www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Malentxo alargun
Antonio Maria Labaien
1962

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Teatro osoa euzkeraz (II), Antonio Labayen. La Gran Enciclopedia Vasca, 1977

 

 

aurrekoa hurrengoa

I. EKITALDIA

 

(Etxe-barru egokia baiñan batere apaintasunik gabe.

Bai ordea bertan bizi al izateko erosoa, arrotzai arrera ona egiteko aski leku dualarik. Txoko batean su-bazter edo berogarri-toki berezia. Inguruan zenbait mai, eser-leku ta sala batean oi diran aratz eta tresnak.

Esker-eskuira ate bana. Batetik sukaldera, bestetik almazen edo lantegira joateko gai diranak.

Ondar aldera leio ta ate aundi bat kalerako. Barrendik Erriko plaza ta etxeak ikusi bitez.

Oiala jasotakoan Malen su ondoan eserita dago esku artean zerbait lan ari duala. Buruan ordea beste gogoetak darabilzki eta naigabe ta kezkaz beterik dagola agertzen dute; uste gabe zinkurin eta asperen aterazten dienak).

 

MALEN: Ai ene! Neri etorri zait bizimodua!... (isilunea). Ain bakarrik nago! eta... (norbait datorrela oartuaz). (biziago) Askotan naiago det bakarrik egon eta ez zenbait lagun gogaikarri inguruan ditudala... (Kaleruntz begiratuta atsekabez) Ai ene! esan badet, esan det... Jainkoak zigortu nau. Emen det koñata! Goizean gutxitan etorri oi da bada... (Zai geldituaz) Zer ote dakar?...

PETRA (Kaleko atetik sarturik): «Ave Maria purisima!».

MALEN (Ortz-tartean): «Pekatu barik sortua». (Berekiko) Ez nago aren larruan. (Zutituaz).

PETRA: Jainkoak dizula egun on! Malen.

MALEN: Baita zuri ere Petra. Zer zabiltza garai ontan?

PETRA: Arritzekoa da, bai. Elizarako besterik ez naiz ateratzen goizean, baiñan gaur, Edubijis, nere lagun ona, badakizu...

MALEN: Zera... On Justo letraduaren andrea...?

PETRA: Bai! Edubijis, nere lagun on orrek bada, zurekin itzegin nai du ta laguntzeko eskatu dit. Beraz, gaur arratsaldean zuregana etortzekoak gaituzu; ta goizetik sartu-atera auxe egin dizut, gaztigatzeagatik, etxean geldi zaitezen. Ez ikaratu, Elizako Andre Katoliko ekintzaren izenean egin nai dizun bixita da.

MALEN: Ederki! Etxean izango nazute. Ez det kanpora ateratzeko asmorik. Gaur iñoiz baño gutxiago merkatu eguna izanik. Beti jendea espero bait det: tratalari, erostun eta gurekin artu-emana dutenak. Baiñan eseri zaite Petra!

PETRA (Eseriaz): Pozik gañera nere anai Tiburtzio ta zure senar maite izan zanaren etxean. Ondo langille ta zuzena izan zan gizarajoa (Aitaren egiñez, isilik «Requiem» esanaz) (Orobat Malenek) Erakusbide ederra utzi zizun. Ez zuan ark etxea galduko, ez! Eta kontuak garbi ematen iñor ez bezelakoa. Eskuratu dezun negozioa jarraituaz lasa bizi zaitezke zuen aurren etorkizuna buruturik. Bi alabatxo kutunok izan bear dute zure kezka bakarra. Alargun gelditu zeran ezkero.

MALEN: Etxeko gauzak ondo joan ditezen aleginduko naiz. Ez Tiburtziok bezin ongi. Ura aparta bait zan negoziotarako, baiñan arekin ikasi nuena ez zait aztuko.

PETRA: Zere burua estuasunen batean arkitzen badezu, zoaz konpiantza osoan D. Justo letraduarengana. Zure senarraren lege-gizona, elizakoi ta jakintsua, aolku zuzenak emango dizkizuna.

MALEN: Orain arte ainbestean antolatzen ari naiz. Eskerrak gure Anastasiok etxeko gora-berak ondo dakizkila. Tratuak borobiltzen ez da ain yayoa, baiñan ortarako degu Iñuderen illoba Xalbador, mutil bizkorra bera; joan dan illean ere milla ardilarrutik gora ekarri zizkigun eta oso modu onean. Auxen da au tratalaria, ondo erosten eta obeto saltzen dakiana. Alkarrekin ondo konpontzen gera. (Solasaldi bitartean naigabeak aztu zaizkio).

PETRA (kopet-illun): Ez da itxurazkoa zu, edozein tratalarikin, nola nai jardutea. Andre alarguna zera, ta txoro asko ibilli oi dira peri ta merkatuetan, eta laineza artzen uzten badiezu...

MALEN: Uste nuke... baita zera ere!

PETRA: Zure izen onak eta Tiburtzio gizarajoa! senar izan zenduanari zor diozun itzalak ala eskatzen dute. Gogoan ar zazu betiko, ta ez aaztu, ama-familiakoa zerana, eta alabai eskola ona ta kristau erakusbidea eman bear diezula.

MALEN: Ez zait gelditzen beta aundirik. Sal-erosketako kontuak zuritu bear ditudala, batetik, almazen eta dendako ardura eta jendearekiko artuemanak bestetik, badet beti lan eta zeregiña.

PETRA: Ama baten lenengo eginbearra aurrek azi ta ezitzean dago. Denda ta negozioa kontu-artzaillearen eskutan joan ditezke. Alabatxoak—, nere illobak!, amaren magalean daude ondoenik.

MALEN: Bai noski! baiñan ni etxekoandreketan nai ta nai ez kanpoan ibilli bearra dedanez, aur gaixoak gustoena nere iñude zar Mañaxirekin daude, sukaldean. Onetxek aterazten dizkien irripar gozoak!

PETRA (Eser lekutik jeikiaz) Umezurtz kutunak! Ez det joan nai ikusi gabe. Estula joan al zaie?

MALEN: Oraindik ez, osoro, baiñan askotzaz gutxiago dute.

PETRA: Beroa bear dute aurrak, beroa ta arropa gutxitxo eramaten ote duten nago.

MALEN: Izardi patsetan zeuden aristian. Gero berriz errez oztutzen dira.

PETRA: Eguraldia oztutzen asia da ta artillezko zamartxoak jantzi bear zenieke.

MALEN: Erosteko asmotan natzaizu negua sartu aurretik.

PETRA: Erositakoak baño, etxean eskuz egindakoak obeak dituzu... eta merkeagoak. Diruari ere begira bear zaio. Tiburtziok ondasunez oparo utzi zindun. Alaz ta guziaz parra-parra erabilli ezkero txanponak errez doaz. Gaurko egunez arropa kostatzen danarekin.

MALEN: Bai, ala da. Norberak ezin egin dezakenean, ordea, almazenak ematen dizkit lanak—! nai ta nai ez erosi egin bear. Gañera, esku-lanetan ez nazu oso trebe. Ozta-ozta nere galtzerdiak orratzaz saretzen dakit.

PETRA: Artille-lana orratz aundiaz egitea gauza erreza da. Nik asiko nizuke ta zuk ez zenuke jarraitu besterik. Eta azkeneko errematea burutuko genuke alkarren artean.

MALEN: Asiera eman bear orretarako.

PETRA: Beste egitekorik gabe etorriko naiz egunen batean. Noan illobatxo maiteak laztantzera... (Sukalderuntz abitzen da eta Maleni begiratuaz dio) Zu ere ariñegi jantzia zoaz... kolko ori!

MALEN: (joaten uzten diolarik) Ni?... (berekiko) Zergatik ez ote da bere etxean gelditu?... (Zinkurin egiñez) Ai ene! Iñoiz izango al naiz nere kolkoaren jabe!

 

(bijoa sukaldera)

(Salbador tratalaria ta Anastasio almazeneko atetik sartzen dira. Azken onek, eskuan ardi larru bat dakarki).

 

ANASTASIO: Etxekoandrea emen da ta naiago det, zeorrek, berari zuzenean esatea. Nere iritzirako prezioa oso galestia da. (larrua bi eskuen artean zabaldu ta erakutziaz) 25 duro!

XALBADOR: Artzaiak ez dute gutxiagoan utzi nai. Guzia gora dijoa.

ANASTASIO: Artillea igaz baño bi duro merkeago utzi bear izan dute bada.

XALBADOR: Artillea? besterik da...

ANASTASIO: Bai, artillea «lana» Kastilla aldean. Eta angoa obea dan ezkero emengo artzaiak naiko «lan» izango dute artillea saltzen. Joan dan urtean erositakoa ezin saldurik daukaguta. Ta okerrena ezin kobraturik... (par egin bezate).

XALBADOR: Anastasio, merkatari txarra zaitugu! Denda zuloan sarturik egonda ez da jakiten prezioen berri. A zer nolako «komerziantea» zu!

ANASTASIO: Ez komerziante, ez merkatari eta ez tratalari, zure antzera. Ni «kapaiña» izana besterik ez nazu. Zarrez lanerako gauza ez naizena. (Isilago ta ingurua begiratuaz) Etxe ontan, gaiñera zorra dago ugari. Zer nai dezu nik egitea?...

XALBADOR: Ezin dezakezute orrela jarraitu. Nik itzegingo diot etxekoandreari.

ANASTASIO: Naiko kezka badizu aspaldian. Alargun gelditu zan ezkero bere gain zama aztuna erori zaio. Estu ta larri dabil gure damatxoa.

XALBADOR: Ondo alai ta jostalaria zan bada ezkongaietan. Alako dantzari ta neskatxa mutil-zalegorik ez zan ballara guzian... Malentxo!

ANASTASIO: Ustez... ezkontza ona egin zuan, baiñan gaizki atera zaiona. (isilpean) Izan ere senarra alakoxea izan zuan. Ez dakit ez ote dagon obeto alargun...

XALBADOR: Neri esango didazu bada! (oroimen zarrez pozturik) Onera neskame etorri zanean, alakoxea zan bai! Bikaña! Gure nagusia erabat kilika ta txoratu zuan eta ezkondu bazan ezkondu zan, Tiburtzio jaunarekin... Ez zion oso bizimodu ona eman... (au gure arterako) Esango nuke obeto dagola «alargun» ez balitz utzi dizkion zorrengatik eta utzi dion... koñatarengatik... eta bi ume zirtzil... pixa-jario...

XALBADOR: Señorita «Petra»... Bai neska zar zorrotza, benetan...

ANASTASIO: Isildu zaitez gizona. (Sukalderuntz begiratuaz) Ez dezaigutela entzun. Or da nunbait. Sartzen ikusi det beintzat eta alde egiten dezanean etxekoandrea etorriko zaigu.

XALBADOR: Larru ta artillearen tratua nola dagon adieraziko diot jakiñean egon dedin.

ANASTASIO: Ez da motela ta antzemango dio. Buruz argia bait da. Baliatzen dakina.

XALBADOR: Bada isilpean esaten dizut, Anastasio, gauza gora, oso gora joango dala Prantziatik eskea asi dalako. Orain da dirua irabazteko garaia.

ANASTASIO: Zuek, tratalariok ondo. Ni onuzkero ez naiz aberastuko.

XALBADOR: Zure etxea bai ordea. Zuretzat ere ez da gaizko etorriko.

ANASTASIO: Baldin baite! (Ardi larrua berriz esku tartean erabilli ta aztertuaz). Askotxo eskatzen dute!

XALBADOR: Orain da erosteko garaia.

ANASTASIO: Dirua bear... Ara! emen degu etxekoandrea! Ea zer derizkion... Lengo zorrak ezin garbitu ditugu...

XALBADOR: Negozio garbia da...

ANASTASIO: Zikiñak ere ez nau ni ikaratzen.

 

(Malen sukaldeko atetik agertzen da)

 

MALEN: Egun on! Xalbador!

XALBADOR: Baita zuri ere etxekoandre!... Zure zai geunden.

MALEN: Ezer egiten uzten al didate bada?... Beti badet norbait. Eta laguntza ematera etorriko balira gaitz erdi.

ANASTASIO: Or izan dira dendan zaldibitarrak kobratzera etorriak. Ez dute itxoiteko konturik entzun nai.

MALEN: Betozela geroxeago!

ANASTASIO: Mutur ona jarri dute. Gaur zortzi ere emen izan ziran eta...

XALBADOR: Artzailleak estu izan oi dira.

MALEN: Bilboko gure Banko-zalea, gaur etortzekoa da dirua ekarriaz, eta kontu guziak zurituko ditugu. Eta ez geiago erosi, Anastasio, zor zaarrak ordaindu arte.

XALBADOR: Bada nere iritziz, etxekoandre, zor zaarrak alde batera utziaz, orain alik eta gai geiena erosteko sasoia da ta uste det, dirurik irabazi nai badezute.

MALEN: Orren bearrean gaude bada; bañan Bilboko etxeak arrapaturik gauzka, ta onek zer nolako prezio ordainduko digun jakin artean, ezin ezer erabazi al izango degu.

XALBADOR: Ikusten?... (Larrua artu ta etxekoandreari erakutsiaz). Onoko onen neurrikoak berrogei bat eskeintzen dituzte. Arkume larrutatik, berriz, bada sail aundi bat oso modu onean erosi ditekena. Nere tratalari-itzari sinistu nai badiozute, garestialdi gaitza dator, eta zuek ez badizute artzen, neronek erosiko ditut guziak, itxu-itxuan...

MALEN: Zuk dakizu ondoenik merkatuaren berri. Au da lanbidea! Zer derizkiozu Anastasio. Erosiko al ditugu?

ANASTASIO: Nere sakeletik ez beintzat. Utsa bait dago. Eta zor berriak egiteak ere bildurtzen nau.

XALBADOR: Ortarako da Kreditoa. Bankoak aurreratuko dizue. Negozioa eskutatik igesi egiten ikustea ere...

ANASTASIO: Bai, eta zorrak ezin ordainduz norbaitek ezurrak ausiko dizkit eta... Hospitalera! Zaldibiko okerrak mutur ona jarri dit!

MALEN: Au da gizon illuna! Itz onak emazkiotzu, ta arratsaldean, bilbotarra etortzean zerbait jasoko du.

ANASTASIO: Naiago nuke zeorrek esango bazenio... Nere itza ez baidu sinisten. Zuk bear bada limurtuko dezu, emakumea zera-ta...

MALEN: Ortan ere leiako naiz bada. Aspaldi egiten al det besterik...?

XALBADOR: Tratua lenbaitlen erabaki bearra dago.

MALEN: Goazen almazenera Anastasio (Xalbadori) Zuk Iñude ikusi naiko dezu.

XALBADOR: Jakiña! Izeba ikusi gabe ezin aterako naiz etxe ontatik. Asarretuko litzaidake.

MALEN: Or dezu sukaldean. Poz artuko du zu agurtuaz.

ANASTASIO: Berriketarako beti dago gertu. Itzbide emango dizu.

MALEN: Itza ezik salda pizka bat ere eskeñiko al dizu.

XALBADOR: Bai, ez nago toki txarrean amarretakoa artzeko. Or itxoingo dizuet (sukalderuntz abituaz)

ANASTASIO: Lasaiago zaude gu baño...

MALEN: Ez zaitezela izan llanturu.

ANASTASIO: Ez noski, bagenu nai aña diru...

 

(Anastasio ta Malen bijoaz Almazenera)

 

XALBADOR: (Sukaldeko atetik otsegiñez) Izeba! Mañaxi! Illoba Xalbador nazu!

IÑUDE: (barrendik) Banoakizu...

XALBADOR: Ez ibilli zalapartan...

IÑUDE: (Sukaldetik agertuaz) Zu al ziñan, Potxolo? (musu emanez).

XALBADOR: Onoko illoba ibilkari au ez da zutaz aaztutzen.

IÑUDE: Estimatzekoa da izeba zar ontaz gogoratzea. Mutil bapoa zaude Xalba! (laztanduaz)

XALBADOR: Zu ere bizkor beti.

IÑUDE: Argalean sendo! lan eta lan.

XALBADOR: Ez neregatik zure zeregiñak utzi, beñepein.

IÑUDE: Aurrai aia jaten eman diet ta lo artu didate. Orain pizka batean pakean utziko naute. Ez det beste egiteko aundirik.

XALBADOR: Beraz, bizi mañan pijo!

IÑUDE: Bearko, Ni bezelakoentzat ez dago atsedenik.

XALBADOR: Lanak ez dizu kalterik egin. Zure urtetan presko ta gordin zaude, sagarra bezela.

IÑUDE: Bai sagar zimela bezela: zimurtzen asia. Jainkoari eskerrak osasuna badegu-ta ta zer egingo zaio. Aurrera segi! Etxean nola utzi dituzu? Ama-ta...

XALBADOR: Ama makal zamar bañan, tira! oia ustutzen du.

IÑUDE: Noiz ekarri bear diozu errain on bat?...

XALBADOR: (irriz) Ba al da errain onik?... Denbora txarrak daude orretarako.

IÑUDE: Oiek esaerak dituzu. Beti ezkongai bizi bear al dezu, pikaro orrek?

XALBADOR: Ori dezu ofiziorik onena. Gañera ia mutilzartu naiz...

IÑUDE: Au Xalbador ergel alena ez bestena! Gauzak garaiz egin bear dira ez zartuta gero... gure nagusiari gertatu zitzaion, eran andre gaztea, alargun utzirik...

MALEN: (Maliziz, gaiztoz) Ez dago ba itxura txarrekoa...

IÑUDE: A liskiskeria!... Zu ere gizon gose oietakoa al zaitugu?...

MALEN: (ziria sartuaz) Bai, salda pizka bat artuko nuke.

IÑUDE: Pozik emango dizut bada. Ollo-salda gañera!

XALBADOR: Ez zerate gaizki bizi etxe ontan. Ostatutzat artuko nuke.

IÑUDE: Ez dakizu guzia! Gure etxekoandreak badu eskubete lan. Ustez suerte egin zuela zirudin, nagusiarekin ezkondu zanean. Baiñan, gaizki irten zitzaion... Zorion gutxi ezagutu zuan senarra zuanarekin. Il zan eta ez noa gaizki esatera, baiñan... Malen gajoa... Zera!

XALBADOR: Zer? obeto dagoala alargun al derizkiozu?

IÑUDE: (zalantzan) Ez nuan esan nai baiñan... Alatsu! bere desgrazi ta ez bearrean, arnasa lasago artzen du.

XALBADOR: Bai, bada, senarra duanak, Jauna ere badu... Alargunak berriz gogoa libre...

IÑUDE: Bai beste lokarririk ez balu... ta diru asko utzi izan balio.

XALBADOR: Alako jaun aundiak zerbait utziko al zion.

IÑUDE: Bi aur eta zor asko...

XALBADOR: Aberats soñua dute bada Lizargaratetarrak!

IÑUDE: Urrutiko intxaurrak! Ez esan iñori, Xalbador, Jainkoagatik, baiñan bi urteko soldatak artzeko dauzkat oraindik.

XALBADOR: Aldez aurretik paga arazi, zer arraio! ta dirua jasotakoan beste leku batera joan.

IÑUDE: Nora joatea nai dezu nere zarrean?

XALBADOR: Nere ta zure jaiotetxean ateak zabalik dituzula badakizu. Ez zaizu an zer jana paltako, eta ez nun etzana; ez txoko bat su-ondoan. Eta nere sakelean, bear ala, zuretzat izango dira beti txanpon batzuek.

IÑUDE: (biotzberaz laztanduaz) Eskerrikasko Xalbador! baiñan ezin utzi dezaket gure etxekoandre Malen gajoa. Alaba ez izanagatik aurretan bularra eman nion ta buruz arin zamarra izan arren, biotz ona du, ona da nerekin eta maitasuna artu diot...

XALBADOR: Nun ditu bada, koñata ta senarraren familiakoak...?

IÑUDE: Koñata? (erdeñuz) Zaude isilik! Etxe ontan beñere sartuko ez balitz obe! Lagundu bearrean ez gaitu pakean uzten. Emen zan arestian. Aurren aitzekia dala, konseju ematea dala, dirurik ez, baiñan burruntzalia bai, sartzen du gure lapikoan.

XALBADOR: Olloa, berak ekarriko zizuten...

XALBADOR: Bereala! Akats billa etorri oi da beti: aurrai onelako jantziak jarri bear zaiela; beste alakok gaxotzen dituala. Nik al dakit! Ezin begiz ikusi det! Bera aski ez dala beste erriko andre aundi-maundi batzuek ekartzen ditu maxiatzera.

XALBADOR: Alderdi ona du zure etxekoandreak. Ondo jaioa dago gajoa. Erruki det. Eskerrak zu zaituala aldamenean.

IÑUDE: Ezer gutxi dezaket; alare, alegiña egiten diot. Malentxo ezkongaitan erromeri-zale, anka-arin ta burua ariñago, egun eder asko pasa bazituan algara gozoan, naigabe aldia etorri zaio orain.

XALBADOR: Ez da orrenbesteraño izango. Gaztea da ta errez aztuko du...

IÑUDE: Bai neri ere, aztu zait eskeñitako salda ematea. Goazen sukaldera!

XALBADOR: Ez uste artzeko gogo aundirik dedanik. Goizeko kape-esneaz gañera gosari polita egiña naiz beste tratalari batekin ta aseturik nago.

IÑUDE: Ondo gobernatzen zerate tratalariok!

XALBADOR: Batzutan! Larrialdi ta kezka pranko irentsi bear izaten degu maiz asko.

IÑUDE: Bai etxe ontan ere! (Almazenetik Malen ta Anastasio datozela ikusirik) Emen ditugu biak, etxekoandre ta nagusi... ordekoa. Ez dirudi oso arpegi-alai datozenik.

 

(Malen eta Anastasio sartzen dira)

 

MALEN: Emen al zerate oraindik?...

IÑUDE: Beti izan oi da zer esana, Etxekoandre. (sukalderuntz abituaz) Umetxoak lo daude gogo-gozo; noan, noan aiengana...

XALBADOR: Nere izebarekin itzbidean jarri ezkero... badakizu.

MALEN: Bai, noski. Epelago egongo ziñaten sukaldean salda artuaz.

XALBADOR: Eskeñi dit, bai alajaña, baiñan lenago ere arturik nago ta ez det gogo aundirik. Larru kontu ori erabaki arte kezketan nago.

ANASTASIO: Datorren merkatu arte erabakia atzeratzea obe izango degu.

MALEN: Ortan dago Anastasio. Beste artzalleai ere luzapena eman diegu eta ea gaur zortzirako garbitasuna egiten degun.

XALBADOR: Zuek ikusi. Ez dakigu orduan salgai egongo diran oraindik. Arrituko nitzake.

ANASTASIO: Itxoin arazi zaiezu. Emen banituen luzeiritzirik zeudenak baiñan etxekoandreak limurtu ditu. Bearko!

MALEN: Baita zera ere! Nere itzak ezer gutxi balio dizute.

ANASTASIO: Aste beteko korrituak irabazi ditugu beintzat.

XALBADOR: Gero guziak galtzeko.

ANASTASIO: Gero, gerokoak. Orain barrena lasaitu zaidan ezkero mokautxo bat artuko nuke. Sabela gu-gur bai daukat. Barauaren otsa!

MALEN: Salda beroa arraultz batekin emango dizute Iñudek. Ain zuzen ollo zaarra ipurdiz gora sartua degu eltzean. Naiz nere koñatak arpegi txarra jarri duan ikusitakoan... (sartu gaitezen).

XALBADOR: Ari zer ajola zaio!

ANASTASIO: Goiz guzian almazenean arrazoi txarrak entzun eta kopeta illunak ikusten... Kemen guzia galdua det. Jota nago!

XALBADOR: Jan-edanak bizkortuko zaitu...

 

(bijoaz)

 

PETRA ETA EDUBIGIS

 

(kaleko atetik sarturik)

 

PETRA: Sartzen ikusi gaitu, sukaldeko leiotik, eta ez noa deitzera. Etortzekoak gerala bai bait daki.

EDUBIJIS: Garai ontan etortzeak erreparua ematen dit. Baiñan presako gauza bait da ta, txalma ori egotzi didate ta lenbaitlen betetzea obe. Orrela kontzientzia lasai geldituko zait.

PETRA: Nik ere orretxengatik laguntzen zaitut: kontzientziaren aginduz. Errelijioaren alde zerbait egiteko ez da beñere goizegi. Obispo jaunak agintzen duanean Kristok agintzen du.

EDUBIJIS: Ori da! Eliza berria egiteko bear aundia dago Usabal auzoan ez bait dira bizi-lagunetatik erdiak mezetara joaten. Ta zure koñatak ez badu soroa erregalatu nai, leku artan Jainkoaren etxea egiteko, alik eta erreztasun geienak eman ditzala beintzat. Diruz ondo ez dabillela entzun det, baiñan Goikoak lagunduko dio; ez du ordañik gabe utziko.

PETRA: Ez zuan ala ikusi bear bere burua. Tiburtzio, nere anai zanak ondasunez oso polliki utzi zuan, baiñan... (isillago) oso dezu «pirri-parra» nere koñata; ta dirua eskuartetik errez dijoakio. Etxetik ezer ekarri ez duten oiek izan oi dira okerrenak: aundi-nai gastatzailleak...

EDUBIJIS: Negozioak ere gaizki irtengo zitzaizkion eta... Zer nai dezu, orretarako jaio egin bear.

PETRA: Ez, ez, gorde egin bear dirua. Txanponai ez dio batere begiratzen. Zenbait izan, ainbat txautu. Ondorena jakiña da... (Asarretuaz) Gaur bertan, aste gorrian, ollo bat illa zutela ikusi det, sukaldean. Zer derizkiozu? Ollo salda, alegia, aste egunez.

EDUBIJIS: Ollo zarren bat izango zuten eta. Ez da bijili eguna aragia galerazi azteko.

PETRA: Ez noski, Edubijis. Ezta pekatu; orrela ordea, gu ere errekan giñan. Ba al dakizu?... (isilpean) Neskame izan zan eta ez jakin «señora» izaten... Anai Tiburtziori esan nion bein baño geiagotan... jende xea...

EDUBIJIS: Ori ez Petra. Ez esan orrelakorik. Jainkoaren seme-alabak gaituzu guziok.

PETRA: Bai ala da, askotan ez dirudin arren... (Atsperenez) Ai! isildu nadin bai. (isilune bat) Bera datorrela uste det. Zuk itzegin Edubijis, eta esateko guziak esan. Nik ez det txintarik aterako.

EDUBIJIS: (Aitaren egiñez) Jainkoak lagun gaitzala (sukaldetik norbait datorrela oartuaz) Emen degu, bai. Oso «guapa» dala badakit... (albora).

PETRA: (marmaizoan) «Ederrakin» jango du.

 

(Madalen agerturik)

 

MADALEN: Egun on! Barkatu itxoin arazi badizuet. (Agurtuaz) Zer modu? (Edubijisi eskua emanez)

EDUPIJIS: Ondo! eskarrikasko, zu ere bai?

MALEN: Or barruan kontuak egiten ari giñan. Etortzen ikusi zaituet.

EDUBIJIS: Esan diot Petrari nik barkazioa eskatu bear nizukela, ain desgaraiz etorriagatik.

MALEN: Bai zera, gure etxea beti daukazu zabalik... Emen beti dabil jendea sartu-atera...

PETRA: Bai, Malen, baiñan andre Edubijis nere lagun eta On Justo, ezagutzen dezun letradu jaunaren emazteak, garrantzi aundiko arazo batez itzegin nai dizu.

EDUBIJIS: Atsegin osoz gañera, zuk arrera ona egingo diguzula bai bait dakit.

MALEN: Eseri zaitezte, eseri. (eserlekuak eskeñiaz) Zuen etxean zaudete (esertzen dira).

EDUBIJIS: Eskerrikasko. Ondo geunden baiñan, tira! eserita gauzak lasago esaten dira.

PETRA: Andre Edubijis, zutik mintzatzen ere oituta dago; «Emakume-en Acción Católica»n, Eliza-barrutiko Presidenta dezu, ta Obispo jaunaren izenean dator zuregana.

MALEN: Ni naizenik, ere, ba al dakite obispotegian?...

EDUSIJIS: Nola ez! Ta gañera auzoan dagon basarria zurea dezula; eta an bide inguruan dauden lurrak zureak dituzula.

PETRA: Bai, zure senarrak utziak... Tiburtzio nere anaia izan zañak...

MALEN: Basarria ere nerea izana edo... esan bearko. Ez dakit orain norena ote dan. Hipotekaren garbitasuna egin arte.

PETRA: Hipoteka! itzaren itsusia! Gure etxean entzun bear ez litzaken itza.

MALEN: Tiburtzio, zure anaiak egin zuan bada papera, notarioanean.

EDUBIJIS: Ez kezkarik izan. Notario jauna adiskide degu ta nola edo ala garbitasuna egingo digu.

MALEN: Zuk ikusi zer egin diteken. Nik gutxi dezaket.

EDUBIJIS: Baiezkoa ematea aski dezu. Auzo ortan eliz agintariok eliza berri bat egiteko asmotan dira. Ta zure baserriko soro bat aukeratu dute.

MALEN: Nere aldetik ez da eragozpenik. Maztarrari ordea, soro bat kentzeak ez dio pozik emango. Galdegin bearko zaio.

EDUBIJIS: Jainkoaren etxe berri bat egiteko izanda ez al da ukatuko.

PETRA: Ukatuta ere zer?; lurrak legez nagusiarenak dira.

MALEN: Egitazko nagusi nor dan jakin bear aurrenik.

EDUBIJIS: Utzi ori gure gain, Malen. Letraduek garbitasuna egingo dute. Ez izan ortan batere kezkarik. Eta gero arkitetoek planoak jasoko dituzte zuk baimena ematen badiguzu.

MALEN: Ni gauza orietan ez jakiña nazu, baiñan soro orrek zenbat balio duan erabaki bearko da lenengo...

EDUBIJIS: Beste gauzak egin ezkero diruarena da gutxiena.

MALEN: Orra bada, alargun gajo oni, artzalle guziak, dirua da lenengo eskatzen diotena.

PETRA: Ori fedegabeko jendeen artean gerta oi da. Gure artean olakorik!

EDUBIJIS: Zaude lasai, Malen. Bidezkoa dana emango zaizu eta gañera induljentziak irabaziko dituzu zure animarentzako.

MALEN: Danaren bearrean izango naiz.

EDUBIJIS: Bada, Donostiko Eliz barrutiko asmoa ontzat artu dezun ezkero eskerrak ematen dizkitzut Gotzai jaunaren izenean eta onespena ere bidaliko dizu.

MALEN: Bai beinkazio on bat ez zait gaizki etorriko.

EDUBIJIS: Beste berriren bat izan dezadanean azaltzera etorriko natzaizu. Gaur ez det bixita au geiago luzatu nai. (jekiaz)

MALEN: Etorri, gogoko zaizunean. Bidea badakizu.

PETRA: Orain elkarren ezaguera egin dezute ta ea maiz elkar ikusten dezuten.

EDUBIJIS: Ori da, ori! Ea lenbaitlen nere etxera etortzen zeran.

MALEN: Ez dizut agintzen. Gure almazen eta dendan lanpetua bait nago. Nere bi alabatxoak asko lotzen naute.

EDUBIJIS: Zoragarriak dira! Bi aingerutxo! Ezagutzen ditut.

PETRA: (abitzen dirala) Malen, leen ere esan izan dizut, Elizako Andreen billeran, sartu bear zenukela ta illean bein agertu.

MALEN: Badakizu, prailetara joaten naizela elizkizunetara: irugarrendarra naiz.

EDUBIJIS: Oso ederki!

PETRA: Ez da naikoa. Gaiztoak lan asko egiten dute, ta onak ez degu geldi bear aiek zapaldu arte.

MALEN: Ori erregutzen diot Jainkoari: erakus dezaidala nortzuek diran on eta nortzuek gaizto.

PETRA: Gauza erreza. Gaiztoak elizaren etsaiak, komunista, gorri ta ezkertarrak.

EDUBIJIS: Ez gaitezen politikan sartu. Gure indarra otoitza da.

MALEN: Aren bearrean gaituzu amar mandamentuak betetzeko. Batzuen batzuek, beintzat. (Irurok jeikiaz ateruntz dijoazela).

EDUBIJIS: Uzten zaitugu, bada, etxekoandre (Musu emanez) Urren arte. Eta musu asko alabotxoai.

PETRA: Lenago ikusi ditut.

EDUBIJIS: Urrena etortzean goxo batzuek ekarriko dizkiet.

MALEN: Nai dezutenean etorri, pozik artuko dituzte.

PETRA: Ez dira gaizki oitu bear. Gozo-zalegi egiten bait dira.

EDUBIJIS: Kutunok ezti pizka bat bear dute: gero ere garraztasuna etorriko zaie bai!

MALEN: Nik ala uste! Kaleko ateraño lagunduko zaituet.

 

(bijoaz irurak)

(Unetxo batean antzeztokia iñor gabe dagola, almazeneko atetik Bitor eta D. Justo sar bitez, solasean elkarrekin)

 

BITOR: Gogor egiten zait, baiñan gure alarguntxoa estutu bear degu. Ez da beste biderik. Luza ta luza ez du zorrik ordaintzen eta diru askotxo da gure Bankoarentzat, onela galtzen uzteko.

D. JUSTO: Nere iritzian, bada, erreztasunak emanda, gogorrean baño obeto jasoko zenuteke dirua.

BITOR: Bai zera!, erreztasunak aspaldi jan zituan. Eman zaizkion luzapen eta epe guziak atzean utziak ditu. Eta okerrena, zor berriak egiten ari dala. Hipotekaren korrituak ordaintzeko dauzka oraindik. Ori azkena da! D. Justo.

JUSTO: Bai, hipoteka gauza gaitza da. Lokarri ortatik ez dago iges egiterik. Ez badu ori antolatzen kalean gelditzen da.

BITOR: Gure Bankoak agindu ori emana dit eta azken aldiz esango diot. Ez da txorakeria! Ta onez onean erantzungo ez balu... txarrean...!

JUSTO: Itz garratzak emakumezko bati esateko, emakumezko eder eta alargun bati, gañera.

BITOR: Neri erantsi didate txalma ori: eramatea.

JUSTO: Toki txarrera! Auzi-maisu ta letraduak sartu oi geranean, beleak sarraskira, norbait galdua da...

BITOR: Zerbait sumatuko zuan onezkero. Ni etortzekoa nintzala badaki. Eta tamalez, berri txar bat ezik bi ere eman bear dizkiot. Azkena bidali zizkiguten ardi larruak pipiak jota zeudela ta itzuli egin dizkigutela. Anastasio kaiku orrek ez dakit nun zituan begiak! Aien diruaren zai badaude «txuri egingo dute».

JUSTO: Gizon ona da Anastasio ori baiñan ez etxe ontan bear dana. Txotxolotzen asia da. Ori da, gauzak oker ateratzea ta zail da alargunak bururik altxatzea. Beste norbaiten laguntza bear luke.

BITOR: Emen degula uste det.

JUSTO: Al dan legunena gauzak esango dizkiogu. Erruki det gajoa.

BITOR: Adi zazu! Ez dakit olakotan ez dan obea bat batean guzia latz esatea. Ea ikaratuta agindutakoa egiten du. Zirt edo zart!

 

(Malen sukaldeko atetik agertzen da. Aurreko agerraldian baño zerbait apañago, orrazkera, txukun eta more kolore artillezko txamar bat bizkar gañean daramakila).

(Gizonezko biak burua makurtu ta eskua estutzen diote).

 

MALEN: Egun on jaunak! zer modu?

BITOR: Ondo, eskarrikasko, zu ere bai?

JUSTO: Zu agurtzea beti zait pozgarri, andre Malen.

MALEN: Malen esatea ere naiko dezu, D. Justo. Emen nabil ezeren betarik gabe jendea artzeko. Merkatu eguna, egunik txarrena!

JUSTO: Beste egunez ere etorri gintezkean, jakin izan bagenu...

MALEN: Alatsu!

BITOR: Neri ordea, ain zuzen merkatu egunez etortzea dagokit.

MALEN: Ala dan ezkero, eseri zaitezte, zuen bixita patxaran egin dezazuten. (eseri bitez irurok).

JUSTO: Ez gatoz eginkizun atsegiñera. Badakizu, Malen...

MALEN: Bai, antzematen diot. Etsita nago... Dirua eskatzera, noski.

JUSTO: Zorren kontua oroitaraztera bai beinik bein.

MALEN: Errez botatzen diozute arpegira alargun bati, errua nerea balitz bezela. Naiko lotsa pasatzen ari naiz.

BITOR: Guk ez degu ezer zure aurka, baiñan zorrak zorrak dira-ta...

MALEN: Ni itotzera zatozte.

JUSTO: Ez zaite larritu. Obe bearrez oar arazi nai dizugu, firma jarria dezula paperean, eta epea bukatua dan ezkero...

MALEN: Ainbeste firma egin arazi dizkidate aspaldidanik.

BITOR: Biar, ordea Bankotik Letrakin etorriko zaizkitzu. Larogei milla duroko agiria. Eta ordaintzen ez badituzu...

MALEN: Nundik atera bear det dirutza ori! Bilboko zure etxeak ez badizkit aurreratzen...

BITOR: Ezin ditekena da. Lenago ere milla duro askotxo aurreratuak dizkitzu. Zoritxarrez azkenik bidali zenituen larruak, oso txarrak atera dira: zitzak illea jana zuten eta baztarrean utziak daude.

MALEN: Aiek ez badute bada ezer balio nik ez daukat beste ezer ematerik, nere larrua ez bada. (malkoa dariola)

JUSTO: (Errukiturik) Begira, Malen. Bankokoak ez dabiltza txantxetan. Juzgadura eramango zaitue. Eta auzitegiko sarean erori aurretik, nola edo ala korapilloa askatu bear degu.

MALEN: Ez balitz korapilloa azkatzea besterik...

BITOR: Etxe ta ondasunak gelditzen zaizkitzu oraindik eta Hipotekan jarri ditezke.

MALEN: Jarriak eta baituak dauzkat geienak.

JUSTO: Ori da garbi ikusi bearra dagona. Ene iritziz bigarren hipoteka egitea ez da eziñezkoa. Bankoak agian ez luke ezetzik esango.

BITOR: Nere aldetik ez dago eragozpenik, baiñan, aldez aurretik Bilboko nere etxeari konsulta egin bearko diot.

MALEN: Neretzat ez du iñork izango kupirik! (zinkurin luze batez).

JUSTO: (Besoan ikuturik) Ez Malen, ez goibeldu. Guziok, ataka ontatik atera zaitezen alegiñak egingo ditugu. Lasa zaite.

BITOR: «Ulibarri» etxeak ez du iñor naita ito!, ez erortzen laga.

MALEN: (On Justori) Nere paperak zuk dituzu ta...

JUSTO: Bai, eta gaur bertan aztertuko ditut bigarren hipoteka nola burutu diteken.

MALEN: Zertarako? gero ezin baditut jaso.

BITOR: Luzapenak ere zerbait balio du.

JUSTO: Iru illabeteko luzapena Bankoari eskatuko diogu ta bitartean zerbait sortuko da.

BITOR: Bai, eta guzia illuna izan ez dedin berri on bat eman nai dizut; itxaropen argi-izpi bat: gai batzuek, artille, larru ta bestelakoak prezioz igotzen asiak dirala.

MALEN: Ni erosle naizenean, bai, beti gora joan oi dira; saltzerakoan, berriz bera jotzen dute.

BITOR: Oriek «salmenta»ren gora-berak dituzu. Orretarako legea da: merke daudenean erosi, eta garestitzean saldu. Burrundara, nundik datorren usma bear. Ala gertatzen dira «kinka ta krisisak».

JUSTO: Ez zazula gure andretxoa asperarazi zure «ekonomia» jakituriaren itz burrundaraz.

MALEN: Itz utsak ez naute beldurtzen; «azio» txarrak bai.

BITOR: (Arro) Gure Banko «Ulibarri» etxeko azioak oso onak dituzu ta gallurrean daude.

JUSTO: Aski degu itzez... (jeikiaz) Ez zaitugu geiago nekarazi nai. Beste «eskritura»ren bat zerekin baldin badezu ikusi nai nuke. (abituaz).

MALEN: Kutxan ditudanak erakutsiko dizkiot.

JUSTO: Zurekin joango gera.

MALEN: Nai dezutena... Aurrea artzen dizuet, barkatu (Almazenera sartuaz).

BITOR: Goazen bada...

 

(Justo ta Bitor bijoaz ondoren)

 

ANASTASIO: (Sukaldeko atean zeletan egon ondoren agertuaz) (Barman dao Xalbadori) Aizu Xalba! Almazenera joanak dituzu! Etorri zaitezke.

XALBADOR: Berriz etortzen badira ere, berdin zait, ni ez naute ikaratzen.

ANASTASIO: Eskribau, bankuzale ta antzekoak etxetik urruti, urruti!...

XALBADOR: Salda zurrupatuko zizuten beldur al ziñan?... Bi katillu bete artu dituzu; eta beste baso pare bat ardo...

ANASTASIO: Izan ere, zure izeba ori zu etorritakoan esku zabal biurtzen da. Etxea emango luke... Txarrena dana... zera gure etxea ankaz gora dijoala ta eskribau, bankuzale ta antzekoen etorrera! Malo! susmo txarra artzen diot.

XALBADOR: Ona ere artu bear zaio. Tratalariaren egitekoa dezu ori. Ez ezetzik esan. Neri uzten badidazute sal-erosten, itz ematen dizuet etxea jasoko nukela.

ANASTASIO: (apal) Aitortuko dizut, bai Xalbador, ni ez naizela traturako jaio. Lana egiteko, bai. Nik ondutako ardi-larru ta gañerakoai ez zitzaien beñere illerik eroriko.

XALBADOR: Orain ez du balio gauza onegiak egitea, merke zurrean baizik. Itxura pizka bat eman eta ekin!

ANASTASIO: Nik ondutako larruak aña iraungo zutenik ez zan emen inguru guzian. Ori bai, kostalakosta lan egiñez...

XALBADOR: Orain kostalakosta dirua irabazi bearra dago. Bestela nundik ordaindu zergak eta batik bat etxeko zorrak...

ANASTASIO: Arrazoi dezu! Ori gerta zaigu etxe ontan. Eta gure etxekoandrea artzaille-jauntxoak estutzen dutela ikusteak sutzen nau! Bilbotar aberaskume ori ez det batere gogoko. Maizegi dator etxe ontara gauza onerako.

XALBADOR: D. Justo letradua, gizon prestu ta jatorra da ta emen dan bitartean, ez dago beldurrik.

ANASTASIO: Bearrik, bestela, etxekoandrea bankeru anker orren eskutan kupigarri litzake. Usoa miruaren atzaparretan aña...

XALBADOR: Pizti ori aragi billa ezik diru billa dator eta uxatu egin bear!

ANASTASIO: Ez da erreza, beti gañean degu-ta. Lasago bizi zan bai, Malen, ezkondu aurretik, neskame zanean. Gazteegi gelditu zan alargun eta beste senar bat bear luke etxea begiratzeko.

XALBADOR: Lengoa baño bizkor eta burutusagoa ez izatekotan obe du dagon eran egon. Ua, kaiku gizatxar bat zan gizarajoa!... Ez urtez eta ez izatez Malenen diñakoa.

ANASTASIO: (Errezeloz) Isilik itzegin zagun. Ba ezpada ere... zera Xalbador Zu zera... gero esango dizut, etxekoandrea dator-eta.

 

(Begitako malkoak txukaturik naigabea ezin gorde duala sartzen da Malen almazeneko atetik).

 

MALEN: Ez zaizkit bereala juan zalduntxo oiek...

ANASTASIO: Ori esaten ari giñan, Xalba ta biok: alegia goiz guzian jendea dabillela etxe ontan ez digutela ezer egiten uzten.

XALBADOR: Eta larru ta artille tratu on egin, ala ez, erabaki gabe daukagu.

MALEN: Nerez nola erabaki! Ez bait det ez diru ez adorerik ezer erosteko.

XALBADOR: Adorerik ez da galdu bear, eta ez kezkarik izan diruaz. Neronek erosteko bear dana aurreratuko nuke.

MALEN: Ori besterik da, Xalba, eta eskerrak ematen dizkitzut eta baimena, jakiña, tratua gure izenean egin dezazun. Anastasiok ere bear bada, lagunduko dizu...

XALBADOR: Onek naikoa du kamionarekin saku-pardelen billa etortzea.

ANASTASIO: Lanerako gertu nago. Etxean geldi egoteaz bat aspertzen da.

MALEN: Auxen da lanbidea! Dirurik gabe negozio gutxi; eta geldirik egon da irabazarik ez!

XALBADOR: Doñutik dator dantza... Eta ni oraingoan doñu jotzaille. Bilbotar ori merkatuan larruok erosi naiean zebillela ikusi det eta aurrea aurtuko diot. Tratua gurea izango da.

MALEN: Seguru al zaude ez dezula pauso txarrik emango?

XALBADOR: Bai. Tratalari naiz eta dantza ortan lenengo asten danak eramaten du neskatxarik politena. Ez al zera gogorazten?

MALEN: Ainbeste urte dira ez dedala orrelako dantzarik egiten!

ANASTASIO: Emen doñu-dantza utzita lenbaitlen larruak jasotzera joan bear degu. Indarrean nago.

 

(Iñude sukaldeko atetik sartuaz)

 

IÑUDE: (Axanpaz) Baiñan etxekoandre, ba al zatoz amaiketakoa artzera?... Salda atera dizut eta ea oztu zaizu.

MALEN: Ez det ezer artzeko gogo aundirik. Gero egingo det nere bazkari-legea.

ANASTASIO: Guk egin degu bada gure «arrantxoa» eta gero bazkaltzeko ere ez zaigu gogorik paltako.

XALBADOR: Zuri ez beinik bein. A zei nolako tripa zaia! Badezu, or, ezin betezko larrua...

IÑUDE: Ori esan! Salda ta ollo laurdena garbitu dizkit; eta gañera «irugiar» pusketa bat. Mokau goxo alena!

ANASTASIO: Zuk eman dizkidazunak! Etxekoandreak ez zituan jan nai eta...

MALEN: Ez, ez nago bazkaritako. «Sopa» ederra artua det goiz guzian. Barren dana naastu didate.

XALBADOR: Esaera zaarra da: «Alako eztaietan, alako zopa»...

IÑUDE: Bai noski, eta naigabeak, janda sendatu ta aaztutzen dira. Beraz, (Maleni) ar zazu salda ta jan ollo ixtar bat, oso guria atera zaigu. Ondoren kapea egingo dizut eta baita kamamilla ere. Anixete kopatxo batez bustiaz on egingo dizu. Tira! Goazen «Señorita».

MALEN: (Etzita) Salda pizka batekin naikoa det. Gero lo kuluxka bat egiñez buruko miña joango zait.

IÑUDE: Loa ez da txarrena, jan ondoren. Aurrak ere alaxe daude koitaduok aingerutxuen antzera.

MALEN: (abituaz) Naiko erropa jarri diezun begira bear diet.

IÑUDE: Musu-gorri-gorri egiñik daude biok! izarditan! Zoragarri!

MALEN: Noan ikustera! (Xalbadori) Gero arte. (Bijoaz Iñude ta biak).

XALBADOR: Gero arte, bai. Guk ez daukagu lo artzerik, Anastasio! bizimañari jarrai bear diogu. Mugi beraz ez dakiguten eskutik irabazia kendu! Egonean ez dago ezer!

ANASTASIO: «Siesta» ez da gauza txarra izaten baiñan...

XALBADOR: Zoaz! gizona kamionaren billa. Aguro! eta ea ordu bete barru larru ta artille saku guziak etxeratzen ditugun.

ANASTASIO: Bestek ez badigute aurrea artzen!

XALBADOR: Ez! Tratalari onek, azokan nor dan nagusi erakutsiko die.

ANASTASIO: Burrukalari zaitugu!

XALBADOR: Bai, nere poza ortan dago tratalaritzan, ibilli, joan, etorri, saldu-erosi. (Goazen bada!) Aurrera!

ANASTASIO: (Nagi gogo, txarrez jarraiturik) Ezin esan EZTI!

 

aurrekoa hurrengoa