www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Hila espos
Piarres Larzabal
c. 1955

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Piarres Larzabalen idazlanak (II), Piarres Larzabal (Piarres Xarrittonen edizioa). Elkar, 1991

 

 

aurrekoa hurrengoa

BIGARREN GERTALDIA

 

 

Joka-lekua:

        Elizako galeria. Han dagotzi Jaun Mera exarparekin, grefiera, eta bertze bizpahiru gizon. Prediku-aintzinean, errienta eta bertze bi gizon sartzen dira oraino. Bakotxak badu, bere sartzeko eta galerietan egoteko moldea... Ez apeza, ez emazterik, ez da ageri... Entzuten dira bakarrik.

 

 

KANTOREA: (Entzuten da) «Uholde baten pare»... (Koblaren ondotik, errepika gizon eta emaztek. Kantoreak bigarren kobla ematen duelarik)

MERA: (Grefierari) Jaz meza hiru zalditan ginuen... Zertako aurten, batekin bakarrik?

GREFIERA: Ez zuen, dudarik gabe, bertze zaldientzat pazkarik. (Bigarren errepika eman-eta kantua ixiltzen da)

MERA: Jes! Gure apeza, bera predikari.

GREFIERA: Ba, eta kopetatik hartzeko, badu zer erran. (Predikua entzuten da... Predikua has-eta laster, errienta sartzen da, eta xutik egoiten, Jaun Meraren gibelean)

ERRETORA: (Predikuan ari) Aitaren eta semearen... Girixtino maiteak: Egun dugu, gerla bururatzearen urte-muga. Hoin urte guti da gerla bururatua dela, eta nola jada zahartuak orduko oroitzapenak. Oroitzapen heien atzartzeko, orduko xede onen pixka bat erreberritzeko, ez nuke nik mintzatu behar predikualki huntarik, bainan han gerlan, sekulakotz gelditu diren hetarik batek. (Hemen errienta sartzen da) Gutarterat, bet-betan heldu balitz, o amak, zuetarik baten seme bat; o gerlako alarguntsak, zuetarik baten lagun bat, zer erran ote lezake harek, hemendik, prediku-alkitik?

MERA: (Ahapetik grefierari) Balitake pollitik, halakorik gerta baladi.

GREFIERA: Gure etxetik haste.

ERRETORA: (Beti predikuan) Harek erran lezakena lehenik, hauxet laiteke: Zuek, bizi zaretenak, nola gaituzue ohoratzen?... Ba, egun hau, gu ohoratzeko eguna izanen dela, legea egin duzue. Bainan, nahi duzue elgarrekin egin ditzagun konduak, zer probetxu ekartzen daukun egun hunek, guri, gerlako hileri? Hainitzentzat, goiz hau, otoitzik gabeko goiz bat izanen da. Beharbada gorputzaz mezan aurkituko dira, eta hilen oroit-harriko zeremonian; bainan heien gogoa, nun izanen da, nun? Zer on tiratuko dute gerlako hilek, heien goizeko urratsetarik?... Deus onik ez... Eta arratsaldean? Hainitzentzat izanen da bazkari on eta gormandizazko arratsalde bat. Eta, gainerat arratsalde batetarik, zer abantail dukete gerlako hilek? Bala bat baitezpadakoa ote zen gure herrian, holako egunetan?

MERA: Hori, enetako piko bat.

GREFIERA: Zonbat orenetan bururatzen da bala?

MERA: Gauerditan.

GREFIERA: Luza-azu bi orenak artio.

ERRETORA: Balaz ez ditugu hilak ohoratzen, bainan profanatzen ororen buru; gauak egun hau tapatuko duelarik, gerlako hileri, zer laguntza diotegu igorririk izanen? Ez da, heien aintzinerat aingeru bat, guk igorri graziez betea, presentatuko, bainan, deubrua, irri-karkailez, gure zikindurez kargatua. Ez du alabainan deubruak gaizki irri egiten; Jainkoaren izenean muntatu partidatik, harek baitu ttantto gehienik tiratzen?... Hortako, gerlako hilen izenean, galdatzen dautzuet, egun huni beira diezogun, zor zaion itxura... Agian, nehor ez da egungo zeremonietan aurkituko, kanpoz bakarrik eta jenderi begietarat errautsa botatzeko. Jendeengatik agertzen dena Jainkotiar, harek bere saria jada jendeenganik bildua du... Gure hilak ez dira kanpo-ohorez gose, bainan otoitz-laguntza gose. Klerona-tuta eta kanpo horietako mintzaldiek ez dituzte hek demendrenik ontzen, ez badira arramantza horiek, barneko otoitzaz kargatak.

GREFIERA: Zer estimua duten, meriak eman ohorek!

MERA: Ba... Bakotxari bere antxuak eder.

ERRETORA: Otoitzik gabeko ohorek, iduri dute plata eder, bainan hutsetan zerbitzatua laiteken apairu bat. Ohorea plata eder bat da, bainan ez ditu hilak hazten, plata hortan ez bazaiote otoitza ematen janari... Egun hau beraz izan dadiela, bildutasunezko egun bat, zeren balin bada gerlako hilez oroitzeko eguna, da ere, denbora berean, bizientzat, gogoeta zintzo eta xede on batzuen erreberritzeko eguna... Ontsa zait gerlan ibiliak, egun huntan, elgarrekin goxa eta solasta daiten, berdin apairu baten inguruan.

GREFIERA: To... Oixtiko plata orai betetzen du.

MERA: Ba, bera bazkaitiar delakotz.

ERRETORA: Bainan, ez dezatela bixtatik gal, zertako apailatua den egun hau: hilez oroitzeko eta ere bizia moldatzeko gisa hartarat, nun gure ondokoek ez baitute berritz ikusiko, guk ikusi duguna... Gerla guzien ondotik, gauza bera erraiten da. «Aski gerlatik. Hau azkena»... Bainan oroit gaiten, gerlaren erroa beti bizirik dagola... Gerla zertarik heldu da? Gerla heldu da, Jainkoa guganik baztertzetik... Gizon batek, Jainkoa bazter dezala bere baitatik, bere familiatik; haren baitan, haren familian, gerla eta desordrea sartzen dira. Nazione batek, edo nazione-multzo batek, Jainkoa bazter dezatela beren solastatze eta legetarik, heien baitan eta artean, gerla-irrisku da. Hortakotz, gisa batez edo bertzez, Jainkoari jazartzen garen guziak, gerla-pitztzaile gira. Gerla-pitztzaile; beraz krima-egile. Ezen, Jainkoa hil-nahiz ari direnek, maizenik hainitz gizon hiltzen dituzte. Hortaz oroit gaiten bereziki, mundu huntan, zerbait kargu dugunak. Gure karguaz balia gaiten Jainkoaren eskualdea azkartzeko, ez desordrea fagoratzeko edo basa-ohorez gure burua apaintzeko. Kargulari, izan gaiten zerbitzukari eta ez ohorekari.

GREFIERA: Xixtatzen duela, xixtatzen.

MERA: Aise da... «Hogoi eta hameka» eta «esku» ditu.

ERRETORA: Horra laburzki gogoeta zenbait, ene baitan ala direnak, holako egunez. Gogoeta beharbada idorskoak, bainan egiak... Jesusek errana du, girixtinoek gatza bezala behar dugula izan lur huntan. Gatza gazi da... Bainan, gazi harek ditu haragi eta beste asko janari, ustelduratik beiratzen. Guk ere, nahi balin badugu mundu hau ustelduratik beiratu, jakin behar dugu gazi agertzen. Egun hau, beraz, izan dadiela, hilentzat altxagarri, eta bizientzat oroitgarri. Agian, bizian ongi eginek, hiltzean saria merezituko daukute... Halabiz. (Eztul eta arrabots, denak xutitzen dira)

MERA: (Errienta ikusi du) Nor da, gibeleko gizon hori?

GREFIERA: Ez da hemengoa... Zonbait eskale arrotz. (Erretorak Credo hasten du, eta jendek segitzen dute)

MERA: (Kantu-denboran) Jandarmeri begi-kolpe bat emozute, ikus dezaten nor den gizon hori.

GREFIERA: Ontsa da... (Credo aintzinat ari dela...)

 

OIHALA

 

aurrekoa hurrengoa