www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Malentxo alargun
Antonio Maria Labaien
1962

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Teatro osoa euzkeraz (II), Antonio Labayen. La Gran Enciclopedia Vasca, 1977

 

 

aurrekoa hurrengoa

II. EKITALDIA

 

(Lenengo Ekitaldiko antzeztoki bera ta berdin antolatua. Oiala jasotakoan D. Justo letradua ta Iñude jardunean ari dira).

 

IÑUDE: (Justori) Goiz dabil!, eskribau jauna. Eseri bedi!

D. JUSTO: Eskarrikasko! Zutik erosoago nago. Etxekoandrea emen izango da noski?

IÑUDE: Bai, jauna, bai! Sukaldean dago. Etortzeko esango diot. Aurrak txukuntzen ari zan.

D. JUSTO: Ama batentzat ori dezu eginkizunik atsegiñena; baiñan etxekoandreak beste egin bear larriagoak ditu gaur... eta aldez aurretik gaztigatzera natorkio. Kalterik izan ez dezan.

IÑUDE: Orain ere ba al degu okerren bat?... Banoakio esatera itxoin arazi ez dezaion. Aurrak nik zainduko dizkiot... (sukalderuntz bijoa)

D. JUSTO: Ez daki gajoak zer datorkion gañera! (Eskuak burura eramanez) «Ejekutiboa»! Kiebra atzerazteko alegiñatan ari naiz, baiñan alperrik ote dan nago. Juzgaduko auzi-maisuak ez bait dute errairik... arrizkoak ez ezik. Legea lege da. «Dura lex sed lex». (Batetik bestera urduri dabillen artean Malen ager bedi).

MALEN: Egun on D. Justo! Goizeko otoitza errezatzen ari al zera?

D. JUSTO: Bai! otoitz ederrak egunari asiera emateko. Egun on zuri ere Malen. Nere buruaz jardunean ari nintzan, barrengo kezka ezin gorderik.

MALEN: Eseri zaite beintzat. Patxaran jarrita lasago esango didazu esan bear guzia.

D. JUSTO: Lasa, ez! (Eseriaz). Ez zutik eta ez eserita. Oiean ere ezin lo egin izan det eta goiz jekiaz etorri natzaizu... antza emango diozu... ea zure arazorako irten biderik arkitzen degun.

MALEN: Nabaitzen det bai. (trankil) Ez beintzat larritu. Juzgadutik estutzen banaute ni izango naiz katigu. Etxe ontatik bidali ta kalean uzten gaituztela?... Arnasa lasago artuko det kaiol ontan baño. Lenago ere lanegiten oitua nago eta Iñudek aurrak zaintzen dizkidala, bizimodua aterako det; ez nuke nai neregatik iñork buru-austerik izan zezan. Eta gutxiena zuk, D. Justo. Geiegi leiatzen ari zera nere alde. Bein eta berriz eskarrikasko...

D. JUSTO: Ez da ezeri, Malen. Olako gertaerak atsekabetzen naute. Zirradaz eragiten didate barrua. Nere bezeruen naigabeak, ta zureak arego, min ematen didate. Bear bada ez det letradutzarako «koskorrik». Obe da biotz-gogor eta gibel-aundi zenbait bezela izatea. Ta gaitz erdi zu andre bortitza zaitugula.

MALEN: Ez ibilli nerekin egia estaltzen. Ori ez! Goiz ala berandu jakingo bait det... Zer da berri?

D. JUSTO: Ba... Malen,... Berri txarrak! Eguardirako ez badizkiozu Juzgaduari larogei milla duro eskuratzen, Juezak kiebra agria izenpetuko duala. Ta jakiña, ondasun guziak baituko dizkitzutela.

MALEN: (Trixturaz) Ainbeste malko isuria nazu aspaldian, ia ez naiz negar egiteko gauza. Iturria agortu zait nunbait... (Bat batean esku-zapia begitara eramanez malkoak estali nairik).

D. JUSTO: (Ez ikusia egiñez) Beste hipotekaren bat burutu ote ziteken ibillia nazu... Baiñan alperrik! Notario jaunak ez du irugarren Hipotekarik egin nai. Geiegi bait litzake. Ontaz kanpo ez dakit nundik atera larogei milla duro. Askotxo dira, iñori eskatzeko, ta zuk ez badezu bestela sortzeko usterik, koñatari eskatuaz edo...

MALEN: (erdeñuz) Toki onean! Naiago det «Miserikordia» etxera joan...

D. JUSTO: Malen! ez da artaraño kinka gaiztoa! Jakiña! beste nunbait jasotzekorik baldin badezu obe. Agian...

MALEN: Bilboko Ulibarri etxeak kontu aundi bat zuritu bear digula badakizu... Bitor etorri zait, aitzeki maitzeki ezezkoa ematera! Uzkur egin eta or konpon esanez, guzia galdutzat emanik.

D. JUSTO: Ori ere egin dizute banku-zale diruz okitu oiek! Gezurra dirudi. Ez nuen uste orrela jokatuko zutenik.

MALEN: Alargun bakar bati zer nai txarkeri egiten zaio. Ez bait det etxean babestuko naun gizonik... Anastasiok laguntza gutxi eman nezake; almazenean ez degu ea ezer saltzeko... ta ez det zer eskeñirik nere korputza ez bada... (malkoak esku-zapiaz txukaturik).

D. JUSTO: Tira!, tira! ez zazula olakorik aitatu, Jainkoagatik andre zintzo ta prestua zeranez.

MALEN: Bear bada emakume galdu bat banintz beste ollar batek egingo lidake kukurruku. Askotan, gogoak ematen dit... lasaikeriko bidetik joatea...

D. JUSTO: Utzi itzazu pentsamentu txar oriek! Malen, kristau zera, aurrak dituzu eta biarko egunez amatzaz lotsakuko lirakenak. Jainkoak eskutik zaitzala.

MALEN: Laister kale gorrian utziko naute ta ez dakit zer egin nere aur gaixoaz! Iñuderekin basarrira eraman!

D. JUSTO: Ez, aurrak amaren ondoan daude ondoenik. Gaztea zera ta...

MALEN: Gaztea! zertarako? Naiago nuke zartxeagoa bai baiñan aberats banintz...

D. JUSTO: Utzi itzazu irudimen... baezpakoak. Zerbait egiazko artalea bear degu eskuan. Orduak aurrera dijoaz eta auzitegira noa, juezarengana. (Jekita abituaz).

MALEN: Ez det nik joan bearrik izango...

D. JUSTO: Ez! Zu geldi zaitez emen, norbait ondasunak baitzera etortzen bazaizu ere. (Dijoala) Ez estutu! Biotza, gora!

MALEN: Errezago da esatea (Almazeneko atetik joanez) Au ere ikusi bear nuen. «Kiebra!...».

 

(Unetxo batean antzeztokia iñor gabe. Bereala sukalde ate atzean entzuten ta zelatan zeuden Iñude ta Anastasio ager bitez).

 

ANASTASIO: Entzun al dezu?... «Kiebra»...

IÑUDE: Eta zer da ori?

ANASTASIO: Zer izango da!: «Purrut» egitea. Usai txarreko gauza.

IÑUDE: «Purrut» ala «pirrit» alatsu. Orregatik bizi izan gera oraindaño.

ANASTASIO: Bai, baiñan, auzitegikoak etxera badatozkigu ditugun puska, diru ta gauza guziak baituko dizkigute. Zorrak ezin ordaindu diranean gertatzen ori: Kiebra jotzea!

IÑUDE: Ori aintziñan, antigualian izango zan. Orain makiña bat ezagutzen ditut zorrez beterik daudenak baiñan ederki asko bizi diranak. Kiebra aberatsen gauza da.

ANASTASIO: Begira, Mañaxi! Ni ez nago arazo ortan oso jantzia, baiña ikusiko dezu ikusi, aguazilla-ta badatoz eta etxeko puskak eramaten asten bazaizkitzu.

IÑUDE: Ez alajaña! Sukaldean ditudanak ez dizkidate berealakoan kenduko. Nere gazta, urdaizpi, arraultz, maiontzi, ta zillareria ondotxo gordeko ditut.

ANASTASIO: Ori da gutxiena. Eltze, lapiko ta zartagi batzuek gora-bera... Okerrena etxetik bidaltzen bagaituzte izango da. Zuk eta nik, nora joan bear degu degun adiñean?...

IÑUDE: Gauzak ortaraño iritxi zitezkenik ez zait egundo bururatu.

ANASTASIO: Artzalleai zorrak ordaindu ezkero, ez noski! Bestela ordea...

IÑUDE: Artzailleak?... Neroni ere «soldatak» artzeko nago aspaldidanik. Orretara bagoaz...

ANASTASIO: Baita ni ere! Zu baño lenago sartu nintzan etxe ontan. Etxekoandrea etorri aurretik, Beraz...

IÑUDE: Nik bada artzeko guzia barkatzen diot etxekoandreari! Zer uste dezu? Olakorik!

ANASTASIO: Gureak ezer gutxi dituzu, Mañaxi! Etxe onek ez balu zulo aundiagorik!... Millaka duro askorena!

IÑUDE: Zuk ollo ta txerriki guzia zurrupatu dezu beintzat. «Pirri-parra» bizi gera, ta jakiña! «Pirrit» egin bear

ANASTASIO: Itz itxusia da ori. «Purrut» esaten da: «Kiebra». Alderdi ona daukagu! (Besoak tolestuaz ta burua goitik bera mugiturik).

IÑUDE: Laguntzaren bat izango al degu! (leiotik kaleruntz begira) Orratx! bixitariak ditugu! «Señorita» Petra ta Andre Edubijis... Atea irikitzera noakie! (Kaleruntz irtenaz).

ANASTASIO: Ni bada, baezpada... almazenera. Zernai gerta ere erne egongo naiz. Erdi utsik dago, alare ditugun puskak eskutatzea ez litzake kaltegarri... «Portzi akaso» Begi! (Bijoa)

 

(Petra ta Edubijis agertu bitez. Mantillaz apaindurik datoz, Errosario ta eliz-liburuak eskuan dituztela).

 

EDUBIJIS: Ez ote da goizegi etxe batera etortzeko?... Erreparoa ematen dit, Malen, bear bada, lanean ariko da-ta.

PETRA: Goizeko amarrak! Etxea txukuntzeko beta izango al zuan. Jendea artzeko garaia dala uste det.

EDUBIJIS: Etxe guziak ez bait dira berdiñak! Gurean aspaldi garbiketa egiña degu. Aurrik ez bait degu. Justo 8 1/2 mezetara joan oi da ta ni 9takoa. Eta gero bakoitza geren eginkizunetara.

PETRA: Ori da «kuxidadea» ta ez... (ingurura begiratuaz) etxe ontakoa. Berriz ere soñu txar ta susmurruak ibilliko ez dira bada? Zuzenean galdegingo diot Maleni...

EDUBIJIS: Nik ere itzegin genduen «soro» arazoa zertan dagon jakin nai nuke. Obispotegian zai bait daude eliza berria eragiten asteko. Bear bearrezko gauza da. Ainbeste jende auzo artan errelijio bage bizi dana! Ainbeste anima errukarri!

PETRA: Zai egon bearko dutela derizkiot. Alperrik gaude nere koñatari begira. Gaizki dabil diruz, eta...

EDULBIJIS: Orregatik bada soro ta gañerako baserri-lurrak saltzea komeni zaio.

PETRA: Bereak balitu... bai! Familiako guziak lotsa araziko gaitu. Tiburtziok utzi zizkionak utzita! Nere buruari galdegiten diot: Baiñan emakume orrek, alako dirutza nun eta nola txautu du?

EDUBIJIS: Esku-zabala izaki, nunbait. Biotz onekoa!

PETRA: Etxe-kalte, ondatzaille, aundinai!... (damuturik) Nere onetik ateratzen nau. Naiago det aoa itxi:...

EDUBIJIS: Orrela ez gaituzu masiatzale izango. Ez da zillegi, ez gaizki esaka aritzea. Karidadeak ez du ori agintzen.

PETRA: Arrazoi dezu. Isildu nadin! Bai. Isilduko naiz kosta arren!

EDUBIJIS: Ori da kristau zintzoa izatea. San Pablok Korintian edo... eskatu zunez.

PETRA: Epistola errez eman zuan ark... Korintiarrok jarriko nituke gure lekuan... «Dominus vobiscum!».

 

(Malen bat batean sarturik)

 

MALEN: Ez nekien emen ziñatenik! eta agidanean errezatzen...

PETRA: Iñudek sartzen ikusi gaitu ta adierazi zizulakoan geunden.

MALEN: Ez bada. Eta ez det beta aundirik zuekin jarduteko.

EDUBIJIS: Sartu-atera bat egitera besterik ez gaituzu etorri. Mezetan giñan eta etxera bañon leen. Petrari esan diot: Goazen Malenengana! Sorokiko arazoa zertan dan jakitera.

MALEN: Ba... Ezertan ez.

PETRA: Esaten nizuen nik...

MALEN: Ez dago ezer egiterik. «Barrena» basarria puska guziekin. Hipotekapean daude eta ez nere eskuan.

EDUBIJIS: (Axanpaz) Ezin diteke! Nola ordea?...

PETRA: Ikusia zegon!

EDUBIJIS: Eta zer egin bear degu orain? Eliza berria egiteko asmo guziak atzeratu?...

MALEN: D. Justo zure senar jaunari galde zaiozu. Paper eta agiriak nola dauden ark dakizki ondoenik.

EDUBIJIS: Ain isila da! Ez dizu itz erdi bat esango bezeroak ematen dizkien arazoaz.

PETRA: Ala bear gañera letradu batek. Orrengatik dezu ain itzal aundiko gizona.

MALEN: Ark esan ez dizutena nik adieraziko dizuet. (Larri). Kanpoan entzun aurretik, jakin zazute gaur Juzgadua onera etortzekoa dala gure etxearen «Kiebra» deklaratzera! (Zingurin ta antzika) Gureak egin du! Emendik botako naute nere aur ta guzi!...

EDUBIJIS: (Txundituta) Ene! Jesus! Ez da egia izango!

PETRA: (Otz) Aspaldi igartzen asia nintzan. (Eseri bedi burua makur).

MALEN: (suminez) Asmatzeak poz ematen badizu. seguru dezu oraingoan. Galdua naiz! Zer egingo degu ba!

EDUBIJIS: Baiñan Malen! Ez dezazula orrelakorik esan! Ezin sinetsi det. Naigabez betetzen nau. Agur gure asmo, gure usteak!

MALEN: Ez naiz batere arritzen. Olakotan usteak ustel atera oi bait dira.

EDUBIJIS: Zure alde zerbait egin al bagenezake?... Kiebra ori eragozteko...

PETRA: Garai onean! Orain berandu da. Neurriak artzekotan, lenago artu bear ziran. (Esertokitik jeiki ta ibiltzen asirik) (Maleni salatuz) Eta zuk... ez bait dezu guk esandakoa egin nai izan...

MALEN: Esatea errezagoa zan egitea baño... (bazterreko silla batean eseriaz malkoak ezin gorderik).

EDUBIJIS: (Petrari) Ez zazula andrea dagon baño geiago atsekabetu. Naikoa du buru gañean.

PETRA: Tiburtzio bizi izan balitz ez zitzaion ori gertatuko.

MALEN: Alargun gelditzea ez zan izan nere errua...

EDUBIJIS: Ez Malen! (Berarengana joanez poztu nairik). Zure barrena lasa zazu! Juzgadukoak ez dituzu ain gitxon txarrak, eta nere senarra zure alde aleginduko da. Nik ere lagunduko zaitut.

PETRA: Gauza onela dagon ezkero, emen alperrik gaudela uste det. Eta onena joatea degu ea kanpoan laguntzaren bat arkitzen degun. Emen denbora galtzen ari gera.

EDUBIJIS: Ortan arrazoi ematen dizut Petra. (Maleni) Begira Malen, zaude trankil. Bagoaz ta bidez Elizara sartuko gera zuregatik otoitz egitera. Jainkoari argitasuna eskatzera.

PETRA: Bai, etxean geldi zaitez. Aurrai zer gerta ere, obe dezu. Beste itzuli bat egingo dizut gero, nere bearrean arkitzen bazera ere... Adio bada! (bijoaz).

 

(Bi bixitariak ezkutatu ala Malen bat batean jekita sumiñez laisterka sukaldera sartzen da. Une batean antzez-tokia iñor gabe gelditzen da. Ateko txilin otsa entzun bedi ta ondoren Bitor Banku-zalea sartuko da atzetik, Anastasio dualarik).

 

ANASTASIO: Nor ote zan da?... Ba-ezpada iriki dizut.

BITOR: Zer uste zenduen? Lapurren bat nintzala? Ni naiz, bada.

ANASTASIO: Ezagutu zaitut, bai, baiñan gaur ernai egoteko eguna degu. Beste birigarro batzuek bait dabiltza etxe inguruan.

BITOR: Birigarroak?... Ni ez nazu «txinbo» bat besterik. Alegia bilbotarra.

ANASTASIO: Nolanai txoria... ta badakizu «mokodunak» besteren soroan alea jaten dutela, erein bage.

BITOR: Barriketa laga zazu ta zoaz etxekoandreari esatea berarekin itzegin nai detala. Aguro gañera!

ANASTASIO: Gaur guziok goiztar zabiltzate, presaka, atarramendu txarra ematen diot, susmo onik ez beinik bein.

BITOR: Iñork ez dizu galdegin iritzirik, etxekoandreari emen nagola esateko baizik... Beraz ez bazoaz neronek ots egingo diot atetik.

ANASTASIO: (Uzkur) Nik ere nere eginkizunak baditut... Eta nork agindua ere bai!

BITOR: Ez izan ain nagia... ta etxekoandreari deitu zaiozu! (Sakeletik dirua atera eta eskupekoa emanez).

ANASTASIO: Itz ori ez entzuteagatik edozein gauza egingo nuke. Nagia ni?... Banoakizu (joanez) eta... eskerrikasko!

BITOR: Ez al da aspaldi Xalbador azaldu?...

ANASTASIO: (Sukaldeko atetik burua itzuliaz) Ez badakizu ere aretxen zai gaude. (bijoa).

BITOR: (Antzez-tokitik batetik bestera ibilliaz) Zai, e? Aurrea artu bear diot. Oraingo ontan sarera eroriko dira etxe au ta... etxekoandrea. (Norbait datorrela oarturik bere buru ta soñekuoak antolatzen ditu edertu naiez; eta erne jartzen da sukaldeko ateruntz begira, Malen agertu arte).

MALEN: (sartuaz) Egun on Ulibarri jauna!

BITOR: (elkarri eskua estutuaz) Baita zuri ere, Etxekoandre. Zer modu?

MALEN: Ondo! eskarrikasko. Ez nuen uste gaur etortzekoa ziñanik.

BITOR: Iruñen negozio aundi bat sortu zait eta bidez zuri bixita egitea otu zait... giza-legez.

MALEN: Estimatzekoa da, millesker! Eseri zaite ordea! eseri.

BITOR: (Galaiki) Zu eseritakoan nere txanda izango da. Bitartean ez...

MALEN: Ala nai baldin badezu eseriko naiz bada. (Biok elkarren ondoan silla ala besaulki batean jarririk).

BITOR: (Limurkeriaz) Poz aundi bat izan oi det beti zu agurtzeaz...

MALEN: (Sinesgaitz) Gaur ez det uste oso une pozgarrian etorri zeranik.

BITOR: Zer bada? Zerbait oker gertatzen al zaizute? Trixte ta goibel ote zauden irudi zait, bai.

MALEN: Ez da gutxigorako... Poz-biderik banu...

BITOR: Ez dezu larritu bear negozioak ez ba zaizkitzu ondo irtetzen. Orretara oiturik gaude komerzioan gabiltzanok!

MALEN: (zeatz) Gu ez gabiltza! ordea atakan gaude... Ondotxo dakizu ori, ta zure Banko-etxeak ez badizkigu larogei milla duro aurreratzen Kiebrara goaz. Juzgadoa ate joka degu.

BITOR: Zu ikaratzeagatik zarata pizka bat aterako dute, baiñan ez beldurtu...

MALEN: D. Justo letradua gaztigatzera etorri zaidaneko zerbait izango da. (Naigabepean) Ez dakit zer egin!

BITOR: Zu orrela ez ikusteagatik edozein gauza egingo nuke. Ta bai ba D. Justorengana joan ere arazoa zertan dagon ikustera. Kolpea geldi arazi ditekela derizkiot.

MALEN: Alperrik da, ortan leia gera ta Juzgadoak ez du itxoin nai, diru gose da nunbait.

BITOR: Dirua ere sortuko genuke Malen...

MALEN: Dirua?... Txanpon bakar batzuek balira... Larogei milla duro! Nundik atera bear ditu, zorretan dagon alargun gajo batek? (Malkoa dariola).

BITOR: (Losintxa ta asmo lizunez) Malen! (onengana geiago urbilduaz) Diru askotxo da, baiñan, esan dizut zuregatik... zu orrela ez ikusteagatik (arpegia irriki makurrez ikutuaz) eder ori! ditudan diru guziak aurreratzeko gerturik naukazu. Eta nere izenean eskatu diteken kredito dana zure alde jarriko det.

MALEN: (besaulkitik jekidz) Ez! Ni altxa nadin ez det nai zu erori zaitezen.

BITOR: (Ondoren jarraiturik) Eroriko banintz ere zer?... Aski ordain luke nere buruak zure esker ona irabaziko balu...

MALEN: Ez ditekena da. Esker ona bai baiñan...

BITOR: (Malengana berriz urbilduaz eta eskua artzen diola) Malen! Beti gogoko izan zaitut! Eta orain naigabepean zakusdalarik... arego! Bai, esaneko naukazu... Maite zaitut!

MALEN: (Au entzundakoan, larritzen asita eskua azkatuaz igesi doa) Ez, ez, ezin diteke, onradu ta garbi joka nai det. Zu ezkondua zera!

BITOR: Zoritxarrez, bai, baiñan, aspaldi nere andrearengandik berezita bizi naiz, bizi-alargun; eta zu alargun-bizi zoragarria, zaitut biotzean... aukeratua... (Malenengana urbildu naiez).

MALEN: (Iges egiñez) Ez, ez! Ez nazazula ikutu...

BITOR: Ez bildur izan Malen!, zure borondatearen aurka ez da ille bat ere ikutuko. Baiñan jakin zazu ezin gorde dedala zureganako amorio ta maitasuna. Zu orrela bearrean ikusteak samintzen nau; eta zauden estuasun ortatik aterazteko, dedan diru guzia eskeintzen dizut. Zure esku dago... eta batere ordaiñik eskatu bage.

MALEN: Eskerrik asko, Bitor. Ori besterik da. (isilunea) (Berriz musin) Baiñan, ez! ezin dezaket zugandik ezer artu! Zer esango duten ere!

BITOR: Ez du iñortxok jakingo. Zuk eta nik jakitea aski da. Emendik alde egingo genduke. Autoan eramango ziñuzket eta ekaitza igaro ondoren itzuliko ziñake etxera... Adiskide on batzuek bezela jardungo genduke. Erritik kanpora ez gaitu iñork ezagutzen.

MALEN: Oi ametsak! Ez al dakizu ezin utzi ditudan bi aurren ama naizena?...

BITOR: Or dezu iñude zaarra zu baño aur-zai obea. (Berriz Malenengana urbilduaz) Zu, Malen, gazte eta ederra zaude eta ez al dezu merezi, noizik beinka, etxetik atera ta egurastea?... Bakartasun goibela utzi ta bizi-modu alaiago bat eramatea? Zure esanera nago...

MALEN: Ez zaude zu su-emaille txarra! Ni kilikatzen... Utzi zagun gai ori, oraingoz!...

BITOR: Nik ez det jarraituko gogoko ez bazaizu. Eta gaizki esanak barkatu. Ezin gorde nizun, ordea aitortu bage, emen barruan nabaitzen dedana.

MALEN: Barrungoa zapalduta kanpokoak ematen dit orain naiko lan. Juzgaduko arantzak, Kiebrak!...

BITOR: Utzi on nere gain! Eta ez naiz nor izango, ez badet auzi ori antolatzen; ez badizut arantz ori biotzetik ateratzen.

MALEN: Biotzetik ala sakeletik...

BITOR: Bietatik... Oraintxe noakizu Bankura (abituaz).

MALEN: Berandu izango da onuzkero. Nola nai, nik emen, etxean geldi bear det zai.

BITOR: Beñere ez da beranduegi andre batenganako borondate ta ongi-naia agertzeko. (Eskua Maleni estutuaz) Laister arte Malen!

MALEN: (eskua azkatuaz) Ai ene! Ez orrenbeste estutu.

 

(Bata beslearen ondoren bijoaz kaleruntz. Andik unetxo batera Iñude ta Anastasio sukaldeko atetik sartzen diralarik).

 

IÑUDE: Anastasio! Ba al dakizu zer ari naizen ausnartzen?... Gaurko emengo joku au ez zaidala batere atsegin!

ANASTASIO: Onoko azken jokalari au ez beinik hein. Ikusi al dezu?

IÑUDE: Ate zirrikitotik ez det begiratu nai izaten, baiñan susmoa artua daukat otso ori ardi billa ote zetorren...

ANASTASIO: Nik ardi-larru ta artille guziak eskutatu ditut, baezpada. Jende geitxo dabil emen gauza onik ateratzeko.

IÑUDE: Jendea batera datorrenean, gaitz erdi. Bakarka datozenean da okerrena.

ANASTASIO: Malkarrota edo purrut egiteko zorian bagaude gure etxeko andreari ezer gutxi ostuko diote. Urre ta zillarrik ez beintzat.

IÑUDE: Zuk uste dezun baño geiago. Gizarajoa! Kaballero itxuran izan dan ori «naskante» zamarra ote dan begiz joa daukat. Ez da fiagarri.

ANASTASIO: Ez dakit zergatik diozun, Gizon dotorea da...

IÑUDE: Dotoregia! Ez al dakizu gizon eta emakumezko bat elkarrekin bakarrik daudenean ez daudela seguru?...

ANASTASIO: Gu ala gaude bada...

IÑUDE: Gu atso-agure bi gaituzu ordea, limurtzen asteko. (destañez). A zer nolako galaia zu!...

ANASTASIO: Ni? Irurogeitamarrekoa! (Isekaz) Zu berriz 25 urteko neskatxa!

IÑUDE: A tontosko! Zu gaztetan neska bati zirri egiteko gauza ez ziñan izan da... Ta orain?...

ANASTASIO: Ez zirri ta ez mirri! Naiago det salda beroa.

IÑUDE: Ori esan! tripa zai alena! Ba amorio-konturik zer dan ez badakizu, zaude isilik. Ezkonduta bizi izan geranok maite-miña zer dan proaturik gaude.

ANASTASIO: Naiko izan det nere agiñeko miñekin!

IÑUDE: Agiñeko miña?... Mutilzarrok, agiñeko miñak ezik, zikiñak jango zaituzte.

ANASTASIO: Eskerrikasko zure lorearengaitk! Ez det uste garbitasunean iñongo etxeko alabak irabaziko didanik.

IÑUDE: Ori bai, gizon txukuna zerala aitortzen dizut. (Leunago) Anastasio barkatu itz latzak esan badizkitzut. Gure etxekoandreak ematen dit kezka. Gazterik alargun gelditu zan bi aurrekin.

ANASTASIO: Gure nagusiarekin, lanak aurreratuta, ezkondu zala ere esaten zuten.

IÑUDE: Zaude isilik likiskeri lotsagabea! Zer dakizu zuk gai ortaz.

ANASTASIO: Ez da nai ere!

IÑUDE: Nik bai ba... Senar zanarekin zer pasa bear izan zituen ondotxo dakizkit. Ura ildakoan, berriz, bi aur ezik, zorrak utzi zizkion... Eta Koñata! Laguntza ederra!

ANASTASIO: Ez da gezurra! Obeto nago, nagoan bezela! Mutilzar!

IÑUDE: Bai emakumezkoak jaten ematen dizugula! Ta etxea gaizki doala ta... eskua luzatuko digunik ez!

ANASTASIO: Makiña bat jende badabil ba... sartu-atera...

IÑUDE: Geigi, ta andre alargun eta bakar eta ederra... ta etxean gerra! Ez jakin zer nolako erabakia artuko duan.

ANASTASIO: Juezak pakezale omen dira ta ez ote zaizkigu iskamil billa etorriko. Kiebraren aitzekiz ez diet etxean sartzen utziko. Almazenean ez beintzat. Ate guziak itxiko ditut.

IÑUDE: Orrekin ez degu ezer aurreratzen. Juzgaduko auzi-maisuak giltzik bage ate guziak aisa irikitzen dituzte. Gure etxekoandreak bear duna, zera da, arpegi emango dun gizon prestu bat. Apaiz edo letradu dana! Malentxo koitadoa! Alaba banu ez lidake min geiago emango. Nere bularrez azia bait det nere aurra galdu nuanean.

 

(Motor-otsa, klaxon-turuta, dei ta zarata entzun bitez. Atejoka ari diralakoak.)

 

ANASTASIO: Zer da ardalla auxe!

IÑUDE: Ate-joka ari dira! Noan nor dan ikustera!

ANASTASIO: (Erabat izuturik) Ez zoazela! Juzgadoa izango da. Ez idiki aterik! Eskopeta billa noa! (Batetik bestera zalapartan dabillela)

IÑUDE: A zer nolako gizon bulartsua. Zaude geldirik! (berriz ere lengo otsak entzun bitez)

ANASTASIO: Emen dira, bai!

IÑUDE: Sartu ditezela ba orrenbeste doñu atera bage...

 

(Ateruntz joanez eta zabal-zabal egiñez)

(Xalbador almazeneko atetik sartuaz)

 

XALBADOR: Baiñan, zer gertatzen da emen, onela ate guziak itxitzeko? Gorrak al zaudete?

IÑUDE: Jueza zala uste (Txundituta) eta Xalbador izan! Nundik nora zabiltz gizon!

ANASTASIO: Izu ikara ederra eman diguzu beintzat!

XALBADOR: Zuek izan izutiak! koldar alenak ez bestenak! Ate joka aritu naiz alperrik! Kamiona daukat etxe aurrean gelditua ta zuek emen berriketari. Bi milla arkume larru ta irurogei artille saku bereala almazenean sartu bear ditugunak. Beraz ez onela egon. Mugi Anastasio!

ANASTASIO: (Sinisgaitz) Sartu?... Sartu?... ta guziak kentzen baldin badizkigute?

XALBADOR: Kendu?... ez arranepola! jabe naizen artean! Nereak ditut, nere diruaz erosiak...

IÑUDE: Xalbador! (larriturik) Ezagun da ez dakizula emengo berri. «Kiebra» jo degu ta laister Juzgaduko auzi-maisuak etortzekoak dira gure etxe ta puskak baitzera...

XALBADOR: (Arriturik) Bai zera?... Ez da egia izango? (zuzpertuaz) Igual da! Puska auek nereak dira eta ez dizkit ez Juzgadua ta ez Gobiernuak ikutuko. Zintzo ordainduak bait ditut.

IÑUDE: Lenago etorri izan baziña...? Nun ibilli zera orain arte tratalari, korrikalari ori...?

XALBADOR: Ori bai, merkatu ta azoka guziak korri ditut Bribiescatik Elizondoraño... Ta ez alperrik ez ezen! arraiepola. Larru ta artille sail ederra bildu det eta erosketa ezin da obea gerta zait. Geroztik prezioa goratzen asia da ta irabazi «dezentea» atera nezake. (Anastasiori) Ez lo egon da ordea!

IÑUDE: (pozik) Zu etxerako, Xalbador.

XALBADOR: Anastasio auzokoa dala dirudi. Tira gizona asi zaite lenbaitlen almazenean puskak sartzen! Eta ekarri zazu pardel bat onera. Ekin! Nik kamiona baztartu bear det.

ANASTASIO: Bai gizona! Ori ere egingo degu bada. (Almazenera bijoa)

 

(Iñude ta Xalbador isil-izketan ari dira. Malen sartzen da)

 

MALEN: Zer da gaur etxe ontako «novedadea?»... Falta zana etorri zaigu, Iñude!

XALBADOR: Emen naiz bai, etxekoandre! Autoan ibillia, errez egiten bait da!

IÑUDE: Guziak berri txarrak izan ez ditezen. Argi izpi bat sartu da gure etxean.

MALEN: Zerutik bidalia, noski!

XALBADOR: Ez dakit nundik, zerutik ala inpernutik, baiñan bidez-bide mendi-zelaiak korri ditudala, bai! Kastilla, Naparrua ta Euskal erri osoa, naiz ibiltzez gelditu gabe. Nekatuxea nago...

MALEN: Obea da ibiltzea ta ez etxean itotzeko zorian egotea. Betiko «leloa»: zorrak ezin ordaindu, Xalbador. Luzapena, luzapenaren ondoren ta azkenean, badakizu, Juzkadoak ez du itxoiten. (Bat batean larri-antziz) Laister ditugu emen, eta lotsa au ez ikusteagatik edo edozein lekutara aldegingo nuke! (Ero antzera) Bitor Bilboko bankuzaleak bere autoan eraman nai nau..., ta joan egingo naiz...

IÑUDE: (Besotik elduaz) Ez, etxekoandre! zuk etxean geldi bear dezu. Arpegi eman bear da.

MALEN: Dirurik gabe ez du arpegiak balio.

XALBADOR: Arpegia eman ezkero dirua ere egun gutxi barru sortuko genuke.

MALEN: Berandu da onuzkero (malkoa dariola) Banoa!

IÑUDE: (Besotik eltzen diola) Ez zaitez joan!... Ez!... Nere bularrez azitakoa zaitut. Galdu nuan nere aurraren ordez alabatzat zauzkat, naiz ni... neskame izan. Ama banintzaizu bezela agintzen dizut... Geldi zaite Malentxo! Etxekoandrearen lekua... etxea da, bai egun on eta bai egun txarretan.

MALEN: (Bere buruaz burrukan) Gogorra da norberaren jabe ez izate au! Juzgadupera erori bearra.

XALBADOR: Ez zaituzte kartzelara eramango, etxekoandre! ez gaitzik egingo!

IÑUDE: Geienaz diru billa etorriko zaizkitzu...

MALEN: Toki onera! Dirurik banu...

XALBADOR: Ori ere antolatuko degu!

IÑUDE: Jakiña!

MALEN: Gogorra ez bada ba gertatzen zaidana. Ezin nere etxean agindu. Morroiak nagusi, ta neskameak etxekoandre (etsipenez txorabiatuta) Alargun gajo baten egokiera latza!

IÑUDE: Biotz on eta esker obeagokoa izan zera beti Malentxo! eta ez orain bururik galdu! Mirabe nazu baiñan egizu nere esana.

 

(Almazen aldetik zalaparta ta otsa entzun bitez eta bereala Anastasio ager bedi bizkar gaiñean pardel aztun bat daramala, sartzerakoan ankaz gora eroriaz).

 

ANASTASIO: (Lurretik jekiaz) Aguazilla, aguazilla! Juzgadukoak datoz. Egin zagun anka!

XALBADOR: (Altxatzen laguntzera joanez) Baiñan gizona! Ori al zan guzia. Zama gutxirekin lertu zera!

IÑUDE: (Arras ikaraturik) Ai ene! Gureak egin du!

MALEN: (Igesiari emanez) Ikusia zegon! Ez; ez! Noan! (sukaldeko atetik ezkutaturik)

XALBADOR: (Anastasio zutik jarritakoan aurrez-aurre mintzatuz). Nun ikusi dezu zuk ordea Aguazilla?...

ANASTASIO: Atarian da! (bildurrak aidean joanez) Eskopeta billa noa! Badatorrela! Ez al det ba nik ikusi! (bijoa).

XALBADOR: Ori dek... larria!, gizon bulartsua!... Nere puskak toki onean utzi dizkat. (pardela baztertuz) Ez balore, ta ez balio!

IÑUDE: Baztertu zazu, bai pardela bestela emen galduko zaizu.

XALBADOR: Ez alajaña! nere diruz ordaindu ditut eta onek eman bear digu irabazia, etxe au altxa dedin!...

IÑUDE: (Izuturik) Ona emen aguazilla!... (Banko-mutil diru-jasotzaille orietako bat ager bedi, larruzko zorroa galtzarpean, kasketa buruan eta urre itxurazko botoidun jantziaz)

BANKO-MUTIL: Egun on! «Letra» onekin nator!, (agiria Xalbadori eskuratuaz)

XALBADOR: (Papera aztertuaz) Bai!, nere gain artzen det. Itxoin zazu pizka bat. (Agiria pirmatu ondoren itzul bekio Banko-mutillari) Torizu! Zoaz Bankura!

BANKO-MUTILLA: Eskerrikasko! (Buruaz agur egiñez bijoa).

XALBADOR: (Iñuderi) Ikusten? Zer nolako gauza erreza da aguazilla bidaltzia?...

IÑUDE: (Pozik) Pirmatzen jakitea gauza ona da!

XALBADOR: Ez beti! Batzuetan gauzarik txarrena!

IÑUDE: (pozez ezin egonez, Xalbador besarkaturik) Xalbador! zu zaitugu salbatzaille!...

XALBADOR: (astiro) Ori... gero ikusi bear.

 

(Oiala geldiro)

 

aurrekoa hurrengoa