www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Hila espos
Piarres Larzabal
c. 1955

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Piarres Larzabalen idazlanak (II), Piarres Larzabal (Piarres Xarrittonen edizioa). Elkar, 1991

 

 

aurrekoa hurrengoa

HIRUGARREN GERTALDIA

 

 

Joka-lekua:

        Barne bat, grefiera-baitan

 

 

ADELA: Ba, berdin du. Hor erran ditu, erran behar ez zirenak ere. Bala eta gainerateko, ez zituen aipatu behar, egin dituen bezala... Ez ditu hola meriako gizonak aise bilduko.

MAYI: Apezak, ttantta, ez du plazer dena predikatu behar, bainan egia dena... Eta egiak, maizenik norbaiti zimiko egiten dio.

ADELA: Ba, zu, dena apezentzat zare. Bainan uste duzuia, eni ere plazer egin dautala, aipatu duelarik, balerat joaileek, hilak ez dituztela ohoratzen... Ni balean izanen naiz, senarra eta meriarengatik. Ez plazerrez, ez... Ene biziaren era hola delakotz... Ez dut uste hortan deus gaizkirik egiten dutan, ez eta ere hilen errespetua galtzen dudan.

MAYI: Zu, ttantta, aita zenaren gorputza, jaun erretorak ez duela elizarat sartu nahi-eta, arrunt asaldatua zira. Ez da, ez, bere baitarik ari, jaun erretora. Baditu, horrek ere, bere erreglamenduak segitzeko.

ADELA: Gaixo aita! Hori ez dirot onets. Herrian hura bakarrik izanen da elizakorik gabe ehortzia.

MAYI: Ez dauzkitzuia bere arrazoinak eman, hortaz izan zirelarik haren ikusten?

ADELA: Ba, enekin ez da zurekin bezala... Enekin konplimenduak labur ditu, arras labur.

MAYI: Halako gizon mixteriozko bizardun bat sartu da erretor-baitan, ni han nintzelarik. Eni, luzaz beha egon da... Iduri zuen funtski ezagutzen ninduela... Eta, nigarrez hasi da «Mayi, Mayi» erranez. Barne guzia inarrosi daut.

ADELA: Nor zen ba?

MAYI: Ez dakit, bainan gero berritz ikusi dut. Soldado hilen mezan zen... Jaun Erretoraenerat sartu da, mezatik landa... Ontsa so egin diot... Han aloitzen bide da.

ADELA: Ez dakozia galdatu jaun erretorari nor zitaken?

MAYI: Ez zuen iduri, jaun erretorak ezagutzen zuela.

ADELA: Jes... Hau bitzikeria! (Atea jotzen dute) Aintzinat.

ERRIENTA: Agur.

MAYI: Huna nun den.

ADELA: Agur, Jauna. (Errienta ixilik dago, xutik. Ezagun du barrea arras urratua duela) Zer nahi zinuen?

ERRIENTA: (Apur hat ixilik dago, zintzurra karrakatzen duela) Jartzen ahal niza, ixtant bat.

ADELA: Bixtan da... ori... Jar zaite hemen... Zer zira?... Eske ibilki?

ERRIENTA: (Begiz denak jan nahi ditu) Eske... eske ba... Ene gisan. (Apur bat ixilik)

ADELA: Zer hartuko duzu?

ERRIENTA: Etxe huntan, errienta bat bizi zena lehenago?

ADELA: Ba... Ene senarra zen... Ezagutu duzuia?

ERRIENTA: Ba... Ezagutu dut... Hura eta ni arras bat ginen.

ADELA: Zer zira? Haren soldado-lagun zonbait?

ERRIENTA: Ba... elgarrekin egin dugu gerla, hastetik bururaino.

ADELA: Harekin zinena, presondegian ere?

ERRIENTA: Ba... harekin.

ADELA: Orduan, familiako berriak ere aipatzen zinituzten. Badakizu alaba ere bazuela.

ERRIENTA: Ba, Mayi...

ADELA: Huna, Mayi...

ERRIENTA: Mayi... Orduan ttipia zen... Geroztik handitu da.

ADELA: Alabainan, hameka urte abantxu baditu gero, gerlaren bururatzeak... Eta, zu nungotarra zitut?

ERRIENTA: Denboraz, nunbaitekoa nintzen... Orai nehongoa.

ADELA: Nola zira hortaratu?

ERRIENTA: Biziaren itzuliek naute huntaratu.

ADELA: Ene senarrarekin zinena hil zelarik?

ERRIENTA: Ba, harekin nintzen.

ADELA: Badakizuia haren gorputzaren so gagozila? Engoitik hurbildua bide da herrirat.

ERRIENTA: Omen ba... Jina ere dela diote zonbaitek.

ADELA: Jina, jina... Ez araiz!... Familia abisatuko ahal gituzte, auzoak baino lehen. Nun entzun duzu holakorik?... Edo zer?... jaun erretorak...

ERRIENTA: Ba, jaun erretorak zerbait badakike.

ADELA: (Suspiretan) Ha, gaixo senarra! Ho, zenbat oroitzapenen erreberritzea! Zer erraiten zautzun enetzat, familiarentzat, elgarrekin presonier zineztelarik?

ERRIENTA: Etxekoeri biziki atxikia zen.

ADELA: Ha, gizon ona zen ene senarra! Haren joaiteak, sekulan nehork beteko ez duen huts bat utzi du ene baitan. Badira oroitzapen batzu ezin urrunduzkoak. Jin baladi berritz hunarat, bere etxea, utzi bezala aurki lezake. Haren oroitzapenetan haren denboran bezala dira oraino etxe huntan mubleak... Egiazki, ez baitzen nor-nahi ene senarra. (Errientak arrunt bihotza joa du. Xutitzen da) Bainan, zuri zerbait egin zautzu?... Zer duzu?... Jar zaite... Hori, edan-azu.

ERRIENTA: Ez; milesker... Banoa.

ADELA: Zaude ixtant bat, jarririk. Zerbait har-eta gero urrunduko zira. (Atea jotzen dute) Aintzinat.

ERRETORA: (Agertzen da) Agur, jaun-andereak. (Errientari buruz) Ez ginen hola elgar adituak. Ni nintzen lehenik, zu aintzin, hunarat jitekoa.

ERRIENTA: Barka zadazu... Ez dut hitza atxiki. Tokiak eta jendeak ene begiz ikusteko, tirria izigarri batek hartu nu.

ERRETORA: Beraz, nik ekarri behar nuen berria, zuhaurek ekarri diozu. Ez dut komixione egiterik.

ERRIENTA: Nehork ez daki hemen gure berria, zuk eta nik baizik. Zure gain da beti argitasunaren egitea.

ERRETORA: Jaun grefierarenganik heldu naiz. Hura jakintsun ezarri dut.

ERRIENTA: Nola hartu du?

ERRETORA: Berria erran-eta, hartan utzia dut.

ADELA: Zer da? Gorputza etorri?

ERRETORA: Ba, zure senarraren gorputza herrian da.

ADELA: Nun da, nun?... Erradazuet!... Merian?

ERRETORA: Ez.

ADELA: Zer ba? Hilerrietan?

ERRETORA: Ez.

ADELA: Nun eman duzue ba? Nun da ene senarra? (Erretora ixilik dago) Bainan, mintza zaitezte? Nun da?

ERRIENTA: (Eztiki) Adela. (Adelak ez du konprenitzen)

ERRETORA: Errientaren gorputza, nun den? Huna nun den.

ERRIENTA: Adela, ba, ni naiz.

MAYI: Aita!

ADELA: Zu?... Zu?... (Oihu batean, Mayiren besoetarat alditxartzen da)

ERRIENTA: Ba, Mayi, zure aita naiz... Bizi naiz...

GREFIERA: (Sartzen da, denak apur bat ixiltzen dira. Kexu izigarri batek hartzen du) Zer da?... Zer gertatzen da hemen?

ERRETORA: Berria, oraintxet berean ikasi dute.

GREFIERA: (Kexu errientari) Zu, zertako jin zira hunarat? Bazter nahasterat... Zuk, zer behar duzu ene etxetik? (Mayi eta Adela jalitzen dira)

ERRIENTA: (Oldartuz) Zure etxetik? Zure etxea da hau, edo enea?

GREFIERA: Ene emaztea utziko duzu gero bere gisa.

ERRIENTA: Nork du emazte hori berea? Zuk edo nik?

GREFIERA: Hila, hil da. Zertako agertu zare toki hauetarat?

ERRIENTA: Ene falta dea bizirik enterratu banaute? Jazar zaite ni hiltzat ekarri nauteneri, eta ez eni.

GREFIERA: Jakin hemen nola ginen-eta, kopeta izan duzuia toki hauetarat berritz agertzeko?

ERRIENTA: Ez ahal dut gaizkirik egin... Burua gora nunnahi agertzeko on ahal naiz!

GREFIERA: Zertarat jina zira? Zer pretenitzen duzu hemendik?

ERRIENTA: Gerlarat joaitean, emazte bat, haur bat eta etxe bat ene izenean hemen banituen. Gerlatik heldu naiz, ontsasko pekaturik; joaitean hemen utzien galdatzea, ez ahal zautzu sobera!

GREFIERA: Gerla aspaldi bururatua da. Ez orai, agertzeko tenorea.

ERRIENTA: Bixtan da, gorputz hau hila nahiago zinuten errezebitu, ezenetz-eta bizirik... Barkatuko dautazu, bizirik nahiago izan badut itzuli...

GREFIERA: Desohore emaiterat heldu bazira, jakin-azu desohore hartze ere izanen duzula.

ERRIENTA: Aise dituzu zuk ohore eta desohoreak. Hilari emango ziniozkan ohore berak, hartzen ahal ditu biziak!

GREFIERA: Zuk edo nik hemendik behar dugu aldatu. Baten lekua da hemen... Biak sobera gira.

ERRIENTA: Ondoko egunek erakutsiko dute nork beharko duen aldatu. (Eztulka lotzen da)

ERRETORA: Bon, huntan gauden ixilik... Bertze molde batez behar zuken gertatu buruz-burukatze hunek. (Errientari) Errana nautzun, otoi, ez hunarat, ni aintzin jiteko... Hobeko duzu, jauna, erretiratzea. (Beti eztulka, jalitzen da) Zuen penari, atzemanen ahal diogu zerbait xuxentze.

GREFIERA: (Kexu erretorari) Zer du horrek hola bazterren nahasterat jiteko? Aski zuen lehenago, bizi zelako berri emaitea.

ERRETORA: Gaizki mintzo zira, Jan Piarre... Gertatzen dena, ez da horren faltaz.

GREFIERA: Ez eneaz ere... Ene emaztearen ondotik, ez dabilala ibil... (Oihuz) Adela! Agert zaite hunarat!

ADELA: (Agertuz, nigarrez) Uste duzuia, Jaun Erretora? Zer izigarrikeria!... Holakorik, nun gertatzen da?

GREFIERA: (Bortizki Adelari) Eta zuk, berritz heldu bada hunarat, atea hetsiko diozu gero.

ADELA: Hainbertze urteren buruan!... Denek hila zela uste-eta!... Hohoho!...

GREFIERA: Nork daki nun eta nola bizi izan den, orai artio!... Menturaz, bertze zonbait emaztekin hor gaindi...

ADELA: Eta, eni behar zautan hau ere gertatu!

GREFIERA: Nork daki ez ote duen familia bat ere berekin, gibeletik.

ADELA: Ezin sinetsia da... Eta bizkitartean, ezin ukatua.

GREFIERA: Hasteko, hetika da gizon hori... Ez duzuia aditu horren zakur-eztula?... Nork daki ez duen kotsurik ere!... Pu! Ustela!

ERRETORA: Jan Piarre, ez gaiten horren eritasunaz trufa. Eritasuna beti urrikaltzeko da... Gainerat, hunena ohorezkoa izan ditake...

GREFIERA: Ohorezkoa ba... Jazko haizea bezala. Hasteko, ez dadiela hunarat berritz agert. Adela ene emaztea da, eta ez harena. (Adelari) Ba, zu enea zira, eta ez harena. Ez dea hori hola, Jaun Erretora?

ERRETORA: Gizon-legez ari zirea edo Jainko-legez?

GREFIERA: Zer, gizon edo Jainko-legez? Ez dea berdin?

ERRETORA: Gizon-legez, meriako sinadura da konda. Jainko-legez berritz elizakoa... Gizon-legez, zure emaztea, badut uste beti errientaren emazte den...

GREFIERA: Nik ez diot meriako sinadurari baliorik kausitzen. Elizako sinadurak du egiazko balioa... Jainko-legea da alabainan lehen... Ez dea hola, Jaun Erretora?

ERRETORA: Jainko-legez, Adela zure emaztea da. Ez da behin ere errientaren emazte izan ere, ez baitira Elizaz ezkondu...

GREFIERA: Entzuten duzuia, Adela? Jainkoaren aintzinean ene emaztea zira, eta ez harena. Harekin merian eman duzun sinadurak tirrit ez du balio. Eta hura, dagola nahi duen tokian, nitarik urrun... Errazu berritz ere, Jaun Erretora, errozu Adelari, ene emaztea dela gero, eta ez harena.

ERRETORA: Baietz ba. Zurea dela, Jainko-legez.

GREFIERA: Bon, ontsa da... Entzun duzu. Adela... Eta, hura utziko duzu gero bere gisa. Entzuten nuzuia? Hala zer? Zu ere ni saltzeko prest zirea?... Hee?... Emazu ba errepusta! (Mahaina joz) Emango duzuia errepusta? Bai ala ez?... Mintza zaite hemen, Jainkoaren ordainaren aintzinean! (Adela nigarrez jalitzen da)

GREFIERA: Horra!... Ikusten duzu, Jaun Erretora?... Horra nolakoa den ene emaztea.

ERRETORA: Iduritzen zaut leunkiago erabiliz, aiseago bilduko duzula. Konpreni errexa da, bihotza pixka bat eritu zaiola, hainbertze urtez maitatu duen gizon bat berritz ikusi-eta.

GREFIERA: Ez du bihotz-hausterik izan behar horrentzat. Ez du hori bere senarra, baina ni... Bere sentimenduak beira ditzala bere senarrarentzat, ez auzoko gizon batentzat.

MERA: (Alegeraki sartuz) Agur, Jaunak.

GREFIERA ETA ERRETORA: Agur, Jaun Mera.

MERA: (Irriz) Hauxe da ixtorio bitzia ikasi dudana!... Boz-emaile bat gehiago behar omen dugu herrian.

GREFIERA: (Kexu) Irri egiten duzuia, irri?... Ez da, ez, hemen irririk!... Zirtzil tzar hori!... Zertako behar zuen horrek hemen agertu? Gehiago dena, ene emaztearen gainean ditu pretentzioneak... Erakutsiko diot nik Adela norena den: harena edo enea.

MERA: Badut uste, legez, Adela oraino haren emazte den... Bizi denaz geroz...

GREFIERA: Zer zira? Zu ere, ene kontra?

MERA: Zure kontra? Ez. Nola den legea dut erraiten.

GREFIERA: Legea? Nik zure legeari, tu egiten diot... Ez da meriako sinadura konda, bainan elizakoa.

MERA: Ez dakit elizako sinadurak baliorik izanen duen tribunaletan... Errientak segurik bere konfientzia, meriako paperetan du. Han da meriarat jina, bere paperak berritz behar dituela muntatu, orotaz gabetua baita.

GREFIERA: (Arrunt kexu) Paperak ditia galdatzen?... Emanen diozkat nik paperak!... Bi ostiko baitiozkat norapait luzatuko!

MERA: (Idorki) Jan Piarre, oroit zaite, grefierak ez duela manatari behar merian, bainan zerbitzari... Mera da merian nausi, eta ez grefiera... Zato enekin, eta errespeturik ez gal. (Jalitzen dira)

ERRETORA: (Bakarrik) Gogoek egin dutela laster kurritzea! Beharrik, Jainkoa ez da gizonak bezain aldakor. Atzo, errienta jaun haundi... Meriaz eta elizaz, ohoratu behar zela... Egun, berritz, meriatik ostikoz kendu behar duela delako errienta, eta ere ez on, zakurra baino gehiago. Ageri da hortarik, ez zuela ez hila ohoratu nahi, bainan ba bere kapriza... Errientak, nolaz du egun, atzo baino ohore gutiago merezi?... Beharrik, hilak ez dira pizten, heieri ohore emaiten ari direnen aintzinean. Piztu balire, ha zer ostikoak eman letzaketen zenbaiteri! (Mayi agertzen da) Ha, hor zirea, Mayi? Nun da andere Adela?

MAYI: Ezindua... Zerbait beroki behar diot apailatu.

ERRETORA: Zer zautzu, Mayi?... Ez zautzuia barnea urratu, hola aita berritz ikusi-eta?

MAYI: Ho! Oraino arras nahasia naiz. Kalapio guziak joan zauzkit... Ez nezaken hitz bat ere jali... Ho! Ama behar nuke lehenbailehen abisatu.

ERRETORA: Errazu, Mayi. Ez dakit gogoratu zautzun. Oren handitan sartzen gira... Zure aitaz naiz mintzo; zer bilakatu behar duen.

MAYI: Ba, nik ere pentsamendu bera izan dut.

ERRETORA: Zure eta ene eginbidea garbi da: Jainkoaren legea hautsiz, berexiak zirenak behar ditugu elgarretaratu.

MAYI: Uste duzuia, amak berritz aita hartu nahiko duela?

ERRETORA: Hori izan dadien, egin-ahal guzien egitea, guri da. Batetik, nahasien xuxentzeko; bertzetik nahaskeria handiagotarik bazterren beiratzeko; guk makurren antolatzerat behar dugu entseatu, eta ez bere gisa utzi edo emenda, xuxen dezakeguna.

MAYI: Lan gaitza izanen da...

ERRETORA: Zer lioke amak? Aita onar lezakea berritz

MAYI: Ez aise.

ERRETORA: Zuk behar zinuke, ama hortarat deliberatu.

MAYI: Nik? Ba, zonbait eta zonbait aldiz, amets hori egin izan dut, aita eta ama berritz baketurik, enekin etxean ikusteko...

ERRETORA: Beharbada, orai da amets hori bururatuko. Entsea gaiten beti.

MAYI: Ene eskualdetik, egin-ahalak eginen ditut.

ADELA: (Sartuaz) Hau izigarrikeria da ba, haatik!... Ez dakit gehiago nun dudan burua... Nik zer behar dut bilakatu?

ERRETORA: Andere Adela: ez duzu buru-galtzerik. Zure eginbidea garbi da... Zure senarra, Jan Piarre, behar-bada pixka bat idorki mintzatu zautzu; bainan erraiten zuena, xuxen da: Jainko-legez, Jan Piarren emaztea zira, eta Jan Piarre bakarrik.

ADELA: Uste duzuia, gauzak hoin errex direla?

ERRETORA: Jainko-legea hartzen baduzu gidari, gauzak arras errex dira.

ADELA: Bainan konpreni-azu ere zertan ditaken ene bihotza, holako kasu batean... Hainbertze maitatu dudan gizona... Gizon ona...

ERRETORA: Ba, zure xangrina konprenitzen dut... Bainan ez gaiten itsu bilaka xangrinaz... Eginbideak gida gaitzala nigarren artetik.

ADELA: Ha! Muble hauk, etxe hau, harenak dira. Harek utzi bezala...

ERRETORA: Zure buruan ala dadiela, ez izan dezakezun, bainan zurez duzun gizonaren itxura.

ADELA: Ez dakit, ez dakit gehiago zer bilaka... Gure Jainkoak, zertako nau hola hertsatzen?

ERRETORA: Beha-zu, Andere Adela: gure Jainkoa aipatu duzu... Nik ez dautzut gauza bat bertzerik erranen... Oroit zaite huntaz: Hainitz bide-mota har ditazke mundu huntan; bainan, ontsa jali nahi baduzu, segi-azu Jainkoak manatu bidea. Eta, bertzeak utzaitzu bazterrerat. Gosta ahala gosta, bete-azu zure eginbidea... Ez zautzu dolutuko... Eginbidea... eta, agur! (Jalitzen da)

ADELA: (Gogoetatua) Eginbidea... eginbidea...

 

OIHALA

 

aurrekoa hurrengoa