www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Bi Saindu Heskualdunen Bizia
Franzisko Laphitz
1867

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio informatiko honen egilea: Josu Lavin; Urkiola, 1-1C 48990 - Getxo (Bizkaia)

 

aurrekoa hurrengoa

LEHEN PHARTEA
San Iñazio gerlari eta mundutar

 

 

I.

 

        Don Beltramo Oñez Loiolako Jaunak Bizkaitarra zuen Andrea doña Marina Saez de Likona, etxe handi batetako alaba.

        Zazpi seme eta hirur alaba bazituzten, sorthu zitzaiotenean Iñazio 1491an Loiolako jauregian. Zortzi garren seme batez erdi zela ilkhustearekin, doña Marinak zerurat altxatu zituen begiak, gero bere senharrari behatzen ziola erran zion:

        «Seme hau ez da agian bertze semeak bezala gerla-gizon atherako, eta bere amarekin agian lakhetu zaio.

        «Hunek behar bada, ihardetsi zion senharrak, eskolako gustua elkharriko du.

        «Amen othoi!, egin zuen andreak; badut hatik beldurra bertzeak iduria atherako den.»

        Haurra bathaiatu zuten Azpeitiako Eliza nausian, Iñazio eman zioten izena.

        Amak beldurra zuen bezala, haur haurretik su gehiago zakarren Iñaziok harmetako liburuetako baino. Gerlariak entzuten zituenean gerlaz mintzatzen, phizten zitzaion odola eta orduan haren ametsa zen armadetan egun batez lorioski agertzea.

        Don Beltramoren ahaide hurbil batek, Naierako dukiak itsutuki maite zuen Iñazio; haren baithan oro maite zituen, haren begi ernea, haren kopeta arraia, haren izpiritu idekia, haren bihotz suharra. Haren aldarte gaxtoentzat berentzat maiz bazuen laudorio bat, bethi estakuru bat.

        «Biba zu! egiten zion iloba ttipiari. Espainia guzian ez da zu bezalako gerla-gizonik izanen.

        «Oi! ihardesten zion tristeki doña Marinak; zerentzat hola harrotzen duzu haur horren burua? Hoinbertze semetarik ez othe dut bada batto neurekin atxikiko? Premua jadanik gerlan da eta bertze seme guziak gerlarat abian!»

        «Nigar egiteko arrazoin ere baduzu, zioen senharrak; bainan andre maitea, Frantzian bai eta Espainian ere aitoron seme batek odola zor du herriari.»

        Doña Marinak mundu hau utzi zuen Iñazio zer bilhakatuko zen ikhusi gabe.

        Haur hori ezarri zuten Abilako ondoan, izeba baten eskuetan zoinak altxatu baitzuen ama baten artharekin.

        Zoinbait urtheren buruan Naierako dukiak sarrarazi zuen erregeren gortheko eskolan.

        Ferdinan erregeari anhitz agradatzen zitzaion Iñazio. Gorthe guziaren aitzinean laudorio egiten zion bere jite onaz, bere izpirituaz, bere edertasunaz. Erregeren adixkidantza handizki prezatzen zuen Iñaziok; bere buruaren aski jabe zen hatik adixkidantza hortaz balentriarik ez egiteko eta horrela bekhaiztienak berak ixilik zagozkan.

        Eskolak akhabatu eta Iñazio gorthean gelditu zen, Noizetik noiz gerlarat bazohan osebaren lagun; bainan laster itzultzen zen gortherat eta azkenean han finkatu zen.

        Norbaitekilakoa bazagokan gorthean. Norbait hura erregeren odoleko andre bat zen, Iñaziori begi onez behatzen ziona. Iñaziok bere aldetik ez zion begi gaxtoz behatzen eta andre harren kontra hitz bat edo bertze nabaditzen zuenean gaizki-errailea ezpatarat deitzen zuen barkhurik gabe.

        Denbora hartan Karlos bortzgarrena jarri zen Ferdinan zenaren ordain. Erresumaz kanpo asko lekhuetan bazuen gerla eta erresuman berean ere asko herri baziren libertate zaharra harmak eskuan galdatzen zutenak. Zuhurtziak manatzen zion beraz Karlosi tropa segurrak han hemen atxik zitzan aitzindari segurren pian.

        Naierako dukia tropa hetarik baten aitzindari zen. Egun batez gortherat heldu dire Napleseko armadaren berriak eta jakiten dute Loiolako semek han indar handiak egiten dituztela. Iñazio orduan bere bizi funtsgabekoaz ahalgetzen da eta bere oseba Naierako dukia othoizten du zonbait soldado eman ditzon gerlarat heiekin juaiteko. Gerlarat juanez, gerlan bere indarra erakutsiz nahi luke Iñaziok maite duenaren bihotza hobelki hatzeman. Oseba Jaunak kargu handi bat emaiten dio bere armadan eta Iñazio urruntzen da gorthetik garhaitzari itzultzekotan. Hogoi eta sei urthe zituen.

        Egun hetan, Kastillanoak Bizkaian sarthurik Naieraz nagusitzen dire. Ondotik badohakote Naierako dukia eta Naiera setiuan ezartzen du. Berekin du Iñazio. Kastillanoek ez dire nihoren beldur; jan edana badute ausarki; luze juan behar du setioak.

        Zer gizon den han du erakusten Iñaziok. Egun guzietako gudu eta guduxketan Iñazio bethi barne, Iñazio bethi buruan. Armada guzian ez da nihor ezpata hark bezala dabilanik; nihor ez da kuraiez, jakitatez, indarrez hari hurbiltzeko denik. Azkenean, soldadoer erraiten diote ethorri dela hirian sartzeko orena. Bere hitzaz berotzen ditu, sutatzen ditu, badoha bera aitzin aitzinean, murrailer gora lehen igaiten da eta hiria hartzen du. Bitoriari darraikon saria uzten du bere soldadoer eta armada guziak miresten du haren borthiztasuna guduan, haren jenerostasuna bitorian. Iñazio Loiolakoari ez zitzaizkon guti eder gerlari lagunetarik ukhaiten zituen laudorioak. Gauza batez zen bakharrik khexu; bere bitoriaren kopletan ezartzeaz maite zuenari igortzeko. Hala egiten ohi zuten denbora hartako gerlariek.

        Kastillan bakeak egin eta Iñazio zonbait egunen itzuli zen gortherat non ez baitzuen orotarik agurrik eta agurrik baizik ukhan.

 

 

II.

 

        1521an, Maiatzeko egun batez, ximixtaren pare iragaiten da zaldidun bat Iruñako karriketan eta gobernadorearen etxean sartzen. Zaldidunaren ahotik non zer berri den jakin duenean, gobernadoreak xixtu batez ekharrarazten du muthil bat, mezu batzu emaiten diotza eta erraiten dio:

«Ez othoi denborarik gal»

eta kadera batean jartzen da, ukhondoak mahain baten gainean, eskuak buruari lothuak, buruan mila gogoeta. Horrela dagoelarik, norbaitek emeki emeki idekitzen du ganbarako athea, ganbaran sartzen da eta aitzinatzen gobernadorearen ondoraino. Gobernadorea bethi bere buruari lothua zagon eta nihorri ez zen ohartzen.

        «Jauna, erraiten dio Iñaziok, deithu nauzu, huna ni.

        «Ontsa da, ihardesten dio Naierako dukiak, lo dorphe batetarik atheratzen balitz bezala. «Gauza batzu baditut zuri erran beharrak. Jar zaite aphur bat, iloba maitea. Badakizu gure erregeak Noionen zer hitzeman zuen. Hitzeman zuen Nafarroa sei ilhabeteren buruan itzuliko zuela bere nausi zuzenari Henri Albretekoari. Gure erregeak hitza jan du. Bainan ene iloba maitea, gure jendekiak erregerentzat ixurtzen du odola errege makhur ala zuzen dabilan behatu gabe. Orena huna ethorria Espainiari, Frantziari, eta erregeri erakusteko zure arbasoen odolekoa zarela.

        «Jauna, erraiten dio bizi bizia Iñaziok, ez dut bertze gogorik erregeren zerbitzatzea baizik.

        «Zure ahotik hori nahi nuen entzun, iloba maitea; doidoia berria ukhan dut Frantses armada hurbiltzen ari dela Kunde Lesparre aitzindari. Henri Albretekoak Jakinik Nafarroko tropak oraino Kastillan direla, armada bat igortzen du gure kontra bere ondoriotasunean sartzeko. Bada huna nola iduritu zaitan behar dugula jokhatu. Ni Kastillarat juanen naiz sokhorri bilha. Arte huntan gazteluko gakhoak zuri uzten darozkitzut; gazteluko eta hiriko aitzindariek elgar adituko duzue; heier ere erranen diotet gauzak nola diren. Burgoserat Juanen naiz, don Frederiki hartuko diotzat bere troparik hoberenak eta denborarik galdu gabe hunat ekharriko. Orai beraz, iloba maitea, zuri nago, eta esperantza dut Naieran izan zarena izanen zarela Iruñen.

        «Oseba Jauna, Naieran ez nuen egin egin behar nuena baizik, orobat eginen dut Iruñen eta ezpata eskuan dudano ez naute Frantsesek urhats batez gibelaraziko.»

        Oseba ilobak horrela mintzo direlarik, muthil batek mezutzen dio Gobernadoreari hiriko Jaunek sala handian igurikatzen dutela. Gobernadorea sartzen da salan, Iñazio eskutik. Biltzarreari erraiten dio etsaia nola hurbiltzen ari den eta etsaiaren kontra zer xede hartu duen. Hitz hautaz akhabatzen du:

        «Jaunak, fida naiz Iñazioz egin dudan hautua ez duzuela gaitzetsiko.»

        Biltzarre guziak ihardesten dio:

        «Gobernadore Jauna, ez zinezaken hautu hoberik egin.»

        Handik bi oren gabe Gobernadorea Burgoseko bidean zen.

 

 

III.

 

        Bazakien Iñaziok Nafartarren berri. Bazakien anaia batzu bezala igurikatzen zituztela Frantsesak eta beldur zen haren soldadoak, gehienak Nafartarrak, Frantsesen alde itzul ziten. Ikhusten zuen galdua zela Frantsesek oseba aintzintzen balinbazuten. Bainan zer nahi gertha zadin buruan ontsa sartua zuen etsaiari ez zuela amorrik eginen.

        Iñaziok beldurra zuen bezala Frantses armada bozkariorekin hartu zuten Nafartarrek. Bide guzian ez zuten Frantsesek egitate onik baizik ukhan. Mendekoste bezperako Iruñepean ziren eta berheala setioan ezarri zuten hiria.

        Ikhustearekin nihondik ez zaiola sokhorririk heldu hiriko Jaunek Iñazio othoizten dute sartzerat utz ditzan Frantsesak, ez dela indarretan Frantses armadari ihardokitzeko. Tropetako aitzindariek erraiten diote:

        «Zure oseba Jauna ez diteke tenoreko ethor. Zerentzat behar du odolak alferretan ixuri?»

        Populuak dio:

        «Henri Albretekoa da gure erregea! Bakea, bakea Frantsesekin! idek, idek atheak kunde Lesparri!

        «Biba Henri Albretekoa! diote Nafartar soldadoek. Biba Nefarroko erregea! biba Frantses armada!»

        Gazteluko buruzagiak ere solhas berak ditu. Iñazio da bakharrik ideia kontrako dena. Grinarekin ikhusten ditu hiriko atheak Frantseser idekiak. Badoha orduan gaztelurat; han nahi du etsaia igurikatu, han bere indarra etsaiari erakutsi. Iñazio bero bezain gazteluko buruzagia hotz. Hau tropetako aitzindari zaharrenekin jausten da Frantsesetarat, Frantsesekin hautsi-mautsi baten egiteko. Iñazio ere jausten da. Nahi du ikhusi Frantsesek zer kondizionetan eskainiko duten bakea. Kunde Lesparre ez bide zabilan ahamen ttipiaren ondotik. Halere bakearen gatik oro on hartzen ditu gazteluko buruzagiak. Iñazio orduan koleran altxatzen da. Gazteluko buruzagia eta Kunde Lesparre behatze batez erdiratzen ditu eta ondo hartan diren aitoron seme batzuer erraiten diote:

        «Jaunak! gaztelua behar badut ere bakharrik begiratu bakharrik begiratuko dut. Zerentzat dakharregu ezpata gerrian? Nork nahi du niri jarraiki?

        «Nik nik! diote betan asko aitoron semek.

        «Ontsa hola! dio Iñaziok. Gerla gerla etsaiari! guazen gaztelurat eta erakuts dezagun ez garela hiltzearen beldur. Biba Espainiako erregea!

        «Biba Loiola! biba gure erregea! diote Iñaziori darraizkonek.

        Iñazio soldado bakhar horiekin sartzen da gazteluan eta etsaia han igurikatzen du. Aphez baten eskasian gerlako lagun bati kofesatzen da, hiltzerat baloha bezala. Frantsesek suia hasten dute biharamun goizean, argi urratzean. Bihotzdunenak abiatzen dire murrailer gora. Iñazioren ezpata han khausitzen dute murrailak baino borthitzago. Artilleriak murrailak joiten ditu arrabots ikharagarri batekin. Ez da ikharatzen Iñazio eta bere ezpataz jin guziak garbitzen ditu. Frantses armadako aitzindariek miresten dute hoinbertze kuraie eta holako gerlaria zeren ez den Frantsesa deithoratzen dute.

        Artilleriak noizbait gazteluko murrailla zilhatzen du; harri batek kolpatzen dio Iñaziori ezkerreko zangoa eta bonba batek hausten dio eskuinekoa. Lorioski erortzen da bere lagunen erdian.

        Iñazioren lagunak Iñaziorekin zerbait, Iñazio gabe gauza guti, lotsatzen dire. Harmak uzten dituzte eta gazteluko gakhoak Frantseser emaiten.

        Frantsesek arthatzen dute Iñazio haren kolpeari eta izenari dohakoten bezala. Kunde Lesparre ikhusterat juaiten zaio eta laudorio handiak egiten diotza haren kontra egin dituen indarrez.

        «Jauna, erraiten dio Iñaziok, zure eskuko naiz eta halere uzten darotazu ezpata.

        «Zu bezalako gizon bat, ihardesten dio Kunde Lesparrek, ez da sekulan garhaitua; libro zare eta guk ez zaitugu atxikiko zure kolpeak galdatzen duen denbora baizik. Arte huntan emaiten darotzut ene adixkidantza eta galdatzen zurea.

        «Arras gogotik, dio kolpatuak Kunde Lesparri eskua tinkatzen diola, eta ene alderat hoin ona zarenaz geroz grazia bat nahi nezaikezu galdatu.

        «Mintza zaite Jaun maitea! Ahal dudan guzia eginen dut zuretzat.

        «Nafarroko Gobernadorea ene oseba da. Iruñe bidean da zuen gudukatzerat heldu. Othoizten zaitut jakinaraz dezozun hiria eta gaztelua galdu baditut ere ohorezki galdu ditudala.

        «Bai segur ohorezki galdu ditutzu»

eta kolpatu maitea amodiorekin besarkatzen du.

        Zonbait egunen buruan, barberrer iduritu zitzaiotenean hirrisku handirik gabe lekhuz aldara zitekela, Kunde Lesparrek erran zion:

        «Gerlako lagun maitea, orai adio behar dugu elgarri erran. Loiolako jauregian hobeki arthatuko zaituzte. Aithor darotzut zure uzteak bihotza hausten darotala eta ez nukela nahi gure ezpatak berriz elgarrekin khurutza diten.»

        «Nik ere ez nuke nahi, Kunde Lesparre; bainan gure erregen arteko makhurrek hala ekhartzen balute, ez nezake nik entzun ohorearen eta eginbidearen botza baizik.

        «Atheraldi ederra hori, Loiola maitea. Ez dut nik ere ahantziko Frantziako erregen atheraldi hau: Egizak egin behar dukana; gerokoak gero.»

        Bi gerlariek elgar besarkatu zuten eta aphur baten buruan Loiolarat zeramaten Iñazio ohe baten gainean.

 

 

IV.

 

        Iñaziori bihotzik amultsuena erakatsi zion bere anaia Garziak, Loiolako premu Jaunak. Herriko barberrek, kolpeak ikhusi eta erran zuten eskuineko zangoa gaizki lothua zela.

        «Hola utziz, diote, zango hortan bethi oinhaze ukhanen du eta maingu geldituko da.

        «Eta maingu ez gelditzeko, zer egin behar dut? dio Iñaziok. «Jauna, maingu ez gelditzeko zauri hetsia behar liteke berriz ideki, hezurra aldaratu, haragiak hezurrari berriz josi eta lothura erreberritu.

        «Hola balinbada, dio gerlariak, horra ene zangoa; berheala has zaitezte, ez dut maingu gelditu nahi.»

        Hasten dire. Oinhazerik minenak jasaiten ditu auhen bat aurthiki gabe. Bainan biharamunean sukharrak erretzen ari zuen eta sukharra oren guziez borthiztuz zitzohakon.

        «Jauna, erraiten dio eriak barber bati, arras gaizki eta nahi nuke girixtino on gisa hil. Zer diozu?

        «Jauna zure adinean ez da berheala etsitu behar.»

        Eriak badu entzunik aski. Munduko gauzak utzirik bazterrerat, Eternitateari buruz jartzen da.

        Izitua bere anaiaren hoin aphal ikhusteaz, Garziak barberrari erraiten dio:

        «Zer diozu ene anaiaz?

        «Ah Jauna deus onik ez. Ez badu berheala onerat emaiten, ez dut uste bihar artio iraunen duen.»

        «Egun da Jondoni Petri eta Jondoni Pauloren bezpera, dio Garziak nigarrez, galda diozegun Iñazioren sendatzea. Iragan urthean Iñaziok kopla batzu ezarri zituen Jondoni Petriren ohoretan. Agian orai orhoituko zaio!»

        Arrats irian sakramenduak hartu zituen Iñaziok ahaide adixkiden nigar auhenen erdian.

        Gau erditan, azken hatsa noiz aurthikiko zuen beha zaudelarik, gozoki lokhartu zen eta ametsetan ikhusi Jondoni Petri sendatzerat heldu zitzaiola.

        Atzartu zenean hirriskuz kanpo zen. Sukharrak uztearekin eta indarrak itzultzearekin khendu zioten zangoko lothura. Orduan ohartu ziren hezur hautsiaren phuskak makhurtu zirela, bat bertzearen gainean jarri zirela eta zainak hainbertzetaraino bildu non zango hura bertzea baino anhitz laburrago gelditzen baitzen. Harritu ziren guziak. Iñazio Loiolakoa, gizon ederra! Gortheko Andren Jaioa! Armadako lorea! Maingu! Zer lastima!!!

        «Belhaunaren pean ez dut nahi trunpilorik, dio Iñaziok barberrer. Trunpilo horrekin zer itxura nukena! Phika zazue haragia hezurreraino eta hezurretik khen ezazue behar den guzia.»

        «Iñazio Jauna! Ezin jasanak dire holako oinhazeak. Hezurrak behar luke tresnez phikatu.»

        «Phikatu behar badu phika zazue.»

        «Bainan Jauna orai artean jasan dituzunak deusere ez dire jasan behar zinuzkenen aldean.»

        «Hori ene egitekoa da; zuen egitekoa da niri trunpilo horren nolezpait ekhentzea. Tresna bat egizue zango hori bertzearen heinerat ekharriko duena; ez dut maingu gelditu nahi.»

        «Jauna badakigu ez zarela beldurti; bainan galdatzen darokuzuna martiriozko tresna bat da. Othoi, othoi Jauna.......

        «Jaunak, berriz ere diotzuet ez dudala maingu guelditu nahi. Non tutzue tresnak? Zuek balinbazarete, ni banaiz.»

        Garziak bere egin ahalak egin zituen lan hortarik Iñazioren gibelatzeko.

        «Premu Jauna, premuari zor dudan errespetu guziarekin erranen darotzut ez dela errex hogoi eta hamar urthetan ukho egitea gortheari, armadari, munduko atsegin guzier.»

        «Iñazio maitea zaude gurekin; gurekin ontsa biziko zare.»

        «Ene adinean! ez premu Jauna. Hartu dudan urhatsari sobera atxikitzen dut. Jasan behar ditudan oinhazeak balire ere miletan borthitzago, guziak jasan nitzazke. Ez nau oinhazeak izitzen, maingu gelditzeak nau izitzen.»

        Iñazioren nahirat erori behar ukhan zuten. Lanaren errexkiago egiteko barberrak Iñazioren estekatzen hasi ziren.

        «Ni esteka! ni esteka erho bat edo haur bat bezala! Ez dut ez geldirik egoiteko esteka beharrik.»

        Hezurraren phikatzen abiatzean kolorez khanbiatzen da barberra.

        «Harrazu kuraie, diotso Iñaziok, emazu hor gorphutz hil baten gainean ari bazine bezala.»

        Luze iraun zuen lanak eta luze martirioak. Halere oihu bat ez zuen egin Iñaziok; kolorez xoilki ez zen khanbiatu.

        Lana akhabatu zenean Garziak erran Iñaziori:

        «Zer bihotzaren jabe zarena, anaia maitea. Zure hezurra phikatzen ikhusi duzu bertze batena izan balitz bezala. Nindagon neure buruarekin ez othe nuen zuk baino gehiago sofritzen.»

        «Premu Jauna, handitxu hura nahi nuen baitezpada khendu; ez nuen harekin hanbat argituko gorthean.»

        Lan horren ondotik barberrek burdinezko tresna bat ezarri zioten zangoaren luzatzeko. Tresna hori luzaz behar zuen geldi geldia atxiki.

        Ohe zeruari so, gorthea zabilan gogoan eta gorthean utzi zuen andrea, zoinari agradatzeko hainbertze pairatzen baitzuen. Iduritzen zitzaion gorthean zabilala, hatz-behatzak oso, gorthe guziaz goraiphatua eta maithatua. Hatik denbora bazohan eta ohean eneatzen hasi zen.

        Zerbaitetan behar duela denbora iragan, muthil bati manatzen dio gerlaz eta amodioz mintzo den liburu zerbait ekhar dezon.

        Muthila heldu zaio bi liburuekin.

        «Jauna horra zer hatzeman dudan.»

        «Zer? nik jostagailu bat galdatu eta elizako liburu batekin heldu zaizkit? Burutik juan zare?»

        «Jauna! bertzerik ez da.»

        «Zohazi, bertze zerbait galdezozu premu Jaunari; errozu nik egorri zaitudala.»

        «Jauna galdatu diot; bertzerik ez omen du.»

        Liburu hek ziren Jesu-Kristoren bizia eta Sainduen lorea.

        «Bertzerik ez bada, dio Iñaziok, hauk irakur ditzagun.»

 

 

V.

 

        Iñazioren ganbaran sartzen zen guziez, Garziak liburutan khausitzen zuen Iñazio.

        «Sainduen bizia agradatzen zaizu beraz, anaia maitea?»

        «Bai Jauna. Gerlariek egundaino egin ez dituzten gauzak khausitzen ditut sainduen bizian. Hatsarrean ez nintzan bero bero, bainan orai gogotik irakurtzen dut.

        «Hobe anaia maitea; zuretzat ontsa eneagarri zen deus ere egin gabe egoitea.»

        «Liburutan hasiz geroz ez naiz hainbertze eneatzen. Behazazu hatik, premu Jauna; nik oinhaze hauk jasaiten ditut gortheko andren begietan deus gal beldurrez, eta sainduek hoinbertze eta gehiago jasan dute Jainkoaren amoreagatik. Beren penitentziez sekulako zoriona irabazi dute. Eta ene irabazia zer izanen da? Adixkide zonbaiten laudorioak, andre zonbaiten behatze eztiak. Eta andre hek atxotu direnean? Eta ni xahartu naizenean zer geldituko zait?»

        «Mundua hola dabila bethi, Iñazio maitea. Zure egitekoa da ez saindu bilhakatzea liburu hortako sainduak bezala, bainan bethi ohorezki bizitzea zure odolari eman zaion bezala.»

        «Ideia bereko gare, premu Jauna. Ez nago segur mundua uztekotan. Ni saindu bilhaka! Nola nahi duzu nitarik saindu bat athera dadin?»

        Sainduen bizia irakurriago eta ederrago zitzohakon. Heien obra handiak bi hiruretan irakurtzen zituen eta izkiribuz ezartzen. Artetan hau erraiten zuen bere buruari:

        «Zerentzat ez dut eginen sainduek egin dutena? Sainduen nonbrean asko badire ni bezain familia handikoak; badire ere erregen odolekoak eta erregeak berak. Zerentzat ez dut bilhatuko hek bilhatu dutena? Orai gozatzen dute munduak eman ez dezaken zorion bat, zorion haren galtzeko beldurrik gabe. Zorion hura ardietsi dute munduari ukho eginez, othoitzean eta penitentzian biziz. Nik maite ditudan gauzak hastiatu dituzte, nik hastio ditudanak maithatu. Nork othe du arrazoin? Hogoi eta hamar urthetan naiz, aitoron seme handi, munduan aitzinatzeko behar diren guziak baditut... bainan ene zangoa tresna huntarik athera eta berriz laburtzen bada, horra non beharko dudan adio erran gortheari, adio munduari. Zainetako makhur bat, edo kolpe bat, edo eritasun bat aski balinbadire munduko urhatsaren galarazteko, zer ari naiz munduari jarraikiz.

        Gauaz eta egunaz borroka ari zen gogoeta horiekin eta bertze hauekin:

        «Agertzen ez banaiz zer erranen dute gorthean? Usteko dute irriegingarri bilhakatu naizela eta ahalgeak nagokala gordea; edo usteko dute Iruñe nik galdu dudala; mendratuko naute, erranen dute ihes nabilala. Aho mihitan horrela ibilia banintz!»

        Orduan bere ezpatari behatuko zion eta gaizki erraileari gerruntzetan barna gogotik sarthuko zion.

        Denbora jin denbora juan, gogoetak jin gogoetak juan. Egun batez bere buruari galdatzen dio ez othe litekenez ordu harat edo hunat egiteko.

        «Ene baitan badire bi borondate; batak ongirat nerama, bertzeak gaizkirat; batak zerurat, bertzeak ifernurat. Gogoan erabiltzen ditudanean bizitze saindu baten ondorioak, bake gozo batek bethetzen nau. Gogoa alhatzen dudanean munduko gauzetan, khexuz ezin nagoke. Zerentzat hoinbertze duda muda? Sainduek egin dutena eginen dut.»

        Denbora hartan zangoa hobeki izanez kanporat agertzen hasi zen. Bainan onik ez zuen liburutan eta othoitzean baizik. Gau guziez jeikitzen zen bildutasun gehiagorekin othoitz egiteko.

        Gau batez, bihotz guzia Jainkoaren amodioaz hartua, belhauniko erortzen da Andre-dena Maria baten aitzinerat. Andredena Maria othoizten du onets dezan haren Seme dibinoari bere buruaz egiten dion eskaintza; armadetako mintzairean hitzemaiten dio haren banderari jarraikiko dela, haren erran guzier behatuko dela, bizian eta hilean semearen eta amaren gizona izanen dela.

        Denbora berean arrabots ikharagarri bat entzuten da jauregian, jauregia zimenduetaraino khordokatua da. Iñazioren ganbarako pareta nahiz arras lodia arrailatzen da. Orduko arraila ageri da oraino. Ez zen lur ikhara. Arrabotsa jauregian entzun zuten bakharrik, deusere ez zuten auzoek nabaditu. Bertzerik ezin eta debruak dudarik gabe nahi izan zuen Iñazio etxearen pean lehertu. Hala uste dute anhitzek.

        Aspaldian ohartua zen Garzia Iñazioren khanbiamenduari. «Iñazio maitea, erraiten dio egun batez, ene arrangurak behar darozkizut erran. Zure khanbiamendua hain da handia non ez bainaiz zure gainean beldurrik gabe. Gorthea, armada, ohoreak, atseginak, oro utzi dituzu, eta zer egin gogo duzun ez dautazu salatzen. Beldur naiz zure gogo beroak urrunegi ereman zaitzan.»

        «Ez premu Jauna ez, ez nau ene gogoak urrunegi eremanen, ez izan ene gainean holako beldurrik.»

        Aphur bat solastatu ziren oraino, bainan Iñaziok bethi hoberenak barnean.

        Ondoko gauean, othoitzean zagoelarik, andredena Maria agertu zitzaion argiz inguratua, Jesus haurra besoetan. Ez zitzaion mintzatu, bainan ikhuste miragarri horrek bihotza bethe zion ezin erranezko atsegin batez. Iduritu zitzaion graziak, garbitu ziola, berritu ziola arima eta handik harat ez zuen gogoeta lizun bat ere ukhan.

        Iñazio estakuru bilha zabilan Loiola aldebat uzteko; Loiolan egoitza luzatuz beldur zen anaiak sobera erran.

        «Premu Jauna, erraiten dio egun batez, orai sendatuxea naiz, eder da denbora, Nabarreterat nahi nuke juan oseba dukiaren ikhusterat.»

        «Enganatzen nauzu, Iñazio! Nabarretez bertzerik baduzu zuk gogoan.»

        «Ez anaia maitea, egiaz mintzo nitzaizu, Nabarreterat noha.»

        «Nabarreterat zohazi, bainan handik noretako bidea hartzen duzu? Badakit nihork ez bezalako ideiak dabilzazula buruan. Zerentzat ez darotazu zure barneko berri erraiten? Maite zaituen anaia bati ez othe dezakezu erran zer eskualde hartzen duzun? Munduari ukho egin nahi duzu, badakit. Bainan zure arimaren arthatzeko zer traba khausitzen duzu Loiolan? Jainkoa ez othe da lekhu guzietan? Sainduen etsenpluek lilluratu zaituzte. Nahi othe zinduke sainduek bezala herrestan bizi?

        Ixil ixila zagon Iñazio.

        «Nik errana hala ez bada, dio Garziak, zerentzat ez dautazu ihardesten?»

        Iñazio bethi ixilik zagon.

        «Zure buruaren jabe zare; bainan ene anaia, ene anaia maitea, ez bazare Nabarretetik itzultzen, beldurra dudan bezala, behingotz uzten bagaituzu, hitzemadazu Loiolako izena bethi ohorezki ekharriko duzula eta ez dugula zutaz ahalgetzekorik ukhanen.

        «Premu Jauna, hitzemaiten dauzut ohoreari bethi hurbildanik behatuko diotala. Egia erran dauzut, Nabarreterat noha osebaren ikhusterat; eri nintzalarik ikhusten izan zait; zor diot nik ere ikhusterat juan nakion.»

        «Aski azkar othe zare mendiz mendi holako bide baten egiteko?»

        «Bai premu Jauna bai, ez nau bide horrek izitzen; Nabarreterakoan Oñaten baratuko naiz arrebaren etxean.»

        «Hola denaz geroz arrebaren etxeraino lagunduko zaitut, eta handik muthilekin juanen zare osebaren etxerat.»

        Biharamunean bi anaiak, muthilak ondotik, Oñaterat jautsi ziren. Adioak oheratekoan egin zituzten, Iñaziok goizik behar zuelakotz jeiki. Gauaz jeiki zen nihor ohartzen ez zelarik eta gaua iragan zuen Andredena Maria Arrankuzakoaren elizan. Argia gabe Oñaten harat zohan bi muthilekin.

        Loiolatik atheratzean sos bat ez zuen berekin hartu. Osebaren etxerat zenean, zor batzu bazituela orhoitu zen eta bakhotxari nahi lioke berea itzuli. Osebaren etxean zordun bati khendu zion hartze zahar bat, hartze haren pharte batez estali zituen bere zorrak eta gaineratekoaz erosi Andredena Maria bat. Andredena Maria hau berekin ekharriko du bethi; ez baitu hemendik harat bertze andrerik ukhanen.

 

aurrekoa hurrengoa