www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Hila espos
Piarres Larzabal
c. 1955

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Piarres Larzabalen idazlanak (II), Piarres Larzabal (Piarres Xarrittonen edizioa). Elkar, 1991

 

 

aurrekoa hurrengoa

LEHEN GERTALDIA

 

 

Joka-lekua:

        Erretor-baitako barne bat.

 

 

        (Barnea hutsa agertzen da. Andere gelaria sartzen da, erretoraren xapel ttipia josten duela... xapela entseatzen du berak, eta pausatzen dio bulego-gainean... Apeza sartzen da... xapela emaiten du buruan. Gelariak liburu bat hartzen du eta lotzen da irakurtzen ixilik... Apeza eskribatzen ari dela, predikuan bezala mintzo)

ERRETORA: «Girixtino maiteak! Egun dugu gerlaren bururatzeko urte-muga».

GELARIA: Xu xirea bihar predikari?

ERRETORA: Ba, ttantta maitea; zure ilobak bihar gaitzeko predikua eginen diote herri huntako gerlari ohieri: «Girixtino maiteak!... Girixtino maiteak!...» Ha, arrunt agorte da ene izpirituan... Zuk, zer irakurtzen duzu hor, ttantta?

GELARIA: Testament zaharrean ari nuxu. Salomonen ixtorioan!

ERRETORA: Irakur-azu gora... Beharbada gogoeta aberats zenbait emanen dauzkidazu ene predikuarentzat.

GELARIA: Ba, preseski gaitzeko aberastasunetan nuxu. Entzun-axu hau: (Irakurtzen du) «Salomon erregea, Jainkotiar eta zuhurtzia handikoa zen. Haren denboran, urrea burrustan sartu zen Izraelgo erresuman. Bere baxereria dena urrezko zuen. Zilarrak berak ez zuen begitarterik. Bere meneko bazituen itsas-untzi multzo bat, milaka zaldi eta mando, kamelu-artalde bat gaitza»... Zer zitxin horiek, kameluak?

ERRETORA: Abere batzu... Baitituzte halako konkor batzu bizkarrean!

GELARIA: Ha, ba!... Ikusiak tixit potretetan. (Segitzen du) Bazixin beraz, Salomon Jainkotiarrak, kamelu-artalde bat gaitza. «Bere gomendio hartu zituen mila emazte, zazpi ehun, printzen alabetarik eta hiru ehun edozoinetarik»... Jesus!... Entzun duxia?... Baditakeia holakorik? Zer ari xira? Izkiriatzen, eni kasurik ere eman gabe? Hori duxia liburu sainduen estimua?

ERRETORA: Segi-azu, segi... Ba ahal dakit, Testament zaharrean, Salomonen ixtorioa!

GELARIA: Bainan, entzun duxia zer irakurri dudan? Salomon errege Jainkotiarrak bazituela mila emazte... Baditakeia holakorik?

ERRETORA: Zer nahi duzu nik egin dezadan?

GELARIA: Bainan, orduan, nolaz zitaken Jainkoaren adixkide, hoinbeste emaztekilan?

ERRETORA: Denbora hetan ez zen bekatu, gizon batentzat, emazte bat baino gehiago ukaitea.

GELARIA: Jes? Zer da beraz? Gure Jainkoa kanbiatu?

ERRETORA: Ez araiz. Adan eta Eba, Jainkoak bat egin zituen. Eta, lege hori bera da, orai ere: Ezkontza, «pariak bat».

GELARIA: Eta, nolaz ez zen lege bera Salomonentzat ere?

ERRETORA: Denbora hetan, jendeak basatuak ziren. Eta, heien basakeriaz urrikaldurik, hastapeneko lege garbia, Jainkoak pixka bat arindu zioten. Bainan geroztik, Jesusek, legea berritz ezarri zuen bere lehen mailean.

GELARIA: Uste baduxu, orai, orduan baino basakeria gutiago dela bazterretan! Gure Jainkoak uzten ahal zixun lege hori, Salomonen denborako mailean. Legea, Jainkoak berritz lehen bezala ezarria izanagatik, ez baitzaizko gizonak, biziki jarraikitzen.

ERRETORA: Utz-azu Jainkoa bere gisa. Badaki zer ari den. Goragoko maila Jainkoak eman diote gizoneri, gorago altxa daiten. Hanbat gaixto berentzat, azpiko mailetik nahiago badute ibili... Ha, ene predikua ez dut biziki aintzinatzen! (Alegia predikatzen) «Girixtino maiteak: Gerla zertarik heldu da? Zertarik?... Hamarretarik zortzitan, emazteengatik».

GELARIA: Xaude ixilik, zure xorokeriekin... Badixute gizonek gure beharra bizitzeko.

ERRETORA: (Beti predikuan) «Ene ttanttak dion bezala: Etxe batean emazte bat, han deubru bat... Etxe batean emazterik ez, han bi deubru».

GELARIA: Xoroa! Bon, emaiten dixit Salomonen segida.

ERRETORA: Emazu ba Salomonetik, ene ttantta ona.

GELARIA: Nun nintzen ba?

ERRETORA: Mila emazte zituela, han.

GELARIA: Ha, ba. (Irakurtuz) «Bere gomendio hartu zituen mila emazte, zazpi ehun printzen alabetarik eta hiru ehun edozoinetarik». (Geldituz) Bainan, nahi dautaxia erran, zertako zitxin hoinbeste emazte, errege kaiku horrek?

ERRETORA: Hoinbertze mando eta kamelu zituenaz geroz, dudarik gabe, heien zaintzeko ere, multxo bat behar zuen ba.

GELARIA: Hainbeste emaztekilan, ez ahal da aise zeruan sartu, sartu bada ere.

ERRETORA: Nik uste, bertze hainitz baino aiseago. Emazte baten jasaitea, merezimendu handia da jadanik. Pentsa ba, mila emazteen jasaitea.

GELARIA: Bon, tira ttanttoa.

ERRETORA: Ori... Ideia bat emaiten dautazu... Bihar predikutik behar daizkotet aipatu Salomonen emazte horiek.

GELARIA: Ez ahal duxu holakorik eginen. Irri eginen deixie. Pentsa-axu ba, mila emazte. Oraino, bizpahiru zituela aipatzen baxinu... bainan, mila!

ERRETORA: Zer erran nahi du, zituen guziak aipaturik ere? Egiak bere bidea behar du.

GELARIA: Ba, ba. Gal-axu predikuaren errespetua. Ikusiko duxu gero. (Zirrintza atean) Grefiera da hor.

ERRETORA: (Omorea txartzen zaio) Grefiera, apostolu hori! Zertarat heldu da? Zerbait nardagailurekin oraino ere, bixtan da. Politikero nahasiak!

GELARIA: Ezti zite. Ez xitela aintzinetik samur, deus jakin gabe ere.

ERRETORA: Sar araz zazu, sar araz, otoi.

GREFIERA: (Sartuz) Agur, Jaun Erretora!

ERRETORA: Agur, Jan Piarre. Hemengo aldi duzu beraz.

GREFIERA: Ba, Jaun Merak igortzen nau.

ERRETORA: Jar zaite, jar... Zertaz igortzen zaitu Jaun Merak?... Onez edo txarrez?

GREFIERA: Badakizu, Jaun Erretora, gobernuak, gerlan hil haurrak ohoratzen dituela.

ERRETORA: Ontsa egiten du. Merezi ahal dute.

GREFIERA: Pentsatzen dut, herriko artzain gisa, zuk ere ohore emaite hortan, parte hartu nahiko duzula.

ERRETORA: Bixtan da.

GREFIERA: Legea pasatua da, gerla tokietarik, hilen gorputzak, bere familieri itzultzeko. Eta, herrian zenbait egun barne, lehen gorputzen ehorztea izanen dugu... Oraiko ustez, lehen hunarat ekarriko duten gorputza ez da nor-nahirena izanen. Herriak, ohore handienak emango diozka. Pentsatzen dut, merian bezala elizan ere, handizki ohoratu nahiko duzula.

ERRETORA: Zerendako ez? Ez ahal dut nehori, merezitu ohorerik errefusatu?

GREFIERA: Ba, naski lehen jinen den gorputza, bertute gaitzeko gizon batena izanen da, ofizier izana, medailatua.

ERRETORA: (Durduzatua) Zer da bederen, hemengo errienta zenaren gorputza lehenik heldu?

GREFIERA: Hura bera.

ERRETORA: Ai, sus, nunbaitik ere!

GREFIERA: Zer, Jauna... Ez ahal zira, bizi denborako harat-hunatez, hil bati, oldartuko!

ERRETORA: Ez dut oldartzeko arrazoinik. Nik ez dut errienta hori ezagutu ere, ez bainintzen oraino hemen... Bainan bada hor bertzerik.

GREFIERA: Ez ahal duzu, oixtiko hitz ederren ondotik, orai gibelerat eginen?

ERRETORA: Delako errienta, elizaz ezkondurik, dibortzatua zen.

GREFIERA: Ba, hala zen; haren lehen emaztea, Frantzina eri-artatzalea da. Bigarren emaztea, meriaz hartu zuena, enekin ezkondua da berritz.

ERRETORA: Ba, badakizkat horiek. Urrikitan sartu gabe hila dela ere... Beraz, ez zuenaz geroz nahi elizaren ohorerik ezkontzeko, nik ez dezoket eman elizaren ohorerik ehortzetako.

GREFIERA: (Minberaki) Zer? Elizako sarrera errefusa zinioke? Ez ahal diozute ene emazteari eta familiari afruntu hori eginen?

ERRETORA: Ez dut familia enterratzen, bainan errienta.

GREFIERA: Ez nuen uste hola armada ohoratu zuen soldado batek, bere herrian afruntu hori izanen zuela, herriko elizako artzainarenganik.

ERRETORA: (Bizi-bizia) Afruntua nork dio egin nahi? Nik edo zuek? Nik errespetatzen dut errientaren nahia. Zuek duzue hura mespresatzen, bizirik ukatzen zuen elizarat, hil-eta bortxaz sar-arazi nahi baituzue. Eliza, bizi guzientzat da hil artino; bainan hil-eta, hartaz bizi nahi izan dutenentzat bakarrik, ez bertzeentzat.

GREFIERA: Uste nuen, hilez-geroz, biziko ixtorioak ahantzi behar zirela; hil batek errespetua zuela bakarrik hartze.

ERRETORA: Ba, hil batek errespetua du hartze... Bizi zeno, errienta errespetatu izan duzue. Orduan, ez duzue behin ere bortxatu elizarat. Errespetu bera ekar-ozue hil-eta ere. Egiazko errespetuak, bisai bera du, haren hartzalea bizi edo hila izan dadien.

GREFIERA: Bon, ontsa da. Badakizu ahaidetasun handia duela, eta egitate horrek zuretzat ondorio gaxtoak izan detzakela... Nik familiari, gauzak, zuk aipatu bezala, ditut errepikatuko.

ERRETORA: Zuzen den legea, nun-nahi errepikatzeko on da.

GREFIERA: Agur, Jaun Erretora.

ERRETORA: Ba, agur. (Bakarrik) Bitxi da, ba, zonbat jendek erlijionetik nahi duten hil, eta... Erlijionea ez da hilentzat, bainan bizientzat. Eliza ez da hilen, bainan bizien batasun bat. Batasun haren ohoreak nahi badituzte hil-eta, hura ohora dezatela, bizi direlarik. Bizi zirelarik, erlijionearen zamari-uli ziren. Hil-eta, zamariari, ohora ditzan galdatzen diote uliek... Zer kopeta! Apeza ez daukate Jainkoaren gizon, bainan beren trapu tzar. Beren zerbitzuko izan dadien, ez zaiote aski; berek manatu nahi diote nola zerbitza. Ez du erlijioneak guri plegatu behar, bainan guk hari.

GELARIA: (Agertuz) Bakarrik xirea?

ERRETORA: Ba, bakarrik.

GELARIA: Xuk pasatu duxu oraino ere zerbait Jaun Grefierarekin... Zer ari izan zizte?... Berriz ere «gattu eta xakur»?

ERRETORA: Ez da hori xakur, bainan zakur; eta, horri ihardokitzeko, ez da behar izan gattu, bainan gatu zahar.

GELARIA: Oas, politikak hola nahasten tixi bazterrak.

ERRETORA: Ba, eta berak nahi edo ez, apeza saltsa guzietako zali. (Zirrintzak joiten du) Ha, nor da hor berritz ere? Utz-azu. Nihaurek idekiko dut. Aintzina, andere Frantzina. Hemengo aldi? Jar zaite.

FRANTZINA: Milesker. Ez dut solas handirik egiteko. Sasoin huntan, urte guziz bezala, ene senar zenarentzat meza baten galdatzerat jina nintzen.

ERRETORA: Berrikitan konprenitua dut oraino nor zen zure senarra... Gerla-ofizier hila den, errienta omen.

FRANTZINA: Ba, hala zen. Badakizu ere, dudarik gabe, segida. Ezkondu-eta, bortz urteren buruan, berexi ginen elgarretarik... Enekin bizi den Mayi, gure haurra da.

ERRETORA: Zertaz samurtu zinezten?

FRANTZINA: Ho, deusetaz, ez gira behin ere funtski samurtu. Ene senarra gizon on bat zen, bainan ahula. Ez zuen federik... Eni plazer egiteko elizaz ezkondu zen. Bainan bazen norbait, ezkontza hortaz jelos zena. Norbait harek, bere saretarat berritz bildu zuen. Gure arteko amodioa hoztu zen. Egun batez senarra ez zen gehiago etxean sartu. Delako harekin bizitzeko apailatu zen. Delako hura badakizu ba nor den: Adela, jaun grefieraren emaztea.

ERRETORA: Ba, badakit nor den... Eta, haurra, hoin gisakoa heldu baita, nork hazi zinuten?

FRANTZINA: Adelek pusaturik, senarrak, dibortza galdegin zautan, eta aintzineko azkarrak baitzituen, nik nahi edo ez, dibortza erreusitu zuen... Gero, berritz, meriaz ezkondu zen Adelarekin.

ERRETORA: Eta Mayi, zer bilakatu zen?

FRANTZINA: Altxatua izan da batean senarrarekin, bertzean enekin, bainan senarra gerlarat joanez geroz, alderat enekin bizi da.

ERRETORA: Gaixo, aita-ama berexien haurrak! Horien bizia ere ahal dena da.

FRANTZINA: Badakizu, dudarik gabe, Mayi ezkontzen zautala?

ERRETORA: Norekin?

FRANTZINA: Jaun grefieraren lehen ezkontzako semearekin... Adela, bigarren ezkontzako du grefierak. Lehen ezkontzatik badu mutiko bat, Andre, orai postetako enplegatu dena... Harekin ori...

ERRETORA: Zer mutiko da, Andre hori?

FRANTZINA: Ho, arras mutiko plantakoa... Aita beti pixka bat apez-jale ta gorri izan da... Bainan semea, arrunt guretarik da.

ERRETORA: Hobe, hobe. Eta orai, nola zira zu Adelarekin? Nahi't'ez, Mayi Andrekin ezkonduz, zuk Adelarekin gurutzatu beharko duzu.

FRANTZINA: (Suspiriarekin) Ha, Adela, Adela!... Zer ez daut sofri-arazi emazte horrek!... Barkatzen diot, ba... Jesusek ere burregoari barkatu baitzioten, bainan ez eni galda harekin gurutzatzea... Dagola bere etxean; ni egongo naiz enean.

ERRETORA: Gaixoa! Izan duzu zuk ere gurutze jasaiteko.

FRANTZINA: Ha, ba, Jauna... Badakit penaren berri, nor-nahik bezenbat. Beharrik lotu nintzen lanari... Pikura egiteko eta erien artatzeko ofizioa orduan hasi nuen... Lanak, gogo beltzak arindu zauztan, lanak eta ere nuen fedeak. Ha! Ez banu izan orduan federik, ez dakit, ez dakit zer gertatuko zen.

ERRETORA: Ez erreusituaren pena izan duzu, bainan kontzientzia bakean duzu. Adelak izan du erreusituaren plazerra, bainan barneak oraino ere zimiko egiten bide dio. Zeren, pena zuzenak barneko plazerra badu ondorio, plazerra makurrak, berritz, barneko pena du ondorio.

FRANTZINA: Baditake, Jauna. Hastapen hartan, gure Jainkoaren kontra jazarkunde batzu banituen: zertako xuxen dabilana den hola punitua, eta makur dabilana berritz fagoratua.

ERRETORA: Gure Jainkoak batzuetan arima hautuzkoeri igortzen ditu pena lazgarrienak, heienganik munduak ikas dezan pena hetan nola goberna. Beharbada, zure kasuan, bertze zonbaitek uko egin lezakete gobernatze xuxenari, arrazointzat emanez, ezin dezaketela bertze biderik har. Bainan, zure etsenpluaz ihardetsi diozute, nola eta zer egin. Zure etsenplua, zure kasuan gertatuko direnentzat, hor izanen da beti prediku.

FRANTZINA: Milesker, Jauna, zure ele onentzat... Bon, horra mezaren saria. Joan behar dut.

ERRETORA: Ontsa da, andere Frantzina, milesker... Best'aldi bat artio. (Segitzen du) (Bakarrik) Ezkontza, Jainkoak eginikako legea. Bertze edozoin Jainko-lege bezala, hori ere ez bada errespetatzen, mundu hau nahasten da. Uruski, lege horrek balin baditu bere zikintzaleak, baditu ere sustengatzaileak. Garbitasuna beiratzeko bezala, badira ere ezkontza beiratzeko, martirioa jasaiten dutenak. Jende eginbidetsuek, beren sakrifizioez dute beiratzen goragoko legeen errespetua, eta hola mundu hau salbatzen eta hobetzen. (Zirrintza)

GELARIA: Erraxu, Adela da hor.

ERRETORA: Bo, maitia... Ez ginuen beharragorik. Sar-araz zazu, otoi.

ADELA: Agur, Jaun Erretora.

ERRETORA: Agur, andere Adela.

ADELA: Batere ez naiz, Jaun Erretora, zutaz kontent, eta xehetasun zenbaiten zureganik jakiterat heldu naiz.

ERRETORA: Jar zaite... Eztikiago mintzatuko gira, jar-eta.

ADELA: Ba, ene gizonak erran daut, gerla tokietarik heldu den ene senar zenaren gorputza ez duzula elizan sartzerat utziko.

ERRETORA: Zuk, izan duzuia senarrik, jaun grefieraz bertzerik?

ADELA: Ba ahal dakizu, errienta zena, gerlan ofizier hil dena, ene senarra zela.

ERRETORA: Barkatuko duzu, andere Adela... Elizako liburuetan ez dut harrapatu zuen ezkontzako ageririk. Delako errienta ezkondu zen elizan, bainan harek hartu emaztea, ez da zure izeneko.

ADELA: Badakizu arras ontsa, dibortzatua zela, eta berritz enekin meriaz ezkondua.

ERRETORA: Nik elizako ohoreak, elizaz ezkondueri diozkatet bakarrik emaiten. Meriaz ezkondueri, meriak eman dietzotela.

ADELA: (Nigarrez) Gaixo ene senarra!... Ez zuen hori merezi. Hain ona baitzen. Elizako otoitzak berak errefus.

ERRETORA: Otoitzak nehork ez diozka errefusatzen. Nik harentzat, beharbada zuek denek baino gehiago dut egiten, eta eginarazten ere. Mezak ere harentzat eman-arazten ahal dituzue. Preseski andere Frantzinak, oixtian bat emaiteko galdetu daut.

ADELA: (Kexu) Frantzinak! Zer behar du harenganik? Ez zen hura gehiago haren senarra, bainan enea...

ERRETORA: Ez, andere Adela. Zuk nahi edo ez, betikotz, errienta zena, andere Frantzinaren senar izanen da... Ez beharbada meriako paperetan; bainan, Jainkoak ez du kasurik emaiten meriako papereri, bainan elizakoeri.

ADELA: (Erdi nigarrez) Horra zer saria merezi zuen, gerlan bere burua sakrifikatu duen gizonak!

ERRETORA: Gerlariak, andere Adela, berek maitatu eta zaindu banderarekin dira enterratzen. Elizak ere berdin egiten du. Biziko bandera dio hilari lagun emaiten, ez bertzerik.

ADELA: (Asaldatua) Orduan, zer da?... Ifernuan, ene gizona, ez zelakotz eliztiarra?

ERRETORA: Hori, ez dezakegu jakin, ez zuk eta ez nik, ez eta nehork mundu huntan. Guri da bakarrik hilen laguntzea.

ADELA: Ez dut bertzerik egiten. Hura lagundu-beharrez jina naiz-eta hunarat.

ERRETORA: Orai, hil ondoan, zira haren zorteaz griñatzen. Bizi zelarik griñatu zirea? Orduan zen tenore, orai baino hobeki.

ADELA: Frantzinaren falta da dena. Bere gizona hobeki konprenitu balu, ez zitzaion bertzetarat alatuko.

ERRETORA: Ez zen alatuko, ez bazinio alapiderik eskaini. Ez eta ere gizon hura konprenitzeko orde, haren emaztea konprenitu bazinu.

ADELA: Peningarri zen ikustea, holako senar ona izaki eta, zer kaprizak egiten ziozkan jeloskeriaz.

ERRETORA: Jeloskor baino hobeki, Frantzina, ez ote zen gertatzen zenaren ikuskor? Geroak ez ote dio arrazoin eman?

ADELA: Zer behar zuen gizonak?... Bere emaztearengatik bizi pozoindatu bat ereman?

ERRETORA: Ho, andere Adela! Ortziraleak badira senar-emazte guzien artean. Ortzirale hek behar dituzte jasan, eginbideari behatuz, eta ez plazerrari. Heien arteko korda higatzen ari bada, horren azkartzerat berma ditela, ba berak, ba heien sahetsekoak. Korda haren azkartzerat, ez haren ondarra hausterat.

ADELA: Ez dut nik kordarik hautsi... Hautsia zen jada, muturretik lotu nitzaiolarik.

ERRETORA: Ez dakit hori arras hola den... Bainan, ezkonduen arteko korda, lurrean hautsia bada ere, hura nehork ez dezala bil, muturren berritz elgarri estekatzeko baizik.

ADELA: Dena den, ene senar zenarentzat meza bat manatzerat heldu nintzen eta, ez ahal dut entzunen, prediku-alkitik, beste aldiz bezala: «Errienta zenarentzat, meza bat, bere emazte Frantzinaren partez, eta bertze bat bere adixkide Adelaren partez».

ERRETORA: Ez duzu holakorik ene ahotik entzun, eta holakorik jali baneza ere, ez laiteke egia baizik.

ADELA: Ba, zure aintzineko erretorak, hori egiten baitzautan. Eta gainerat, pazkoak errefusatzen zauzkidan, hura gerlan zen denboran ere.

ERRETORA: Ez ahal zinuen pazkoen egiteko pretentzionerik hartarik berexi gabe... Orai ere, iragan biziaz duzun urrikiarekin, nago nola absoluzioneari apailatzen zaren.

ADELA: Ba, ni Jainkoarekin antolatzen naiz...

ERRETORA: Agian ba, andere Adela... Haatik, ez dut ene apez-ixtudiotan, behin ere ikasi, Jainkoarekin antolatu ditakela, egin bekatu eta eskandalarentzat urrikirik gabe.

ADELA: (Nigarrez) Gaixo senarra!... (Jalitzen da)

ERRETORA: Bortizki mintzatu banaiz, ez dut uste makur mintzatu naizela. (Bakarrik kexu) Emazte komedianta!... Denek hutsak egiten ditugu. Bainan badakigu urrikitan sartzen... Hutsa huts da alabainan... Horrek bere hutsa, xuxentzat nahi du pasatu. Bere bekatuan ez du hobendun delako aitorrik; bainan bide zuzenean dela dio. Hori, gaizkia ongi dela erraitea da... Izpiritu makurra... Urguludun izpiritua... Nola nahi duzu holakoak barkamendurik ukan dezan?

GELARIA: Hauxe ba zoin kexu xiren!

ERRETORA: Ttantta: badakizuia zer gogoratzen zautan bet-betan... Salomon saindu handienetarik bat zitakela. Mila emazte jasan dituenaz-geroz, mila aldiz zerua irabazi duela. Eta, gehiago aldiz ere irabazi du zerua, nik dazkitan beste zenbaiten idurikoak balin bazituen segurik bere emaztetan.

GELARIA: Xuk segurik, purgatorio poxi bat merezi xinuke, hola emazteen kontra mintzo baitxira. (Zirrintza) Sar xite, sar, Mayi.

ERRETORA: Te... Agur, Mayi... Tenore onean heldu zira... Ttanttak oraixet berean purgatoriotan ezarria ninduen, erasian ari nintzelakotz emazteen kontra.

GELARIA: Merezi xinin bezala. (Jalitzen da)

MAYI: (Irriz) Ttantta Adela ikusi dut hemendik nigarrez jalitzen. Irri egin dut ene baitan. Gaitzeko andan, etxetik, zureganat, jalia zen behar zauzkitzula bi egia salatu.

ERRETORA: Salatu dauzkit, bainan entzun ere baititu.

MAYI: Ba, afruntu zaio bere senarra, ene aita zena, ez duzula elizan onartzen, hil-herrietan sartu aintzin.

ERRETORA: Zuk bederen ahal dakizu nola diren Elizako erregelamenduak.

MAYI: Ba, ba. Nik eta amak ere. Ez duzu hortaz, gureganik, desgustarik ukanen.

ERRETORA: Hola, hola; girixtino hoberenek sustengatzen banaute, bertzetaz ez naiz kexu... Errazu, Mayi, zure amak berri handi bat aipatu daut. Zeraz... beraz, laster Adela bietan ttantta izanen duzu... Aita zenaren laguna zelakotz eta aita beharraren laguna delakotz.

MAYI: Ba, Jaun Erretora. Hortaz heldu nintzen. Egun pixka bat durduzatu nau norbaitek, ezkontza hori ezin daitekela, ahaidetasunezko traba bat badelakotz, Andre eta ni artean.

ERRETORA: Zer traba?

MAYI: Andre, grefieraren semea da, lehen ezkontzakoa. Ez zaut iduritzen deus ahaidetasunik badela gure artean.

ERRETORA: Ez da hor deus trabarik. Traba izaiten da lehen kusin eta lehen kusinen haurren artean: Ez zirezte deus holakorik elgarrentzat. Traba izaiten da oraino koinatekin eta koinaten lehen kusinekin... Hortan ere, ez zirezte barne... ez, ez... Agozte deskantsuan. Ez du deusek trabatzen zuen ezkontza.

MAYI: Ha, milesker, Jaun Erretora!... Lorietan nago horiek entzunik.

ERRETORA: Errazu, Mayi: Zu betitik kantorean izan baitzira eta elizari zerbitzu egiteko prest, pentsatzen dut hameka orenetako ezkontza eder bat nahiko duzula.

MAYI: Hala ginuke xedea, zuri ontsa bazautzu segurik.

ERRETORA: Bixtan da ontsa zautala... Norbaitek elizako ohoreak merezi baditu, segur zu lehen mailean ezartzen zitut.

MAYI: Milesker, Jaun Erretora.

ERRETORA: Zer mutiko da zure lagun beharra?... Ez dut ikustez besterik ezagutzen.

MAYI: Ez da batere aitaren ideietako. Postetan, enplegatua den tokian, aurkitu ditu lagun onak... Heiekin abiatu zen omonier batek heientzat egiten dituen bilkuretarat. Eta, emeki-emeki, ni baino ere erlijione azkarrago baten jabe egina da.

ERRETORA: Hobe, hobe... Eta, lanez, osagarriz, ibilpidez nola da?

MAYI: Ho, osagarri ona du. Eta dautzut seriosa dela... Ez dut merezimendu haundirik izanen harekin, mantalin xuriaren ohorea zaintzeko.

ERRETORA: Hobe, Mayi... Kontent naiz xehetasun on horien entzuteaz. (Zirrintza) Te, nor ote da, berritz ere hor?

GELARIA: Gizon larriki bezti bat duxu hemen. Iduri dixi eskale bat.

ERRETORA: Emozu zerbait eta igor-azu. (Apur bat ixilik)

GELARIA: Xu behar omen xitu baitezpada mintzatu.

ERRETORA: Bon, beraz... Mayi, zaude hemen. Zu hemen eta lasterrago despeitzen ahalko dut. Hola dire eskale guziak. Nagusia nahiago dute, sehia baino. Harenganik gehiago ukaiteko mentura baitute. Sararaz zazu hunarat.

ERRIENTA: (Agertuz. Mintzo da barne-barnetik, misteriozki) Ha... Ez zira hura... Barka, Jauna, barka... Zu hemengo Jaun Erretora?

ERRETORA: Ba, hala naiz.

ERRIENTA: Ba, ba, bertze hura zer bilakatu zen?

ERRETORA: Hemengo xaharra hil zen. Haren ordaina, ni.

ERRIENTA: Ba, ba... (Nigar bat xukatzen du) Gazte hau nor da?

ERRETORA: Hau? Hemengo gazte bat... Mayi du izena.

ERRIENTA: Mayi... Mayi... Barkamendurekin, sobera litakea hunen deitura galdatzea?

MAYI: Mayi Larralde deitzen naiz.

ERRIENTA: (Izigarri hunkitua) Mayi, Mayi Larralde!... (Nigarrez, erortzerat doa)

ERRETORA: (Kadira hurbilduz) Zer duzu, gizona? Zer egin zautzu?...

ERRIENTA: Pitsik... pitsik... Mayi!... Mayi!...

ERRETORA: (Gelaria deituz) Ttantta, zato hunadino. (Agertzen da) Gizon huni barnea hautsi zaio... Zerbait edari ekazu.

GELARIA: Ahuldua duxu hau... Ez da besterik. Zato, jauna, enekin sukalderat. Badixit han zerbait on jateko.

ERRIENTA: Milesker. (Eztul-parrasta bat) Ha! Mayi!...

ERRETORA: Bon... Jan-azu... Deskantsa zaite... Ixtant baten buruan, andere gazte hau despeitu eta elgarrekin mintzatuko gira.

ERRIENTA: Milesker. (Jalitzen da gelariarekin)

MAYI: (Hunkitua) Ha!... Zer ote zuen gizon horrek hola inarrosia izaiteko, ni ikusi-eta?

ERRETORA: Nik dakita? Hoinbertze, adimenduz ahul den jende ikusten da oraiko mendean... Nork daki zer gogoratu zaion zu ikusi-eta? Beharbada zu iduriko alaba zonbait badu, eta hura berdin.

MAYI: Ho!... Barne guzia nahasi daut... Ez dakit ohartu zaren... Begiz jan nahi ninduen... Iduri zuen egiazki ezagutzen ninduela.

ERRETORA: Ba, has zaite, zu ere, orai, amets zorotan... Ale! Pixka bat alegera-azu zure gogo hori; oroit zaite Andrez, espos-egun ederraz, eta zure bihotza pil-pil izan dadiela, plazerrez eta ez ikarez...

MAYI: Ho! Berdin du... Barnea urratu daut gizon horrek. Nahiago dut hemendik lehenbailehen urrundu.

ERRETORA: Zoazi, zoazi otoi, kanpo hortarat, aire on pixka baten hartzerat.

MAYI: Ba, hobe dut jalitzea... Barkatu Jaun Erretora. Bihar artio, beraz.

ERRETORA: Ba, bihar artio... (Irriz) Eta beira zaite mutxurdin ametsetarik... (Bakarrik, erdi irriz) Hauxe da botiga barne huntan!... Lehenago ez bainezaken Salomonen kreaturekin burutzerik egin, ez ahal dira orai zozoteietako kreaturak hunarat abiatuko... Alo!... Zer ote da berritz hori?

GELARIA: Erraxu, libro xirea? Ez dixi pitsik hartu nahi... Xu mintzatzea dixi bakarrik galdatzen.

ERRETORA: Bon... Sar-araz zazu. (Apur bat bera)

ERRIENTA: (Sartuaz... Eskuin eta ezker so egin ondoan) Jauna, hemen sekretuan mintzo ditakea?

ERRETORA: Ni nuzu bakarrik hemen entzule. Zuhaurek ikus, ni baitan konfientziarik baduzun.

ERRIENTA: Ez naiz nihaur erlijioneko, bainan apeza beti errespetatu izan dut. Badakit sekretuzko gizonak zaretela. Eta hortako jo dut zure atea. (Eztul-parrasta bat) Beha nezazu ontsa. Ezagutzen nauzuia?

ERRETORA: Ez.

ERRIENTA: Ez duzu arrazoinik ni ezagutzeko. Alabainan berri zira hemen... Entzun duzuia bazela herri huntan errienta bat, gerlan zela soldado aintzindari?

ERRETORA: Ba... gerlan hil izan da... Haren gorputza beha gagozi herrian.

ERRIENTA: Ha, ba? Haren gorputzaren beha? So egizu eni. Errienta haren gorputza, huna nun den. Ez da errienta hila, bainan hemen duzu zure aintzinean.

ERRETORA: Hee?

ERRIENTA: Ba, ni naiz delako errienta. Ez lehengo itxurarekin; hamabortz bat kilo galdu baititut. Bainan halere, ni, errienta.

ERRETORA: Zu errienta!... Ho, ho!... Beraz zure alaba, Mayi! Konprenitzen dut orai zure oixtiko asaldura... Ho, ho!

ERRIENTA: Ba, nik Mayi ezagutu dut, hameka urte hautan ez ikusia izanagatik ere.

ERRETORA: Bainan, nundik agertzen zira?... Bonbardamendu batean hila zinela errana zautaten. Zure sakelako puskak ere etxerat ukan zituztela.

ERRIENTA: Kondatuko dautzut laburzki... Delako bonbardamenduan hiltzat utzi ninduten, eta, sakelak hustu-ondoan, hilekin ezarri ninduten. Bainan, noizpait atzarri nintzen, burutik nahasia, eta alemanen ospitale batetarat altxatua. Aleman ospitaleaz, rusoak jabetu ziren, eta, gu han ginenak, denak Rusiarat igorri gintuzten. Gerla bururatu-eta, nehork ez baitzuen aipu gure librantzarik, eskapatzerat entseatu nintzen... Bainan, rusoek atzeman ninduten eta punimenduz igorri Ziberiarat... Han egon naiz orai artio... Azkenean, etsitu ondoan, libratu naute ba noizbait...

        Hemengo gararat oixtian heldua naiz... Ez nau nehork ezagutu... Ez dut nehorekin elerik egin... Ez bainakien norat jo, hunarat jin naiz xuxen-xuxena, xehetasunketarat... Otoi, erradazu, zer bilakatu da ene familia.

ERRETORA: Zure alaba Mayi ikusi duzu... Esposatzerat abian da grefieraren semearekin...

ERRIENTA: Jan Piarre dea beti grefier?

ERRETORA: Hura bera... Zure bigarren emaztea, Adela, berritz ezkondua da.

ERRIENTA: Berritz ezkondua?... Norekin?

ERRETORA: Preseski Jaun Grefierarekin.

ERRIENTA: (Arrunt trixtatua) Ez nuen bertze beldurrik.

ERRETORA: Mayi, beti Frantzinarekin bizi da, zu joaitean bezala...

ERRIENTA: Ho, ho! Zonbat saindamendu! Denak, hamar urtez!... Zertako bizi izan naiz?... Biziari errotik atxikia izan naiz. Batzuetan, kasik hil-korrokan; herriaz eta etxekoez, oroitu-eta, sumindura batek hartzen ninduen, behar nuela bizia beiratu, hek denen berritz ikusteko. Bizia beiratu dut, bainan etxekoak galdu ditut. Orai berdin zaut bizia galdurik ere, bizitzeko arrazoina galdu dudanez-geroz. (Eztul-parrasta bat) Joa naiz, joa!... Pitsik, pitsik ez naiz gehiago!

ERRETORA: Ez zozula tenoreko hitsari beha... Oroit zaite gau ilunaren ondotik, goizak argitzen duela.

ERRIENTA: Zer nahi duzu egin dezadan?... Zer bihar, egun baino gehiago? Ez dut etxerik ere nun sar... Horra zertan naizen, hoinbertze sofrikario eta esperantzen ondotik!

ERRETORA: Etxeaz ez zaitela griña. Aratsa da... Elgarrekin afalduko dugu. Hemen lo eginen duzu. Zure alderdiak hartu artio, ene etxea zurea izanen da...

ERRIENTA: (Hunkitua) Milesker, jauna! Ez zinezake amets, zure bihotzetikako solasek zer ongi egiten dautaten, hamar urte hautako basakerien ondotik... Milesker!... Zure moldek erakusten dute, zoin haundia den zuk zerbitzatzen duzun gaineko Nausia.

ERRETORA: Milesker ere zure konplimenduaz.

ERRIENTA: Federik ez dut, bainan ikusiak ikusi, fedearen alde naiz... Jainkoa kentzen duten tokietan, gizona aise hiltzen baitute. «Elgar maita-azue» erran duen Jainkoak du arrazoin. Elgar ez badute gizonek maitatzen, mundu hau ifernu bat izanen da.

ERRETORA: Ez dugu bertzerik guk ere predikatzen. Biziaren esperientziak fedeari hurbildu zaitu.

ERRIENTA: Ba; izan naiz fedetik urrunago.

ERRETORA: Ale... Ez zazula gibelarat so egin, bainan aintzinerat... Pentsa-azu libro zarela... Zure herrian berritz... Alegeratzeko mementoa da hau zuretzat, eta ez trixtatzeko. (Oihuz) Ttantta!

GELARIA: Zer duxu?

ERRETORA: Jaun huni emozu otoi ganbera bat, eta hemen afalduko du... (Errientari) Ikusiko dugu elgarrekin bihar zer egin dezakezun... Preseski bihar gerlan hil soldadoen meza dugu.

GELARIA: Zato enekin, jauna. (Jalitzen dira)

ERRETORA: (Bakarrik) Hau ixtorioa! Gizon hunek zer egin behar du orai? Ha zer solaspideak bihar herrian, berria hedatuko delarik bizi dela! Eta Adela?... Segur ere izanen dute erraiteko, dibortzatu hori zertako hartu dudan ene etxean... Bainan, karitatea, bere adixkideri bakarrik egin behar ote da?... Erlijionearen etsaiek ere hori egiten dute... Mintza beite... Onezia da ene eginbidea. Onezia da jenden bihotzetako bidea... Hanbat gaxto, fedearen goratasunetik jujatzeko orde, beren apaletik jujatzen badute ene egitatea.

 

OIHALA

 

aurrekoa hurrengoa