Erran daut apur baten buruan heldu dela.

AMA: Berriz ere bihotzeko mina abiatu zaio. Otoi ekar-zkitzu usaiako ttintta horiek.

MAYI: Berehala, ama. (Apailatzen du edankia)

PANTZEZ: Ez dakit zer behar dugun ikusi haur horrekin.

AMA: Atzo arratsean deliberatzekoa zuten beharko ote den operatu edo ez. Mirikuak laster argituko gaitu.

PANTZEZ: A! Ta holakoak beti guretzat dira!

AMA: Ba, ba, penak eta kargak. Ez dakit zorrak nola behar ditugun ordaindu... Bereziki greba hunek oraino luzaz irauten badu.

PANTZEZ: (Bizi-bizia) Ez ahal zira zu ere zinkurinaka ariko greba egiten dugulakoan!

AMA: Jes, ez ote ditake egia aipa den bezala: Lana delarik, lan dugula bizitzen, eta oraino lanago greba delarik?

PANTZEZ: Bon, bainan oroit ez dela zinkurinekin saldarik ontzen.

MAYI: (Aitaren bizitasunaz asaldatua) O aita!... (Apur bat ixilik. Ama eta Mayi jalitzen dira. Atea jotzen dute)

PANTZEZ: Aintzinat. (Agertzen da arrantzari) To! Hi hintzena?

ARRANTZARI: Ba. Heldu nuk lantegiari so bat emanik.

PANTZEZ: Ta? Lotu dea nehor lanari?

ARRANTZARI: Ez. Ez duk barnean arima bat ere. Bulegotako hoitarik zonbait abiatuko ote ziren ninduan beldur. Bainan, orainokoan segurik, bulegoak ere hetsiak dituk.

PANTZEZ: Hanbat gaxto greba hausle, nausien gibel milikarien. Ukamiloz eta hala beharrean makilaz ditiagu holakoak heziko.

ARRANTZARI: Badakik, dudarik gabe, nausia arizan dela zonbaiten buruz buru ikusten, gure artean nahaskeria pizteko! Ta, bere sareak hedatzen dituela bereziki bulegotako enplegatueri.

PANTZEZ: Ba, bazakik nun lot, bulegoan baititu bere xakurrik leialenak. Bainan ez dituk gutaz trufatuko. Esku xuri horieri erakutsiko diotegu nolakoak diren gure aztapar beltzak. Gure abantailetan parte hartu nahi dutenaz geroz, ez ote duk xuxen parte har dezaten ere gure sakrifiziotan?

ARRANTZARI: Haatik, nahi badugu lagunak gure alde fermu egon diten, baitezpadakoa duk gu, eta gure hurbilak, tinki atxikiak agert gaiten abiatu sailari.

PANTZEZ: Argi den gauza duk hori. Ez ahal dik nehork hortaz arrangurarik?

ANDRE: Ez zakiat, ez zakiat.

PANTZEZ: Zer erran nahi duk? Zer dituk duda-muda horiek?

ARRANTZARI: Segur hiza ez duela nausiak hire alaba pixka bat biltzen hasia?

PANTZEZ: Gure Mayi? Zer derasak?

ARRANTZARI: Zuen Mayi, ba. Ez dauka pitsik salatu?

PANTZEZ: Zer salatu?

ARRANTZARI: Ez dauka aipatu atzo nausiaren semearekin egin duen egonaldia?

PANTZEZ: Gure Mayi nausiaren semearekin? Gezurra duk hori.

ARRANTZARI: Egiaz nauk mintzo. Ene begiz ikusiak ditiat. Elgarrekin egon dituk, ez ustegabetarik, buruz buru eginik, bainan aintzinetik hitz harturik. Ez ginikek behar, hemen guk ibili solasean, kanporat berduratzalerik.

PANTZEZ: Gure Mayi? Ezin sinetsia diat.

ARRANTZARI: Galde zok berari.

PANTZEZ: Ba, eta berehala. (Deituz) Mayi, ean zato hunaraino.

MAYI: (Agertuz) Zer nahi zinuen, aita?

PANTZEZ: Egia dea, Mayi, atzo arratsean, nausiaren semearekin buruz buru egon zirela?

MAYI: Ba, aita.

PANTZEZ: Jakiten ahal duta zertan dabilan mutil hori zure ondotik? (Mayi ixilik... Arras kexu) Zer dabila? Greba hautsi nahiz zu lanerat bilduz? Zertako ez dautazu pitsik salatu? Zer dira manera horiek? (Atea joiten dute) Aintzinat!

MIRIKUA: Agur, jaun andereak.

PANTZEZ: Agur, jaun mirikua.

MIRIKUA: Bazauzte, ba?

PANTZEZ: Ba, jauna, ba.

MIRIKUA: Ttipia hala-hala?

MAYI: Zato, jaun mirikua, oraintxet bulta txar bat ukana du.

MIRIKUA: A! A! Bon! (Mayi eta mirikua jalitzen dira. Apur bat ixilik)

ARRANTZARI: Ni banihoak, to.

PANTZEZ: Ez, hago hemen. Hola jakinen dituk hik ere gure haurraren azken berriak... Ezin jasan diat mutil zikin horren egitatea.

ARRANTZARI: Beharbada gaizki egin diat hori salatzea hiri, bainan ezin egon nindian ixilik. Hori ikusiz geroz, halako opil bat banian bihotzean.

PANTZEZ: Ongi egin duk mintzatzea. Gure artean, konfientziak irautekotz, gordekeriek behar ditek baztertu. Mayik deus ez salatzea zaitak handi eta penagarri, ez baita hori gibelsakelduna.

ARRANTZARI: Nork zakik? Beharbada ez hintuen sumindu nahi. Beharrena duk abisatua izan dadien eta ez dadien eror ihiztari horien saretarat. (Apur bat ixilik... Agertzen dira ama eta mirikua)

MIRIKUA: Egon naiz miriku lagunekin. Haur hunek bihotza du sortzez gaizki formatua. Duela zonbait urte, ezin sendatua izanen zen, bainan orai, holakoak operatzen dituzte. Haatik, hortako joan beharko du Pariserat, eta gainerat, ez treinaz edo otoz bainan airekoz, ez dadin sobera akit bidean. Hor ikusi beharko dena da gastu handiak izanen direla. (Apur bat ixilik)

PANTZEZ: Jauna, ez gira aberatsak, dakizun bezala, bainan behar baditugu ere etxeko mubleak saldu, gure haurraren salbatzeko, eginen dugu ahal dugun guzia.

MIRIKUA: Ene aldetik, mintzatuko naiz behar den lekuan zueri laguntza egiteko. Eta berehala banoa airetakoen tenoren jakiterat. Sarri artio beraz.

PANTZEZ: Ba, sarri artio, jaun mirikua, eta milesker. (Jalitzen dira mirikua eta ama. Ama, begiak xukatuz. Aita, ilun dago apur bat) Hori ere guretzat zuan. Ez zakiat zer behar dugun ikusi.

ARRANTZARI: So-izak, Pantzez, haurraren bizia duk lehen. Bakarrarentzat ezina, ez duk neke multxo batentzat. Mintzatuko ditiat laneko lagunak. Denen artean lagunduko haitugu. Ez zakala diruari so egin. Haurrari emoitzik behar dituen tratamendu guziak.

PANTZEZ: Milesker eginen dukanarentzat. Izanen diagu naski denen beharra. (Atea joiten dute) Aintzinat!

ERRETORA: Egun on, jaunak.

PANTZEZ: Egun on, jaun erretora.

ERRETORA: Mutiko gaixo horren ikusterat heldu naiz. Goizean, mirikuarekin mintzatu naiz eta hunen Pariserat eremaitea aipatu daut. Zer deliberatu duzue?

PANTZEZ: Zer nahi duzu egin dezagun? Pariserat joaitea hobe, joan behar bada.

AMA: (Agertuz) Hor zirea, jaun erretora? Zato, zato ganberarat. Frango ezti-aldian aurkituko duzu eria. (Erretora eta Ama jalitzen dira)

PANTZEZ: (Apur bat ixilik) Zer ote dio jaun erretorak gure laneko gorabeherez?

ARRANTZARI: Atzo arratsean, biek buruz buru afaldu ginian. Pixka bat hortaz zirikatu nian. Gizon ona duk. Nahi lizkek denak bakean ikusi. Bainan, ez duk gure larruan bizi.

PANTZEZ: Greba huntan, gure alde duk edo gure kontra?

ARRANTZARI: Ez zakiat. Neurtuz zerabiltzak bere solasak. Denena egin nahi likek. Guk egiten diagu bere artaldeko nonbrea, bainan nausien eskuetan duk gure bazka. Eta artzaina, ez ziagok ongi artaldea balin badu bazkarik gabe, eta ez ere bazka balin badu, artalderik gabe.

PANTZEZ: Bai, gure botika, zerbait baduk. Igandetan, nausiak eta gu, han gaituk denak batean, elizan, berdin denak mahain sainduan. Gaitzeko predikuak entzuten ditiagu, behar dugula elgar maitatu eta munduari eman, elgar maite dugulako lekukotasuna. Eta, elizatik jali ordu, zakur eta gatu bezala gaituk.

ARRANTZARI: Zer nahi duk? Elgar maitatzeko, behar dik elgarrekin uztartu. Uztarri on bat egitekotz, behar dituk hein bertsuko kabalak. Gure artean, gaina eta behera, elgarrenganik sobera urrun dituk, uztarri berari lotzeko.

PANTZEZ: Ez duk ba, gure falta, ez bagira, gaina eta behera elgarri hurbilago? Guk nahi ginikek goratu. Bainan nun kausitzen duk, gorakoetan, gu hetarat hurbiltzen laguntzeko gutizia?

ERRETORA: (Agertuz) Gaixo haurra, agian, agian aterako da. Beraz bihar goizean ekarriko diot komunionea. Jainkoaren laguntzarekin egin dezan piaia on bat eta itzul dakigun osasunaz ondurik.

PANTZEZ: Agian ba, jaun erretora!

ERRETORA: Xahupide handitarat sartzerat zoazte. Baduzue alderdirik buru egiteko holako gastueri?

PANTZEZ: Eginen dugu ahal dena, jaun erretora. Gure haur baten bizia, estimatzen dugu gainerateko ontasun guziak baino gehiago.

ERRETORA: Ba, arrazoin duzu. Nere aldetik ere ekarriko dautzut zerbait. Bainan, gure moltsak guti dira hor eginen den ziloaren tapatzeko. Behar ginituzke laguntzale ahaldun batzu harrapatu.

PANTZEZ: Egia. Bainan nor?

ERRETORA: Mintza baneza zure lantegiko nausia?

PANTZEZ: Trufaz ari zirea, jaun erretora?

ERRETORA: Zertako?

PANTZEZ: Orai, greba batean giren huntan, nahi diozu nausiari langile baten haurrarentzat laguntza eskatu? Ez duzu ikusten nola errabiatua dabilan, grebaren sustengatzeko egiten ditugun esken kontra?

ERRETORA: Ez da gauza bera zerbait eskatzea grebalarientzat eta zure kasuarentzat. Eta, kasik segur naiz, zure haurrarentzat, zure nausiak laguntza egin lezakela.

PANTZEZ: Holakorik ez dut nahi, jaun erretora!

ERRETORA: Zertako?

PANTZEZ: Zeren, jaun erretora, nausia sobera fier bailiteke erraiten ahal balu, gure beharrez izan girela haren aintzinean apaltzen. Egin lezaken laguntza ez liteke bihotz onezkoa, bainan gure bizkar, plazer tzarrez hanpatzekoa, baliatuko luken laguntza.

ERRETORA: Nik ez dakit ba. Holakoetan balios da norbait esku zabaleko ukaitea.

ANDRE: Gu ere hor gira gero, jaun erretora. Ur xirripak gira, bainan ur xirripa hainitzek egiten dute ur-ibaia.

ERRETORA: Ba, gisa hartarat zerbait moldatuz geroz... Bainan, ni baitan nindagon ez ote zen, nausia ekarriz haurraren ikusterat, zuekin mintzatzerat, ez ote zen bakea errextuko zuen artean.

PANTZEZ: Bakea laster egina liteke, jaun erretora, nausia eta ni bagina elgarrekin haserre, gure jite desberdinengatik, bainan gira bi gobernu bezala. Nausia da kapitalaren gobernua, ni aldiz lanarena. Ene buruari eta ene familiari baino urrunago behar dut behatu, nausiarekin ditudan solaskadetan.

ERRETORA: Bai, bai, bainan gizonek elgar maite badute, heien arteko gorabeherak errexkiago xuxentzen dira. (Hemendik aintzina, solasa doala pixka bat minduz)

PANTZEZ: Zuzentasunik ez den lekuan, amodiorik ez da loretzen.

ERRETORA: Zuzentasun osorik ez dagoke lur huntan.

PANTZEZ: Osorik ez, bainan gizonen egitekoa da zuzentasun ahalik zuzenena izan dadien.

ERRETORA: Nork duke hobeki lagunduko eri duzun haurra? Nere moldeak ala zureak?

PANTZEZ: Nork du hobeki errespetatzen gizona? Zure moldeak ala eneak?

ERRETORA: Ene moldek ez dute errespeturik nehori galtzen.

PANTZEZ: Nausiaren errespetua ez, ez duzu galtzen bainan langilena ba.

ERRETORA: Ez naiz ni, ez langilen eta ez nausien alde, bainan denen bakearen alde.

PANTZEZ: (Bizi-bizia) Zuk proposatzen daukuzun bakea da: Zorri lehertuaren bakea. Ez dugu langilek nahi zorri lehertua izan.

ERRETORA: Bon, segi-azue beraz gerla. Hor ikus, ean hobeki aterako zirezten.

PANTZEZ: Ez dugu bakeari gerla egiten, bainan gerlari bakea xekatzen.

ERRETORA: (Betbetan eztituz) Bon, hobe dugu huntan gelditzea. Nik ene egin ahalaz lagunduko zaituztet eta gure Jainkoa urrikal dakigula!

PANTZEZ: Agian ba, jaun erretora!

ERRETORA: Sarri artio, jaunak.

PANTZEZ: Ba, sarri artio, jaun erretora. (Erretora jalitzen da. Apur bat ixilik) Beharbada soberaxko erran zioiat, bainan ez diat urrikirik.

ARRANTZARI: Ba, askotan ixilik egoitea errexago duk mintzatzea baino.

PANTZEZ: Mahainean jarrita direnek ez ditiztek maite ate gibelean goserik daudenen kurrinkak. Iduri-eta heien mahaineko bakea dela egiazko bakea.

ARRANTZARI: Bai, eta ene iduriko, beti izanen baitira kurrinkariak, beti ere beharko dituk bakezaleak.

PANTZEZ: Ba, bainan nik ez ditiat bakezaleak deitzen «xo» eta «xo!» ari direnak kurrinkarieri, bainan hauk nun duten min ikusiz min horien tratatzerat entseatzen direnak. Horiek dituk egiazko bakezaleak.

ARRANTZARI: Horixe bera gogoan nindoian, apezarekin arrazoinka ari hintzelarik. Jesus eta haren lagunak, gizon baketsuak zituan. Bainan ontsasko nardarazi zizteian beren denborako jende batzu. Hortako izan zituan hiltzerat kondenatuak.

PANTZEZ: Ba, asko gizonentzat erraten ditek gizon baketsuak direla, bainan niagok ez ote liteken hobeki errana eñul batzu direla.

ARRANTZARI: To, soizak nor heldu zaitan otoan?

PANTZEZ: Nor?

ARRANTZARI: Nausiaren emaztea, bere seme Andrekin. Ni banihoak.

PANTZEZ: Ez, hago hemen apur bat. Zertarat heldu dituk horiek? Gure nardatzerat? Ez ditzatela enekin solasak ibil kontra-eremuetan. Ulitxetan nauk gero orai. Eta jaun erretorari erdizka erranak, horieri doblezka ditiat gero aterako.

ARRANTZARI: Ezti hadi mutikoa. (Atea jotzen dute)

PANTZEZ: Aintzinat! (Agertzen dira Dama eta Andre)

DAMA: Agur jaunak.

PANTZEZ: Agur jaun andereak... Bazabiltzate?

DAMA: Ba. Jaun mirikuak aipatu dauku zuen kasua eta zer egin daiteken ikusterat heldu gira. Nola duzue mutikoa?

AMA: (Agertuz) Hemen dugu, hemen. Aintzina zaitezte, jaun andereak.(Jalitzen dira Ama, Andre eta Dama. Apur bat ixilik)

PANTZEZ: Zer behar ote diagu entzun?

ARRANTZARI: Bon, errak. Ni banihoak. Hi ez baihiz egun berdin hemendik aterako, greba konduak utz-aitzik enegain. Eta haurrarentzat dirua biltzeko, lagun multxo batekin elgar adituko diagu. Gure artean eta arrabotsik gabe, nik uste, bilduko diagu hik xahutuko dukan baino gehiago.

PANTZEZ: Milesker, gaizoa. Ez dakik zonbat estimatzen dudan hire egitatea. Eta, haugi maiz-maiza eni berrien ekartzerat.

ARRANTZARI: Jinen nauk, jinen nauk. Behin ere baino elgarri hurbil ibiltzeko egunak baitituk, oraiko gure hauk. (Arrantzari jalitzen da... Apur bat ixilik... Agertzen dira Dama, Andre eta Mayi)

DAMA: Jaun mirikuak aipatu daukularik zuen kasua, berehala deliberatu dut ene andere lagunekin «comité» ttipi bat muntatzea zuen laguntzeko. Kasetetan aipatuko dugu zuen haurrarentzat eginen dugun diru bilketa eta nihaur emanen naiz buru, suma koxkor batekin. Hola, nik uste, beste zonbaitek ez dute nahiko nik baino gutiago karitatea egin. Jaun erretorari ere galdatuko diogu elizatik aipa dezan diru bilketa hori.

PANTZEZ: (Hotz-hotza) Milesker, anderea, zure xede onez. Egia da: Diru beharretan gira. Bainan zuen dirutik ez dut nahi.

DAMA: A! Gure diruak zer itzal dauka, zuk hortarik ez nahi izaiteko?

PANTZEZ: Diru hori emaiten dautazue, zoinek gehiago zuen burua aiparazteko. Hori ez da karitatea, bainan karitatearen itxura hartuz, zuen urguluaren zerbitzatzea eta arras merke, zuen kontzientziaren deskantsatzea.

DAMA: Jes! Ongi jaun handitzat daukazu zure burua.

PANTZEZ: Bai, anderea. Nik ene burua jaun daukat, zuk zurea andere bezenbat. Ez ote gira biak gizon arraza bereko? Nahi dut zure moltsak pisatzen duela eneak baino gehiago. Bainan, ez du moltsaren kargak egiten gizontasunaren pisua.

DAMA: Badakit hori, jauna, bainan karitateak ez ahal dauku manatzen gehiago duenak laguntza egitea gutiago duenari?

PANTZEZ: Karitatea da, anderea, besten laguntzeko eginbidea, bainan ere eskubidea. Eginbidea hor daukazu, bainan ez dautzut nik eman ni laguntzeko eskubiderik.

DAMA: Zer eskubide?

PANTZEZ: Nik ez dautzut eman ene bizian sartzeko, ez eta ere, orori beharretan naizela agertzeko, baimenik. Apal izaiteak ez du erran nahi zure meneko izaitea. Hain zira usatua jende apalen gobernatzen, zure menekoak balira bezala, nun heien gorabeheretan sartzeko ausartzia hartzen baituzu, batere heien berri galdatu gabe. Holakorik egin ote zinezake zure maileko jende handiekin?

DAMA: Zer behar dut ba egin, zuri karitatea egiteko eskubidea ukan dezadan?

PANTZEZ: Eskubide hori, anderea, ez da hitz batez, ez eta egun batez, biltzen dena. Bainan, denborarekin, jende xehea, errespetatuz eta umilki zerbitzatuz biltzen dena.

DAMA: Ez dakit ba nik. Greba dela, gabezian zireztela-ta, eske egiten ari zirezte. Uste nuen, egingo nuen laguntza, zuentzat ongi etorria izanen zela.

PANTZEZ: Ez ginuen izanen grebarik, ez eta nehoren laguntza beharrik hobeki pagatuak bagine gure lanarentzat. Gure miseriaren ziloa zuetarik heldu da. Gure ziloari kendutik duzue altxatzen zuen mendia.

DAMA: (Bizi-bizia) Errazu, hasian-hasi, ohoin batzu girela!

PANTZEZ: Bada hainitz ohointza mota. Zuzenez eman behar liteken ez emaitea, ez da ohointza? Ebasleak ebatsiari karitatea egitea, ez dea hori, ohointzaren gainerat, ustelkeria?

DAMA: Jes! Zoin harro dabilkazun zure burua! Ahantzia duzuia nundik ateraia ziren? Ez zirea zu Mayi Terrentaren semea?

ANDRE: Ama, zaude ixilik.

PANTZEZ: Ba, hala naiz, eta fier naiz hala izaiteaz. Eta segur naiz zure aintzinekoetan, eta biziki urrun joan gabe, balitekela Mari Terrenta bezalako zonbait.

DAMA: Ba, haatik oraiko heinerat altxatu bagira, ez uste izan huntaratu girela jeloskeria eta grebaren bidez, bainan apalki eta zintzoki lanean ariz.

PANTZEZ: Bai, beharbada zure aintzinekoetarik zonbait, bere merezimenduez aberastu dira. Bainan geroztikakoen merezimendu handiena ez ote da izan moltsa azkardunen haurrak zirela?

DAMA: Ez dugu nortarik sortzea hautatu, ez zuk eta ez nik.

PANTZEZ: Horixe diot ba. Izan bazina zu sortzez jende behartsuen alaba, zer izanen ote zinuen egun? Eta zer izanen ote zen zurekin daukazun seme jauna?

DAMA: Andre, goazen hemendik. Entzunak entzun, konprenitu ahal dut nolakoak diren oraiko langileak!

ANDRE: Ama, apur bat oraino.

PANTZEZ: Ta, agian, zure seme jaunak beste molderik hartuko du gurekin. Bainan ni beldur, bulegoko neskatxen enganatzerat entseatzen den nausi-semeak, ez ote dauzkan aitaren plegu berak.

MAYI: (Asaldatuz) Aita, otoi, zaude ixilik. Zuk pitsik ez dakizu. Gezurrean ari zira. Otoi, barka zazu, Andre jauna.

DAMA: Ba, eta ene semeaz ilusione egiten duen bulegoko neskatxak, ez bide du zentzu handirik.

ANDRE: (Bizi-bizia) Ama, zuk ere hortaz bakea emazu. Horiek ez dira zuen gorabeherak, bainan gureak.

DAMA: Ba, eta ez nintzateke harritu ez ote den ene semearen bidez goratu nahi den neskatxa, apalen alde mila ele ateratzen dituztenen alaba zonbait.

ANDRE: (Fermuki) Ama eta zu, jauna, utz nezazue otoi bi hitzen erraiterat. Mayi eta ni, gazteak gira. Ez gaitzazuela otoi sar zuen arteko gaxtakerietan. (Mayiri eztiki) Mayi, etorriak ginen zure anaiari laguntza egin nahikundez. Zer zerbitzu egin dezakegun eta nola, otoi zato eni erraiterat. (Damari) Eta orai, ama, goazen, zato enekin. (Pantzezeri) Agur, jauna. (Mayiri) Laster artio beraz, Mayi. (Dama eta Andre jalitzen dira)

MAYI: (Nigarrez, zainetatua aitari) Ahalge ere ez zira hola mintzatzeko. Nik ez dakit zertako ari izan ziren hola bazterren nahasten, deus ere jakin gabe. (Jalitzen da. Pantzez dago bakarrik, apur bat pentsaketan, burua esku baten gainean pausatua)

 

OIHALA

 

aurrekoa hurrengoa